Urtarrilak 1.
DONOSTIAKO kaian Marga, bere lehengusina Karmen Arangurenekin La Redouteko erosketa-liburua errepasatuz. Ni itsasontziei begira. Hego haizea dabil. Belarien kalaka entzuten da eta ontziak oro kulunkatzen ari dira erresakarekin batera. Zerua goibel ageri da mendebaldetik eta argi ekialdetik. XXI. mendean sartuak gara.
PARISEKO BIDAIA
Urtarrilak 2.
Ohi bezala, Hendaian igo gara Parisera doan trenera eta arratsaldeko hiruretan iritsi gara. Balisak Hôtel de Carmesen utzi ondoren, bagoaz kalera ea fundamentuzko zerbait jaten dugun. Euri xingarra, zirimiri petrala ari du, konturatzen zarenerako erabat bustita uzten zaituen horietakoa, baina Bouillon Racinen eseri garenean, halako konpainiarekin dena aldatu bide da.
Urtarrilak 3.
Marga, oso gutxitan gertatzen zaion arren, gaixorik sentitzen da eta, onera egiten ez badu, etxera itzuliko dela dio. Pena litzateke benetan, ez baitut horrelako konpainiarik inoiz izan eta eguraldia, gainera, gaur ona dugu benetan. Musée Dupper-en egon gara Afrikako herrialdeetako artea ikusten. Benetan miresgarriak dira, magikoak, Nigeria eta Kongo aldean sorturiko ederlanak batik bat. Afari garairako badirudi gorputzaldia hobetu zaiola, eta bagoaz La Mosquée jatetxera. Hango formula orientalak 300 liberatan hammama, masajea eta guzti aurreikusten du. Ardi-kuskus plater on batekin tea edanez konformatzen gara. Mahaiek, ispiluek, arkuek eta kobrezko kikarek eta bandejek apaintzen dute lekua.
Urtarrilak 4.
Goizean goiz Liburutegi Nazionalera joan naiz eta bi eguneko pasea eman didate deus ordaindu gabe, joan den urtekoa oraindik baliagarri baitut. Harreragileak benetan oso modu atseginean errezibitu nau. Anton eta Arnauld Abbadia anaien arteko gutunak eta berauen eskuizkribuak ditut kontsultatzeko. Banka kontuak El Kairon, Massawan, Jeddah-en. Domingo morroiari bidalitako gutuna euskaraz. Hau bai aurkikuntza bitxia. Afaria Au Coude Fou-n, Zoro kolpean eta ardo beltz on bat edaten dut. Margak, ordea, infusio batekin aski du, oraindik ez baitzaizkio konpondu erabat barrenak... Urtarrilak 5.
Gaur ere Liburutegi Nazionalera itzuli naiz, eta atzo Anton Abbadiaren paperak eta paperak ikusmiratzen izan nintzenez –bizitza osoa beharko nuke eta ez litzateke aski izango bere epistolario osoa irakurtzeko–, Rôles Gascons originalak behatzen hasten naiz. Utzi dizkidatenak 1250ean hasten dira, baina niri interesatzen zaidana 1227koa da,... sub lingua vasconica scripta fuit... inter rotulos cancellarie remansit... , delakoak aipatzen duena, beraz, zerbait aurkitzekotan, seguruenez, Londresko Record Officen miatu beharko.
Irtendakoan, egoitza berean Arch Etiopienne arte etiopiarraz dagoen erakusketa ikusi dut eta katalogoa dendan erosi. Kontzertua gauean eta afaria benetan ona. Saint Louis uhartean dagoen Ulyses liburu-dendan munduan zehar dabiltzan itsaskargoei buruzko liburua erosi dugu. Bertako saltzailea den emakume atsegina Hendaiaz mintzo zaigu, eta urte batzuk geroago hondartzara ematen duen Kasinoan udaldean beste liburu-denda bat irekiko du.
Urtarrilak 6.
Errege eguna Espainian. Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Errenteriako Arzelustarrak. Frantzia errepublikanoan, noski, egun arrunta da, eta bukatu zaigu oharkabean astea. Pariseko egonaldi guztiak bezalaxe, hau ere ikusi-ezikusi gertatu zait, santiamen batean joan zait. Eta buelta berriro etxera Madrileko lanarekin jarraitzera.
Urtarrilak 7.
TGVn Parisen erositako liburuak irakurtzen itzulerako bidaian.
Urtarrilak 9.
Madrilen berriro. Fakultatean ohiko agurrak. Arratsaldean Abbadia tabernan. Ardo beltza. Solaguen 1997a. Atun xerra batzuk, oliokiak eta artikuluren bat edo beste noizbehinka txiriboginsa ederrei begiradatxoren bat jaurtikiz.
Urtarrilak 10.
Marta Cárdenasekin El Pradon.
Urtarrilak 16.
Jenaro Costasekin zerbeza bat edaten eta berriketan. Nola dagoen Merce, bere emaztea, galdetu diot. Gero Unn-en tabernan Tabucchiren artikulu bat irakurtzen hasi naiz. Bere aitaz mintzo da eta esaten du aitak ahotsa galdu zuenean arbeltxo batean idatziz komunikatzen zela.
Urtarrilak 27.
Enkarni Genuari eman diogu, hamaika lanen artean, Donostia antzerki-saria, Ostiralero afaria obragatik. Egia da emakume hori ez zaidala sobera gustatu inoiz bere txotxongilo famatuekin. Batez ere darabilen euskararen eskasa kontuan hartuta. Nola demontre ikasiko dute haurrek ongi hizkuntza bat ereduak kaxkarrak direnean? Eta kasu honetan nola hoberenetsi dugu obra? Norbaitek zuzenduko zion, seguru. Eta asmo oneko obra delako, hau da, iritzi politiko ezberdinen arteko bizi beharra eta nahitaezko errespetuaz mintzo baita. Bazkaria amaitzerakoan Kursaalen Kutxako exekutibo nagusiekin, eta Alkainen solas are aldrebesagoaren ondoren, Ontzi Belaria eman digute José Monleóni eta niri Antzerki Sarietan urteetako epaimahaikide lana eskertuz.
Otsailak 2.
Goizeko bederatziak dira eta Zurriolako hondartzan nabil itsasoaren ederra kontenplatzen. Kaiokume zauritu batekin topo egin dut. Ez da mugitzen, baina bizirik mantentzen da oraindik. Uhinen zilar tantak, zaldi xuri zima zilarrezkoek hondartzaren bizkar urreztatua igurzten dute eta apar tantak polliki-polliki eguratsean desagertzen bide dira.
Otsailak 4.
Igandea. Zaragozako geltokian, Calatayuderako bidean, azterketak hiri horretan egitea suertatu baitzait. Gambrinus janlekuan, beste tren bat itxaroten dudan bitartean. Janaria eskasa eta presaka atera didate, bidali nahi banindute bezala. Leku atsegin bat zitekeena, batere gusturik gabe dago, testu ingurunetik ihesi egin ezinik.
Otsailak 7.
Neska batek, azterketa egiten ari delarik, mahai gainean bere aitaren erretratua ezarri du, animoa eta laguntza psikologikoa edo eskatuz. Lagunduko ote dio? Goizeko sei eta erdiaz geroztik gelditu gabe, eguna buruko min izugarriz amaitzen dut, eta migraina hau ez zait joan bi aspirina eta botila bat ur edan arte.
Otsailak 8.
Jesuiten ikastetxe izandako honetan eguzkiak latz astintzen du, eta negu gorrian egon arren, pertsianarik ez denez, leihoak paperezko oihalez tapatu beharrean aurkitu gara ikasleek azterketa garaian enbarazurik gabe lan egin ahal dezaten. Garai bateko zurezko pupitre zaharrak hobeak ziren oraingo ohol merke hauekin konparatuta. Kalean banoalarik bi emakumeren solasa entzuten dut eta bat denbora guztian digoka doa.
Tu marido, digo... , ya sabes, digo... , digo...
Otsailak 9.
Azterketak gaur bukatzen ditut eta Graciánen egoitza izan zena uzten dut. Ayuben gaztelua, mairu eta juduen auzoak eta garai batean Ayerbe markesarena izan zen El Mesón de La Doloresen egon naiz lotan.
Aurora Egido irakasleak prestatu Graciánen El Héroe erosi dut, beraz badut irakurgairik itzulerako. Oin-ohar batean jesuitarentzat kalitatezko gizonak zein ziren ikastearekin batera, bártulo hitzaren etorkia zein den jakiten dut. Alegia, XV. mendeko Bártolo italiar, zehazkiago boloniar lege gizon famatuaren izenetik.
Martxoak 14/15.
Jesus Prieto UNEDeko errektoreordearekin eta Joaquín Summers Málagako egoitzako zuzendaritzarekin bat eginik, lau hizkuntzen jardunaldiak antolatzen ditugu. Gaztelaniatik Juan Cruz eta Juanjo Millás, katalan mundutik Juan Ribera eta Carme Riera, galegotik Suso de Toro eta Vilaverde, eta euskaldunetik Marijose Olaziregi eta Ramon Saizarbitoria. Beraz, lau kritiko eta lau sortzaile, gauzak sinpleki esateko. Beti bezala, Ramon fin, bikain eta dotore. Memoriaren plater hautsiaren konponketa dela eta... Hizkuntza txiki bat hautatzearen arriskuak... Joycek gaelikoa aukeratu izan balu ez litzatekeela izanen Joyce... Gauez Hotel Tripera itzuli aitzin, taxista batekin goaz eta, daraman musika goraipatu ondoren, Ramonek galdetzen dio ea gauez abentura asko izaten duen, eta taxistak erantzuten dio baietz, batzuetan senar jeloskorrek emaztearen pauso guztiak ordu luzeetan jarraitzeko eskatzen baitiote.
Eusko Ikaskuntzatik presaka eta korrika, inoiz egin behar ez dena, hitzaurre bat eskatzen didate [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 22-23)].
Apirilak 18/19.
Prietok ezagutu nahi ditu, antza, Espainiako eleberrigile hoberentsuak eta, honela, beste Jardunaldi batzuk antolatzen ditugu Coruñan, Pilar Ruiz-Va idazkari gisa daukala. Encuentros de Narrativa castellana, cata-lana, gallega y vasca. La Voz de Galiciak, Cultura y TV sailean, honela titulatzen zuen: El autismo domina la narrativa vasca, gallega y catalana, según los expertos. Eta Prietoren hitzak hartuz, UNEDek irizpide politiko eta ekonomikoen gainetik literatur aberastasuna zein handia den erakutsi nahi zuen. Joaquim Molas eta Baltasar Porcelek katalanarekiko Espainiako Gobernuaren gastua zein murritza den azpimarratzen dute. Nire hitzaldiaren titulua: Evolución y retos de la narrativa en euskera, eta gure narratiba berantiar eta nekez jaioari errepasoa eman ondoren, Arantxa Iturbe alegiarraz mintzo naiz. Honen goizeroko ahots eder, alai eta irribarretsua Euskadi irratian aditzea atsegina dela. Eta bere obraz eta estilo cuasi-góticoaz, Joseba Gabilondoren hitzak erabiltzeko. Ondoren, Arantxari eman diot hitza, eta hura mintzatzen ari delarik, aldamenean dagoen errektoreorde galego batek komentatzen du, es que son los mejores... Gauean ostatu batera joan ginelarik, non mariskoz eta ardo txuriz blai goizeko ordu txikitan Coruñako jokalari berriak Lendoiro presidentearekin beren kontratuak sinatzen ari ziren, une magiko batez gozatzen dugu. Honakoa alegia, Deus sentado nun sillón azul eleberriaren eta beste askoren sortzaile den Carlos Casares eta Jesús Prieto beren motxiletatik Laika fotografia-makina zaharrak ateratzen hasi direnean. Benetan miresgarriak dira mende erdia baino gehiago daukaten lente eta aparatu hauek. Eta bien arteko afizio hori besarkada batean bukatu da bakoitzaren ixtorioa kontatu ondoren. Gauean itsasoaren hotsa entzutera balkoira atera naizelarik, hondartza ondoan ikusi ditut Pilar Ruiz-Va eta Baltasar Porcel elkarrekin paseatzen.
Maiatzak 6.
Gaur igandea da eta trena hartu dut Madrilen Valenciarako, Maite Etxenikek eta Josep Sirera irakasleek gonbidaturik, bihar hitzaldi pare bat eman behar baititut Filologiako anfiteatroan. Gaua Rector Peset izeneko Ikastetxe Nagusian ematen dut, katedraletik aski hurbil.
Maiatzak 7.
Goizean goiz, gosaldu ondoren, parte zaharretik jira bat. Basilikak, elizak, dorreak, kanpai-hotsak, eskaleak, plazak, usoak... Badirudi hiria aski berant esnatzen dela. Hamarretan, Modelos lingüísticos y literarios vascos anteriores a 1968, euskal literaturako hizkuntza-ereduen berri eta gorabeherez mintzo naiz, eta hamabietan, Introducción al teatro vasco, euskal teatroaren historiarako sarreratxo bat egin diet. Anfiteatroa beterik dago eta galde-erantzunen unea oso interesgarria eta animatua. Amaitutakoan, bazkaltzera goaz Maite eta Zuzenbideko irakasle den bere senarrarekin oso jatetxe herrikoi eta on batera. Bazkalondoan Valentziako ortuan daukaten bion etxea, eta patioko lore eta landareak erakusten dizkit. Benetan leku alai eta atsegina hautatu du bizitzeko, eta lorategi honetan atseden hartzeko aproposa.
Maiatzak 8.
Gaur Madrilen, jadanik Valentziatik itzuli ondoren, Universidad Complutense-k antolatu duen Intercambios Lingüísticos y Literarios de Ámbito Románico deitu ikastaroan arratsaldeko lauretan hitz egiten dut: Multilinguismoa euskal antzertian. Eta, noski, Aita Donostiak harmonizatu Pierre Topet Etchahunen Sed libera nos a malo sit nomen Domini, estrofa eta ondorengoak kantatu ditut. Labur hitz egin dut. Manolo galegoak, beti bezala, politika-kontuak atera ditu mahai gainera. Entzuleek ia ez dute deusik galdetu eta elkarrizketa laburra izan da. Nagore irakaslea, Lezon txikitan ezagutua, Aragoiko hizkuntza-politikaz ere mintzatu da.
Maiatzak 9.
Ohi bezala, Sari Nazionaletako lehen kanporaketa jokatu da. Lortu dut Joserra Gartziaren saioa aurrera pasa dadin. Hantxe banatu diet epaimahaikoei ale bana eta curriculuma fotokopiatuta. Ez naiz, beraz, fidatu idazkaritzaren funtzionamenduaz, eta azkenean Javier Etxeberriaren laguntzatxo batez aurrera egin du nire proposamenak.
Maiatzak 10.
Gaur, Madriletik Donostiara zuzenean joan beharrean, Gasteizen gelditu naiz Unibertsitateko Bibliotekan kontsulta batzuk egitera. Han esan didatenez, ez dute urte osoan konpondu mikrofilmak papereratzeko makina. Hau bai dela fundamentua! Zer iker daiteke horrela? Edo inork ez ditu kontsultatzen dauden mikrofilmak? Dituzten mikrofilmen zerrendarik ere ez dute eta Pariseko Liburutegi Nazionalean dauden euskal eskuizkribuez Henrike Knörrek egindako opuskuluaren kopia ematen diet, jakin dezaten bederen zer duten. Gero, konpentsatzeko-edo, Zabala jatetxera noa bakar-bakarrik. Viña Alberdi 1996ko botilatxoa, alkatxofak eta txerri-hankak arabar odolkiz hornituak dastatuz une gozo bat igaro dut. Zein-nolakoak dauden barazkiak! Beti bezala bete egiten da jatetxea. Kalitate-segurtatuaren ondorioak... Maiatzak 21.
Barbastro suertatu zaigu oraingoan azterketa-leku eta Hotel Clemen-ten hartu dut ostatu. Tribunaleko burua emakume bat da, Pedagogiako katedraduna eta artzapezpikuaren arreba. Beraz, Zuzenbide Kanonikoa irakasten duen katedraleko kalonjeak primeran tratatu gaitu. Lehenik, katedralaren erretaula konpontzen ari diren aldamioetatik pasaraziz eta eskulturak gertu-gertutik ikusiz eta ukituz.
Maiatzak 22.
Eguna libre dudanez, beribilez banoa Ainsa aldera. Bidean eskuinera, Torreciudad ikusten dut, José Maria Escrivá de Balaguer, Opusen sortzailearen omenez eraiki santutegia. Ez dut begiratu nahi ere adefesio hori. Ainsara iritsitakoan, El Grado eta Mediano urtegien ondotik iragandakoan herri behean uzten dut beribila, koaderno tipi bat eta Pirineo Aragonés deitu gida erosten ditut. Herri-kaskora harrizko kale batetik iristen naiz eta plazara ailegatzean ohartzen naiz hemen Diputazioak diru dexente inbertitu duela herria dotoretzen. Museo de Oficios y Artes Tradicionalesen sartu-irten bat egiteko asmoz nago, baina ez dute zabaltzen ez astelehen ez astearteetan. Taberna pollit batean iragarki bat ikusten dut: Laspuña, 19 y 20 de Mayo de 2001. Asociación de Nabate-ros de Sobrarbe. XVII Descenso de nabatas. Beraz, hemen nabata deitzen diote Nafarroan almadía deituari, enborrez eta pertika luzez osaturiko ibai-ontziari. Bidean topatzen dudan kaperatxo erdi abandonatu bat bisitatzen dut. Txorien sinfonia etengabea dorrearen ingurutik txio-txioka jaisten da. Goizeko hamar eta erdiak dira eta eguzkiak latz jotzen du.
Maiatzak 25.
Kalonjeak benetan ederra den Alquézarko kalostra erakusten digu eta Aragoiko historia xehekiro kontatzen. Eric belgiar lapur ospetsuaren balentriak ere detaile handiz kontatu dizkigu. Nola egin zen herriko apaizaren adiskide eta hark iker zitzan, elizako giltzak uzten zizkion eta nola Roda de Isábenan erromaniko estiloan egindako Silla de San Ra-món lapurtu zuen beste gauza anitzen artean. Nafarroan, Katalunian eta beste leku askotan ere eten gabe lapurtu zituen eliz-tresorak, geroago bere memorietan kontatu duen bezala: René Alphonse van den Berghe (Erik el belga), Por amor al arte. Memorias del ladrón más famoso del mundo. Planeta, 2012. Gauean, Escrivaren sortetxearen sotoan dagoen errestaurantean afaltzen dugu tribunalekoek zuzendaritzarekin, harmonia onean, arkumea Beroko ardoaz ongi bustita, Barbastro uzten dugularik oso aste ona igarotako inpresioz. Astiro-astiro ari gara Espainiako bazterrak ezagutzen.
Ekainak 6.
Marga desiratzen dagoenez, Bordele eta Tolosa (Okzitania) hirietatik txango bat egiteko animatzen gara eta bagoaz Landetan barrena gorantz. Bordeleko parte zaharretik itzuliño bat egin ondoren, portura ematen duen jatetxean sartu gara. Jazz musika zuzenean entzuten dugu ostrak eta arraina Pouilly fuméez lagunduta dastatzen ditugun bitartean. Ez zaio oso ongi barreneratu, baina bota duenean eta hustu, hobeto sentitzen da.
Ekainak 7.
Atzo gauez iritsi ginen Royango portu txikira. Gaur ia hutsik dago, baina badirudi gaur hamabost turistez mukuru izanen dela. Itsasontziak ordu erdi bat igaro du Graveko puntatik honaino. Gironde ibaiaren erdi-erdian ginenean ohartu naiz zein zabala den haren bokalea. Ostertz borobil-borobila ikusten da hemendik, zeren eta lurrak, Landetako hondartza luzeak eta ibaiaren bi aldeak oso lauak baitira, eta bista urruneraino iristen baita.
Ekainak 8.
Toulouse. Okzitaniako Tolosa. St. Sernin inguruko bistrot batean entsalada eta kafetto bat dastatzen. Bidean, Moissacen izan gara. Katedraleko atariko irudiak eta kalostrako kapitelenak benetan lan ederrak, ikusgarriak, miresgarriak dira, mendeen poderioz zertxobait hondatuak egon arren. Abraham biboteduna, magalean haur bat daukala. San Martin zalduna bere kapa ezpataz erdibitzen. Izei jigantea belardi erdian.
Liburu-denda batzuk bisitatu ditut eta bi liburu erosi. Jeanne d´Arc-en bizitza, Bibliothèque bleu delakoaren edizio xumea, eta Zuberoako Ospitale-piako elizaz txostentxo bat. Ibai ertzetik ibilaldi luze bat ematen dugu eta La cantine du curé tabernatxoan afaltzen gaude kalean. Karmeldarren auzoan gaude, aldamenean Nôtre Dame de la Dalbade eliza zaharra. Defentsarako dorrea lirudike. Enarak zeru urdinean txistu biziz beren hegats morez pintatzen.
Ekainak 9.
Larunbata. Elisir d'amore operako sarrerak erosten ditugu. Les Ja-cobins. Santo Domingok 1216an eraikia. Kalostra ikusgarria. Dorrea ederra. Bertan paseatzen ziren unibertsitarioak beren mamotreto eta bartuloekin. Altzifre batzuk beren lantza berde ilunaz zerua mehatxatuz edo zerurantz abiatu nahiz. Hemen datza Tomas Akinokoa. Gaur egun modernitatearen ikuskizun-gune bilakatu da.
Agustinoen Museoa ere bisitatzen dugu. Munduko kapitel erromanikoen bildumarik ederrenetarikoa ikus daiteke bertan, La Daurade, Saint Sernin eta katedralekoekin osatua. Kalostra ederra benetan eta gargolak begira daude soroan nola hazten diren porruak, alkatxofak, azaloreak... Orobat, Saint Sernin-en plazan dagoen Musée des Antiques de Toulousen sartu gara eta erromatar erretratu multzo eta harri idatzien artean ikusten ditugu lehenetariko inskripzio akitaniarrak, non irakur daitezkeen hitzok: ANDERE, SENBE, BIHOTZ... lehen euskal hitzak.
Euskal Herriko herri txiki batean kokatzen den Gaetano Donizettiren Amodioaren Edaria operaz gozatu ondoren, Les enfants ratés jatetxera joaten gara. Frantses bistroten xarma eta ispilu irudi biderkatzaileen gune liluragarriak... Uztailak 5.
Euskaltzaindian eta Eusko Ikaskuntzan lan batzuk buruturik, Kontxita amaginarrebarekin, Margarekin eta Melba neskame nikaraguarrarekin bazkaltzen dugu. Arratsaldeko hiru eta erdietan bagoaz muga igarota Auñamendietako autobide ertzetarik. Bidean, Pivoten memoriak irakurtzen dizkiot Marga gidariari, eta gaua Foixen igarotzen dugu, Gazteluaren gerizpean.
Uztailak 6.
Jaiki, gosaldu, merkatua bisitatu eta berriro bidean Pau Casalsek eta Pompeu Fabrak hautatu erbesteko hirira, Pradaraino iristen garelarik. Afaria Le Pation. Mont-Segurretik igarotzean, kataroek eraiki jauregira igo gara. Bidea estua baina gehiena itzaltsua. Busti-bustiak dauden ezpel zuhaixkei ur tantak darizkiete. Jauregiko atetik hegoalderantz begira, Pirinioetako mendiak elurrez jantzita ageri zaizkigu. Jaitsi gara gailurretik, une batzuetan atzeraka, hain baita malkartsua eta pikoa gunea. Miresgarria herren baten ahalegina. Fedearen ahalmena! Mont-Louisen gazte batzuk igerian. Beherantz goazela tren horia ikusi dugu, eta Andorra-Perpignan bidean gaudenez, balirudike bertakoek ezagutzen dutela ongixko errepidea, eta nork nori aurrea hartu dabiltzala, pentsatu gabe Herio ezkutatzen dela bide bazterreko bihurguneetan.
Uztailak 7.
San Fermin eguna. Goizean Saint Martin du Canigouko abadiara igo gara eta bisitak ordu bat iraun du, lekaime bat gidari. Gero handik Bula d’Amunten dagoen Santa María de Serrabonako komentura. Haren kalostra eta kapitel ederrek liluratuta, Saint Michel de Cuxara goaz. Beraz, gaur hiru monasteriotako ixtorioak eta harriak ikusi eta dastatu ditugu, eta koadernoan ohar batzuk idatzi, hain ahanzkor den memoriak berehala ahantz ez ditzan.
Uztailak 8.
Gosaldu eta berehala Castelnau, Gaztelu berri, haur-ipuinetarik ateratako paraje ikusgarria bailitzan. Gero Céret-era eta han 1950ean eraiki Arte Modernoaren Museoa bisitatu dugu. Picasso, Braque, Gris, Soutine, Chagall, Herbin, Matisse, Masson, Krémègne, Miró, Tàpies, Viallat, Toni Grand, Bioulès... Kubismotik Pariseko Eskolara. Eta beste. Kalean, denak San Ferminetan baleude bezala festa ospatzen, lepoko zapi gorriak, txarangak zaratatsu eta edariak etengabe.
Bagoaz, bada, zaratatik ihesi Prats de Mollora. Hemen karlista espainolak errefuxiatu ohi ziren lehenik, eta gero gerra zibiletik ihesi zebiltzanak. Otsailean ospatzen dute Hartzaren festa, non hartzak berekin eraman zuen herriko neska gazte bat eta honen askatzearen ixtorioa irudikatzen den.
Uztailak 9.
Colliure-n gaude. Goizean goiz. Zortzi eta erdietan gosari osoa dastatu dugu. Zukua, kafesnea, kruasana eta ogia gurinarekin eta marmeladarekin. Bitartean, atso hiztun bat inguratu zaigu. Hamar minutuz bere bizitza osoa kontatu digu, hitz bat ere tartean sartzen utzi ez digularik. Gero bainu-jantziak eta toalla motxilan sartu, eta bagoaz urpeko klubarekin batera ontzian. Mediterraneoko lehen bainuak. Hala ere, ura aski hotz dago paraje honetan, baina ura benetan garbi-garbia dago. Gero, paseo eder bat emanez, Port-Vendresera, guk Ostiral Portu edo hobeto Benusen Portua deituko genukeenera. Iritsi gara, eta bertan antxoak, sardinak eta fanekak ardo txuriarekin mahairatzen ziguten bitartean, kruzero eder bat ikusi dugu. Hobeto esan, bistaurrean daukagu. Gogoa sartu zaigu tamaina horretako batean Mediterraneoan barrena ibiltzekoa, uhartez uharte greziar eta erromatar zibilizazioen artelanen hondakinak miresten.
Uztailak 10.
Goizean patxadan gosaldutakoan, hondartzarako jantziak motxilan sartu eta bagoaz. Hiru bainu eta batetik bestera Onaindiaren memorien irakurketa. Ez Mariorenak baizik eta Albertorenak, Erroman Eusko Jaurlaritzaren ordezkari izan zenaren eta Inazio Mujikaren Gerezi Den-bora eleberriaren iradokitzailearenak. Ura primerakoa. Siesta aurretik zertxobait irakurri eta arratsaldean bekatu bat, alegia, Antonio Machadoren kanposantuko hilobia ez dugu bisitatzen, ez eta irakurtzen ere azuleju zurietan idatzitako poema eder hau:Y cuando llegue el día del último viaje,Y esté al partir la nave que nunca ha de tornarMe encontraréis a bordo ligero de equipaje,Casi desnudo, como los hijos de la mar.Gauden Hôtel Les Templierseko jatetxean afaldu dugu, espaloian, kaleko mahaietarik batean. Paella nera, beltza, txipiroiak eta ali-oli, baratxuri, olioz eta ardo txuri on baten, solas ederren eta Margaren irribarre konparaezinaren konpainian.
Uztailak 11.
Penaz eta dolorez, baina itzultzeko garaia iritsi zaigu. XX. mendeko artisten kokaleku eta hainbeste pintura dituen hotel xume eta era berean atsegin hau utzi beharra. Dena den, udatiar gehiegi nabaritzen da dagoeneko eta bagoaz ihesi. Pirinioetan barrena polliki-polliki, eta Col d´Aspindik igarotzean gailurrak oraindik elurrez jantziak ikus daitezke. Arreaura iristen gara eta nahiko itxura ona duen eta jardin pollit bat daukan Hôtel d'Angleterren hartzen dugu ostatu.
Uztailak 12.
Lorategian gosaltzen dugu eta hormak txuri eta balkoiak urdin dituen mendi arteko paradisu txiki hau uzten dugu. Bidean auto-stop egiten ari diren bi agure jaso ditugu eta herrixka bateraino eraman ditugu bertatik mendi-ibilaldia has dezaten. Paristarrak dira eta Pirinioez gozatzen dabiltza. Tourmaleta igo dugu baina, ez beste askok bezala bizikletaz. Pic-du-Midiko Obserbatorioa ageri zaigu gorago. Kafea hartzen dugu eta tabernako hormetan zintzilik dauden hainbat argazki zahar ikusten: Federico Martín Bahamontes, Charly Gaul, Roger Rivière, Fausto Copi, Perico Delgado... Aubisqueko aldapak, Eaux-Bonnes eta Nôtre Dame de Sarrance. Zarrantzako Ama, Lapurdiko marinelek bisitatzen zutena; haren izenaz bataiatzen zituzten beren itsasontziak XVII. mendean, hala nola Donibane Lohizunetik 1688an Samson de Haristeguy komandantearen gobernupean Groenlandia aldera arrantzara abiatu zena. Kalostra eta frontoia. Lescunen hartzen dugu ostatu. Benetan leku aparta da. Bertan afaltzen dugu eta ikusten nola bi ingeles pirineista afaltzerako erabat aldatzen diren eta apain-apain janzten. Mereziko luke hona itzultzea eta hemendik zehar mendi ibilaldi zenbait egitea.
Uztailak 13.
Bidean, Zuberoan gelditu gara bazkaltzera eta han afixa handi bat ikusten dugu, non Jean Louis Davantek moldatu Xiberoko makia tra-jeria, Sohütan uztailaren 15ean eta 21ean Jean-Fabien errejentaren zuzendaritzapean jokatuko dena, iragartzen den. Libretoa Davantek dedikatu zidan irailaren 21ean, hitz hauekin: Pastorala maite baituzu, hona bat gehiago, Patri Urkizu adiskidea.Uztailak 15.
Aizpea Goenaga antzerkigile, zinemagile, idazle eta adiskideak, gutuntxoa bidali dit [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 24)] zenbait antzerki argitaratzeaz iritzi eske, eta txit pozik, noski, eman diot.
Irailak 20/21.
Piarres Lafitteren sortzearen mendemugako biltzarra, Euskaltzaindia Nazioarteko XV. Biltzarra ospatzen ari da Baionan irailaren 20an eta 21ean. Gogoan dut, eta IKER 14an jasoa dago, “Judit eta Holopher-ma pastoralaz eta gai bereko antzerkiez mendebaldeko literaturetan” gaiaz mintzatu nintzela. Hitzaldiak bukatutakoan Fakultateko sarrera-eskaileratan parte hartzaileen fotografia eder bat atera genuen. Lehen ilaran Juan San Martin, Jean Luis Davant eta beste. Bigarrenean Juan Mari Lekuona, Jean Haritschelhar, Aurelia Arkotxa... Hirugarrenean, Marijose Olaziregi, Andolin Eguzkitza, besteak eta neroni... Urriak 8.
Ángel González Garcíak irabazi du Saiakeragintzako Sari Nazionala, El Resto. Una Historia Invisible del Arte Contemporáneo liburuarekin, Bilboko Arte Ederretako Museoaren eta Reina Sofiaren arteko edizioa. Benetan liburu mardula eta irudi txuri-beltzez ongi hornitua. Epaimahaian ia ez da deus ere eztabaidatu. Javier Etxeberriak defenditu du El Resto, Carles Miralles katalanak Marius Serraren Verbalia, aski interesgarria hizkuntzaren eta ingeniaritzaren ikuspegitik, eta lehen bozketan jada Joserrarena erori zait.
Urriak 9.
Resurrección Maria de Azkueren heriotzaren 50. urteurrena zela-eta, Lekeitioko Udalak Eusko Ikaskuntzarekin batera omenaldi bat eskaini zion. Bertan Jose Antonio Arana Martija, Ana Toledo, Natalie Morel, Maite Garamendi, beste batzuek eta neronek parte hartu genuen. Nire hitzaldiak titulu hau zuen: «Azkue antzerkigile». Hemen haren antzerki eta opera guztiak aztertzen nituen: 1895, Vizcaytik Bizkaira; Eguzkia nora; 1896, Colonia inglesa; 1898, Sasi-eskola, Pasa de chimbos, Ama-ma-iloba bi Bilbon; 1910, Ortzuri; 1912, Urlo; 1917, Aitaren bildur. Eta Koldo Mitxelenaren hitzak gogoratuz, Azkueren euskara erraz, argi, garbi eta aberatsaz, zein gipuzkera osatua deitu zuen, honela bukatzen nuen nire ikuspegia teatro munduari mugatua bereziki:
Ni Euskal Antzertiaren Historia argitzen eta honen inguruan zenbait liburu argitaratzen zertxobait saiatu naizen arren, egiteko dago oraindik hain aberatsa izan zen 1876-1936 urteetako emaitza euskaltzalearen azterketa sakon bat. Bide horretan beude nik gaur hemen esandakoak Azkueren omenez, zein izan zen Bizkaia aldean Sota eta Lauaxetarekin gerraurreko euskal antzertiaren eta euskara-ren zuzi, zutabe eta sostengurik handiena.
Urriak 10.
Teresa Sanchez, “Txarrangi” goitizenez, adiskide xarmant, beltxaran aspaldikoa, ia hogeita hamar urte ikusi gabe pasa eta gero berrikusi dut. Beti bezain lirain eta erakargarri iruditu zait. Beltxaran eta ilaje beltz ohikoak. Ahots ezti, klar eta garbia. Afganistango gerraren kontrako manifa Sol-en bukatu da.
Urriak 20.
Irun Literatur sariak. Río Bidasoa hotelean. Hamabi poema bilduma ditugu aztergai eta Dabid Tijeroren Dendako Leihotik saritu dugu, niri oso maila handikoa denik ez iruditu arren, hona hemen Jon Kortazar kritikoak argitaratutakoan dioena:
Poesiaren barnean joera narratiboa garbia agertzen da, eta noizbehinka egunerokotasunaren hiztegiak topo egiten du natura-ren sentsazioaz sortu denarekin. Agian, sinbologia ezaguna bada ere, bilketa horretatik, hain zuzen ere eguneroko detaileen ikuspe-gi objektiboa eta barne prozesuaren arteko bilketatik, etor dakioke poemategi honi agertzen duen berritasuna. Esistentziaren zentzua-ren bila omen dabil poeta, eta esentzia horren bilaketaren abiapun-tua beti da kanpoko begirada. Horretan da aipagarria poemategia, begiaren zolian.
Oroitzen naiz Pierre Espil eta honen pastorala Esterri buruz mintzatu nintzela, alegia,Racineren obraz egin zuen moldaketa ederraz.
Azaroak 4.
Real Madrid vs Barça futbol partidua ikusten ari naiz Santa Isabel kaleko Espronceda tabernan. Bete-betea dago. Hierro defentsa bereak eta bi egiten ari zaizkio menderatu ezin duen Rivaldori. Negro, lárgate, sácale la tarjeta al negro, mátalo. Horrelako oihuak entzuten ditut nire aldamenean burgeskume itxura duten gazte batzuen ahotik. Komentario apal bat egin dut eta erantzun didate, vete a verlo a Barcelona. Barça galtzen ari da. Ez dago giro, bortizkeria sumatzen da airean... Ostatu galego batera joaten naiz afaltzera. Salda, olagarroa eta ribeiro-kikera. Oroitzen naiz Galeuzkako jardunaldiez eta nola M.L.-k honako eskaintza idatzi zidan liburu batean: Beti geldituko zaigu Galeuzca.
Azaroak 5.
Astelehena. Goizeko seietan esnatzen naiz eta irratia pizten dut. Jadanik lanean ari zaigu Iñaki Gabilondo, El padre Iñaki, Pérez Priego lankideak deitzen duenez. Goizeroko sermoi politikoa. Fakultatean bilera daukagu bederatzi eta erdietan. Julia eta Manoloren izenean hitz egin dut. Hau da, katalanaren eta galegoarenean, eta galegoko titularitatea onartua izan da, hala nola katalanarentzat laguntzailea. Ni, oraingoz, beste laguntzaile bat ongi etorriko litzaidakeen arren, ikasle gehiegirik ez daukadanez, bakarrik konponduko naiz, lana mukuru izan arren. Bitxia izan da Filología Hispánicako departamentukoek 80 irakasle izanik titularitate bat soilik eskatzea.
Abenduak 1.
Larunbata. Okendo tabernan biltzen gara bazkalondoan Eugenio Arozena, Daniel Landart eta neroni, Toribio Altzaga saria erabakitzeko. Ez da batere lan zaila, lau antzerki bakarrik aurkeztu baitira, eta Alaitz Olaizolaren Zereko zera zertzen delako zereko zerarekin hautatu dugu. Igor Estankonak Deian dioen bezala Aurpegi desberdinen dantza zoroa da Alaitz Olaizolaren antzerki lan hau. Agian errefrau gehiegiz moldatua, baina Metroan Eugenio behartsuak sufritzen dituenei balio dramatikorik ez zaie falta.
Aurreko urteetan saiatua nintzen Piarres Andiazabalek bere liburutegian gordetzen zituen eskuizkribuen artean Jean-Martin Hiribarrenek (1810-1866) idatzitako poema bat argitaratzen: Iruñeko bestak 1845. Eskuizkribuak zioen bezala: Petit poème sur les fêtes de Pampelune 1845. En dialect labourdin le plus pur. Baina ez zen hain ttikia, zeren 170 zortzikotan moldatua zegoen. Eta iruditu zitzaidan egoki izanen zela Iruñeko Udalak argitaratzea. Ahalegindu nintzen horretan, baina bide horrek porrot eginik, 2001ean Lapurdum VI Baionako euskal ikerketen aldizkarian plazaratu nuen. Gaitz erdi, zeren benetan gauza ederrak eta ongi idatziak irakur baitaitezke bertan.
Urtea amaitu aurretik Eusko Ikaskuntzan dimisioa aurkezten dut, zuzendariari gutun bat bidaliz. Hona pazientziaren edontzia irauli zuten arrazoietarik batzuk.
Bat. Teorikoki zuzentzen nuen ASJUn Iñaki Mozosen tesia gerenteak ez agertzen uztea, kontuan harturik Joseba Lakarraren adiskide Blanca Urgellena bertan agertzen zela, eta euskal teatroaz euskaraz ezer gutxi argitaratzen zela. Alegia, saiatu nintzen zuzentzen nuen aldizkarian, hala zioen errebistak, 1995ean Jean Haritschelharren zuzendaritzapean Iñaki Mozosek cum laude buruturiko tesia, Jean de Paris Pas-torala Eskuizkribuen eta iturriaren moldaketak argitaratzen, baina Jose Mari Velez de Mendizabalek atzera bota zuen. Eta beste zenbait tesi ere bertan argitaratu zirelako nire arrazoinamenduari (Blanca Urgellena adibidez... ), ez zion batere kasurik egin eta kontra agertu zen. Dena den, tesia 1995eko otsailaren 23an irakurri zuen. Kalifikazioa “Apto cum laude” izan zen. Zuzendaria, Jean Haritschelhar; epaimahaiko presidentea, Jon Kortazar; batzordekidea, Joseba Andoni Lakarra; beste hiru bokalak, Juan Mari Lekuona, Beñat Oyarçabal eta Patrizio Urkizu. Gaur EDTBn euskal doktore-tesien bilduman dago.
Bi. Nire seme Urtziri ere, kazetari titulatua zenez, gerenteak eskatuta Eusko News aldizkarian kolaboratzen hasi zenean, Juan San Martini elkarrizketa bat egin ziolarik, galdera batzuk zentsuratzea, politikoak omen zirelako.
Hiru. Bernhard Hurch, hizkuntzalari austriar langile handiak artikulu bat idatzi zuen Arauak 53 titulua daramana (RLLCGV 1996-97) Euskaltzaindiak argitaratu munduko estatuen hizkuntza ofizialen zerrendan ageri ziren oker guztiak argituz, errebisa zitzaten eta zerrenda hobetzearren, zeren eta herrialde askotako hizkuntzak falta baitziren. Zerrenda beharrezkotzat jotzen zuen, baina politikoki, historikoki, formalki eta zientifikoki okerra, akats ugarirekin, ez zuzena, eta horrenbestez, zuzendu beharra. Baina gerenteak Oihenarten argitara zedin onartu ez zuenez, UNEDeko errebistan inolako zentsurarik gabe plazaratu genuen.
Lau. Bulegoan lan egiten zutenak eta kolaboratzen zuten asko torlojuak bezala tratatzea eta ez pertsonak bezala, kontsideratuz jende gazte asko prest zegoela lan egiteko, hau da, merkatu intelektualean eskaintza handia zegoela.
Bost. Koldo Mitxelena, Euskal gutunak 1951-1984 bilduma burutua nuen eta ale berezi gisara plazaratzeko asmoz, erabaki zuten ezarri zizkidaten errebisoreek eginiko iradokizunei jarraituz, berregin behar nuela lana, hau da, Mitxelenaren gutunak lagunartekoegiak zirenez, erregistro jasoagoaz behar nituela moldatu, eta halako lelokeriak.
Sei. Eusko Ikaskuntza sortu zenean, bere helburu nagusietakoa Unibertsitatea sortzea zen, baina orain bost bagenituelarik (EHU, Deusto, UNED, Opus, eta MU) bere egitekoa murriztuta gelditzen zen erabat, eta Jakinet bezalako asmaketek ez zuten behar adinako bermerik. Dirua biltzeko sistema bat zen. Ikasleek ez zuten behar adinako oinarririk, eta gerentea Ameriketako Euskal Etxeetan zehar ibili ondoren, ez zuen ikasle asko-askorik biltzea lortu. Sartu nintzeneko esaldi hura, erabat aldrebestua zen, alegia, zuk ideiak proposatu eta guk dirua bilduko dugu esaldia dirua zuk aurkitu beharko duzu UNEDen edo beste nonbait bilakatu zen.
Zazpi. Gregorio Monreal joan zenez geroztik geneukan presidenteak, hots, Juan Jose Goiriena de Gandarias bizkaitarrak ez zeukan fundamenturik, ez zen gauza berak zuzentzen zuen erakundearen izena behar bezala ahoskatzeko ere, Euskadi, Euskal Herria edota Nafarroaz mintzo zenean, erabat gauza ezberdin gisara kontsideratzen zituelarik... Arrazoi hauen eta beste zenbaitengatik nire zazpi urte eta erdi onenak bertan eman eta gero, nire dimisioa aurkeztu dut kargu guztietatik.
Berehala halako askatasun sentimendu baten antzekoa nabaritu dut nire barrenean. Aske naiz. Gogoko ditudan ikerketetara eta idazlanetara itzultzea nahi bainuen, eta ez Lezoko nire estudiora iristen nintzen bakoitzean gutun eta txosten pila irakurtzeko, errebisatzeko, errebisten artikuluetako laburpenak idazteko; hemendik hara besteek jotako txistuaren aginduetara dantzan egin beharra ahitu, bukatu da. C'est fini.Irudia