Urtarrilak 31.
DONOSTIAN trena hartu dut Bartzelonarako, LAIREM kongresurako aitzakian. Hau da, Literatura, Art i Representació a la llarga Edat Mitjanaren siglekin osatu izena, akronimoa. Goizeko zortziak laurden gutxitan atera eta ordu biak laurden gutxitan iritsi gara Egipciaques kalean dagoen CSICeko erresidentziara. Atzo Francescekin hitz egin nuen. Azkenean Marga ez dator, ama ez dagoelako oso ongi, jada 94 urte baititu eta Julieta zaintzaile kolonbiarra ere ez dagoenez behar bezala, ospitalean dago, eta gelditu egin da zaindari. Ea, bada, laster errekuperatzen diren... El Monestir jatetxean nago bazkaltzen, bakar-bakarrik, musika goxoki entzunez. Erosoa da lekua, ez dabil jenderik ia, eta Mari Karmen Navarrorekin hitz egin dut. Elkar ikustekotan gelditu gara. Almejak espagetiekin oso onak, piperminez eta belarrez onduak. Hau bai dela, aspaldiko partez, bakardadearen lasaitasuna. Kafea hartu eta Rambletatik ibilalditxo bat egin eta gero, lo kuluxka egitera joango naiz. Oroitzapenak ez galtzeko Cafè de L'Òpera bisitatzen dut, beti gustatu izan baitzait hango mostradorea, ispiluak irudi modernistekin, zurezko mahai borobil eta esalki kolore berdinekoekin, eta sagar-opila dastatzen dut bigarren kafearekin batera.
Arratsaldeko zortzietan geratu naiz Francescekin Teatro Romea-ra joateko Carles Soldevilaren Bola de neu ikustera. Sarrera libre da eta Jordi Casanovesek zuzentzen du irakurketa dramatizatua, zeina honako aktoreek egiten duten: Àngels Bassas, Jordi Boixaderas, Abel Folk, Mingo Ràfols, Miriam Alemany, Joan Berlanga, Camilo García eta Clara Moliné Xirgu. Hiru pertsonen arteko amodio ixtorioa kontatzen da, 1920 urte inguruan kokatua, Bartzelona snob eta artisten mundua. Pintura, politika, kritikoak, emakumeak eta hauen fideltasun ezak... Otsailak 1.
Tarragonan gaude, Facultat de Lletres de la Universitat Rovira i Virgili izenekoan, zeren honek eta Centre d’Estudis i de Recerca d’Humanitats de la Universitat Autònoma de Barcelona (UAB) delakoak eta Reial Acadè-mia de Bones Lletres de Barcelona i l’Institut Italià de Cultura de Barcelona erakundeek antolatzen baitituzte bi egunotako jardunaldiak. Joglarrak, ministrilak, aktoreak: literatura, musika, artea eta ikuskizunak Europa erromanikoan XII. mendetik XVI.era da gai orokorra eta aski zabala. John G. Style, Jordi Ginebra, Francesc Massip, Costanzo Di Girolamo, Maricarmen Gómez Muntané, Daniel Rico Camps, Carlos Villanueva, eta Lenke Kovácsen hitzak, txostenak eta irudiak entzun eta ikusi ondoren nire txanda dut, eta gai hau aukeratu dut: Canciones Vascas del Tardomedioevo y del Renacimiento.Esandakoen laburpena, gaztelaniatik euskarara itzultzen dudana, hauxe litzateke: Aspaldi da ezagutua izan dela Euskal Herria Pirinioetako bi aldeetan dantzari eta kantari dabilen populua bezala. Eta abestien lekukotasunak bilatzen hasiz gero, hor daukagu 1452ko Bizkaiko Foru Zaharra, non aipatzen diren mujeres que ponen coplas y cantares, koplak eta abestiak kantatzen dituzten andereak, alegia.
Eta nola Esteban de Garibay (1533-1599) Felipe II.a erregeren historialariak bere Memorias delakoetan, hots, autobiografian jaso zituen Endechas de mujeres que por conservación de esta vejez las he querido refe-rir aquí, esan nahi baita, kontserba zitezen antzinako kanta haiek nahi izan dituela jaso emakumeek kantatu eresiak... Dena den, 1545ean Bordelen argitaratu zuela euskal lehen liburua Bernat Etxeparek eta bertan, besteren artean, Sautrela eta Kontrapasa moldatu zituela. Poema hauek Mikel Laboa eta Xabier Letek adibidez abestu izan dituztela. Eta aurkitu berri den Joanes Perez de Lazarraga (ed. P. Urkizu, 2004, Dianea & Koplak, Madrid 1567) kantutegian aurki daitekeela bilantziko elebidun bat No me digáis madre a Fray Antón, doinuaren arabera abestu behar dena, eta Salbatierrako erreketaren kanta (1564) A los maitines era... doinuarenera. Eta ez dela ahantzi behar ere eskuizkribu berean aurkitzen direla Mª Estibaliz de Sasiola (< 1611) lehen euskal andere idazlearen zenbait poema, tartean Mendi altuan erurra daidi, oraindik egun zenbait aldaketarekin Amodioari eta Naturari omenaldi gisa kantatzen dena.
Otsailak 2.
Gaur asteartea, Bartzelonan ditugu hitzaldiak, Reial Acadèmia de Bo-nes Lletresen areto nagusian. Almudena Blasco, Sandra Pietrini, Francesc Massip, Donatella Siviero, Daniel Rico entzun ditut plazer handiz. Italia, Katalunia eta Gaztelako adituek aurkezturiko lanak eta ikerketak benetan oso-oso interesgarriak iruditu zaizkit. Bai eta aurkezteko era ere... Otsailak 6.
Leire Lopez Ziluagak Berrian gaur Koldo Izagirreren euskararen heriotzari buruzko saiakeraz mintzo delarik, UNESCOren informe ezkorra aipatzen du, bai eta El libro negro del euskera ere, baina dio zerbait gehiago ere badela, etorkizunean auzitegiko medikuren batek euskararen gorpua aztertu beharko balu, kontuan hartu beharko lituzkeen aztarnak ematen dituela liburuak. Baina ez dela horretara mugatzen, ez dituela froga hutsak metatzen, baizik eta froga horietatik abiatuta euskararen inguruko hainbat gairi buruzko hausnarketa dela: gaur egungo elebitasun-eredua, euskarak erakarri egin behar duelako ustea, etorkinak eta euskara lehen eta orain, euskararen lurraldea eta abar... . Eta argudio sendotan oinarritutako eztabaida eskatzen du.
Otsailak 13.
Mikel Elustondok gaur Berrian Koldo Izagirrek Susa argitaletxean plazaratu duen Autopsiarako frogak. Arseniko-aztarnak gure hizkuntzan. saioa dela-eta honako hitzak jasotzen ditu egilearen ahotik: «Politikoki eragin beharko dute euskaldunek, euskara marjinaziotik ateratzeko». «Biharko» idatzi du, baina «orainaldirako alerta bat» izan dela uste du. Euskararen «heriotza naturalaren» teoria gezurtatzeko «frogak» bildu ditu. Gainbegirada bat eman nion, baina Ramonek saioak dioenaz eztabaidatu nahi duela eta erosi ondoren irakurtzen jarri naiz arretaz eta gogo biziz.
Otsailak 24.
Mattin Irigoienek gonbidaturik Donapaleura joan naiz UNEDeko Revista Lenguas y Literaturas Catalana, Gallega y Vascan iaz argitaratu Jean Etxepareren bertso-konplaintak (1873-1889) artikuluaz hitzaldia ematera, horretarako bereziki powerpointa prestatu dudalarik. Hitzaldia Herriko Zerbitzugunearen gibeleko salan izan da, eta afalostean denez, jendea animatu egin da hitzaldia bukatutakoan gauzak kontatzera, ezagutzen ez zuten herritarraren kantagintza alde batera utzita, beraiek bizitako ixtorioak gogoratzera.
Otsailak 26.
Gorka Erostarbek Berrian gaur honakoa dio, alegia, Arrate Egañak Donostia Hiriko Kutxa Literatur saria antzerkiaren alorrean, Egia izeneko antzerki obrarekin irabazi duela. Aurelia Arkotxak, Imanol Eliasek, Daniel Landartek, Ana Toledok eta Patri Urkizuk osaturiko epaimahaiak Egañaren lana hautatu duela, sariketara aurkezturiko hamasei lanen artean. Atzo eguerdian jakinarazi zutela garaileak nor izan diren sariketaren 52. ekitaldian. Komunikazio-tresna berriek izan ditzaketen arriskuen ingurukoa dela, besteak beste, sarituriko antzezlana –20.000 euroko saria eman diotela–. Arrate Egaña 1998an agertu zela plazara, Baporea saria irabazi baitzuen Printzesa puzkertia liburuarekin. Geroztik, umeentzako beste hiru lan argitaratu dituela, eta nobela bat ere idatzi duela: Kixmi (Elkar, 2005).
Otsailak 27.
Koldo Izagirrek, Sari Nazionaletan bere saioa aurkezteko eskaintza egin diodalarik, ezezkoa erantzun dit [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 31)].
[Ez dut gogoratzen ongi garai honetan Ramon Saizarbitoriarekin egiten nituen ibilaldi arinetan euskararen heriotzaren frogak zirela-eta zer esan genuen. Baina bai, nire aldetik formalki saioan bazirela gauza batzuk ez nituenak oso gogoko, hala nola bibliografia modu txinoan ematea, erreferentzia bibliografikoetan egile eta editorearen falta, puntuazioa dela-eta, alegia, komaren ezabatzea askotan, eta gaia tratatzerakoan, mosaiko gisa eta anekdotario moduan ematea ixtorioak, jauzi historikoak, eta batzuetan zehaztasun eza, hala nola Paulo Ulibarrik euskarazko lehen egutegia idatzi eta inprimarazi zuela esatea (!), Joanes Leizarraga Beraskoitzekoa ahantzita. Bernat Etxepareren testua transkripzioan aldatzea... Metaforen pilaketaren abusua. Batzuek irakurgaia pollit, arin eta edertzen badute, zailak, sobera eta gehiegizkoak direnean, solasa bihurria, kontzeptistegia eta ulergaitza bilakaraz baitezakete, eta horixe da prosaren bekaturik larriena.]Martxoak 26.
Irun Poesia Saria ematen den azken urtea. Hamabost poema-liburu aurkezten dira eta Asier Serranok Desterratuen piztiarioa titulaturiko poemarioa hoberenetsi dugu. Barne kontzientziaren solas etengabea, landugabea, esaldi loturarik gabeak, arrunta, nire ustez, baina beste epaileen iritzia ezberdina denez, hau izan da irabazlea. Ohartzen ari naiz poesiaz nire irizpideak eta oraingo kritikari batzuenak ez doazela batere bide beretik.
Apirilak 11.
Gregorio Monrealek eskatuta, Maria Bayo Jakiunden sartzearen aitzakiaz galdetu zidan ea egingo ote genuen Anton Abbadiaren afixekin erakusketa bat haren jauregian eta bertan hitzaldi batzuk eta zeremonia egin. Nire adiskide eta bertako zuzendari den Céline Davadanekin eta Hendaiako auzapezarekin geratu ginen bilera baterako eta dena ezin hobeto konpondu zen. Donostiako Copy Vascen erreproduzitu zituzten etorkizko tamainan kartelak eta gaur jasotzera Igaran daukaten almazenera joan gara Jakiunden idazkari lanak egiten dituen Jone Karresekin. Jonek alokatu duen furgoneta batean sartu eta bagoaz Abbadia jauregira, bertan ahalik eta modurik egokienean eta dotorenean ezartzera. Ikusitakoan, Célinek esan du egon daitezkeela erakusgarri urtea bukatu arte. Noski, ez da batere albiste txarra. Abbadiak egin lana jende anitzek dastatu ahal izango baitu, urtean 35.000 bisitari pasatzen denez gaztelutik, eta bidenabar euskararen historia apur bat ezagutu.
Apirilak 15.
Maria Bayo soprano nafarraren inbestidura Pedro Migel Etxenikeren eskutik jaso ondoren, bagoaz denak bazkaltzera Hondarribira. Nafarroako Opuseko errektorearekin, Deustuko errektorearekin eta Maria Bayorekin, besteak beste, suertatzen naiz mahaian. Mariari zorionak eman dizkiot omenaldiagatik eta egin duen hitzaldi xume eta mamitsuagatik. Hitz egiten dugu pixka bat, minbiziak hartuta dagoen eta Margaren partetik lehengusu dudan Mari Karmen Aranguren elkarren adiskideaz ere. Nire ezkerretik entzuten dut jesuitek ez-dakit-nor santu izendatu nahi dutela eta horretan laguntzeko eskatzen dietela Opusekoei, Vatikanoko pasiloetan barrena. Oraindik hamaika ikusteko eta entzuteko gaude!Arratsaldean, lehenik, François Beauducel fisika-irakaslea Anton Abbadiaren azterketa magnetikoen gaurkotasunaz eta balioaz mintzatu zaigu, eta gero niri suertatu zait hitz egitea Anton Abbadiaren bizitzako zertzelada zenbaitez, sortu zituen Lore Jokoez eta euskararen alde burutu zituen lanez. Kantak, arazo teknikoak zirela medio, pixka bat itsustuak atera dira eta ez bere gardentasun osoan, nahi nuen bezala. Zer eginen dugu, bada. Beti badaukat arazoren bat erraminta berri hauekin, teknikariak presaka dabiltzanean batik bat.
Azken orduan teknikak erdi-potto egin baitzigun. Aretoa betea dago, baina ez dit, ohituta egon arren, ilusio gehiegi egin ikusteak lehen lerroan Pedro Migel Etxenike presidenteak nola ixten dituen begiak, ez dakit abestien adiera hobeto bereganatzeko edo lo-kuluxka egitearren. Dena den, aspalditik Anton Abbadiak merezi zuen omenaldia jaso du oraingoan Jakiunde, Zientzia, Arte eta Letren Akademiaren eskutik, bere unibertsaltasun-balioak direla-eta legamia izan zelako euskal hizkuntza eta kulturaren pizkundean XIX. mendean. Zazpiak Bat kartelaren ale bana banatu zaie partaideei, hau da, Mesnardek Parisen Donibane Lohizuneko Festetarako egin litografia, Abbadiak eginarazia 1892an, eta denak pozik egun ona pasatu dugu, batzuek komentatu dutelarik ez zutela pentsatzen ezagutzen zituzten abestiak hain zaharrak, hots, hemeretzigarren mendean sortuak zirela.
Apirilak 26.
Atzo Pazko Biharamuna zenez, ohi bezala, Sarako Liburu eta Diskoen Ferian izan ginen, eta aspaldidanik egin ohi dudan bezala, harantz abiatu nintzen liburu berrien uzta biltzera, erritu gisa ia. Aitor Renteriak Berrian ematen du aurkezpenen eta giroaren berri. Kiroldegia jendez mukuru, koloretsu, globo zuri, gorri eta berdeak airean, egile-saltzailez ere bai, eta jende ezagun asko. Agurtu ditut adiskide zahar batzuk eta liburu zenbait erosi. Maiatzen Luzien Etxezarretari, Utriusque Vasconiaen Paulo Iztuetari, Jokin Apalategi eta Maite Idirini beren bildumakoren bat erosi eta Eugenio Arozena eta Daniel Landartekin argazki bat elkarrekin atera digu Luis Aranberri “Amatiño”k, une honetan bertatik igarotzen ari baitzen [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 32)].
Nabari zaio “Amatiño” eibartarrari beti bezain erne eta bixi-bixi dagoela inolako alzheimerrik gabe luman, ez buruan. Ez naiz harritzen ez ezagutu izana, 1985az geroztik ez baikara egon elkarrekin.
Maiatzak 5.
Josu Jimenez Maia nafarrak Euskal Idazleen Elkartearen zuzendaritza bazordean idazkari lanetan dabilenak idatzi dit eta, beste zenbait gauzaren artean, Agosti Chahoz hitzaldi bat ematea proposatu dit [www.
patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 34)]. Baiezkoarekin erantzun diot aspaldidanik bainabil Chahoren bizitzaren eta obraren inguruan lanean, eta haren idazlanek izan zuten harrera eta eragina aztertzen.
Maiatzak 10.
Marta Merinok Eusko Jaurlaritzatik idatzi dit esanez oraindik ez duela jaso Miarritzeko Atlantica argitaletxetik erantzunik, edota dirua jaso ahal izateko bete behar dituzten paperak. Beraz, joan beharra dut argitaletxera bitartekari lanak egitera, onartu baitu Kultura Kontseilaritzak, Lourdes Auzmendiren bitartekotasunari esker, editorialari ordaintzea Edurne Alegriari Anton Abbadiaz egin dudan liburua eta Miguel de Unamuno saioa irabazi duenaren itzulpena paga diezaion. Ixtorio hau ez nuen, noski, bideratuko Céline Davadanek orain berritan eta lehenago Fréderic Souluk eskatu ez balidate egindako biografia-saioa frantsesera itzul nezan, inguruetako herrietatik bisitan etortzen ziren gaztetxoek eta helduek ez baitzekiten / ez baitakite ia deus garai batean Eskualdunen Aita deitu zutenaz.
Ekainak 9.
Francisco Rubiok, Errenteriako Institutuan lankide izan nuenak, duela egun batzuk idatzi dit esanez nobela beltz bat idatzi duela, Do-nostia titulatu duena, eta Jon Lauko pseudonimoarekin plazaratu duela. Pasatzeko Mikel Arregiri eta gustatuko litzaiokeela biek zerbait idaztea nobelaren inguruan. Gaur arratsaldeko zazpietan aurkeztu da Liburutegi Munizipalaren sotoko aurkezpen aretoan, Mikel eta biok Bartzelonako Meteora argitaletxeak plazaratu obraz ahalik eta modurik txukunenean zerbait esaten saiatu garelarik.
Hona bada nire komentarioa:
34 urte eta ura bere bideanArratsaldeon denoi. Buenas tardes a todos.
Niretzat plazer handi bat da hemen lagun-zaharren artean berriro aurkitzea liburu bat delarik aitzakia. Francisco Rubiok duela denboratxo bat bere nobelako zenbait pasartetan euskara zuzentzeko aholku eske idatzi zidanean, sentsazio estrainio bat sentitu nuen, poza eta kezka. Jakingo ote nuen galdera haiei behar bezala erantzuten? Erraza zen euskarazko esaldi batzuk zuzentzea, baina bazen amodioz eta sinpatiaz idatzitako nobelatxo haren barnean beste zerbait sakonagorik. Elkarrekin oroitzapenetan murgiltzeko gonbita. Izpirituaren zaindaria da Memoria. Oroitzapen zehazgabez eraturiko prisma irregularra, haren islak forma desitxuratu, anbiguo eta aldakorrak izaten direlarik. Baina bertan eleberrigilearen luma zorrotza eta lupa ezartzen direnean argitasun eta klaritate berriz ikus daitezke zoko haiek.
Jon Lauko. Donostia (1977). Eta pseudonimo honen atzean Caminrealen jaio eta Ibañez Martín Institututik Labordetaren irakaskuntzaz baliaturiko Francisco Rubio, matematikako irakaslea, Errenteriako Batxiler Institutuan gure lankidea. John Le Carré, neronek bezala oso maitea duen nobelistaren egun-egungo ixtorioetan maiz murgildua. Eta miresmen horretatik eta hirurko-ren analogiaz, lauko asmatu digu Pakok. Irakaskuntza eta eleberrigintza bereizi nahiz-edo. Donostia, eta zergatik ez? Dublinek, Parisek, New Yorkek, Madrilek, Bartzelonak eta Bilbok beren nobelagileak baldin badituzte, zergatik ez Donostiak? Eta koadro “konpara ezin” honetan (oroitzen naiz Ramon Saizarbitoriaren Ehun metroz) boskote bat, pertsonaia nagusiak, alegia: Kepa Gabarain (Errenteriako Institutuan zuzendari izan genuen Maite Gabarainez gogoratuz ote?), Guillermina Anglada kazetari ospetsua, Aintzane, Mikel eta Monsieur Cambremer, ETAn infiltratu nahian dabilena. Hots, Herioren hegak bazterretan.
Javier Pueblak dioenez (Cambio 16), Donostia es una bala polí-tica y policíaca en la que el ambiente es más importante que los per-sonajes e incluso que la acción.Thriller antzeko baten aurrean gaude, baina baita ere amodio ezinezkoz eta sexuz jositako harremanez, eta estilo arin eta xalo batez ehundutako mataza baten aurrean. Zehaztasunez eta kariñoz deskribituriko espazioetan eta ekintzetan: Badia, Hotel Londres, Klub Nautikoa, Urepel jatetxea, Hendaiako Arkatz Libreria (Mugalde Liburu-denda benetazko izenaz), eta beste... Baina gauza guzti hauez Mikelek hitz egingo dizue, bere begirada zorrotzak lau aldiz irakurri baitu novella hauxe. Berak du, bada, hitza.
Ekainak 10.
Alex Bengoetxeak Euskara Patronatutik idazten dit Serafin Barojaren antzerkiei buruz moldatu nuen edizioaz, Alberdaniaren esku utzi eta bazterreratu zutenaz galdetuz; bai eta Baserritarra aldizkarian “Gatz-Errota”k argitaratu Kintoak nobelaz eta nik Etor argitaletxean berrargitaratuari buruzko berriez.
Eman nizkion, bada, eskatzen zizkidan xehetasunak eta noski, onartu nuen lana euskaraz.net Interneteko atarian argitaratu eta interesatu guztien eskuetara irits zedin doan.
Uztailak 5.
Agosti Chahoren jaiotzaren bigarren mendeurrena denez, EIE zerbait egiteko dagoelarik eta ni laguntzeko prest, ohi bezala, beste gutun bat bidali dit Josu Jimenez Maiak omenaldiko xehetasunak emanez (Gutunak 34). Baiezkoa eman nion eta lana garaiz iritsiko zitzaiola ere agindu nion, ia buruturik bainuen.
Uztailak 22.
Jean Baptiste Orpustan adiskideak gaur Prousten lanetatik baten itzulpena bidali dit PDF gisa, 3MB pisuduna, zeinak adierazten duen zenbat lan egiteko gai den ortzaiztarra [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 35)]. Aipatzen dit nola iaz afari gozo bat egin genuen elkarrekin (Julio, Karmen, Marga eta neronekin) Arce jatetxean uda partean, Izpegiko kaxkorainoko ibilaldia egin genuelarik goiz partean. Eta siestaren ondoren, piszinan bainatu eta afaltzeko prestatu ginelarik, bururatu baitzitzaidan gonbita egitea arratsalde eder hartan, ez baitaude hain urrun Ortzaize eta Baigorri, solasa musikaz, literaturaz eta eguneroko bizitzaz arin-arin joan zitzaigularik jan-edan bikainen artean. Hona nola itzuli duen Prousten lana: Aro galduaren bila I. Zuanen etxe aldean.
Abuztuak 14.
Juan Mari Arrizabalaga, Kontxa Alvarez adiskidearen koinataren senar alargunduak, Villafranca de Navarra, Alesbeseko fraidekume-garaiak oroituz, teatro taldean 1959ko Gabonetan Aita Maurorekin parte hartu genuenon fotografia eder bat igorri dit, galdetuz ea ezagutzen edo oroitzen ditudan [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 36)]. Bai, noski. Eskertu diot Juan Mari Arrizabalagari, oroituz zein mutiko alaia eta sinpatikoa zen, eta era berean jarraitzen duela, noski. Nola neure burua ikusten dudan zutik, serio, eskuinera Trokonizen aldean, Zabaleta, Sainz (donostiarra, gu baino zaharxeagoa zena, eta beste). Hi lehen ilaran ezkerretik hasi eta hirugarrena haiz ezta? Eta besteen izenak oroitzen baldin badituk bidaliko dizkidak?, ihardesten diot erantzun-mezuan.
Abuztuak 24.
Ramonek galdetzen dit ea nola esango nukeen Quien tuvo retuvo, eta Mikel Arregirekin kontsultatu ondoren, honako zerrenda bidaltzen diot: Oindio eusten dio; Oraindik badik grinik; Oraindik gordetzen dik kemena; Zuenak mantentzen dik; Ez du galdu indarrik / kemenik / grina-rik / adorerik / kuraiarik; Zezakeenak badezake; Ahal zuenak badezake; Zukeenak baduke; Bazeukanak badaukake; Bazeukanak gaztaroan gor-detzen du zahartzaroan; Bazuen eta eutsi egin dio. Izaki, eutsi eta atxiki. Eta beste... Gero euskara pobrea dela esango ditek... Ongi bizi, Ramon.
Irailak 5.
Katalina Eleizegiren euskal antzerkigintzaren lana aztertu du Amaia Alvarez ikerlariak Euskal Herriko Unibertsitatean aurkeztu berri duen doktore-tesian, Marijose Olaziregiren zuzendaritzapean: Generoa eta nazio identitateak Katalina Eleizegiren antzezlanetan. Alvarezen tesiak Eleizegiren «memoria berreskuratzeko eta lana ezagutarazteko» helburua du, berak azaldu duenez. Ikerlanak arreta berezia eskaini dio, beraz, Katalina Eleizegik Katalina Erausoren bizitzan oinarrituta idatzi zuen Erauso Kateriñe drama historiko oraindik argitaratu gabeari. Antzezlan horren edizioa ere irakur daiteke tesian.
Katalina Eleizegi Maiz (Donostia, 1889-Lizarra, 1963) «egitura klasikoan» oinarritzen zen antzerki-lanak idazteko, ohiko hiru ataletan bereizita, eta «drama historikoa» baliatzen zuen orobat genero gisa. Baina, Alvarezek azaldu duenez, jorratzen zituen gaiei zegokienez ez zen batere tradizionala: gaurkotasuna zuten edukiak aukeratzen zituen, eta, pertsonaien bitartez, ekarpen handia egin zion euskal emakumearen irudiari. «Bere garaiko emakume idazleek ere irudikatzen zituzten emakumezko pertsonaiak eta protagonistak, baina batez ere amaren roletik, kultura transmisioari lotuta, eta kristau on gisa, jakina», azaldu du Alvarezek. «Eleizegirenak ere kristau onak ziren, baina ez amak bakarrik. Bestelako irudi batzuk agertzen dira: emakume gazteak, adimen autonomoa eta erabakitzeko ahalmena dutenak, beren desirak edo nahiak betetzeko inolako arazorik ez dutenak... ».
Nire txostenaren zatitxoak emango ditut hemen. Lehenik agurra ematen diet epaimahai-buruari, kideei, doktoregaiari, zuzendariari eta beste denei, adieraziz ohorea dela epaimahaian egotea, beti asko ikasten delako unibertsitate-bizitzako ekitaldi garrantzitsuenetarikoa den honetan. Zuzendariari eta doktoregaiari egin lanagatik zorionak eman ondoren, baina madarikatuarekin hasten naiz. Editatzekotan hobetze-asmoz egindako oharrak.
[... ] Txit interesgarria deritzot gure literatur kritika eta hizkuntza aberasteko egin saiakera honi, baina batzuetan zalantzak ditut, zaila ere baita ahalegina, ez ote dituen kalkoak gordinegi eman: agentzia (ekintza), dekonstrukzioa (deseraiketa), dispositifa (tresna), perennialista (iraunkorzalea), primordialista (oinarrizkozalea), subalterno (agindupeko), ... eta beste; halere, falogozentris-moa, edota gynokritika bezalakoak besterik ezean, mantenduko nituzkeelarik... Mailegu multzo honek, arrotz egiten du tesiaren irakurketa, zailxeagotuz, baina, tira, ohitu beharko dugu horrelako hizkeretara ere.
Dena den, lehen eta bigarren partearen artean desoreka zenbait aurkitzen dut. Eta literatura konparatuari dagokionez, ondoren aipatuko ditudan hutsune nabarmenak. Katalina Erauso, Eleizegik bere antzerkirako hautatu pertsonaia mintzagai hartzen badugu, adibidez, azpimarratu behar dut tesian komentario benetan interesgarriak egiten direla kritika feministaren bidetik... Baina gizon moduan jantzitako anderearen inguruan irakurgai gehiago badela idatzirik laster ikus dezakegu-eta aski jorratua izan dela gaia.
Lehenik, fenomenoa ez zen batere arraroa ez eguneroko bizitzan, ez teatroan. Hor daukagu, esate baterako, fraide dominiko batek XVI. mendean idatzitako Floreto de anécdotas y noticias dis-persas (Memorial Histórico español, Madrid 1948, 106) non Ubedako Doña Juliana de los Cobos-i buruz mintzatzen den, hura ere soldadu ospetsua egin baitzen Italian enperadorearen kanpainetan, eta bere ekintzengatik erretirorako urtean hamabi mila marabediko soldata lortu baitzuen bizi zeno.
Famatua zen Virgiliok bere Eneidan sortu Camila amazona, gero Giovanni Boccacciok De claribus mulieribus liburu ospetsuan jasoko zuena. Gizon moduan jantzitako andereez, orobat, Bibbiena kardinalak idatzi eta errepresentatu Calandria (1513) antzerkiak izango du jarraitzailerik italiar eta espainiar errenazimentuko teatroan, izpiritu komikoa eta irrigarria zabalduz. Eta Lope de Vega-k bere Arte nuevo de hacer comedias en este tiempo (1609), garaiko Teatro Poetikatzat jo dezakegunean honakoa dio: Las damas no desdigan de su nombre / y, si mudaren traje, sea de modo / que pueda perdonarse, porque suele / el disfraz varonil agra-dar mucho [280-284 vv.]. Antzerti-errekurtso hau, Daniel Nisak eta Rosario Morenok dioskuenez (“La mujer disfrazada de hombre en el teatro de Shakespeare y Lope de Vega: articulación e implicacio-nes de un recurso dramático”, Neophilologus 86, 537-555, 2002), europar tradizio teatralaren elementurik zaharrenetarikoa da.
El Fénix de los Ingenios deitu zutenaren jarraitzaile izan zen Juan Pérez de Montalbán, letretan lizentziatua, teologian doktorea, eta Inkisizioko Tribunalean Notario apostolikoa izan zenak La monja Alférez antzerkia idatzi zuen, 1626an argitaratua, hots, Madrilen Historia de la Monja Alférez. Honek dakigunez edizio ugari izan zituen, batez ere XIX. mendean Bartzelonan, eta Euskal Herrian XX. mendean (1918, 1934, 1959, 1970, 1979... ). Pragmáticas Reales... deritzaienetan maiz debekatzen baziren ere horrelako komediak, hain baitzeuden zabalduak; Lopek adibidez 25 obretan darabil errekurtsoa, eta Calderonek eta Tirsok eta beste askok ere bai, zeren debekuen kontra ere bizirik iraun zuten.
Pertsonaia, alegia, Donostian 1592an jaiotako Katalina Erauso beste teatrogile zenbaiten inspirazio-iturri ere izan zen. Esate baterako, Juan A. Mateos (1831-1913) autore mexikar prolifikoaren La monja alférez: drama en cuatro actos y en verso (1880) antzerkiarena eta Domingo Miras (Campo de Criptana, Ciudad Real, 1934) teatro-gizonaren La Monja Alferez ( 1986) obrarena ere.
Mereziko zukeen aipamenik Abrantèseko dukesak, Agosti Chahoren adiskideak, Parisen frantsesez egin Katalina Erausoren biografiaren moldaketak ere (La Peninsule. Tableau pittoresque de L'Espagne et du Portugal, Paris, 1836, 5-34).
Eta teatroaz eta andereez mintzo garelarik, ezin utzi aipatu gabe Hroswitha (935-973 ing.) mojaren antzerkiak, zeinetan emakumeen nortasunaren ezagutza benetan sakona agertzen duen. Hauen artean Maria eta Abraham, XVIII. mendean euskaratua, eta non fartsa xaribarikoetan bezala ez den falta ez putetxerik, ez putarik, Katalinak arruntki zerabiltzan hitzak erabiliz. (P. Urkizu, Teatro popular vasco. Manuscritos inéditos del siglo XVIII. Estudio y edición. UNED, Madrid, 2007, 237-285).
Neska soldaduaz ari garelarik, zergatik ez aipatu Judith eta Esther Bibliako heroinak, edota Jeana Arc-ekoa Frantziakoa, eta XVIII. mendean ukan zituen euskal moldaketak? Edota Gandiaga eta Biguriren lanak Agustina Antonia zeritzanaz euskal baladan eta europar folklorean 0231 bezala katalogatua denaz? Tesian egiten den Euskal Teatroaren Historia osatuagoa litzateke, noski, batik bat nire azken lanak (2009, 2010... ) behatu izan balitu, eta historialariek euskara sakonki ezagutu gabe diotena baliagarri izan daiteke erdal testuei dagokienez, baina ez du behar adinako zehaztasunik euskal literaturari buruz, esango nuke.
Eva Mendietaren tesia Katalina Erauso eta nazio- eta sexu-identitateaz ez dago argitaratu gabe, KMn kontsulta baitaiteke... Eta faltan aurkitu ditut Abbadie anderea, Abrantèseko dukesa, Arozena Eugenio, Azpiazu Mikel, Biguri Karlos, Bravo Villasante Carmen (La mujer vestida de hombre en el teatro español (siglos XVI-XVII), SGE, 1986), Estornes Bernardo, Gandiaga Bitoriano, Ibisate Maria Luisa, Legarda Anselmo (Lo vizcaino en la literatura castellana, BRSVAP, 1953), Thomas de Quincey eta beste zenbaiten aipamenak.
[Ahanzten ditut, irakurlea ez nekatzearren, fonetika, morfosintaxiazko detaileak, eta hiztegikoak, onomastika aipatzen dut bakarrik hemen.]
Onomastikari dagokionez protagonisten izenek merezi zuten iruzkinik. Eta Katalina Eleizegik ezarri bazuen Notzu banake-ta horixe errespetatu behar da, pertsonaiak oin-oharrean ipini behar direlarik. Katxala [< Katxalin < Kattalin < Katalin(a)], Katalinak dituen hainbat aldaeraren artean hipokoristiko originala, atzerunzko asimilazioaz, grezierazko, káthareios, ‘garbi’-tik dator. Endo Jose Elizondo tolosarrak 1911an Segurako euskal-jaietan Euskalerriaren alde-k egin zuen batzaldian irakurkizunen artean titulu eta ipuin honekin lehen irabazleak 1912an Larrosa ta Lau-ziri irakurkizunarekin irabazi zuen Zarauzko euskal-jaietako norgehiagoka. Beraz, hitz ez arrunten zale genuen. Metze, azteka neskatxa, zeinen gertuena hauen hizkuntzan Metztli ‘ilargia’ litzatekeen. Eta Tolma, azteka buru, Tochtli, untxia delarik...
Eta azkenik, oro har, formaz bi hitz soilik. Arreta pixka bat gehiagoxe eskatuko nioke argitaratzerakoan, lehen kontaketaren errepasoan errata eta akats aski ageri baitzaizkit...
Irailak 26.
Gaur astelehena da. Larunbat goizean Le Havre goizeko bederatzietan ikusi dugu Donostiako Nazioarteko Zinemaldian, eta hainbeste jende ikusita, batek baino gehiagok pentsa dezake, beste egunetan ere Kursaala berdin bete dela kontuan hartuta, hemen nor arraiok lan egiten duen. Aki Kaurismäki finlandiar zuzendariaren filma benetan hunkigarria, pobreen elkartasunari kanta eder bat baita. Ikusi ondoren, eta portuetako bizitza komentatuz, Atarin txakolina eta atun-pintxo bat piper batzuekin eta ogiarekin jan dugu gustura, eta Arantxa, Marta eta Marga La Viñara gonbidatu ditut bazkaltzera, nire urtebetetzea elkarrekin oraindik ospatu gabe baikeneukan, tapa beltzdun koaderno ttipi hau Arantxak oparitu didalarik, nire xumekeriak bertan zirriborra ditzadan.
Urriak 4.
Igor Uranga, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako komunikazio-arduradunak Abbadia jauregian egingo den Xabier Zabaltzak burutu Agosti Chahoren biografiaren aurkezpenerako gonbidapena pasatu baitzidan, hementxe nago entzuten Blanka Urgellen frantses berezian, eta ekitaldiaren ondoren Anton Abbadiaren biografia frantsesez Edurne Alegriak moldatua eskaintzen diot, eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza izan arren, Atlantican argitaratzeko, nire sosak kostatu zaidan ezin hobea den itzultzaileari duinki ordaintzearren. Urgellek irribarre oso adeitsu batez jaso dit.
Urriak 13.
Aspalditik ezaguna dudan Eresbil Musikaren Euskal-Artxiboko zuzendari eta musikologo aparta den Jon Baguesek idazten dit Pablo Sorozabalek burutu Urtzi-Jaun operaren libretoaz mintzatuz, nola Pio Barojaren irakurgai batean oinarritu zen obra musikatu eta borobiltzeko [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 37)].
Egia esan, ez dakit zergatik bidali didan Baguesek informazio hori, aspaldi ez baitut berarekin inolako harremanik izan. Agur eta agur bakarrik. Baina bai, pentsatuko zuen agian Serafin Barojaz interesatu naizenez eta haren Elkano operaren libretoa plazaratu dudanez, semearen Jaun de Alzate nobelaz egindakoa ere interesatuko litzaidakeela. Ez dago gaizki, dena den, jakitea, izan dela operagilerik Pioren obra ere kontuan hartu duenik.
Urriak 20.
Joxeagus Arrieta idazle eta euskaltzale sutsuarekin noizean behin Donostiako kaleetan barrena topo egiten dudanean, huntaz eta hartaz komentatzen gelditzen gara. Behin kexu ageri izan baitzen ez ziotela laguntzarik eman Marcel Prousten bigarren tomoaren itzulpenarekin hasteko. Aipatu nion, beste zenbait gauzaren artean, badela Ortzaizeko herrixkan, mahastegi edo minategi artean gizon bat, Jean Baptiste Orpustan, bera ere Marcel Prousten itzulpenarekin lanean dabilena, eta burutuak dituela lapurtera-nafarrera aski garbizale batean tomo batzuen itzulpena eta nabarmen dela, berak dioen bezala, Oihenart eta Axularen idazkerari jarraikitzen diola. Eta PDFa bidali diot. Ondorioz esaten dit zeinen aldrebesak garen gure literatur ekoizpena antolatzen.
Zertarako jardun dut nik, bada, bi urte eta erdiz, egunero bizpahiru orduz, lanean jo-eta-su? Gutxi gara, lana alimalekoa, eta gainera, zera, ahaleginak bikoizten ari! Gainbegiratu bat eman diot Orpustanen bertsio honi; ez dut, noski, osorik irakurtzeko betarik izan. Baina han-hemenka irakurri ditudan pasarteak ederrak iruditu zaizkit, ederrak! Nik banuen beste tomoei ere ekiteko asmoa. Bigarrenaren izenburua buruan jirabiraka zebilzkidan aspalditxotik: “Neskatila loratuen gerizpean”... Baina ez dut uste ezer egingo dudanik. Batez ere, azkeneko Euskadi Sarian nire lanak inolako aipamenik jaso ez duelako (finalista ere ez dute hautatu); suposatzen dut, beraz, itzulpen kaskarra dela, edo Proust bati zor zaion mailakoa ez behintzat. Ea Jan Battite animatzen den: bejoandeiola, eta zorionak, benetan! Lapurtera-nafarrera puruan? Ba, zergatik ez? Agian aditz-formak “batuerakotuz”? Agian...
Erantzun nion ez dagoela dudarik gaurko euskal irakurlearentzat, adibidez Berria irakurtzen dugunontzat bere itzulpena dela mila aldiz irakurgarriago, errazena, beraz, hoberena. Eta Euskadi Saria osatzen duen epaimahaiari buruz zer esan. Barkaezina dela ahanztura, besterik ez. Dena den, sariak pizgarri eta kemen berria emateko lagungarri izan arren, ez dudala uste ez berak ez neuk “vanitas” eta ohore horrengatik jarraitzen dugunik euskara lantzen, baizik eta barne eta goi arnasak bultzaturik, euskaldunek merezi dutelako obra ederrik itzultzea, eta horretan ahalegintzen garela. Axularren kexu hari gehiagok kasu egin izan balio, agian beste maila batean geundekeela, baina halere gaur egunean egiten denarekin ezin gaitezkeela sobera kexa pentsatzen dudala. Dena den, jarrai eta ekin, batzuek bederen eskertuko geniola-eta. Honen erantzuna gaur jaso dut eta Joxeagusen luma ederrak idatzitakoa ezin bada utzi hona ekarri gabe, beraz, hor daukazu, irakurle, gozagarri [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 38)].
Urriak 26.
Iñaki Aldekoak, Erein argitaletxeko arduradunetarikoak, Agosti Chaho atharraztarraz burutu dudan liburuaz, besteak beste, gaurko gutunean [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 31)] esaten dit argitaratzeari ezezkoa ematea erabaki dutela. Beraz, nik pentsatu arren akademikoa baino areago zabalkunderako egina dela, ilustrazioak direla barne, beste zerbaitetan pentsatzen joan beharko dudala, dio, argi eta garbi.
Urriak 31.
Donostiako ospitalean nago berriro. Arratsaldea da eta goizean zuhaitzen itzalak mendebalderantz jotzen bazuten, orain ekialderantz begiratzen dute. Bosgarren solairu honetako 515 gelan nago bakarrik. Laurak eta hogei dira eta begien aurrean Adarra mendia daukat eta urrunxeago Mikelen herrira doazen muino tontorrak eta bideak, hau da, Aresorantz, eta Nafarroan sartzen diren mendixkak. Oraintxe bertan sartu da gelan erizain bat meriendarekin. Hiru galleta eta kafesnea. Esku artean daukadan irakurgaia, Josep Maria de Sagarra idazle katalanaren (1894-1961) Memorias, Anagrama argitaletxeak Narrativas Hispánicas bilduman plazaratua eta Fernando Gutiérrez delako batek itzulia. Ez dira batere laburrak memoria hauek, 894 orrialde betetzen baititu lehen tomoak, eta 1954ko irailaren 17an bukatzen baitu, beraz, 60 urterekin. Bere arbasoen gorabeherek betetzen dute lehen parte gehiena; gero haurtzaroa eta eskola garaia datoz. Familia onekoa zenez, Bartzelonako eta herriko ondareen artean banatzen du bere bizitza... Baina gehien interesatu zaidan aroa Bartzelonako Unibertsitatean eman zituen urteak izan da. Zuzenbidea ikasten eta bere lehen poemaren sorkuntza eta nola Lore Jokoetan saritua izan zen kontatzen dituen pasadizoak. Madrileko esperientzia Cuerpo Diplomáticoan bertan igaro zituen bi urteetan, ezagunagoa egiten zait, neronek ezagutzen baitut oraingo Ateneoa, Josepek hain ongi ezagutzen zuena.
Cambó politikoarekin eta beste hainbesterekin izan zituen harremanak. Madrileko gauak, bohemia deitu izan den horretan, baina bere adiskideen harremanek betetzen dituzte orrialde gehienak; garaiko pertsonaien deskripzioak: Juan Ramón Jiménez, Pedro Salinas... Bai, halaber, Bartzelonan teatroan eman zituen lehen urratsek eta porrotek, halere, antzerkiak idazten jarraitzeari utzi ez ziotenek, hogeitik gora eskribitu baitzituen.
Baina argi dezadan zergatik nagoen ospitalean. Herenegun goizean, azaroak 29, bederatziak inguruan gosaltzen ari nintzen Margarekin, egunkarien bila (Berria eta El País) kalera atera ondoren eta, beraz, besapean ogi estu bat ere ekarri ondoren. Irakurtzen ari nintzelarik halako pisu astun bat, besteetan ezarri zaidana baino astunagoa sentitu dut bularrean. Petxuko mina, itolarria bezala sentitu nuen. Jaiki nintzen, saiatu nintzen arnasa mantso eta sakon hartzen, airea botatzen, baina oinazeak berean segitzen zuen, eta Margak esan zidan anbulatoriora joan behar genuela. Han ordu erdi bat bederen egon ginen gure txanda itxaroten, eta oinazea gero eta handiagotzen zihoakidan. Azkenean, medikuarengana igaro ginenean, esan zidan, habrá que hacer un electrocar-diograma, eta nik erantzun nion, supongo, eta berak, supongo, no, ya. Eta horrela beste bi erizainekin hasi zitzaizkidan gobernatzen. Etzanarazi ninduten, eta makinen menpe ezarri. Hasieran tentsioak 19 / 13 markatzen zuen, sekulan izan ez dudana, baina berehala harrarazi zizkidaten pastillekin hobera jo nuen eta tentsioa 13 / 7ra jaitsi zidaten. Dena den, anbulantziari deitu eta hona ekarri ninduten, ospitalera. Infernuan lau ordu igaro ondoren, hots, itxaron gelan inguruetako garrasi eta kexu artean, ingresatu egin behar nindutela erabaki zuten. Aldamenenean zegoen beltz bat malariarekin, eta berehala aldendu zuten, edo eraman suertatuko zitzaion gelara. Nire ezkerrean bi moja zeuden, zaharrena Oñatikoa eta gazteago zena Azkoitikoa. Ez zeukan pazientzia handirik zaharrak, baina esan nionean zenbat denbora neraman itxoiten, konformatu behar izan zuen.
Atzo ez zen etorri bisitan Marga gaixoa, bera ere ondoezik baitzegoen, baina kimikari esker, gaur hobeto dago eta etorri zait goizean prentsarekin. Mikel eta Marikrutx etorri zitzaizkidan atzo, eta Mikelekin berriketan izan nintzen Xala vs Barriola pilota partidua ikusten genuen bitartean.
Gaur, bazkaldu aurretik medikuak etorri dira bisitan, nire historiala osoa badaukate eta Onkologikoan froga batzuk egin behar dizkidatela esan didate. Galdetu diot erizainari ea banuen frogak egin arte kanpora ateratzea, eta ezezkoa eman dit. Hau bai dela komedia! Bihar santu guztien eguna, imuru sainduru nonbait diotenez, eta nik hemen beste bi gau pasatu behar... Azaroak 1.
Gaur santu guztien eguna eta bihar arimenena. Kanposantura, hilerrira joateko egunak. Hilei loreak eta otoitz bat eskaintzeko eguna. Aspaldi da ez naizela gurasoen eta anaien hilobia bisitatzera joan, eta gaur ere ez, hementxe bainago Menditxo Magiko honetan bosgarren solairuan irten ezinik. Gaur goizetik Urtzi eta Marga agertu zaizkit ohi bezala egunkariekin, El otro proceso de Kafka irakurtzen ari naiz. Alemanetik Michael Faber-Kaiser eta Mario Muchnikek itzulia, eta Muchnik Editores, Barcelona 1976an argitaratua. Benetan interesgarriak Elías Canettiren komentarioak. Barazki-zopa eta izokin puska gatzbakoa bazkaldu dut. Eguzkiak jotzen du une honetan gelan, eta pertsiana jaistera noa. Hortzak garbitu ahalik eta ondoen, eta ohera lo kuluxka egitera Canettiren idazkia esku artean.
Azaroak 2.
Gaua gaizki igaro dut, edo zuzenago esateko, ez nau loak ia hartu. Ez nuen pastillarik hartu eta horren ondorioa izango da. Horrela bada, esnaturik bainintzen, Canettirena bukatu dut, irakurketa hain bainuen gustukoa. Feliceri Kafkak eginiko gutunen azterketa eta berauen bitartez Kafkaren barne-munduaren azterketa zehatza, zorrotza eta benetan argigarria egiten du Canettik. Kafkak ezkontzarako eta emakumeekiko harreman ezinezkoak, porrotak argi eta garbi adierazten du, azkenean tuberkolisiak jota, petxuko minak beste mundura eramaten duen arte. Baina liburuko pasarterik bitxiena iruditu zait Kafka eta Txinari eskainitakoa. Alegia, txinatarren ohiturei buruzkoa, eta nola enperadoreak ere guztiz zoraturik zebiltzan kilkerren arteko borrokekin, nola elikatzen zituzten beren odol propioarekin, nola prestatzen zituzten borrokarako eta nolako lilura zuten animalia ttipienganako, zeinetan aurki daitekeen Kafkaren Metamorfosia, Itxuraldaketaren giltzetarik bat.
Benetan mereziko luke euskarara itzultzeak. Haizeak bortizki jo du gauean, arrosaren kolorez jantzi da goiz-alba, goiz-izarra desagertu eta laino gris arinak hedatu zeruan. Hego haizearen sasoi honetan hegaztiak badoaz arin-arin iparraldetik hegorantz eta ehiztariek beren eskopetak probatu dituzte mendi gailurretan tiroen hots zaratak entzun ditudalarik. Baina ez ditut batere gogoko, aukeran nahiago isiltasuna edo zuhaitzen arteko elkarrizketak, murmurioak. Ohean nago eta leihora inguratzen naizenean, hemendik ikusten ditut Adarra, Onddi eta Urdaburuko kaskoak. Ezin esan ez dela ikuspegi ederra, baina begirada beheititzen badut, hor daude erien gelak eta jendearen joan-etorriak, txindurriak bailiran.
Atzo arratsaldean Ramon Saizarbitoria adiskidea etorri zitzaidan bisitan, hala nola Urtzi eta Margarita. Solasa ETAren gainean izan dugu, eta ea betiko bortizkeria eta tiroak, giza erahilketak utziko dituen, eta egin duen etenaren iragarkia benetakoa izango den. Ramonen ustez aro berri baten aurrean gaude, eta ezin da esan gure gizarte honetan bi talde soilik direla, askoz ere joera eta jaidura gehiago baitago, eta honetan arrazoi osoa dauka. Inkestetan ageri diren sailak, espainolak bakarrik sentitzen direnak, euskaldunak bakarrik sentitzen direnak, euskaldunak sentitzen direnak eta euskara dakitenak, ez dakitenak, eskuin aldekoak, ezkerrekoak, zentrokoak, peperoak, psoezaleak, hatxeberoak, jeltzaleak... haizea nora urratsa hara dabiltzanak... Koldok idatzi berri duen nobela pasatu diola, eta euskara benetan diztiranta darabilela, batez ere itsasoko gaiak aipatzen dituenerako. Nobelaren haria San Pedroko Ondartxo ontzitegi parean goardia zibilak ezkutatuta egon ondoren, gaztelupean Donibanen komando autonomoen kontra burutu zuten sarraskia. Salaketa baten ondorioz izan zela bagenekien, eta antikapien kontrako ekintza hiltzailea.
Segituan gertaeraz oroitu naiz, Ramonek ez zuen oroitzen, baina badirudi bere iritziz ez duela nobelak gauza askorik kontatzen, gertaldia bere euskararen menderatzea eta erabilera ederra frogatzeko aitzakiatzat hartu izan balu bezala. Berak, aldiz, ez duelako horrelako gaitasunik gauzak kontatzeko... Baina esan diot ez nengoela konforme ikuspegi horrekin, zeren eta Ramon, kontalari aparta izateaz gain, estilista handia baita, batez ere. Koldo, bestalde, beti gelditzen da bere kontakizunean kamuts, eta euskara landu, zaildu eta diztiranta eduki arren, jende arruntarentzat, eta ez hain arruntarentzat, egunero Berria irakurtzen duenarentzat adibidez, zail xamarra gertatzen baita, batzuetan hainbeste gorrotatzen zuen beste Koldo hura (Mitxelena errenteriarra, ez oiartzuarra) imitatu nahiko balu bezala. Iñigo Aranberrirekin, Koldoren eskolakoa hau ere, berdintsu gertatzen da. Lezon prestatu irakurketa-taldeko zenbait irakurle xume eta saiatuei horixe gertatzen baitzaie. Hala aitortu didate, bederen.
Haizearen ziztua ez da isildu eta bere hots beldurgarriarekin jarraitzen du; halako batean, leihoaren kantoi batetik kaio zurixka bat igaro da haize boladen konpasean. Ehiztariek jarraikitzen diote behatzari lana emanez. Erizainak goizeko pastillak ekarri dizkit. Behatzen diot ene ohean etzateko moduari eta honelaxe ikusten dut neure burua, koadernotxo hau belaun gainean daukadala eta bizkarra bi almoaden kontra ohe artikulatu honekin zertxobait altxatua. Eroso nago eta pozik, zeren eta bistaurrean dauzkadan hainbeste maitatzen ditudan gure gailurrak. Osasun-puntuari erreparatuz gero, ongi aurkitzen naizela esan beharko, gerriak ez dit minik eragiten, buruak ere ez, soilik ezkerreko belarrian betiko burrunba, orain aski ttipitua. Beraz, ikusi beharko dugu gaur zer esaten didaten medikuek. Ea Onkologikoan baden unetxoren bat niretzat, eta egin behar ditudan probak burutzen ditudan ongi; bestela, luze egingo zait ospitaleko egonaldi hau, bartekoa laugarren gaua izan denez etxetik kanpo.
Dostoievskiren ipuin bat irakurri berri dut eta beti bezala txunditurik utzi nau, noraino ezagutzen duen errusiar arima. Koplari baten bertsoekin hasten da, garai hartan hain zabalduak izan ziren kriminalen balada batekin eta gero nola santoi batengana iristen den erromes. Bitartean kontatzen digu zein ezberdin diren alemaniarra eta errusiarra, garbi gelditzen dena batez ere bien mozkorraldietan. Alemaniar hordia kantari eta fanfarroi huts agertzen den bezala, errusiar mozkorra apal eta negarti ageri dela. Honen irudirik maitatuena Kristo dela, eta ekintza gaiztoetara jo aurretik zenbaterainoko kezkak, zalantzak eta tormentuak pairatzen dituen gaizkileak bere barrenean, nola honen ganbaran sufrimendu anitzen ondoren erabaki lazgarrienak hartzera iristen den, norbait hiltzera, adibidez. Zer gertatu da gure herrian heriotza hainbesteraino banalizatzeko, ezdeuskeriatzat kontsideratua izateko? Edota alemaniarren espiritutik gehiago daukagu? Euskaltzale hark naziei esaten zien bezala, zuek arioak bazarete gu protoarioak gaituzu?Azaroak 3.
Goizeko zortziak eta bost. Leihoko pertsiana altxatu dut eta atzoko eguraldi berdintsua. Zerua urdinago, baina hodeiez jantzia, hauetariko ttipi klar batzuk badoaz polliki ekialderantz eta beste ilunago batzuk ageri dira Onddi atzean, Nafarroa aldera. Gaueko haize bolada bortitzak, furiakanak, baretu dira eta dena baketsu ageri zaigu. Oraindik ez dut entzun ehiztarien tirorik. Erizainak igaro dira eta nola orain Lorenzo, Donostian bizi den nire gelakidea, ni baino urte batzuk zaharxeago dena eta karkaxekin borrokan dabilena arnasa ezin harturik, bada, kasu guztia harentzat. Dutxatu naiz eta, ea egin behar dizkidaten probak gaur burutzen dituzten. Bat arratsaldeko seietan egingo didatela Onkologikoan, diote. Eta bestea? Hemen bertan egingo didatela, baina ez jakin noiz. Pazientzia pixka bat beharko, beraz. Malen bilobak egindako margoak badu modernitate punttu bat. Urdina, gorria, berdea eta horia darabiltza. Somatzen dira forma batzuk sortu nahiz edo zerbait adierazi nahian. Hasi dira jadanik ehiztariak tiroka. Uso-jatea ospitaletik ateratzen naizenerako utzi beharko... Azaroak 4.
Bapo. Primeran loak hartu nau gaur pastilla loarazlea irentsi ondoan. Bostak inguruan esnatu, eta jaiki naiz pixa egitera komunera, eta berriro lotara. Zortziak laurden gutxi dira, eta Lorenzori, bronquitis gaitzak harrapaturik baitu, oxigenoa ezarri diote hauspoa garbitzearren. Atzo egin zizkidaten bihotzeko bi probak, eta nik uste bikain gainditu nituela, edo zehazki esateko, lehenean Tolosako mediku euskaldunak esplikatu zidan bihotzaren funtzionamendua erabat normala neukala, bentrikuloak eta zainen odola nola hedatzen zen ongi, eta alde horretatik inolako arriskurik ez daukadala. Bigarrena honela izan zen: arratsaldeko bostetatik zortzi eta erdietara, hau da, hiru ordu eta erdi pasatu genituen bi probatxo egiteko. Lehenbizi aulki mugikorretan eseri, gero anbulantzia beheko solairuan itxaron. Hemen sartu gintuzten hiru eri: 81 urteko emakume bat, 67 urteko Antonio izenekoa eta neroni. Antoniok, oso berritsua baita, bere bizitza kontatu dit. Asturiarra da sortzez, meatzeak diren herri batekoa. Bederatzi seme-alaba ditu eta denak ezkonduak. Bere andrearen itxura, emakume pobre batena da, etxe barruko zapatilak oinetan eta sukaldeko mantala jantzita dauzka. Itxuragatik ijitoak dirudite. Aldamenean dituzten semeek ere bai. Garaiak, sendoak eta tripa-zorro handikoak. Antoniok 30 urte darama Euskal Herrian bizitzen, Trintxerpe aldean. Eta ia egunero joaten omen da San Pedroko faro aldera arrantzara. Seme batzuk Asturiasen, besteak Katalunian, eta azkenak hemen. Birraitona ere bada eta bere sendia 27 senidek osatzen dute. Familiaren apologista da, noski, eta bera patriarka. Gizon azkarra, hitz-jario etengabekoa duena, eta duela sei urte egin zioten bizikletako beste proba. Amorratuta zegoen hainbeste denbora itxaron beharraz, eta kexu zen erizain-laguntzaile gutxi zegoelako... Dioenez, bere jakituria eta bizi esperientzia handiaz badaki presa ez dela kontseilari ona, eta gauzak presaka egitearen ondorioz gaizki ateratzen direla. Horregatik berak lasai-lasai hartzen duela egunero esandako Faroko bidea eta gehien gustatzen zaiona horixe dela, arrantza. Gero, ez omen du arrainik ia jaten, baina arrantzale ona dela, erlak, salmoneteak, doradak, txipiroiak noizean behin, ... Agurtzean, honakoa esan dit: a ver si nos vemos en una boda.Azaroak 16.
Berriro Ospitalean. Urteetan zehar ez banintzen egon hemendik zehar, badaramatzat bi urte maiz bisitatzen dudala. Oraingoan TAC-1ean X izpiak ezarri behar dizkidate barrenak nola doazen ezagutzeko, nola nagoen jakiteko, eta 22an izango dudala emaitza, Garrido doktoreak erabakiko duelarik puntzadura egin behar didaten ala ez.
Azaroak 22.
Jendez mukuru dagoen aretoan liburu bat irakurriz itxaron ondoren, iritsi zait txanda eta sartu naiz Garrido doktorearekin hitz egitera. Eskua eman diot agurtzeko, egin ohi dudan eran, eta lehengo galdera izan da, cómo se siente señor Urkizu, eta nik betikoa erantzun diot, oraindik oinazeak eta molestiak hor daudela, eta berak esango duela zeren ondorio diren. Ihardetsi dit, ekipoak ikertu duela daukadana eta erabaki duela berean uztea, besterik gabe. Beraz, pentsatzen ari naiz oinaze honekin bizitzen ikasten jakin beharko dudala. Zahartzaroaren ajeak, noski.
Abenduak 16.
Ohi bezala, LIB taldekoek egun pasa egin dugu Baionako Euskaltzaindiko egoitzan eta Beñat Oihartzabalek bere hitzaldia eman ondoren, nik nire powerpointa erakutsi dut, eta irudiekin batera Agosti Chahoren bizitzaren eta obraren zertzelada nagusiak argituz joan naiz; honako tituluarekin agertu da Euskera errebistan: Agosti Chahoren obraz eta bere eraginaz.
Beraz, Erein editorialak argitaratu nahi izan ez duenez lana, liburua bi artikulu nagusitan banatzea erabaki dut, testu hautatuen eranskinik gabe. Bata Euskeran, beraz, eta bestea Hegats 48an, beste honako titulupean agertu dena: Agosti Chaho euskal erromantikoa Parisen. Eta funtsezkoena esanda gelditu delakoan nago, zenbait xehetasun eta bitxikeria falta diren arren oraindik. Hona adibidez nola hasten dudan Hegatsen argitaratu artikulua, bere benetako gazte irudiaz, zein ez den kontsideratzen ohi dena, le Navarrais akuarelakoa, hau Anton Abbadia denez:
Lehenik bi hitz artikuluaren atariko irudiaz. Voyage en Nava-rre... (1836) delako Agosti Chahoren liburuan ageri den Nava-rrais azpitituluzko akuarela bere iruditzat hartua izan den eta guk ere zenbait liburutan erabili izan ohi dugun arren, ez da Chaho, Anton Abbadia baizik, hark honi gutun batean esaten dionez: ... celui de votre portrait [... ]. Il me faut une jolie aquarelle qui vous montrera vêtu du costume national, la tête nue... Je me propose déjà de vous placer vis-à-vis de notre grand Zumala (1836-III-30).
Halaber, badakigu, Chaho berak aitortuta, pipazalea zela eta Fermin Arkotxaren ohar bati esker, behin Café Lepelettier-en pipatzen ari zela, Pariseko Operatik ez oso urrun, Gavarnik marrazki bat egin ziola, eta hori 1850. urte ingurukoak diren bi erretratuekin eta Baionako kanposantuko hilobian dagoen Roland eskultoreak eginiko marmolezko irudiarekin konparatuz gero, ez dago dudarik azalean ezarri duguna Agosti Chaho dela gaztetan, 25 urte inguru zituenean.
Euskal Idazleen Elkarteak, noski, ez du inolako arazorik izan ilustratzeko artikulua zenbait irudirekin, dela pertsonaiarenak, Chaho, Gavarni, Eliçabide, dela Lélo nobelaren portadarekin.
Euskera aldizkarian ere berdin gertatu da, hemen bere obrez hitz egiteaz aparte bere eraginaz eta Aitor leiendaren nondik norakoaz, hauxe diot zuzenki:
Honen zabalkundean kontsidera dezakegu bi nafar izan zirela garrantzizko. Alde batetik Francisco Navarro Villoslada (Viana, 1818-1895), zeinarekin desterruan zela Gasteizen izan zezakeen harremanik, hau baitzen Arabako gobernadorearen idazkari, eta ho-nen Amaya o los vascos en el siglo VIII (1877), non garbi dagoen ezagutzen zuela hark idatzitako Aitor. Eta bestetik Arturo Kanpion (Iruñea, 1854-Donostia, 1937) eta honen itzulpena «Aitor, leyenda cántabra».
Abenduak 24.
Bartzelonarako bidean goaz Marga eta biok aurtengo Urte Zaharra Pobleteko fraideekin igarotzeko asmoa dugunez. Tuteran autobusak matxura izan duela-eta, ordu eta erdi beranduago iritsi gara, Bilbotik zetorren ordezkoaren zain egon garelako. Josep eta Karmenen etxebizitzan gauzak utzi, eta kalera zangoak pixka bat luzatzera, eta sabeleko hotsak pittin bat isiltzera. Bi entsalada eta beste zerbait ardo zuri katalanarekin aski izan da tenple onean geratzeko. Lezoko Eguberrietako abestiez, adiskideez, etxekoez eta Marikrutxenean egin ohi dugun afariaz oroitu naiz.
Abenduak 25.
Jaiki eta kalera, al carrer. Eta hemen gabiltza batetik bestera gelditu gabe hiri eder eta paregabe honetaz gozatuz. Bornen Kafka kafetegian bazkaldu dugu. Bakailaoa eta beste. Xume eta ona benetan.
Abenduak 26.
Gaur Francesc adiskide on, ikerle handi eta katalanista amorratuarekin eta honen bi lagunekin bazkaldu dugu. Berriketa luzea izan da cavaren laguntzarekin ideiak eta mingaina arin-arin aritu baitzaizkigu. Gero hiri eder honetan ibili eta ibili, etxe, egoitza, jauregi eta jendeaz gozatuz.
Abenduak 27.
Goizean, portuan barrena ibilitakoan, eta Santa Maria del Mar-eko katedralaren itzala eta handitasuna begiztatutakoan, Carrer d’En Gignàsen dagoen Agut jatetxean bazkaltzea erabaki dugu. Egoitza benetan ederra da, xarmanta eta beroa. Koadro ederrak ditu hormetan eta okupatzen dugun mahaia oso ongi kokatua. Fideuà, kapoia eta krema katalana eskatzen dugu, eta Priorateko ardoarekin bapo atera gara. Etxe aldera bagoaz lokuluxka eginez atseden hartzera.
Abenduak 28.
Ohi bezala, oinez bagoaz Montjuicerantz. Pauso lasai, etengabez azkenean gaztelura iritsi gara. Egun zoragarria daukagu eta bistak paregabeak. Hiriaren osotasuna eta itsasoa begiztatzen ahal ditugu. Teleferikoz jaitsi gara Poble Secera eta La Belle Napolitainen bazkaldu, pizza eta zerbeza banaz. Gero Museu Nacional d'Art de Catalunya (MNAC) bisitatu dugu eta Pirinioko arte erromanikoa, eliza ttipietako pinturak eta eskulturak, ekialdeko eragina duten ikusgarriak. Halaber, Robert Capparen La Maleta Mexicanako fotografia multzoa, originalak, gerrako lekukotasunak benetan hunkigarriak. Bertan Federico García Lorca, Dolores Ibárruri La Pasionaria, Rafael Alberti, André Malraux edota Ernest Hemingwayen argazki gutti ezagunak, hala nola Teruel, Segre, Brunete, Kataluniako eta Madrileko erresistentziakoak ikus daitezke, eta gizon-andere ausart eta odolbero haien kemena miretsi... .
Abenduak 29.
Afaria Mari Karmen Navarro Errenteriako Institutuan egin nuen adiskide onarekin. Jatetxe japoniar fin batean afaltzeko ginen, baina ia lekurik ez dagoenez, halamoduzko beste bat aurkitu beharrean egon gara. Beti bezain atsegina Karmen, bere bi semeez, Suedian dagoen Alexez eta Bartzelonan gelditu Unaiz eta haien haurrez mintzatu zaigu. Amonatxo ximur pollita bilakaturik zaigu. Gero taxia hartu dugu eta Graham Greeneren Hirugarren gizona irakurtzera etxera.
Abenduak 30.
Beribila alokatu dugu Gran Vían eta bagoaz autopistaz Tarragona aldera Penedesen barrena. Torredembarra eta Altafulla seinalatzen duen iragarkian atera gara. Torredembarrako plazan den enotekan ardo beltz bi botila on erosi ditugu, eta Francescek alokaturik daukan etxera joan gara. Hau bai dela edertasuna. Mediterraneoa berrogeita hamar metrora. Geroxeago iritsi dira teatro munduko beste bi lagun. Beth Escudé, Logroñon jaioa, baina Katalunian hogeita hamabost urte daramana bizitzen eta Valentzian irakasle dagoen Alejandro Montiel. Bainatu da Francesc larru-hutsik hondartzako ixkin berean, duela bi mila urte erromatarrak bainatzen omen ziren lekuan, eta bazkaltzera goaz elkarrekin. Sukaldari ona da Francesc, eta solasgai bikaina izan dugu. Terrazara igo naiz Pako Gutiérrez Carbajorekin hitz egiteko eta eskatzen dizkidan XXI. mendeko antzerkigileen izenak emateko. Beth Escudé eta Aizpea Goenaga. Harremanetan ezarri ditut eta denak gustura. [Dramaturgas del siglo XXI, Cátedra 2014, liburuan agertuko direnak].
Hemendik bagoaz polliki hain urrun ez dagoen Pobletera, eta maletak hotelean utzi ondoren, bagoaz arratsaldeko sei eta erdietako bezperak entzutera. Hogeita lau fraide kantari. Ez da hau Siloskoen modu gregorianoa, baizik eta beste era guztiz ezberdina, finagoa, agian finegia... Urte Zahar eguna ere hemen igaro dugu. Inguruetako herriak bisitatuz, eta gero eta baketsuago, ederrago, ikusgarriago sentitzen ditugu paraje hauek. Ez naiz batere harritzen Josep Plak El Escorial baino askoz gehiago maitatzea mendez mende tradizioak eraikitako monasterioa. Berriro bezperak. Teatro-funtzioa dirudi, hasieran ez zen inor ikusten, dena baitzegoen itzalean bezala. Gero, polliki, fraideen irudiak iluntasunean markatuz joan dira ahotsekin batera, eta gaur komentuan kantatzen genuen Salve miresgarri hura abestu dugu.
Afaria hotelean, primerakoa. Giro alaia eta atsegina. Cava edontzia. Deia etxekoei. Agurtu ditut Marikrutx, Joxeba, Urtzi eta beste gainerakoak. Urrun izan arren, halako komunikazio, sentimendu beroa nabari dut ahotsak aditzean. Urteberri on bat opatu diet.