V. Lezoko alkate (1979-1983)

Korrika 1981. Lekukoarekin neu.

 

MIGEL ANJEL BASURKOK, Institutuko adiskide mutrikuarrak, Burumendi futbol-ekipoko alma mater izanak, eta Erlijioa irakasten zuenak, el padresito de los botines de oro, Copa de Libertadores ospetsuan Ekuadorren gol famatua sartu zuen Juan Manuelen anaiak, kontatu zidan Udaletxeetarako lehen hauteskunde demokratikoak konbokatu zituztenean, Mutrikun nola organizatu ziren talde independenteak. Horrek Lezon gauza berdintsua antola genezakeela pentsarazi zidan, eta zenbait pertsonarekin bildurik (Mikel Arrizabalaga, Joxan Arretxe, Jose Manuel Toledo... ), Lezoko Independienteak kandidatura aurkeztera animatu ginen.

Errenteriako Institutuan ikasketaburu izendatu ninduen sortzez errenteriarra eta Historiako irakasle zen Maite Gabarain zuzendariak, eta ahaleginak egin genituen bertan euskara lan-erreminta eta ikasgai izan zedin. Literatura Españolako irakasle gisara iritsi zen Beatriz Monreal donostiarra, eta idatzia du hor nonbait bere bizitzako lan-ordutegirik hoberena izan zuela, eta bertan aurkitu gintuela Mikel Arregi eta biok, jóvenes, guapos, pelotaris, poetas, parecían sacados de cualquiera de las novelas de Baroja ambientadas en el País Vasco. Beraz, horrelako lankideekin ez zen batere zaila lan egitea eta Institutuak halako garai gogor eta gatazkatsuetan ongi funtzionatzea. Droga-giroa ere bazen non-nahi eta zenbait gazte kanpotik ikastetxeko barrutira etortzen zirenean inoiz gertatu zitzaidan handik kanpora bidali behar izatea eta taldeko harroxkoenari ¿Lo rajamos? entzutea.

Lezoko Independienteak bezala aurkeztea erabaki genuen, bada. Lehenik, galdera batzuk herriko elkarteen artean banatu genituen beren ustetan herriak zituen behar nagusiak zein ziren zehazki jakin nahiz. Erantzunen arabera programa labur bat prestatu genuen eta Joxan Arretxeren laguntzaz, berak irudiak eta nik bertsoak jarriz, kartel eder batzuk prestatu genituen, eta bere osaba Iñaxito Intxaustiren inprimategian argitaratu genuen. Bilera batean bozkatu genuen ea nor izango zen zerrenda-buru, eta nire izena agertu zenez aldeko gehien zituena bezala, onartu beharra gertatu zitzaidan aukera demokratiko hura.

Iritsi zen botazio eguna eta gogoan dut nola Unidad, periódico de la tarde, mugimenduaren prentsa izan zenak zinegotzi bat soilik aurreikusten zuen gure kandidaturarentzat, baina, aurreikuspen anitzen balio eskas eta ezdeusa frogatuz, lau lortu genituen. EAJk bost, EEk hiru eta EMK-k bat. Ni atera nintzen hautatua zortzi botorekin, EAJkoek bere hautagai Mikel Susperregiri aukera eman ziotelarik. Pello Garbizu izango nuen ordezkoa, hau da teniente alkate, eta, EE desagertu ondoren, Pello izan da Lezoko Udaletxean urte gehien iraun duena, alkate ere izan delarik, EAJren ordezkari gisara. Munduaren eta pertsonen jirabirak!

Imanol Esnaolak honela laburbiltzen du lau urteko lana aipatu liburuan:

“1979: Patri Urkizu izan zen aro honetan demokratikoki hautatutako lehen alkatea eta berak eman zituen euskara udal bizitzan normaltzeko lehen urratsak. Lehen egunetik plenoak euskaraz egiten hasi ziren, eta ulertzen ez zuenari besteren batek itzultzen zion “eta aurrera”, halaxe dio Patri Urkizuk berak. Horretan idazkariarekin arazoak zirenez, aktak eta gainerakoak euskaratzeko eta behar bezala jartzeko itzultzaile bat kontratatu zuen udalak. Euskal Herri osoan aro honetan udal lanetarako hartutako lehen itzultzailea Lezoko udalarena izan zen. Eta geroztik euskarari ordura arte izan ez zuen edo ukatu zitzaion lekua emateko urratsak hasi ziren: akta guztiak euskaratzea, jaietako programak elebitan, UEUra joateko laguntzak, ikastolarentzat ere bai, lanpostu berrietan euskara balioestea... “Gure neurri apalean ahal genuena egin genuen” honelaxe laburbiltzen du Patri Urkizuk urte haietan egindako lana. Bere iritziz “oso bide naturala izan zen, ez genuen arazorik izan. Aurrekontuetan ere euskarari egin genion lekua, eta honetan adostasuna zen gure artean, alderdi guztien artean” (EAJ-PNV, EE, EMK, Independienteak).”

Baina ez ditzagun gauzak hain azkar pasa eta barne-historiari apurtxo bat begira diezaiogun.

ETAk Lezon 1976ko martxoaren batean Emilio Gezala hil zuen polizien salatari izatea leporatuta. Albaitari-lanetan aritua zen baina azken aldian Hondarribia-Donostia autobusean inspektore-lanetan zebilen. Nire gurasoen etxebizitzaren gainean bizi zen, Zubitxo kalean. Eta gauza bera Rafael Rekaola ere, lehengusu txikia nuena, 1978ko urriaren 2an hila, Orbegozo fabrikan lan egin ondoren bere motoan zihoala, salatzaile zelako aitzakiaz. Bestaldetik 1980ko urtarrilaren 16an GAE (Grupos Armados Españoles) taldeak Amnistia batzordekoa zen Karlos Saldise hil zuen.

Udalbatza berriaren Lehen Biltzar Nagusia (1979-IV-20) hasi baino ordu erdi lehenago joan nintzen areto nagusira eta hantxe ikusi nuen Jesusen Bihotza goitik begira apal batean. Bi aldiz pentsatu gabe hartu nuen eta alkatearen eserlekuaren atzean zegoen gortina baten gibelean zegoen hutsune batean laga nuen; lau urtez egon zen bertan, beste herrietako eztabaida antzuetan denborarik batere galdu gabe. Honakook osatu genuen lehen udal demokratikoa dei genezakeen hura: Alkate: Patri Urkizu (Lezoko Independienteak, LI). Lehen Teniente Alkate: Pello Garbizu (Euskadiko Ezkerra, EE). Kontzejalak: Mikel Susperregi (EAJ), Arantza Zeberio (EAJ), Sebastian Garmendia (EAJ), Ramon Zapirain (EAJ), Xabier Isasa (EAJ), Mikel Arrizabalaga (LI), Anton Ibarguren (LI), Julian Berasarte (LI), Markos Eizagirre (EE), Isidro Ormazabal (EE), Patxi Lazkano (EMK). Idazkari: Eladio Santander. Nik zortzi boto izan bainituen eta Mikel Susperregik bost. Aho batez onartu zen batzar hartan agiriak oro euskaraz eta gaztelaniaz idatziko zirela.

Gure seme Urtzik hiru urte zituen eta goizetan gosaltzen eman ondoren, nire adiskide Joana Mari Salaberriak zuzentzen zuen haurtzaindegira eramaten nuen. Gero Errenteriako Institutura joaten nintzen klaseak ematera, nire ikasketaburu lanak eta asignaturak jarraitzera, eta haiek bukatutakoan hamabietarako bueltatzen nintzen Lezora, herriko arazoak ahalik eta modurik hoberenean konpontzen saiatzera.

Egun batez gobenadore zibilak deitu eta esan zidan Udaletxeko balkoian zintzilik zegoen ikurrina ken nezala. Erantzun nion, aurreko Udaletxekoek erabakia zutela bertan ezartzea, eta nahi baldin bazuen konbokatuko nuela biltzar bat gaia tratatzeko. Erantzun zidan ezetz, ez zela beharrik. Baina egun batzuetara bonba bat lehertu zen Udaletxeko atarian, atea txiki-txiki egin zuelarik. Plazan bertan bizi nintzenez, ohetik entzun nuen eztanda, eta jantzi ondoren, inguratu nintzen ea zer gertatu zen ikustera. Ertzainak hantxe zeuden eta hitz egin nuen beraiekin. Baita guardia zibilen artezilariarekin ere, zeinak esan baitzidan bera horrelako gauzen kontra zegoela erabat. Ikurrina balkoitik lapurtua zen, eta handik hilabete batera jaso nuen Tintorería Garbitik pakete bat, ikurrina txukun garbitu eta plantxatua itzultzen zitzaigula.

El Diario Vascok ohar bat ekarri zuen, izenburu honekin: Atentado de Lezo: Condena de la Consejería de Administración Local. Eta halako gertaera kriminalen kontra postura hartzeko kontseilaritzak zeukan erabaki sendoa azpimarratzen zuen, euskal gizartearen bizitza baketsuaren aurkako erasoak besterik ez baitziren.

Giroa ez zen batere lasaia eta hala, goiz batean, gurpilak zulatuak zituztela agertu ziren zenbait beribil, nirea besteren artean. Eta beste batean heriotzaz mehatxatzen ninduen Batallón Vasco-Español delakoak, postal batean. Berehala txiki-txiki egin, hautsi eta esku artean nituen gaiak tratatzera pasatu nintzen, barnean halako zimiko izugarri bat sentitzen nuela.

Mendekoste oroituz, Lehen Festak ere ospatu genituen ekainaren 2an, 3an eta 4an, hau da, larunbat, igande eta astelehenean. Gogoan dut –eta halaxe dio programak– larunbatean, gaueko 11etatik goizeko 4retara izan zela dantzaldia Eskutik orkestrarekin, eta gero, gazteek antolatuta, Baratxuri Zopa. Azken hau benetan penagarria izan zen, zikinkeria eta zaborra besterik ez baitzuen sortu eta goizean goiz kale-garbitzaileei aparteko ordu batzuk eginarazi genizkien, jaia ospatzeko garbi egon zedin.

Energia nuklearraren aurkako mugimenduak hedatuta zeuden Euskal Herrian, Lemoiz zela-eta. Donostiako Egia auzoan bizi zen Gladys del Estal Terreño hogeita hiru urteko neska José Martinez Salas guardia zibilak tiroz hil zuen Tuteran, Ebro gaineko zubi ondoan (1979-VI-4). Berehala biltzar berezira deitu genuen eta hautetsi guztiok aho batez kondenatu genuen ekintza basati hura.

Aurreko alkateak zigarro-puro kaxa bat utzia zuen alkatearen mahai gainean eta hura handik kentzea izan zen egin nuen lehen gauza. Alkate hark bazituen gasolina bale batzuk ere, alkatetza utzi eta gero ere erabili izan zituenak. Ezin nuen konprenitu nola egin zitekeen halako gauzarik. Halaber, Acha fabrikatik, Eguberriak zirela eta, opari batzuk iritsi zitzaizkidanean, itzultzeko agindu nuen. Zuzentasuna eta behar bezalako portaera berreskuratzea nahita nahiezkoa zen, eta lehen egunetik entseatu ginen hori egiten. Kontratista eta etxegileak etortzen zirelarik, koadernoa atera eta esaten zizkidatenak apuntatzea izaten zen lehen gauza; horrek erabat harritzen zituen haiek. Beste batean, etxe bateko biztanleen ordezkariak ere iritsi zitzaizkidan esanez, el administrador no nos deja colgar la ropa en el patio... Haien ustez aski zen alkatearen hitza, arazoa konpontzeko.

Oposizio batzuk ere prestatu genituen, gai bakoitzeko adituak ekarriz; proba zenbait nire kabuz ere asmatu nituen. Horrela, bada, 1979ko uztailaren 6ko ohiko biltzarrean, honako langile berriak izendatu genituen aho batez: itzultzaile, euskara-irakasle eta liburuzain, Lourdes Pikabea lezoarra; aholkulari juridiko, Marta Armendariz abokatu ordiziarra; eta asesore tekniko, Xabier Garbizu arkitekto donibandarra. Hirigintzako komisioak nik zuzentzen nituenez, haren laguntza handia izan zen benetan niretzat eta asko ikasi nuen harengandik.

Zeruko Argiarako harpidetzea eta Udako Euskal Unibertsitaterako diru-laguntzak ere bideratu baikenituen, iruditu zitzaidan egoki izanen zela zerbait ikastera joatea Iruñera, Larraona ikastetxean ematen ziren hitzaldietara. Garai hartakoak dira zenbait eztabaida, lehenago adiskideak izan ziren Henrike Knörr eta Txillardegiren artean ofizialtasunaz eta Euskal Herriko Unibertsitatea zela-eta... Hantxe entzun nuen Andolin Eguzkitzaren testu-komentario bitxi bat Jon Miranderen soneto batez. Hits hitzarekin soilik beste mundu batera eramana zirudien, baina norbaitek zigarrotxo bat piztu zuenean jenio eta deabru guztiak sutan ezarriz, garrasika hasi zitzaigun. Orhoituz (Poema guztiak) tituludun liburutxoa plazaraturik zuen Kriselun 1976an. Geroago frogatu denez, aski arriskugarria da autore baten poema guztiak hor doazenak direla esatea. Joseba Sarrionandia ere hantxe zegoen Koldo Mitxelenaren Fonética Histórica Vasca irakasten. Eta Jon Casenave heletarra ere bai.

Azken bi hauek egun batez, une hartan sosez gaizki ez nenbilenez, Gazteluko Plaza ondoan zegoen Europa jatetxera gonbidatu nituen; eserita geundelarik, non ikusten dugun katedraleko kalonje bat sotana, kapelu eta guzti bertara iristen, eta, komentatu ere komentatu genuen ez zela han gaizki bazkalduko, halako pertsonaiak kapela buruan zutela sartzen baziren bertan. Janariari begiratu baino areago, oso ona izan arren, Sarrik esaten zituenak entzuten genituen gustura. Irakurketa-putzu sakon hondorik gabea zen. Eta erabaki genuen hilero behar genuela halako otordu literarioren bat egin Iparralde, Bizkaia eta Gipuzkoan; tamalez, ez zen bete.

Gauetan hantxe ibiltzen ginen kantu-kantari tabernaz taberna, zuzendari Luis Bandres eta Balere Bakaikoa genituela. Kanta nafarrak, xuberoarrak, abertzaleak, lizunak, orotarikoak... Gogoan dut, baita ere, nola egun batez Tuteran antzerki bat jokatzen zutelarik, Idoia Jauregi, nire ikasle kuttun izandakoa, une hartan Prentsa taldekoa zena, eta beste batzuk joan ginen hura ikustera. Nola antzezkizuna amaitutakoan oso solas aberatsa izan genuen, dantza, kanta eta afaria ere egin genuen, igela-zangoak ere probatuz. Berandu zenez, Ebro ibaiaren ondoan atseden pixka bat hartu eta goizean goiz abiatu ginen berriro gorantz, eta gosarirako iritsi ginen Larraonara.

Euskal Gobernu Berria sortu berria zen 1979ko ekainean zenbait elekzioren ondoren, eta bertako Lehendakari Karlos Garaikoetxea nafarra izan zen (EAJ) denbora labur batez Consejo General Vasco (1978-I-4) delakoaren Presidente Ramon Rubial izan ondoren. Lehen Gobernu hartan PNV, EE, PSE-PSOE eta UCDkoek parte hartu zuten... Aro berri baten hasieran geunden.

Uda hartan Helenak erabaki zuen betidanik gogoan eduki zuen Errepublika Sobietar Batasunera bidaia egitea eta halaxe egin genuen, bertako zertzeladak idatzitako ohar batzuez baliatuz egunkari antzeko bat idatzi nuen Bidaiak sailean irakur dezakezuna [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak ODESA 1979)].

Atenas. Kariatideak.

 

1979an, Autonomia Estatutua onartu zelarik, beste dekretu batek (1979-V-10) euskarazko lehen katedrak institutuetan bideratzen ziren (con el objeto de la progresiva incorporación de la enseñanza de la lengua y cultura vasca a los planes de estudio de Bachillerato se procederá a la creación de cátedras de Lengua y Cultura Vasca en los Institutos de Bachillerato). Koldo Mitxelenak prestatu zuen 59 gai ezberdinen zerrenda ahalik eta sakonen prestatzeari jarraiki geniona. Deialdiak honelaxe zioen, Los ejercicios escritos se realizarán en Euskera Batua. Epaimahaia honakoek osatu zuten: Buru, Koldo Mitxelena, Unibertsitateko katedraduna, beste laurak Batxiler Institutuetako katedradunak zirelarik: Rosario Igeregi, Lupe Artola, Agustin Zubikarai eta Ignazio Usabiaga. Proba batzuk pasatu genituen. Gogoratzen naiz tartean bazirela bi testu komentatzeko. Bat Iban de Tartas zuberotarraren Onsa hilceco bidia (1666) liburutik hartua eta bestea Bernardo Atxagaren Ziutateaz (1976) eleberritik.

BOEn agertu zen 1980ko irailaren bateko Ordenak honelako zerrenda eta ordena argitaratu zuen: Javier Quintana, Alfonso Irigoien, Patricio Urquizu, Jose Antonio Mujica, Juan Antonio Letamendia, Miguel Arregui, Javier Alcibar, Miren Egaña eta Javier Olarra. Bakoitzak zuen destinua, lan-lekua jada hautaturik. Nik Errenteriakoa aukeratu nuen, Hondarribia eta Donostia artean dudatan egon arren, baina nengoen lekuan jarraitzea erabaki nuen. Hamar hauetarik batzuek gero Unibertsitatera edo itzulpengintzara joko zuten, baina izan ziren batzuk, Mikel Arregi adibidez, Batxillergoko destino ezberdinei beti fidel eutsi zietenak.

Beraz, nire eguneroko lanak bazituen lau sail ezberdin: etxea (Helena eta Urtzi zaintzea), Institutua (bizirauteko beharrezko lana), Udaletxea (herritar gisara betebeharra, konpromiso politikoa) eta Literatura (ene afizio sakona). Halako batean, Jexux Ijurko etorri zitzaidan etxera eta Argiarako elkarrizketa egin zidan; nire izena portadan agertu zen, azpititulu honekin: Patri Urkizu: Literatur Heterodoxoa eskaintzen. (1980-XI2). Hartan Pott eta Oh! Euskadi aldizkariak aipatzen nituen, baina baita Igela ere, Parisen Jon Mirandek eta Txomin Peillenek sortu euskaldun heterodoxoen errebista. Eta baita euskal idazle protestanteak ere: Joanes Leizarraga, Jakes Belakoa, eta Pierre d´Urte; XVI., XVII. eta XVIII. mendeetakoak. Eta nola ez, Astolasterrak ... Handik gutxira Carabancheleko presondegitik gutun bana bidali zidaten Juan Trecet lezoarrak, Errenteria eta Lezoko asanbladatan ezagutu nuenak, eta Joseba Sarrionandia iurretarrak. Bertako egoera nolakoa zen adierazgarri kontsideratzen baitut, Treceten aitari laguntza ematen genion herri-lur batzuk utziz, barazkiak erein eta landu zitzan eta haien salmentez bizitzeko zerbait eduki zezan. Bizitzaren gorabeherak. Bazen ezagutu zuenik Lezoko prozesioetan bandera espainola zeramalarik estandarte gisara. Semearen gutuna ekarriko dizut hona, esan zidan.

Karabantxelen, 80eko azaroaren 26an

Kaixo Patri,

Zer moduz? Harrituta geldituko zara eskutitza hau hartzerakoan. Orain dela gutxi zuri egindako entrevista bat irakurri nuen “Argia” aldizkarian. Heterodoxiari buruz ez dakit ezerez, baina nobela eta ipui batzuk idatzi zenituela jakitean, ba nirekin dagoen zeldan eta ni, gustora hartuko genituzkela pentsatzen dugu.

Ni euskaldun berri izan arren, agian zaila izango zitzaidan baina, piskanaka eta hiztegiaren laguntzarekin, zer o zer egingo dut. Ikusten duzunez oraindik Karabantxelen gaituzte, lengo epaiketa, suspenditua izan zen, eta berriro egin behar dute urrengo Otsailaren hamazazpian. Eukitzen baduzu liburuak, eman nere aitari, eta berak ekarriko dit bisita batean.

Roilo hau aparte, hemen dago tipo bat lehengo urtean, eta Lezoko jaietan zurekin egon zena eta ikusiko duzun bezala hemen doa bere eskutitz bat.

Hematen duenez honek ere luzerako dauka asuntoa, lehenago ez bada itxaropen dugun gauza hori gertatzen. Horrela ez bada ere, nahiko osoak gaude eta iraungo dugu. Txape, berriz, hemendik urte bat eta erdira edo irtengo dala uste dut.

Frantses putakume horiek egin gintuzten putakeri hura sinetsezinezkoa izan zen. Gorrotatzen ditut, baina, baina... Beno, Patri, bukatzera noa, ondo jarraitu eta gorintziak horko jendeei

Laister arte. (Esperemos)

Juan Trecet 

Eta Sarri adiskideak Carabanchel Palacetik bidalitako gutuna, horiei dagokien sailean irakur dezakezu [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 3)].

Lezoko herriko festak hiru aldiz egiten ziren urtean zehar, baina urtean birekin aski zela erabaki genuen. Mendekostekoak eta Gurutze Santuaren omenez Irailaren hamalauaren inguruan egiten zirenak. Beraz, maiatzeko Santakrutz txikiak kendu genituen eta Santakrutz handiak bakarrik utzi. Sokamuturrak, harrijasotzaileak, aizkora-apustuak, bertsolariak, pilota-partiduak. Bazen orotarik. Eta idi-demetarako harrizko plaza prestatu genuen. Irazu izan zen pista egilea, Igeldoko harriarekin borobildu zuena. Bertan Olatzar baserriko nire lehengusu Agustin Sarasua “Patillas”ek bere seme sasoitsuekin parte hartzen zuen eta oso pozik zegoen beste baserritarrak bezala plaza berriarekin. Bertsolari, aizkolari eta horrelako giroko jolasak, ohiturari jarraiki, Fernantxo Intxaurrandietaren eskuetan utzi zituen Jaietako Komisioak. Eta pilota partiduak eta txapelketa etxanditarrenean.

Anjel Zelaietarekin banuen harreman txiki bat aspalditik (Lur, Berriak), eta halako batean, honako gutun bitxia jaso nuen bere bizkaiera bizian idatzia. Alkate jauna gisara tratatuz eta nobelaren bat prestatzera animatuz, bera Arestiren biografiarekin ari zela-eta... Post-datan esaten zidan nola Durangoko Liburuen Feria denboran batzar bat izan zen UEUko irakasleen artean eta nola idazkari nagusi zen Orbe apaizak esan zion ea osatzen zuten lau edo bosteko talde bat eta ni prest nengoen zerbait egiteko, bera Mikoleta prestatzen ari zela eta ni zergatik ez Bela (?), eta ezer egitekotan, guztiz premiazkoa ikusten zuela programa taxuzko bat agertzea publikoari.

Mila bederatziehun eta laurogeita bateko otsailaren hogeita hirua, 23F bezala ezagutua izan den eta tejerazoa deitu estatu-kolpearena, edota Argian (1981-III-8) Errikotxiak sinatu bertso batzuetan zioen bezala tejeradarena izan zen. Ale berean, Luma zorroztu sailean, Mikel Hernandezen olatu berria new wave, artikulua musikaz, Mikel Antzaren aupa nibolari, eta nire Ihauterietako hiztegia agertu ziren.

Margarita Ricak eta Lourdes Oñederrak, aspalditxotik ezagutzen nituenak eta Iowa Universityn ikasten eta lanean ari zirenak, postal oso iradokitzaileak idatzi zizkidaten Ameriketatik. Ilargipean marinel bat badoa itsasoan kaiak batean arraunean. Geroago, Margarekin bizitzen jarri nintzelarik (eta 83az geroztik elkarrekin jarraitzen dugu), makina bat bider gau hura oroitaraztean kontatu izan dit zenbat malko isuri zituen hango telebistan Tejerok Parlamentuan bota zituen tiroak ikusterakoan. Postal batean atso batzuk ageri dira bandera amerikanoa brodatzen sutondoan eta hona zer idatzi zidaten amultsuki:

... Hemen gaude beste lagun batzuekin Iowa Cityko batzokian ikurrina brodatzen... ea kapitaina kantatzen hasten zaigun. Bueno, hobe dugu amets txoroak alde batera utzi eta datorren abendurako sagardotegiren batean gelditu (eta han kantatu). (Lourdes). Askotan esaten degu, ai Patri zein majo! Ez dago hemen horrelakorik, la, la, la! Besarkada haundi bat/ bi. (Marga).

Poztekoa, hain neska argi eta ederrek horrelakoak idaztea bati, ezta?

Mila bederatziehun eta laurogeita bateko martxoaren bederatzian Telesforo Monzon Baionan hil zen eta Bergaran hilobiratu zuten. Ezaguna nuen aspalditik. Behin Alfontso Otazurekin, El Igualitarismo Vasco liburuaren egilearekin bisita egina bainion, eta berak erakutsi zizkidan Mende Berriko etxean liburutegian zituen altxorrak. Erdi Aroko pergaminoak, XVI. eta XVII. mendeetako euskal liburuen edizioak, eta beste. Behin trenean ere topatu nuen Bordeleko bidean Urko kantariarekin batera. Honek, disko baten testuak zuzendu eta hobeto aurkeztu behar zirela esan nionetik, ez zidan bisita gehiago egin. Eta hau gaitz orokorra dela esango nuke, alegia, diskogintzan normalean oso arreta handia ezartzen dutela grabazioan, legezkoa denez, baina penagarria da ikustea testu aurkezpenean zein arreta eta ardura eskasa jarri ohi duten. Zein gutxi landuak dauden ortografia eta puntuazioa, zuzentasuna.

Nahi duzu gurekin etorri Yeu uhartera, bertako errefuxiatuak ikustera?Joango nintzateke, bai, esan nien, baina beste lan bat egitera etorri naiz, gure euskararen altxorra arakatzera liburutegian, ea egunen batean eskuizkribu horiek plazaratzen diren.Hitz batzuk ere egin genituen egoera politikoaz, eta euskal burgesiaren jokaeraz; Monzonek goraipatu egin zizkidan burgesiaren alde onak: –Ederra da benetan burges izaitea... Nire aukerak garai hartan euskal proletalgoarekin bat zirelakoan nengoen, eta Mably kaleko liburutegian sartu nintzenean rara avis, intsektu arraro samar bezala sentitu nintzen, paper zahar haien hautsez elikatzen hasia bainintzen... 1981eko Santakrutzetan programa honako agurrarekin inprimatu zen, alegia, neronek prestatu bi bertsorekin; ondoren lehena bakarrik ematen dut. Bazen hautetsien artean EAJko bat, buruz ikasi zuena:

Lezoko herri guztiz maitea,
Hauxe da gure atsegina,
Jai nagusiak iritsi dira,
poza izkutu ezina.
Udaletxeko arazo denaz
Egiten dugu ahalegina,
Baina konponduko lirateke
Denak batuko bagina.

Errenteriako Institututik 1981eko irailean Donostiako Zurriolakora pasatu ginen irakasle batzuk, eta beste irakasle zenbaitekin topo egin genuen, hala nola: Aita Urrutia, Migel Sagues, Juan Albarez, Helena Adrian, Margarita Rica, Mertxe Berasain, Rosa Casares... Bukatuak ziren zentroetako funtzionamendu demokratikoen aldeko borrokak. Jada Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Kontseilaritzak izendatzen zuen Delegaziotik antolatzen ziren gauzak, Ignazio Zumeta apaizak inspektore lanetan jarraitzen zuen arren... , baina protesta eta manifestazio garaiak atertuak ziren.

1982ko Mendekoste jaiak, maiatzaren 29, 30 eta 31n ospatu ziren. Azken egunean Mitxelena oiartzuarra eta Lazkao Txiki bertsolari izan genituen eta gero elkarrekin bazkari eder bat egin genuen Tiñelun. Programan euskaraz Lezoko kale izendegiaz zenbait ohar idatzi nituen, eta gaztelaniaz ere eman nituen “Notas sobre el nomenclátor callejero de Lezo” (Guillermo de Lazon, Lope Martinez de Isasti, Francisco de Gainza, Eugenio de Ochoa, Elias Salaberria, Lexo bertsolaria, Maria Zapiain de Pildain, Agustina Lizarazu, Hipolito Gezala –ETAk hildako semearen aita organista eta Lezoko haurren solfeo-irakaslea– eta Antonio Pildain, Francok Kanariar Uharteetara erbesteratu apezpiku lezoarrari buruzko mikrobiografia batzuk eginez). Eta oso harrera ona izan zuen.

Hamaika mozio, eskaera eta aldarrikapen egiten genituen Udaleko biltzarretan, bai euskararen alde, bai bortizkeriaren eta okupazio-tropen kontra, erbesteratu eta preso politikoen alde, hala nola haien familiei laguntzeko beren seme-alaben bisiten gastuak arintzearen alde, eta beste. Halaber izan genuen mozio bat, EMK-koa zen Patxi Lazkanok aurkeztua, emakumeek abortatzeko zeukaten eskubideaz, eta eztabaidatu eta beharrezko ziren argitasunak eman ondoren, zeren hautetsiren batek ez baitzekien zehazki abortua zer zen ere, onartu egin zen aho batez.

Beste gai eztabaidatsua izan zen Haurtzaindegiaren ardura Udalaren esku uztea, eta esan dezaket nire garaipenetariko bat izan zela, zeren hasieran ez baitzituzten gauzak oso garbi ez EAJkoek, ez eta nire taldekoek. Azkenean hain alde sutsu eta argudioz betea ikusi ninduten, non baiezkoa eman baitzuten.

Markesane, alegia, Udaletxearen aldamenean zegoen parkea, herriarentzat bilakatzea izan zen beste borroka handienetakoa. Kartagoko Markesarena izana zen lur zati hura, berrogeita hamarretan Acha Fabrikarena (Aserraderos eta Chapas deitua) izatera iragan zen arte. Enpresa horretako langile hautatu batzuk izanak ziren alkate ere. Nire amak bertan lan egin zuen nire arreba Marikrutxek hamalau urte bete zituen arte, honek haren lekua hartuz. Herrian jende askok lan egin zuen han, baina nagusiekiko negoziazioak ez ziren batere errazak izan. Eztabaida anitzen ondoren, azkenean ongi ordainduz, herriarena izatera pasatu zen lur sail hura. Lezoko historia oroitarazteko, tona mordoxka zituen, eta portuan abandonatua zegoen ainguratzar bat ezarrarazi nuen, garai bateko ontziolen sinbolo gisa. Gainera, kateak ipini genizkion Garbizu arkitektoak asmatu plataforman, antzinakoen eta gaurkoen artean katea ez dela eten adierazteko.

Erakundeek bazuten, aspalditik programaturik, Lezorako urbanizazio eta etxegintza multzo handia, baina lezoar gehienek ez genuen nahi Altamira izeneko muinoa beste Beraun bat bilaka zedin. Horrela, Jose Ramon Marticorena, Delegado provincial del Ministerio de Obras públicas y Urbanismo de Guipúzcoa zenak deiturik, Lezorako zeukan egitasmoa erakutsi zidan. Bidenabar, une hartan egiten ari ziren transferentzien balioaz mintzatu zizaidan. Konfiantza sortzen zuen gizon hark harremanetan, eta esan behar dut Altamiran eraiki zen Joanes Etxeberri eskola berriko haurrek egindako kartel handia, zuhaitz askoren eta laku baten ondoan ahateak igeri ageri zirena, eraman nionean, izugarri gustatu zitzaiola eta bere andreari garai hartako herriko bibliotekari-buru zenari erakutsi egingo ziola esan zidan. Lortu genuen, bada, hasierako 700 etxebizitzetatik, 150era jaistea eta gero kopuru horretatik 102ra. Okasio ona zen etxebizitza sozialak egiteko. Tamainaren arabera milioi eta erdi pezetatik bi milioi eta erdira balioko zuten gutxi gorabehera. Arkitektoa, hiri-eraikuntzetan aditua zen Joaquín Montero gertatu zen hautatua. Honekin gogoan dut Madrileko Nuevos Ministerios deitu eraikuntzara bertako ordezkari batekin hitz egitera joan nintzela ere, eta ordudanik adiskide ona daukadala. Donostian ikusten dut noizbehinka eta berak moldatu parkeak erakutsi izan dizkit argitasun eta xehetasun handiz. Obrak bukatutakoan, herritar gazte eta zaharren beharren araberako zozketa egin zenean, udal-aretoa beteta zegoen. BOEk zioena irakurrarazi nuen, eta jendearen artean giltza berriak banatu ziren, lortu zituztenak aski kontentu gelditu zirelarik. Soilki ijitoen buru zenak, legearen arabera banaketatik kanpo gelditzen zirela adierazi nienean, aretotik atera ginenean ahopetik eta gorrotoz esan zidan: usté saldrá de esta sala con los pies por delante. Bigarren heriotza-mehatxua nuen. Ez zen nolanahiko kontua eta ondoriorik gabea alkate-erantzukizunak ahalik eta modurik zuzenenean betetzea.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Unibertsitateko Kontseilaritzak deialdi bat egin zuen doktoratutzako bekak emateko. Nik hiru egitasmo (sekulan ez zait falta izan proiekturik... ) aurkeztu nituen. Lehena, Pierre D´Urteren hiztegi argitaratugabearen edizioa. Bigarrena, Anton Abbadiak sortu Lore-Jokoak. Eta hirugarrena, Astolasterren bilduma.

Hirurak ziren ikertu eta argitaratu gabeko lanak, bi literaturarekin lotura estua zeukatenak eta besteak lexikografiarekin. Epaimahaiak (artean Jean Haritschelhar zegoelarik) erabaki zuen normalizazio bidean abiatuak geundelarik, donibandarraren hiztegia lehenestea, eta halaxe egingo nuen. Lehena, Mundaizen argitaratuko zen 1989an, Anton Abbadiaren obra Eusko Ikaskuntzak eta Euskaltzaindiak plazaratu zuten 1997an, eta Astolasterren bilduma Izpegik 1998an. Baina ez gaitezen aitzina sobera, iritsiko baikara hauek xehekiro aurkeztera.

Pierre d´Urteren bizitzaz gauza handirik ez genekielarik, Vinsonek bere Bibliographie de la langue basque... liburu bikoitzean ematen zituen datuez at, erabaki nuen institututik eta udaletxetik hilabeteko aisia hartzea; eta, hala, Londresera joan nintzen 1982ko urtarrilean Urteren urratsen jarraika. Goizero joaten nintzen akademia batera hiru orduz ingelesa ikastera eta beste orduak Londresko liburutegietan igarotzen nituen donibandarraren aztarnak bilatzen. Eskuizkribuak Shirburn Castlen, hau da, Earl of Macclesfielden gazteluan, zuzenean aztertzeko eskariari ezezkoa erantzun zidatenez, Guildhall Libraryn ezkontza agiriak arakatzen aritu nintzen, Public Record Officen Église du Tabernacle-ko jaiotze-agiriak, Westminster Libraryn Sohon zegoen St. Annekoak eta beste... Eta 1699ko irailaren hogeita lauan, Pierre d´Urte Tabernacleko elizan Judith Gautereaurekin ezkondu zela, eta, geroago alargundu zelarik, 1719ko urtarrilaren hamarrean St. Annekoan Magdalen L´Hermettekin ezkondu zela aurkitu nuen.

Denbora osoa niretzat nuenez, zenbait adiskideri idatzi nien eta baita erantzunak jaso ere. Paper zaharren artean aurkitu dut bat (1982-I-19), Margarena, non beste gauzaren artean honakoa irakurtzen dudan:

[... ] Guztiz positibo agertzen da zure bidaia, ezta? Otza aparte utzita, noski. Ingelesa ikasi, beste leku batzuk ikusi, pentsatu... bizi modu atsegina bezela ikusten det. Zure burua txapuzero edo honelakoren bat bezela ikusten dezunean masokista presuroso bezela ikusten dezu. Idazleak idazten egiten dira, n´est-ce pas?, eta zure idazlanak (así se dice?) de la primera etapa direnez gero ez dute, maybe, zure posibilitateen neurri osoa ematen. Asi ke ánimo eta jarrai (bietan).

Hemen ez dago berri haundirik. Periodikoetan agertzen direnak irakurriko dituzu pentsatzen det: sekuestroak... Gaur San Sebastian bezpera eta etxean gelditu naiz. Azkeneko hiru egun hauetan faringitis fuerte batekin de baja gelditu naiz eta gaur ez naiz atera. Nere inguruan ez da plan politarik sortu (todo el mundo está de mala leche, chico) eta tumulto hori anbienterik gabe ikustea txorakeri bat iruditu zait [... ]Ikusten dezu, Patrizio, betiko txorakeriekin jarraitzen dedala. Txisme objetivo berririk ez dago kontatzeko, zuk ekarri behar dezu hortik serie on bat. Hortarako ongi, ongi pasa, esperientzi bitala aberastu (erredundantzia bainan honela etorri zait lumara) eta dana buruko sukaldetxoan prestatu lagunei pixkatxo bat eskeintzeko.

Tanti baci.

Marga.

Hotz egiten zuen Londresen, baina horrek ez ninduen batere izutzen. Hilabete hartan sei kilo jaitsi nituen Londresko parke eta kaleetan barrena arin-arin ibiliz eta jan-edanak neurriz hartuz. Azken egunean panazko traje dotore bat erosi nuen, soinera nahiko ongi zetorkidana eta tamalez ingeles gehiegirik ikasi gabe itzuli nintzen Groseko institutura berriro lanera.

Katedradun ginenez, epaimahairen bat edo bestean egotea ere suertatu zitzaigun, hala nola Bilboko Escuela Oficial de Idiomasen Euskara katedra neurtzeko lehen tribunala antolatu zenean. Bertan izan ginen Mikel Arregi, Miren Egaña, Alfontso Irigoien, XX eta neu. Eta hori zela-eta, Alfontso tribunaleko presidentea zenez, gutun bat bidali zidan (Gutunak 5) 1982ko irailaren hamalauan Bilbo aldean agertzeko adieraziz.

Eskuinetik: Tomas Garbizu, Patxi Intxaurrandieta, Juan Padrosa eta ni.

 

Tomas Garbizu Lezoko seme eta musikagile ospetsua zenari hiru eguneko omenaldia eskaini zitzaion 1982ko abenduaren 17, 18 eta 19an.

Lehen egunean Lezoko seme kuttun izendatu genuen eta beste zenbait laudorio artean, honako hitzok esan nituen, besteren artean: Jakin, oso ongi dakigu, Euskal Herriari eta musikazale guztioi eskaini digun bere obra guztiarengatik hau ez dela nahiko ordaina, zeren eta hain eztiki mamitzea lortu duen Euskal Herriaren izpirituaren musikazko adierazpena sortzen gorputz eta arimaz bizitza guztia eman duenaren lana ezin baita ordaindu eta kitatu merezi duen neurrian ... Meza Nagusia eskaini zitzaion goiko elizan eta aita Jean Diharze “Xabier Iratzeder”ek ospatu zuen hamabi apaizez inguratuta. Donostiako Orfeoiak Tomasek sortu eta harmonizaturiko Missa Benedicta kantatu zuen. Meza ondoren, dantzariek dantzaldia egin zioten, eta hantxe joan ginen atzetik Mikel Arrizabalaga, neu eta besteak... Kontzertu eder bat ere eman ziguten Tomasek herri kantetan oinarrituz sortu eresiekin Juan Padrosa pianista eta Nekane Lasarte sopranoak.

Udalak enkargu berezi bat ere egin zion: Lezoko Himnoa sortzea. Hau bazkalondo askotan kantatu izan dugu urtetan Ixkulin Elkartean, eta berak asmatu letra, Joxe bikarioari gehiegi gustatu ez zitzaiona, hauxe izan zen:

Itsaso gainetik
Jaizkibel mendia,
mendi gibelean
Jaizkibel oinetan
Lezoko herria.
Hemen biltzen dira
euskaldun jendea,
aitzinetik baita
guztiz ezaguna
Gurutze ahalduna.
Ezker eskubi
zelai baserri,
ondorengoen oinarri,
ohitura zaharrak,
agurgarriak,
herriko seme argiak.
Gora, gora Lezo
hain izen handiko,
gure aurrekoen
sorleku garbia
Euskaldun Herria.

Tomas herriko seme argiak aipatzera iristen zenean, umore eta malezia puntu batez eransten zuen, hauen artean gu ere egongo gaituk, ezta. Halaxe ere Altamirako etxeetako kale izenaren estalkia kendu eta T. Garbizu kalea agertu zenean, inguratu zitzaidan eta seriyo-seriyo esan zidan: eta hemengo etxebizitza bat nire izenean ez al litzateke hobeto? Benetan ez zitzaion falta ziria sartzeko abileziarik, ohorea eta fama baino gauza materialagoak gogokoago zituen, noski. Maiz aipatzen zuen Unamuno, eta hark behin esandakoa: Gracias por haberme ofrecido esta distinción tan merecidamente.

Nolabait Tomasi bere herriarekiko jarrera ona eskertu nahirik, bera eta bere anaia Don Liborio, Ainhoako Ithurria jatetxean bazkaltzera gonbidatu nituen egun batez, eta oroitzen naiz bertan izan ginela nire adiskide Maria Jose Vía, Artzentalesko alaba, Don Liborio gerran Gipuzkoatik desterratu zutenean han egona baitzen, bere laguna Joxeba Bilbatua, Margarita eta neu. Oroitzapenean gelditzen diren bazkari horietakoa izan zen benetan hura.

1989ko azaroaren 29an hil zelarik, Patxi Intxaurrandieta eta biok, Lezoko Udalak ordaindurik, bi liburu eder eskaini genizkion. Bata, berak proposaturiko tituluaz 1991ean argitaratua: Garbizu Anaiak: “Zubigar”, “Iruzubi”, “Tege”, 1921-1936. Eta bestea J.I. Tellechea Idigorasen hitzaurrearekin: Tomas Garbizu 1901-1989. Bere obraren katalogoa eta CD bikain batekin, Patxik egina ia dena.

Udaletxeko lanak nahikoa buruko min eragiten zizkidan. Migraina handiak sortu eta loak hartzeko valium 10 pastillak hartu beharrean izaten nintzen batzuetan. Helenak ere alde egin zuen Lezotik. Udaletxean beti aurkitzen nuen bueltaka, inork deitu gabe, herriko ondarea aseguratu behar zela eta HBko komisarioa iruditzen zitzaidana –ez dut haren izenik esango–, eta nabaritu nuen jada Independiente gutxi zela gure taldean eta ezkutuan hasiak zirela HB sortzen. Egiten nituen proposamenak, beti saiatzen bainintzen arrazoizko gauzak aurkezten eta talde guztiek onartzeko modukoak izan zitezen, aho batez bozkatzekoak aurkezten, atzera botatzen hasi ziren, eta beraz hurrengo hauteskundeetan, batzuek berriz aurkezteko eskatu arren, ez nintzen presentatu. Pentsatu nuen inor ez dela erabat beharrezkoa eta gelditzen zirela beste lanak aurrera ateratzeko eta agian ni gabe errazago aterako zituztela beste taldeek, hala nola EAJk. Beraz, azken bilera (1983-V-19) idazkari Trinidad Sukia, gerora kardinala izango zenaren iloba zelarik egin genuen. Esan nien nire lau urteko esperientziaz baliatu nahi bazuten prest nengoela edozein mementotan laguntzeko, baina osterantzean ez zuten nire beharrik ikusi, antza, eta ni pozik, kargu eta karga hura lagatakoan. Politika mota bat abandonatu nuen, edo politika egiteko era batek utzi ninduen eta Margaritarekin bizitzera joan nintzen Donostiara.

Benetan esperientzia aberasgarria izan zen, harremanak izanak nituen jende interesgarri askorekin bai Lezon, bai Errenterian (Sabin Olaizola alkatearekin edo Joxe Jabier Uranga arkitektoarekin), bai Gipuzkoako Diputazioan (Xabier Unzurrunzaga arkitektoarekin) edota Gasteizko Gobernukoekin. Edota alkate-bilera orokor batean Bizkaiko Ahaldun Nagusi zen Makua jaunarekin, eta EAJko Arantxa Zeberiori alkate-sinboloa den zumitzezko uzta pasatu nionean, ea zuk bezain ongi egiteko gauza naizen esan zidan kortesia handiz.

UDALETXEKO lanetatik libre gelditu nintzelarik, erabakia hartu nuen euskal kulturaren mugimenduan buru-belarri, lehen ere hala ari nintzen arren, ardura eta arreta gehiagorekin sartzea eta bertan eskaintzea nire ahaleginak, ahalmenak eta jakite apurrak. Eusko Jaurlaritza eratu zenez geroz, Karlos Garaikoetxea lehendakari zelarik (1980-1985), Ramon Labaien hautatua izan zen Kultur Kontseilari bezala. Haren helburuetako bat, Euskal Irrati Telebista sortzea, 1982ko abenduaren 27an lortu zuen, egun hartan eman baitzen lehen emanaldia. Halaber, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa sortu zuen 1982an, eta Antzerti Zerbitzua. Euskal Kulturaren hiru zutabe izan behar zutenak: Irrati Telebista, Musika eta Teatroa.

Eugenio Arozena oiartzuarrak, Intxixu taldeko zuzendaria izanak eta une horretan Antzerti erakundekoa zenak, deitu ninduen eta Antzerti Berezia aldizkarian parte hartu genuen; haren lehen alea 1982ko urrian argitaratu zen eta hamahirugarrena 1986an. Halaberki, Antzerki zabaldunderako aldizkaria, hots, antzerki-testuak, gerra aurreko Antonio Labaienek zuzendu izen bereko aldizkariaren ildoari jarraiki, plazaratuz joan zen; lehen alea (55.a) 1982an argitaratu zen: Abelino Barriolaren Goi-Argi. Eta azkena, 1985ean, William Shakespeareren Richard II. Orotara, beraz, 13 teatro-errebista eta 28 antzerki ezberdin, bai teatro zaleen irakurketagai izateko, bai antzeztaldeen errekurtso eta iradokizun emaile izateko balio zezaketenak.

Antzerkigile jatorriz euskaldunak eta atzerritarrak. Hauen artean: Carlo Goldoni (Arlekino, bi nagusiren zerbitzari), Dario Fo (Izuaren aurpegia), August Strindberg (Herio Dantza) eta William Shakespeare (Julio Zesar, Zeuk nahi duzunez, Endrike VIII, Neurriari neurriaz, eta Richard II) Xabier Mendiguren Bereziartuk itzuliak, Euripidesen Troiako emakumeak Iñaki Begiristainek moldatua, Alfonso Sastreren Bazterrean utzitako panpinaren ixtoria Mikel Lasak itzulia, Alfonso Castelaoren Agureok maitemindu behar ez Antonio Labaienek itzulia, Manuel Mariaren Berengela izeneko otarantza baten ibilketak eta biribilketak eta Maiatza zorabiatuaren pastorala Koldo Izagirrek itzuliak, eta Jean Paul Sartreren Nekrassov Xabier Olarrak itzulia. Eta egile euskaldunak: Estanislao Urruzola “Uxola”, Joxeba Olaizola, Jose Maria Agirre “Lizardi”, Enkarni Genua & Manolo Gomez, Augustin Zubikarai, Eugenio Arozena, Marzelin Heguiaphal (errejenta moldatzailea), Iñaki Begiristain, Patri Urkizu (Astolasterrak, bilduma egilea), Guillaume Irigoyen, Piarres Larzabal, Taupada antzeztaldea, eta Imanol Elías Odriozola. Beraz, zaharrak eta berriak, lehengoak eta oraingoak, bertakoak eta kanpotarrak. Tamalez, 1986an Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen bide hura moztea, Luis Bandres ingeniari eta irakasle ezaguna Kultur zuzendari zelarik. Zergatik ote da gehientsuenetan gobernuek presupuestoetako diru-murrizketak hasten dituztenean kulturari suertatzea jaitsiera?Errebista eta testu bildumaren arduraduna eta alma mater ingelesez ere ongi moldatzen zen Elisabet Albisua andoaindarra izan zen. Nik nire ahalegin guztiaz lagundu nion, Antzerti Eskolan euskal teatroaren historia ere emanez. Antzerti Bereziaren 5. alean (55.or.) Antzertiteka bat, liburutegi espezializatu bat sortzea ere proposatu nuen, non testuak, erreseinak, argazkiak, bideoak, ikerketak, esku-programak eta beste jasoko ziren. Tamalez ez zen aurrera eraman egitasmo hura eta halaxe gaude gaur egun ere, antzerki-testu guztiak barreiatuta, sakabanatuta liburutegi publiko ezberdinetan eta galduta, edo partikularren eskuetan daudela hortik zehar.

Ricard Salvat, Alfonso Sastre, Xabier Fabregas, Manuel Lorenzo, Luis Iturri, Jean Haritschelhar, Txuma Lasagabaster, Mireille Saunier, José Monleón, Wiktor Wojciechowski eta neroni izan ginen errebistan maizenik idatzi genuenak, halako oreka bat lortu zelarik hizkuntzen trataeran, hots, euskara eta gaztelaniaren artean. Bestalde, Salvatek zioen bezala, Espainiako teatro-informaziorik osatuena ematen zuen errebista izatera iritsi zen eta Elixabeteri esker fotografiaz oso ongi horniturik zegoen. Gogoan dut nola 83ko Sitgeseko festibalean Salvatek afaltzera gonbidatu ninduen eta elkarri egin aitorpenetan ageri zen biak politikoki independenteak ginela, garai hartako giro politizatuan edozer aurrera eramateko unean zituen ondorio eta eragozpenekin. Bere burua eskaini zuen Antzerti egitasmoa aurrera eramateko, prest zegoelarik Donostiara bizitzera etortzeko eta baita euskara ikasteko ere, baina mezuak ez zuen oihartzunik izan Eusko Jaurlaritzaren partetik.

patri urkizu: euskal literatur heterodoxoa eskaintzen. 
ARGIA, 1980-XI-2.

 

1983

HONA, adibidez, L'Edat Mitjiana i el Renaixement en el teatre Sitgesen ospatu zelarik 1983ko urriaren 13an eta 14an, non besteak beste, Alejandro Montiel, Alfonso Sastre eta Eva Forest, Maria de la Luz Uribe, Olimpio Musso, garai hartan Bartzelonako Istituto Italianoko zuzendaria zena, eta Francesc Massip adiskideak parte hartu zutelarik Antzerti bereziaren 6. alean 1984ko otsailean idatzi zen kronika:

Sitges 1983. Kartela: Teatroa Erdi Aroan eta Errenazimentuan.

Sitges, Mediterraneoko kostaldeko herri politean dagoen Mareel jauregian 1983. urteko urrilaren 13-14 egunetan Erdi Aroko eta Errenazimentuko antzertiaz hitzaldi eta elkarrizketa batzuk ospatu ziren, bertan ltaliako, Madrileko eta Bartzelonako Unibertsitateetatik etorritako irakasle eta ikerle batzuek parte hartu zutelarik. Bakoitzak bere espezialitateko gai berezia ikertu eta sakondu zuen, oraindik argitaratu gabeko ohar, albiste eta ikerketak aurkeztuz. Erdi Aroko antzerti erromanikoaren sorrerari buruzko teoriak eztabaidatu ziren, bai halaber Errenazimentuko italiar antzertiko gai txit espezializatuak. Alibrandini, Díez Borque, Zorzi, Massip, Salvat, Silvermann eta beste zenbaiten artean Euskal Herritik joana zitzaigun Patri Urkizu irakaslea ere euskal herri-antzertiaz mintzatzera. Aurkezpen xume honen ondoren dakargu irakurri zuen hitzaldia, interesgarri eta argigarri izango zaizuelako ustetan.

Dakusakezuenez, hitzaldiak sarrera bat dakar, eta bertan aipatzen da nola kultura eta teatro eginkizunak herrien arteko harremanen lotura-sortzaile izan daitezkeen eta muga hertsien hausle. Ondoren, gaia bi zatitan banatzen du, lehenean parateatroaz mintzo delarik, hau da, hiru adibide emanez, bertsolariez, errandoez eta maskaradez mintzo zaigu. Bigarrenean, pastorala, xaribaria eta ihauterietako tragikomeria hartzen ditu aztergaitzat. Pastoralez hitz egiterakoan, sorrerari buruz izan diren hipotesien berri ematen digu, hala nola sintesi eta ondorio tipi bat eta bere esanahiaren interpretazio garrantzizko batzuk. Xaribariez historia pittin bat egin ondoren, bere interes sozial eta hizkuntzarekikoa azpimarratzen ditu eta, ihauterietako tragikomeriez diharduenean, Ihauteriak Euskalerrian duen erro sakon eta ludikoaz mintzo zaigu, irudien adierazkortasunaz eta urtero berritzen den jokoaren misterioaz.

Amaitzeko, bi gauza planteatzen ditu. Bat: herri-antzerti horren guztiaren jaso eta argitaratu beharra, eta bestetik antzeztaldeek bere sustrai eta erroak bertan daudelarik ohartuz eta euskal senaz jabetuz eta txertatuz, hala nola gaur egun munduan diren korronte berriez ere hornituz, euskal antzerti bat eraiki dezatela desiatuz.

Hamabost artikulu plazaratu nituen errebista horretan gai ezberdinez. Euripidesen Troiako emakumeei buruzko tragediaz, Carlo Goldoniren Arlekino bi nagusien zerbitzariaz, hala nola euskal teatroaren historian garrantzia izandako Pedro Ignazio Barrutia, Frantzisko Xabier Maria Munibe eta Idiakez, Marzelino Soroa, Toribio Altzaga, Resurrección Maria de Azkue, Alfredo Etxabe, Etienne Decrept, Pierre Salaber... , teatrogile, operagile, errejent eta bestez. Gogoan dut azken honen etxean, Ozazen izan ginela Jose Mari Tuduri eta biok, eta nola erakutsi zizkigun pastoral zaharren eskuizkribuak, eta nola zituen horman zintzilik Lehen Gerla Handian, alegia, 1914koan eman zizkioten dominak.

Eskuinetik: Eugenio Arozena, Ramon Labaien, Manuel Lekuona eta ni,
San Telmon Antzerti Erakusketaren aurkezpenean (1984).

 

Eugenio Arozenak eskatuta, euskal teatroaren historia bat prestatzen ari nintzen, eta oroitzen naiz udazkenerako bukatua behar zuelarik, irail hartan ez nintzela joan Marga, Joxeba eta Marijoserekin Balear Uharteetara oporretan. Liburua bukatu nuelarik, Euskal Antzertia tituluaz, Euskal Teatroaren Erakusketa antolatu nuen Tuduri tolosar fotografoaren laguntzaz. San Telmo Museoan aurkeztu zen. Estreinaldiko fotografia begiratuz, hantxe gaude eskuinetik ezkerrera: Eugenio Arozena, garai hartan Antzerti eskolako zuzendaria zena, Ramon Labaien Donostiako alkatea, Manuel Lekuona, jada zahartzaroan sartuta eta neu, erakusketaren eta Euskal Antzertia liburuaren egilea. Oroitzen naiz Ramonek oso ongi toreatu zituela Antzerti Eskolako ikasleak aurkezpenaren ondoren, ez baitzeuden konforme eskola zihoan bezala, eta pankarta batzuk zabaldu baitzituzten. Egia da ikasleek galdetu zidatela ea zer iruditzen zitzaidan protesta moduko bat egitea, eta nik erantzun niela egokia iruditzen bazitzaien egin zezatela. Erakusketa hura gero Baionako Euskal Museoan aurkeztu zen, eta, Museoko zuzendariaren, Jean Haritschelharren eta besteren baten ondoren hitz egin nuelarik, eta mintzatu nazioen lehiaz eta etsenplu emateaz, Joseba Arregi garai hartan Kultur Kontseilari zenak, ohiko harro-puntuaz galdetu zidala ea ni nor nintzen hitz egiteko, eta erantzun niola esposizioaren egilea nintzela. Erakusketa hura Euskal Herrian zehar agertzeko eta ikusarazteko pentsatua zenez, gogoan dut Bilbo, Oñati, Maule eta beste norabait ere eraman zela.

1984

IRUNGO Hiria Poesia Sarira aurkeztu nituen poema batzuk 1983an, Zeren azken finean... eta, antza denez, beste poema-liburuak baino gehiago gustatu zitzaizkien Xabier Lete, Santiago Aizarna... eta beste epaimahaikideei eta Gaztelu bat oparitu zidaten, sos batzuk eta liburuxkaren edizioa. Armiarma, Interneteko euskal literatura atariak, 2014ko uztailaren 23an berrargitaratu du, galdetu gabe ea nahi nituen poema horiek berriro inprentara eraman ala ez. Pentsatzen dut galdetzea bederen zegokiola, zeren eta zuzendu eta beste zenbait poemarekin batera neronek beste edizio bat prestatu nahi izan banu, esate baterako, zer? Hona kritikari ezezagunak dioena:

Nostalgiaren eta bizi-pozaren uztarketa gozoa dugu Patri Urkizuren Zeren azken finean (Kutxa, 1984): Hiroshimako bonba jaurti zuten paradisuan, eta guztizko erbestean bizi beharrak ekarri du gizakia geroztik gizakia izan dena izatera: zeren azken finean, hil eta herio, oro izango garenez haustegi kario... garen liberti, dugun maita! Mendeku handi bat jainko-jainkosen aurka. Irakurle adituak Miranderen lagun irudikatuko du Patri Urkizu Parisen eta Euskal Herrian barrena, haren ezkortasun etsiari munduaren ederra kontrajartzen diola, hedonista eta maitale. Horixe da Urkizu poetaren ezaugarri nabarmenetako bat: kultutik herrikoira, transzendentziatik unean unekora, mintasunetik sentsualtasunera, dolu existentzialetik sagardo upelera egiten duela naturaltasunez, gauzek hozkia ematen ahal badiote ere sentibera delako urtzen den elurrari beha, edo emakume konkretuaren samurrari.

1984an Kritika saria irabazi zuen poema bildumatxo honek, eta 1985ean Sari Nazionaletara ere aurkeztu zen, Koldo Izagirreren Euzkadi merezi zuten nobelarekin batera, baina, nik dakidala bederen, Euskal Herriaz at ez zuten inolako oihartzunik merezi izan. Armiarmak ez du jasotzen nire poesien erreseinarik, berriki moldatu aurkezpena ez bada, baina gogoan dut Felix Marañak Zurriolako hondartzan egin zidala elkarrizketa bat eta El Diario Vascon agertu zela, ez dakit zein egunetan, eta elkarrizketa horretan elkarbizitzarako tolerantziaren beharra aldarrikatzen nuela.

Poesiaz aparte, 1984an hiru narrazio-liburu argitaratu nituen: Nola Kursaal berria suntsitu zen; Jon Mirande, Gauaz parke batean: Ipuin izugarriak, eta Etsipenez: Jon Chahoren memorioizunak.

Argian halamoduzko elkarrizketa bat egin zidaten garai hartan eta hartako galdera-erantzun bat hautatu dut hemen ezartzeko garai hartan nituen obsesioak aurkezten baitzituen eta ipuin-liburuxkaren sortze prozeduraz hausnarketa eta kritika.

A. – «Nola Kursaal berria suntsitu zen» liburuaren jestazioa nola izan da?

P.U. – Aspalditik hasi nintzen biltzen zenbait ipuin, baina gero nolabait tendentzia hura taxutzen zenez gero, borobiltzen, sartzen, “Sekulorun sekulotan” nobelan, haiek alde batera utzi nituen eta beste ipuin errazago, ez lehengo abangoardismo eta esperimentalismoko literatur motari jarraituz, eta ulerterrezagoak, jendearentzat atseginak izan zitezkeen ipuin motak idazten saiatu naiz; eta azken urte hauetan egindakoekin, alde batetik nereak, zazpi ipuin, zazpi numero horrek badu zerbait, eta uste dut euskaldun guztientzat ere bai, herriko kontakizunekin, arrantzako baleak eta kaioak, egun batean zerbait dela bestean beste zerbait, uste dut ipuin horiek osatzen dutela, gai ezberdinak izan arren, gauza nahiko homogeneoa. Ez dira ipuin oso-oso landuak, horretarako kendu beharko genuke alkatetza, klaseak, bakarrik literaturgintzara dedikatuz, nolabait denok modelotzat hartzen dugun Borgesen ipuigintzari piskat jarraituz eta gehiago landuz dena: hasi ipuinaren kontzepzioarekin, hizkuntzaren lantzearekin, eta gero formulazio guztiarekin, estiloa, gaia, sinbolismoak. Noski, gehiago landu beharko liratekeela, baina momentu batetan esaten duzu «hortxe daude». Ez dakit, piskat lotsa ere ematen dizu zure trapu zikin horiek kaleratzea, baina, tira, hortxe daude eta norbaitentzat atsegingarri badira konforme geratzen nauk.

Ez zuten ipuin haiek harrera handirik ukan, ez baitzuen geroztik egin diren bildumetan batek ere sartzerik merezi antologia-egileen iritzian, baina bada bat Patxi Intxaurrandieta adiskideak Errenteriako Institutuan aritzen diren Lezoko neska-mutil gazteei irakurtzen eta gomentatzen diena: Nola buruhandia izarren artean galdu zen. Herriko festetan gertatu pasadizo eta heriotza baten gainean taxutua.

Iñaki Camino dialektologoa Euskal Herriko Unibertsitatean eta garai hartan Argian literatur kritikaria zenak lehenik (1984-IX-16) Jon Mirande: Gauaz parke batean (Ipuin izugarriak) erreseinatu zuen eta hiztegi-oharrak zirela-eta honela bukatzen zuen artikulua: oraingo honetan lasai esan genezake Urkizuk ez duela bere lanean asmatu. Kakabeltz delako batek Korrok (1984-10) errebista literarioan beste modura hartu zuen: Ez dirudi, dena den –eta azpimarratzen zuen– Miranderen unibertso literarioa, iluna, makabroa, ikaragarria, baina baita ere iradokigarri, sujerente, umoretsu, zorrotz eta maitagarria. Ipuin bilduma Koldo Mitxelenaren hitz batzuekin hasten nuen: Euskal literaturan duen lekua egunen batean aitortuko zaio, zenbaitek aspaldidanik aitortu diogun bezela. Mirande hasi zitzaigun lehenik gerla ondoan, bide berriak urratzen... Bi edizio izan zituen nire adiskide Joxan Arretxek egin zion portada pollit hura zeraman bildumak, bat 1984ko uztailean eta bestea 1987ko ekainean, eta bost mila ale plazaratu zituen Elkarrek. Ez zegoen batere gaizki, garai haietarako, nire ustez.

Etsipenez. Jon Chahoren memorioizunak izendatu lanak ez zuen izan, noski, aurrekoaren arrakastarik. Editoreak esan zidan bezala, egokiago zitekeen Mirande erabili izan banu tituluan, Jon Chaho, haren pseudonimoa baino, bestetik oroitzapen apokrifoak adierazteko asmatu hitz berri hark ere, memorioizunak, ez zuen batere jarraipenik izan. Portadan ezarritako fotografia benetakoa da –Miranderen erretratuak omen diren batzuk ez bezala–, Xohütako bere familiak bertara bisitan eta galdezka joan nintzenean lehengusina batek emandakoa baita. Eta Caminok bere erreseinan (Argia, 1984-XII-23) berriro jipoitzen ninduen, 70. urteko elaberria irakurri ta gero, oraingo hauetan gehiago espero, baitzioen. Garai hartan Txomin Peillenek aitortu zidan, Joseba Sarrionandia kartzelatik ihes egin berriaren presentzian, ahalegindu nintzela eta nahiko ongi jakin nuela Miranderen baitan sartzen. Ez da gutxi, eta Verineseko biltzarrean Jon Juaristik urte hartan irakurritako euskal nobelarik onena zela adierazi zidanez, ez nengoen guztiz deskontent. Duela egun batzuk, irakurle arrunt batek ere goraipatu dit egindako ahalegina, harrituta. Mirandek EAJren euskararekiko epeltasunari eta ETAren marxismoari egindako kritikak ez zioten lagundu euskal irakurleen munduan heda — 145 —

tzen. Hala ere, neronek distantziaz gauzak ikusita eta Miranderi buruzko ondorengo lanak kontuan hartuta, uste dut hobe litzatekeela bigarren memoria-biografia bat. Baina geroak esanen du... Baditut beste bi fotografia zahar komentatu nahi nituzkeenak. Bat, Galeuzcaren karietara, 1984ko ekainaren bukaera aldean egina. Bartzelonako Udaletxean idazle katalan, galego eta euskaldunen harrerari dagokiona. Alfonso Pexegueiro, Galiziar Idazleen Elkarteko idazkaria, Anjel Lertxundi, Euskal Idazleen Elkarteko burua, Maria-Aurèlia Capmany, Josep M. Castellet, Pasqual Maragall, Bartzelonako alkatea, eta Josep M. Llompart, AELCeko presidentea... Hementxe ere izan ginen entzuleen artean EIEko elkartea martxan jarri zenean. Oroitzen naiz, besteen artean, Carme Riera eta Luis Bandres ere izan zirela bertan. Eta Poblet bisitatu genuelarik, Manifest de Poblet delakoa sinatu genuen ekainaren 24an Galiziako, Euskal Herriko eta Els Països Catalansetako idazleek. Lehen gogoeta batzuen ondoren, non esaten baitzen Constatem que només si cadascuna de les nacions aquí representades es constitueix en estat integrament sobirà, hi haurà garanties de ple restabliment, alegia, nazio bakoitzak estatu burujabe gisa eraikita soilik izanen zuela benetako bermea bertako hizkuntzak eta literaturak, ondorengo konpromisoak onartzen genituen: 

Garantir l'intercanvi d'informació sobre la producció literaria; 
Posar en marxa publicacions comunes; 
Impulsar traduccions mútues, així com beques destinades a afavorir el transvassament d'experiències culturals, eta 
Vetllar per la defensa conjunta i solidària dels interessos professionals. 

Hurrengo biltzarra Euskal Herrian egitekotan geraturik, lagun giroan agurtu genuen elkar.

Eta aipaturiko beste argazkia, Kutxak Gilen Garateako Batxilera, Zeren azken finean eta beste sari batzuen edizioa aurkeztu zituenekoa da. Honetan, Ondarretan kokatua zen Txomin jatetxean gaude. Ezkerretik eskuinera Karlos Etxepare irundarra, Mario Onaindia eibartarra begirada galdu batekin, antza denez aspertu samarra baitzegoen Kutxakoen artean, Alkain donostiarra, eta neu.

Etxepare Udako Ikastaroen zuzendaria izan zen urte askoan. Ez nuen konprenitu sekulan zergatik izendatzen zituen XXX Cursos de Verano Uda Ikastaroak, eta XXIII Cursos Europeos Europar Ikastaroak, lehen urteetakoetan ere irakasle galegoek, madrildarrek, katalanek, frantsesek eta euskaldunek parte hartu genuenez... Oroitzen naiz Alkain eta biok ezaguna genuen Joxeagus Arrieta idazlearen ezkortasun tragikoaz hitz egin genuela.

Euskal Antzertia.

 

1985

BARTZELONAN, 1985eko maiatzean hemeretzitik hogeita bostera Congrès International de Teatre ospatu zen. Zazpiehun kongresista gutxienez, berrogeita bat herrialde ezberdinetarik etorriak. Nuria Espertek ireki zituen Jardunaldiak ohiko dotoreziaz, eta gauean Shakespeareren Lear erregea, Ingmar Bergmanen Dramaten antzeztaldeak antolaturik. Ikuskizun izugarria izan zen, eszenografia, aktoreen jokoak, ahotsak, jantziak, estiloak dastatzeko aukera izan genuelarik. Suedieraz batere jakin gabe ohartu ginen historiaz, eta Teatroa beste hizkuntza bat zela. Hitzaldiak bederatzi sail ezberdinetan zeuden banatuak, batzuk anfiteatro handi batean eman ziren, hala nola Robert Wilson abangoardiako zuzendari amerikarrarena, zeinak esan baitzuen, besteren artean, prest zegoela urtero etortzeko, berriz hain ongi ordainduta izanez gero. Airearen eta argiaren bibrazioez sortutako sentsazio kromatikoetan oinarrituz eraikitzen da haren antzertia, Wikipediak dioenez. Horregatik elektrizista on bat zela komentatu zuen norbaitek. Beste zenbait hizlariren artean: Adolfo Marsillach, José Sanchís Sinisterra, José María Díez Borque, Sitgesetik ezaguna, Manuel Ángel Conejero, Shakespeareren itzulpenetan aditua, Patrice Pavis... Nik ere nire txosten ttipia aurkeztu nuen, 1988an Mundaiz errebistak argitaratuko zuena: Introducción a las farsas chariváricas vascas.

Donostiako Konstituzio Plazan zegoen La Primitiva Casa Baroja argitaldarira deitu gintuen Mikel Azurmendik (emaztea Barojatarren familiakoa zuen) eta haren babesean, antzinako tipoak erabiliz, Literatur Gazeta, bizitza laburreko errebista kaleratu zen: hiru ale 1985ean, urtebeteko geldialdiaren ostean 1987an lau ale, 1988an hiru eta 1989an bat. Bi artikulu eta antologia bat plazaratu nituen han. Bat Strindberg Euskadin (1. zenbakia, Uztaila) eta 1965-1985. Nueva poesía de las lenguas de España (2. zenbakia, Urria), bestea.

Honelaxe bukatzen nuen lehen artikulua:

... Norbaitek iraingo dit esanez gure herriko egungo egoera larri eta trajikoan horrelako deabru eta satan gaizto eta beltzarik ez diagula behar, eta beste zerbait alaiago, gozoago eta eztiago, barregarriagorik behar dugula euskal antzokietan, ahantz ditzagun egunoroko larrialdiak eta estuasunak, ez dugula behar ipar herrialde horietako haize garbizale, ezezkor, intimistegi hori; baina nik erantzungo diet hi bezalako arima handiak, atormentatuak, sakonak, idazle benetan iraultzaileak mende batean oso gutxitan sortzen ditukela, eta pena merezi dikela hi, bitxi arraro hori, perla ezezagun hori, geureganatzen saiatzea, euskal antzokietara erakartzea eta mostratzea, eta batik bat, kasu honetan bezalaxe hain duintasun eta kalitate handiz egin denean Antzertiren Zerbitzuari esker.

Ongi etorri, Johan August Strindberg, Euskadira!

Bigarrenean kontatzen nuen nola, Las Navas del Marqués herrian hasi ziren jardunaldiei jarraikiz, Ana Puértolas «Dirección General de Cooperación Cultural»eko zuzendari iruindarrak Salamancako Unibertsitateko Víctor García de la Concha irakasleari agindu zion poeten eta kritikarien arteko topaketak antola zitzala azken hogei urtetako Espainiako hizkuntza ezberdinen poesiaren higidura eta harreman dialektikoak elkarrekin azter eta iker zitzaten. Eta nola Asturiasen, Llanesen, Casona de Verines deitu indiano etxean irailaren 3tik 7ra katalanak, galegoak, kastillanoak, asturiarrak eta euskaldunak egiteko horri heltzeko asmotan bildu ginen. Izen zerrenda honakook osatzen zuten hain zuzen: Andrés Sánchez Robayna, Fanny Rubio, Marcos Ricardo Barnatán, Antonio Martínez Sarrión, Guillermo Carnero, José Lupiañez, Rafael Ballesteros, Antonio Colinas, Blanca Andreu, Juan Manuel Bonet, Julia Castillo eta Fernando Vallés gaztelaniaz idazten zutenen artean; Alex Broch, Alex Susanna, Josep Piera, Jaume Pont, Vicenç Altaio eta Antoni Mari katalanak; Claudio Rodríguez Fer, Arcadio López Casanova, Xavier Seoane, Manuel Vilanova Rodríguez galegoak; Xuan Xosé Sánchez Vicente, Juan Carlos Villaverde Amieva, Alvaro Ruiz de la Peña, Manuel Astur eta Roberto González-Quevedo asturiarrak; eta José Irazu (Bernardo Atxaga), Jon Juaristi, Jon Kortazar, Juan Mari Lekuona eta neroni euskaldunak.

Gogoan dut Jon Kortazarrek gerraondoko euskal poesia aurkeztu zuela metodo sinboliko, antropologiko bat erabiliz. Bere azterketa eta txostena hiru poetengan finkatu zuen batik bat: Jon Mirande, Gabriel Aresti eta Bernardo Atxagaren poemagintzetan. Haritza, harria eta hondarra. Nietzscheren ideologia bortitzaren eragina Jon Mirande olerkari panteistarengan, Elliotena Gabriel Arestiren lehen lanetan, Juan Mari Lekuonaren hitz eta gizonarekiko konpromisoa Bibliaren eta herri espresio-moduetan moldatua, inpresionismotik espresionismorantz Gandiagak darabilen bidea, Etiopia antiutopia eta ironiaren mundua legez, Joseba Sarrionandiaren metaliteratura, eta oro har, baikor den abiabide lineal batetik ezkor eta borobila den ikuspegirantz doakigun poesiaren higidura.

Eta gogoan dut, orobat, nola topaketa haien errebelazioa «Bernardo Atxaga» izan zen. Txunditurik, harri eta zur, barrez lehertzen utzi baikintuen denak. Kortse akademizistak hautsiz, Lazkao Txikiren gisara hasi zen kontu kontari grazia «naif» aparteko batez. Gauza askoren artean kontatu zigun Joseba Sarrionandiak epaileari erantzun ziona, beste epaituen oihuen artean isilik zegoela ikusirik, galdetu zionean ea ez ote zuen esan behar modu berean, egiaz epaiketa hura fartsa bat zenik ez al zuen uste: ¿Entonces, me puede contestar por qué ha venido usted vestido de monja?. Rock musikak, egungo abangoardistak, mass media delakoek bere ekintza literarioan duten garrantziaz, material horiek guztiak nola tratatzen zituen, eta nola baliatzen zen kontatu zigun ordu paregabe batean.

Nire aldetik Poética deitu ataritxo bat egin nuen eta ondoren zenbait poema irakurri. Sarrera honela bukatzen zen: Estoy seguro que mis poemas no harán más feliz a la inmensa mayoría de mi pueblo que una bella jugada de un pelotari, pero si sirven para que algún «vasco viejo» al leerlos pase un rato agradable, o algún jovencito se interese por la lectura estaría satisfecho, y sería constatar una vez más como dice Pessoa que el arte es una forma de crítica, pues hacer arte es confesar que la vida no sirve o no es suficiente. Afarian, zergatik poemak ez nituen itzulita irakurri galdetu zidan Soledad Puértolasek, eta erantzun nion esan nahi zutena aurretik adierazi nuela eta poesian musika dela garrantzitsuena, eta euskal poesiaren doinua entzunarazi nahi niela batez ere. Ez zidan erantzunik eman. Biltzar hartako emaitza Juan Cueto irakasleak zuzentzen zuen Los Cuadernos del Norte errebistan aurki daiteke, titulu honekin: El estado de las poesías (Oviedo 1986).

Literatur Gazetarako prestatu nuen antologiaren titulua Eros, Eros... (Bertso eta poemak) izan zen. Asmoa, poema batzuk biltzea besterik ez bazen ere, errebistako zuzendaritzari egoki iruditu zitzaion Separata bat egitea. Caminok (Argia, 1986-I-12) honela aurkeztu zuen:

Askoren gustoko izanen den bilduma lana egina digu Patri Urkizuk oraingoan. Euskal Herriko bertso eta kantuetan badira bat baino gehiago hala edo holako erotismoa ageri dutenak. Eta ez dira oraingoak. Jakina da ere, gure herrietako apezek salatu eta galerazi egiten zituztela kantu horiek beren platika eta sermoietan. Erromantizismoak ahozko herri-literatura jasotzea modan jarri zuenean, asko eta asko aritu ziren kantuen biltzen, eta baita apezak hauen artean ere. Ezagunak dira, errate batera, Azkuek hagitz kantu erotikoetan egindako orrazketa, garbiketa eta aldaketak. XX. mendean salatu dira gehiegikeria hauek eta baita ere kantu erotiko hauen behar bezala biltzen hasi. Patri Urkizuk, bertso, poema eta kantu gordin hauen bilduma bat egin digu. Casenave, Iñaki Zabaleta, Detxepare, Oxalde, Lauaxeta, Atxaga, Mikel Arregi, Lete, Mirande, Nemesio Etxaniz, Gabriela Lohitegi eta aspaldiko idazle edo kantari ezezagunen beste batzuk dituzue bilduman, Iparralde eta Hegoaldekoak... 

Emaitzarekin, beraz, pozik nengoen ttipia bazen ere, Imanol kantariak bertatik bertso batzuk hartu baitzituen bere disko baterako. Eta nik egindako transkripzio oker bat, gero diskora pasatu arren, Kopla bikiak ordez Kopla bitxiak jartzen baitzuen originalak, gerora konturatuko nintzen bezala, Imanolen ahots sakon, sarkor eta belusezkoan ongi geratzen zen.

Esan dudan bezala, bidaiatzea eta herrialde berriak, bestelako jendea, hiriak, elizak, monumentu zaharrak ikustea oso gogoko nuen (baita orain ere) eta horrela 1985eko uztailean Turkiara joan nintzen Margarekin. Hendaye Plage, Roissyko aireportua kontrol handi batekin, hegazkinean xanpain frantsesa eta hamabi eta erdietarako Istanbulen, ordu batzuk irabazi baikenituen eguzkiaren kontra. Topkapi, Santa Sofia, Bazar Handia, eta haren inguruan ijito dotore bat hartz kateatu gaixo batekin ikusi nuen. Tren zahar eta dotore batean Ankara hiri nagusira. Han Museo Hitita, beheerliebe miresgarriekin. Ezin da alkoholik edan, beraz, fruta-zukuz elikatzen gara hain goxoki. Kapadozia. Autobusez iritsia zen vienar emakume eder, judu batekin afaldu genuen; termo bat atera eta ohiko kafea eskaini zigun. Hain zen atsegina eta interesantea urtetan sartutako andre hura, non helbideak eman genizkion elkarri. Antalya. Kas. Kalkan. Hondartzan palaz jokatzen genuen eta gero ur hotzetan bainatzen, zeren aldameneko mendiak oso garaiak baitziren. Han bikote gazte batekin adiskide-harremana egin genuen. Mutila sefardi etorkikoa zen eta Toledoko etxeko giltza aipatu zigun; paxaro eta dexir ahoskatzen zituen oraindik, XV. mendean bezala. Elkarrekin afaldu genuen, ingelesez ere bai baitzekiten. Noizbehinka solasa trabatzen genuenean norbaitekin, Espainiako desarrollismoa miresten zuten, eta Turkia handik hogei urtera edo lehenago halaxe bilakatuko zela. Eraikuntzen boomaren esperoan zeuden. Rodas, Maltako zaldunen uhartea ere bisitatu genuen. Arrunt gustatu zitzaigun. Kusadasi ere bai. Han karabansarai deitu batean ardo zuri bat edaten ari ginelarik, turkiar bat inguratu zitzaigun eta pixka bat frantsesez hitz egindakoan, bere emazte frantsesarekin lekurik hoberentsuenera gonbidatu gintuen, eta gogoan dut nola ardo freskagarri batez gain, primerako bixigua dastatu ahal izan genuen. Oroitzapen benetan ederra Turkiakoa. Monumentu miresgarriak. Meskitak. Gaueko muezzinen otoitz-kantu zirraragarriak. Bizargileak. Hamamak. Taberna zahar batean frantsesez hitz eginez agure batzuekin ardo zuria dastatuz eta elkarri gonbidatuz, Margarita emakume bakarra zelarik. Eguzkia, zeru urdina, argia. Jende atsegina. Hala ere, militar eta xomorro gehiegixko aukeran ... 

Istanbul. Topkapi.