2003

Urtarrilak 1.

ANTOINE d´Abbadie Fundazioak 2003ko Urteberrirako, Frédéric Soulu zuzendariaren bitartez, bere desiorik hoberenak (Meilleurs voeux) opa zizkidan, Jauregia eskainiz Abbadiaren biografia-saiakeraren aurkezpena bertan egin nahi banuen. Eta pentsatu nuen ez zela leku desegokia eta, beraz, halaxe egingo genuen.

Urtarrilak 10.

Lermako autobus geltokian deskafeinatu kaxkar bat dastatu nuen. Arratsaldeko seiak eta hogeita bost minutu dira eta mendikatea elurrez jantzita ageri da. Ilunabarra benetan zoragarri, ortzia sutan bailegoen, zenbait hodei more eta arrosaz inguraturik. Florentino mugalariaren joan-etorriekin dabil nire buru-errota, aitarekin zuen adiskidetasuna, gure etxean igarotzen zituen uneak... Halaber, Chahoren kantutegia eta baladei buruzko lana zintzilik daukat oraindik, amaitu gabe, bultzada baten zain.

Otsailak 1.

Donostia Hiria Sariak, ohi denez Kutxak antolatuta; honen Andia kaleko sotoko aretoetan biltzen gara. Eta eztabaida batzuen ondoren erabakitzen dugu, hamar antzerkiren artean, Telesforo ez da Bogart obrari ematea saria. Plika ireki aurretik Ana Toledori esan diot nire susmoa, eta asmatu dut norena den, ez baitzen oso zaila, estiloa eta gaia ezagutuz gero. Alegia, Xabier Mendiguren suertatu da irabazle. Igor Estankonak (Deia, 2003-VII-01) oso axalezkotzat jo zuen antzerki honetaz beste gauzen artean honakoa idatziko zuen:

“Casablanca” film famatuaren euskal remakea da idazleak aur-kezten digun jolasa. Antzezle talde batek Telesforo Monzon eta bere emazte Maria Josefa, Victor Laszlo eta Ilsa Laszloren lekuan ipini di-tuzte. Historikoki posiblea eta zinematografikoki aldrebesa den ideia aintzat hartuta antzezle taldeak entsegu bati ekiten dio. Filmearen oinarrienganako fideltasunaren eta tentagarria den bat-batekotasu-naren artean “Casablanca” berri bat sortzen da ezinbestean. “Casa-blanca” klasikoaren itzalak hor jarraitzen du, ordea, eta antzezlana-ren beste erdia betetzen du. Tarteko ekitaldien funtsa aktoreen arteko eztabaidetan dago horrenbestez.

Otsailak 9.

Iruñea. Maisonnave hotela. Lau izarduna. Mendiak elurrez jantzi dira. Igandearratsaldeak benetan tristeak dira futbolzale ez direnentzat, eta kalera irten naizenean oso hiri probintzianoa iruditu zait garai bateko erresumako hiriburua. UNEDeko Tribunaleko beste lankideekiko berriketak pixka bat arintzen du bakardadea eta zirimiriaren hezea.

Otsailak 10.

Hotelean gosaldu eta taxia hartzen dugu Sadar futbolzelaiaren ondoan dagoen Unibertsitateko egoitzaraino. Eguraldiak hobera jo du eta zerua urdin dago, baina eguratsa hotz. Azterketa desastrea izan da, valija virtual deritzanaren sistemak porrot egin baitu. Eskerrak ikasleak nahiko ohituta daudela, eta gu ere bai horrelakoetara... Azken aldia dela hona natorrela, diot nire buruari, gaurko lanak bukatzen ditugunean. Hala ere, ibilaldi polita egin dugu gauez Emilio, Anjel eta hirurok hiri barneraino historiaz eta kultur politikaz hitz eginez ... Otsailak 11.

Goizean gogor lan egin ondoren, arratsaldean katedraleko kalostra bisitatzera noa. Gero Xalbador liburu-dendan sartu-irten bat egiten dut, eta hemen Bilintxen ez dauden zenbait idazki aurki daitezkeela ohartzen naiz. Noizko Euskal Herri osoa kontuan hartuko duen liburu-denda on bat? Parte Zaharretik ibilaldi luzea egin ondoren, nekaturik bukatu dut. Bakarrik egoteak akitu egiten baitu, ez bainaiz animatu, ez molestatzeagatik, Goio Monreal edo Xabier Olarra adiskideei deitzera. Hotelean afaltzen dut. Aski txepela, zeren nolakoa egongo baitziren nik daukadan apetituarekin urdaiazpikoa eta arrautzak mahaian uzteko... Otsailak 19.

Blanquerna, Generalitateko liburu-dendan gure errebistaren (Revista de lenguas y literaturas catalana, gallega y vasca) VII. alearen aurkezpena. Beti bezala, dekanoa, Julia, Joan eta neroni mahaian. Betiko aurpegiak, ez da hizkuntza hauenganako apopilo berririk sortzen. Beraz, bukatutakoan ohiko baikortasunez, cava bat, eta adiskide bakan batzuekin afaltzera.

Maiatzak 17.

Asier Etxeberriak deitu zidan galdetuz ea nahi genuen grabazio bat egin Anton Abbadiaz Sautrela telebista programarako. Baiezkoa eman nion eta arratsalde batez Hendaiako jauregian izan ginen nik idatzitako biografiaz hitz egiten, eta elkarrizketa hura irudi ederrez hornituta eman zuten hamazazpian. Felipe Juaristi izan zuen, besteren artean, Asierrek laguntzaile.

Ekainak 4.

Portugaleten azterketak zaintzen. Atseden aldi batean banoa Puente Colgante deituaren azpitik igarotzen den plataforman Ibaizabal igaro eta, euripean, patxadan, Getxoko portura. Yateak kulunka etengabean haizearen eraginez kalaka-hotsekin, mendian behera artaldeak bailetozen. Kantoi honetan iluna sartu da, eder eta triste, Iparraldeko portu bazterra dirudi. Jendea Roland Garroseko tenis partida ikusten ari da. Ferrerok irabazi du. Afaltzera noa. Piperrak bakailaoz beteak eta dorada labean. Alberdi botila erdia. Itsasoaren koloreak zeru ilunpean hunkigarri. Argi gutxi bazterretan.

Ekainak 5.

Selektibitate azterketak berriro euskaraz. Bergarako talde batek eta neronek itzuli ditugu etsaminak, Iparraldeko ikasleek Parisera joan gabe egin ahal izan ditzaten. ETB etorri da eta ikasleekin ari dira mintzatzen. Gero euskaratik gaztelaniara pasatzen ditugu eta pittin bat hobetzen. Bidasoaz haraindiko anaiekiko solidaritatea izanen da, ezta? Hala ere, batzuk kexu dira, argitasun guztiak eman arren, euskaraz edo gaztelaniaz beren programak eta espainolak ez direla berdinak eta... , zer eginen diogu, bada... Portaeran okerrenak, Aleman Kolegioko señorito aberatsak.

Ekainak 9-13.

Girona. Azterketak. Hiri honek, bere zubi, arkupe eta etxeen koloreekin gehiago dirudi hiri italiar bat espainola baino. Une libreetan parte zaharra bisitatzen dut. Katedrala eta inguruak. Auzo judua eta sinagoga zena, Juduen Museo eta Ikerketa leku bilakaturik. Sefardien kanten liburuxka bat erosten dut. Elena Romerok prestatu Coplas Se-fardíes edizioa, Kordobako El Almendro argitaletxeak 1988an moldiztegiratua. Azken poemaren (Los guisados de las berenjenas) azken estrofak honelaxe dio:

Todo esto que oístes, cale a lado su abanicoY harés um buen piaz com pimienta y prijilicoY em cada dos bocados beberes vuestro vinico,Que ansí está ecomendado tanto pobre como rico

Agur afarian UNEDeko Patronatuko burua dago eta detaile handiz mintzatzen zaigu 23 Faz, bera une hartan Diputazioko Ahaldun Nagusia baitzen, katalanen formula oso gustatu zaidalarik: Alcalde de Alcaldes... .

Madrilera itzulitakoan Uda ikastaroa martxan jartzen saiatzen naiz: De la balada a la copla pasando por el rock. Tradición y pervivencia de los cancioneros populares. Uztailaren zazpitik hamaikara izango zen, eta irakasleekin mintzatua nintzen. Ávilako Uda Unibertsitatean eratzekoa zen, baina errektoreordeak atzera bota zidan antolamendu guztia, ikasle gutxi matrikulatu zelako. Beraz, beste porrot bat. Zabalkundea egin zitekeen beste modura, horretarako dauka UNEDek ikus-entzunezko tresneria, baina haserrealdia izan arren, hitz emandako irakasleekin konpromisoa deuseztatu behar izan bainuen. Ez zuen konponbiderik izan. Bakarrik Interneten gelditzen da ikastaroaren aipamena eta okasiorako prestatu nire ikerketa lan hura (“El cancionero inédito de Agosti Chaho y las baladas europeas”) geroago argitaratuko zela eta horren esperantzarekin kontsolatu behar izan nuen.

Garai horretako Txillardegiren gutuntxo bat aurkitu dut nire paperen artean, abuztuaren 21ekoa, aski interesgarritzat jotzen dudana; bere osasun-arazoez eta kezkez mintzo zait [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 27)].

Erantzun nion, noski, Mundaiz bilduman plazaratu tesiaren II. tomoan transkribatu nuela seigarren folioan zekarren hura a Tenedo, Tene-do irlatic, irlatican. Eta Lhandek ere bere hiztegian halaxe jasotzen duela lapurterazko hitz gisa. Urteen eraginez edo noizbait irla atera bazait nire testuetan, Mikel adiskideak nahikoa adar jo egin izan dit barrez leherturik, berarentzat lege nagusia zaharren erabilera baita.

Abuztuak 31.

Igandea. Iritsi gara Montparnasseko geltokira. Beraz, Parisen gaude berriro. Maratoi egunean suertatu gara eta ez dabil autobusik. Maletak hartu, eta gurpiltxoei esker, bagoaz gehiegi nekatu gabe aurkitzen dugun lehen jatetxera: Au chien qui fume. Zakur erretzailea. Diseinu xume eta polita, zakurra pipan erretzen. 15:30ak dira. Lau ordu eta erdi ibili ondoren, Place de Vosgesen musika latino-amerikarra entzuten eta atseden hartzen gaude orain. Hotelera goaz eta Margari ez zaio gustatu gela, maindireak zabaldu eta panorama ikusiz. Alde egitea erabakitzen dugu. Eskatzen dut kontua ordaintzeko eta galdetzen dit atezain pakistandarrak ea zergatik goazen, horixe erabaki dugula besterik gabe eta ordaintzen diot.

Ospa, alde hemendik, ea hotel txukunago bat aurkitzen dugun ez oso urrun.

Irailak 1.

UNED, Parisen garai batean Euskal Gobernua egon zen egoitzan dago kokatua, eta baita Cervantes Institutua ere. Alma-Marceau metrotik nahiko gertu eta bertako gorputz eta arima Paco de la Rosa idazkaria da. Zuzendaria, Jesús Martínez Dorronsoro hernaniarra; eta irakasleetako bat Mikel Peziña nire Salamancako adiskidea. Jose Maria Lucasekin batera nago azterketak zuzentzen, baina lan handirik ez dagoenez, aski libre geratzen zaigu eguna, erdizka banatuz.

Irailak 2.

Gaur 57 urte bete ditut eta goizeko zortzi eta erdietan azterketak banatu ondoren, aski egun lasaia aurretik. La Seine ibai ertzetako bukinistei begirada ematen diet, baina aspaldi da ez daitekeela ia deus interesgarririk aurkitu bertan. Balada zaharren peskizan nabil. Dena den beti da atsegin ibai ondotik paseatzea gabarrak eta ontziak ibaian gora eta behera nola doazen ikusiz. Musée des Arts et des Métiers delakoan Léon Foucaulten pendulua miresten dugu, non frogatzen den lurraren jirabira. Afaria Le square Trousseau jatetxean, kiosko pollit baten inguruan. Entsalada, zola, txipiroiak eta ardo zuria, Le Cour Cheverny, zuri lehorra, luziendar zerbitzariak esan zidan eran.

Irailak 3.

Chantillyra goaz txangoan, egun pasa. Condé Museoko liburutegiak liluraturik utzi nau eta Adrien Morronten Recueil des Chansons, Rouen 1620 edizioak ere hortzak luzatu dizkit. Bai, halaber, 1470eko Petrarcaren lanak. Eskuizkribuak, inkunableak, zer ez... Gero, parketik zehar ibili ondoren, eskulturak, tenplotxoak, belardiak, urtegiak eta ahateak kontenplatuz, taberna bilakatu txabolatxo xalo batean entsalada xume biz eta kafe banaz elikatzen gara.

Irailak 4.

Goizean goiz berriro UNEDen. Ateak zabaldu, azterketak antolatu, banatu eta idazten duten bitartean, Lucien Febvre-ren Amour sacré, amour profane, Autour de l'Heptaméron irakurtzen dut, El Paísi errepasoa eman ondoren. Nafarroako erreginaren arteaz eta fedeaz, XVI. mendeko andere miresgarri haren, jakintsuenaren testuei buruzko komentario zehatzak. Bai lekuen bai bizi ixtorioen egiantzekotasunaren garrantzia. Afaria Le Petit Pontoisen entsalada eta bakailaoa... Irailak 6.

Larunbata. Atzo gauean Pilar Algarra, Cervanteseko ekitaldi kulturalen zuzendaria ezagutu nuen, Valentzia aldekoa, zehazki el Xinorlet, Monovarkoa, telebistan urte anitz lanean aritua eta antzerki bat idatzia. Peziñarekin, Pakorekin eta Garmendiarekin Mario Onaindiaren bizitzaz eta heriotzaz mintzatu gara. Egin zituen deklarazioez. Konstituzionalista, nazionalista eta gisako etiketez eta sinplekeriez. Ez al dira bada konstituzionalista alderdikideak, eta nola ETAk egindako hilketek desitxuratzen dituzten ikuspegi anitz, gauzak aztertzeko moduak eta irizpideak. Eva, Vincent, Pako eta beste batzuk jatetxe libanoar benetan ona den batean egon gara. Vincent frantsesa da, eta Sarkozyren miresle agertu zaigu. Antza denez, balio handiko politikotzat baitauka. Eva malagueña da, aspaldi Parisen dagoena eta bi seme-alaben ama. Benetan oso koadrila atsegina eta kultura zabalekoa osatzen dute.

Irailak 7.

Goizetik Saharako erakusketan izan gara. Bertako desertuak, palmondotegi eta oasiak, hala nola Kristo baino bostehun urte lehenagoko zenbait pintura. Oso estilizatuak, abereak, gizon ehiztariak, emakumeak, eta abar. Samo izeneko jatetxe korear batean bazkaltzen dugu, bandeja handi batean hamabi kikera ezberdinetako jakiak bertako zerbezarekin dastatzen ditugularik.

Irailak 9.

Troyes. Hamaikak eta hamarrean iritsi naiz trenez hiri honetara eta ordu bata laurden gutxi arte ibili naiz batera eta bestera, liburu-dendetan gelditu gabe bakar-bakarrik, pastoralen iturri eta etorki ziren Bibliothè-que bleue delako edizio zaharren bila. Liburu-saltzaile guztien erantzuna bera izan da... introuvables... aurkiezinak. Kalitate gutxikoak baitziren, eta papera ere eskasa zutenez, ez zuten irauten luzaro eta bukinistek ez diete balore handirik ematen. Beraz, Liburutegira joan beharko dut eta han kontsultatu interesatzen zaizkidanak. Sartzen naiz eta erakusten dizkidate kontsultatu nahi ditudanak, ohar batzuk hartzen ditut eta Parisera itzultzen naiz, eta Margarekin afaltzen dugu La Fontaine de Marsen. Pariseko bistroetarik zaharrenetarikoa. Dotore, bere gortina txuri-gorriekin. Janari frantses klasikoa. Hau da hau multzo bitxia! Adin orotariko gizon eta emakume bapoak. Parisen xarma. Gizon zaharrak sabel-zorro galantadunak modeloa izan daitekeen neskatxa beltxaranarekin, eta hau, aldamenean baitut, entzun dut, gauza izpiritualak behar dituela, esanez. Burges familia guraso eta seme-alabak, neska japoniarrak aurpegia portzelanazkoa dutela diruditenak, ingeles amerikar garaiak, ahots gora besterik mintzatzen ez dakitenak. Zein baino zein txotxoloago. Bada espadone à la basquaise, beraz, ezpatarraina euskal erara bada, probatu egin beharko. Azkenean hau dena irensteko kafearen ondoren un petit calva(dos), kalva bana eskatu dugu.

Irailak 10.

Montparnasseko geltokian bazkaltzen dugu eta trenean lasai-lasai irakurtzen dugu erositako zenbait liburu: Le Catalogue de la Bibliothè-que bleue de Troyes, eta Milan Kunderaren L'Art du roman, ea ideiaren bat ematen didan, beti ariketa kritiko-literarioak idazten ez egoteko. Donibane Lohizuneko geltokian eri bat grabea omen dago trenean eta bertan denbora pixka bat igarotzen dugu, Euskal Herriko usaina gertu daukagula eta pozik.

Irailak 25.

Alfonso Sastrek Hondarribitik, Historia de la Literatura Vasca liburua bidali ondoren, honako ohartxoa igorri dit: Querido Patri: ¡Gracias mil por tu precioso regalo! Un Abrazo muy afectuoso. Alfonso.Urriak 7.

Aurtengo Poesia Sari Nazionalera 31 poema bilduma aurkeztu dira eta zenbait botazio eta iritzi trukeren ondoren, Julia Ucedaren En el viento hacia el mar saritzen dute. Nik Juan Kruz Igerabideren Mailu isila proposatu dut, Succiones itzulpena ez gustatu arren, nire ustez hoberentsuenetakoa baita. Norgehiagoka honetan poeta gehienak andaluziarrak dira, baina hor dago Carles Miralles ere, D'Aspra dolcesarekin, Joan Margarit, Joanarekin, Rosa Escudero Cifra y aromarekin, Agustin García Calvoren musa eta UNEDen lankide daukadana, injenioz betea, herri-kanta eta kultuen arteko lotura ederrez apaindua.

Urriak 25.

Irun Poesia Sariak. Hondarribiko Karlos V Paradorean. Kutxako idazkaria eta epaimahaia bildu gara, ohi bezala: Santiago Aizarna, Henrike Knörr, Lourdes Otaegi, Iñaki Aldekoa eta neroni. Bakoitzak bere iritzia eman duelarik, Aizarnak beti bezala makinaz joa dakar bere testu komentarioa, iruzkin gutxien egiten duena Henrike da eta azkenean, deliberamenduen ondoren, Joxe Agustin Arrieta Ugartetxearen Or-baibar obra hoberenetsi dugu. Kontrazalaren barne partea, Lourdesek esaten duen bezala, Testuartekotasuna eta hizkuntza-jokoa errealitatearen konplexutasunaren mimetismoaren ikur: poesia barne-mamuen gatazkale-ku antzetsua, jokatua eta xehekatua da autorearentzat. Zortzi urte igaro dira Grafittien Ganbara saritu genionez geroztik, eta hau ere lan bikaina zen, metafora ederrez jantzia eta poesiaz hausnarketa sakonak zekartzana, polemikoa eta kritikoa.

Azaroak 19.

Jabier Muguruzaren kantaldia Clamoresen. Zerbeza bat edaten dudan bitartean, Muguruzak bere Enegarren postala disko berria presentatzen du. Ez gaude asko baina bai euskal kanten fidelak, El Paíseko Fernando Neirak dioen bezala, Una voz lúcida titulatzen duen artikuluan. Jabierrek akordeoia eta ahotsa jarri ditu, Txema Garcések baxua, Joseba Loinaz pianoan aritu da eta Rufo Urbina bateriarekin. Bertso ederrak eta kanta antimilitarista umorez betea... Jazz klub xuabe batean gaudela dirudi, eta entzule-kantariaren arteko harremana fina, errespetuzkoa, gozoa. Agurtu eta etxera.

Abenduak 12.

Ostirala. Ohi bezala Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan ematen dira Toribio Altzaga sariak. Bederatzi antzerki epaitzeko eta beren balio dramatikoak eta euskararen kalitatea kontuan harturik, Ama, hor al zaude, obra saritu dugu ohiko epaimahaiak, Danielek, Eugeniok eta neronek; Pablo Barrio aguraindarra gertatu da egilea. Afrikako beltzen herrialdeetako ixtorioak. Petrolioa lapurtu eta saltzetik nola bizi diren... medizina-arazoak... , egun-egungo erreportajea antzeztua.

Abenduak 17.

Marijose López de Ayala lankide eta adiskide ona hil da minbiziak jota. Hileta-elizkizuna, solas unibertsitarioak tarteko, oso hotza iruditu zait. Ez dago konparatzerik, noski, hileta-elizkizunetan Bergaran edo Lezon biltzen den jende kopuruarekin eta abesbatzen ederrarekin, herriaren presentziak ematen duen elkartasunarekin.

Urte honetan bibliografiara begirada bat emanez gero, hor ikusten ditut, besteak beste, poeta afganoen nire itzulpen batzuk eta Iratzeder, Itxaro Borda eta Mikel Arregiren (hau aspaldian poemarik argitaratu gabea, baina azken finean adiskidearen eskaerari amore emana) poema hautaketa SERTA, revista iberorrománica de poesía y pensamiento poético aipatuan, eta “Baladen itzultze eta moldatze moduez” Lapurdumen, zeinaz geroxeago, hots, Balada zaharrez liburutxoa argitaratuko dudanean (2005) mintzatuko naizen.

REVISTA IBERORROMÁNICASERTA. POESÍA Y PENSAMIENTO POÉTICOUNED 1999...