Urtarrilak 1.
GOSALDU, prestatu maletak, ordaindu hoteleko kontua eta bagoaz trenera. Lehenik Metrora. Zortziak eta laurdenetako SCNRFeko Marseillako geltokian gaude aski denbora dugularik irteera-ordura arte. Areto handi batean sartu eta andere arabiar batzuk lur hotzean etzanda. Gizonak kukulumuxu. Bi beltz gazte eta mairu bat elkarrekin solasean. Badirudi batzuei gaupasa eginda oraindik ez zaiela pasa mozkorraldia.
Urtarrilak 9.
Urtziren urtebetetzea. Jada hogeita hamabost urte ditu eta haur eder baten aita da. Malen. Ea lortzen duen Iratxerekin batera ongi hazten eta hezten. Ez dut dudarik Hernanin bizi den giroan euskara ongi ikasiko duela umeak, baina bizitzarako funtsezko eta beharrezko diren beste dohainez jabetuko ote da? Ez nago seguru.
Urtarrilak 27.
Bildu gara ohi bezala Donostia Hiria Antzerki Saria erabakitzeko eta Mattin Irigoien behenafarraren Jendeen jende hautatzen dugu hoberentzat. Eta denbora puxka igaro ondoren, Garan (urriak 8) Itziar Gómez kritikoak eginiko erreseinan honakoa esango digu gaiaren inguruan:
Ttantta Añamarik osatu du familiako zuhaitz genealogikoa eta deialdia egin die Agerretar guztiei etxean biltzeko. Amatxi Marik laurogei urte ditu eta Jenofak, bilobak, hogei eta bost, belaunaldi desberdinetako senideak ditugu aurrez aurre eta saltsa ugari ekarriko digu haien ikuspuntu anitzek eta gaizki ulertuek. Kontakizunak komedia anitz ekartzen dizkigu aurrera egiten duen neurrian. Peioren sarrerak, esaterako, irri ugari sortarazten du bigarren agerraldian, erabat kezkatuta sartzen baita bere ardiak larriki jo dituelako agalakzia eritasunak. Peio bera ere kutsatuta ageri da, eta haren eraginez gizonak ezin du ondo hitz egin. Hori dela eta, eraiki ez du ba metro eta erdiko arroila etxearen inguruan! Pentsatzen du horrela mikrobioak beste aldean geratuko direla.
Bosgarren agerraldian heltzen dio antzezlanak mamiari. Añamarik dio familia ikertzerakoan enigma bat topatu duela. Aitatxiren osaba joan zela itsasoaz bestalde misionetan eta ez dakiela non eta nola amaitu zuen. Ameriketan ibili zela, gero Asian eta hortik aurrera arrastorik ez. Marik jakin mina areagotzen die esaten dienean ez harrotzeko familiako kontu zaharrak, uzteko hildakoak bake-bakean. Eta osabari zer gertatu ote bueltaka ari direnean, orduantxe azaltzen dira Shu eta Erlaitz. Hauek zipriztintzen dute ordura arte pertsonaia guztiek mintzatzen duten benafar-lapurtera, Shuk ukitu amerikarra emango dio bere euskarari eta Erlaitzek, berriz, bizkaitarra.
Doinu polita dauka antzezlan osoak, maisuki menderatzen ditu Mattin Irigoienek hizkerak, ahozkoa batez ere. Hiztegi- eta esamolde-aberastasun handia ageri du eta aldi berean gaurkotasuna ematen dio guztiok ezagun ditugun pertsonak eta egoerak aipatuz noiznahi.
Nabarmen da, argi eta garbi iparraldeko antzerkigileen eta hegoaldekoen artean dagoen jauzia eta ezberdintasuna, eta aitortu behar dut Mattinek Hautsi da kristala (1997) idatzi zuenez geroztik buru argi eta langile ontzat daukadala, antzerkigintzarako dohain bereziz hornitua, komedia eta tragediaren hariak ongi menderatzen dituen teatro-gizona.
Otsailak 1.
Badira urte batzuk, Inauteri garaia iristen denean, bai Zuberoako bai Nafarroako zenbait herritako gazteak beren antzezkizunak eta libertimenduak jokatzeko biltzen direla. Hala, maskaradak eta zanpanzarrak direnean egun pasa joaten gara antzinako ikuskizun berrituak dastatu ahal izatera. Margari aspaldiko libertimendu erak laket zaizkio, oraingo teatro moderno ahula baino areago, eta beraz bagoaz gaur Zubieta aldera. Elurra dugu bidean. Errekak zakartsu, soinu ozen ederrarekin abiada bizian jaisten dira Bidasoarantz. Juan Ignazio Paul eta Martinikorena familia agurtuko ditudala seguru nago, taberna baitute eta tabernarianire ikasle izan baitzen Errenteriako Institutuan. Barrez lehertzen gara herritarren irudimen basatiaren aurrean, batzuetan sofistikatua ere badena, eta ttuntturroek beren janzkera zeremoniari eta ibilaldiei ematen dieten funtzio sakratuaren itxurarekin txunditurik gelditzen gara. Lezoko eskolan txikitan ezagutu nuen Tomas Ibarra ere tartean egon ohi da. Pixka bat hemendik harat ibili, ongi bazkaldu eta itzultzen gara, Bidasoaren ertzetik, Pioren hitzetan munduko errepublikarik ederrena, ez baleuka eulirik, apaizik, ez eta karabinerorik.
Otsailak 11.
Merzedes Boixareu errektoreorde denak eta Antonio Dominguez Rey SERTA errebistako zuzendariak El otro medio siglo. Antología incomple-ta de poesía iberoamericana liburuaren aurkezpenari hasiera eman diote gaur Madrilen. Hizkuntza iberorromaniko guztietako poemak biltzen dituen Lehen antologia da, bertan ageri direlarik, besteak beste, portugesa, galegoa, katalana eta euskara. Miguel Anxo-Fernán-Vello, editore eta poeta den adiskideak argitaratu ditu Espiral argitaletxean, plazerez dasta daitezkeen 111 poeta ezberdinen poemak. Niri hitza eman didatenean, eskertu ditut bai Boixareu, bai Dominguez adiskideak eta topikoen kontra aritu naiz, ohi bezala. Oroitu ditut duela urtebete Miguel Angelek esandakoak, euskal poesiaz eta honen aberastasuna eta joera ezberdinak goraipatuz: mester de clerecía (Lekuona), nietzschianismoa (Mirande), poesia soziala (Aresti), paraliteratura (Sarrionandia), sinbolismo-politikoa (Izagirre), eta beste... Armiarma eta Susa Interneteko atariak gomendatuz.
Martxoak 11.
Donostia - Hondarribia - Madrid. Jaizkibel jantzi da elurrez eta hegazkinean noalarik goitik beheiti behatzerakoan Gotorlekua, Guadalupe, Errota, Azabaratza, Lezo, Pasaia, Ulia, Santa Klara uhartea, Donostia... han behean ikustean halako zirrara bat sortzen didate. Ohartu naizenerako hamarrak laurden gutxi dira eta Madrilen gaude Barajasen lurra hartzen. Metroan nago UNEDeko bidean. Nuevos Ministerios geltokian jaitsi, 6.a hartu eta berehala Moncloan. Parque del Oestetik ohiko ibilaldia egiten dut, eta hamaiketarako Fakultatean. Trenez arratsaldeko hiruretan iritsi ohi naiz, beraz, badago aldea.
Martxoak 15.
Mikel Zalbide ingeniari, soziolinguista eta euskaltzainak ekipo bat sortu du Joly Lionel hizkuntzalaria eta bekadun pare batekin Euskaltzaindiko bulego berrian Euskararen Historia Soziala idazteko, eta interesatzen zaizkionez ahaleran editatzen ditudan material argitaragabeak edota oso gutxi ezagunak, kolaborazio-eskaintza egin dit, eta batik bat Anton Abbadiaren eta bertso-paperen munduan pulunpatuko da nire ikerketa lana.
Martxoak 23.
Iritsi da eguna. Hainbat bilera, eztabaida eta buruhausteren ondoren, lortu dugu Espainiako lau hizkuntzetako adituen Doctor Honoris Causa izendatzearen jaia. Gaur Humberto López Morales gaztelaniazko hizkuntzaren eta literaturaren ordezkari, Xesús Alonso Montero, galegoarena, Antoni Maria Badia i Margarit katalanarena, eta Jean Haritschelhar Duhalde euskararena omentzen ditugu. Zeremoniak ia lau ordu irauten du, zeren abesbatzak Veni creator... latinez kantatzen duelarik eta agintari akademiko guztiak jantzi tradizionalekin doazelarik hasten gara. Abesbatzak lau hizkuntzetako kantak abesten ditu. Omenduek beren solasak egiten dituzte, eta bada bakoitzaren bideo erakustaldi bat ere. Julia Butinyàk galegoaren, euskararen eta gaztelaniaren ordezkari gisa bere txostena irakurtzen du, zeinak euskarari dagokionez pasatu diodan laudatioa baitu oinarri.
Madrid, Paris, Agen eta Baionan garaiko hizkuntzalariekin (Réné Lafon, Koldo Mitxelena, eta... ) egindako ibilbidea errepasatu eta ikertu ondoren, hitzaldiaren hitzok azpimarratzen ditut.
Contra la desmemoria hay que decir que los más insignes investi-gadores del español o castellano, como Menéndez Pidal, Corominas, Tovar, etc. han sido destacados vascólogos. [... ] De Don Ramón Me-néndez Pidal son estas palabras: “Tenéis la fortuna de que nuestro pueblo sea depositario de la reliquia más venerable de la antigüedad hispana. [... ] Pensamos que la Corona, en su papel de símbolo de la unidad y de concordia entre los ciudadanos, puede mediar y contri-buir decisivamente a relajar este ambiente enrarecido y favorecer así el trato equitativo entre los idiomas que configuran ese patrimonio histórico y cultural a que se refiere La Constitución Española en su artículo tercero.
Bere diplomazia, gizalegea eta martxan ezarritako egitasmo interesgarriak: Orotariko Euskal Hiztegia, El Diccionario General Vasco, El Dic-cionario de términos literarios / Literatura terminoen Hiztegia (2008) eta Onomastika, Toponimia, Hizkuntzaren Historia, Euskal Grámática, ... Interneten kontsulta daitezkenak (www. euskaltzaindia.net), hala nola Euskera aldizkarian.
Ez da harritzekoa bada Euskal Herriko Unibertsitateak 1988an Doctor Honoris Causa izendatu izana, eta Lapurdum Centre de Recherches sur la langue et les textes basques, Michel de Montaigne, Bordeleko Unibertsitate eta Baionako Unibertsitate arteko Euskal Ikerketa taldeak omenaldia eskaintzea, eta orobat Eusko Ikaskuntak 2004an saritzea. Omenaldi ongi mereziak denak, eta honi UNED batzen zitzaiola Doc-tor Honoris Causa izendatuz. Zorionak. Jean.
Gonbidatuen zerrendan bederatzi euskaltzain zeuden eta ez da inor etorri. Lotsagarria. Eusko Jaurlaritzatik Blanca Urgellen ordez Hizkuntza Politikarako sailburuorde den Lourdes Auzmendi ataundar jatorra etorri da, Euskal Herriko ordezkarietarik bakarra, Bergarako zuzendari den Juan Alvarez ere agertu ez delarik. Egun borobila izan da, neke anitzen ondorioa eta euskararen thornuia goian gelditu dela esango nuke, Bernat Etxeparerekin batera. Bazkaria Bocado errestaurantean izan dugu eta era orotako komentarioak izan dira.
Apirilak 4.
Poesiaren egunean gaude. Carles Duarte eta Antonio Dominguez Rey poetekin bat, poesia-irakurketa egiten dugu Madrilen, Lavapiésen dagoen Escuelas Pías izeneko UNEDen egoitzan. Ohi bezala, euskal kantez, heriotzaz, amodioaz eta bizitzaz mintzatu natzaie gure poeta, olerkari eta kantariak aipatuz.
Apirilak 9.
Iritsi gara Parisera eta alokatzaileari laurehun euro gehiago eman ondoren, hementxe gaude 3 rue de Beaunen, gela argi batean. Lau leiho ditu apartamentuak, beraz oso-oso argia da. Batetik La Seine ibaiaren izkina eta bukinisten kaia ikus ditzaket, gertu dago, beraz, ibaia eta beste aldean Louvreren horma zaharrak ikusten ahal dira. Aspaldi ez ginela horrelako gela dotorean egon.
Apirilak 15Albert Camusen Les justes ikusten ari gara La Colline antzokian 20:30eko saioan, Stanislas Nordey zuzendari eta Emmanuel Béart Dora Doulebov-en pertsonaia jokatuz. Libretoa erosi dut, L'avant-scène théâ-tre martxokoa, 1279 zenbakia.
Maiatzak 30.
Gaur Josune Beldarrainek Alegia klasikoak euskeraz Isopeteko, La Fon-taineren eta Samaniegoren alegien berridazketen azterketa, doktore-tesia aurkeztu du eta nire txostena honakoa izan da:
Lehenik, zorionak benetan Miren Josune Beldarraini burutu duen ikerketa eta lan ederragatik. Bigarrenik, zorionak tesi-zuzendariari, Jose Manuel Lopez Gaseniri, ikusten baita bere maisutza eta gidaritza. Baina, lot gakizkion azterketari: 521 orrialdeko tesi mardula da, eta modu txukun eta argi batean aurkeztua. Sei kapitulutan banatua, hauei VII Ondorioak, Bibliografia Eta Eranskinak jarraikitzen dielarik. Hizkuntza eta Literatura Didaktika sailean aurkezteko benetan gai egokia eta aproposa hautatu duzuna, hau da, Alegia Klasikoak Euskaraz.
I. ALEGIAREN KONTZEPTUAZ
Ongi taxutua eta argia. Alemana, frantsesa eta gaztelania ongi menderatzen dituzula nabarmena da, eta ez da gutxi. Halere, 6. orrian diozu, Fable erabili zuen Leizarraga-k eta oin-oharrean Tes-tament Berrian (1571), baina egokiago litzateke Joanes Leizarraga izendatzea lehen aldian bederen eta obraren titulu osoarekin eta lehen edizioa edo haren faksimileaz, beraz testamentu eta ez testa-ment. 19. or. diozu, lan teorikorik ez dago euskal alegialarien ar-tean. Eta hala izango da, agian. Dena den, aurkitzen zaila izan arren gomendatuko nizuke, 1841ean Agosti Chahok idatzi “Traité de L'Apologue” irakurtzea. (Fables populaires de Pierre Lachambeaudie, deuxième édition, augmenté de deux livres et précédée d´un... Paris, Chez Jaillet 1841).
Alegiak eta ipuinak aipatzerakoan ere agian mereziko zuen Arnaud Oihenarten 373. a aipatzea: Orhin ekhia bero. Ihardespena: Han isanic hona niz. ... Behiala hegastiac minso sirenean... (A. Oihenart, Les proverbes basques... Paris 1657). Eta bibliografian lehen edizioa aipatzea ere ez legoke gaizki. Halaber frantses moldeetara ohituak gaudenoi bista eginago zaigula oin oharretara joaten eta ez autore bakoitza aipatzen denean liburu bukaerara joan beharra. Alde honetatik nik uste bentaja duela sistema zaharrak bista kolpetik jarraitzen baituzu, baina tira, denboren modak... Bestalde UNEDek ateratako Manual de estilo 2001ean gomendatzen zen kapituluen zenbakitzean ez nahastea zenbaki erromatarrak arabigoekin, baina hori ere ohitura kontua da, noski.
II. ALEGIAREN HISTORIAZ
Ongi. Oin-oharrek berdintsu balio dezakete. Ulm-en 1474ko (Heinrich) Steinhöwelen edizio alemana eta Zaragozan 1489ko Johan Hurusen edizioa espainolaz ari zarela, agian mereziko luke azken edizio honen ale bat Iruñako seminarioan bazela ere aipatzea. Hartzailearen arloa aztertzeko interesgarria deritzot. 31. or. diozu, Berpizkundea, baina gogokoago dut, noski, Europa osoan erabiltzen dena, hots, Errenazimentua hitza. “Renaissance” eta ez “Resurrection”, erreferentzia erlijiosoa nabarmenegia baita.
III. METODOLOGIAREN OINARRIAK
Ongi. Aipatzen da Mediumaren dohainez. Ez dut ukatuko ukanen ez dutenik, baina itzulpen-lanetan nahiago dut zientzian sinestea. Hots, bi hizkuntza ongi menderatzean, gaian aditua izatean, belarri onean eta literatur sentsibilitatea edukitzean.
IV. ESKEMA METODOLOGIKOA ETA ANALISI-FITXA
Ongi. Zehatza eta exaustiboa. Katalogoak aipatzerakoan, agian Julien Vinsonek ere mereziko luke aipatzea, eta iturri hemerografikoez, adibidez, Goitiñok zuzentzen zuen California’ko Eskual Herria (Los Ángeles, 1893-1897), bertan ematen baititu zenbait alegia ere. Hori eta beste zenbait errebista aurki daitezke Eusko Jaurlaritzak argitaraturiko Hemeroteca De La Diáspora Vasca (Gasteiz 2007)-ko hamar CDtan.
V. SORBURU-TESTUEN TESTUINGURUAK
Ilustrazioaren mugimenduaz, Peñafloridako kondeaz, Samaniegoz, Iriartez edota Mogelez diozuna oso ongi eta egokia da, pertinentea alegia.
VI. EUSKAL BERRIDAZLEEN ALEGIAK
Halaber, testu mailako azterketa eta originalaren eta itzulpenaren arteko konparaketak, sortu direnen kenketak, eransketak eta aldaketak azpimarratuz. Hots, nola sartzen zituen euskal poetak bere kultura eta errealitateko kontzeptuak. Zabalkundeaz ari garela aipatu beharko genuke Chahok bere Ariel (1845-II-16) aldizkarian ere eman zuela Agustin Iturriagaren (1842) Soro arratoi batek fabula, eta bere kanta bilduman (Chahoren Kantutegia, P. Urkizu, Susa 2006) kopiaturik ageri dela ere.
Zabalkundeaz mintzo zarelarik aipatzen duzu Manterolaren Cancionero Basco-rena (1878) XIX. mendean, hala nola Euskal--Erria eta Euskal-Esnalea, besteak beste. Ohartxo bat: batzuk, hala nola Otsoa eta Bildotsa, bertso-paper solteetan ere agertu eta zabaldu ziren (Gratien Adema, 1873). Kontuan harturik beste hizkuntzetan eta gurean tamaina ttipiko orriok, gaztelaniaz pliegos sueltos eta frantsesez feuilles volantes deitu zirenek izandako garrantzia, mereziko lukete arreta pixka bat, haien zabalkundea batzuetan liburuena baino handiagoa izan baitzen.
Jean Baptiste Archuren izena, Martin Goyhetcherena horrela ematen bada, Ricardo Gómezek bere 1990eko edizioan ematen duen bezala emango nuke nik. Alegiak eta Euskal Pizkundea deitu azpisailean (VI.6), neuk eginiko edizioa aipatzen duzu: Anton Ab-badiaren koplarien guduak. Bertso eta aire zenbaiten bilduma 1851-1897 (Donostia, 1997). Izen-zerrendari pixka bat erreparatuz, Karmelo Etxegarai falta zaigula ohartuko gara, zeinak Markinan eratu 1883ko Lore-Jokoetara X alegia aurkeztu baitzituen, irudi eta guzti. Ramon Artola eta Jose Artolaren alegiak direla-eta lehen aipatu 1896ko Californiaco Eskual Herria (16-17. zkiak) errepasatzera gomitatzen zaitut, bertan ageri baitira beste zenbait. Joseba Altunak atzerriko lanak itzuli zituela diozu, baina agian ez legoke gaizki erdaraz idatzi zuten egile euskaldunen antzerki lanak ere aipatzea (Sota, Viar... ). Ramon Intzagarai “Elurmendi”ren Ipuiyak (1922) lanaz ari zarelarik ere ez legoke gaizki lehen aipamenean egotea digitalizaturik dagoela: www.kultura.ejgv.euskadi.net-en. Léon Léon “Berrizarte”-z ari zarelarik, euskal idazle argitsuenetarikoaz, tildea ere ez nuke ahantziko. Eta beste.
Hezkuntza-mundurako asko eta asko itzuli zirela heziketa kontuan harturik, harritzen nau Ixaka Lopez Mendizabalek 1923an bere Xabiertxo liburuan emanak ez izendatzeak, hau izan baitzen askorentzat, Kristau Ikasbideaz aparte, esku artean izan zuten/genuen lehen euskal liburua, eta bertan irakurri genituela lehen aldiz Txolarrea eta erbia, Arranoa eta azeria... Irudidun alegien berridazleak aipatzerakoan mereziko zukeen portadaren bat edo beste ematea ere. Eta Pierre Ibarrart aipatzen duzula, Cancionero Bascoren urtea ematen duzu lehen aldia bezala (1880), AAKG-an ordea jada 1878an ageri da Xinaurri eta Xoria, Mikel Laboak hain ongi kantatzen zuena: Primadera hastetik uda azkenerat... Alegiaren tradizio modernoak jeneroaren gaurkotasuna adierazten du; horrez baliatzen dira egungo politikariak ere zenbaitetan beren sesio eta eztabaidetan.
Bukatzeko, esan behar dut bai Ondorioak, bai Bibliografia (hau zertxobait osaturik eta agian bi partetan bereizirik, hots, alde batetik edizioak eta bestetik ikerlan orokorrak emango nituzkeela nik), hala nola Eranskinak, hemen ere 59 berridazleen izenak eta kopurua zertxobait handituta, oso egokiak iruditu zaizkidala. Alegia klasikoen arteko baliokidetzak oso interesgarriak dira, noski, gaur egun eta beti hain garrantzitsua izan den literatura konparatiboaren ildotik ikerketak egiteko. Gai eta pertsonen aurkibide bat edukitzea ere argigarria litzateke.
Eta besterik ez. Zorionak Miren Josune Beldarrain tesi-lan sakon honengatik eta zorionak Jose Manuel Lopez Gaseni zuzendaritza serios eta jakintsuagatik.
Donostiako bistarik ederrenetakoak dituen jatetxean, Brankan alegia, izan dugu doktore titulu berria ospatzeko bazkaria. Eta bai Josune, bai eta Gaseni oso pozik daude eztabaidak eta lanaren defentsa nola joan diren ikusita.
Uztailak 27.
Mikel Azpiazu Zuluetak Kutxan argitaratu berri duen Actividad Tea-tral Donostiarra (1950-1975) liburuaz José Monleónek zuzentzen duen Primer Acto errebistarako erreseina egiteko eskatu didanez, laburki idatzi diot garaiko teatro taldeen berri dioena: Aula de Buen Teatro, Argi, El TEU, Antigona, El Teatro de Cámara y ensayo, Tespis, Candilejas Teatro Estudio, Euskal Iztunde Taldea, Jarrai... hala nola bertako zuzendari, eszenografo, antzezle, antzerki eta argazki ugariez eta oraindik ikerketa mailan dauden egitekoez zenbait gogoeta eginez. 2010eko ekainaren 24an sinatzen nuen erreseina.
Uztailak 25.
Francesc eta Pau kataluniar adiskideak etorri zaizkigu Barkoxen jokatzen duten pastorala ikustera. Hau dela-eta bidaia prestatzen dugu eta bagoaz bi beribilez Zuberoa aldera. Batean, Marta, Arantza eta Juan Kruz Uruñuela, Parsifal musika dendaren jabea eta aditu handia, eta bestean Francesc, Pau, Marga eta neroni. Goiz ateratzen gara eta lehenik Olorongo elizaren atari erromanikoa kontenplatzen dugu. Bazkaltzeko iristen gara Ospitale-piara eta han menu-pastoral delakoa eskaintzen digutenez, hoberena ez izan arren, onartzen dugu. Eguraldia ez dago oso segurua eta prest gaude euri zaparradaren bat botatzen badu ere aurka egiteko. Xahakoa da pastoralaren izena, Patrick Queheille “Kanpo”k idatzia, Alexis Etchekopar, Attuli, bertsolari eta mugalari zenaren bizitzan oinarritua, eta batez ere Bigarren Mundu Gerran kokaturikoa. Erosi dugu libretoa eta plazer handiz jarraitu dugu obra guztia, inongo mementutan aspertu ez garelarik, hain baitute jokatu ongi arizaleek. Irudi eta kanten xehetasunak nahi dituenak, noski, Youtubera jo dezake eta gaiaz artikulu on bat irakurri nahi badu, Arantza Fernández Iglesias gurekin zihoan adiskideak UNEDeko Signa 22 (2013), 33-58, delakoan argitaratu eta errebistan “Las Pastorales modernas: Fenómeno multi-tudinario” titulupean digitalizatua dagoena irakur dezake. Antzezkizuna bukatutakoan, batzuek zerbeza eta besteek ardo gorria dastatu dugu, patxada ederrean pastoral zenbaitetako afixak horman zintzilik dituen Mauleko Café Europen, ikuskizun benetan eijerraz mintzo gara, txango bikain, iradokizunez bete bat egindako sentsazioarekin.
Abuztuak 19.
Gaur, Ramon Saizarbitoriarekin eta Finirekin atera gara Marga eta biok beribilez Aiako Harriaren barrenak, sustraiak alegia, bi mila urtez mehatzariek egindako galeriak bisitatzera. Hamabietako ordua geneukan hartua, hori baitzen proposamena: euskaraz eta ikusgai dauden bi galeriak, 300 metrokoa lehena eta 500 metrokoa bigarrena ikustekoa. Dokumental arrunt bat ikusi ondoren, sartu gara mendi sabelean.
Nola bizi ziren euskal meatzariak duela bi mila urte? Duela berrogei urte eskas bukatu zenaren garaikoen bizimodua jakin daiteke. Ez da falta dokumenturik Real Sociedad Asturiana De Minasen, baina duela bi mila urte? Nola jakin zuten erromatarrek meatze horiek harri zilarreztuz, galenaz, blendaz, berunez eta beste mineralez aberatsak zirela? Bertako jendeak adierazita? Ze jende mota bizi zen Oiarso delako hirian?Hori jakitearren Irungo Museoari ere bisita egin diogu. Baina lehenago Pikoketan bazkaldu dugu lasai aski. Babarrunak, hots, faba roma-na delakoak, ordudanik datorkigun janari gozoa, eta saiheskiak. Hemendik dagoen bista benetan ezin ederragoa da, Aiako Harria aurrez aurre baitaukagu.
Aitortu behar dut, Aiako Harriko bisitak benetakotasunaren inpresioa sortu didan bezala, Irungo museoaren bigarren aldiko bisitak, lehenarena eragin didala. Alegia, oso ondo dagoela haurrentzat, baina egia historikoarekin arazoak dituela. Ramoni ere, uste dut inpresio bera eman diola, eta estutxearen gehiegikeriaz jardun du.
Anekdota bat ere kontatu digu Ramonek. Nola Joyce izeneko belaria zeukanean –bi une direla hoberenak belariko marinel batentzat, dio, erosteko eta saltzeko eguna–, behin paper guztiak ahantzi eta Donibane Lohizuneko portuko komandantziako jendarmak isuna barkatu ziola, nobelagilearen izena zeramalako (Joyce, comme le romancier?), baina ongi azpimarratu ondoren berari ez zitzaizkiola gustatzen horrelako autore modernoak, El Quijote bezalako nobelak baizik.
Etxeratutakoan Guimaraesen Sertao eleberria irakurri diot Margari, afaria prestatzen zuen bitartean (tomate gordina olioz, ozpinez eta gatzez ondua eta zopa). Ohartu gara zaila dela bakarrizketa amaiezin hau ahots goran irakurtzea, oso gutxi ohituta gauden pertsonaien hainbat esamolde bihurri ageri direlako.
Abuztuak 30.
Atzo Tokioko Sokazko Laukotea entzuten izan ginen Victoria Eugenian. Benetako betegintzarrea. Diskoan bezalaxe. Bertan topatu ditut Lourdes Oñederra eta Antonio Dupla, Lourdes Otaegi eta Rafa Bergaretxe, Julio Azkargorta eta Karmen Atxalandabaso, eta gure koadrila osoa... Berrogeita piko urteren ondoren Rosa Letamendiak ni ote nintzen galdetu dit teatrotik irtendakoan eta neuk ere bera Rosa ote. Egia esan gustua eman dit bera niregana zuzendu izana. Beti bezain emakume dotorea iruditu zait. Gero La Espigara hurbildu gara afaltzera, lasai, berriketan, oso harmonia onean...Irailak 1.
Josebarekin arrantzara joan naiz. Benetan ikusgarria goiz-alba eta eguzkiaren irteera ikustea Abbadia jauregiko atzekoaldetik. Jaizkibeletik lau milatara aritu gara batera eta bestera, eta azkenean sei lanpo harrapatu ditugu. Ordu baterako anaiaren etxera iritsi gara. Han nengoela Ramon Saizarbitoriak deitu dit mendira joateko edo ibilaldi baterako gelditzeko. Arrantzaren berri eman diot: bost lanpo eder eta bat ttipia. Anaiak zuzendu egin dit arrantzarena, alegia, ez zirela bost lanpo eder eta txiki bat, sei lanpo eta txiki bat baizik.
Bereizketaz Margak esan dit frantsesez ez legokeela nahasmendurik dont hitza erabiliz gero. Eta hala da, baina anaiarena ez zen hizkuntza zuzenketa umorezko punttua baizik.
Gauean Karmenen jardinean afaldu dugu lanpoa plantxan. Benetan oso ona zegoen eguerdiko hamabi eta erdietan harrapatutako arraina, zeina Antonio lagunarentzat ez den arraina ehiza baino.
Irailak 2.
Nire urtebetetzea. 64 urte bete ditut gaur. Eguerdian, islan bainua hartu ondoren, Marga eta Urtzirekin La Bodeguilla Donostiarran bazkaldu dugu. Oso ongi aurkitu dut Urtzi abuztuko oporren ondoren eta jada hasi da lanean Berrian. Ohiko elkarrizketak eta Agendako lanak ditu eskuartean. Nazioarteko Zinema Festibalean irratian bere komentarioak ere egingo dituelakoan dago. Igandean Malen eta Iratxerekin etxera etorriko dela.
Irailak 3.
Ramonekin eta Finirekin gelditu naiz bostetan pasatuko garela Ziburu aldean ibilalditxoa egiteko. Olhetako kaperaren ondoan utzi dugu beribila eta Intxola errekaren ondotik ibili gara bi ordu eta erdiz. Itzaletik berriketan. Orotarik zihoan solasa. Halako batean Ramonek galdetu dit ea zer ari nintzen idazten eta esan diot Anton Abbadiari buruzko lana eta Euskaltzaindiko LIBeko batzordeak eskuartean daukan Anto-logia eta horri buruzko gogoetak ditudala gaitzat azken boladan. Berari ere galdetu diot ea nobelarekin ari den jo eta ke, eta irribarre batez esan dit baietz, xehetasun gehiagorik gabe. Gero boj bat, alegia zurito bat edan Ziburuko frontoi ondoko tabernan eta Ferme Lizarragan afaldu dugu. St. Emilion ardo botila bat eskatu dut. Eta lauren artean Bordeleko ardo gorria gustura dastatu dugu berriketa eta solasgaiak honen gainean izan direlarik: bekatua, apaizak eta barnetegiak edo komentuak nolakoak ziren garai batean... Nahiko barre egin dugu Finik esan digunean zazpi urterekin erabaki zuela ez zuela mezetara joan nahi jantziarazi gura zioten jertse bat zela-eta... Irailak 4.
Margarekin Saturrarango hondartzara joan naiz eta han bainatu. Marga ez da animatu bustitzera eta itzuli egin gara. Ni Mutrikuko plazan gelditu naiz, Lezoko taldea, koadrila kanposantuan Migel Anjel Basurkori bere hilobian loreak ipintzen zegoen bitartean. Basoerdi bat sagardo edan eta Txurrukaren monumentutik itsasora begiratzen ari ginela, erabaki dut Patxi Intxaurrandietaren baimenarekin Migel Anjel Basurkoren omenez idatzi nuen artikulua irakurtzea. Denek isil-isilik entzun dute eta nire inpresioa da ez zaiela desatsegina gertatu, ezohikoa izan arren. Tentsioa desegiteko Patxik Errenteriako Institutuak eskaini zion liburuaren berri eman du... modu umoretsuz. Marga berriro afaltzera joan da, baina ni Kalbarixoan bazkaldu ondoren ez nago berriro jendartean egoteko eta pentsatzen dut ikasi behar dudala bakardadezko uneak dastatzen.
Soma Morgensternek idatzitako Huída y Fin de Joseph Rothen irakurketa bukatzen geratu naiz bakarrik etxean bake santuan. Bukatutakoan lerro hauek idazten hasi naiz, eta egunorokoa berrartzen, 30az geroztik utzia baineukan deusik idatzi gabe.
Urriak 1.
Joseba Bilbatua eta Marijose Via adiskideen ezkontza Bilbon. Urtetan sartuak dira eta jubilazioa gainean dutelarik, ezkontza-paperak egitea erabaki dute. Epaitegian sermoi zibila eta aholkuak entzundakoan, elkarri eraztuna ezarri diote eta denok poz-pozik joan gara bazkaltzera. Zortzi adiskide izan gara oso harmonia onean. Lau gizonezko (bi ezkondu gabe), inor ez gorbataz, eta lau neska, fular irudi koloretsuz: arrosa, beixa, grisa, urdina... Egun eder bat igaro dugu hamaika kontakizun xume kontu-kontari eta beribila berriz hartu aurretik, Plaza Barrian ur xorta bat edan dugu, xanpainaren eta ardoaren eragina iraganarazteko... Urriak 20.
Mikel Zalbide euskaltzainak Nick Gardner-en bitartez Euskararen Historia Soziala burutzeko lan-enkargua bidaltzen dit, bere baldintza partikularren agiri eta guzti; ikersaioaren izenburua: Bertso-paperak eta euskara: 1789-1850 delarik, epea abenduaren 17a izango delarik. Paperak sinatzen ditut, zeren eta emandako lanekin, hau da, Anton Abbadia-ren Lore-Jokoak zirela-eta haien bertso-paper moldiztegiratuekin, hala nola Urkaberako Baladak lanekin, egindako enkargua aski bete dudalakoan bainago. Nick Gardner-ek honela bukatzen du gutuna: Agian, au-keratu dituzun dokumentuez eta aipuez (eta ez, oraingoz behintzat, iker-saioaz) ari garenez, baldintza horietako bat korapilatsu xamarra irudituko zaizu: Euskaltzaindiak, ordea, ziurtatu nahi du material hori egitasmoan integratzeko ez duela inolako arazorik izango... .Azaroak 26.
Atzo ospitaletik jaitsi ninduten bertan bi aste igaro ondoren, Garrido doktoreak eta bere ekipoak operazio batean ezkerraldeko giltzurrunaren parte bat kendu didatelarik. Ohiko azterketa arrunt batean aurkitu didate gaitza eta aspalditxoan migrainak jota bainenbilen, eta buruko min horrek aspirinak hartzera eragiten, horregatik ia ez didate egin aski larrialdikoa den operazioa –teknikoki nefrektomia partziala deitua–. Bisitan etorri zaizkit, noski, etxeko guztiak. Marga hemen egon da laguntza eta animoa ematen, bai eta bisitan Urtzi, Marikrutx, Joseba eta Kontxi, Miren eta Miriam, Mikel Arregi, Patxi Intxaurrandieta, Mikel Arrizabalaga, Ramon Saizarbitoria... Nire gelako aldameneko ohean egon dena Pako Sein oiartzuarra, Eugenio Arozenarekin garai batean Intxixu taldean antzerti lanetan aritua izan da. Umore gaitzekoa, baina sufrimendu ugari pasatu dituena bixika kendu baitiote eta aurrerantzean ez du pittilinetik pixa egingo, heste batekin egin dioten irteera batetik poltsa batera baizik. Hau bai dela aldaketa, gizon baten ohituretan... ! Gizon fina benetan, bai eta bere emaztea eta alabak... Kolpe honek hemendik aurrera gauzak beste modu batean ikustera behartzen nau. Burua gehiago zaintzera, beste patxadaz eta arretaz ibiltzera eta etorkizuna beste ikuspegiz begiratzera.
Abenduak 10/11.
Hondarribian, LIBek Literaturaren Historiografia I. Jardunaldiak, euskal literaturaren historia egiteko erabili diren moldeez gogoeta. Txuma Lasagabaster, Ana Toledo, Jon Casenave, Jose Manuel López Gaseni, Asier Barandiaran, Josu Bijuesca, Iratxe Retolaza eta neronek parte hartzen dugu.
Nire txostenak bi parte ditu. Bata, Bertso-paperen eta baladen sail-kapenez gogoetak eta oharrak edizio baterako, zeina Euskera aldizkarian agertuko den eta powerpointen bidez ematen dudan. Bestea, honakoa: Itsasoko Tragediak euskal kanta zaharretan. Lehenean azterketa kritiko bat egiten dut orain arteko balada-bildumetan erabilitako izenez. Hala, adibidez, Antonio Zavalak Euskal erromantzeak (1998) liburuan, Beotibarko Kanta batzuetan, gero Eresia, bai eta Kantorea hitzak erabiltzen ditu. Logikoa litzateke aldaerak erabiltzea hitz lauz, hiztegiaren zabalera eta sinonimoak erabiltzearren, hots, aberats eta ez astunegi egiteko prosa, baina ez dagokio hori kanten tituluekin egitea. Halaber Guipuz hondo ederric irakurtzen duenean eresi bateko bertso-lerro bat zuzendu duenean Mitxelenak Guipuz sendo ederic, eskuizkribuak <s> gora deritzana baitakar <h> grafemaren ordez. Halaber, nola Pulunpa abestian ohikoa den Francisque Micheli jarraiki (Le Pays Basque... , 1857) 15. bertsoa hiru bertso-lerrokoa ematean, California’ko Eskual Herria Berri-ketariari esker (1894-VII-28) dakigunean zein den falta zen laugarren bertso-lerroa: Eskual herriaz oroitzean nigarretan urturik... Eta abar. Bigarrenean Hondarribiko udal aretoan baikaude, bertako marinelen bizitzaz eta heriotzaz, kantez, eta “Bordari” bertako idazleari omenalditxo bat egiten diot, bertan baitago Lupe Artola adiskidea ere.
Abenduak 31.
Errepaso bat ematen diedalarik erdi-jubilazioko urte honetan argitaraturiko lanei, ohartzen naiz iazkoa izan zela liburu mardulen argitaratze-urtea, erditze luze baten ondorioz noski, hots, Euskal Teatroaz eta Poesiaz moldiztegiratuak, baina libururik ez plazaratu arren hor daudela, ikerketa lan serios batzuk Euskeran, Revista de Lenguas... -en, Sertan eta liburu kolektiboetan, hala nola Jean Haritschelharren Honoris cau-san eta Josu Chuecak Gerra Zibilaz zuzendutakoan. Dena den, nire bizitzan sentitzen dut badagoela eten bat, eman dela jauzi bat jubilaziotik eta operaziotik hona, Unibertsitatean kolaboratzaile gisa soilik gelditu izanak eta eritasunaren ondorioak eragina.