SALAMANCAN Filología Románica delakoaren espezialitatean lizentziatura lortu ondoren, 1970-1971 ikasturteko urrian hasi nintzen lanean Peñaflorida Institutuan, Joaquín Forradellas Literatura irakaslearen babesean. Amara auzoan zegoen, Gobernu Zibilaren aldamenean, aurrez aurre. Bertan ezagutu nituen besteren artean Juan Amorós zuzendaria, Koro Galarza, Pili Mendoza, Beatriz Bea, Bizente Argomaniz latin irakaslea eta Manuel Agud grezierakoa. Honexek bultzatuta, hasi nintzen joaten Diputaziora, Koldo Mitxelenarekin batera zuzentzen zuen Anuario de Filología Julio de Urquijoko egoitzaren bulegora, eta hango liburuak aztertzen eta eskuizkribuak ikertzen. Erlijioa ematen zuen Luis Murugarren “Kokotx” Donostiako historialariak lupa bat oparitu zidan eta, berak iragarri bezala, huraxe izan zen, bai, pozoi baten antzekoa.
Goizez eta arratsaldez, nituen klaseak, baina haien artean aski hutsune ere bai. Fernando Lázaro Carreterren testuak, Anaya argitaletxerako eginak, eta maila ezberdinetakoak, alegia, lehen, bigarren, hirugarren eta laugarren kurtsoetakoak nerabiltzan. Azken kurtsoetara tokadisko batekin joaten nintzen maiz eta Pako Ibañez eta Joan Manuel Serraten diskoak jartzen nizkien. Juan Ruiz, Hitako Artziprestearen Lo que puede el dinero, Santillanako Markesaren Coplas a la muerte de su padre, Francisco Quevedoren Poderoso caballero es Don Dinero, Rafael Albertiren Balada del que nunca fue a Granada, Antonio Machadoren A un olmo seco, Miguel Hernándezen Andaluces de Jaén, aceituneros altivos, Gabriel Celayaren La Poesía es un arma cargada de futuro, José Agustín Goytisoloren Erase una vez un lobito bueno,... Eta ikasleak pozik.
Mila bederatziehun eta hirurogeita hamarreko abenduaren batean ETAk Donostian bizi zen Bëilh kontsul alemana bahitu zuen. Geroago kontatu zidatenez, Zuberoako Montori herrian eduki omen zuten gordeta. Higanautak Montoriko, zioen aspaldiko esaldiak, eta zaindariek egun batez bakarrik utzi zutela eta eliza inguruko taberna bakarrera agertu eta bertako ostalerrak edatekoa godaletan zerbitu ondoren, bere lekura itzuli zuela, omen. Haiek garaiak!Inuzenteen Egunean ordaindu zidaten lehen soldata, hau da, abenduaren 28an, haurtxo errugabeen eguna oroitzen denean, iritsi zen Institutura habilitada deitzen genuen diru-banatzailea, eta hura nire poza hogeita zortzi mila pezetatik gora poltsikoratu nituenen, ohiko sobre batean. Etxerakoan, han denak ere pozik zeuden, nola ez, bukatu baitziren amari egiteko diru-eskaerak.
Academia Lakunzan hasi nintzen ingelesa ikasten. Irakasleak Patrick zuen izena, eta esango nuke, oker ez banabil, Argia astekariko 2.422. zenbakian (2014-VII-06) portadan ageri den Pat Rice zela. Artikuluaren titulua: Mespretxutik duintasunera, Xabier Letonak egin testu eta argazkiekin. Bertan kontatzen duenez, 1968tik 1971ra Donostian bizi izan nintzen. Beraz, baietz esango nuke. Adiskide egin ginen, eta klaseak bukatutakoan, oroitzen naiz nola arratsalde batez joan ginen elkarrekin ASJUk Diputazioan zeukan gela batera. Hantxe irakurri genuen Antoine Meilletek eta Marcel Cohenek Les langues du monde liburuaren bigarren edizioan (Champion, 1952), bai euskarari buruz, bai eta gaelikoaz ziotena. Pozten naiz gaur egun, hainbeste urteren buruan, berriro aurpegi atsegin hura ikusita, eta jakinik badela talde bat Irlandako hizkuntza zaharrari eusten diona.
Aracama akademian ere hasi nintzen, gidari karneta ateratzeko klaseetara joaten. Oso jatorrak ziren, eta denborarekin jakin izan dut nagusiak Bigarren Mundu Gerran Comète Sarearen garaian kolaboratzen zuela beren beribilez, naziengandik ihesi zetozen soldadu aliatu eta juduei laguntzen, baina baita bere amarekin erbestean bizi zen donostiar gazte batek, hasieran ihesaldietan lagundu zuenak, Baionan salatu zituen eta kartzelaratu zituzten. Eta hura, amaren adiskideak Baionara bisitan joaten zitzaizkienean, armairuan gordetzen zela, eta kontzientzia arazoak zituela, antza denez, eta bere buruaz beste egin zuela Akizeko hotel batean.
Motoa eta beribila gidatzeko karnetak atera nituelarik, 1971ko otsailaren 15ean Juan Amorósek bere SEAT 600 zaharra saldu zidan zortzi mila eta bostehun pezetaren ordainez. Haren aberiak konpontzen diru pila xahutu nuen. Beribil honekin iristen nintzen goizero Institutura abiada bizian. Aurre-aurrean aparkatu, eta gero gauez zenbat abentura ez zituen izango kotxe kaxkar hark kontatzeko. Nola ibili zen Alderdi Ederren tamarindo okerren artean eta, ranpatik jaitsita, Kontxako hondartzan barrena.
Aste Santuan, Errenteriako lagunekin (Maite Lasa, Txoko, Jesus Mari Gurrutxaga eta Fidel Txikierdirekin) Lizarra inguruko herrixka batean ibili ginen, eta baita Lizarran bertan ere, prozesioak ikusten eta tabernak bisitatzen. Salamancaraino ere eraman ninduen behin, eta itzulerakoan, Lerman utzi ninduen, motorrak aurrera ezin eginda. Beste gau batez, Helenarekin nindoalarik Loiola inguruko bihurgune batean, hantxe joan zen ezponda txiki batetik behera. Zorte handia eta miraria izan zen biak batere kolperik gabe ateratzea bertatik. Hura izan zen bere azkena, handik kotxeen kanposantura eraman baitzuten. Ikasturte horretan, Hernanin PNNen afaria zela-eta, ezagutu nituen bertan, besteen artean, Fernando Odriozola, dominiko ohia, Filosofia irakaslea eta Marta Cárdenas pintorea. Honen arte lanak izugarri miretsi izan ditut beti, eta elkarrekin adiskidantza gozoa mantentzen saiatu naiz orduz geroztik.
ESTATU BATUETAKO BIDAIA
Uda hartan ingelesa zertxobait ikastearren, Ipar Ameriketarako hilabeteko bidaian apuntatu nintzen, beste ezagun batzuekin. Eta Los Angeleseko aireportuan lurreratu ondoren, beltz bat izan zen ikusi nuen lehen pertsona, erratza eskuan zuela. Familia amerikar batekin suertatu zitzaidan egotea San Clementen.
Goizetik, etxekoekin gosaldu ondoren –esnea zerealekin eta arrautzak plantxa gainean oliorik batere gabe–, ama amerikar benetan eder eta atseginarekin, bi alaba eta hiru semeekin hondartzara jaisten ginen. Han, uhin erraldoiak hartzen zituzten hamasei eta hamalau urteko bi seme surflariak eta hango mutil luze eta sasoitsuen tamaina eta garaitasuna ikusirik, orduan ohartu nintzen benetan nire ttipitasunaz. Aitak arratsaldean, lanetik itzultzean, judo pixka bat egiten zuen lorategian (Nixonen bizkarzaina izana zen) eta gaztelaniaz gaita de fole deitzen dena ere jotzen zuen, arbasoak Eskoziakoak zituela oroituz.
Furgoneta batean, amak Utahn familiakoren bat bisitatu behar zuela-eta, hantxe joan ginen Estatu Batuetako mendebaldeko desertuetan barrena. Bidean gurpilak hondatu zitzaizkion furgonetari eta tailer batean konponarazi zituen, baina haserrez sinatu zuen tailerrak erakutsi fakturaren txekea. Indio erdi-abandonatuak ikusi genituen sakabanaturik eta gasolindegi inguruetan; Arizonatik ere pasatu ginen, Colorado ibaia, Grand Canyona, eta Estatu Batuetako presidenteen aurpegi erraldoiak harrian zizelkatuak. Desertuko haizeek airean eraman ez gintzaten, nahikoa lan izanik gidari nintzela batzuetan, Las Vegasera iritsi ginen. Han, hotel bateko piszinan igeri egin, freskatu eta garbitu ondoren, ama amerikarra eta biok jokalekura sartu ginen, makinetan zoria tentatzera, baina Fortuna jainkosa ez zebilen gure alde gau hartan.
Egun batez, Los Angeleseko Museo Modernoa (Los Angeles County Museum of Art, LACMA) ikusteko aukera paregabea izan genuen. Antzinateko arte asiriarra, egiptoarra, greziarra, erromatarra, Kolonaurrekoa... eta modernoen artean zenbait koadro ahantzezinak: Diego Rivera, Pablo Picasso, Henri Matisse, René Magritterenak... Nola zitekeen hainbeste balio neurrigabeko ikusgarri hantxe dastatu, harri eta zur, txunditurik gelditu gabe... Beste batean San Franciscora joan ginen. Hango txinatar auzotik autobusez iragan ginen. Euskal Etxera joan nintzen eta errenteriar ameriketaratu batekin euskaraz hitz egiteko aukera izan nuen. Baita zarauztar batzuek zabaldutako jatetxe batean beste bidaialagun batzuekin paella on bat dastatzekoa ere, eta ondoren etxeko semearekin, haren beribilean kaleetako aldapa goiti-beheitietan nire lehen porroa erretzekoa. Lehen film pornoa ere ikusi nuen, baina ez nuen iraun denbora luzerik aretoan.
Berkeley Unibertsitateko Bibliotekan ere izan nintzen, eta Donibane Lohizuneko Eskolako XVII. mendeko zenbait euskal liburu ikusteko aukera ere izan nuen. Departamento de Español delakotik pasatu nintzen eta bertako liburu espezializatuen eskasiaz ohartu ere bai. Campusean jendea biziki libre ikusten zen, eta baziren multzoak, jendea predikari inprobisatuen inguruan pilatuta, bat-batean oihuka hasten zirenak...
Sausalitoko portura eraman gintuzten eta hantxe ibili ginen dendaz denda, eta erabat ernegaturik eta susmo txarrez geratu nintzen, urte batzuk barru euskal kostako portu ia birjinak berdin, giriz beteta, egon zitezkeela pentsatuz.
Party batera gonbidatu ninduten, eta kanariar batzuei, nire bizarrak nonbait ez zien graziarik egiten eta halako batean gustu txarreko txantxa bat egin zidaten, zeren atzetik bultzatuz piszinara –pezinara arabar hizkuntza zaharrean– bota ninduten. Ez nuen benetan oso gogoko izan ekintza hura, baina borrokalari onen gisa jasan behar izan nuen detailetxoa, arratsalde osoan toalla bat luzituz, eta baita zenbait kanta eder kantatuz ere, aldamenean ni baino helduagoa zen bizkaitar neska bat neukalarik.
Itzuli nintzenean hausnartu nuen han gera zitezkeela Estatu Batuak estatubatuarrentzat, paisaia miresgarri haietatik aparte, amerikar konstituzioak jasotzen zuen hura salbatzen nuelarik: ... that all men are created equal, that they are endowed by their Creator with certain unalienable Rights, that among these are Life, Liberty and the pursuit of Happiness... Gizonak oro berdin sortuak dira, Sortzaileak besterendu ezinezko eskubide berberez hornitu ditu, eta horien artean daude bizitzarako, askatasunerako eta zorionerako eskubidea. Hala bada, noizbait proposamenik izan dudanean (Rose Frank, Gregorio Monreal) edo tentatu izan nautenean Renoko Unibertsitatera joateko, ezezkoa eman diet, batzuk Estatu Batuen liluraz baldin badoaz, nire ustez Europan aurki daitekeelako Unibertsitate eta ikasteko sistema, irakasle hoberik. Erbesteko euskaldunekin, diasporakoekin topatzeak Iowan, New Yorken edo beste nonbait ez baita benetan beti interesgarria, ez bada Mario Salegi edota Joseba Gabilondorekin...
BERRIRO PARISEN
Soldaduskara joan behar bainuen derrigorrez, eta nahita nahiez urrian, iraila ongi aprobetxatu nahi izan nuen eta Parisera joan nintzen berriro, bertan topo egin nuelarik Mikel Peziña eta Lasarekin. Ez naiz oroitzen azken honen izenaz. Badakit honek Rue Cassetteko bere gelatxoan onartu ninduela gau batzuetarako libera batzuen truke, zeren lehen aldiz bainengoen Parisen sos batzuekin, Institutuan zaindutako azterketa batzuk ongi ordaindu baitzizkidaten. Garai hartan ohikoak ziren chambre de femme de ménage edo neskame gela horietakoan, seigarren solairuan eta igogailurik gabe, baina adin hartan axola gutxi. Malakoff auzoan bazen euskaldun talde bat etxe batean bizitzen, OASeko batena izana zena edo, lorategi eta guzti. Metroa urrun zegoen, baina bertako giroa hain zen berezia... Oroit naiz nola dictée, frantses diktatuak egiten genituen frantsesez trebatzeko. Maspero liburu-dendaren garaiak ziren, eta entzuten genituen liburu-konfiskatze kontuak; ezkertiar hark hainbeste apal hustu ondoren, peko erreka jo zuen, tamalez.
Pariseko Liburutegi Nazionalera ere joaten nintzen. Hantxe erreserban ikusi eta ukitu nuen lehen aldiz Bernat Etxeparek idatzi eta argitaratu euskal lehen liburuaren ale bakarra, unicuma, François Morpainen etxean, Bordelen 1545ean inprimatua: Linguae Vasconum Primitiae... . Ezagutzen nuen lehenagotik RIEVen (1933) Julio de Urquijok plazaratu faksimilea, baina gauza ezberdin bat sentitu nuen altxor bakan hura eskuetan ezarri zidatenean. Kopiatu nituen zenbait eskuizkribu ere, bi xaribari, besteak beste, arkatzez soilik, geroago ASJUn emango nituenak.
Filmen bat edo beste ikusi, pasealdi batzuk egin hirian, liburu-denda batzuk arakatu, eta erabat liluraturik geratua nintzen. Eta horrela bueltatu nintzen etxera.
Itzuli eta lehenik Donostiako Nazioarteko Zinemaldian Helenarekin hainbat film ikusi nituen. Egunen batean bost pelikula ikustera iritsi ginela uste dut. Azkenerako irudi guztiak nahas-mahas zebilzkidan buruan, eta ez nintzen oroitzen egunaren buruan goizeko lehen filmaren argumentuaz. Eric Rohmerren Le génou de Clairek irabazi zuen Urrezko maskorra. Ez zen erabaki erraza, lehiaketan bai baitziren film ederrak, hala nola Claude Chabrolen Juste avant la nuit, Robert Altmanen Brewster Mc Cloud, edota Andrei Kontxalovskiren Dyadya (Osaba) Vania. Laurence de Monaghan eta Béatrice Romandek jaso zuten saria, zuzendariak ez baitzuen gogoko festibaletan agertzea. Garai hartako kazetek jasotzen dute, orobat, Vittorio Gassmanek jaso zuela aktore onenaren saria, txistu artean, Mario Monicelliren Brancaleone alle crociaten jokatu rolagatik. Itxiera-zeremoniara joandako ikusleen umore eskasa. Arte y Ensayo deitzen ziren aretoen, eta Cahiers du Cinémaren garairik hoberenak ziren, antza.
SOLDADUSKAN 1971-1972
Hogeita bost urte beteak eta lana zuenarentzat soldaduska egitea denbora alferrik galtzea zen. Hamabost hilabete igaro behar, teknikoki bizpahiru aski direnean han egiten denaz jabetzeko. Teorikak eta praktikak deituak erakusten zizkiguten han. Formazioan behar bezala errenkan jartzen, pausoa behar den zangoaz hasi eta luzatzen, erritmo jakinari jarraiki, hotzak eta beroak behar bezala pairatzen ikasi. Arabako lautadan zegoen Arakan konpainia batean beste ehun bat pertsonarekin lo egin armairutxo baten ondoan. Dutxa eta komunak irekiak. Azken hauetan kontu handiz zaindu beharra zegoen batik bat buruko txanoa, denbora guztian kontrolatua edukiz, bestela lapurtzeko arriskua baikenuen, eta formazioan hura gabe agertuz gero, zigorra segurtatua baikenuen... Furriela izaten zen posturik garrantzitsuenetarikoa, hark hornitzen baitzizkigun arropak eta burdin-jantzi kontuak. Botak, galtzak, gerrikoak, alkandorak, xamarrak, gorrak, mantak eta soldaduaren atrezzoarekin zerikusirik zuen zernahi gauza. Zorte ona izan nuen, zeren eta Errenteriatik adiskide nuen Karlos Uranga “Zazkarro”, baitzegoen furriel funtzioetan.
Txorta berriak conejo batzuk ginen, eta zaharren harropuzkeriagatik novatada, txantxa dexente sufritu beharrean aurkitzen ginen, baina honetan ere nire adina zela edo ez dakit beste zein arrazoirengatik, ez nuen sufritu behar izan demasiarik.
Urbasako mendietan mando eta morteroekin maniobrak eta tiro saioak egin genituen. Mandoak gaixtoak ziren benetan, soldaduen gaiztakeriek okertuak, eta ostikoka hasten ziren gaizki tratatuz gero. Halako batean, ia mortero bat sudurraren puntan lehertu zitzaigun, ez baitzen hasieran atera eta bazirudien berotasunarekin bum egitera zihoakigula, lehena bertatik erretiratzen sarjentu galego maltzur erreengantxatu bat izan genuelarik. Bukatutakoan, bada, eta Jura de la bandera delakoa ere egindakoan Bentetako kuartelera bidali gintuzten. Pozik, beraz, etxetik gertu izango baikinen. Hemen ere zorte ona izan genuen, zeren aldameneko herritan bizi ginenei pase pernocta, etxean lo egiteko baimena eman baitziguten, horrela kapitainak gure arrantxoaren, bazkariaren eta afariaren kostua bere poltsikora pasatzen zuelarik.
Gure karnet berezia ere bagenuen. Tarjeta de identidad de tropa. Unidad. Rgto. C.M. Sicilia 6º Bon. Colón XXIV, 1972ko urtarrilaren 11n El jefe del Cuerpok sinatua.
Atletismoko taldean eta eskubaloikoan sartzeko aukera eman zidaten eta nire dohain edo ahalmen edo ez dakit zerengatik libratzen ginen zenbait betebeharrez. Horrela joaten ginen, ni aski kaxkarra izan arren, baina ez denetan azkena, Burgosera eta Tolosara Beotibarko atletismoko pistetan korrika egitera. Bazen garai hartan korrikalari on bat gure artean, Bixente Artola, kroslari aparta, denborarekin Aimar Olaizola eta beste pilotari handien masajista bilakatu dena.
Otsailaren 6an larunbata zen. Helena, Isabel Sese eta bere laguna eta ni, laurak joan ginen Miarritzera Le dernier tango à Paris ikustera. Bertolucciren filmak arrakasta handia izanen zuen. Bertan bi pertsonak, bata heldua, Marlon Brando, eta bestea gaztea, Maria Schneider, harreman sakon, sarkor, esperantzarik gabean, elkarren izenik ere jakin gabe aurkezten baitziren. Sexuaren eta komunikaziorik ezaren inguruko irudi haiek, harreman bitxi haiek hunkitu gintuzten.
Mugan denbora luze samarrean eduki gintuzten arren, ez nuen pentsatzen zer gerta zitekeen, ohikoa baitzen, baina etxeratu nintzenean, jakin nuen anaia mugan atxilotu zutela bere emaztearekin beste aldera zihoanean. El Casok hurrengo egunean ekarri zuen Bizkaiko ETAko Frente Militarraren arduradun bezala hartu zutela preso.
Eskubaloian trebeenetakoa bainintzen, Irungo Lasallen jokatu izan genuen edota Loiolako kuartelean, emaitza aski onekin. Dena den, kirol honetaz arduratzen zen teniente mozkor baten eskutik sekulako masailekoa jaso nuen behin, horretarako inolako meriturik egin gabe. Halako bidegabekeriak maiz gertatzen ziren kuartelean.
Iritsi zen une bat non hain sufriezina bihurtu zitzaigun bertako giroa, ezen baimenak lortzeko edo eskakeatzeko prest baikeunden gehienak, eta neroni ere bai, zernahi gauza asmatzeko, egiteko eta burutzeko. Hala bada, uztailaren batean ezkondu egin nintzen Helenarekin eta hogei eguneko baimena eman zidaten. San Ignazio elizan, Groseko auzoan ezkondu gintuen arreba Marikrutxen etxean bizi zen Doroteo Esnaolak eta Donostiako Orfeoiko soprano batek kantatu zigun Ave Maria. Bazkaria Oiartzungo Gurutze ostatuan ospatu genuen. Abioia arratsaldean goiz ateratzen zen; beraz, adiskideak (Juan Karlos Rodriguez, Itziar Arana, Isabel Sese, Mikel Elorza, Elena Etxart... ) eta familiakoak utzi, agur kanta bat abestu, eta hantxe joan ginen biak Hondarribiko aireportura. Bartzelona, Mallorca, Ibiza eta Formenterara. Azken uharte honetan bizikletak alokatu eta laster zeharkatu genuen batetik bestera. Siesta orduan, Alejo Carpentier kubatar idazlearen El siglo de las Luces irakurri nuen. Hondartzan jendearekin futbolean aritzen nintzen, eta 73 kilora jaitsi nintzen. Gogoan dut hori, geroztik ez baitut sekulan lortu balantzaren markagailua zifra horretaraino beheratzea.
Eztei-bidaiatik itzulitakoan, Josean Gurrutxaga adiskide onak galdetu zidan ea nahi ote nuen Jaizkibelen egon soldaduska egiten, zeren eta bere aitak, Gipuzkoako Diputazioko mendi-guarda zenez, zaindariak lortzeko aukera baitzuen. Nola ez, erantzun nion, horrela etxetik gertuago egongo bainaiz, eta nazkatu samar nago, gainera, kuarteleko giroarekin. Halaxe, bada, hasi nintzen Jaizkibelen Militarren Borda zaintzen. Etortzen ziren soldaduak maniobretara eta batzuetan guardia zibilak ere tiro-saioak egitera; ¿podemos disparar? galdetzen zidaten, eta nik erantzuten, sí, hombre, sí.Hiru soldadu geunden zerbitzu hura egiteko. Goizeko zortzietan, puntu-puntuan telefonoa hartu, Loiolako zenbakia markatu, eta Aquí, Jaizkibel, sin novedad, esatea zen lanik garrantzitsuena. Iraila eta ikasturte berria iritsi zenean itun isil bat egin nuen beste bi kideekin eta nik borda asteburuetan, larunbat eta igandeetan zaintzen nuen bitartean, beraiek astegunetan. Horrelaxe, beraz, denak kontentu. Nik, batik bat astegunetan lortu bainuen berriro lanera, klaseetara itzultzea. Lehen bi asteetan Zumarragaraino joaten nintzen; han Baleriano Yartza Salamancako ikaskidearekin egin nuen topo. Hala ere, lortu nuen nire herriko plazako etxebizitza berrira hurbiltzea, eta, Joaquín Forradellasi esker, Errenteriakoan hasi nintzen, Erviti nafarraren zuzendaritzapean, bertan urte mordoxka eman nituelarik.
Eskuizkribu plazaratu gabeen artean, edo hobeto esatearren, makinaz jota daukat testu zahar bat garai honetakoa dena, Mikel Elorzarekin batera egina, Donostiako sari batean sariztatua izan zena, Zenbait mitoren desegitera titulua daramana, eta Roland Barthesen hitz hauek aipatzen ditu hasieran: Mitoa mintzatzeko modu bat da. Aitzinsolas batez eta bukaerako material zenbaitez at, hiru kapitulu nagusi ditu:
- Apologistak eta hiztegigileak XVII. eta XVIII. mendeetan,
- Xaho eta nazionalismoa, eta
- Abandoko maisuarengandik Arantzazuko Biltzarrera. Denborarekin gai hauek hobeto eta sakonago aztertuko nituen.
Nire liburu zaharrei begiradatxo bat ematerakoan, ohartu naiz Sekulorun Sekulotan (nobela) Kriseluk argitaratu bazuen 1975eko otsailean, bukaeran idatzita duela, ... borrokak espero dik... Jaizkibelen, 1972-ko irailean. Ramon Saizarbitoriak moldatu aitzinsolas luze eta interesgarria dauka. Gogoan dut makinaz jotako testu hura Gabriel Arestiri erakutsi niola Durangoko Ferian, aski harrituta gelditu zelarik ikusteaz nola lerro guztien amaierek koadratzen zuten eta orrialdea mantxa errektangular perfektua zen, hitzen bukaerek beste lerroaren bidea hartu bazuten ere. Garbi zegoen, Alain Robbe-Grilleten Pour un nouveau roman (1963) Por una nueva novela gaztelaniazko bertsioaren eragina. Eta Saizarbitoriak zioen bezala, Eser zaite, beraz, eta idek lehendabiziko orria. Belarri handi bat somatu behar duzu. Zure inguruan eta Urkizurenean apurtua, zatitua, pitzatua, izorratua, agerian eta ezkutuan dagoen errealitatea entzun eta ikusi behar duzu... Gizartearen ahots ezberdin haiek modu kaotiko batean entzuten ziren, ia inolako ordenamendurik gabe, ez ikur ortografikorik, ez koma, ez puntu, hauetarikoak kapitulu amaieretan salbu. Kontatzen ziren pilota-partiduetako tantoak, Ameriketako eta Italiako bidaiak, euskal baleazaleek Ternuako indioekin asmatutako lingua franca hura, geroago doktore tesian agertuko ziren Pierre d´Urteren Dictionarium latino-cantabricum eskuizkribuko zenbait hitz eta definizio, borroka-ixtorioak, ... hitz batean, testu eta panfleto kaotikoa, inguratzen ninduen mundua nire barrenean sentitzen nuen legez; eta halaxe inork gutxik konprenituko zuen eta eskandalu-harri zen bilakatu, edota, gure etxean Errenteriako lankide zen Teresa Sanchezekin ikasturte batez bizi izan zen Joxanjel Tamaio adiskidearentzat, gau irakurketa loarazlea.
Liburuxka honen muina bezala kontsidera nezake Egan aldizkarian 1976an Gaztarrotz ezizenez Juan San Martinek argitaratu zuen Muga ipuina, 1972ko Gure Xokoa Alkarteak Bera Bidasoako Pio Baroja sarira aurkeztua. Mitxelenari aditu nion, bera epaile izan baitzen, aztertzea oso ona ala txarra zen jakiteko, duda-mudak argitzearren, denborak luze joko ziela eta erabaki zutela aipagarria kontsideratzea eta saria Luis Haranbururen ipuinari ematea.
Gabriel Arestirekin, Donostiara etortzen zenean biltzen ginen Lur taldekoak, eta hala oroitzen naiz nola behin Gipuzkoako Plazan kokatua zegoen Bidasoa tabernaren arkupetan egon ginen; Ibon, Enrike, Gabriel, besteren bat eta ni, besteak beste. Urteko programazioa taxutzen genuen han. Testu klasikoren bat (Joanes Leizarraga, Euskal protestantismoa zer zen, Bilboko Liburutegian letra maiuskulaz Gabrielek osorik kopiatua (1971); Jakes Oihenarte (Zibitze, 1821 - Uharte-Amikuze, 1859) behenafarraren Kaniko eta Beltxitina (1971), Joanes Etxeberri Sarakoaren Lan hautatuak (1972), testu marxistaren bat (Marx, Engels, Fanon,... ) eta sorkuntza-lanak. Gogoan dut nola Mario Onaindia Cáceresen kartzelan zelarik, Enrike Villarrek esan zuen, bidaliko diogu Leon Trotskiren biografia, ea pixka bat internazionalizatzen den. Hark Louis Bonaparteren Brumaire-aren hamazortzia itzuli zuen eta 1973an plazaratu Lurren, Frantses Iraultzako itzultzaileek jada beren kalendrera errepublikanoan egokiago itzulia zuten Brumaire-Lanhote gisaraGabrielek zioen kantu festibaletara gonbidatzen zutenean bere ahots hautsi harekin ez zuela deus egitekorik euskararen erabileran artista zirenekin konparatuz gero, hala nola Joxan Artze “txamana”rekin, Xabier Lete oiartzuarrarekin edota Benito Lertxundi oriotarrarekin, baina aurkitu zuela soluzioa. Natxo de Felipe eta Oskorri taldearekin joaten zela eta horrela orekatzen zirela konparazioan eta balantzaren orratza bere alde ezartzen.
Behin Lur taldeko batzuk, 1972ko udazkena izango zen, Baionara joan ginen beribilez Euskal Museoan hitzaldi bat ematera konbidatu baitzuten Aresti. Espresuki egun horretarako testu bat prestatu zuen, nahiko ausarta eta gogorra. Anjel Zelaietak aipatzen du Gabriel Aresti biografia liburuan (Susa, 2000, 197-198) eta komentatzen nola Euskaldun burjesak eta euskaldun proletarioak jo-muga berberak ezin dituzketela... eta bukatzen zuek biok, Sabino eta Txabi, zuek arranoak, ni usakumea, oraino hegaz ikasi ez dudana, zuek haitz-artean, ahuntz saltokariak harrapatzen zenituzten, ni berriz, akerrek ere bere adar okerren artean hartzen naute. Natxo eta bere Oskorriko kide emakumezkoek zenbait poema kantatu zituzten, oroitzen ez dudan izeneko neskaren ahotsa izugarri gustatu zitzaidalarik. Hala ere, ez zen gertatu hitzaldi- eta kanta-emanaldi hura eztabaidarik gabe, zeren eta Jokin Apalategi eta Maite Idirin hantxe atera baitzitzaizkion sutsu kontra, azkenean enbataren uhinak baretzen nahiko lan izan zuelarik Museoko zuzendari zen Jean Haritschelharrek.
1973ko Aste Santuko oporretan eguzki pittin baten bila joan ginen Benidormera. Nire lehen eta azken aldia izan zen. Hotel xume batean, oraindik eraiki gabe baitzeuden gerora sortuko zituzten hodei-orratzak. Hondartzan atzerritar batzuk, alemanak gehienak, beren hilobia, hobeto esan zuloa prestatzen zuten eguzkia bertan sartuta hartzearren eta haizeak altxatzen zuen hondar ale zirikatzailetarik ihes egiteko. Jakin genuen, egunkaria irakurrita, Eustakio Mendizabal, “Txikia”, Ostegun Santuan, apirilaren hemeretzian hil zutela Algortan. Iritsi zen bada Pazko eguna, Aberri Eguna, eta hondartzan ibili eta bainatu ondoren hotelera joan ginen bazkaltzera. Bazkari guztia arrautza bat, arroz kikara bat eta postretarako laranja bat izan zen. Nire harro puntua asaldatu egin zen etxean ospatzen genuen bazkariarekin konparatuz eta erabaki genuen Segoviako kartzelara joango ginela anaia bisitatzera. Han ohikoak ziren zaindarien hablen en español, eta horrelako mezuak, eta tripetako mina gaindituz eta beti elkarrekin euskaraz mintzatu ginen anaiek gaztelaniaz mintzatu behar izaten genuen, kartzelazaina inguratzen zitzaigunean. Ez genuen izaten denbora askorik agurrak eta ohiko desio onez aparte, politikaz sakon mintzatzeko.
Gogoan dut orobat 1973ko udan lehen aldiz Londresen nola izan nintzen. Joxan Arretxe, Elena Sanz, Helena Adrian eta laurok, Joxani aitak utzitako beribil ederrean. Despentsarako ere urdaiazpiko zango eder bat oparitu zion. Calaisetik igaro ginen, ohitu ere ezkerretik gidatzen autopistetan besteak eskuinetik igarotzen ziren bitartean. Halako batean, gasolinarik gabe ere gelditu ginen, baina laguntza ere ez zitzaigun falta izan auto-stop egindakoan. Londresko kaleak, autobus eta telefono kabina gorriak, British Museum, British Library, Museum of Science, Tate Galery (William Turnerren itsasoek, ekaitzek, ilunabarrek txunditurik utzi ninduten), Piccadilly, Hyde Park, ... gauean zerbezak bukatuz txintxarriak jo arte, eta kanpinera abiatu aurretik. Beraz, esperientzia zoragarria. Gazteak ginen eta ezer gutxirekin konformatzen. Oxfordeko Unibertsitatea eta William Shakespeare teatro-gizon eta poeta handiaren sorterria eta jaiotetxea Stratford-upon-Avonen ere bisitatu genituen mirespenez.
Urte hartako gertakizunik garrantzitsuenetarikoa Luis Carrero Blanco, Espainiako gobernu presidentearen hilketa izan zen, abenduaren 20an, Claudio Coello kalean, ETAk buruturiko Operación Ogro deituan, Comisiones Obrerasko hamar partaideren kontra Proceso 1001 hastera zihoan egun berean. Egia esan behar bada, magnizidio hark ez zuen jendearen kontzientzia morala gehiegi astindu ez eta kezkatu ere orokorrean, pozik hartu baitzuen, Euskal Herriko jende askok eta askok bederen, hala nola PCko zenbait militante ospetsuk, Donostian ekintza hori jauzi kualitatiboa zela kontsideratuz. Bazen Fray Luis de Leónek Portocarrerori eskaini poema hura irribarretsu oroitarazi zuenik ere:
A don Pedro Portocarrero
No siempre es poderosa,
Carrero, la maldad, ni siempre atina
la envidia ponzoñosa,
y la fuerza sin ley que más se empina
al fin la frente inclina;
que quien se opone al cielo,
cuanto más alto sube, viene al suelo.
Nire oroitzapen lanbrotsuen artean dago anaiari Carabanchelen egin nion bisita ere. Nola geletara sartu baino lehen, kanpoan zebilen ijito mordoa suaren inguruan beren txalo, dantza eta cante jondo.
Jose Muñagorri, “Joselito”, soldaduskan zegoen lagunari esker, izan ginen Helena, Teresita eta neu Rafael Conte literatur kritikariak utzi zigun etxean. Haren liburutegia benetan ona, oparoa eta interesgarria zen, batik bat XIX. eta XX. mendeetako autoreei eta literatur kritikagintza frantsesari zegokienez.
ABCren hemeroteka jarraikiz –memoria baino fidelagoa baita gauza batzuetarako, 1974ko uztailaren 11n bizitza kulturala dela-eta, Donostian Eduardo Chillida eskultoreari bezperan egin zitzaion omenaldia, CATek eta herri sozietateek antolatua, aipatzen da. San Telmo Museoko elizaren areto handian 300 afaltiar bildu zirela. Udaletxeko eta Aldundiko eta Ministerio de Información y Turismoko ordezkari eta arduradunekin ekitaldiaren buru Txillida bera izan zelarik. Txillidak nola esan zuen, apaltasun guztiaz, omenaldiak bere meritu guztiak gainditzen zituela, bere lana euskaldunen izpiritua ahanzturatik salbatzea baizik ez baitzen izan. Gogoan dut afari hura, zeren Lur-ekoek gonbidaturik bertan izan bainintzen, Gabriel Aresti, Ibon Sarasola eta beste batzuekin. Komentatu nuen zortzikotea eskasa iruditu zitzaidala, baina komentario hau ez zuen begi onez hartu Ibonek. Bukatutakoan gogoratzen dut nola Basque kafetegian zerbeza batzuk edaten egon ginen, gaua ederra eta giroa aparta baitzen, eta nola bi Gabrielek, Arestik eta Zelaiak, karlistadez eta euskararen gorabeherez eztabaidatu zuten edo aipatu zituzten. Aitortu behar dut, baita ere, ez dakit orduagatik ote zen baina solasa ez zitzaidala batere goi mailakoa iruditu.
Paper zaharren artean aurkitu dut testu bat Kolax 1974 izenekoa, non Iraultzaz elkarrizketa eta bertso batzuk ageri diren. Stalinen karkaila handi batez bukatzen da pastoraltxoa. Gogoan dut ez zela saritua izan, Arestik une batez laudatu arren, baina ez dut inolako asmorik antzerki tipi hura inoiz argitaratzeko.
Mila bederatziehun eta hirurogeita hamabosteko urtarrilaren bederatzian Urtzi jaio zitzaigun Nuestra Señora del Pilar ospitalean. Egun batzuk lehenago amets egin nuen, beltxaran eta begi beltz borobilak izanen zituela. Poz handia izan zen niretzat, bederen, eta uste dut Helena eta bion familia osoarentzat ere bai. Ospitalera alderdikide politiko guztiak joaten zitzaizkion bisitan, baina nabarmen zen ez zirela asko, taldetxoak, KB-UC, Komunisten Batasuna–Unificación Comunista, Donostia inguruko jarraitzaile gutxi batzuk besterik ez baitziren, eta ez zuen iraungo denbora luzean desegin gabe, edota partaideak beste talde handiago batera pasatu gabe.
Franco hil baino hiru egun lehenago atera zen kartzelatik Joseba. Garai hura bizi izan dugun denok oroitzen dugu nolazpait, eguneroko el parte médico habitual. Jendea zain zegoen noiz emango zuten heriotzaren berri, zeren eta hainbeste aldiz entzuna eta esana zen ya viene la vuelta de la tortilla, non aspalditik espero baitzen galiziarra desagertzea, batzuk jada hilezkor zela sinestera ere iritsiak baziren ere.
Egun berean topatu nuen Donostiako Konstituzio Plazan Astelena tabernan, non izkina bakoitzean partidu politiko bana kokatzen zen trapuzar-pintxoa eta kroketak janez eta txakolin txinpartatsua edanez, Jose Manuel Castells, beti lagun ona izan eta benetan estimatzen dudana. Edan genuen hilaren ohoretan, eta esan zidan nola Zuzenbide Fakultatean izanak ziren Dekanoaren bulegoan eta esan zioten bertan zintzilikatua zuen Francoren fotografia kentzeko, eta nola ez zen ausartu egitera, beraiek buelta eman ziotela paretaren kontra zigortuz. Festa handiak izan ziren bazter guztietan eta ez Euskal Herrian bakarrik.
Urte ona izan zen, beraz, 75a, eta diktadorearen ehorzketarekin esperantzari irekia, eta nire sorkuntza- eta ikerketa-lanak hor zeuden berpizten ari zen euskal literaturaren barnean. Euskal Teatroaren Historia Kriseluk argitaratu zuena, Agora sariaren irabazlea eta Gabrieli eskainia samintasunaz. Haren azken eta hamargarren kapituluaren titulua Euskal teatro berri baten bila deitzen zen; bertan Roland Barthesen hitzei jarraituz, nioen ezen mitoen kritika razionala nahitanahiezko arma dela antzerti desalienatu bat eraikitzeko. Beraz, kritiko baten lana dela burgesiaren zerbitzupean dauden antzerki motak desenmaskaratzea, eta antzerti desalienatu horrek nolakoa beharko zukeen adieraztea, eredugarri ezarriz Els Joglars katalan taldeak Anoeta frontoian 1974ko abenduan jokatu zuen Alias Serrallonga izeneko ikuskizuna.
Halaber Patxi Aldabaldetrekuk, Jose Ramon Rekaldek eta Karmelo Urdangarinek moldatu liburuaren itzulpena burutu nuen: Deba. Euskal kosta nuklearra. Lehenago literatur kritikaren terminologiarekin borrokatu behar izan banuen, oraingoan fisika nuklearrarekin suertatu zitzaidan, eta errepaso ona eman nien eskura neuzkan hiztegi guztiei. Urteak pasata lan hura berrikusten dudanean, konturatzen naiz nahiko hutsune zituela, noski, euskal moldaketak, irudi eta grafikoei zegokienez batez ere.
Errenteriako Institutuan jarraitzen nuen Lengua y Literatura Española deituak irakasten, mintegian Migel Sagues, Mikel Arregi eta beste suertatu zitzaizkidalarik. Euskara oraindik ofiziala ez zen arren, goizero zortziak eta laurdenetatik bederatziak arte irakasten nuen euskara poxi bat dohainik. Elixabete Perez Gaztelu eta Idoia Jauregi izan nituen ikasleen artean. Garbi zegoen etorkizun handiko neskatilak zirela, benetan ikasle zintzo, on eta azkarrak, bat gaur egun Deustuko Unibertsitatean baitago eta bestea Euskadi Irratian lanean.
Euskal Kultur Asteak antolatzen hasi ginen eta haietako batean Manuel Lekuona, Oskorri eta beste etorri zitzaizkigun. Urtaroez eta euskal festez mintzatu zitzaigun On Manuel. Agurtu nuelarik galdetu zidan –Zein da zure grazia? Eta nik duda unetxo baten ondoren: –Ah, bai, Patrizio Urkizu, Lezokoa. –Badakizu zer zioten garai batean Lezoko baserritarrez astelehenetan feria zela-eta Oiartzunera joaten zirenean?. –Ez, nola, bada?. –Bitakoak, alegia; dakizun bezala oso garrantzitsua da jakitea uztarrian lotzean behia ezkerra ala eskuina den. Ba, Lezokoek beti esaten omen zuten, bitakoa zela animalia. Bazuen ziri-puntua kontuak, zeren eta aste hartan kantatu zuten gorritzat jotzen ziren Oskorri taldekoek ere, Natxo de Felipe buru zela, eta abizenak hain fama txarra zuela, Donostia inguruko abertzaleen artean. Xabier Azurmendi, garai hartan ikastolan klaseak ematen zituena, greziar mitologiaz eta euskal ipuinez aritu zitzaigun.
Nire gutundegi partikularrean baditut hiru gutun Tübingenen datatuak (1976-VI-4, 1977-V-4, eta 1983-V-3). Hauetan Hans Scherteck hizkuntzalaria, Manuel Agudek iradokirik, nigana zuzentzen da euskara ikasteko asmoz. Familia euskaldun bat behar zuen euskara-munduan pulunpatzearren eta egunero bi ordu eskainiko zizkion irakasle bat. Hitz egin genuen eta Zubitxo kalean bakarrik bizi ziren nire gurasoak prest izan ziren familia aleman hura errezibitzeko. Pozik zeuden senar-emazteak, nahiko leku ere bai baitzuten bost eta sei urteko neska-mutikoentzat. Irakaslea ere aurkitu nion. Luis Manterola, Mantte, irundar itzultzaile eta adiskidea, eta hain gustura geratu ziren non errepikatu egin baitzuten hurrengo urtean. Hans Tübingeneko Unibertsitatean irakasle izan zen eta liburu hau plazaratu zuen alemanez: Strukturen Baskischer Verformen (1984), eta gaztelaniaz euskal lexikografiaz zenbait artikulu ere Fontes Linguae Vasconum delakoan, geroago. Garai hartako anekdota bitxi bat badaukat, zeinetan ageri den aleman ohituren eta izatearen adierazle. Anoeta frontoia non zegoen galdetu zidan, Xabier Letek kantatu behar baitzuen han. Eta non zegoen esan niolarik, hurrengo egunean esan zidan joanak zirela eta ez zela izan kantaldirik. Nik erantzun nion baietz, eta galdetu ea zer ordutan joan ziren. Berak erantzun zidan, goizeko hamarretan... .
Euskaltzaindia zen garai hartan euskara tituluak emateaz arduratzen zen erakundea, oraindik ez baitzegoen Euskal Herriko Unibertsitaterik. Aurkeztu ginen bertara, eta azterketa egiten ari nintzelarik Alfontso Irigoienek galdetu zidan ea zergatik nintzen han, eta nik erantzun nion, inoiz ez dela jakiten noiz eta non eskatuko dizuten instituzioetan paper ofizial bat. Berak erantzun zidan ez zuela inolako azterketarik egin. Burutu nuen eta 1976ko azaroaren 3an J.J. Zearreta, Batzordeko idazkariak, honela idatzi zidan: Agur t'erdi. Atsegin zait aditzen ematea, D mailako irakasle titulua lortu duzula. Mahaipuruaren erabakiz zure kalifikazioa OSO ONGI izan da... 1976ko martxoaren 3an Gasteizen triskantza izugarria gertatu zen Zaramagako auzoan zegoen San Frantzisko Asiskoaren elizan. Grebalari eta manifestariak elizan sartu ziren babesleku gisara, baina ministroa zen Manuel Fraga Iribarnek agindua eman zuen tiroka hasteko eta ondorioz bost hil eta ehun eta berrogeita hamar zauritu gertatu ziren. Hemeroteketan aurki daitezke jaso ahal izan ziren polizien arteko elkarrizketak: Charlie a J1, Charlie a J2, Charlie a J3, dile a Salinas que hemos contribuido a la paliza más grande de la Historia. Aquí ha habido una masacre. Cambio... Polizien hitzek ez dute iruzkin beharrik. Halakoak ziren garaiak. Manifestazioak non-nahi eta poliziengandik ihesi denbora guztian. Beldurra eta asaldamendua nabari zen bazter guztietan. Ez da harritzekoa, bada, kontutan hartuta 82 ETAko kide edo bazirela kartzeletan sakabanaturik Espainiako hamahiru kartzela ezberdinetan. Berriak, Semanario vasco de Información bere lehen alean (1976-IX-16) portadan agertzea Amnistia Denontzat eskaera, eta orobat poliziak Hondarribian hildako Jesus Mari Zabalaren fotografia.
Zuzendaria Eduardo Magallón zen eta zuzendariordea Jazinto Pérez Iriarte, institutuko nire lankide zen Mari Karmen Navarro Bartzelonakoarekin ezkondua eta nire seme Urtziren adiskide handiak izango ziren bi semeen ama: Unai eta Alex. Egitura aski borobila zuen errebistak. — 107 —
Jazinto iruindarra zen eta oso profesional ona, La Voz de Españan ere aritua. Berriak astekariaren karga nagusia berak eraman zuen, 1976ko irailaren 16tik, 1977ko apirilaren 20an kalera irten zen azken alera arte (30. zenbakia). Bide horretan zenbat ez ote zuen sufritu, ideia eta aldarte ezberdinetako jendeak lanean ezartzen. Berehala hasi ziren agertzen pintaldiak Donostiako egoitzan: Cochinos separatistas. Bonba- eta hilketa-mehatxuak ere jaso zituzten zuzendariak eta zuzendariordeak, Orden Nuevo Adolfo Hitler komandoak sinatuta... Urte berean beste bi astekari ere sortu ziren. Bata, Garaia, Donostian, eta bestea, Punto y Hora de Euskal Herria Iruñean. Lehena, 1997ko apirilean desagertu zen arazo ekonomikoak ere bazituelako, eta bigarrenak, Mirentxu Purroy zuzendari zuelarik, eta 1977ko irailaren 5ean Triple Ak jaurtiki bonbaz erredakzioa suntsitu arren, 1990era arte iraun zuen.
Berriakeko euskal ekipoan lan egiten genuen Anjel Zelaietak, Martin Berasainek, Luis Haranburu Altunak, Mikel Arregik, eta nik. Artikulu labur eta luzexkak plazaratu nituen bertan. Liburu-erreseinak eta nekrologikoak, hala nola: “Inprimategia eta euskal lehen liburuak”, “Euskara eta iraultza frantsesa (1789-1795)”, “Elekzioak Ipar Euskal Herrian duela ehun urte (1881)”; “Bertsolariak, Xalbador joan zaigu”, “Antonio Arrue hil da”, “Irakaskuntzako pariak, peneneak”, Euskararen etorkiaz eta kaukasiar hizkuntzekiko ahaidetasuna zela-eta, Ilia M. Tabagouaren iritziez, Jon Juaristiren Euskararen ideologiak, Kriselun 1976an argitaratu saioaz... Aipatzen nituen liburuen berrietan, Undeground estilo sakon, ironiko eta benetan euskal senari dagokion fineziaz beterikakoa zen Zorion ustela, Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak zuzendua. Ziutateaz (I), (II) Bernardo Atxagak Kriselu argitaletxean plazaratu 20, 21 aleez (1976) komentarioa burutu ondoren, bertako teknikak eta jenero ezberdinen apurtzeak, eta zenbait iturri aipatuta (Gabriel García Marquez, Mario Vargas Llosa, Miguel Ángel Asturias, Fiodor Dostoievski, James Joyce... ), honela bukatzen nuen: Besterik gabe gure idazle gazte honi bizitza ugaria opa diogu jarrai dezan bide berriak urratzen euskal kultur eta literaturaren onerako eta ohorerako... Bertso zaharren txokoan eman nituen Zumalakarregiren kantia, Iturriagak eginikoak lehen karlistadez, Muñagorriren kantak, Nafarroako bertsolari andere baten bertso berriak 1830. urtean eginak sazerdote batek egin zion haurraz. Txikitoka, Zuberoako ohitura zaharraren eran, ziri gordin eta kritiko zenbait bota izan nituen eskuineko kontserbadoreen kanta ohikoak zirela eta, hala nola modan zeuden haiek, Gorriek ez dute deustako balio, bakarrik bakarrik izorratzeko... Eta halakoxeak. Dena den, Jon Zabaletaren Xua, Taka eta Klok marrazki poetikoek, irudimenez, fineziaz eta graziaz beteek artikuluen astuna arintzen zuten maiz.
Hala bada, ene uste apalez Euskal Herriko lau hiri nagusietako egitura garestiegia zela-eta, hasieran hogeita bost mila ale saltzeko asmoek porrot eginen zutelakoan, edo ez ziotela etekin politiko handirik ikusten, kontua da 30 ale bakarrik plazaratu zituela, aldizkari zenbaiten bizitza galkorra, luzapen handirik gabekoa, baieztatuz.
Giroa urte haietan aski gogorra zen, eta halaxe adierazten du Imanol Esnaolak idatzitako Lezoko Euskararen historia soziala liburuak (1999), baina bertan esaten diren eta baieztatzen diren zenbait gauza zuzendu beharrekoak dira. Adibidez, dionean: Ezkerreko joera zutenen artean ere ez ziren gora-beherak falta izan. Euskal Herriaz zuten ikuspegiaren arabera nabarmenak ziren diferentziak. Agustina Pontestak zuzen-zuzenetik ezagutu zuen egoera hau eta horren adibidetzat jartzen digu Imanol abeslariari gertatutakoa: Liga Comunista Revolucionariako jarraitzailea zenez, eta honek marko politikorako espainia (sic) hartzen zuenez, espainolista zela leporatuz, harrika bidali zuten Lezotik kantaldi batean. Ez dakit zer urtetan eta noiz gertatu zen hori, baina garbi dago Imanol ez zela izan Liga Comunista Revolucionaria taldekoa. Egia da ETAn izan zela garai batez eta geroago harremanak izan zituela KB-UCkoekin baina ez zen izan, inoiz, nik dakidala, Ligakoa. Bestalde, harrika inor bidaltzeak ez du merezi izenik, edo ez naiz ausartzen hemen esatera.
Halaber, dioenean Doroteo Esnaola izan zela ikastolari eragozpenak jartzen saiatu zena. Doroteo lazkaotarra zen, bere anaia-arrebak bezalaxe (Leonardo, Demetrio, Teresita... ) eta denak euskaltzale handiak izan dira eta inoiz ez ikastolaren kontrakoak. Eta hau dela-eta, historia triste bat kontatzera noa. Une batez gertatu zitzaidan gau-eskoletan euskara emateaz gain, ikastolako juntakoa izatea. Bertan zegoen Patxi Larrea ere, antzezlaria, dantzaria eta harakina, eta egun batez esan zigun institutuan lanean ari ginenok herriaren kontra ari ginela. Beste batean, nire harremanak zirela-eta, bi lizentziaturen izenak eskatu zizkidaten, tituluak eta irakasle onak falta baitziren ikastolan. Bi izen eman nituen: Maixus Zugasti, Salamancan lizentziatua, eta Arantxa Urretabizkaia, hau Lur-eko kidea. Hasieran Arantxa Urretabizkaia onartu zuten, titulua baitzuen, baina komisario-edo batek –kontatu zidatenez eta ez naiz gogoratzen izenaz, baina Lezora kanpotik etorritakoa inondik ere–, ez dakit ze informe mota eman zion Markos Zabaleta apaiz zegamarra zen ikastola zuzendariari, zeren honek, edo honen aginduz beste norbaitek, ez nago seguru, Arantxak dagoeneko bi aste lanean gustura eginak zituela, eta haurrak ere pozik, hilabeteko soldata poltsikoan sartu eta bidali egin zuen esanez: ez etorri gehiago hemendik. Arantxaren bizitzako disgusturik handienetako izan zela uste dut. Noski, abertzale batzuengan nuen fidagarritasunak ere peko erreka joa zuen, antza denez.
[Hau idatzita daukadalarik Berria egunkariak (2014-VIII-17) Miel Anjel Elustondok Arantxari egin elkarrizketa dakar bi fotografirekin, non aski begirada tristea daukan, eta besteren artean Pamielak argitaratuko dion errelato biografikoan dioen: Hurrengo urtean Patri Urkizuk Lezoko ikastolan lana inguratu zidan. Lanean hasi eta astebetera, gurasoak etorri zitzaizkidan; tartean, ama bat, nire gelako ume baten ama. Bailarako bilera egin zutela esan zidaten, eta Egiako ikastolatik bota nindutela jakin zutela, eta ezin nuela nik han lan egin, lotsagarri zitzaiela... ]Bestalde PNNen borrokan jarraitzen genuen, hau da, irakasleen lan-baldintzak hobetzeko lanean, hala nola euskara Institutuetan eta Irakaskuntza ofizialean sartzeko ahalegin guztiak egiten. Lankide nuen Jose Antonio Meokik ORT En lucha, Proletarios de todos los países y pueblos oprimidos unámonos, zeritzan eta goiburua zuen aldizkariaren 1977ko apirilaren 3ko alean zioenez, bageneramatzan Estatu osoan hilabete eta erdi huelgan, zeren hirurogei milatik gora baziren irakaskuntza ertainetan inolako egonkortasunik gabe ez lan kontratu zehatzik gabe zihardutenak. Gogoratzen dut, orobat, nola Triunfo aldizkaria besapean genuela gelditzen ginen zitetarako probintziako hirietan, institutuetako borroka-bilerak antolatzeko eta kontsignak aurrera eramateko. Bazen orduan aldizkari elebidun bat ere, Irakasle izenekoa, non itzulpen-lantxo batzuk ere egin nituen. Eta oroit naiz nola behin Usandizaga Institutuan gau osoa itxita igaro genuelarik, kantaren bat asmatu genuen eta irratian eman: Peneneak, peneneak, otso beltzaren aurkako...
1977ko uztailean Kriselun plazaratu nuen Askatasunaren alde erori diren eta borrokatzen ari diren guztiei eskainitako poesia liburua, Dorrejilko kanta, aste honetan Susak ezarri duena Interneteko sarean komentario honekin:
Dorrejilko kanta, nekeen balada. Patri Urkizuren senak, ezagutzak eta inplikazioak sortutako Dorrejilko kanta (Kriselu, 1977) herri xehearen nekeak islatzen dituen balada dela esango genuke gaur egun. Balada, kantore edo erromantze, kantagarri bat dugu inondik ere lan hau, ahozkotasunaren tradizioan kokatzekoa, Arestiren hainbat lan poetiko bezala: gure lirika zaharrak bideratua da. Alabaina, frankismoaren aurkako borrokaren gorienean kokatzen da Urkizurena: zanpaketa, heriotza, kartzela... eta esperantza handi bat, suminduraren adinakoa. Erreforma esan zaion iruzurrak Euskal Herrian ekarri zuen desengainuaren eta sufrimenduaren isla da Dorrejilko garrasia, poema bakarra osatzen duten lauko txiki guztiak lotzen dituen kontzientzia harro baten ahots herrikoia.
Baina ez ote zuen egileak eskubiderik liburu hori gehiago ez argitaratzeko, edo baimena Kriseluk baldin bazuen, eskatu ote dio Susak, edota nik liburuttoa zuzentzeko (grafiak, morfologia, egitura... ) eta beste poema batzuekin poesia-liburu mardulago bat ateratzeko asmoa izan badut, zer egin dezaket orain? Lehen gauza ez ote zen galdetzea sortzaileari ea nahi ote zuen edo interesatzen zitzaion berrargitaratzea edo baimena eskatzea, bederen? Bada errebista bat Renteria. Amnistia titulutzat daramana, Euskadiko Amnistiaren aldeko batzordeak sinatua eta besterik gabe, aurkezpena ekaina 1977an egina duena eta honela hasten dena:
Maiatzaren 12an eta hurrengo egunetan berri hunkigarriak sortu ziren Euskal Herritik. Berriro Erandio, Gasteiz, Jurramendi, Hondarribia eta hainbeste lekutako gertakizun tragikoak; berriro “ordenaren” indarrek herriaren kontra tirokatzen eta bizitzak mozten zituzten. Eta berriro ere Euskadiko herri osoa altxatzen zen adierazteko greba orokorraz eta kalean, bere elkartasun ikaragarria eta bere borroka gogoa...
Hilen eta zaurituen zerrendak ageri dira bertan, eta haien artean ageri da nire lehengusu txiki bat, errenteriarra, 62 urte zituela tiroz hila bere etxeko balkoian: Gregorio Maritxalar Aiestaran. Barrikada- eta manifestazio-garaiak ziren eta haietan oihukatzen genuen: Herriak ez du barkatuko... Cuerpos represivos disolución (al paredón). Eusko gudariak gara Euskadi askatzeko... Beste aldizkariak, uztailean datatuak, Gogoan har dezagun lematzat daukanak, Errenteriako asanbladaren ikerketa-lana izan zenak, Germanen (Iruñea, 1978-VII-8) eta Joseba Barandiaranen (Donostia 1978VII-11) gorpuen eta barrikada baten fotografiak dakartza kontrazalean. Errenteriako asanbladaz at, Donostiako auzoen borroken gorabeherak ere (Larratxo-Alza, Herrera, Intxaurrondo eta Astigarraga) badakartza. Baita ere Panier aldetik, hau da, jatetxe ospetsutik, Oiartzun ibaiaren beste aldetik hartuta polizia batzuek gozotegi batetik pastelak nola lapurtzen zituzten erakusten duen argazki bat ere. Balirudike ezen Martín Villak baimen osoa eman ziela Miranda de Ebrotik etorri ziren FOPeko indar gosetu basatiei eta bortizkeriaz ezin asetuei zernahi gauza egiteko.
Oroitzen naiz grebak benetan orokorrak izatera iritsi zirela. Goizean goiz ateratzen ginen etxetik eta pinudiren batean biltzen ginen, haren babesean hegan zebiltzan guardia zibilen helikopteroek kontrola ez gintzaten. Batzuetan, Lezotik Oiartzuneraino joaten ginen, oinez noski, eta hantxe ezkutuan hasten zen bilera. Askotan Rafa Egiguren, gerora poeta eta txinerako itzultzailea izango zenak zuzendua. Lehenbizi inguruko enpresen egoeraz informatzen zen. Zein zegoen paroan eta zein ez, eta haietara joan behar zen ala ez laguntzera, langileek beren erabakia har zezaten. Eta probintziako eta beste herrialdeetako albisteak kontatu eta ongi ausnartu ondoren, erabakitzen zen greban jarraitzea edota uztea, erabakia Errenteriako Eliza Nagusiaren aurrean egingo zen asanbladan hartzeko.
Luis Haranburuk urte batez Irun Sariak zirela eta Caridad izeneko nobela aurkeztu zuen eta saririk irabazi ez zuenez, eta argitaratzeke gelditu, euskarara itzultzeko eskatu zidan eta horixe egin nuen, gero M.A.k zuzendu zuelarik eta orraztu. Oso harrera ona izan zuen, Txuma Lasagabazterrek hitzaldi batean laudorioztatu baitzuen eta Karlos Santistebanek beste gauzen artean honakoa zioen:
Irakurri dudan azken liburua Luis Haranburu Altunaren “Caritate” izan da, eta ezin gera naiteke sorterazi didan mirespena nolabait adieraztera eman barik. Irudimenaren mundu malgua da hain zuzen eskaintzen zaiguna etenik gabe. Imaginazioaren ostatuan aritzen da jo eta ke hitzaren mailu trebe den Altuna. Esan beharreko oro soineko hegalariz hezurmamiturik aurkitzen dugu, eta ezin, alferrik, jaietako jantzirik bilatu, oro dagerkigu adierazpidearen estalki berritsu. (Zeruko Argia, 1980-I-20, “Caritate”: irudimena nagusi).
Iruzurraren partaide izan al ginen? Sosak ongi etorri zitzaizkigun familia aurrera eramateko eta, jakina da, gainera, beltzen tradizioa luzea dela literaturaren munduan. Haranburuk baten ordez bi zeuzkan, gutxienez.
Sanferminetako historia odoltsua ere aipagarria da, eta ez bakarrik zezenek hildakoengatik, zeren eta 1978koetan guardia zibilek Germán Rodriguez hil baitzuten manifestazio batean. Duela gutxiko Argia batek (2014-VII-20) oroitarazten zigun gertaera eta azpimarratzen nola 36 urteren ondoren senideek ez duten inolako azalpen ofizialik jaso eta epaileek ez duten inor zigortu.
Haranburu editorialean 1978an gaztelaniaz argitaratu nuen lehen liburua, batxilergoko ikasleentzat prestatua, Lengua y Literatura Vasca deitua, Koldo Mitxelena maisuari eskainia zen. Bi parte zituen. Lehenengoan hizkuntzaren sarrera ematen zen, eta bigarrenean euskal literaturaren historia, testuen bidez, testuok euskaraz eta gaztelaniaz zeudelarik. Poesia, teatroa, nobela, saioa eta bestelako generoak aipatzen ziren modu xume eta xaloan. Joxe Azurmendik Egin egunkarian, 1978ko azaroaren 19an, igandez, artikulu bat aski interesgarria atera zuen erreseina moduan-edo nire liburuttoa aitzakiatzat harturik, titulu honekin: Saioa dela-eta, euskal literaturan. Noski, Montaigne aipatzen zuen, baina baita Axular, Etxepare, edota Mitxelena ere... Oroitzen naiz zuzenketak egiteko, garaian modan zegoen analisi morfosintaktikoa zuhaitzen bidez ilustratzea eta inprentara agudo iristearren, Bilbon baitzegoen, Luisek utzi zidala bere beribila, diseinu futurista zeukan Citroen markakoa, tiburoia deitzen zen haietakoa. Aurkezpena Juanito Kojuan, Donostiako Parte Zaharrean egin genuela ere bai, Juan Ignazio Paul Arzak adiskideak, gerora Zubieta aldera bizitzera eta Nafarroako gauzez arduratua, Eibarko sozialismoa aurkeztu baitzuen kazetarien artean. Tartean Juanito San Martin ere hantxe zegoen. Liburuak Itxaropena argitaletxean Zarautzen moldiztegiratu ziren.
Bestalde Ministerio de Educación y Ciencia delakoak egina zuen deialdia (1977ko otsailaren 17ko Ordena), zeinetan zenbait Institututako plaza gelditzen ziren Concurso de Oposición Libre, Oposizio Libreko Norgehiagokarako. Ohi bezala Jauregiko gauzak mantso baitoaz, Matilde, Koldo Mitxelenaren emazteak errepikatu ohi zuen bezala, Bilbon egin genituen eta gainditu... Gogoan dut encerrona deitu proban–kontatzen zutenez, bat baino gehiago urduri jarrita leihotik salto eta azterketatik ihes egina zela–, Literaturas catalana, gallega y vascas actuales izan zela gaia, eta prestatzeko informazio gisa zenbait liburu erabili nituela, hala nola Germán Beilberg eta Julián Marías irakasleek Revista de Occidenterako prestatu Diccionario de Literatura Española (4. ed. 1972) delakoa. 1978ko uztailaren batean eman zen behin betiko erabakia eta nire izena zerrendan ageri zela, Itziar Michelena eta Miguel Sagües eta beste anitzen artean. Eztabaida franko gertatuak ziren PNNen artean oposizioetara joan ala ez joan, boikot egin ala ez, eta alternatiba gisara lan-kontratu zehatz bat eskatu. Baina gauzak zeuden bezala, beti irakaskuntzan behatzez eginiko izendapenak baino bidezkoagoa zela epaimahai zuzen eta aditu batek kontrolatzea eta plaza probak egokien egiten zituenari ematea, pentsatzen genuen. Noski, gerora ere plazadunaren lana behatzaileek kontrolaturik, erosotasunak, utzikeriak eta alferkeriak kutsa ez ditzan.
Nire Lezoko etxeko ganbaran liburu zaharren artean duela gutxi begira ari nintzela, garai hartan idatzitako soneto bat aurkitu dut, Euskal poetak eta artistak G. Aresti-ren omenez deituan agertzen dena, eta hona ekartzea bururatu zait une hartako oroigarri gisara:
HARRIZKO HAMALAUKOA GABRIEL ARESTIRI
Non-nahiko taberna zuloan zure bozak
Aspreki, solasetan oro zuen lehertzen;
Gero, kaleetan zehar zinen paseiatzen,
Haizatuz memorietako ezin pairatu lotsak.
Gazte kezkatioi zure ele garratzak
Zorroztasun bidea zigun adierazten,
Non diren benetan beharrak oroitarazten,
Nola jo dituen euskal herriak zigor gaitzak.
Alabaina, bizi ezinaren eskoletako
Zelaietan zenbiltzan soil, eta armaturik
Dialektikaren suaz usua askatzeko.
Gaur, elurra urtu da, belztu da tristaturik
Karrikan haurtxoari negarra baitario,
Eta estratak odolez baitaude gorriturik.