1989
LUGON 1989ko martxoaren 31, eta apirilaren 1 eta 2an idazle galegoen Bigarren Biltzarra ospatu zelarik, Ramon Etxezarretak kontatzen duenez (Hegats 1), Uxio Novoneiraren Os eidos poetaren itzulpena, Koldo Izagirrek egina, aurkeztu zen. Euskaldun idazleek nahiko lan bagenuen euskara batua geureganatzen. Hor genituen bederen Mitxelenak ezarritako arauak, denok errespetatzen genituenak (Kardaberazkoek izan ezik), baina galegoek lanak zituzten beren hiru bideekin. Lehena, gaztelaniatik oso hurbil zegoena, castellanista deitua. Bigarrena, lusista, hau da, portugesera hurbiltzen zena, idazleak, merkatuari so bazegoen, portugaldar eta brasildar irakurleen kopurua batuta zenbaterainokoa izan zitekeen kontuan hartuta har zezakeena. Eta hirugarrena, erdibidean zegoena. Makina bat eztabaida bazuten euren artean. Otordu gozoekin amaitzen ziren bilerak, Ribeiro jaunaren eta Queimada anderearen konpainian, katedralak bisitatuz, Cunqueiro, Fole eta besteren hobietan poemak irakurriz, eta beste.
Iraultza Frantsesaren bigarren mendeurrenarenean Jean Baptiste Orpustan irakasleak Bordelen, CNRSi zegokion ikerketa saileko arduradun bezala, Baionako Département Interuniversitaire d'Études Basques delakoarekin batera nazioarteko jardunaldi batzuk antolatu zituen ekainaren 30etik uztailaren 1era. Bertan hamaika irakaslek hartu genuen parte, historialariak eta literatura-kritikariak denak. Emaitzak honako izenburua darama portadan: 1789 et Les Basques. Histoire – Lan-gue – Littérature. Eta tartean Harispe jeneralaren irudia. Orpustanek sarreran dioenez, historialariek gertakizunak beren koadroan kokatzeko lana egin dute (Jean Goyhenetche, Joseba Agirreazkuenaga, Paloma Miranda... ), dagokien bezala, eta hizkuntzalari eta literatur kritikoek euskal gizartean idazleen artean gertaera handi haiek izan zuten harrera. Pierre Bidart Iraultza Frantsesak hizkuntzei zegokienez hartutako neurriez mintzatu zen; Aurelia Arkotxak testu ofizialen garaiko euskaratzeaz idatzi zuen, ohartu gabe (geroago Pello Salaburuk ere egingo zuen bezala) lana egina zela eta benetan ongitxo, Mitxelenak klaseetan erreferentziazkotzat ezartzen zuelarik jadanik Margarita Ricak egin eta ASJUn 1975ean editatu tesinan (Traduction en basque de termes politiques sous la révolution). Haritschelharrek Nazioneko besta poemaren balioak goraipatzen zituen Jules Vinsonen iritzi ezkorraren kontra, Orpustanek Piarres Lafittek aurkitu eta argitaratu Salvat Monho (1749-1821) poetaren ziri-xehetasunak xehekiro aztertu zituen eta neronek garai hartako euskal bertsoak orokorki aztertu nituen. Hasieran, 1789ko oinarrizko aipu hura erakartzen nuelarik askatasun gogoeta gisa: liburu egilei zilegi behar zaiote izan liburu suerte guzien egitea, kondizionereki soilki, liburu egilea eta autora bera izendatuko direla bere obretan.Ekainean lan-bidaia egin ondoren, uztailean beste mota batekoa egin nuen, hamarretik hogeira. Aitzakia: txosten bat aurkezten nuela Lancasterren Sixth Triennial Colloquium delakoan, alegia, Erdi Aroko Teatroaren ikerketarako eratu Nazioarteko Taldeak antolatu zituen solasetan. Beribilez atera ginen Antiguako Matia kaletik Xabier Olarra eta biok goizeko hamarretan. Bidean bazkaltzeko atsedenaldi bat hartu ondoren, gaueko bederatzi eta erdietarako Bruselako Grand Placen geunden. Benetan ederra zen. Visa hartzen zuten hoteltxo batera eta errestaurantera joan ginen; afaldutakoan ibilalditxo bat egin genuen hainbeste ordu beribilez igaro ondoren, zangoek eskertu zutena, eta hurrengo egunean Rotterdameko porturantz abiatu ginen. Ez genuen pentsatzen hain handia izan zitekeenik. Europako porturik handiena dela ikusi dut Interneten, Pasaiako portu txikira bainengoen ohituta. Rotterdam-Hull ferrya, ontzia hartu genuen hogeita zazpigarren kaian. Gauez igaro zuen Ipar Itsasoa eta hurrengo goizerako Britainia Handian geunden. Lehorreratu, eta, lehenengo gauza, Eskozia aldera jotzea egin genuen, eta han goizez sartu ginelarik, hotel batera joan eta whiskia eskatu. Tradizioarekin bete genuenean –eta benetan gustagarria zegoen zurrutada hura–, kafesne beroa ere eskatu genuen, uztaila izan arren ez baitzuen batere berorik egiten.
Edinburgora ere igo ginen eta Walter Scotten monumentua agurtu ondoren, mendebaldeko kostan zegoen Lancasterrera abiatu ginen. Aurrez aurre Isle of Man eta harantzago Irlanda. Massip, Quirante, Manuel Gómez, Rafael Portillo ginen Espainiatik igotakoak. Kongresuko hizkuntza bakarrak, ingelesa eta frantsesa. Ez zeuden denak oso pozik. Gauean zerbeza batzuk edan genituelarik, Xabierrek arrakasta handia izan zuen hegoaldekoen artean. Akten fotokopiez moldatu liburukotea jaso genuen. 65 txosten, eta ia denak interesgarriak. Lancaster utzi eta Banburyra inguratu ginen, han baitzegoen Urtzi, familia batean ingelesa ikasten. Elkarrekin ordu batzuk eman eta Londresera jo genuen; bidean Shirburngo gazteluari begiradatxo bat eman genion. Hango Earl of Macclesfield jauntxoaren liburutegian zeutzan Pierre d´Urteren eskuizkribuak, baina partikularrentzat itxita zegoen, eta jauregira igarotzeko bidea krokodiloz beteriko urtegi batek inguratzen zuen. Zehatzago esateko, lubaki gaindiezin batek.
Londresen, bila zebilen nobela beltzak aurkitzen lagundu nion Xabierri. Baziren liburu-dendak benetan gertaturiko krimenez betetako apal osoekin. Gogoan dut hauetariko andere historiagile baten etxera ere joan ginela eta aurkitu zuela Xabierrek bila zebilen nobela. Nik ere erosi nituen liburu batzuk, gaeliko hiztegiak, musika bildumak, Bédierren Les légendes épiques edizio zaharra libera erdian, eta zortzi liberatan Captain Leslie Richardsonek Londresen 1927an argitaratu Things seen in The Pyrenees French & Spanish, fotografia ederduna. Tate Galery eta British Museum ere bisitatu genituen. Egiten zuen beroarekin biak bibotedun eta janzkera berdintsuarekin, ea anaiak al ginen galdetu ziguten behin baino gehiagotan. Ia planorik gabe, mendian ibiltzeko jaidurak lortzen zuen gauez Londresko kaleetan zehar hotela aurki genezan.
Xabierrek itzultzeko hegazkina hartu zuelarik, abuztuaren 21ean iritsi zen Marga, eta oraingoan Gales aldera abiatu ginen. Bath hiritik, erromatarren garaiko bainutegia, abadia zaharrak eta etxe dotoreak zituenetik pasa eta gora jo genuen, Eskozia aldera, baina oraingoan mendebaldeko kostatik. Isle of Sky. Uharte honetan ere izan ginen Talisker whiski destileria bisitatzen. Hango lakuak, mendiak, basoak, hango hodeiak batetik bestera igarotzen eta lakuetan zilarrezko eta berunezko koloreak pintatzen, benetan parajerik erromantikoenetakoa bilakatu zitzaigun biontzat. Gaztelu urrun batean eskoziar gonaz jantzitako etxeko nagusiarekin afaltzea, benetan liluragarria. Pena ura hotz samarra zela eta ez ginela bainatzen ausartu. Glasgowera jaitsi eta hango portutik Belfastera pasatu ginen. Benetan gerra egoera zegoela zirudien, zeren eta hirira sartu ginenean hantxe ikusi genuen burdinazko ate handi bat, hesi beltz bat hilen koroez betea. Aparkatu eta pub bat bilatu genuen. Han bai, barrenean atsegin zegoen. Zerbeza eta janaria ona zen eta jendeari ez zitzaion umorerik falta balada zaharrak kantatzeko. Liburuak ere baziren eskura esalkien ondoko apaletan. Kale batetik bestera pasatzeko zentzu bakarreko burdinazko ate birakariak igaro behar genituen eta poliziaren furgonetak erabat grisak ziren. Ez zuten ez matrikularik, ez inongo seinalerik, munstro beldurgarriak ziruditen.
Beraz, handik Dublin aldera alde egitea erabaki genuen. Bidean gindoazela, soldadu talde ingeles bat ikusi genuen korrika gure aurre-aurrean karreteran batetik bestera pasatzen. Atentaturen bat gertatu berria behar zuen izan, edo entrenamendu-maniobraren bat. Uztailak 30 zituen goizean beribila hartzera joan ginenean, eta dagoeneko Dublinen geundelarik, ohartu ginen leihatila hautsita genuela eta atzeko partean ziren liburu, gabardina eta poltsak lapurtuta. Poliziarengana jo genuen eta hauek dagoeneko bilduak zituzten hantxe lapurtutako gauza guztiak. Garaje batera joan ginen leihatila konpontzera eta honelako lanetan goiza galdu genuen. Eskerrak gauean pub batean barre aski egin genuen mutil zahar batekin. Sekula ez zuen ardorik probatu eta aita santua ere ez zuen gehiegi maite. Benetan gauza arraro eta bitxia hain leku katolikoan.
Trinity Collegeko liburutegian egon nintzen, eta esku artean eduki nuen Edward Lhwydek eginiko latin-euskara-ingelesa hiztegia (MS 1320-9): Abhinc-handic-thoce, Bellum, batalla, guerla, war... , Curro, laster, irun... , Dominus, Jauna, Sir... , Heri, atzo, yesterday... , Ita, bada, hala, so... , Vulnero, lot ceçaten lagun gazte, wounderaino zihoana. Kopiatu nituen orrialde batzuk, baina egia esan ez zen interes handikoa, Joanes Leizarragaren Testamentu Berriaren itzulpenetik jasoak baitziren euskal hitz haiek, eta, beraz, codex descriptus bezala kontsidera zitekeen. Hots, berrikuntza batere ez zuena, bitxikeriarena baizik.
Galwayra joan ginen. Corrib ibaiaren bokalera inguratu ginenean, hura edertasuna. Dena zegoen zisne zuriz beteta. Gaeliko pixka bat ere entzun genuen, andereño eta haur batzuen ahotan. Pub batean mozkorturik builaka eta garrasika zeuden zelta zibilizatu gabe batzuk, eta Margaren truke libera batzuek eskaini zizkidaten, begi ezti kolorekoak baitzituen eta ile kixkur ilunekoa baitzen orduan. Irrintzi euskaldun batez erantzun nien izuak eraginik eta alde egin genuen. Corkera. Han itsasontzia hartu genuen Le Havre aldera. Gogoan dut Margak oso gau txarra iragan zuela, erabat mareaturik. Hiri frantsesean askoz hobeto sentitu zen eta Donostiara iritsi ginenean, Eskoziako paraje miresgarriak garaile irten ziren oroitzapenen ganbaran.
Donostian II Nazioarteko Literatur Topaketak. Narraziogintza eta Kritika prestatzen hasi ginen. Itzulpen sistema, idazleen hautaketa eta beste. Urriaren bitik laura iraun zuen, eta entzule gehiegirik ez zen izan, tamalez. Harrera hitzaldia Imanol Murua, Diputatu Nagusiak egin zuen. Hitz batzuk prestatuak nizkion, Diputazioak euskararen historia mantentzen izandako zeregina aipatuz, hala nola lehen euskal gramatikaren ordaintzen, hau da, Salamancan 1729an argitaratu zen Larramendiren El Imposible Vencidon. Gorde dudan fotografian agertzen garenak: Anjel Lertxundi irribarretsu, Imanol Murua irakurtzen bere traje eta gorbataz jantzia, Txomin Peillen bere ohiko tximeletarekin eta neu, jertsea bizkarrean, Arzallusen eran... Joseba Arregi, Kultura Sailburuak Hegatsek eskaini sarrera hitzetan zioen, Handia zuen erantzukizuna, hitza argi bihurtu beharrean ilundu dezakezutelako, garden egin beharrean, norberaren ispilu huts, sortzaile, aldatzaile eta askatzaile bihurtu beharrean, lotura huts bihurtu dezake-zutelako absolutismoaren liluraz, dogmakeriaz, arinkeriaz... Beraz, erne egon gintezen abisatzen zigun, idazleon arriskuez ohartarazten... geroago berak idatzitakoei ere, argi eta garbi bere buruari aplika zekiokeelarik.
Itzultzaile talde batek lagundu zigun testuak euskaratzen eta hauexek izan ziren zehazki. Xabier Mendigurenek Paola Traversoren testua. Paola, gure adiskide Bernhard Hurch hizkuntzalariaren neskalaguna, psikokritikan aditua zen eta Wuppertalgo Unibertsitatean, Engelsen jaioterrian irakaslea; oso une atseginak igaro genituen elkarrekin. Koldo Bigurik Vincenzo Consolo eta Danilo Maneraren testuak. Azken hau Milango Unibertsitateko irakasle eta hispanista ezaguna; Xabier Kintanaren laguntzaz Ramon Saizarbitoriaren Cento Metri (1985) eta Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae... (1995) itzuli ditu italierara. Alemaniatik eta, zehatzago esateko, Hamburgetik iritsiak ziren Juta Heinrich eta Angela Pietrzik, bi walkiria marginaliaren antzutasunaz eta literatur postaz hitz egitera. Finlandiatik Jarkko Laine eta Ingmar Svedberg, Frisiatik Tsjêbbe Hettinga eta Wilco Berga, Irlandatik Seamas Mac Annaidh, neuk kontaktatua, Maite Gonzalezek itzuli zituenak; Norvegiatik John Gustavsen eta Estoniatik iritsi Aivo Lohmusen txostenak, Koro Navarrok. Halaber Galeuzcako ohikoak: Galiziatik Francisco Salinas, Bego Montoriok itzulia, Kataluniatik Marta Nadal eta Vicenç Villatoro, Josu Zabaletak itzuliak, eta Euskal Herritik Txuma Lasagabaster, Txomin Peillen eta Andu Lertxundi, azken honek bere obrari buruz.
Lasagabasterren titulua hauxe zen: “De Arranondo a Obaba, pasando por Madrid”. Txumaren analisia, ohi bezala, oso dotore idatzia zen; Parisen Roland Barthesen ikasle izana, EUTGn Literatur Kritika irakasten zuen eta bereziki Narratologia. Kurtso bereko ikasle eta jarraitzaile dira Maria Jose Olaziregi, Iñaki Aldekoa eta Joseba Gabilondo. Mitxelenak bere zorroztasunez behin hala definitu zuen, “parvenu” bat da, iritsi berria zela euskal letren mundura; noski, tesia Aldekoaren nobelagintzaz gaztelaniaz burutua zuen eta ez beste askorik gehiago. Baroja ahantzirik geneukala, formaren inflazioa emateari zela-eta, euskal literaturari egin geniezaiokeen mesederik handiena euskara ahaztea zela zioen; euskal narratiba ez ukatu arren, zalantzan jartzen zuen su consistencia y su ca-lidad, no sólo estética, sino narrativa y hasta lingüística, alegia, kalitate estetikoa, narratiboa, eta hizkuntzari zegokiona, berak ongi menderatu ez arren, bai. Eta Atxagaren literatura goraipatzen zuen, tradizio kultua eta herrikoia lotzen jakin izan zuelako. Horixe preseski izan zen Euskadi Saria eman genionean eta elkarrekin epaitu genuenean neuk idatzi nuena. Dena den, beti pentsatu izan dut zein-nahi hizkuntzatan idazten delarik ere, ezinezkoa dela hizkuntzaz liberatzea, bere lehen materia denez. Topaketen aktek Hegats 2 Literatur Aldizkaria osatu zuten eta 1990eko maiatzean plazaratu ziren. Beraz aski azkar, ohiko atzeramenduak kontuan hartzen badira.
Urriaren 25, 26 eta 27an Liburuaren III. Europako Batzarra ospatzen zen Valentzian eta haraxe joan ginen. Hiriak izandako modernizazioak benetan txunditu gintuen, basakeria iruditu arren hiri bati ibaia kentzea. Hantxe ibili ginen agintari, liburugile, ikerle, zabaltzaile eta dendari mordoxka: suediarrak, holandarrak, ingelesak, frantsesak, italiarrak, alemanak, portugesak, poloniarrak, hungariarrak, galegoak, katalanak eta euskaldunak... Asmo oneko biltzarra zen, baina ez dakit ondorio on askorik izan zuen. Associació d'Escriptors en Llengua Catalana, Asociación de Escritores en Lingua Galega eta Euskal Idazleen Elkarteko ordezkariek (Jaume Pérez Montaner, Uxio Novoneira eta neu) hemen honela laburtzen dudana aurkeztu genien biltzarkideei. Bat: Eremu Urriko Literatura guztiak sartzea Europako Komunitatearen Biblioteka Ondarean. Eta bi: hizkuntza hauetako literatura Europako hizkuntza orotara itzultzeko eta argitaratzeko funts ekonomiko bat sortzea.
Azaroaren 17tik 19ra Santiagon VI. Galeuzca ospatu genuen idazlearen konpromiso politiko eta literarioez; solas ugari sortu zen, batzuk interesgarriak, besteak aski aspergarriak.
Beraz, 1989. urtea anitz alorretan emankorra izan zela esan dezaket. Alde batetik, 1989ko urtarrilaren batetik aurrera UNEDen Profesor Ti-tular de Lengua y Literatura Vascas nintzen, oposizio-proba gainditurik, eta zegozkion lanetan murgiltzen hasia nintzen eta, bestetik, EIEn, hots, Euskal Idazleen Elkartean, euskal literatura munduratzeko ahaleginetan jo eta ke nenbilen, eta Madrilen martxan jarria geneukan Revista de Lenguas y Literaturas catalana, gallega y vasca delakoa, egun Interneten digitalizatua dagoena. Donostian Hegatsen lehen alea plazaratzea lortu genuen, zeinari Anjel Lertxundik bere ohiko zutabetxoan, ez zion etorkizun handirik ikusi, orokorrean literatur errebistak bizitza laburrekoak omen zirenez... Dagoeneko 52. alera iritsia zaigu.