AINHOA Beola, nire ikasle izandakoak, Mikel Atxagak eskaturik, Bidegileak bildumarako aholkua eskatu zidan Antonio Labaienen biografia laburra egiteko eta, pasatu niolarik, honako gutuntxoa bidali zidan : Kaixo Patri, Mila esker zure txosten hau uztea-gatik. / Beti bezala lana interesgarria iruditu zait eta dagoeneko «pista» batzuk ere eskaini dizkit. / Besterik gabe, ondo izan eta aurki arte. Ainhoa Beola.
Pentsatzen nuen Abbadiaz eginikoaren antzeko beste zerbait egin zitekeela, orain XX. mendeko kultur munduan izan zen gizon funtsezko batez, alegia, Julio de Urquijo (Deusto, 1871-Donostia, 1950) eta haren Obra osoak plazaratzea ez legokeela gaizki, honako liburukietan banaturik: 1. Estudios Históricos; 2. Lengua Vasca, 3. Literatura Vasca, 4. Paremiología; 5. Reseñas de libros; 6-7-8. Epistolario; 9. Lingüística General, eta 10. Literatura española. Egitasmoa ez zen aurrera atera ahal izan, Eusko Ikaskuntzako gerenteak ez baitzion aurkitu interesik edo bideragarritasunik, antza.
Urtarrilaren 25etik 30eraino Parisen egon nintzen, Expolanguesen, eta UNEDek ezarri standa Euskaltzaindiak ezarritakoaren ondoan suertatu zen, eta beraz, biei laguntzen, kaxak hemendik hara eramaten, hurbiltzen zen jendeari kasu egiten eta aholku ematen, karga-deskarga lanetan ere ibiltzea suertatu zitzaidan, oso jende atsegina aurkitu nuelarik, Euskaltzaindiko standeko neska nafarrak, batez ere.
1999ko urtean beste tesi batean egotea suertatu zitzaidan. Bilbon izan zen, hain zuzen, oraingo hau, eta nire adiskide Joserra Gartzia Garmendiak burutua. Gaur egungo bertsolarien baliabide poetiko-erretori-koak (Marko teorikoa eta aplikazio didaktikoa) zeukan titulua eta atsegin handiz entzun genituen bere teoriari zegozkion oharrak eta praktika musikalak. Cum laudea eta doktore titulua jaso ondoren, bertsolari hautatu batzuekin bazkari ederra dastatu genuen Fakultatean bertan, non ez zen falta izan, legezkoa zen bezala, bertsorik. Hitzetik hortzera telebista programaren eta hainbeste saio ederren egileak ongi merezia zuen.
Apirilaren 28tik maiatzaren 16ra Txipre eta Sirian barrena egindako bidaia niretzat ezin ahantziaz, eta garai honetan lurralde ikusgarri haietan nolako giroa zen jakin nahi duenak jo beza patriurkizu.eus webguneko Bidaiak sailera.
Etxera iritsi eta bi gutun bederen baneuzkan erantzuteko. Bat Marijo Olaziregik maiatzaren 9an idatzia, non bere tesiaren atal soziologikoaren laburpena gaztelaniaz argitaratu nahi zuela esaten baitzidan, zeren eta gaztelaniazko irakasleen formakuntza-ikastaroak ematen ari zenez, arazoak baitzituen irakur dezaten lortzeko. RIEVera bidali omen zuen, eta Aristorena izeneko batek oso goiz jota 2000 urteko otsailean argitara-tuko lutekeela erantzun zion; presa zuen, nonbait, eta ea Eusko Ikaskuntzako “Cuadernos de Sección”en argitaratuko nuen. Dena den, Matilde, Koldo Mitxelenaren emazteak esaten zuen bezala, las cosas de palacio van despacio, eta Eusko Ikaskuntzaren onarpena iritsi zitzaion, eta honi buruzko esker ona ematen zidan gutuntxo batean (2000-III-30) esanez, ... Denak ni bezalakoak balira, a zer burukominak! Enfin, gure antsie-tateek eta curriculumkeriek traizionatzen gaituztela! Ez zen nolanahiko aitortza. Juan Aranzadi lankideak apalki esaten zuen bezala, gure ridi-culum vitaeak.
Bigarrena, Javier I. Lopez Mendizabalek ekainaren 19an egina, nire bisitari eta eskaerari erantzunez. Hona zioena: Ementxe dijoazte bi esku-titz Andimarenak, zerbait geio azaltzen bazait oso pozik jarriko det zure eskuetan. Nai dezun arte, bitartean artu nere besarkada beroena. Xabier. Bidean neukan Andima Ibiñagabeitiaren gutundegia, baina honi aurrerago helduko diot.
NADORREKO BIDAIA
UNEDera itzulita, zozketan Nadorrera joatea suertatu zitzaidan eta, beraz, aurrekoan Casablancan izan nintzen bezala, oraingoan gertuxeago zegoen hirira joan behar nuen berriro Selektibitate-lanak behatzera. Bidaide berriro, Departamentuko Nieves Baranda eta Manolo Esgueva adiskideak. Hona hemen hartutako ohartxoak.
Ekainak 19.
Madrilen nago berriro, bihar Nadorrera joan behar baitut Selektibitate-azterketak egitera. Plaza Santa Anako terrazan afaldu dut lasai asko, zerbezeriek espaloietara ateratzen baitituzte mahaiak gau giroaz gozatzeko. Afaldu eta berehala nire zokotxoa, Santa Isabel kalean daukadan korralara noa. Etxe ondoko espaloiak arabiarrez eta latinoz josita daude.
Ekainak 20.
Taxiak ordu laurden batean eraman nau aireportura. Patxadaz gosaldu dut eta bertan topatu ditut Nieves eta Manolo. Bidaiaren lehen partea Madrid-Málaga da, eta goiz eder honetan egunkariak irakurriz benetan gauza gustagarria gertatzen ari zait. Goitik paisaia guztiak argi ikusiz, Málagara iristerakoan, etxe txuri mordoa benetan eder ziruditen pinudi berdeen artean eta zeru urdinaren pean. Aste batzuk baitaramatzagu Donostian hodei grisetan murgildurik, ez da harritzekoa argi honek nire begiak liluratzea.
Foker zahar batean sartu gara bidaiari batzuk eta Nieves eskuinean dudala, ordu batean el estrecho Gibraltarreko itsasartea iragan dugu. Leihotik ikusten dut itsasoan barrena ekialderantz doan petroliontzia.
Miguel, Nadorreko Institutuko irakaslea, gure zain dago eta berarekin pasatu dugu frontera; hiru ordu laurden eduki gaituzte bertan itxaroten. Bitartean, emakume zamaz kargatuek besterik gabe igarotzen dute muga. Ikusten dira gizonak ere bizkarrean zaku handiak dituztela mendiz pixka bat aitzinago jaisten. Dirudienez, Nador eta Melilla kontrabandotik bizi dira. Mugan irakasle txotxolo, hitzontzi eta petral bat bildu zaigu, Palentziako egoitzan zuzendaria dena, telefonoz jo eta ke dabilena, pasaportea etxean ahaztuta utzi omen duelako.
Hotelera iritsi eta ez zen espero nuena. Itsasoari begira leihoak eta piszinarekin. Antza denez, Zentroko zuzendariak hau hautatu digu. Ezin da deus utzi besteen esku, horixe da kontua. Hala ere, ez hain urrun, taberna batean itsasoari begira zerbeza bat edan dugu eta Marha-ba jatetxean bazkaldu. Gaizki. Oraingoz ezin dakioke gauza handirik eska hemengo ars culinariari. Finezia soberarik. Bazkalondoan paseotxo bat egitera eta Zokoa ikustera abiatu gara. Zaharrak berehalaxe aspertu dira eta gazteok ibilaldi luze bat eman dugu Mezkita eta portutxoa ikusiz. Haur mukizuak, gaztetxoak bi metro hondo ez duten uretan, puntalean, harkaitz artean igeri. Gero hiri honek palmondoz jantzita daukan abenida batean ura edan dugu bertako batekin solastatzen ginen bitartean. Emigrantea da, nonbait. Familia osoa, andrea eta zortzi seme-alaba, Holandan ditu. Amsterdametik ez urrun. Baina seme guztiak marokoar emakumeekin ezkondu ditu. Tradizioak hala agintzen omen du; buruan sarturik daukate hori. Nabari da berriketazalea dela, hitz egiteko gogo latza duela, ez duela gustuko bere herria dagoen bezala ikusita. Haurrak oso goiz ateratzen dituztela eskolatik... Eta horrela erdi ezkutuan mintzo zaigun bitartean, espioien beldur (?), mutil koxkor batek oinetakoak garbitu dizkigu Nievesi (hau bekatu larria!) eta niri. Ezer eskatu gabe, eman diodanarekin pozik alde egin du.
Ekainak 21.
Goizeko seietan esnatu naiz eta lotiarena egiten saiatu naiz. Benetan lasai nago, aski lo eginda. Dutxatu bart gauez egin bainintzen, ez dut orain berriz egin beharrik. Ibilalditxo bat eman dut hotel ondotik kale batzuetan barrena. Autobusak daude ilaran. Bederatziak eta laurdenetan irteten dira Rabat, Fez, Casablancarantz. Zenbait pertsona tea hartzen. Zartagin handi batean sabeltzarreko tabernaria txurroak-edo egiteko antzeko masak oliotan erretzen. Gosaldu dut, eta banoa Nievesekin taxi bat hartzera, Kairako hondartzara eraman gaitzan. Eztabaida luze baten ondoren, alde egiten dugu eta orduan, taxi-jabe bat etorri zaigu atzetik eta 130 dirhametan adostu dugu joan-etorriaren prezioa. Hasieran mila eskatzen ziguten. Bainua zoragarria izan da eta oso neska argia eta azkarra den Nieves eta biok Fakultateko gorabeherez mintzatu gara. Ordu pare bat dastatu leku zoragarri hartaz eta zain geneukan taxi berean itzuli gara, eta dutxa freskagarri berria hondar-aleez eta kresalaz garbitzearren.
Ekainak 22.
Erosketak egiteko unea. Enkargaturik neukan puffa erosi dut, oraingoan ere aski eztabaidatu ondoren. Margaritaren iritziz gutxitto, baina Nievesek esan duenez, prezio onean daude eta erosi ditu behar zituen babutxak, nik ere berdintsuak erosi dizkiodalarik Margari. Ea asmatu dudan tamainarekin. Jira bat eman dugu eta kafetxoa hartzera eseri gara. Oinetakoen garbiketaren erritua. Erosketak berriro. Hemen ez dago Casablancan aurkitzen diren kilim-denda erraldoirik. Urretegi, plateriak, zilarrez eta beste materiaz moldatu joia prezioso ugari. Manolo zilargin baten adiskide egin da, zenbait erosketa burutu ondoren, eta hark epaimahaikideak bere etxera gonbidatu gaitu. Kanpotik, karrika estu batean baitzegoen, ez zirudien batere dotorea, baina barrutik dena da marmol ederra eta leku lasaia. Afrikan jandako bazkaririk oparoen eta hoberena eskaini digu. Kuskusak ez du batere ikustekorik ohikoekin eta ondoren bost kiloko andeja moduko arraina banatzea suertatu zait niri, euskaldunok dugun antzeaz moldatu naizelarik. Luze joan da bazkalondoa edari eta janari gustagarri hauek hartuz eta solas-berriketa atseginen artean.
Bidaia honetatik ikasleekiko daukadan oroitzapenik interesgarriena azterketa egiten ari zen hamazazpi urte inguruko neskatila batekin izandako elkarrizketa izan da. Kontatu dit Espainian, eta ahal balitz Valentzian, Medizina ikastea dela bere gogoa, baina aitak ez diola uzten, berehala ezkontarazi nahi baitu. Erantzun diot, ahaleginak egin ditzala aita konbentzitzen, etxean mediku bat edukitzea oso ongarria litzatekeela eta abar. Bestalde, gauza jakina da ekonomikoki hobeto ateratzen zaiela, eta gertuago dagoela beraientzat Espainiako unibertsitate batera, Granadara adibidez, ikastera joatea edozein ikasketa, estudio Frantzian egitea baino.
* * *
Argitaraturik bainuen 1985an Literatur Gazetaren eskutik Eros Eros poema bilduma Juan Martin Elexpuru irakasleak igorritako gutun batean (1999-VI-29) [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 19)] Durangorako Euskal Literatura lizunaren antologia argitaratzekotan zela-eta, honen aitzakian testurik gordinenak biltzeko asmotan.
Azkenaldiotan, batez ere Veleiako grafittien inguruan daraman eztabaidengatik ezaguna den Bergarako Ubera auzoan jaiotako idazleak bilduma ederra eskaini zigun; honela komentatzen du Ibon Egañak: Begi zorrotzez eta lupa lizunez arakatu zituen idazleak gure literatura-ren geografiak, batzuetan agerian eta beste batzuetan erdi-ezkutuan zegoen erotismoa, ‘lizunkeria’ guztion esku jarriz.Maria José López de Ayala eta María Victoria Fernández Savater, Departamento de Filología Clásicako irakasleak, non ni ere partaide nintzen, Jenaro Costasek bere babesean hartu baikintuen, eta ez Antonio Quílis Filología Españolakoak, urtero antolatzen zituzten Uda ikastaroak Ávilan. Han Humanitate gaietan erreziklatzen eta tesia egiteko bidean zeuden maisuek latina, grekoa, eta Espainiako beste hizkuntzetan sakon zezaten saiatzen ziren. Hala, gonbidaturik, uztailaren 5ean hitzaldi bat eman nuen Cantares épicos y elegías medievales gaiaren inguruan. Eta López de Ayala eta Urquizutarrak ahaide nagusien artean zein garrantzitsuak izan ziren ezagutarazi nien... , eta noski Milia Lasturkoaren poema hasiera hura errezitatu nien:
Zer ete da andra erdiaen zauria,
Sagar errea eta ardao gorria.
Uztailak 8-9.
AULIGAk (Asociación de Amigos da Universidade Libre Iberoamericana en Galicia), Antonio Dominguez Rey UNEDeko lankideak bere jardunaldi propioak antolatzearren asmatu talde eta siglak, Santiagon antolatu zituen hitzaldi batzuk, ohiko jende bitxiz osatu taldearekin. Residencia Monte de la Condesan igaro genuen gaua Santiagon, ohi bezala itsas-arrain onak dastatu ondoren. Gogoan dut Marga ere etorri zela bidaia honetara eta gu solas kulturaletan geunden bitartean, bera turista moduan ibili zela kosta bisitatzen.
1998az geroztik, ASJU errebistaren zuzendaritza, zenbateko atzeramenduarekin ateratzen zen kontuan hartuz, hura kudeatzea eta eguneratzea eskaini zidan Diputazioko Kultura Departamentuak eta helburua betetzen saiatu nintzen, Xarles Videgain adiskidea eskaini zitzaidalarik frantses laburpenak errebisatzeko, ene laguntza nimiñoaren emaitera, behar bezala eta akatsik gabe idatzita joan zitezen. Halaber, zenbait adituren iritzia eskatu nuen nola-halako hobekuntzarik ahal bazitekeen lortzearren. Eta poliki-poliki Joseba Lakarrak dagoeneko bilduak zituen lanak garaiz plazaratu ziren, urteen desoreka gaindituta, hamaika artikulu aspergarriren abstract eta laburtzea egitea suertatu zitzaidalarik.
Luis Fernando adiskideak bi orrialdetxo eskatu zizkidan Musika Hamabostaldiko errebistarako eta hona adiskide musikazaleen omenez idaztea bururatu zitzaidana:
HOTS-MINEZ
Frente a la sinfonía de la novela, la sonata teatral o el lied del poema, el artículo es un solo de trompeta.
Vicente Molina Foix
Hots-Minez irten ginen arratsalde gris hartan haran ederrean eta mendi tartean kokaturik dagoen Ortzaizetik, konpainia eder batean eguna igaro ondoren solasean, jan-edanean eta musika entzuten. Piano estreinatu berriari hots-durundatsu, alai eta jostailutsuak atera zizkioten Patxik eta Jan Battitek, Bach zelarik ararteko, baina gure mendi-zelaiek egin zioten errekaren jaidura etengabearen kanta hezeari bezala lekutxo bat Garbizuri ere. Entzun genuen patsadatsu baina luzetsi genuen urte zaharreko mezan organoari eta herri xumearen ahotsari zerion arima baketsua ere. Inulabarrarekin partitzeko tenorea iritsia baitzen, Donostiaranzko bidea hartu genuen, hots-rninez, irratia itzalia mantenduz eta une magiko haiek luzatu-gogoz. Bat-batean errekondo inguruetako zumar, makal eta urki xuristen artetik bi basuso hegaldatu ziren beribilaren motor-zaratak higiarazirik-edo, eta berehala kanta zahar haren bertsoa esnatu zitzaigun ganbarako oroitzapenen artean:
Uso tortoila samurra
Prestidak hire negarra
ikus dadin ene pena
bihotzean zein den barna.
Baina benetan nolako doinuz kantatzen ote zuen koplari ezezagunak bertso hori? A delako aire hura Partiada tristea Ternuara kantaren beste A haren antzekoa ote? Agian.
Belardi berde estrenatu berrian bezala behi gorriak etzanda zeuden lasaiasko, jainkosak bailiran, eta bat-batean Baxanabarretik Bizkaira jauzi egin zidan oroimenak. Rafael de Micoleta gramatikariak 1653an eman zuen maitasun kanta hura gogorarazi zidan, “al son que llaman las vacas” kantatzen omen zena:
Dempora baten on oi neretxu
Baia mudadu nindia,
Zerren penatan bior ekida
Emon zengidan gloria[En un tiempo quise bien,
Pero ya me mudé,
Que la gloria que me diste[s]
En pena se me volvió.]
Ba ote zuen behi hauen doinuak zerikustekorik Higinio Anglések, La Música en la Corte de Carlos V (CSIC, Vol. II, 1984, 186-187 or.) ematen duen partiturarekin eta zortziko handiarekin? Jose Antonio Arana Martija edota Jon Bagües euskal musikologoei nahi nieke zuzendu galdera. Eta bidenabar hona bestea. Benetan 1705eko Segurako euskal bilantzikoarena ote Eguberrietako euskal kanten lehen partitura? Ez ote du antzekorik Pedro de Ardanaz Tafallan jaioak, kapera-maisu zenak, organista Toledoko katedralean eta 1674an bilantziko bat euskaraz argitaratu zuenak? [XVI. mendeko Lazarragarren eskuizkribuak frogatu due-nez, bilantzikoak euskaraz tradizio luzea du].
Zirimiriaren psalmo arina bide-lagun izan genuen itzulera guztian, behin eta berriro Bachen organoaren hotsen harmoniek erakartzen gintuztelarik, uhin kulunkariek bateltxo abandonatua hondarretara legez, bide ezezagunetarik bere magalera. Eta era berean, berarekin batera, erbestean desterraturik 1967an hil zen Andima Ibiñagabeitiarengana, euskaraz ziurrenik Eisenachen sortu zen jenioak izan duen lehen komentariogilearengana eraman ninduen oroimenak. Hona nola ematen zigun hark haren heriotzarena:
Gaixo, erbail itsu zelarik, azken-atsa Yaunari itzuli-urrean, oeburutik azken ereslerroak, azkenengo koralaren neurri ta armoni nare ta sakonak jaulki zitun, bere suin Altikole’k paperean maitasunez eta lotsaz yasotzen zitun bitartean, ondorengo itzak gaitzat arturik, berak auek ere.
Yainko ona zure aitzinean agertzera noa.
Naizen au, osorik, zuri nagokizu, Ordu ontan, Yauna, ez uka grazia. Nere azken-atsa onezkoa bedi, iratzar nadila Zure aurpegiaren so bete-betean, beti ere ezagun zatzaidan. Amen, amen. Zure nai gurena egin bedi, Yauna!
[Eusko Gogoa, Guatemala, 1950, 5-6 z.]
Iluna zen jada etxeratu ginenerako eta euria ari zuen oraino. Oheratzerakoan pentsatu genuen, aurten ere, beti bezala, segurantza dugu konpainia ezin hobea –Antonio, Luis Fernando, Juan Krutz, Margarita, Patxi ... –, adiskideekin gizonek sortzen duten gauzarik ederrenetarikoa den musika dastaturen dugula eta Hamabostaldiko kontzertuetatik bozkarioz aterako garela barne-bakez beterik eta hots-minez,
Urriak 18-21.
Gerra Zibilaren bukaeratik hirurogei urte pasatuak zirelarik, oroitzapena ez galtzearren, Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País (Delegación en Corte) delakoak, zeinaren buru Pablo Beltrán de Heredia baitzen, José Luis Abellán eta José Ángel Ascunce irakasleek lagundurik, Madrileko Ateneoan hitzaldi xorta bat antolatu zuen urriaren 18tik 21era. Afixak atera ziren eta UNEDeko Filologia Departamentuan eskegi nituelarik, zenbait lankideren harrera ona ere jaso nuen. Titulua hauxe zen: Memoria del exilio vasco. Cultura, pensamiento y literatura de los escritores transterrados en 1939. Eta niri egokitu zitzaidan gaia, hauxe: “La cultura del exilio vasco en eusquera”. Parte hartzaileak, aipatu Ascunce eta Abellanez at, Xabier Apaolaza, Emilio Palacios eta neroni izan ginen. Palaciosek eginiko zuzentze-lana benetan ona izan zen eta Biblioteca Nuevak moldiztegiratu liburutxoa bikaina, bere Bibliografía General eta Índice bio-bibliográfico argigarriarekin. Gaztelaniazko saio honek euskaraz argitaratu Exiliatuok ez gara inongoak entsegua borobiltzen zuela esan behar dut. Mintzaldia halako leku dotorean edukitzea, ezaguna izan arren, ni hizlari nintzela hainbat jenio ilustreren erretratuak begira eta entzuten nituela ikusiz, irakurtzerakoan Joxe Mari Lopetegi bertsolari errepublizalearen bertso hura, oinperatuaz gezurti danak / gora España ta Euzkadi! aski ziragarria izan zen.
Pablo adiskidea, urriko bukaera aldean bere ahaleginak egiten ari zen euskara ikasten eta nik oparitu liburu batzuk zirela-eta, Madriletik gutuntxo bat bidali zidan esanez zein gustura irakurri zituen nire Zoazte hemendik eta Martin Ugalderen Lezo Urreiztieta. [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 20)].
Behin Donostiako kaiatik Bulebar aldera arrauna bizkarrean nuela nindoala, Koruko Aizarna, Diputazioko Kultur zuzendariarekin topatu nintzen eta, seme arraunlari bat ere bazuenez, itsasoko kontuei oso atxikia zen. Lantxo bat eskatu zidan gai horri buruz, eta Alberto Schommer fotografoak burutu Itsasoa liburuan argitaratu zen lantxo hori. El Paí-sek, 1999ko abenduaren batean dioenez, argazkilari famatuak 1994an Azul, 1996an Verde, eta 1999an Itsasoa plazaratu zituen. Gaztelaniazko sarrerako testuak Rafael Aguirre Francok prestatuak, Gure Itsasoa. Año-ranza del mar antiguo du titulutzat eta honela bukatzen du: El mar que consideramos nuestro se extiende muy por detrás de la raya del horizonte.
Nire testua Itsaso-minez, lizentzia poetikoaz, berez itsas-minez beharko baitzuen, baina <o> grafemaren borobiltasuna eta itsasoari begira ostertza iradokitzen duena galtzea ezina baitzitzaidan, bikotea horrela aurkezteari hobetsi nion. Aurkezpen egunean, kostaldean korrika musika entzunez dihoazenen sentsibilitate eza deitoratu nuen, itsasoaren marrua, hotsa, soinua galtzen dutenena. Nire anaiarekin hegaluzetan arrantzan nenbilela, euskal arrantzaleen historiari errepaso bat ematen nion Hondarribitik Jaizkibel atzetik gindoazen bitartean irudikatzen nuen bezala, eta azkenean honela bukatzen nuen:Oheratutakoan, berriro ostertza bereizi ezinik, uhin handi eta hodei goibel, ilun artean gris koloreko ametsetan hasi nintzen txitxarro, hegaluze eta baleekin itsas(o)-minez.Sanjuandar ezagun batek esan zidan ez al nekien bada batelak lotzeko enborra paba deitzen zela, eta nik erantzun nion baietz betidanik nekiela hori, eta nire etxean hala deitu izan zela, baina ez nuela ezer ikustekorik irudien azpitituluekin. Sanjuango ontzien fotografiapean Schommerrek hau baitzuen idatzi: Esos palos para sujetar las embarca-ciones que reposan en las aguas tranquilas. Baina jakina den bezala, ez dago bakerik gure uretan, eta marea gora eta marea behera beti dabiltza txalupak kulunkan pabei sokez atxikiagatik.
Euskal Antzerki Talde Amateurren Elkarteko (EATAE) zuzendari zen Joakinek deitu zidan telefonoz eta gutun batez gonbidatu ninduen Nemesio Etxanizen jaiotzaren mendeurrena zela-eta, mahai-inguru batean parte hartzera, Deban, azaroaren 12an, arratsaldeko zazpietan, Kultur Elkarteko aretoan. Mahaikide Joseba Ulazia, Pako Sudupe, Anton Allika eta neroni izanen ginen. Eta jorratu nahi zituzten gaiak zirela: Ulaziak apaiza; Allikak euskaltzalea, gizona, idazle eta musikaria; antzerki idazlea eta bultzatzailea Pakoren eta nire esku geratzen zirelarik. Etxanizen obrak berriz irakurtzeko aukera eman zidan, bai nobelak, antzerkiak, poemak, kantak eta gutunak. Gogoan dut oso ongi igaro genuela arratsaldea, itzuleran lagunekin Orion gelditu ginela Xixarion afaltzera, eta prestatu nuen lantxoa Oihenart 18 alean argitaratu nuela.
Vahan Sarkisian, hizkuntzalari armeniarrarekin ere izan nuen harremanik. Hura, bere aurkezpen-txartelak zioenez, Presidente de la Aca-demia Lingüística Internacional, Director de la Cátedra de Filología Ro-mánica de la Universidad Estatal de Erevan eta ez dakit zenbat gauza gehiago zen. Gogoan dut, elkarrekin egon ginen arratsaldean, hotza eta euria ari zuela eta kafetegi baten barnean bildu ginela. Elkarrizketa haren ondotik gutun bat jaso nuen euskara eta armeniar hizkuntzak lotuz zerbait egiteko asmotan zebilela esanez [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 21)].
Egun batez, Jose Mari Velez Mendizabalek eskatu zidan Mende laur-denean, hau da, 1974an hasi eta ordu arte Zeruko Argia, Argia, Deia, Euskera, Hegats, Hoja del Lunes, Arrasate press, Egunkaria, Uztaro, Ja-kin, El Periódico de Alava errebista eta egunkarietan idatzitako artikuluei errepaso bat emateko eta hitzaurretxo bat egiteko. Zuzenketaren bat edo beste egin, eta irakurritakoan, ohartu nintzen aniztasun handia eskaintzen zutela: politika, ekonomia, gizartea, kultura, ekologia, eta beste gaiez beren iritziak eta zertzeladak ageri zirela, eta lau ataletan sailka genitzakeela: Arabatik zintzotasunez, Arrasaten beti prest, Xabier Mendiagarekin solasean eta Tantaz tanta... Kazetari aditu baten lana areago zela, gogo zuen lana, gerentearena baino.
Xabier Apaolaza, EHUko irakasle eta testu filosofikoen itzultzaileak eta José Ángel Ascunce, Deustuko Unibertsitateko irakasleak, gerraondoko poesia espainolean nola desterruko kontuetan adituak, 2000. urtean sortu zuten Saturraran argitaletxea, zeinaren lehen bi liburukiak honako titulua zeramaten: 1939-1999. Sesenta Años Después. Euskal Erbestearen Kultura. Beraiekin ibili izan nintzen batera eta bestera, eta akten bigarren tomoan, hau da, hirugarren atalean, Euskal gizon-emakume
ospetsuak erbestean zeritzanean, bi lantxo aurkeztu nituen, “Jesús María
Leizaola (1896-1989)”, eta “Ixaka López Mendizabal (1879-1977)”.
Lehenaren, hots, lehendakari zaharra deitzen zenaren bizitza-zertzeladak aipatzen nituen, eta orobat jaso nuen nola behin ea bere oroitzapenen liburua ez ote zuen idatzi behar galdetu ziotenean, honako erantzuna eman zuela: Ni ekintza gizona naiz, eta beraz, ez dut idatzi ezta idatziko memoriarik. Irkaitzez beteriko ihardespena, noski, zeren eta ordu askotxo eman baitzituen Pariseko Liburutegi Nazionalean testuak kopiatzen, bere bulegoan irakurtzen eta liburuak idazten. Behin, umorez Ramon Labaienek, Donostiako alkate ohi abertzale ezagunak ere galdetu omen zion kalean topo egin eta: –Noizko sonbrero berria? –Badet beste bat, erantzun omen zion, Alemanian 1925ean erosi nuena.
Gaztelaniazko literatur saioez gain, erbestean Betharrango ikastetxean zegoelarik, 1944an poema luze bat ere idatzi zuen (1.466 bertso-lerro) Jon Itsasoko Euzkotarra, 1981ean moldiztegiratu zena eta honela hasten dena: Donostiyako / txoko eztiyak / amets urdiñ bat / dirudi... Ez zen, antza denez, Orixe iritzi zorrotzekoaren oso gogokoa izan. Baina esan dezakegu saiatu zela idazlanen bitartez oihartzun zabal eta unibertsal bat lortzen, herriko kanpandorreko hotsak zoko batean itzal ez zitezen.
Ixakari buruzko biografia laburrean, eta Tolosan emandako hitzaldian Fausto Arozenari, 1963ko azaroaren 26an bidalitako gutun batekin –KM kulturunean dago– hasten nintzen, zeinetan haren galderari, erbestetik noiz etortzeko asmoa zeukan galderari, nostalgiaz beterik ihardetsi zion, Jainkoak nahi duenean. Eta etxeko tradizioari jarraiki, Ameriketan ere lanik handiena Ekin argitaletxea sortzea eta kudeatzea izan zuen.
Urriaren 16an Irun Literatura sariak erabakitzera bildu ginen, eta nire iritzian aspaldian ez bezalako poema bilduma ederrak genituen esku artean; Patxi Ezkiagari eman genion saria, Udazkenerako hamar kanta poema-sortagatik. Felipe Juaristik honela aztertzen zuen erreseina batean Ezkiaga ibiltari handiaren poesia:
Liburu hau, ordea, desberdina da, aurrekoen aldean. Ez oso desberdina, baina aldaketak nabariak dira. Sentsuala da, oso sentsuala esango nuke, zentzumen guztien egongoa. Patxi Ezkiagak munduaren berri eman beharrean, bere berri eman nahi du, bere barne-paisaia adierazi nahi digu, musika eta guzti. Bere kezkak plazaratzen ditu; galderak dira, baina horiek gizonari zuzenduak; erantzunak dira, bere buruarentzat eta besteentzat ere bai. Poesiak psalmoaren tankera hartu beharrean aforismoaren soinekoa janzten du. Ez du galtzen lirismo apurrik, ordea. Udazkena urtaroa baino gehiago baita, barne sentipenen pintura.
Toribio Alzaga teatro saria ematen zuen Euskaltzaindiak BBKrekin batera eta bertan epaimahai bera osatzen genuen urtero: Daniel Landartek, Eugenio Arozenak eta neronek. Ia beti iritzi paretsuko gertatzen ginen eta ez genuen arazorik izaten edo Lezon edo Oiartzunen edo Donibane Lohizunen biltzeko. Hala, irabazleen artean gertatu ziren: Junes Casenave (Agota, 1992), Xabier Mendiguren (Hilerri itxia, 1994), Juanjo Olasagarre (Hegazti erratiak, 1995), Martin Irigoien (Hautsi da kristala, 1996), Karlos Linazasoro (Burdin denda, 1997), Juan Karlos del Olmo (Jon Gurea, Parisen hatzana, 1998), eta 1999an Mikel Ugalderi eman genion saria Bake-biltzarraren ildotik, antzerki lanagatik.