Urtarrilak 1.
GOSALDU eta bagoaz Karmen Korkostegi eta Josep Badiesekin paseatzera, neguko jantziz hondartza eguzkitsuaren epela dastatzera. Portua, yateak, belariak, mota orotako itsasontziak. Zooa, elefanteak, jirafak, hipopotamoak, flamenko moko-gorri eta zango-lepoluzeak, tximuak harkaitzaren kontra eguzkitan epeldu nahiz, zangoetako eta ilajeko arkakusoak arakatzen... Urtarrilak 2.
Oraindik Bartzelonan gaude. Arratsaldean Palauko kontzertura goaz. Johann Strauss eta Bielorrusiako Sozietate Filarmonikako Abesbatza. Orkestra baino areago, musika-banda kaxkar bat dirudi. Dantzariak ere erdipurdikoak, sublimetik kursira ez baitago epsilon xumea baizik eta hauek muga iragan dutelakoan gaude. Luzmila, Minseko sopranoa ere bazirudien edozein mementotan haustear zela. Abenduko 25eko bilantzikoa, fum, fum, fum kantatzea ia barregarri. Baina hain da lekua, egoitza miresgarria, non emaitzaren ahulaz kontsolatu gaitezkeen modernismoaren arte-maisulan hau dastatuz. 1905. eta 1908. urteetan Lluís Domènech i Montaner arkitektoak Orfeó Catalàrentzat eraiki egoitza... Urtarrilak 3.
Gaur museo-eguna dugu. Goizetik Museo de Arte de Cataluñan Caravaggio eta europar pintura errealistaz antolatu erakusketan izan gara. Santuak, Bibliako ixtorioak, Judith eta Holopherma... tartean Velázquezen koadro batzuk, baina zer esan, haien arteko antzaz eta antzeaz aparte, erlijioz kanpo buruturiko lanek dute benetan interesa, alegia, garaiko gizartea islatzen duten pintura errealistek. Eskolako jarraitzaileenak ere aski ahul. Bestelako gauza dira, noski, Rembrandten grabatu eta marrazkiak. Autoerretratuak, erretratuak, irudi biblikoak, paisaiak, liburuetako ilustrazioak... benetan denak dira miresgarriak, duten zehaztasun eta bizitasuna, artearen trebetasunari esker.
Urtarrilak 17.
Bartzelonatik Donostiarako itzulia aski azkar joan zen Israel Yehoshua Singerren Ashkenazi anaiak eleberria irakurtzen. Anaia bizkien arteko borrokak Poloniako Lodz hiri industrialean. Poloniaren eta Errusiaren arteko harremanak XX. mendeko lehen herenean benetan oso modu jakingarrian agertzen zaizkigu. Adimenaren eta Edertasunaren arteko historia eta borroka, bi anaia juduen bizitzaren bitartez, norlehenka gogotsu eta bortitzean: langileak, huelgak, borrokak, idealistak eta errealistak, kartzelak, polizia, armada. Emakumeak ere orotarikoak... Israel, Isaac Bashevis, nobel saridunaren anaia, Estatu Batuetan errefuxiatu zen 1934an eta aipatu nobela 1937an plazaratu zuen; New Yorken hil zen 1944an, jiddish hizkuntzara atxikia izan zen artista judu hau.
Urtarrilak 22.
Pilar Iparragirrek baladei eta kanta zaharrei buruz egin didan elkarrizketa Argia astekarian ageri da, non goi titulu laburbiltzaile hau ageri den: Kanta batentzat inportanteena egilea nor den ahaztea eta herriko bilakatzea da.
Urtarrilak 28.
Donostia Hiria sariak. XVII. edizioa. Aurkeztu diren euskarazko zazpi antzerkiak epaitzeko bildu gara: Imanol Elias, Ana Toledo, Aurelia Arkotxa, Daniel Landart eta neroni. Aitor Aranaren Editorea hoberenesten dugu. 2004ko Toribio Altzaga sarira ere aurkeztu zen obra hau, baina geroztik aldaketak eta orrazketak egina da. Ur Apalategiren Gure kontuak. SA. eleberriaren ildotik, baina ene ustez gogorrago eta nabarmenago ageri delarik nor den salatu editorea. Felipe Juaristik El Diario Vascon idatzi erreseinan honela jardun du:
Lana polita da, Aitor Aranak aspaldi idatzitako politenetakoa. Elkarrizketa bainoago, monologoa dirudi askotan, baina halakoxeak izaten dira kazetariaren eta idazlearen arteko “elkarrizketa”k, gehie-netan. Testuak indarra du, sekulako indarra, eta ahozko kontaerak ohi duen eraginkortasuna ere bai, zertarako uka. Interesgarria dela esatea ere ez dago sobera. Dena dela, lan honen balio literarioak alde bat utzi-ta, liburua zirraragarria egiten da. Editoreen kritika dago liburuan, nabarmen eta agerikoa. Eta pozgarria da euskal literaturan kritikaren bidea ireki izana. Bide horretatik segituz, kritika daiteke euskalgintza-ren politika, kultur politikarekin batera, sari literarioen baliorik eza, euskal idazleen artean sortu den konpetentzia, literaturaren beraren ahulezia, edo ez deusa, eta beste gai asko ere bai. Zain gaude.
Berria egunkarian idazten duen Ibon Egañaren iritzia, aldiz, erabat bestaldekoa da. Hona zehazki hark dioena: ... horrexek sortu dio irakurle honi lehen mesfidantza: ez ote zen aspaldi joan naturalismoaren garaia?; ez ote zen aspaldi xamar adostu errealitatearen errepresentazio errealistena ere kimera bat dela, eta memoriarik zehatzena ere, birkreazio perfektuena ere fikzio bat dela, konbentziozko irudikapen bat? Zertara dator orduan etengabe kontatzen den istorioa erreala dela azpimarratu nahia?Balirudike idazleen arteko eta belaunaldien arteko borroka-zelaiak nabarmen zehaztu direla, ezta? Edota ezker abertzalekotzat dituzten euskal idazle eta editoreak ere ez dira kritikagarri? Salbuespenak ote?Apirilak 20.
Donostia. Gorka Arrese editorearekin oin-oharrez hamaika zuzenketa eta eztabaida izan ondoren, Agosti Chahoren Kantutegia liburua aurkezten dugu ohiko sotoan. Nire hitzaldia kantuz hasten da, jada honetan Juan Mari Lekuonaren jarraitzaile bilakatu naizelarik. Eta honako hau diot:
Atharratze jauregian bi zitroin loratü...
Eguerdion. Hona hemen, kazetari eta adiskideok, edo Chahok berak esango zukeen bezala, Herritar ezinago maiteak, euskaraz 1848an lehen gazeta sortu zuenaren gaur arte ezezaguna zen Kan-tutegiko balada zaharretatik baten hasiera. Ditugun bertsioetarik zaharrena da eta orain arte ia ezkutaturik eta bahiturik izan da. Piarres Lafittek 1978an Jean-Martin Hiribarrenez idatzi artikulu batean honakoa zioen: cette édition des Chants Populaires n’a jamais paru et c’est regrettable. Herri-kanten edizio hau ez da inoiz agertu eta tamalgarria da benetan. Beraz, Susari esker euskaldunen axolakabekeriaren bekatu hori gaur hemen kitatzen dugu, neurri batean. Chaho Ipar Euskal Herrian XIX. mendean sortutako frantses idazlerik argienetarikoa izan zen, ene uste apalez, eta merezi zuen tratu hoberik. Hona garaikide zuen Gustave Lambertek 1861ean utzitako erretratua:
Chaho liraina eta garaia zen, eta Napoleon IIIa diktadoreak esta-tu kolpea eman ondoren desterratu zuelarik 1853ko otsailaren 17an Bilboko Kontsulak egin salbokonduktoak zioenez 1,74 cm, ile gaz-tainkoloreko, begiak halaber, sudurra aski zorrotza, aurpegi luze eta kolore apalekoa zen–, soinez eder eta fina. Bere janzkera oso sinplea baina detailerik xumeenetan ere zaindua. Esku zuriak eta luzeak, eta bazirudikeen beraietan estimu berezia ipinita zeukala, arrun-tean mahukatxoak zeramatzalarik. Bere itxura guztiz zen aristokra-tikoa, hitz-jario berezi, dotore eta liluragarria zuen, tankera baino nabarmenago zitekeelarik mintzaeraren aratza, bat ez zen nekatzen hari entzuten eta hain adimen zorrotza zuen, non entzule txit ona gerta zitekeen. Hitz gutxitan esateko, xarmangarria zen erabat.
Chahoz jada bi liburuxka argitaratuak nituen aspalditxo. 1992an zehatzak izateko: Agosti Chahoren bizitza eta idazlanak, 1811-1858. BBK-Euskaltzaindia, eta Agosti Chaho, Azti-begia eta beste izkribu zenbait. Elkar. Bitartean egin dira zenbait lan interesgarri, hala nola, Joseph Zabalok argitaratu liburua: Augustin Chaho ou l'Irrintzina du matin basque (Atlantica 1999), ikuspegi aski estu eta moralista batez. Adibidez honakoa dio, alegia, akatsik handiena bere homosexualitatea dela. Eta Fermin Arkotxak egina “Contribu-tion à la connaissance de l’oeuvre journalistique d’Augustin Chaho: L’Ariel du 6 octobre 1844 à janvier 1846” deitu artikulu luzea (ASJU 1999), non Chahok Arielen (1844-1846) argitaratu lanak aztertzen dituen eta ikertzen, besteak beste, Chaho eleberriak idazteaz aparte bi eleberritan ageri den pertsonaia ere badela (Tristan Flora-ren Méphis-en) (1837) eta Théophile Gautier-en Fortunio-n (1837). Arkotxak kontatzen digu orobat nola Chat Botté ezizenez, hots, Katu Botaduna-z sinatzen zituen hainbat artikulu eta kanta. Baina joan gaitezen polliki haren bizitza eta obra arakatzen.
Atharraztarra niz sortzez bai bihotzez ere, zioen desterruko bidea hartzeko bezperan 1852an. Joseph Auguste Chaho Lagarde –gure Agosti Cbaho– bost anai-arrebetarik primua zen. Aita herriko ser-gent public, hots, gure udaletxeetako idazkarien antzekoa, eta amaren partetik, aitona Maulen notarioa zen Jean Baptiste Lagarde, Oihenart XVII. mendeko historialariaren etxean bizi zena. Oloroeko seminarioan eta Paben ikasi zuen hamaika urtetatik hemeretzi urtetaraino, eta ordurako le petit philosophe eta le philosophe gisa ezaguna zen. Oso gaztetan hasi zen, antza, XVIll. mendeko filosofoen ikaskuntzez jabetzen. Eta 1831ko irailan partitu zen Parisera Legeak ikastera. Anton Abbadiak egin zuen bezalaxe. 5 Rue Villedot-en bizi zen, Richelieu kaleko Liburutegi Nazionalaren ondoan. Charles Belsuntzeko bizkondeak Abbadiari idatzi gutun batean 1834an Chahoz mintzo zaiolarik, mendietako xoriño hori bezala aipatzen du. Baina, antza denez, laster Legeak utzi eta Literaturan murgildu zen buru-belarri. Charles Nodierren klaseetara joaten zen Ekialdeko Hizkuntzak ikastearren eta zenbait literatura-saloietan nola Arsenaleko saraoetan bere hitz erraza eta irudi xarmanta paseiatuz. Lau oinetan zebiltzan bospasei ehun bertso moldatu zituen, berak dioskunez 1832an. Hona nola deskribatzen zituen Musset-ek sarao hauek poema batean: Igande goizetan txoriak zuhaitz aba-rretan bezain alaitsu, Arsenalean biltzen ginen. Batek zerbait bertsoz, besteak hitz lauz zuen errezitatzen, eta gero dantzan berriro hastera gindoazen, orduan Botika Erromantiko Handian, nornahik, mutil ala nausi, bazuen bere kanta propioa.Eta 1834an jada hiru liburu argitaratu zituen, bi frantsesez (Pa-roles d’un voyant, eta Paroles d’un Biskaien) eta bat euskaraz, Azti Begia. Hau dudarik batere gabe, Antoine Serpeille bere adiskide eta itzultzaileak zioenez, lehen Essai de cosmologie euskarienne, zen, hots, Kosmologiazko lehen euskal saiakera da. Eta Bizkaitar baten Hitzak saio politikoa honelaxe bukatzen zuen:Egunen batean Errepublikako gizonak berriro eseriko dira askatasunaren zuhaitza inguratzen duten harrizko eserlekue-tan: Bizkaitarra! Haritz zaharraren aldamenean landa eza-zue hazi berria; zuen odolez bustiztaturik zutitu eta handi-tuko dena zerurantz bere aldian zuen semeei eman diezaien askatasunaren itzalpea mendez mende.Paroles d'un voyant, edo Aztiaren hitzak Lamennais abade fededunaren hitzei erantzunez idatzi saiakerak, hala nola hurrengo urtean plazaratutako Philosophie des Révélations... , Errebelazioen Filosofiak izan zuten harrera, ordea, oso gogorra izan zen, batik bat kontuan hartzen badugu Erromako Federako Kongregazioneak Liburu Debekatuen Zerrendan, Index Librorum Prohibito-rum delakoan sartu zituela. Antje Bräcke ikerlari alemanak agertzen digunez “El profeta vasco Agustín Chaho y la Congregación romana del Índice” artikuluan, Rafael Fornari txostengileak honela kontsideratu zuen Aztiaren Hitzak:... un libro perniciosissimo e ripieno degli errori... mescolanza orribile di tutte le antiche tradizio-ni orientali... Zechirelli izeneko beste txostengileak Errebelazioen Filosofiaz, besteak beste honako hizkeraz idatzia zegoela zioen,... un gergo inintelligibile, eta bertan ageri zen dotrina sistema panteistiko bat zela, pietate gabez eta zorakeriaz betea. Garbi dago, beraz, garaiko egoera politiko monarkiko eta erlijioso oskurantista hark ez zuela lagundu Chahoren lana zabaltzen eta ezagutarazten, Voyage en Navarre pendant l’insurrection des basques de 1830-1835, hots, Nafarroako Bidaia euskaldunen iraultza garaian aski ezaguna egin arren eta alemanera itzuli eta argitaratu bazen ere.
Hiru liburu plazaratu zituen euskararen inguruan 1836an: Études grammaticales sur la langue euskarienne (& A.Th. d’ Abbadie); Lettre à M Xavier Raymond sur les analogies qui existent entre la langue basque et le sanscrit. Eta Génie de la langue latine dans ses rapports avec la synthèse grammaticale. Ez naiz mintzatuko gaur, luzeegi joko bailiguke, hizkuntzaz (Chahoren Hiztegi bukatugabeaz mintzatu nintzen Mitxelenari egindako omenezko liburuan) Chahok idatzi lanez eta bere narrazioez (Aitor, Safer, Lelo, Les Mystères de Madrid... ) ez eta beste zenbait lan politikoz, gaur hona hurbildu gaituena bere Kantutegia baita. Hiztegi amaitugabearen sarreran honakoa zioen, alegia, euskaldunek Institutu Nazional bat beharko luketeela, artea eta zientzia guztiak lantzeko Akademia bat, hots, zibilizazio independiente bat, hezkuntza-kontseilaritza bat, agian inoiz izango ez zuena; euskara bakarrik erabiltzea eskoletan; eta honen inguruan literaturaz eta falta zitzaizkigun liburuez osatutako liburutegia, hitz batez, ez genuena eta nazio handiek mendeen poderioz eta laguntzaz lortu zutena. Eta falta zitzaizkigun liburuen artean hauexek aipatzen zituen, bereziki, argitaratzen ari zen Hiztegia eta hura bukatzean plazaratuko zuen Kantutegia.Mende eta erdi, beraz, igaro behar izan du gure Aztiaren desio hura bete zedin, gazteegi hil baitzitzaigun, batzuek ziotenez politikan murgiltzeko debekuak itota, hau arnasa bezain beharrezkoa baitzuen. Kantutegiaren eskuizkribuak aspalditxo utzi zizkidan aztertzen Maria Josefa Lanuzak, Telesforo Monzonen emazteak.
Urteak pasa ziren eta nire egitekoa beste azterketa-lanetan murgildu zen (Anton Abbadia eta Lore Jokoak, adibidez), pentsatu nuen arte ezin zuela gehiago iraun Agosti Chahoren lanak argirik ikusi gabe. Azken finean erdietsi nuen eskuizkribuaren CDa. Monzonen artxibotik Euskaltzaindiko Azkue Bibliotekara igarotakoen kopia, alegia, eta hura aztertzen hasi nintzen zehazki eta Gorka Arreserekin eztabaida adiskidetsu eta emankorren ondoren hemen dago fruitua.
Nire eskerrik beroenak eman nahi dizkiot Gorkari bai eta Koldo Izagirreri ere, hain maisuki itzuli dituelako hala Trilby-n 1844an agertu Euskal Kanten prospektua, nola Biarritz entre Les Pyrénées et L’ Océan, Itinéraire pittoresque (Deuxième Partie, Ba-yonne 1855, 175-194) liburuko XLIX kapitulua: Amodioa. Itzulpen hauek Chahoren eta kanten xarma aparta ematen diote ene transkripzio-lan idorrari. Baita ene adiskide Patxi Intxaurrandieta lezoar musikari trebeari ere, berak egin baititu doinuen transkripzioak, batzuk lehen aldiz moldiztegiratuak gainera, adibidez, Par-tiada tristea Ternuara eskuizkribuan tetragrama batean ageri dena eta hemen pentagraman moldatua.
Liburuak beraz 101 kanta biltzen ditu, hots, Chahok berak zerrendatu 70 gehi bere liburuetan aipatzen dituen beste 31. Aitzinsolasez, bibliografiaz, oharrez eta doinuz jantzi ditugu eta jazkera dotore hau gogoko izango duzuelakoan nago. Hori itxaroten dut. Hona bada, laburbilduz, Chaho poeta, itzultzaile, nobelista, saiakeragile (filosofo, historialari, literatur kritikari, kazetari, hizkuntzalari) eta politikari izateaz gain, kantu-biltzailearen obra, gaur arte ineditoa. XIX. mendeko bertso- eta musika-biltzaileen artean, Iztueta, Villéhélio, Sallaberry eta Bordesen artean merezi zuen, eta ongi merezi gainera, eta orain arte ukatu zaion lekua hemen aitortzera etorri gara. Milesker zuen arretagatik.
Beraz, elkarrizketatxo baten ondoren, Susako zenbait, Gorka buru eta neroni bazkaltzera joan ginen Parte Zaharrera, eta garesti bat hautatu ordez xumea hautatu nuen, Alberto Jatetxea. Bazkalondoko solasa luzea egin zen, eta izan ziren gauza batzuk, Gorkak esandakoak, ez zitzaizkigunak gustatu ez niri, ez eta han zeudenei. Karrere, Markez, Patxi... Beste behin ez dugu mailarik eman. Baina zer arraio nahi du Gorkak? Hiru liburu argitaratu ditut Susarekin. Miranderen gutunak, Ibiñagabeitiarenak, Zoazte hemendik eleberria eta hau, zer nahi du gehiago? Akaso, editore gisa eman duen bere bizitza luzean askotan plazaratu ote ditu horrelako ineditoak? Hurrengo egunean Berria egunkarian (apirilaren 21a) Juan Luis Zabalak bere artikulua honela izendatzen zuen: Iturritik gertuago. Eta Nerea Azurmendik El Diario Vascon (apirilak 21) hauxe zioen titulu nabarmenez: Agosti Chaho hil eta 148 urtera plazan dira azkenean euskaltzale zuberotarrak bildutako kantuak. Gaur egun doan kontsulta daitezke Susa liburuak sailean Interneten, besteen artean euskal kanten bertsiorik zaharrenak, hala nola Etxauzeko anderea eta Bereterretxen khantorea Agosti Chahoren bildumari esker.
Maiatzak 30.
Gaur, Ateneo Guipuzcoanoko zuzendari den Ángel García Rondak gonbidatuta, hitzaldi bat eman dut Dr. Camino Liburutegian, Serapio Múgika aretoan, gaztelaniaz Serafín Baroja, escritor bilingüe gaitzat hartuta. Aurrez aurre nituen gaztelaniazko idazle zenbait, baina ez naiz inolaz ere kokildu eta ene tenor ahotsaz kantatu dut Pudente operaren sarrera euskaraz, eta gaztelaniaz irakurri Perico Pello de Alabaindanere, Apuntes para la Historia de un buen apunte nobelaren pasarte irrigarrienak.
Ekainak 6.
El Retiroko liburu-ferian ezagutu nuen Mario Muchnik editore argentinarraren A propósito del recuerdo a la memoria 1931-2005 irakurtzen ari naiz. Arin-arin eta ia bukatzear daukat. Interesgarriak iruditzen zaizkit zientziaren eta literaturaren artean egiten dituen loturak. Baita gazte garaietako komunista definitze hura ere. Mugica Herzogek esan omen ziona, no puedes entender porque no eres español... Salatzen duen espainolen artean dirauen antijudaismoa. Egiten duen kritika argia, adimentsua eta irri zabala, maltzurkeriarik gabea. Gustatu zait benetan.
Ekainak 9.
Coruña-Donostia trenez hamabi ordu. Goizeko zortzietan atera eta arratsaldeko ordu berean iritsi. Trena jendez mukuru. Galizian barrena, herrixkak, soroak, eukaliptusak, pinudiak, ibaiak begi-bistatik arin-arin iragaiten zaizkit. Haizeak gogor astintzen ditu zuhaitzak eta bazterrak. Soroak dagoeneko horixkak daude. Santiagoraino bidea egin duten erromes ugari trenean. Katalan bikotea aldamenean eta donostiar bat makila luzean labanaz irudiak tailatzen. Hondarribiko marinela, lunbagoak jota itzuli beharrean aurkitu dena. Orreagatik atera zirenetik 28 egun. Bi alditan behin 45 kilometro egunean egitera iritsia. Katalanek, ostera, egunero 20-25 kilometroko erritmoa, eta luzera aldatu gabe. El poder de la mente, gogoaren botereaz mintzo dira. Ingeles jigante bat bere kontutxoak idazten egunkarian. Neka-neka egina dirudien neska frantsesa jada bi hilabete Lizarrako Puytik atera zela itzultzeko gogoz. Holandar bikote erdi hyppia zakur eta guzti. Oiartzuar indartsu, sendo eta gaztelaniazalea. Oinak egunero zaindu beharrarena, babak nola sortzen diren, nola zaintzen eta nola sendatzen... Bidaia-irakurketen eta erromesen mundua ikusten nuen bitartean ez dut luzetsi.
Gesualdo Bufalinoren Le menzogne della notte, Las mentiras de la noche, [Gauaren gezurrak] irakurtzen noa. Heriotzara kondenatuta dauden lau iraultzailek beren bizitzetako gorabeherak kontatzen dituzte azken gauean. Salatzaile bilakatuz gero aske lirateke eta Ameriketako txartela hartzeko, joateko eskubidea lortuko lukete. Mozorroturik dagoen fraideak bere bizitzako zertzeladak ere kontatzen ditu. Baina denak, azken finean faltsu dira, aitorlearen izaeraz jakitun baitira. Amaieran, iraultzaileak oro bertsogile lapurtarrak zioen bezala, hilotinatuak izango dira, eta presozainak bere buruaz beste eginen du. Hizkera mota eta erregistro erabat ezberdinak dituzte pertsonaiek. XIX. mendean gertatutakotzat jotzen da, baina ageri diren gaiak eta sinboloak unibertsalak dira. Amodioa, iraultza, herri xehea, jende nobleak, bakoitzak bere lekuan eta denak beren hizkuntza propioan ari direlarik.
Uztailak 3.
Donostiatik Madrileko bidean, joan-etorriko hamaika ordu luzeetan zenbat egunkari, liburu, azterketa eta ikasleen lan ez ote ditudan irakurri. Gaur Brodyn jaio eta 1939an Parisen hil zen Joseph Roth irakurtzen ari naiz. Crónicas Berlinescas, deitzen da gaztelaniazko itzulpena, eta bukaeran badu editorearen ohar zenbait egilearen bizitzaz. Dotore idazten du eta irkaitz malekoniatiz janzten du bere prosa. Bortitza, eta iradokizunez betea. Dena den, esango nuke, La leyenda del santo bebedor izan dela bere narrazioetarik gogokoen izan dudana.
Uztailak 17.
Espejo herrian El Molino-Errota enea izeneko eta modan jartzen ari diren basetxe batean gaude. Teilatupeko ganbara txikia da, baina oso beroa. Zenbat kostatu ote zaion Juan Carlos Ramírez kazetariari etxe zahar hau antolatzea eta eguneratzea? Zenbat ordaindu ote zion SER-ek likidazioa egiterakoan? Ez da, ez, leku zaratatsua idazteko, nahi izanez gero eta zerbait esateko edukiz gero. Atzoko eguna benetan interesgarria izan zen Arabako lurrak ezagutzeko. Gazeo eta Alaizako elizatxoak eta bertako pinturak, Gasteizko katedrala. Gaur Gatzaga eta Veleia ikustekotan gara.
Uztailak 30.
Gabas, Pirinioetako herrixkan gaude, Biscaü ostatuan. Ibilalditxo bat egin dugu Pic du Midiren inguruetan eta ohiko legez ostatuan bertan afaldu. Afalondoan paseo txiki bat Eaux-Bonneseraino. Alegia, Uronetara. Napoleon III.aren garaian eduki zezaketen glamurra, dotorezia, xarma, jende aberatsen, dama dotoreen, doktore eta poeten joan-etorriak bukatu ziren aspaldi. Hiri fantasma bat dirudi. Hutsa. Hutsak daude bainutegi ondoko etxeak, basalorez edertuak, belar gaiztoz jantziak soilik. Dena abandonatua bailegoen. Leihoak eta ateak itxita. O tempora! Zein guti irauten duen denak! Errekak, aldiz, goiti beheiti hots, soinu eta murmurio betikoaz badoaz etengabe... mila urte igarota ura bere bidean... Uztailak 31.
Gaur goizeko zortzietan jaiki naiz. Stefan Zweigen Castellio con-tra Calvino: conciencia contra violencia, obra irakurtzen dut menditik behera behe-lainoak erreketan itsasten diren bitartean. Aroa ezin hobea dugu gosaldu eta zangoak pixka bat mugitzeko. Hain da handia Zweig juduak Calvinoren aurka ezartzen duen pasioa, non zalantzak sartzen baitzaizkit ez ote duen dena beltzegi pintatzen, baina bai, ez zaio arrazoirik faltako seguruena, garai haietan Inkisizioa alde batekoa edo bestekoa izan, katolikoa edota teokrazia protestanteari zegokiona, estu, latz, gogor eta krudela behar zuen izan.
Abuztuak 1.
Eguerdian Marikrutxi deitu diot, bere urtebetetzea baita. Nire amandrea da eta nire ama izan bailitzan portatu da beti nirekin. Igandean ospatuko dugula denok elkarrekin esan dit. Gabasetik Midi d´Ossauko beste aldera joan gara. Bidean behiak, behorrak, mandoak, zaldiak, astoak, ardiak, akerrak... behatu ditugu, bai eta mendigoizaleak ere. Lakura iritsi naizenean, harrixka lauak ur gainean txanpak egiten ezarri ditut, nire gazte-garaiko trebezia erakustearren, eta beren gurasoekin eserita zeuden mutiltxo batzuek oihu egin dute, il a réussi. Menditik jaitsi garenean Luz-Ardidenerantz abiatu gara. Lourdes erdi-erditik igarotzen ari gara eta erlijio katolikoaren komertzio eta saltegi, merkatari-gune hura igarotakoan, a zer atsedena! Kezkaturik nabil nire baitan pentsatuz nola eraiki daitekeen gezurraren gainean halakorik... Luz-era iritsitakoan Montaigu hotelean hiru gauerako hartu dugu ostatu.
Abuztuak 2.
Amaginarreba Kontxi eta Jon koinatuarekin gelditu gara bazkaltzeko, eta Lespoure bailaran dagoen taberna xahar, berriki berrituan gelditu gara. Apaingarri bezala segak, segapotoak, uztarriak, mailuak, igitaiak, aitzurrak, laborarien tresna eta erreminta orotarikoak zintzilik eta mahai tailatuen gainean. Kontxi laurogeita hamar urteak betetzeko eta beti bezain dotore, pozik seme-alaba maiteak bere inguruan ikusita. Bazkari xume baten ondoren, bagoaz nor bere bidetik. Luz-en paseatzen ari ginelarik, Marixa, Euskaltzaindiaren Donostiako egoitzako bulegaria eta Xabier bere senarra bi neskato txinatarrekin topo egin dugu. Bitxi eta bizi-biziak dira haurrak, eta euskaraz primeran egiten dute. Miresgarria benetan txikienak, hiru urte eta erdirekin Euskal Herrira iritsi eta handik hiru hilabetera jadanik konprenitzen eta egiten omen zuen euskaraz. Ume txinatarren adimen azkarra!Abuztuak 17.
Patxi Salaberria, Marga, Marta Ruiz de Garibay eta Arantzazu Fernándezekin bagoaz Arabako lurraldeetara txango bat egitera. Salinas de Añana-Gesaltzaraino inguratu gara. Gatzak erromatarren garaietatik Erdi Aroraino eta mendeetan zehar izan duen garrantziaz ohartzen gara. Veleia ere ikusten dugu, edo ikus dezakeguna. Harlauza handi haiek. Irudimenaren ametsak munstroak sor zitzakeela zioen Goia pintoreak, ezta? Gazeoko ermitaren pinturak, aldiz, benetan oso gogoko izan ditugu.
Irailak 16.
Larunbata. Goizeko seietarako bagabiltza Marga eta biok zirin-zaran jaikita bidaia prestakuntzak burutzen. Maleta, motxila, irakurgaiak, arropa. Dena prest daukagunean, gosari arin bat egin eta Topoak Anoetan duen geltokira joan gara karrikan maleten gurpilek ateratzen duten zarata pixka bat saihestuz eta 08:15ekoa hartu dugu. Patxirekin bildu gara eta Hendaiako geltokiko tabernan kafesnea eta kruasana gosaldutakoan, sartu gara TGVn. Lehen klasean goaz duela hilabete eta erdi Internetez merke-merke erositako txartelez, eta noski aski eroasoagoa da. Polliki-polliki trena betetzen ari zaigu Donibane Lohizune, Miarritze, Baiona, Akizeko geltokietan. Landak igarotzen gaudelarik, hau idazten ari naiz. Eguna grisa daukagu, eta badirudi euria datorkigukeela Parisen. Trenean elkarrizketa benetan interesgarria izan dugu militar batekin. Gizon garai eta atsegina da. Minen kontrako, desaktibatzeko kurtsiloak ematen ditu Parisen. Montaubangoa da eta Tahiti, Txad, Jugoslavia ohia eta munduko beste paraje anitzetan ibilia. Bere bizitza kontatu digu, ordenagailuan dauzkan Donostiako fotografia eder batzuk ere erakutsi eta atuna kokoarekin prestatzeko formula benetan gustagarria izan daitekeena ere bai. Parisera iritsi garenean ateri dago zorionez eta benetan arratsalde ederra geratu zaigu. Ateri da eta hiru orduko ibilaldia egin dugu kaleetan barrena. Paris gero eta kolore beltxaranagoa hartzen ari dela esango nuke. Turista batzuk, ez asko, baina gabiltzan kaleetako ibiltarien artean gehientsuak Afrika aldekoak. Jatetxe libanoar batera goaz afaltzera. Brouilly-ko ardo botila bat aski izan dugu hirurontzat. Metroa hartu eta Amelot kaleko Hôtel Ameloten sartu gara atseden hartzera.
Irailak 17.
Gaua aski gaizki igaro dut, halere azkenean goizalba iritsi da eta gosaldu ondoren bagoaz mezetara. Eliza ortodoxo errusiar batean izan gara. Jendeak aitaren egiterakoan lurra ukitzen du ia, eta zernahi delarik makurtu eta belaunikatu egiten dira. Apaizaren, popearen ahotsa eta abesbatzarena ederrak.
Atera gara ikonoz apainduta dagoen elizatik, parketik paseatu eta bagoaz Walter Scotten nobelan oinarrituriko Salvatore Cammaranoren libretoaz Gaetano Donizettik moldatu Lucia di Lammermoor opera ikustera. Ahots zoragarriak. Luciaren paperean Natalie Dessay, Edgardorenean Matthew Polenzani eta Arturoren rolean Ludovic Tézier. Hirurak bikain. Evelino Pido musika-zuzendaria halaber, baina Andrei Serban eszenografoaren lana, hausle, abanguardista eta oso moderno izan nahirik ez zait laket. Badira konbentzioak teatroan, baina operan gainera ahotsek eta ixtorioek dute garrantzia, eta agerlekua zirko bat bihurtu nahi izatea ez da ene gogoko. Gudaroste baten Gymnasioak ezin du bi pertsonaien arteko pasioa ordezkatu, ez eta balio... Irailak 18.
Atzo operatik atera eta Camille jatetxean afaldu genuen. Gaur gauean Saint Germain-dès-Près-eko liburu-dendetarantz abiatu gara, baina, igandea denez gero, arratsaldeko zortzietan ixten dituzte, eta beste egun baterako utzi dugu bisita patxadatsuagoa.
Astelehena. Gosaldu eta banoa Arsenaleko Liburutegira ea han dagoen Auguste Rondelek bildutako liburutegira, baina esan didate badela bi urte Richelieu kalekoan dagoela. Beraz, pausoa luzatu eta banoakizu ohiko zentrora. Hementxe nago txartela ematen didaten bitartean hau idazten, izerditan blai. Areto berezira sartu naiz, eta esan didate non dagoen Auguste Rondelen artxiboa. Bilatu dut, aztertu eta ikusi zer zeukan nire intereseko. Asko eta gutxi. Orokorrean eta Frantziako teatroari dagokionez asko, baina Euskal Herrikoari dagokionez, soilki Astyage eta Aymonen lau semeak pastoralen eskuizkribuak, baina modu okerrez sailkatuak, hots, Biarnokoak bailiran.
Irailak 19.
Musée des Arts primitifs, et civilisations d'Afrique, d'Asie, d'Océanie et des Amériques Jacques Chiracek eraiki museoan gaude. Gizonaren eta Itsas-Araindikoa deseraikiz, mundu guztiko eta gizarte primitibo bezala deituak izan direnen artelanen bilduma. Musika-tresnak, itsasontziak, eskulturak, jainko eta jainkosak. Orotarik. Saint Martingo kanalondotik ibili gara gora eta behera eta azkenean Marianne andere errepubikarraren irudiaren etxean, Pilsner zerbeza txekiarrarekin afaldu dugu.
Irailak 20.
Sorbonako Liburutegian izan naiz goizetik. Jean François de La Harpe dramagile frantsesaren 1763an plazaratu Warwick tragedia kamara digitalez jaso dut, honen euskarazko pastorala baitaukat eta moldaketaren modua aztertu nahiz bainabil. Arratsaldetik bagoaz Pleyel aretoan ematen duten kontzertua entzutera. Debussy eta Ravel. Txikitandik maite izan ditudan bi musikari zoragarriok. Hau plazera!Irailak 21.
Erromatarren goiz-albatik ilunabarreraino iraun zuen Sasaniden Inperioa ikusi ahal izan dugu Musée Cernuschi, Musée des Arts de l’Asie de la Ville de Parisen titulua: Les perses sassanides: fastes d’un empire oublié (224-642). Ederti-lanak. Erliebe-irudiak ehiza-ixtorioak kontatuz, mosaikoak, harpajotzaile erdibilutsa, janzkerak, eraztunak eta bertan grabatu miniaturak, guttunak... Pariseko (Louvre, Bibliothèque Nationale de France), Lyongo, Teherango, Londresko, Berlingo eta beste zenbait instituzio belgiar eta estatu batuarretatik ekarritako eder-lanen esposizioa. Afaria Brasserie Bofinger, Bastilla ondoko jatetxean; Belle Epoqueko leku ederrenetarikotzat jo dugu. Edaria, zerbeza, eta janariak: xukruta, jarreta eta zerri-hankak. Aldamenean amerikar batzuk, hona moroak La Mecara doazen bezala datozenak... Irailak 22.
Goizean lasai-lasai liburu-dendetara joan naiz. FNAC, La Procure, ... Saiatu naiz Klaus Kinski aktore ospetsuaren (Werner Herzogen, Agirre o la cólera de Dios, 1972; Woyzeck, 1979, Fitzcarraldo, 1982... ) Frank Cassentiren La Chanson de Roland filmaren DVDa aurkitzen, baina ez dut lortu. Arratsaldean La Clemenza di Tito, Mozarten operaren benetan emanaldi ederra ikusi ahal izan dugu. Esalkiak, ordea, Pariseko Opéra Garnier-en izateko nahiko eskasak. Atsedenaldian Mouton Cadet bana edan dugu Patxi, Marga eta hirurok, aldamenean kimonoz jantzita japoniar dotore bat daukagula. Anna Caterina Antonaci, Elena Garanca eta Christoph Prégardien, Gustav Kuhn musika-zuzendariaren aginduetara, eta Ursel eta Karl-Ernst Herrmannen eszenografiarekin. Denak ezin liluragarriago, eta Titoren azken kanta jainkoei bere bizitza labur diezaioten eskatuz, Erromaren ongi izateaz ahantz dadin egunean. Hunkigarria.
Irailak 27.
Ateneo Guipuzcoanoko zuzendari den eta politiko sozialista izateaz gain, poeta eta eleberrigile ere baden Ángel García Rondak eskaturik, Juan Ramón Jiménezek Nobel saria jaso zuenetik mende erdia ospatzen delarik, hitzaldia prestatu dut gaztelaniaz, eta oso jende asko eta era ezberdinetakoak etorri zaizkit entzutera. Nire titulua: Homenaje de los poetas vascos a Juan Ramón Jiménez (Moguer, 1881 - Puerto Rico, 1958). Recep-ción y traducción. Eta aipatu SERTA poesia errebistan agertuko da (2007, 325-372); bukaeran diot, nola Juan Ramonek batzen zituen poesia eta erlijioa, eta nola bere poesia hutsaren bilaketan Henri Bremond-engandik gertuago dagoen Paul Valery-rengandik baino, kontsideratzen baitu poesia guztiz arrazionala den fenomenoa dela, Urtziarekiko harremanen ondorio instintiboa, mistikoen jaidurekin batzen dena batzuetan. Horregatik, diot, ez dela harritzekoa XX. mendeko lehen parteko euskal poetak, hain erlijiosoak izanik, Juan Ramonen molde poetikoarekin identifikatzea, eta hain gustura itzultzea, unibertsala den poeta andaluziarra.
Urriak 6.
Jean Dominique Mellot, Frantziako Liburutegi Nazionaleko kontserbadore eta inbentariogilearen gutuna jaso dut; honela hasten da: Cher Monsieur, Tout d'abord je vous prie de m'excuser pour le long dé-lai apporté à cette reponse... concerne directement votre recherche sur les éditions des Linguae Vasconum Primitiae... Alegia, barkamena eskatzen duela luzatu egin delako nire galderaren erantzunean, hau da Arnaud Oihenarten 1665eko L'Art Poétique Basqueren arabera Adrien Morrontek Erruanen egin zuen Bernat Etxepareren edizioari buruzko xehetasunez. Morront inprimagileak Erruanen –beti oroitzen dut errefrau zahar hura Garibaik jasotakoa, Erruango oiala merke dala gora da–, 1602tik 1625eraino moldatu hogeita bederatzi edizioen tituluak ematen dizkit, bai eta non aurkitzen diren. Ez denenak, ordea, eta tamalez ez da azaltzen inondik ere Etxepareren ediziorik. Agian liburu zahar, galdu, hauetariko baten barnean ote? Auskalo.
Urriak 18.
Hamazazpi obra ditugu aztertzeko Nazional deitu saritan, Literatura dramática deritzan generoan, Manuel Rivasen O heroe, Josep Bonet i Jorneten Salamandra, Manuel Lorenzoren Nocturnos, Juan Carlos del Olmoren Heterodoxias (Jon Mirande, Joana de Albret eta Bergamin & Unamunori buruzko antzerkien itzulpenak) besteren artean, baina zaila da, konturatuta Galeuzcak sarietan ez duela funtzionatzen eta madrildarrek bat egiten dutela idazle bat aurrera ateratzea nahi dutenean eta lortzen dutela, aipatuetarik bat sariztatzea. Horrela, bada, aurten Santiago Martín Bermúdez idazleari (Madrid, 1947) suertatu zaio saria bere Las gradas de San Felipe y empeño de la lealtad obragatik. Hizkuntza arkaiko eta kitx batean eraikitako teatro historiko (?) hau ez izan arren nire gogokoena. Zaila izango zaie euskal antzerkigileei, epaimahaia antolaturik dagoen bezala, eta Real Academia de la Lengua Española delakoaren zenbait ordezkariren ohiko euskararekiko herra, genero honetan noizbait saririk irabaztea.
Urriak 20.
Ondarroan, Euskaltzaindiko Literatur Batzordea bildu gara eta Augustin Zubikaraiz (Ondarroa, 1914-2004) eta euskal teatroaz mintzatzea suertatu zait. Ekitaldiko fotografian, nire ezkerrean, Ondarroako alkatea eta Jean Haritschelhar ageri dira. Bertan Augustinen teatro sozialaren aipamenak eta beraz Xabier Letek idatzitakoak irakurriz bukatu dut hitzaldia: Zubikarai bere alde on eta txarrekin, osotasun eta hutsegi-teekin, teatroa serioski hartu duen gizona izan da. Hortik dator bere ekin-tzearen baliotasuna eta horregatik da bere lana estimagarria. Publikorik gabe eta girorik gabe hainbeste urteetan lana serio eta segidan egin duen gizonak gure estimazio osoa eta esker ona merezi du.
Urriak 21.
Bildu gara berriro Irun Hiria literatur sarietako Poesia sailekoak hoberena sariztatzeko. Hamabi lan aurkeztu dira eta berriro Aintzane Galardi oiartzuarra baina, anonimoak behar dutenez Mikel Peruarenaren Edan ase arte poema bilduma hoberenesten dugu. Eta, ohi bezala, Felipe Juaristik eginen duen erreseinan hau idatziko du titulua Bertolt Brechten bertso batetik hartua dagoela azpimarratu ondoren:
Bizitzaren gorazarrea da liburu hau, bizitzeko eta bizitzarako kantua eta kobla. Baina ez bizitza bere zentzu hutsean, bizitza bizi-tzeagatik, besterik gabe. Bizitzak beste zerbait behar du bizitza iza-teko. “Eroriko zaigula jakin eta, hala ere, / ahalik eta duinen erama-tean datza bizitza”. Bizitzaren pisuaz ari da, bizitzan daramagun karga ezin arinduaz. Duintasuna, noski, besteen begia gurean da.Urriak 28.
Zuberoa aldetik eskatu didate arratsaldeko lau eta erdietan mintza nadin Mauleko Herriko Etxean Agosti Chahoren kantutegiaz, zeren eta ondoren Daniel Landarti, nire aspaldiko adiskideari, eman behar baitiote Agosti Xaho saria. Bi ekitaldi hauen ondoren Xiberoko Zohardia koruak abesten du, ohi bezala, beren ahots indartsu eta gorekin. Kantuak amaitutakoan abeslari bat inguratzen zait eta Chahok bildutako kanta baten beste aldaki eskuizkribatu bat ematen dit. Gaua Hostelle-rie du Châteaun igarotzen dugu, inguruko errekaren hots ozena luzaro dantzudala.
Azaroak 15.
Ortzadarrek XXII. Folklore Jardunaldiak antolatu ditu Iruñean, gai honen inguruan: Kantua: Tradizioa eta herri-adierazpena hitzaldiak. Eta asteazkenez, 19:30ean Descalzos 72an dagoen aretoan suertatu zait hitz egitea Balada zaharrez. Iruñeko parte zahar honek benetan erdi abandonatua dirudi, etxeak zaharkituak, kaleak ez oso garbi, enfin, azkenean aurkitu dudala aretoa. Alfredo Asiain eta Josu Amezagaren ondoren mintzatu natzaie. Mikel Bujanda izango da moderatzailea hurrengo egunetan; dena den, gaurko giroa oso abegitsua izan da. Ostiralerako utzi dute Xabier Amuriza, Bixente Martinez, Natxo de Felipe, Niko Etxart eta Jean Michel Bedaxagarren arteko mahai-ingurua. Pena ez egotea bertan, esaten eta kantatzen dituztenak entzuteko.
Azaroak 17.
Jokin Zaitegi, Andima Ibiñagabeitia, Txomin Jakakortaxarena idazleen mendeurrena dela-eta, Gasteizko Filologia Fakultatean, Gerra ondoko kultur giroa eta literatur produkzioa aztertzera eta zenbait hitzaldi ematera joan gara Euskaltzaindiko Literatur Ikerketa Batzordeko batzuk. Niri goizeko hamarretatik hamaiketara suertatu zait; gaia: Ibiñagabeitiak euskal literaturari eginiko ekarpena. Ehun orrialdetik gora du prestatu dudan lanak, agiri argitaragabeak barne, dena den antolamenduaren arduradunek, Jon Kortazar eta Lourdes Otaegi irakasleek, porrot egin dute, ez baitute lortu ikasle bat ere erakartzea hitzaldietara. Hau bai dela fundamentu eskasa!Azaroak 22-25.
Antonio Domínguez Rey lankidearekin lehenik Santiago de Compostelako Biblioteca Américan aurkezten dugu El otro medio siglo. An-tología incompleta de poesía iberoamericana. Miguel Anxok zuzentzen duen Espiral Maior argitaletxeak plazaratua, eta katalan poetez Vinyet Panyella i Balcells arduratzen den bezala, neroni egiten naiz XX. mendeko bigarren partean argitaratu euskal poesiaz. Liburu mardula da eta anitza, balioko digu hurrengo egunetan Rianxon Itzulpenaz eta Poetikaz egiten dugun VII. Nazioarteko mintegian eztabaidagai gisa. Antologia guztiak bezala, honek ere izanen ditu bere aldeak eta ifrentzuak, hutsune eta osatzekoak, baina horrela, orokorki hartuta, esan genezake aipatzen duen guneaz plazaraturiko osatuena dela. Nik hautatuak Juan Mari Lekuona, Jon Mirande, Gabriel Aresti, Joseba Sarrionandia eta Koldo Izagirre dira. Bost poeta eta bostna poema euskaraz eta gaztelaniaz eman ditut eta pentsatzen dut leku aproposa dela eta zabalkunde ona izan dezakeela, horrela gure egite poetiko eta pentsamenduen berri emanez. Koldori bakarrik eskatu ahal izan diot baimena eta ez dit inolako eragozpenik jarri.
Urte honetan gure UNEDeko errebistan, hau da, katalan, galego eta euskal hizkuntzaz eta literaturez plazaratzen dugun honetan lau artikulu edota ikerketa lan ezberdin ditut. Lehena, aipatu antologiako lana,
poeta horien ezagutza heda dadin. Bigarrena, hurrengo urteko Lilleko
kongresuaren aurrerapena frantsesez. Hirugarrena, Arte eszenikoak Gipuzkoan XIX. mendean. Eta laugarrena, Serafin Barojaren opera argitaratugabearen, Elkanoren lehen edizioa. Halaberki, Baionako Lapurdum errebistan, “Euskal poesia-idazleen artean lehen anderea: Maria Estibaliz de Sasiola (1550 a. - 1611)”, argitaratu didate, non haren bizitza aztertzen dudan, Donostiako Elizbarrutiko artxiboan haren heriotza data eta zenbait albiste aurkitu baititut.
Abenduak 14.
Esteban Antxustegi, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak Ar-gien Mendea deituaz eta euskal teatroaz hitzaldia ematera gonbidatu nau Limesekin antolatu jardunaldietan, eta gaztelaniaz prestatu behar izan dut, hala nola powerpoint bat, irudi eta musikarekin batera honela titulatu dudana: “Francisco Javier María Munibe e Idiáquez, conde de Peña-florida, la Real Sociedad Vascongada de los Amigos del País y el teatro vasco en el siglo XVIII”, zein bideoan ere ikus daitekeen KM kulturunean.
Abenduak 15.
Bederatzi antzerki aurkeztu dira aurten, eta ohartuta nago hortxe dabiltzala aurkezte-dantzan antzerki berak Donostiatik Bilbora eta Toribio Alzaga saritik Donostia Hirira. Eta hau 2004an irabazi zuen Alaitz Olaizolari eman diogu, Joanes (Itxaropenaren semea) obragatik, ohi bezala epaimahaia Eugenio Arozenak, Daniel Landartek eta neronek osatu dugularik. Javier Rojok El Correon idazten duen erreseinan honako hau dio, besteak beste:
Behin baino gehiagotan Forrest Gump euskaldun bihurtua be-gitandu zait pertsonaia hori. Oztopo bat du, ordea: maitagarria bihurtzeko ahaleginean pertsonaiak eduki lezakeen ironia guztia alde batera utzi baitu, eta oso transzendetalak, ia mistikoak, izan nahi duten ideien errepresentazioan geratu da. Antzerki lana erdibi-dean geratzen da. Drama izan nahi luke...
Eroetxean dago Joanes, denok gara Joanes...