Urtarrilak 1.
EUROA martxan. Hondarribira paseatzera joan garelarik Gipuzkoako Kutxatik ateratzen ditugu lehen euroak. Aro berri bat hasten ari garen sentimendua. Zaila izango da pezetak ahanztea, baina polliki-polliki denboraren poderioz ohitzen joango gara, agian, kalkuluak eurotan egitera. Kirol portutik bueltatxo bat ematen dugu.
Urtarrilak 4.
Gaur ostirala da eta Donibane Lohizunera goaz egun pasa. Merkatuan inguruetako baserritar batzuk euskaraz mintzo direla entzuten dugu, beren barazkiak, sagarrak, onddoak, gaztak eta beste saltzen dituzten bitartean. Nire begiak uhartetxoan XVII. mendean eraiki zen komentura joaten dira beti; han lapurtera klasikoz hitz egiten zuten bertako fraideek elkarrekin, eta han idatzi baitzituzten beren solasak, otoitzak eta poemak, lehen euskal edizioak osatuz.
Urtarrilak 10.
Berriro Madrilen. Santa Isabeleko etxebizitzan obretan ari dira, sotoa eta eskailerak konpontzen. Ekialdeko langileak dira. Noizbait pollitago geldituko da, baina orain dena hautsez beteta datza. Metroa Moncloan hartzeko zain. Aurrez aurre bi neska pollit, beltxaran eta karpeta handiekin. Benetan ederrak dira, ezpain finak dituzte eta beltzez jantzita daude. Batek no hay rabo feo, dio besteari; alajaina, ez dela buztan itsusirik, zenbat ote ditu bada ikusi eta dastatuak?Urtarrilak 15.
Fakultateko lanak bukatutakoan, Abadian nago mahaitxo batean espinakak, gasna eta ardo on bat dastatzen afari-legearekin konplitzeko, nire zulora erretiratu aurretik. Bi neska gazte aldamenean esertzen zaizkit, eta nire barne elkarrizketetan nagoen bitartean entzuten dut batak besteari dioela, Quedamos a cenar y el primer día nos contamos mogollón. Alegia, elkarrekin afaltzeko gelditu ziren lehen egunean gauza pila kontatu ziotela elkarri. Eta gero? Aldameneko flamenko dantza-saioalditik tximeleta berritsuak bailiran sartu da neska talde bat gizon bizardun flakoxta bat inguratuz eta ahots goraz mintzatuz.
Urtarrilak 27.
Pantzo Hirigarayk hirugarren aldiz irabazten du Donostia Hiria literatur saria antzerki sailean: Beherearta (1998), Lamindegiko lamiak (2000) eta Garatenea (2002). Azken hau pilotarien eta gazteen arteko giroaz komedia libertigarria. Dantza, harremanak... ezin esan ez duela aparteko grazia bat eta ezagutzen ez duenik Donibane Garazi inguruko mundua, eta noski, bertako euskara bikaina. Jelostuko ote dira hegoaldeko antzerkigileak?Urtarrilak 31.
Parisetik gutun bat iristen zait. Javier Elorza enbaxadoreak bidalia non adierazten didan Pierre Bidart irakasle eta adiskideari Encomienda de Isabel la Católica eman behar diotela otsailaren 8an bere egoitzan eta Bidart pozik legokeela bertan banintz. Bidart baigorriarrarekin beti tratu ona izan dut eta eskertzekoa da, noski, gonbidapena.
Otsailak 11.
Astelenita, tolosarrek esaten dutenez, Inauterietako astelehena. Primerako eguraldia, zerua urdin, aroa ezin hobea. Urgullera igo ondoren, Kontxako hondartzatik banoa Ondarretara ostertzaren borobila dastatuz begien lerro zuzenean. Masajistaren eskuak eta igurzteak sufritu ondoren, banoa ospitalera. Isidro, nire koinatua, aski larri dago. Denok gelditu gara jota medikuak esan digunean ordu gutxiko bizitza gelditzen zaiola.
Ezina zaiela deus ere egitea eta berandu ohartu direla, nonbait, minbiziaz, aski maiz eta arreta handiz azterketak egiten zituen arren.
Otsailak 15.
Euskaltzaindiko Literatura Batzordeko bileran Jon Kortazarrek esan dit Bilbo Udaleko saiakera-saria irabazi dudala. Hala ere, zertxobait poztu nauen arren, Isidroren agoniak kezkatzen nau gehiago. Liburua argitaratzen denean, Anton Abbadia 1810-1897. Biografia saioa, portadaren barreneko aldean epaimahaiaren ohar hau ageri da: Mikel Agirreazkuenaga, Xabier Kaltzakorta eta Jon Kortazar jaunek osatutako
“Miguel de Unamuno III. Saiakera Lehiaketako” euskarazko modalitateko epaimahaia Bilbaon bildurik, Iñaki López de Aguileta jauna idazkari jardun dela, aho batez erabaki du saria Patrizio Urkizu Sarasuari (Lezo-Gipuzkoa) ematea “Anton Abbadia 1810-1897. Biografia saioa. Zelüko izarren bidia” lanagatik. Bilbon, 2002ko otsailaren 13an.Apirilaren hamaikan emango dira sariak publikoki Bilboko Udaletxean. Gelditzen zaidan fotografian ezkerretik eskuinera ageri gara: Daniel Innerarity (gaztelaniazko saiakeraren irabazlea), Iñaki Azkuna (alkatea) eta neroni. Aurrean Unamunoren brontzezko burua. Ekintza honetan bai Iñaki Azkuna, bai Joseba Arregi, Danielen adiskidea, aski urrun iruditu zitzaizkidan, hots, goi postu batetik beheko bati ariko balitzaizkio bezalako sentsazioa izan nuen. Arregik aitortu zidanez, berak betidanik izan zuen negozioetarako joera. Baina benetan ongi badihoazkio ere, ez nuke nik bizi nahi bizkartzainez inguratuta. Hurrengo egunean El País (IV-12) egunkarian ematen dute albistea. CEDROko zuzendari den Juan Mollák, saria zela-eta apirilaren 19an bidali zidan gutunean, zoriontzen ninduen eta mi más cordial enhorabuena ematen. Bidebarrieta eta Newsletter-en honako oharra agertuko da: Patri Urkizu ha hecho un trabajo enorme de archivo, y el resultado es preciso y sistemático, a la vez que agradable de leer.
Otsailak 16.
Ospitalean Isidro azken arnasak ematen. Inguruan Marikrutx emaztea eta besteok. Gaur hil da. Urtetan ezagutu dudan gizonik zuzenetarikoena. San Juan Bataiatzailearen parrokian, Lezon, berak hainbeste lan egin duen lekua txukuntzen eta mantentzen... Egiten den hileta-elizkizunean Leonardo Esnaolak, elkarrekin izanak baitziren Rwandan ez aspaldi, benetan solas hunkigarria egiten du, negarra eraginarazten duena. Marikrutx lur jota geldituko da denbora luzez.
Martxoak 13.
Donostiako unibertsitario batek gonbidatuta, Chaminade Ikastetxe Nagusian Ruper Ordorikaren kontzertua entzuten dut. Nire Pío XIIko garaiak oroitarazten dizkit.
Martxoak 14.
Círculo de Bellas Artes. Igande bazkalondoa da eta Tyssen bisitatu ondoren, hemen nago erositako koadernotxoa zirriborratzen. Nire sentimendu, ohar eta gogoetez betetzen. Badirudi aspalditxo honetan zamarran koadernoren bat ez badaramat zerbaiten falta sentitzen dudala. Arratsaldeko lau eta erdiak dira. Aski baketsu dago une honetan saloia. La Pecera kafetegia. Kafea eta whiskia eskatzen dut ernagarri gisara. Sarrera, ohi bezala, euro batez ordaindu dut eta Minerva albiste aldizkaria jaso. Marlboro zigarro bat piztu dut eta hautsontzia aldameneratu. Nire eskuinean, etzanda larru-hutsik marmol zurizko eskultura. Andere bat. Modernismoaren garaiak.
Ostegunean Bilbon Unamuno saria irabazi edo eman zidatenez geroztik kezkaturik nago. Ez zen izan kazetariekiko harremanik. Zergatik? Burutazio arraroenak sortzen zaizkit, baina burua hotz eduki behar da zergatia asmatzeko. Azkune alkatea harro, ezaxola eta kaxkarin iruditu zitzaidan. Egin zituen gogoetek ez zuten xentimoa balio. Zergatik behin eta berriz EAJk antolatu liburu-aurkezpenetan ez dute mailarik ematen? Gutxienez egileei hitza eman beharko litzaieke, ezta? Eskerrak epaimahaiari, sari-eratzaileari eta editoreei emateko soilik bada ere, baina ez Bidegileak aurkeztu zirenean, ez eta oraingoan, ez dute formalismo tipiena ere errespetatu. Eta komunikabideek nola jaso dute gertaera? Egunkariak, ohi bezala, ongi. El Diario Vascok fotografia huts batekin eta oin-oharrean guipuzcoano naizela adieraziz. El Paísek Bilboko udalak zabaldu oharraren arabera donostiarra naiz. Baina seguruena, Donostian jaioa banintz, ez nintzateke hemen euskaraz ohar hauek idazten arituko. Donostiarra, como decía Baroja con h intercalada. Hau bai dela lelokeria alkate baten ahoan sari bat ematean hainbeste maite omen duen Unamunoren sariaren aurkezpenean!Martxoak 19.
Luigi Pirandelloren Enrique IV antzerkia Bellas Artesen ikusten dut zuzendari José Tamayo, eta José Sancho protagonistaren paperean, Enrique Lloveten bertsioan. Errealitate absurdo, deseroso eta frustragarri batetik ihes egiteko zoramena izan daiteke irtenbidea, eta mugak askotan ez daude argi benetakotasunaren eta ametsaren artean. Ahotsa benetan zirraragarria Pepe Sancho, Curro Jiménez bandolero telebisiboarena. Klasikoak eguneratzeko molde egokia iruditu zait. Atsedenean Fernando Cristobal eta haren emaztearekin topo egin dut, eta komentatu dugu zertxobait antzerkia, elkarrekin Salamancan bizitako garaia, eta gaur egun Euskal Herrian bizi dugun egoera tragikoa.
Apirilak 5.
Itziar Aduriz errenteriarraren, Bartzelonako Unibertsitatean Linguistika Orokorra Departamentuan lan egiten duenaren partetik gonbidapena jaso dut eta hementxe nago Bartzelonaz gozatuz. Afaria Restaurant 7 portes-en, any 1836.
Apirilak 6.
Liho-fabrika zena Arte Garaikidearen kokaleku bilakatua. Institut de Teatre, Museu Maritim, Las Atarazanas Reales... Bartzelonaren ederra...
Apirilak 7.
Tiran(ia) erakusketa. Urtarrilaren 23tik apirilaren 28ra. Enver Hoxha diktadore estalinistaren bizitzaren inguruan (1944-1990), beraz, hitz jokoa eginez titulatu dute erakusketa, Albaniako hiriburua den Tirana eta Tirania hitzak elkartuz. Bashkim Sehehu idazle exiliatuaren begiz antolatua. Boterearen eraikuntza sinbolikoak, ikus-entzunezko muntaiak, errealismo sozialistaren pinturak eta eskulturak, diktadorearen liburutegia mendebaldeko idazle ospetsu ezkertiarren dedikatoriekin... Bunkerrak, inbaditu ez zitzaten. Gogoan dut lezoar gazte batzuek Albaniara joandakoan izandako arazoa, alegia, nola detenitu zituzten beren begien aurrean elkarrizketatu zituzten gazte batzuk... mendebaldearekin kutsatzeagatik zigor gisa.
San Anton merkatuko liburu zaharren erakusketa. Hau da nahas-mahas izugarria. Ondoren, Hotel Españan Lluís Domènech i Muntaner arkitektoak Rambletan eraiki Modernismo katalanaren joia preziosenetarik ederrenetakoan fideuà eskatzen dut.
Apirilak 8.
Unibertsitatean ematen dut hitzaldia eta Mikel Laboaren garai bateko irakasle adiskidea inguratzen zait agurtzera. Bazkalondoan Institutu Frantsesean Shoah filma ikusten dut eta luzetsi arren, bukaeran Claude Lanzmannek bi hitz argigarri zuzentzen dizkigu. Benetan hunkigarria juduez egin zutena. Motoan Francescekin Bartzelonan barrena eta Un altra Lolita Versus teatro tipian ikusten dugu. Arthur Trias zuzendari, eta interpreteak, Manuel Dueso eta Leo Castro. Neskatxa gaztearen eta gizon zaharraren arteko amodiozko harremanak. Ikusleak ia eszenatokian gaude, gertu-gertutik ikusten ditugu, sentitzen, kasik. Leo Castro larru-hutsik... Erotismo sakon, argi eta garbia dario.
Apirilak 9.
Biblioteca de Catalunyan igarotzen dut goiza kanta zaharrak miatzen. Gero Santa Maria del Mar ingurura joaten naiz, elizari bisita egin eta jatetxe tipi estilo modernistan bazkaltzen dut, bakarrik ene gogoetekin. Milla teatro liburu-dendari ere bisitatxo bat egiten diot eta ohi bezala antzerti zaharraz mintzo diren zenbait nireganatzen ditut.
Apirilak 18.
Madrileko Ateneoan UNEDek ohiko Jardunaldiak Narratibaz antolatu ditu, eta presentazioak egiteko ohorea suertatzen zait. Oraingoan ez areto handian, ttipian baizik. Bi adiskide aurkeztea ez da zaila. Mari Jose Olaziregi eta Ramon Saizarbitoria. Baltasar Porcel bizitzeko beharrezkoa dugun errealitate-dosiaz mintzo zaigu, irudimenaz. Gorrotoaz eta amodioaz, pintoreak koloreak lantzen dituen moduan idazleak dituela hitzak tratatzen... Manuel Rivas galegoa eta Luis Mateo Díez leondarra beren obrez mintzatzen zaizkigu, aski modu sotil eta dotorean. Atseden une batean Ramon Saizarbitoria eta Juan Aranzadi aurkezten ditut eta, orain esaten den eran, bien artean bibrazio onak sortu direla esango nuke... Apirilak 20.
Orratx 51, Lezoko aldizkarian 2002ko apirilean Joxe Juan Ugaldek elkarrizketa luze bat egiten dit eta bi orduko solasa bost orritara laburtzen da. Bertan nire irakurketez, liburuez, euskal literatura ikerketez, nazionalismoaz, ETAz (Josejuan beldur da, biok esandakoak ageri badira arriskuan egon ez ote gaitezkeen), Gernikako Estatutuaz, Autodeterminazioaz, Munduko egoeraz. Berriki irakurri ditudalarik han esandakoak ez dut uste gauza handirik aldatu naizenik gogoeta ildo nagusietarik. Pertsonarekiko beharrezko errespetuaz eta abertzale, ezkertiar eta sozialista izateko modu heterodoxoari buruz.
TANGERREKO BIDAIA
Ekainak 4.
Beribila hartu, Urtzi Grosen jaso eta bagoaz Hondarribiko aireportura. Hegazkinak matxura izan duela eta ordu bat eta hamar minutu beranduago aireratzen gara. Ez dakit Tangerreko abioia hartzeko garaiz iritsiko garen. Hamaikak eta hamarrean lurreratzen da Barajasen, eta irteera, hobeto esan, enbarkatzeko ordua hamaikak eta bostean den arren, korrika eta presaka kontrolak igaro eta hamaikak eta hogeita bostean B-14 sarrera-atera iritsi gara eta irakurri dugu delayed, atzeratua; beraz, lasaitu gara pixka bat. Iristen garenean, Gibraltarreko hertsidura iragandakoan, behin portu frankoa zen nire agiriekin Tangerreko aireportura pasatzen naiz eta Urtziri ea zein egunkaritako journalist den galdetzen diote... Egunkaria, erantzun du. Aldamenean frantses mordo bat beren ehizarako jantzi eta eskopeta-errifleekin. Karmen itxoiten geneukan eta alokaturik duen bere etxe ederrera eraman gaitu, beti bezain adeitsu. Bazkaldu ondoren paseatzera atera gara, eta arratsalde osoa eman dugu Tanger hiriko bazterrak, zokoak eta txokoak, bazarrak eta dendak, alfonbrak, kilimak eta tapizak, bitxiak eta joia preziosak ikusmiratzen. Gibraltarreko itsasartea argi eta garbi ikusten den Haffa tabernan egon gara tea hartzen eta ferryek itsasoa nola iragaiten zuten ikusten, Europatik Afrikara zein itsaso puska ttikia den baina askorentzat zein zaila den igarotzea, bizia galtzen baitute bertan. Afrikako hondartzatxotan ontzi ttipi batzuk ikusten ziren gauaren zain.
Hotel El Minzahen, hiriko hoberenetakoan eta portuko bista ederrak dituen honetan whiski bat edan dugu marmolez eta iturriz jantzi aretoan. Gero Le Saveur du Poisson jatetxean afaldu dugu eta, izenari ohore egitearren, arraina probatu dugu eta baita beste hamaika gauzatxo ere, guk deus ere eskatu gabe ekarri dizkigutenak, zein baino zein hobeak. Ardorik batere ez, ordea. Bitartean, Karmenek luxuzko desterru honetako bizimoduaren berri ematen dit. Azkenean, saskitxo bat, kikera eta zurezko zalditxo batzuk oparitu dizkigute. Oheratu eta goizeko hiru eta erdietan gauaren isiltasun izarreztatuan muezzinaren otoitza entzun dut. Oso ahots ederra du, eta erdi lotan goizeko seiak arte iraun dut loak ezin hartuta.
Ekainak 5.
Assilah bisitatzera eramaten gaitu Karmenek. Kostako herri txiki hau bere hondartza eta etxe txuriekin eder-ederra da benetan. Jatetxe batetik igarotzean gure gidariak esaten digu maiz egoten dela bertan Felipe González politiko sozialista bere adiskideekin eta hondartzara ematen duten villa dotore horietako batean denboraldiak ematen omen dituela. Mikonos uhartearen antza aurkitu diot eta agian gu bezalako turistek hondatuko dute. Baina bestela zertaz biziko lirateke? Margarentzat lepoko kuttun bat erosi dut.
Ekainak 6.
Ceutara goaz. Espainol gobernupean dagoen hiri europarra da hau nabarmenki. Militarren eta funtzionarioen hiria. Alejandro latin-irakaslearekin eta teatro-zuzendariarekin goaz, zeren biek, hemen lan egiten dutenez, errenta-deklarazioa egiteko baliatzen dute eguna. Gauean selektibitatea egin duten neska-mutilekin afaltzen dugu, eta balirudike denak oso modernoak, europartuak edo izateko bidean daudela. Noski, burgesiaren kumeak direla ez dago dudarik. Afaldutakoan Alejandro jo eta ke dantzan nabarmentzen da eta nik dantzaldi pare bat ematen ditut Karmenekin... Ekainak 7.
Atzo beranduxko erretiratu baikinen, gaur lo bapo egin dut ohe gozo honetan.
Etxean gelditu naiz goizetik Karmenek dituen arte-liburuak begiztatzen: Visions de l’al Maghrib. Pintors catalans vuitcentistes. Fundación Caxa, 2001; Tuareg, nómades del desierto. Fundació Caixa de Pensions, 2001; El Arte Islámico... Uste genuen hiri barnetik ibiltzerakoan borondatezko gidari laguntzaileak aterako zitzaizkigula atzetik, baina ez da horrela izan. Antza denez, edo ez dut turista itxurarik edo ordena dute turistak bakean uzteko. Zentroan lanean ari den Consuelo Hernándezekin topo egin dut, nire Salamancako garaietako ikaskidearekin. Orain bere txolarteetan pinturara dedikatzen da. Bere bizitzaz, gizonez eta seme-alabez mintzatu zait... eta bere koadroen katalogoa oparitu dit dedikatoria maitagarri batekin. Portadako koadroa: Gran Teatro Cervantes 1913. Garai batean ederra izanen zena aski abandonatuta dirudi. Barrenean, besteak beste, Omar Jayyam, Robaiyyat-en aipu bat gaztelaniaz, hemen euskaratzen dudana: Denboraren iraganean pentsatzen, penatzen eta tristatzen denaz lotsa da denbora. Eta Edward Hopperen estiloan eginiko Tangerreko hainbat paisaia, hala nola Taxi a la entrada del (Café) Hafa, eta Las aguas del estrecho desde el Hafa... Gauean Mövenpick Hotel & Casino Malabatara goaz afaltzera. Errestaurante ezberdinak, jokorako saloiak –jokalari amorratuak omen dira marokoarrak, antza denez– musika-aretoak, sabel-dantza, ostra batzuk eta arrain freskoa. Aberatsentzat eginiko paradisutxoa... Itzuli beharrak eta hain adiskide onak uzteak, halako konpainiaz bereizteak benetan pena ematen du.
***Uda hartan, Agosti Chahok bildutako kanten edizioa prestatzen ari bainintzen, argitasun bila jo nuen Jean Haritschelharrengana eta hark gutuntxo bat igorri zidan Angelutik eskuizkribuaz eskatzen nizkion argibideak argituz [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 26)].
Ari nintzen bada aurreratzen polliki-polliki jada ezaguna nuen eskuizkribuaren transkripzioan, lehenik Telesforo Monzonen alargunak, Maria Josefa Muñoak Mende Berriko etxean erakutsia eta gero Euskaltzaindiari erositako CDaren kopian.
Nire urtebetetzean, Daniel Mangado, Gipuzkoa Donostia Kutxako Kultur-ekintzako arduradunak bidalitako gutun batean esaten zidan Xabier Letek osasun arazoak zituela eta ezin izango zuela beste urteetan bezala Irun Poesia sarietako epaimahaian parte hartu eta ea ordezkoren bat iradokitzen nion. Bi izen eman nizkion lan hori ongi bete zezaketelakoan: Koldo Izagirre eta Iñaki Aldekoa. Geroago ohartu nintzen bigarrena hautatzea erabaki zutela.
Irailak 26.
Gasteizen bildu gara Pedro Ugarte, Jon Kortazar, Maria Maizkurrena, Arantxa Urretabizkaia eta neroni Euskadi Literatura Saria 2002, gaztelaniazkoa saritzeko. Zenbait eztabaida eta iritzi-trukeren ondoren, Miguel González San Martín idazlearen, Portugaleten UNEDeko idazkaria denaren, Pobeñeses obra saritzen da, nire gogorako Miguel Sánchez Ostizen En el corazón de la niebla baliagarriagoa izan arren. Muzkizeko Pobeña auzoa ez nuen ezagutzen ere, eta antza denez, minimalismoa saritu dugu. Bizkaiko auzo apartatu honen garai bateko kontuak eta memoriak.
Urriak 15.
Madrileko bidean, autobusez, Irun Poesia Sariko hautagaiak irakurriz noa. Eta aurten Patxi Salaberri Muñoa aramaioar irakasleari suertatuko zaio Uretan idatziak poema bildumagatik. Epaimahaia: Santiago Aizarna, Henrike Knörr, Lourdes Otaegi, Iñaki Aldekoa eta neronek osatzen dugu. Felipe Juaristik El Diario Vascon idatzi erreseinan honela zioen: Azken za-tia, ukitu klasikoduna, da niri gehien gustatu zaidana. Eta kontrazalean dioenez, Ura du poema liburu honek euskarria, urez betea du tintontzia. Eta urez hornitzeko zurrupatzen ere du bizitzaren pats-ardo mikatza.Urriak 22.
Kultur Ministerioko Cervantes Aretoan gaude Literatura Dramáti-ca delako jeneroan iaz argitaratu antzerkirik hoberenari sari nazionala emateko. Hamabost obra, hoberena zein den erabakitzeko. Karlos del Olmoren Aldi joana, Joana, alegia, Joana Albreteko erreginaz eginikoa eta Toribio Alzaga 2000 sariaren irabazlea, non Joanes Leizarraga Joanarekin elkarrizketan ezartzen duen... , da nik aurkeztu hautagaia, baina bozketa batean lau boto lortu arren, erori egiten da azkenean, eta oso eskasa iruditzen zaidan testu bati, Ignacio Amestoy bilbotarraren Cierra bien la puerta, crónica de mujeres en dos actos antzerkiari ematen diote. Francesc Massipekin banoa bazkaltzera eta Etor argitaletxeak plazaratutako Teatro y Cine Vasco liburua oparitzen diot.
Enrike Aierbe, Etor-Ostoa argitaletxearen zuzendaria egun batez etxera etorri zitzaidan antzertiaz artikuluren bat egin nezan eskatuz, baina konbentzitu nuen Euskal Herri Enblematikoa zeritzan sailean egin zezakeela ale bat Teatroa eta Zinema gaitzat hartuz eta, ongi iruditu zitzaionez, liburua molda zezan materialak utzi nizkion, gaztelaniazko partea Juan Agirre Sorondoren esku joan zelarik. Maketazioa eta diseinu grafikoa, hala nola irudiak eta itzulpenak, talde profesional batek hartu zituen bere gain. Asmoz ta Jakitezek azaroko 128. zenbakian honela komentatzen zuen: La riqueza iconográfica de la obra, sumada a la calidad de las síntesis, hacen de esta obra un excelente instrumento de lec-tura y consulta, a la vez que un magnífico objeto bibliófilo. Noski, irakurketaz aparte, bazuela balioa liburu ederren zale batentzat ere. Luis Goya zine-produktore lezoarrari oparitu niolarik, benetan oso pozik jarri zen. Baina zergatik ez zuen testu-egileen izenik portadan ezarri Enrikek?
Urriak 24.
Blanka Urgellek bere doktore-tesia Larramendiren Hiztegiaz bikain igaro ondoren, Euskal Lexikografiazko Unibertsitateko plazara aurkeztu zen eta epaimahaian: Pello Salaburu, Ibon Sarasola, Patxi Goenaga, Henrike Knörr eta neroni izan ginen. Ohiko eran pasatu zen, alegia, tribunaleko bakoitza luzitzen eta gaiaren inguruan esateko zituenak esaten saiatu zen. Henrikek bere modu dotore humanistari jarraiki zion, gaiari axaletik helduz. Ibon betiko doinu zakarrean mintzatu zen, bere hiztegien monopolioaz obsesionatuta. Patxik bere jesuita garaian ikasitako heziketa atera zuen, ez baitzen oso aditua gaian. Eta Pellok bere kontrabandista hezigabearen era baztandarrean, aberats berri baten moduan, aztergaiari buruz deus guti jakin arren. Baina zergatik ez dira egiten plaza-deialdiak eta tribunalak irekiagoak, gaiarekin lotuagoak? Dena ondo joan zen eta bazkaltzera Blankaren betiko babeslea, Joseba Lakarra agertu zen, jakintsu eszentrikoaren boutadeak, keinuak, izugarrikeriak eta espantuak eginez. Euskal Filologiako haur hautatuak... Halaber, nola liteke Kultur Sailburuak katedra ateratzea epaimahai-burua bere azpikoa delarik? Eta ez naiz Blankaz ari... Euskal Unibertsitatea ongi ezagutzen duen irakasle atzerritar batek esan ohi dit, ez dagoela kritikarik Euskal Filologian, inork ez duelako kritikatua izan nahi. Ez da betetzen bertan, beraz, esaldi zorrotz hura, Amicus Cicero, sed magis amica Veritas. Alegia, Adiskide Kikero, baina adiskideago Egia. Eta iritzi hori beste arloetara zabalduz gero, oker gabiltzala esango nuke, kritika askea baita zientziaren funtsa. Autobusa arratsaldeko zazpietan hartzen dut, arabiar gazte eta agure zaharraren solasa entzuten dudan bitartean. Politikaz iritzi jakintsuak adituz, Gasteiztik Donostiara.
Abenduak 7.
Durangoko liburu eta disko ferian parte hartzera gonbidatu nautenez, hona mintzatzeko hautatu dudan gaia: Bertso eta koplak kanta-tuz euskal historia kontatu. Hau da Historia, Poesia eta Musika lotuz nola-halako euskal kantagintzari egin errepasoa. Hasi kanta apokrifoak moldatu faltsariekin eta Isaac Casaubonen esaldi harekin (1606): Ez dut ikusten zein ongarri arraio egin diezaioketen benetazko historiari zoro hauen asmakizunek. XX. mendean ematen den aldaketa politikoraino, adibidez, Lehen Mundu Gerran borrokatu zuen Louis Ligueix larraindarrarentzat bere aberria Frantzia zen bitartean, Pierre Bordazarre Etxahun, Mattin eta Xalbadorrentzat aberria Ama Uskal Herria bilakatu bide da.
Abenduak 10.
Madrid. Vinícola Mentridana, edo Unn-en taberna. Fakultatean egindako lanez atseden hartzen ari naiz bakar-bakarrik. Mostradorean basoerdi bat Solagüen, eta tapa batzuk. Madrid euria ari duenean oso desatsegina gertatzen da. Une honetan suediar adiskidearen ostatu hau jende gaztez betea dago, ia denak beren zinema, teatro, literatura, arazoez mintzatzen. Era berean musika flamenko ona entzuten da paradisu txiki bat dirudien gune honetan. Gazte ederren uhartean.