LEZO, JAIZKIBEL mendiaren magalean, Pasaiako bokaletik gora igotzen den itsasbazter atseginak eta bista ederrak dituen paraje batean dago kokaturik Lezoko Unibertsitatea, nire sorterria. Halaxe zioen Lope Isastikoak bere Gipuzkoako Compendio Historial... ean XVII. mende hasieran. Laurogeita bost auzokide omen zituen. Sei milatik gora ditu kontatuak bi mila eta hamabigarren urtean egindako erroldak.
Lope Isastikoa 1565. urtean jaio zen eta 1626an zendu. Aitak Salamancara bidali zuen ikastera, bere anaiarekin eta morroiekin, eta Unibertsitatean Teologian doktoratu zen. San Juan Bataiatzailea elizako benefiziadua, Nigráneko (Pontevedra) abadea, Nava de Arévaloko (Ávila) apaiza, Iruñeko apezpikutegiaren ganbara apostolikoan fiskala eta Iruñean, Madrileko gortean eta Toledoko artzapezpikutegian konfesore eta predikari nagusi ere izan zen. Anaia Onofre 1612an hil zitzaiolarik, haren tokia hartu zuen Lezoko Errege Ontzioletan eginiko ontzien material eta horniduren arduradun lanetan. Zazpi urte igaro zituen erresumako hiriburuan kontuak garbitzen eta kitatzen, eta Gipuzkoako bestelako kontuak biltzen, hala nola aipatu Compendioa, Tratadillo de los célebres arquitectos de Guipúzcoa, Relación de las Maléficas de Cantabria, hau da, sorginei buruzkoa, Apaizak hobeto delako Ternuako baleazaleen historia gogorra eta beste.
Dakigunez, Lezo jada mila berrehun eta hiruan, paper zaharretan ageri zaigu honela aipaturik latinez, Guillelmun de Laçon et socios suos, ut sint vestri vicini, alegia, Alfontso IX.a zen erregeak Lazongo Gileni eta bere kideei ematen ziela lur sail hura eta Astubiaga izeneko portua, berrogeita hamar marbetinoren (garaiko monetaren) truke bertan auzokide bizi zitezen.
Gaztelako errege Enrike III.a eta Gonzalo Moro korrejidorea, legeetan doktorea, Gipuzkoako Junta Jeneraletako presidente ziren garaiko, mila hirurehun eta laurogeita hemeretziko (1399) beste agiri batek, jada aipatzen ditu Lazongo portuko caya, kaia –gaskoiak bertan egon zirela adierazten zuen hitza–, Jazquevil, Jaizkibelgo herri-lurrak, Lezoko baseliza –gerora Basílica del Santo Cristo de Lezo ospetsua izango zena– eta ibaiondoko Gabiria eta Darieta izeneko etxeak.
Mende batzuk geroxeago, 1760ko plano batean zehaztasun handiz ageri dira Pasaia, Lezo eta Errenteria. Lezori dagokionez, honako lekuak izendatzen dira: Borda Andiako errota, Kostaburu, Eguzkiza, Goiko Eliza (San Juan Bataiatzailea), Beheko Eliza (Santo Kristo), Errota, Mendeisa, Altamira, Alzate, Txarrene eta Darieta.Errazkin izeneko batek 1809an egindako beste irudi batean ikus dezakegu Hondarribia, Pasaia eta Lezo artean izan zirela aspalditik muga-kontuen arazoak, eta bertan ematen diren izenak irakur ditzakegu: Darieta, Bordatxu, Aramuntenea (alegia, Iparraldean lurrak eta jauregiak zituen Gramont dukearena zitekeena), Gaintxurizketako bidea, Usate-gieta, Txurrutallako errota, Santa Isabel gaztelua, Borda Andiko errota, Arando... Eta nola galeoi zaharrak badia barnean bateleko arraunlariek eramaten zituzten kairaino.
Lander Zurutuzak, Lezoko liburuzainak, bertako historia hobekien ezagutzen duenak, 1993an eginiko marrazki batean ikus dezakegu mendeetan zehar hain garrantzitsuak izan ziren ontziolak non zeuden kokatuak. Lope Isastiko historialariak berak dionez, Port de la Borda deituan eraiki zen 1609an Nuestra Señora del Pilar y Santiago, mila eta berrehun tonako galeoia, Ozeanoko kapitaina, puntalak hamabi braza eta erdi, luzerak hirurogeita hamazazpi eta gilak berrogeita hamazazpi zeuzkana. Aurrez aurreko irudian aipatu izenez aparte, hemen ageri zaizkigu, gainera, beste zenbait: Palazio (Jauregi), Andreonea, Lezo andia, Martiskone, Kabite...Koloretsu eta berde ikusi zuen Lezo XIX. mendeko pintore ezezagun batek (KM, Album siglo XIX, nº 3.717). Teilatu gorrizko etxe multzoa, muino baten gainean dagoen San Juan Bataiatzailearen elizaren eta beheraxeago ezkerrean dagoen Gurutze Santuaren dorrearen inguruan. Zubitxo batek igarotzen du Oiartzundik datorren ibaia eta, hau Pasaiako badiara iristen delarik, kanposantu xume bat ageri da eskuinaldeko kantoian. Ikazkinek sortu ikatzak bultzaturiko baporez trena hor doa Donostiatik Irun aldera. Lehen planoan neska-mutil bikote gaztea ohiko jantziz. Irudi bukoliko-erromantiko-industriala.
Beti iruditu zait Darío de Regoyosek (Ribadesella, 1857 – Bartzelona, 1913), Carlos de Haes pintore belgikarraren ikasleak, naturalezaren koloreen espresatzeko antze eta trebezia berezia duela. Mutiltxoak biluzik bainatzen makalez eta lizarrez inguraturiko errekan, baratzak, itxien irudiyak irriyuan, lezoarren eran esateko, artasoroak eta alor landuak. Gure etxekoek bertatik mende erdi geroago babarrunak, tomateak, porruak, azak, tipulak, eta beste biltzen genituen.
Postal zahar bateko goiko partean, ezkerraldean, Aiako Harria, Oiartzungo mendiak eta herria ageri dira, eta eskuinean Errenteria. Beherago Lezoko herria, ezkerraldean. Aipatu kanposantuaren aurrez aurre Real Compañía Asturiana de Minas fabrika, adreiluzko bere tximinia ilun, garaiarekin eta pabiloi handiekin. Gaztelaniazko oharrean dionez, Pasaiako badia honetatik iristen omen ziren itsasoko erromesak Santo Kristora. Garai eta paraje honetan eraikitzeko zoramena, konstrukzioen sukarra ez zegoen oraindik zabalduta.
Bada fotografia zahar bat ere fabrikak egiten hasi aurretikoa. Altamira aldetik hartutakoa. Ezkerreko partean, kanposantua ur-ertzean. Jau-regialden bi etxe soilik, eta gertu baratze multzo handi bat Bikarioenea etxeraino iristen zena. Jaizkibelgo lehen torreoiaren bidean, Martiskone baserria, eta Sanjuangoan, Andreone. Badiara iristen zen Lezoko erreka, garai hartan nahikoz zabalagoa zen leku batzuetan, noski. Bazen ontzigintza gunea ere, Parayueloren baraderoa bezala ezaguna.
Kaia eta garai batean Kaputxinoen komentua zegoen lur ertzean batelikoak ageri dira, pabei sokez ongi inguratuak, goiti ta beheiti ongi joateko mareen konpasean, Renteria Malen 1926 festetako eta kolorez ongi horniturik egindako errebistaren arabera. Lurren mugimenduengatik moilak eta almazenak egiten ari direla nabari da. Hemen ezarriko zen Industrias Químicas de Navarra. Errebista bereko beste irudi batean ikusten dugu Unión Alcoholera Española (S.A.) Fábrica de Lezo-Rentería, Levaduras El Danubio iragarkia. Urteko 1.500.000 kilo legamia ekoizten zuten bertan. Eta behar-beharrezkoa zen edozein ogi mota egiteko, bai opilgintzarako, bai gozogintza mota orotarako. Propagandak hori zioen, economiza di-nero, tiempo y trabajo. Urte asko geroago ere, bertatik igarotzean, batean baino gehiagotan sudurrek sufritzen zuten legamiaren kiratsa.
Errenteriako bidean, trenaren gaineko zubia pasata eskuinera zegoen Pakers, galleta- eta karamelu-fabrika. Hemen bizi zen Miguel Ángel Quintana eskolakidea, gerora zenbait dokumental eta film interesgarri egin dituena (Gipuzkoa 2000). Zortzi urte izango genituen fabrikako areto ttiki batean marrazki bizidunak eta zinema xume bat pasatzen zigunean eskolako lagunoi. Beti estimatu izan nuen haren zinemarekiko afizioa baino zuzenago pasioa dei genezakeena.
Garai batean, Madrilen Echegaray kalean bazen taberna bat Los Gabrieles deitua, hormak azuleju koloretsuz margoztatuak zituena, eta hauek Lezo-Errenteriako fabrika eta Galletas María kaxa karratuak irudikatzen zutena. Gero modernitateak azulejuzko horma eder haiek handik kendu zituen. Non ote dira?Trenbide inguruan zegoen Pintura Fabrika, hau da, albaialde eta minio fabrika, biak Real Compañía Asturiana de Minasenak. Ez zen fabrika eta tximiniarik falta Lezo, Pasaia eta Errenterian, 1930. urte inguruko fotografiek adierazten digutenez. Eta ez zen, Pedro Barruso eta Mikel Zabaleta historialariek diotenez, langile arazorik ere falta izan II. Errepublika garaian. Hala, bi huelga gogor gertatu ziren 1932an burdingintzan eta papergintzan, bata 1933an Botoi Fabrikan, eta bestea Pakersen 1934an eta aipatu Compañia Asturiana delakoan.
Acha Aserraderos de Lezo izeneko lantegiak uretan zeuzkan Gineatik ekarritako enbor lodi-luzeak. Los troncos, deitzen genion paraje hari. Leku arriskugarria zen, batetik bestera igarotzeko mutil koxkor asko tronkoen gainetik pasatzen baikinen, eta halako batean balantzen eraginez eta azala irristakorragatik bazitekeen uretara erortzea, eta enborren azpian itotzea, igerian ongi jakin ezean. Behin etxeko katu zaharra hil behar baitzen, agindua betetzera abiatu nintzen, zaku zahar batean sartu eta uretara bota nuen, baina atzaparrekin zuloa egin baitzuen, zakutik atera eta han zebilela ur gainean ikusi nuen. Txanela hartuta eta arraun batez kolpatuz hondoratu nuen, baina korronteak tronkoetaraino eraman zuen ontzia. Han lotu eta etxeratzerakoan, enkargua eta faena eginda, anaia Joxebak joan behar izan zuen nire ahaleginaren porrota konpontzera, alegia, tronkoetatik atera eta bere amarralekura eramatera ontzitxoa. Ez zen garai haietan gaur egungo animaliekiko atxikimendurik.
Beste postal batean ikus daitezke Lezoko herri sarrera, fabrikak eta Pasaiako portua. Ezkerretik hasita, Altzate etxea; gero ijitoek okupatu, eta kanpoan bizitzen ohituak zeudenez, antza, zuradi guztiari su eman zioten eta azkenean erre eta suntsitu zen dena. Eta bidetik beste aldera Intxaustienea. Bertan bizi zen Jose Manuel Insausti Martínez, Real Com-pañía de Minasetako langilea, Manoli Ormabururekin ezkondua eta sei seme-alabaren aita. Semeetako batek inprimategi ttiki bat ezarri zuen Alai-etxe aldean. 1936ko urriaren 6an Hernanin fusilatu zuten aita. Hemen bizi zen Julen Arretxe ere, Joxan adiskidearen aita, beste afizioen artean fotografiarena zeukana, eta bertako atarian arrantzako aparejuak deskorapilatzen saiatzen ginen haur mukizu batzuk ginela. Eskuinaldeko zubia pasata hasten da San Juan kalea.
Zerutik 1960ko abuztuan ateratako argazki batean nabarmen da belardi berdez eta artasoroz beteak ziren Lezoko lurrak Industrializazioarekin fabrikez, tximiniez eta etxez bete zirela. Pasaiako badiaren ertz batean, fotografiaren beheko aldean ikus dezakegu gure herria. Oiartzun ibaiaren ezkerraldean Real Compañía Asturiana de Minas deitu lantegia eta ibaiaren eskuinaldean gure familiaren batelikoa. Gure etxea San Juan kaletik sartzerakoan bosgarrena zen. Leihoetatik gau osoan entzuten zen Asturianako mailuen hotsa eten gabe, tiriki-taukiri, soinu mekanikoa, garai urrunetan Kaputxinoen komentutik gregoriar melodiak entzungo ziren bezala. Jaizkibel ibilbidearen ezkerretara, Gure Borda sagardotegia eta frontoi itxiaren teilatua ikus daitezke.
Gustave Colin (Arras, 1828-Paris, 1910) pintore frantsesa, Euskal Herriaren berezitasunak liluratuta, denboraldi bat Ziburun gelditu zen inguruko herrietako (Urruña, Hondarribia, Lezo...) festak, zezenak, pilota partiduak eta beste pintatuz. Margolan batean, Lezoko Gurutze Santuaren plazan zezenak, toreatzaileak eta barreraren atzeko ikusleak lasai ikus daitezke. Santo Kristori bisita egin nahi ote dio?Kontrako angelutik hartutako fotografia batean ikusten da zenbait urte geroago zezena bere ukuilutik ateratzen, orain Arruti denda dagoen lekutik, alegia. Ez zen falta garai hartan jende blusadun, txapeldun eta ausartik ere, belauniko faena egiteko gai zenik. Balkoiak, noski, jendez gainezka. Maistrak behin eskolan kontatu zigunez, bazen herrian Salamancatik etorritako gizon bat, Patricio izenez, Andreoneko etxean bizi zena, toreatzaile bezala fama handia zeukana.
Plaza agertzen den beste postal batean, testuak dionez aurrez aurre dugun etxea, Casa solariega de los Lezo delakoa litzateke, hots, geroago Paskualenea deitu izan dena eta XX. mendeko lehen herenean aitona Gasparrena izatera pasatu zena. Aldamenean, COOPERATIVA DENANTZAKO zegoen kokatua. Taberna arrunt bat bazen ere orain LABORAL KUTXAren egoitza dena. Markesaneko parkea dago atzeko aldean eta hara ematen duen lehen solairuko etxebizitza nirea da. Bere pobretasunean garaiko irudi honek ere badu xarmarik. Alondegia egin gabe zegoen eta zenbait etxeri azken solairu bat eranstearena ere ez.
Lezoko Plaza 1914 inguruan erretratatzen duen argazki batean, Udaletxeko hartitzak honela dio: Plaza de la Constitución 1837. Urte mordoxka geroago, Gerra Zibila iritsi zenean, aldatu zioten izena eta Plaza del Santo Cristo ezarri, eta euskaraz handik urte batzuetara Gurutze Santuaren Plaza, eta horrela jarraitzen du gaur egun.
Elias Salaberria (Lezo, 1883 – Madrid, 1952) pintore ospetsuak badu koadro bat, Interneten ikus daitekeena La Procesión del Corpus Christi de Lezo, 1912, titulua duena. Koadro hori Arabako Bellas Artes Museoan dago, eta Madrileko Exposición Nacional de Bellas Artesen Lehen Dominaren irabazle gertatu zen, eta hurrengo urtean Municheko Erakusketan ere saritu zuten. Lehen planoan ageri dira herriko gizon eta emakumeen irudiak, adituek diotenez, con realismo fotográfico. Erretratuak egiten zituen sala handi batean egona naiz txikitan, eta aitak zioenez, oso umore bizikoa omen zen, hiru orduz mugitu gabe egonarazten baitzituen modeloak, auzoko biztanleak, eta horiek zertxobait higituz gero, haserre handiz purrustada izugarriak botatzen omen zituen. Goiko aldean, eskuinera behatuz, Lezoko eliza eta baratzak modu erromantikoan margoturik ageri dira. Aitona Joakin omen da, eskuinetik hasita beltzez jantzita ageri den hirugarrena. Amona Mariak ere hor behar du izan nonbait andre multzoaren artean. Ez nituen ezagutu ez bata eta ez bestea, hau da, aitaren gurasoak.
Aitona Joakin Maria Urkizu Mitxelena 1877an jaio, eta 1900eko ekainaren bostean ezkondu zen Maria Luisa Juliana Maritxalar Etxeberriarekin. Eta bazuen anaia bat 1886ko apirilaren batean jaioa, Patrizio izenekoa, Partido Errepublikanoko buru izan zena 1931n. Amaren partetik, aitona Ignazio Maria Gaspar Sarasua Odriozola Azpeitian jaio zen 1872ko urtarrilaren zazpian, eta amona Juana Bautista Leunda Salsamendi 1878ko ekainaren 6an Beizaman.
Urquizu deitura ageri da jadanik ahaide nagusien artean XV. mendean, eta 1525az geroztik Elorrion. Sarasua deitura 1515az geroz Durangon ageri da, Maritxalar Hondarribian 1598an eta Leunda Beizaman 1586az geroztik. Hona bada nire zortzi abizenak, Irargiri esker aurkitu ditudanak: Urkizu, Sarasua, Maritxalar, Leunda, Mitxelena, Odriozola, Etxeberria, Salsamendi. Aitor dezadan, lehenbailehen eta dena den, izenari baino garrantzi handiagoa eman diodala beti izanari, eta arrebak zioen bezala, Elorriokoak jauntxo baziren ere, gu leinu pobrekoak izango ginen, nonbait.
Elias Salaberriaren koadroetarik famatuenetakoa, La ofrenda de Elca-no da. 1922an pintatua. Bertan aita ontziko eskaileretan behetik gora zenbatuz hirugarrena da. Ile horixta, alkandora zuria hautsia eta kandela eskuan daramana. Hamaseiren bat urte izango zituen. Herriko beste aurpegi ezagunak ere ageri dira. Gipuzkoako Diputazioaren enkarguz egindako lana izan zen, Juan Sebastian Elkanoren Munduko itzuleraren IV. mendeurrena ospatzeko, eta koadro hau dela-eta, Getariako Herriak Seme Kuttun izendatu zuen Elias. Marinelen tradizioak Lezon bizirik iraun du ia duela gutxi arte.
Willy Koch [Solingen (Alemania), 1879 - Donostia, 1950] fotografoak ateratako argazki batean belauniko otoitz egiten ageri dira aita kriseiluarekin, ezkerretik hasita hirugarrena, eta lehena osaba Eusebio arraunarekin Lezoko Gurutze Santuaren aurrean. Fotografia honek Bartzelonan sariren bat irabazi zuen 1947 inguruan. Txuri-beltzezko irudiak oso gogoko zituen Kochek eta santutegiak (Lezo, Loiola...), hotelak, bainutegiak, beribil-karrerak zirela-eta bere argazkiei halako isiltasun, iluntasun eta bake berezia ematen zien.
Elias Salaberriaren beste koadro esanguratsua niretzat Examen de Doctrina, 1904. urte ingurukoa da. Koadro hau Museo San Telmon 1983ko esposizioan erakutsi zen, eta bertan ikus daiteke zein asperturik dagoen apaiza –sotana beltza eta bonete beltza, eskumuturra masailean eta ahoa zabalik–. Katekistak, aldiz, lasai samar dirudi. Zenbat aldiz ez ote gara pasa gela honetatik igandetako Dotrina garaian! Halere, gure katekistetarik bat, Kandida Salaberria benetan andereño eder, samur, ezti eta ahots atseginekoa zen.
Ezagutu nuen amona bakarra Olatzar baserrikoa izan zen. Bisitan amarekin joan nintzen batean. Etxetik atera, Plaza eta Zubitxo kalea igaro eta hantxe abiatu ginen polliki amaren jaiotetxerantz. Garai batean andreek arropa garbitzen zuten Zubitxo errekan. Aldamenean argazki zahar batean ezkerrean ikusten den etxeko behe partean zegoen kokatuta Ultramarinos Palacios. Lehen solairuan iparragirretarrak eta hirugarrenean lizarazutarrak bizi ziren. Emakume dotoreak hauek, apainak, ederrak, ilajea eta ile-mototsa ongi orraztu eta bilduak... Xi-kiro, Kamilo eta Karmina Dopazo, galego etorkikoak ere bertan bizi ziren, beheko solairuan. Denborarekin Olatzarko bidean Plazeta ondoan ipini zuten Txulotxoko labaderoa. Zenbat solas, zenbat kontu, zenbat irri eta zenbat kanta ez ote zituen entzun babesleku hark andreen aho arin, zirikatzaile eta zorrotzetatik? Oroitzen naiz harlauzek distira eta argi bereziz luzitzen zutela.
Olatzar. Aitona Gaspar Sarasua eta amona Juana Leundaren baserria. Badaukat Jabier Salaberria adiskideak, gaztetan “Huesitos” deituak, hain baitzen argala, ateratako fotografia zahar bat. Oroitzen naiz beheko solairuan, ukuiluan, behiak egoten zirela beti askatik jaten, eta zur zaharrezko eskailera batzuetatik igota sukaldera iristen ginela. Bertan beti zeuden, jada xahartuxea zen amona Juana eta haren ahizpa Maria. Hura babarrunak aletzen eta erramu hosto batekin euliak uxatzen, eta hau artilezko galtzerdiak egiten. Zintzilik zinta likatsu batzuk, euliak bertan pegatsi zitezen. Beste eskailera batzuetatik igo eta ganbarara iristen zen eta hantxe zegoen dolare zaharra eta zurezko zolan barreiaturik hainbat motatako sagarrak: aldakoak, andoainak, erbisagarrak, gabierrotak, txalakak... Beste argazki batean aitona Gaspar eta amona Juana ageri dira eta nabarmen ikusten da amona emakume aurpegi polita zuena zela, eta garai hartan ohi bezala dena beltzez jantzia dago, buruan mantelina daramala. Aitona Gasparren bekokiak garbi uzten du ez zuela inork erraz engainatuko eta, haserretuz gero, beldurgarria zitekeela. Bere abileziaren bidez Urrestillatik ia esku-hutsik atera, Loiolako jesuitetan aldi batez morroi egon eta deusetik zerbait izatera iritsi zen, alegia, Paskuale-nea, Juanenea, Salbatore, Olatzar eta zenbait lurren jabe izatera.
Paskualenea etxeari 1930. urte inguruan aitonak lebantea, teilatu jasotzea, eginarazi zion eta armarria ezarri, non neurria gaizki hartu eta hiru hagin zizelkatu ordez, bi atera zitzaizkion Pako Muki harginari. Gaur egun nire arreba Marikrutx bizi den etxearen balkoia eta armarria Lezoko plazaren edergailu dira, beti gustatu izan baitzaio lore-poteak ongi ureztatzea eta geranio gorriz estaltzea beheko eta goiko elizara, frontoira eta portura bistak dituen lekua.
Esan bezala, herrian sartzerakoan lehenik guardia zibilen etxea, kuartela zegoen, gero, ezker aldean, nire adiskide amianotarren etxea, beheko aldean Joxe alpargateroa espartin-saltzailearen dendarekin. Ondoren Bar Marichu zetorren. Jauregialde deitzen genuen denda, Bittorren almazena, Ireneren denda eta beste. Etxeondoan neska multzoa kalloketan jostatzen. Baita platanondo ilara ere, karretera ertzean. Oroitzen naiz Industriasetako aberiak gertatzen zirenean eta tximiniatik gora ke pozoitsua isurtzen eta hedatzen zenean, nola gure etxe aurreko platanoen hostoak erortzen ziren bat-batean, derrepentean iharturik, eta inguruan suertatzen zen jende guztia musuzapia aurpegian zuelarik pasatzen zen. Industrializazioaren onurak eta galerak!Fotografia zahar batean goragoxe Andreone ageri zaigu, gaur egungo Liburutegia. Lehen planoan artasoroak, meta parea, pareta batzuk erdi eroriak. Zuhaitzen atzean Pasamontes taberna. Hemen uda partean kanpoko aldean zegoen banku luzean egoten ziren eserita ur-ardoz bete porroiaren aldamenean agure zenbait. Eta gogoan dut orobat atzeko partean bazeukala igela jokoa, hots, bazirela zurezko kaxa zahar baten gainean ezarrita zegoen batrazioaren ahotik sartzeko berunezko fitxa astun, borobil batzuk, era hartan tokan aritzeko. Goian Martixkone. Eta eskuinaldean Bikarioenea. Honen sotoan luistarrak eta JOCekoak biltzen ginen, eta Allerru esku-baloiko ekipoa entrenamendua bukatutakoan dutxatzen ur hotzarekin.
Bikarioenea etxearen aurrez aurre goiko eliza, San Juan Bataiatzailearen parrokia. XVI. mendean eraikia, platanondoz inguratua. Bertan ageri den eranskina dotrina emateko lekua izan da. Eskuineko izkinan ikus daiteke harriz landutako eguzki-erlojua. Txikitatik interpretatzen erakutsi ziguten, ordu ofiziala eta eguzkiarena bereizten. Goiko partean gargola beldurgarriak, piztia bitxi izugarriak. Goiko elizaren azken konponketa eta garbiketa aurretik, zeinetan hain parte handia izan zuten Garmendia arotzak, Juan Luis Urkizu lehengusuak eta Isidro Ormazabal nire koinatuak, oroitzen naiz sarrera ondoan ageri zela zulo bat ondoan honako testua zuena idatzia: Agujero debido a las bombas de los rojos (sic). Gaur egun, noski, ezabatuta dago.
Irudi zahar hauen komentarioekin batera, eta bertan zertzelada batzuk sartu ditudan arren, hastera noakizue ni neu neure buruaz zerbait esaten. Gai labainkorra eta arriskutsua benetan. Gure aita Patrixiok, Patti bere garaiko adiskideentzat, nire urtebetetzerako Zorionak eta Ur-teaskuan egindako marrazkiarekin, hain zuzen. Alde batean haurtxo bat salabardoz uretatik jasoa arrantzale beso zaintsu batzuen bitartez ikusten da. Batelikoak Kuku du izena, eta irudi naifak arrantzale familia batean jaioa naizela adierazten dit. Papertxoaren ifrentzuan nire irudi bibotedunarekin batera, zorionak opa dizkit emaztearentzat eta semearentzat.
Oroitzen naiz txikia nintzelarik noizbait galdetu izana, non, noiz eta nola jaioa nintzen, eta amaren sabelean gertatu misterioak tabu zirenez garai hartan, edo ezkutatu egiten zirenez, sexu kontuez hitz egitea bera debekatua baitzegoen, kontu sinesgaitz hura ere kontatu zidatela. Alegia, ohiko zikoina bati, Parisetik hegan zetorrela, Jaizkibeldik pasatzerakoan mokoan zeraman saskia erori zitzaiola eta Errotetan, Pasai Donibane eta Lezo arteko lohitegian, hau da, Iberduero zentral termikoa eraikita egon den lekuan, erori nintzela eta ohi bezala arrantzara joandako nire aitak erreskatatu, eta etxera ekarri ezohiko arrantza, San Juan kaleko etxebizitza xume hartara.
Daukadan nire fotografia zaharrenean dena txuriz jantzita ageri naiz. Galtzak eta niki halamoduzkoa txuri, zapata eta galtzerdiak ere txuri. Lau urte ote? Ez dakit. Hor nonbait. Nabarmen da Kontxako hondartzan aterea dela eta protagonistak: Marikrutx nire arreba, eta Iñaxio Saizar bere arreba Karmenekin garela. Antza denez, Iñaxio baino lotsatiagoa nintzen, bera galtzontzilotan ageri baita. Iñaxio ni baino urte bat gazteagoa zen, baina beti ni baino ausartago edo jenioz biziagoa izan da bizitzan, Allerruko eskubaloiko jokalariek eta ikusleek jakingo edo oroituko dutenez. Bestalde, Kontxa izan da urteetan nire itsas bazter maitatuenetarikoa, oraindik egun ere bainatzera bertara jotzen baitut. Gabarroiraino joan, igeri eginez nire estilo autodidaktikoan, hots, crawlez eta sorbaldaz, kortxoen aldamenean luze batzuk egin eta dutxa hotzean gorputzari bizi eta tentsio berria emateko aukera paregabea ematen didanez.
San Juan kaleko 14. zenbakian bizi ginen, beheko partean. Lehen solairuan Agustin Unzain eta bere familia bizi zen, eta bigarrenean Tito Labordetarena. Unzaindarrak eta urkizutarrak euskaldunak eta euskaltzaleak ginen, baina labordetatarrek gaztelaniaz hitz egiten zuten eta eguerdiko ordu bietan albisteak entzuteko Radio Nacionalaren doinua igotzen zutenean, aitak ernegaturik leihoak itxiarazten zituen. Tito guardia zibil baten semea zen eta Lola Bergara, emakume ederra, bere emaztea, Lodosakoa. Gerora denek, Lolak izan ezik, euskaraz ongi ikasi zuten eta kartzela ere sufritu zuten Juan Mari eta Jorge semeek. Indus-trias Navarras edo azido sulfurikoa ekoizten zuen fabrikarena zen etxea. Hemen, beraz, jaio nintzen, munduratu edo sortu ninduten. Bosgarrena nintzen. Alegia, hiru anaia eta arreba bat izan ditut, eta ni azken kondarra naiz. Nire aurrekoa, anaia Joxeba 1936an jaioa zen, hots, gerraurrekoa, eta ni gerraondokoa. Medikua Don Roman Unanue izan zen. Hau, noski, herri guztiarena zen eta makina bat angula, txipiroi eta lupia oparitu izan dio gure familiak esker gisara.
Esan bezala, gure etxean euskaraz hitz egiten zen. Aita kaletarra, abertzalea eta erbesteratua izana baitzen eta ama Olatzar baserrian jaioa. Beraz, nik nire oroitzapenen ganbaran gorde-gordeketan dabilzkidan eta aurkitzen ditudan lehen hitzak hauexek lirateke: ama, aita, ttittia, oso zalea bainintzen eta nire amarenak auzoko ederrenetarikoak omen, papo, gauza bat bukatu zela adierazteko. Txista injekzioren bat sartu edo hartu beharrean aurkitzen nintzenean. Kikak, hortz berriak ateratzen zihoazkidanean; pitittoa eta pittilina, pixontzian edo egin beharrekoak bere lekuan egitera behartzen nindutenean; ttakalo, esertzerakoan esaten zen hitz lagungarria; txitxia, haragia edo arraina adierazteko. Hain zen zabaldua hitz hau, ze auzoko mutil biyurri bat azkenean izen horrekin geratu baitzen, gosetia izaki nonbait eta beti txitxia nahi. Urteekin bizikleta- eta moto-konponketan, lantxoak egiten aditua bilakatuko zen. Ni, aldiz, oroitzen naiz aitak, arotza baitzen eta oso antzetsua, prestatutako zurezko ttaka-ttaka bat egin zidala, non ikasiko nuen polliki-polliki lehenik, arrastaka gero, zutik ibiltzen, eta ixkinekin kanketakoak hartzen, burua kazkagortzen.
Udako arratsaldeetan freskura hartzera ateratzen ginen espaloira aita, ama eta neu. Aita batzuetan berak eginiko aulkian esertzen zen, edota aulkiari buelta emanda zerbait leitzen. Amak lihozko lanen bat izaten zuen esku artean. Batzuetan Errenteriatik zetozen ezagunak ariyo agurtu eta berriketa ttiki bat izaten zuten elkarren artean. Gauetan maiz, bakailao-deskargan ibili eta gero, Pysbeko deskargatik Jauregialderantz, Ignazio Irazu enkargatuak prestatuta zeukan soldata-sobrea jasotzera etortzen ziren langileak. Tabernaren bat zelakoan –atea irekita egoten baitzen–, sartu ohi ziren, ia beti aita arrantzara joandakoan marea eta erreleboa aprobetxatuz baliatzen zenez.
Laster hasi nintzen irakurtzen. Azalean mutiko ongi orraztu, alkandora mahuka-luze zuria, gorbata eta txaleko gorrixta irudikatzen zuen Nuevo Catón liburuan. Gaztelaniaz irakurtzen, noski. Amak bidaltzen ninduen etxe ondoko porteriara eta hantxe Gure Bordako Kokilirekin ikasi nuen silabak behar bezala ahoskatzen, mi mama me ama, gato, gue-rra, giro eta horrelakoak. Porterian Kokili herrena, Bixente mantxua eta Manolo konkoxua egoten ziren zaindari, eta benetan harritzen ninduen Bixentek nola ezkerreko eskuaz idazten zuen eta zein zenbaki ederrak marrazten. Han egoten zen etzanda Boby ere, rusoaren emaztearen zakur beltza. Ruso hau ingeniaria zen eta Fabrikako arduraduna, eta benetako drama sortu zen kamioi batek harrapatu eta akabatu zuenean Boby.
Gogoan dut, oso ttikia nintzela, amak xakotea nola prestatzen zidan aitarentzat. Hamarretakoa, goizeko seietan hasia izaten baitzen lanean. Porteriatik pasa, gero fabrika barrenean sartu, burdinazko eskailera batetik saskitxoa besoan jaitsi, su eta gar ari ziren galdara handi batzuen ingurutik igaro, eta hamaika hodiz inguratua zen bidexka batetik iristen nintzela aitaren gelara. Hantxe egoten zen makina neurgailuen datuak orduero orri garbi eta zigiludun batzuetara pasatzen. Batzuetan koartilloko botila ardoa eta estankoan erositako kuarteroi paketea eramaten nizkion. Fabrikako atean, barnealdean zituen gordeta arrantzarako arraun luzeak eta zalabardoa, eta hantxe zegoen kanpoko aldean osaba Xantus pirita-bagoiak aldapa batean garraiatzen, gero piramide gorri-beltz-urdinkara batzuetan iraultzeko. Esklaboen lana zirudien.
Gure etxea pasa eta herriko plazarako bidean zegoen Fabrikako ingeniariaren etxea. El ruso deitzen genuenak bertan zeukan egoitza, bederen. Ofizinak behean zeuden eta lau solairu zituen. Gure etxean bezala, denak Fabrikako langileak ziren bertan bizi zirenak, baina ez nolanahikoak. Ingeniaria, diru-kaxaz arduratzen zen kajeroa (Don Miguel Gortari), eta beste. Errepublika garaian, hemen lehen solairuan zegoen Centro Republicanoa. Saloia, hitzaldi-aretoa, eszenatokia eta taberna ere ba omen zuen. La Voz de Guipúzcoa (1934-I-7) kazeta errepublikanoak dakar Unión Republicanako junta zeintzuek osatzen zuten: Presidente: Ciriaco Urquizu; Vicepresidente: Vicente Ayerdi; Secretario: Fernando Nieto; Vicesecretario: Sebastián Sein; Tesorero: Cayetano Labordeta; Vo-cales: Pablo Areitio, Anastasio Fernandez, Juan José Gaztelumendi eta Ignacio Sistiaga. Todos ellos viejos republicanos. Hemendik ote datorkit errepublikazaletasuna, edo sekulan ezagutu ez dudalako? Nik ezagutu nuenean, beheko solairuan ofizinak zeuden. Bertan Gortari jauna, ka-jeroa, astero langileen soldata-sobreak prestatzen egoten zen, batuketa baten ondoren, 164,75 pesetas agertzen zen, adibidez, dirua paperean eta sosak txanponetan prestatzen eta nik, kontatzen trebatu nintzenean, batzuetan lagundu ere izan nion. Lehen solairuan ingeniaria bizi zen, rusoa. Bigarrenean aipatu Gortari jauna, Ana bere emazte argal eta luzearekin eta Ana eta Jose Antonio seme-alabekin, eta Paki neskamearekin. Pakita hau zen garai hartako herriko neskameen artean berritsuena, alaiena eta lotsagabeenetakoa.
Bost urte bete nituenean hasi nintzen eskolan. Berasarteneko eskolan, hots, Arantxa Berasarte maistrarekin ikasi nituen lehen urteak (19511956). Eskola partikular batean, beraz, aita ez baitzen eskola publikoetan ematen zuten erdal heziketaren zale, eta jada etxean arrantza zela-eta bazen diru pixka bat nire heziketa ordaintzeko adina. Eskola sarreran, Jaizkibela txango egin genuen egun batean ateratako fotografia batean ikus dezaket ikasle multzoa, non goian, ezkerretik hasi eta hirugarrena naizen ni, tiranteak eta guzti; eta behean daudenak: Rejino Salaberria, Dabid Gomara, Iñaxio Sarasua, Luisito Lizarazu..., Joxan Arretxe baloiarekin... Argazkian ez dira ageri neskak (Ana Gortari, Itziar Unanue, Beatriz González...). Hasieran Enciclopedia Bruño delakotik ikasten genituen gai guztiak. Batxilergoa hasitakoan, gai bakoitzarentzat liburu bana. Hura bai diru xahuketa.
Oroitzen naiz Dabid eta ni ginela maistraren kuttunenak eta biok egin genuela batxilergoko sarrera eta lehen kurtsoa Donostiara libre gisara joanez. Eta egun Posta dagoen lekuan zegoela batxilergoa ikasteko egoitza. Errege bezpera batean ikasle ona izateagatik maistrak berarekin Donostiara eraman ninduen kabalkada ikustera, eta gogoan dut rosco de reyes delakoa jan genuela Izagirre futbol jokalariaren, atezain ospetsua izan zenaren etxean, eta nola iruditxo bat suertatu zitzaidan ere oroitzen naiz.
Eskolako lagun artetik gehien miresten nuena Luisito zen, txoriak harrapatzeko zeukan abilidadeagatik. Haren trebezia eta artea! Begia non jarri hantxe zihoan tiragomaz harrittoa eta, zapla, txoria lurrera. Bestetan, hor kilkerren bat aurkitu baietz, eta landare bat jaso eta hantxe ageri zen kantari kilker beltza. Eskolan belauniko eta zigortuta eskuak zabalik gehienetan ikusi nuena Rejino izan zen. Noizbehinka epilepsia erasoaldiak ere sufritzen zituen, eta hantxe gelditzen ginen denak beldurturik, haren indarra ikaragarria baitzen eta jenio zakarra baitzeukan. Goiko solairuan bizi zen maistra Arantxaren familia eta orduan bere ahizpa Nati jaisten zen egoera konpontzera.
Aldapa behera bagindoazen behin korrika bizian, denak zutik Espainiako Geografia errepasatu ondoren kantari arratsaldeko seietan: España limita al norte con el Mar Cantábrico... eta hasta mañana si Dios quiere esanda, estrata bidean nor baino nor azkarrago iritsi karreterara eta halako batean ukondokadaren bat eman norbaiti edo bultzadatxoren bat aldamenekoari eta hantxe zilipurdika erori, belauna urratu, odoleztatu eta negarrez hasi. Has sido tú, mañana le digo a la maestra, hasperenka egiten zuen bitartean. Horren beldurrak errietarenak baino gehiago negarrarazi zidan, hurrengo goizean Marikrutxek beti bezain apain jantzi ninduenean, eta gogoan dut nola ez nuen eskolara joan nahi beldurrez. Aldi bakarra izan zen hau; anaia Josebak ia arrastaka eraman ninduen. Esplikatu zionean Arantxa maistrari berandu zergatik ginen, hark bere beso amultsua lepotik pasa eta goxo-goxo hitz egin zidan, gertatutakoa ahazteko esanez.
Toneleria bat ere bazen herriko sarreraren eskuinaldean, non upel handiak egiten zituzten. Eta Altamira azpian trenaren tunela. Berasarteneko eskolatik ateratzen ginenean, par le chemin des écoliers, hots, etxeratzeko batere inolako presarik gabe, tunelean sartu eta bertako putzuetan ageri ziren zapaburuak harrapatzen saiatzen ginen. Tunel honetatik igandeetan Bezperetatik ihes egin eta pasatzen ginen, eta trenbidez joaten Lartzabaleraino futbol partiduak ikustera, Errenteriako Touringek Irungo Real Uniónen kontra jokatzen zuenean, esate baterako. Halaber, inguru horretan gaur ere ikusten diren almazenen ondoan futbol zelaitxo zuloz bete batean makina bat partidu jokatuak gara. Txillidak tonelerian eginarazi zituen bere burdinazko hainbat eta hainbat artelan, gero eskultura ospetsu eta balio handiko bilakatuak. Ramón Zapirain –Matón boxeolari afizionatu eta korrikalari ona zena deitzen genion anaiak–, eta Imanol Olaizolak, biak plomero on, iaio eta antzetsuak eta bertako langileak zirenek esan izan didate, eskultura horiek ez dira Txillidarenak nireak, gureak baizik.Eskolan hasi bezala, igandero ordu bietan, bazkaldu ondoren joaten nintzen Dotrina ikastera eta Bezperetara. Don Ramon Azkonobieta suertatzen zitzaigunean, hasten ginen aitaren egin ondoren Sinaiko mendian eman zitzaigun legea... kantari. Don Ignazio Esnal genuenean, aldiz, zertxobait animatuxeagoak izaten ziren kantak, eta horrelaxe ikasi genituen Mezako kantez aparte, Ijituak badakite triku-traku egiten, tri-ku-traku egiten eta oilaskoak lapurtzen eta Azkueren kantutegiko beste batzuk. Ondoren, dotrina ikasten hasten ginen, adinaren arabera, seinalatua geneukan katekistarekin. Niri Korta izeneko andereño adinduna suertatu zitzaidan lehenbizi eta geroago Kandida gazteagoa.
Leopoldo Eijo y Garay jauna Gasteizko gotzaina zelarik argitaratu dotrinan, Kristau ikasbide (osoa) zeritzanean ikasi genituen galdeak eta erantzunak behar bezala taxutzen: Galdera: Kristaua al zera?; Erantzuna: Bai jauna, kristaua naiz, Jaungoikoari eskerrak. G. Kristau izatea zer da? E. Jesukristoren erakutsiak sinistu ta bere mirabetzarako beartua egotea da kristau izatea... Egia esan, honekin hasi zitzaigun gure euskara polliki aberasten, ikasten genuelarik mirabetza, alguztiduna, hoben astuna eta horrelakoek zer arraio nahi zuten esan.
Antza denez, ez nuen memoria txarra, eta Errenteriako parrokian Don Roberto Agirre bikarioaren aurrean proba bat gaindituta, Donostiara on Jaime Font y Andreu gotzain katalanak antolatzen zituen dotrina nork hobeto ikasi norlehenka haietan ere parte hartu nuen. Gogoan dut nola azterketa pasatu eta denok joan ginen, ni lehen aldiz, Victoria Eugenia antzokira.
Badut fotografia zahar bat komunio nagusia egin nuenekoa (1956III-19), baina ez zait gelditu zazpi urterekin komunio txikia egin nuenekorik, baina oroitzen naiz marinel jantziz ibili nintzela. Arbitroek erabiltzen ohi zuten txilibitua ere baneukala, eta maiz aritu nintzela nolako hotsa ateratzen zuen probak egiten.
Goiko Elizako aldarean, Aste Santuan, Elias Salaberriak pintatu Monumentua ipintzen zen, santu guztiak estaltzen zituen. Bertako eskaileretan ibiltzen ginen goiti eta beheiti apostolu bezala janzten gintuztenean ofizioetan. Teatroa elizaren barruan egin ohi zen betidanik, azken afaria, oinen garbitzea, Judasen saltzea, ... alegia, sinboloen irudikatzea. Garai hartako entretenimendurik handiena zen mutikoen artean ikustea nork zuen karrakarik handiena, eta nork egiten zuen ilunpeetako edo Tiniebletako Ofizioetan zaratarik eta hotsik bortitzena, finena, ozenena. Baziren arotzek txapa finez prestatutako karrakak edo haiek jotzen benetako trebezia handia zutenak, haietatik soinu hunkigarria edo gustagarria sortzen. Koruak bitartean De lamentatione Jeremiae prophetae, hots, Jeremias profetaren negar-kantak errezitatzen zituen.
Teatro laikoa ere antzezten zen dotrinan. Korupeko aretoan, pertsianak jaitsi eta elizaren beste partetik bereizita. Hantxe, bankuetan eserita, gu behean eta aktoreak goian ikusten genituelarik. Hamar urte genituenean anaia Joxebak eta beste antzezle batzuek Jon Etxaideren Markesaren alaba jokatu zuten, eta neuk ere, hamaseiren bat urte nituela, Charles Chaplinen imitazioren bat egin nuen eta testu-oroitarazle lanetan aritu nintzen. Halaber, 1973 inguruan zinema-kluba zuzentzen nuen Helena emazteak emandako testuez baliatuz. Haur denboran aitak ez zigun uzten herriko plazan egiten ziren komedietara joaten, erdaldunak joaten baitziren batez ere, hara elizako aulkiak eramanik, bertan esertzeko. Komediarik ederrenak, aitak esaten zigunez, las de las sábanas blancas, omen, esan nahiz bezala, ametsetan maindire zurien artean egiten zirenak zirela.
Ohetik aparte, sukaldean egiten genuen garai hartan gure bizitzaren parterik handiena. Etxean sartu eta eskuin-ezker baziren bi gela. Pasilloan lehenik zurezko eseraulki zabal bat, aitak egina, gizonezko buru baten taila ederrarekin. Eserleku gainean almoada bat kolore bizitan amak harilkatua, eta batzuetan aipatu angorako katu pollita, magalean edukitzen nuena lasai asko zorriak bilatzen nizkion bitartean eta batzuetan kentzen. Ezkerrean euritako-ontzia ispilu batekin eta aitona-amonen bi taila bikainekin eta burdinazko apaingarriekin. Eskuinean marginoa, barnean zenbait karpeta eta gauza nahasirik zeuzkana, hau ere irudi ederrez tailatua. Ezkaratzean sartzen ginelarik, bazen aurrez aurre ikatzez eta egurrez elikatzen zen sukalde beltz bat, eta saihets batean armairu zuri eta gora bat. Haren eskuinean freskera, eta ezkerrean harraska. Eltze handi bat bete ur irakiten ezartzen zen sutegian, eta ura beroa zegoenean harekin garbitzen ninduten larunbatetan. Iganderako apain, prest egotearren, arreba Marikrutxek, fabrikatik etorritakoan, aitaren eta anaien alkandora zuri almidonatuak plantxatzen zituen bitartean mahai gainean. Bazen esertoki ttiki bat eta hantxe ikusten dut nire burua eserita oinak lurrera iristen zitzaizkidalarik. Arantzazuko egutegia horman eta haren ondoan irratia. Gutxitan pizten zen hau, eta gehienetan edo Maria Dolores Agirreren ahotsa edo Basarriren bertsoak entzuten ziren. Baziren, beti ohi bezala iragarkiak eta kantak ere gerora memorian sartuta geldituko zitzaizkigunak: Ya viene el negro zumbón... , Cuatro caminos hay en mi vida..., El criminal nunca gana..., eta horrelakoak. Oroitzen naiz nola behin amari galdetu nion, izkinaren batean urraturen bat egin eta odola zeridala ikusterakoan, ama hilko al naiz, samurki erantzun zidalarik, barre-murrian, ez, seme, ez, honengatik ez.Gurasoek zilar-ezteiak bete zituztenean jai handia ospatu genuen etxean. Lezoko Gurutze Santuaren basilikaren atarian gaude fotografia batean mezaren ondoren. Ezkerretik eskuinera: Joxeba anaia, izeba Maria, Olatzarko amonaren ahizpa Maria, lehengusua, ama, anaia Iñaki, aita, fraide karmeldar bat, ni, Marikrutx, Joakin anaia eta Isidro Ormazabal koinatua. Oroitzen naiz nola izeba Maria deitzen genuena, amona Juanaren ahizpa, Olatzarko baserrian bizi zen eta noizbehinka jaisten zen herrira eta eskuz egindako artilezko galtzerdiak oparitzen zizkigun. Artile latz eta beroa.
Maiz pasatu genuen atari hura haurtzaroan, bai aitak eta bai neuk, monagilloak izan baikinen biok; eta emakumeek, zer esanik ez, zarreran, eskuinaldean ikusten den pontetik ur bedeinkatuarekin aitaren egin ondoren. Urteekin nabarmentzen zait nola hiru emakumeek larru beltz eta orri-ertz urreztatuak dituzten misalak daramatzaten eskuan. Eta aitak eta Joxebak txapela buruan.
Gogoratzen naiz, monagillotarako hautatu nindutenean, nola astegunetan maiz seietarako jaikiarazten ninduen amak. Jantzi eta korrika Gurutze Santuaren basilikara joaten nintzen. Seiak eta hogei izango ziren txintxarria jotzen nuenean, Atanasio Broste sakristauak nola jo behar zen erakutsi eta gero. Eta Bitoriako Eliz Barrutirako Kristau-Ikas-bidea Gipuzkoako euskeraz (osoa) liburuttoak, euskaraz etxean zegoen liburu bakarrenetakoak bukaera aldean zekarren Meza Laguntzeko Era ikasi behar izan nuela buruz: Sac. In nómine patris et Filii et Spiritus sancti. Amen. Introibo ad altare Dei. Min. Ad Deum qui laetificat iuventutem meam... Eta azken ebanjelioa bukatzean Deo gratias, esan eta ateratzen ginela elizatik sakristiarako bidean ziztu bizian. Apaizari lehenik alba, gero zingulua, estola eta kasulla, eta bestelakoak eranzten lagundu, eta ahalik azkarren kentzen genuela gure erroketea eta, kanpanilla bere lekuan utzirik, ospa egiten genuela korrika... Zenbat aldiz ez ote dudan begiratu monagillo nintzenean eta Meza laguntzen nengoela Gurutzea eta Kristo beltza, denborarekin ohartuko ginelarik beltza kandelen keak eraginda zegoela, Ama Birjina eta batik bat Maria Magdalena bekataria. Mosaiko koloretsu hark oso erakartzen ninduen, kanpandorrean zeuden usoen urrumarekin beldurrak hartuta. Irudi haren guztiz ezberdina, askorentzat ezezagun eta harrigarri gelditu da Kristo gotiko bizantziarrari kearen beltza, gona luzea eta peluka, eta mosaikoa irudiekin kendu diotenean.
Behin osaba Leon Albizuri, izeba Maiñaxirekin ezkondua zegoena −askotan kontatu izan didate pasadizo hau−, etxeratu zelarik, tabernaria eta errenta-jabea baitzen, poltsikotik diru-paper mordoxka atera eta erakutsi egin zidan galdetuz nahi ote nituen. Nik berehala eskua luzatu omen nuen, baina detaileak oso haserretu zuen gure aita, honela erantzun baitzion osaba Leoni:−Gordeitzak hire diru guzti horiek hire patrikan. Nahiago diat eta nire seme guztiok nire inguruan, hire diru guztiak baino.
Osaba Leon harroputz, berritsu eta seme-alabarik gabe zena, isil-isilik gelditu zen, eta handik momentu batzuetara erantzun zion apal-apal:−Ez zaik arrazoirik falta, ez.
Iñaki anaiak 1954. urtean Pasaiako badian andeja −gure etxean hala ahoskatu izan da beti, hots, gaztelaniazko jotarekin−, andexa handi bat arrantzatu zuen. Metro eta hirurogei zentimetro bai luze eta hogeita hamasei kilo pisukoa. Makina bat indar eta tirabira behar izan zituen batelaren barrenera altxatzeko arrain handi hura, errenditzeko, alajaina. Badakit La Voz de España egunkarian fotografia ere agertu zela Julen Arretxek aterata. Eta oroitzen naiz eskolatik seietan irten eta etxeratzerakoan hemen aurkitu nuela denon poza. Tamalez, anaia Iñaki hogeita bederatzi urte zituenean Jaizkibelgo kostan itsasoak eraman zuen, lehorrean emaztea eta lau seme-alaba utzirik.
Etxean, aitaren afizioari jarraiki, oso izan gara arraunzaleak. Fotografia zaharren artean bada bat bere gazte garaiko Lezoko arraunlariena: Patti Urkizu (aita), Rafael Odriozola, Manuel Arrieta, Joxe Joakin Urkizu (osaba), XX, Antonio Saizar, Euxebio Urkizu (osaba), XX, Inaxio Larrea, Patxiku Salaberria, Manuel Saizar, Julian Garmendia, Joxe Luis Urretabizkaia, eta Joxe Manuel Salaberria. Gazte sasoitsuz osatu taldea. Beste batean, Lezoko traineruan (ez dut lortu irakurtzea izena), arraunean egin zuten aitak, osaba Eusebio eta osaba Joxakinek (Torrejilgo Joakin, Iñaki eta beste arraunlari bikainen aita). Garai hartan Jon Garbizu “Zubigar” olerkariaren arabera −1930ean hil zen trenak harrapatuta, portura lanera zihoala−, baziren bi traineru (gaur egun alerik ez), gazteek eta zaharrek eratuak. Lehenbizikoek Isidoro Irastorza zeukaten patroi eta besteek Joxe Migel Salaberri. Gazteenak San Pedrotarra zuen izena eta, zaharrenak Muskerra (askoz hobea zen bestea baino).
Paper zaharren artean agertu zait Comandancia de Marina de Gui-puzcoaren agiri bat ere, 1950eko azaroaren 25ean Pasaian sinatua, non adierazten den Jaizkibel izeneko ontzia erosi zuela aitak 2.800 pezeta ordainduz. Luzeraz 5,88 metro, zabaleraz 1,33 eta puntalaz 0,52 zituena, eta hamar pertsona eramateko baimendua. Oroit naiz orobat nola Donostiako iraileko estropada batzuk zirela-eta Lezoko kaitik aterata, Pasaiako bokala igaro, Ulia ababorrean denbora luzez eduki, Zurriola puntatik pasa eta Santa Klara islatik ez oso urrun zegoen kanpoko ziabogaraino, arraunean eraman ninduten nire anaiek eta aitak, bidean arrantza pixka bat, arraingorri, txitxarro eta txipiroi batzuk ere harrapatu genituelarik. Azken traineruak ziaboga hartu zuenetik eta branka Kontxa aldera zuzendu, gu ere hasi ginen ekialderantz arraunean lasai etxerantz itzultzen.
Beste fotografia zaharren artean badira bi Trintxerpeko Ama Birjina Karmengo festak zirela-eta batel-estropada Jaizkibelek irabazi zuenekoa. 1956a izango zen seguru asko, eta bertan arraunean ari direnak honakoak: Juan Luis Urkizu, lehengusua, osaba Eusebioren semea, egunero arraunean bere aitarekin Lezotik Ondartxoko ontziolara joaten zena; Joakin Urkizu nire anaia zaharrena, Joxeba Urkizu, nire hurrengo anaia, ni baino hamar urtez helduagoa, eta brankan Torrejilgo lehengusua, Iñaki Urkizu. Ez zen sasoirik eskas, ez, batel hartan.
Gogoan dut, baita ere, festetako karrozetan behin atera nintzela txikitan batel baten gainean, arraunlari piurak egiten, intentziyo guztia ipintzen nuelarik keinuan, hau da, arrauna hartzeko moduan. Hain zen handia arraunerako afizioa herrian eta batez ere gure etxean.
Nire haur denboretan Manuel Arrillaga, aitaren adiskidea, eta San Pedroko traineru ospetsukoaren semea zen Lezoko traineruaren patroia, Tenemos un patrón que se llama Arrillaga, rumbala rumbala rum, kantatzen genuen eta txalotzen. Fotografia zahar batean ageri zaigu, aipatu dugun Tito Labordeta ere, eskuan lore sorta duela; aitaren lankidea zen; garai batean UGTkoa-edo zen, eta aitari elizkoiegia izatea aurkitzen zion akats bakarra. Garai batean osaba Leonena izan zen Bar Urreta-vizcaya tabernaren atarian, eta ¡Aupa los despreciados! kartelpean. Antza denez, ez zuen arrakastarik ukan Elias Salaberriak eta beste zenbaitek gogo bizi handiz sustengatzen zuten traineruak. Donostiako estropada batzuetan eliminatu egin baitzituzten Hondarribiko hiru arraunlari bikain lagungarri zeramatzatelako.
Beste bi kirol baziren arrakasta handikoak gure herrian: futbola eta txirrindularitza. Bietan zen iaioa anaia Joxeba. Futbolean Aldeguna ekipoan jokatzen zuen eskuinaldeko defentsa bezala; Gotzon Urretabizkaia erdian defentsa bezala, Suspe atezain, Kordero, Rikardo Salaberria, Joxetxiki eta beste; Bar Marichu tabernan biltzen ziren larunbat askotan afaltzera. Hemen ikusi nituen lehen aldiz Frantziako Tourra, Bahamontes eta Loroño. Garaian ez ziren ttipiak eta laburrak eztabaidak, ea zein ote zen hoberena erabakitzeko, Toledokoa ala Larrabetzukoa. Han entzun nituen lehen solas gordinak ere uda batez, neskatxa gazteak igarotzean, bertara joaten ziren guardia zibil gazteen ahotik.
Beste fotografia batean Joxeba ageri da bizikleta batean Luistarren Festetako ziklo-kros karreran irabazle. Aldamenean bere laguntzailea, Gurutz. Pitula, gero bere kamioiarekin herriko kale garbitzailea izango zena ere agertzen da argazkian jendartean. Oroitzen naiz arindarren etxearen atzean zegoen bidexkatik pasatu behar zutela eta nola Itsuko ziklista lagunek enbor batzuk jartzen saiatu ziren, bidexka oztopatzeko eta denbora galarazteko. Halere, ongixko ezagutzen zituen baserritarren kooperatibaren atzealdekoak Joshebak −halaxe idazten zuen garai hartan bere izena−, eta kopa bereganatu zuen.
Nire notak eskolan oso onak zirela eta neska bizikleta bat oparitu zidan Joxebak. Harekin ikasi nuen nik bizikletan ibiltzen, zenbait erorikoren ondoren, eta gauza bera bizilagun eta auzoko neska askok ere: Migelitok, Begoñita eta Antoñita Unzainek, Maripili Saizarrek, Joana Mari Salaberriak... Gero festetako zinta-karreretan ateratzeko balioko zigun abilidadea... Bukatuak ziren txingoka, tortoloxetan, sokan saltoka, kromo trukaketan, espaloian eta karreteran futbolean jolasten aritzeko egunak... Arantxa Berasarteren Lezoko eskolan, partikularzki esan bezala, prestatu nintzen batxilergoko sarrera, ingresoa eta lehen urtea egiteko, eta bertan jarraitzerik izan ez nuenez, nahikoa lan bai baitzuen Arantxak beste haurrekin gure mailako gai guztiak prestatzen hasteko, Donostiara joan behar eta han hasi nuen bigarren urtea.
Oroitzapen lanbrotsuen artean daukat nola gure maistrarekin Dabid Gomarak eta biok egin genuen egungo Postetxean azterketa. Tren geltokitik atera, zubi handi batetik igaro. Hura dotoretasuna. Ni harri eta zur nintzen, begiak zabal-zabalik. Urumea ibaian gabarra bat ari zen hondarra biltzen, eta pertika handi batzuez mugitzen zen. Gerora jakin nuen, Bittor Gartziategikoak kontaturik, bertan lan egiten zuela Florentino Goikoetxeak hondarra biltzen hondoan gehiegi pila ez zedin. Lana bukatutakoan, Gartziategi sagardotegian freskatzen zuen eztarria gero bizikletaz baserrira itzuli aurretik.
Beste fotografia zahar batean Florentino Goikoetxea “Altzueta” Comète sareko mugalaria, Donibane Lohizuneko portuan alemanen okupazio garaian zurezko saskitxo batekin ageri zait, baina zer ote darama barrenean? Comète sareaz filmak eta dokumentalak egin izan diren arren, inon ez da aipatu izan Lezoko kontaktua. Alegia, kostaldeko bidea. Nola lo egiten zuen gure etxean, aitaren adiskidea izaki, elkarrekin egon zirenez gerra zibilaren hasieran Donibane Lohizunen. Eta Joxeba anaiak eta Marikrutx arrebak enkarguak egiten baitzizkioten, bai Hernanira bai Jaizkibel kostako zenbait baserritara mezuak eramanez, gero gau ibilaldi ezkutuak bideratu ahal zitzan.
Zurriola aldean Gros auzoan bada Mariaren Bihotza Ikastola, orain, garai hartan Colegio Corazón de María deitzen zena. Hemen izan ziren, bada, nire lehen urrats libreak, nire pauso txikiak Gipuzkoako hiriburuan. Leihoetatik ikusten zen nola olatuak harkaitzetan hausten ziren zurrunbiloka itsaso zakarra haserre zebilenean. Oraindik ez zen hondartza zabalik han, marea beherean hondartza txikitxo bat baizik.
Aita Agirre euskaltzalea izan zen, nire aitaren adiskide ona, San Antonio ospitalera eraman nindutenez gero, eskaileratan erori eta konorterik gabe gelditutako batean, eta oroitzen naiz nola Aita nagusiaren urtebetetze batean euskaraz errezitatu nuen kolegioko aretoan ikasarazi zidaten hura: Zorionak, bihotz-bihotzez, Zorionak eskaintzen dizkizut, aita maitekor hori, ikasle guzien izenez. Aita Sierrak koru txiki bat zuzentzen zuen, eta bazen talde bat txotxongiloekin dibertitzen zena ere. Gela ilun batean ikusi nituen lehen aldiz eta benetan txundituta, liluraturik utzi ninduten panpina haien ahotsak eta funtzionamenduak.
Uda partean nire anaiek eta aitak txipiroiak eta lupiak arrantzatzen zituztenean, nire saskia arrainez betea hartu, trolebuserako sos batzuk jaso eta bakar-bakarrik hantxe nintzen Donostiarantz abiatua. Gros auzoan Ondarra izeneko arrandegira gehienetan eta Parte Zaharrean Bretxara ere bai, noizean behin. Hemen galdetzen zidaten, Hola guapito, ¿qué traes en el cesto?, baina nik zein salmenta-postura joan behar nuen aldez aurretik banekienez, haraxe joaten nintzen, eta batzuetan txipiroi alearen prezioa xentimo batzuk garestixeago saltzera ere iristen nintzen.