Urtarrilak 7.
GAUR gosaltzen ari ginelarik egunkaria errepasatzerakoan, ohartu gara badela fotografia bat Donostiako kaikoa, non itsastxakur bat ageri den Bateliko izeneko gure ontzian etzanda. Bitxia da, alajaina, hainbeste batel, txintxorro, belari, txipironera, yate eta bestelako itsasontzien artean gurea hautatu izana. Bagoaz, bada, lasai gosaldu ondoren, argazki batzuk ateratzera. Ontzira iristen garenerako, hantxe daude bere jantzi dotoreekin itsas salbamendukoak, atsedenaren ondoren itsastxakurra berriro itsasora dadin lortuko dutenak.
Urtarrilak 18.
Nire adiskide ona den Ramon Saizarbitoriari ongi merezitako hiritar merituaren domina eman dio Donostiako hiriak, eta gonbita pasa didanez, eta orobat bere solasa, zeinaren hitzak publikoki esan diren, euskarazkoak bakarrik dakartzat hona benetako txalo zaparrada eder bat jaso dutelako.
[... ] Hitz batzuk esan behar nituenez euskal idazle zaharren oroimena ekarri nahi nuen goratzarre egiteko gure memorian kale izenak baino gehiago izan daitezen. (Vivo en Manterola con mi cuñada la coja).
Zori txarrez Jose Luis Alvarez Enparantzaren heriotza gogora ekarri beharra dut. Asko esan da egunotan Txillardegiri buruz; ez da aski azpimarratu bere eskuzabaltasunik. Nire doluminak Jone Forcadari eta sendi osoari.
Hemen gaztelaniaz Serafin Baroja, San Sebastian martxaren letraren egile eta Pio Barojaren aita gogoratu du, bai halaber, Indalezio Bizkarrondo Bilintx, biak liberalak eta artista handiak.
XIXgarren mendeko eta XXgarrenaren hasierako euskal idazle donostiarren zerrenda luzea ekarri nahi nuen gogora; beste inon ez baita hain luzea izan. [... ] Aditzera eman nahi nuen donostiarroi esker neurri handi batean, egin da euskara kaletar. [... ] Baina handik eta hemendik, euskal idazlea naizenez, azken hogeita hamar urteetan jasan dugun indarkeria politikoaren kontakizunaz zerbait esatea zegokidala adierazi didate. Hain zuzen ETAk bere “jarduera armatua behin betiko amaitzea” erabaki ondoren, areagotu egin dira euskal literaturaren aurkako kritikak, ulerberago izan delako indarkeriarekin biktimekin errukior baino. [... ] Anitzak dira euskal letrak baina badakit ez naizela indarkeria jasan dutenengandik behar bezain gertu egon ez izanaz damu den bakarra. [... ] Ez da zuzena baina ulertzen dugu horrela gertatu izana. Mundu guztiak du hemen zauriren bat erakusteko; nork ez du hartu min; nork ez du negar egiteko motiborik izan. [... ] Konbentzituta nago euskal literaturak gertatu zaigunaren kontaketa zintzoa egingo duela. Zuriak eta beltzak eta Flaubert maisuak nahi zituen grisak ere salatuko dituena. Sufrimendu guztiaz eta koldarkeria guztiaz mintzatuko da. [... ] Hori zen guztia. Amaitzeko utzi iezadazue jai giroan ere euskal presoen eskubideak errespeta daitezen eta Euskal Herriko espetxeetara ekar ditzaten aldarrikatzen duen hiritar gehiengoari batzen banatzaio. Eskerrik asko eta astindu danborra.
Ez Alkatea ez eta Ahaldun Nagusia ez dira, noski, nabarmendu txalo egiterakoan, eta gizatasunaren ikuspuntutik, hala nola elkartasunarenetik eta gizalegetik egindako hitz horiek merezi zuten harrera beroagoa haien partetik. Irteerakoan, PSOEko Denis Itxaso inguratu zaio eta jende artean ahopez esan dio eginiko kondenak, salaketak eta eskaerak kontuan hartuz gero, bidaide izan daitezkeela.
Otsailak 6.
LIBeko taldekoak lanean ari garenez Erdi Arotik Errenazimentura deituko den liburua testu hautatuekin, haien aurkezpen eta iruzkinekin gutuntxoa bidali dit Iñaki Aldekoak, honako PDFarekin batera: “Ber-nard Etxepare: «Doctrina Christiana» y poesía amatoria” ASJU 2009, argitaratzear (hurrengo alean). Bertan garbi ageri denez, Bernat ez zen izan Erasmoren jarraitzaile, Aurelia Arkotxak dioen eran, Bergsonista baino. Aspalditxotik ASJU berantiar dabilela...Otsailak 17.
Lyonel Joly, Euskaltzainditik Mikel Zalbidek zuzentzen duen Euska-raren Historia Sozialaren idazkari gisa prestatu dizkiodan bertsoei buruzko materialez mintzatzen zait [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 40)]. Aspalditxo ez nuela berririk jaso nire lanez eta poztekoak dira neurri batean, bederen. Egiten dizkidan galderak argitzen saiatzen natzaio eta esperoan gelditzen naiz, ekonomia garai hobeek Euskaltzaindiaren argitarapen hau bidera ahal dezaten.
Otsailak 19.
Koldo Izagirrek galdetu zidan ea parte hartuko nuen, eta baiezkoa eman nionez gero, honako gonbita egin zidan: Victoria Eugenia Kluba.
Igandez, 12:00ak. Ana Urkiza, Harkaitz Cano, Joxe Austin Arrieta, Ramon Agirre, Ibon Sarasola, Jokin Ansorena, Patri Urkizu, Beñat Sarasola, Koldo Izagirre, Arantxa Urretabizkaia “bakarrik nago zeru-biden” Txillardegiren irakurraldi bat, Rafa Egiguren, Fito Rodriguez, Joan Mari Irigoien, Juan Luis Zabala, Ramon Saizarbitoria, Ibai Iztueta, Dorleta Urretabizkaia, Iban Zaldua, Mariasun Landa. Gero, hautatu testua irakurtzeko bidali eta gaur ahalik eta modurik txukunenean irakurtzen saiatu gara denok, Koldo zuzendari.
Otsailak 23.
Mikel Arregi, adiskide aresoar onarekin batera Orreagara txangoa egitea erabaki dut. Negua da, eta mendien gailurrak elurrez jantzita ikusi ditugu. Solas atsegin eta umoretsuan iragan dugu bidea. Bezperatik hitz egina nintzen Orreagako artxibozain den Emilio Linzoainekin eta bertako agiri bat aztertzeko asmotan nenbilen. Gilberte Reicher Euskal Herriaz eta Bernat Etxeparez arduratu irakasleak honakoa zioen duela mende erdi pasatxo, alegia, Orreaga zitekeela ikerketa gune gure lehen idazlearen bizitzaz urratsak aurkitzekotan, zeren Eiheralarreko erretore zelarik, Orreagako priorearen agintepean baitzegoen hura, agian dokumenturik ager zitekeela bertan, baina inoiz ez zirela sakonki katalogatu bertako paper eta pergaminoak. Egoera hau, ordea, konpondurik urte zenbait geroago Fermín Miranda García & Eloísa Ramírez Vaquero jaun-andreen lanari esker, Archivo de la Real Colegiata de Roncesvalles (1997) liburuaz, ohartu nintzen bertan honelaxe dagoela katalogatuta agiri bat: Abadías, Fajo 07, 16, 1511, Título de la rectoría de Çaro y San Miguel el Viejo. Pergamino 455. Eskatu nion pergaminoa Don Emiliori, eta hantxe mahai xume baten gainean erakutsi zidan eskatutakoa.
Hasten naiz irakurtzen, latinez dago idatzia eskuizkribua, eta, 1511ko agiria denez, ez zait hain erraza ulertzen, baina halere saiatzen naiz eta hara non nire sorpresarik handiena jasotzen dudan: Bertrandus, misera-tione divina episcopus baionensis, dilecto nostro domino Bernardo Deche-pare presbitero, diocesis nostre oriundo, salutem in domino sempiternam... Laburki esanda, 1511ko ekainaren 12an sinatu gutunean, Bertrand de Lehet, Baionako apezpikuak Zaro eta Eiheralarre herrixketako erretore izendatzen duela Bernardo Dechepare presbiteroa. Berehala nire argazki makinaz egin nituen fotografia batzuk, gero transkripzioa eta ikerketa etxean lasaiago egitearren. Eskertu nuen Don Emilioren eskuzabaltasuna, inolako eragozpenik ezarri ez zidanez, eta agindu nion burutzen nuen ikerketatxoa bidaliko niola. Mikelekin bozkarioz beterik Luzaiden bazkaldu genuen eta gero Donibane Garazitik barrena itzuli ginen etxera.
Martxoak 1.
Batik bat Julio de Urquijok Axularri buruz egin agirien transkripzioetan oinarrituriko formulak konparatuz, eta latinezko hiztegiari hamaika kontsulta egin ondoren, lortu dut irakurtzea, eta atera zitzaidan lehen transkripzioa eta euskarazko itzulpena Mikeli pasatu diot gaur. Ea zuzentzen didan.
Martxoak 3.
Anton Abbadiaz euskaraz neuk burutu eta Edurne Alegriak itzuli biografia bere bidea egiten ari da polliki-polliki eta, halaxe, Hendaiako udaletxetik gonbita bidali didate. Frantsesez idatzi Hendaia Euskaraz programarekin batera prentsa-ohar hau ere bai euskaraz: Martxoaren 3an (larunbata), Hendaia Euskarazek egun bat antolatzen du Anton Abbadiaren inguruan, Patri Urkizu gomitatuz: idazle horrek Antton Abbadiaren euskarazko biografia argitaratu zuen 2002an, eta horren frantseserako itzulpena Edurne Alegriak egin zuen eta Atlantica argitaletxeak plazaratu. Programan, izenpetze-saioak, gazteluaren bisita eta topaketa Patri Urkizurekin! Hamaiketatik hamabi eta erdietara Librairie Berrike-tan izango dugularik sinadura-unea.
Etxeratutakoan, Mikel Hernandez Abaituaren partetik ikasleekin Iparraldean egindako bisita literarioaz mintzatzen zait (Gutunak 41). Lerro hauetan nabaritzen denez, Mikel oso irakasle ona, saiatua eta modernoa da, ikasleekiko dituen harremanak ezin hobeak, eta benetan txango politak eta hezitzaileak antolatzen ditu, ikusi eta ikasi. Eskertu diot gonbita, baina ezezkoa eman diot, kontatu diodalarik Bernat Etxepareren bizitzari eta obrari buruzko ikerketan nabilela, Eiheralarreko apaiza izateaz gainera Zarokoa ere izan zela. Joxean Oizek Beñat Dardo Susak 2006an argitaratu nobelan aski ongi asmatu bazuen giroa sortzea, beste gauza bat da agirien zehaztasuna eta hauei darien egiatasunaz moldatzea benetako historia.
Apirilak 4.
El Diario Vascon Felix Ibargutxik honela laburbiltzen du Ramonek egindako Martutene nobelaren gaia gaztelaniaz, egilearen hitzok jasoz: Se podría decir que ésta es una novela sobre la culpa. Erein argitaletxeak eta bereziki Iñaki Aldekoak apustu egin du Ramonen obraren alde. Eta bere baliabide eta bitartekoak, eta asko dira, promozioan, obraren zabalkundean ezartzen ari dira, komunikabide guztietara deituz.
Apirilak 9.
Urtzirekin batera Sarako Liburu Azokan izan gara, bakoitza bere liburuarekin. Hantxe geunden parez pare Urtzi Maiatzen argitaratu Kez-ka bat gutxiago olerki bildumarekin eta ni Edurne Alegriak itzuli didan Antoine d'Abbadie, Essai d'une biographie, 1810-1897, Miarritzeko Atlantica argitaletxeak plazaratuarekin. Arratsaldean kostako bidetik eta Hendaiako hondartza ondoko bidetik poliki-poliki eguneko gertakizunak eta topaketak komentatuz etxeratu gara.
Apirilak 14.
Hasier Etxeberria, EITBko Sautrela programaren zuzendaria, Ramonen eleberriari buruzko lehen iruzkingileetarikoa izan da, beste gauzen artean honakoa dioelarik:
Luze joko luke Saizarbitoriak erabili dituen gai denak hemen radiografiatzeak, baina pertsonaiez haragoko kontu nagusietako bat ekartzekotan, aipa dezagun indarkeria eta biktimen gai mingotsa. Pertsonaien ahotan bere iritziak jarrita, lotsatu egiten da Saizarbitoria ETAk eragindako mina lehenago aitortu ez izanaz. Dioenez, bere gurasoen belaunaldiak gerra galdu zuen baina ez dio inori barkamen eskaerarik zor. Aitzitik, Saizarbitoriaren belaunaldia barkamena eskatu beharrean aurkitzen da, gurasoena ez bezala. Alabaina ez dadila inor engaina, ageri duena ez da ikuspegi sinple eta zentzu bakar horietakoa, aberasgarria eta ñabarduraz jositakoa baita dioena. Errendizioa ez da bidea, alderantziz, zapalketa bidegabearen salaketa eta euskaltasunaren defentsa eta nor izatearen harrotasuna daramatza aldi berean dioen guztiak. Geure etorkizunerako bide etiko zintzo baten proposamen moduko bat formulatzera ausartu da, nolabait.
Apirilak 20.
Iritsi da eguna, alegia, Ramonek Martutene aurkezteko eguna. Ostirala da eta saloia prentsa kazetariz (Joxan Agirre, Felix Ibargutxi, Juan Luis Zabala... ), adiskidez eta literatur munduko jendez bete da. Iñaki Aldekoak editore bezala hasten du saioa, gero Markos Zapiainek egiten du bere analisia eta azkenik Ramon mintzo zaigu bederatzi urte luze erditzen kostatu zaion haur berriaz, alegia, Martutenez. Eta Berria egunkarian honako komentarioa irakurri ahal izan dut:
Literaturaren itsasgora gaur goizean izan da, Ramon Saizarbitoriaren (Donostia, 1944) Martutene eleberriaren aurkezpenarekin. Bederatzi urteren ostean, ukitu melodramatikoa duen liburu mardul batekin itzuli da idazlea. Denbora asko izan liteke, baina taxuzko idazkerari eta berrikusketari behar den adina egun eskaini behar izan dizkio, eta nobela hau ongi landuta dator; “ez da memeloentzat”, esan du hark. “Libre” sentitu da idaztean. Idazteko estiloa saldu gabe, Saizarbitoriak aitortu du inoiz baino askeago sentitu dela; urteak betetzearen abantaila omen galtzeko gauza gutxiago izatea. Idazleak adierazi du “fede onez” idatzitako eleberri bat dela Martutene, eta ez dela “batere aspergarria”. Errealitateari fikziozko ukitua eransten dio berriz ere idazleak. Funtsean, erruduntasuna eta emakumea dira, idazleak azaldu duenez, nobelaren gai nagusiak. Nobelan istorio asko kontatzen dira, baina joanetorrien gainetik pertsonaiek daukate berezko nortasuna eta indarra, beren harremanekin eta beren afektuekin. Bi kontaketa batzen ditu bakarrean: Iñaki Abaitua ginekologoak egindakoa kapitulu bakoitietan; Julia itzultzaileak egindakoa bikoitietan. Pertsonaia batzuk, ordea, bi kontaketetan ageri dira; Martin izeneko idazlea eta Lynn izeneko soziologo estatubatuarra, adibidez. Eta beste batzuek atzera begiratzen dute, aurretik ere izan baitziren protagonista. Labur esanda, ezer berritzailerik ekarri barik, baina sekula ezagutu izan ez bagenu bezala. Donostiako hotel batean aurkeztu du liburua Saizarbitoriak, gaur goizean, eta alboan izan ditu literatur munduko lagun ezagun ugari: Mikel Hernandez Abaitua, Joxean Agirre Odriozola, Koldo Izagirre... Azken horrentzako hitz bereziak izan ditu eta eskerrak eman dizkio zuzenketa lanetan laguntzeagatik. Aurkezpenean laguntzaile aipagarri bat izan du ondoan Saizarbitoriak: Markos Zapian idazlea. Honek adierazi du argia dela Martutene liburuko berritasuna, aurreko eleberrietako iluntasunean puntu argiak pizten dituela nobelak. Zapiainen iritziz, erruduntasunaren gaia jeloskortasunaren itzalean gelditzen da; Saizarbitoriak, ordea, aurkako adierazi du. Irakurri egin behar arrazoiak banatzeko.
Apirilak 22.
Berriro idazten dit Mikelek argazki batzuk bidaliz eta esanez etzi, apirilak 24, Ernest Lluch kultur etxean, Iban Zalduak bere biodiskografiak irakurriko dituela eta Xabier Montoiak ipuin horietan agertzen diren abestiak kantatuko. Eta ea animatuko garen Ramon, Iñaki, bera eta neroni entzutera joatera. Baiezkotan gelditzen gara. Bidali dizkidan argazkietarik bat hautatuko nuke bereziki hemen ezarri behar banu, bertan honakook gaudelarik: Ramon predikari eta denak hari begira, baina irribarreak eta esku ezkerrean daraman edontziak kentzen diote sermoilari-itxura. Aurrez aurre: zirkulua osatuz, Gorka Arrese, Koldo Izagirre, Ramon Etxezarreta, eta neroni.
Apirilak 26.
Gaur Patxi Zabaletak Gara egunkarian Bernart (sic) Etxepare euskal poetaren bizitzaz artikulu luzea idazten du, eta beste gauza anitzen artean diosku, nola Antonio Manrique de Lara delakoak ultimatum bat igortzen dion Baionako apezpikuari Etxepare Garaziko artzipreste izenda dezan. Jose Maria Huartek Euskalerriaren Alde errebistan 1926an plazaratu bi dokumentuetarik lehenean Gonzalo Pizarro kapitainak, Mexiko konkistatu zuenaren aitak, galdetzen dionean tropen mugimenduez hauen berri ematen dio, eta lekukotasun hori Dechapare izenez sinatzen du. Huartek aipatzen duen lekukotasun hori ikustera Nafarroako artxibora joan naizen arren, gure izen ezaguneko lehen poetak nola sinatzen zuen jakiteko, besteak beste, ez da bertan aurkitzen. Bere etxean eta agirien artean jaso edo gorde ote zituen Huartek? Bigarren dokumentuari dagokio, noski, Zabaletak dioena, eta ikusten denez izan zituen gorabehera zenbait garaiko apaiz eta agintariekin, bereziki Don Pedro de Mendikoagaren garaian jokoa baimendua zegoelako eta berak debekatuko zuelako. Agiri eta lekukotza hauek Juan de Orbara lizentziatuaren aferetan ageri dira. Eta jakina da, nola Orbarak, Miguel de Jaso eta Juan de Jaso, San Frantzisko Xabierren anaiekin batera, hala nola Juan de Agerre Etxalarkoarekin, Biktor Maulekorekin eta beste zenbait gudarirekin Amaiurren errege legitimoak defenditu zituen, hots, Henri II.a, eta azkenean, gorabehera ugariren ondoren, Urdazubiko priore izatea lortu zuen 1522tik 1550era arte.
Maiatzak 12.
Bernhard Hurch nire adiskide austriar, Grätzeko Unibertsitatean Schuchardt katedradun eta Humboldten Opera Omniaren editoreari idatzi diot eskatuz Gosela Immelt, Darmstadteko Liburutegiko zaindariak alemanez bidali didan gutuna itzul diezadan, eta itzulpenarekin batera erantzuten dit ikusten ari dela lanean ari naizela eta beraz ongi. Nire kontsultaz deus berririk ez, alegia, Van Eysek 1896an berrargitaratu zuela Iruñean 1596an moldiztegiratutako Refranes y Sentencias... liburu ospetsua, baina tamalez, originala Darmstadeko liburutegi Gran-ducalean zegoena Bigarren Mundu Gerran erre egin zela. Eta beste erantzun baikorrik ezin zidala eman, eta desiorik hoberenekin agurtzen zen. Bilatzen jarraitu beharko ea beste nonbait gordetzen den aleren bat.
Maiatzak 27.
Igandea. Goizeko bederatzi eta erdietan Donostiatik atera gara Palentziako bidean, Marga gidari, Mikel eta hirurok. Eguerdi aldera Aguilar de Campoora iritsi eta bertan bazkaldu dugu menu xume bat, baina nahikoa. Gero lakuak eta Poteseko bidean diren ermitatxoak bisitatu ditugu. Cervera del Pisuergako Hotel Peñalabran hartu dugu ostatu. Afaldu eta ibilalditxo bat egin ondoren, ohera.
Maiatzak 28.
Zazpi eta erdietan jaiki gara Curavacasera igotzeko asmotan (2.520 metro). Iritsi gara Vidrieros herrixkara eta hementxe aparkatu dugu. Behar bezala jantzi, botak aldatu, motxilan ura, barra energetikoak eta janaritxo batzuk sartu eta bagoaz erreka baten ingurutik gorantza. Belardi eder batera iritsi eta handik gorantz, harri kozkorrez beteriko bidean gabiltza. Harraldea aldapatsua, pikoa da La Pedrera deitua. Marga berehala nekatzen hasi da aldapa gogortzen hasi denean eta ez dihoala gorago, dio, eta nik, pixka bat goragoxera iritsi naizenean, eta bidea aski pikoa sentitu dudanean, esan diot Mikeli berak egin dezala gailurra, Margarekin beheko tabernan itxoingo diogula. Lauzpabost ordu ibilitakoan, batez ere bide lauan, sartu gara tabernan otordua egitera, bertako tabernariarekin hitz egiten hasi garelarik. Julio, ingeniari elektronikoa da, baina aspertu zen ikasleez eta paraje eder hauek ikusi zituenean bertan gelditzea erabaki zuen. Gauean, afaldu ondoren, beribilez erreka ondora goaz oreinak ikustera. Foko luzeak ezarritakoan, hantxe ikusi ditugu batzuk ziztu bizian karretera jauzika igarotzen.
Maiatzak 29.
Mikelek Curavacasetik beherakoan kolpe handi xamarra hartu zuen atzo ezker belaunean eta ez dakigu ongi errekuperatuko den, beraz, pomada batez ongi igurtzi eta igurtzi ari zaigu eta pastilla batzuk ere oinazearen kontra hartzen. Baina gogorra da benetan Mikel, eta pasatuko zaio, edo bederen iraungo du kexa handirik atera gabe. Beraz, arratsaldean ibilalditxo bat egin dugu, eta badirudi Mikeli zangoak ongi erantzuten diola, errekuperatzen ari da. Resines herritxoan zerbeza bana edan dugu, tximuen urdaizpaikoa, hots, kakauete batzuk jan ditugu haurrek bezala, eta aitzina.
Maiatzak 30.
Peñalabra kaskoraino igo gara hirurok. Margaritak harri eta zur utzi gaituelarik, bere pauso mantsoan, baina polliki-polliki kaxkoraino igo gara, Mikelek hasieran sasi tartean sartu gaitu eta hamaika ahapaldi entzun behar izan ditu gidari adituak. Gailurretik Kantabriako uren banaketa eta lauzpabost herri txiki ikus daitezke han behean. Eguraldi ona denean, Santanderreraino ikusten ahal omen da. Jaitsi eta Cantagudako jatetxean bazkaldu dugu, aldameneko tripa-handi zatarraren hitz-jario lotsagabea entzun behar izan dugularik. Gauean, ohi bezala, oreinak ikustera ibai ertzera.
Maiatzak 31.
Goizeko zazpiak laurden gutxi eta autobus geltokian gaude, Burgoserako autobusa zazpiak eta laurdenetan baitator. Igo da Marga etxerako bidean, joan beharra baitauka, ama gaixo dagoenez. Mikelekin El Roblen gosaldu dut bigarrenez, depositua gasolinaz bete eta bagoaz Lago de Lomaserantz. Bidean mendizale amorratu batzuk ikusi ditugu arin-arin zihoazela. Botak jantzi, eta hantxe goaz gorantz polliki-polliki. Hamaikak eta laurdenetarako lakuan gaude eta Mikelek kontatzen dit, nola ibili zen gailur haietatik aurreko batean. Mendi izenentzat daukan memoria harrigarriaz aipatzen dizkit: Agujas de Cardaño, Tío Celestino, Pico de las tres provincias, Peña Prieta... Hiru ordu gora eta bi behera. Tabernara iritsitakoan albariño botila eskatzen dugu, eta gazpatxoaren ondoren haragi egosia. Behikia aski ona. Albertxikoak ere onak eta kafea. Ohi bezala itzultzen gara siesta ordurako hotelera, eta liburu baten konpainian lo-kuluxka egiten dut. Gero liburutegiko ordenagailuetan Interneten barrena nabigatzen dugu... Hotelean afaldu, etxeko alaba Bertarekin solasean aritu eta hurrengo egunerako kontua eskatzen dugu.
Ekainak 2.
Palentzia hiribururako bidean Fromistako eliza erromanikoa bisitatu dugu. Kapiteletan, harrizko zutabeetako buruxketan, hau bai dela irudien aberatsa. Gai dekoratiboak, hegaztiak, oreinak, basahuntzak, otsoak haurrak jaten, ahateak, gizonak arrekonkon, pittilina erakutsiz, Adan eta Eba larru-hutsik sugearen sagarra irentsiz... Palentziara iritsi eta parkingean beribila utzi ondoren, oinezkoentzat diren kaleetatik paseo patxadatsu bat eman dugu plaza nagusiraino. Kiosko batean El País erosi eta Palen-cia, la Primera Universidad Española erakusketa ikusi ondoren, lasai-lasai eseri gara egunkaria irakurtzera, eta ordu biak inguratu direnean, La En-cina, alegia, Artea jatetxera joan gara, Mikelek gaur berak gonbidatuko duela, dio. Eta otordua primerakoa izan dugu. Aurretik barazki batzuk eta ondoren axuria, ardoa Gavilán markakoa, ona benetan. Mutil gazte talde euskalduna ere aldamenean bazkaltzera eseri da, eta nabarmena da gaztediak ere badakiela bere burua zaintzen, eta harmonia mantentzen. Jesus Prieto, UNEDeko errektoreorde ohi eta Bellas Artesetako zuzendariarekin pare bat hitz ere egin ditugu, hantxe baitzegoen donostiar emakume pollit batekin mokadu bat hartzen. Ramoni buruz galdetu dit eta nik ditudan albisteak kontatu ondoren, esan dit saiatuko dela, ahal izanez gero, hizkuntza ezberdinetako narratzaileen topaketak berriro antolatzen. Beraz, bagoaz polliki-polliki mendian bost egun ibili eta arte pixka bat ikusita etxerantz, gure Donostia ederrerantz.
Ekainak 6-7-8.
Karmen, Indio, Kontxa, Marga eta bostok bagoaz bi gau pasatzera Pirinioetara, Refuge Wallon deritzanera, hain zuzen. Cauteretsen gelditu ondoren, zangoak luzatu eta Pont d'Espagneko parkingean bagoaz polliki-polliki gorantz, eta ordu pare batean, andreak oso mantso baitoaz, iristen gara babeslekura. 1.865 metrotan gaude eta parajea zoragarria da, eta hantxe errekan ikusten ditugu mendigoizale batzuk menditik jaitsitakoan larru-hutsik bainatzen. Aroa ezin hobea da. Itzuliño bat egin eta afaldu ondoren, denak komunitatean, gure gelara goaz Marga eta biok, bestean hiru egon beharko dutelarik, beraz, ez hain eroso. Zerbait irakurri eta seko lo gelditzen gara. Bigarren egunean bost orduko ibilaldia egiten dugu. Gorantz hasieran eta nahiko astiro, dorpe xamar dabilen Kontxari errekak igarotzean lagundu beharrean aurkitzen gara. Denak gaude umore onean, Indioa izan ezik. Hurrengo egunean, goiz, Karmenek eta Indiok alde egiten dute, eta Kontxa gelditzen da gure beribilean itzultzeko. 2.151 metrotara dagoen Refuge des Oulettes de Gaubera igotzen gara, bertan bazkaltzen dugularik lakuari begira, ikuspegia ezin xarmantagoa dela. Benetan egun zoragarriak dira eta berriro itzultzeko gogoz gelditu gara.
Jan Battit Orpustanek beti bezain adiskidetsu gutun bat bidali dit [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 42)], non 1511ko Bernat Etxepareren bizitzaz nire aurkikuntza aipatzeaz at, bere atari miresgarria gomendatzen didan: www.tipirena.net.
Dena den, ez dakit kasu handirik egiten dioten Euskal Herrian Madrilen argitaratzen ditudan artikuluei. Esate baterako, aurten argitaratu eta digitalizatuko den UNEDeko Revista de Lenguas y Literaturas Ca-talana, Gallega y Vasca aldizkarian albiste gehiago ematen ditut Bernat Etxepareren bizitza-garaiaz, hala nola Linguae Vasconum Primitiae lehen euskal liburu inprimatuaren berrirakurketaz.
Uztailak 17.
Serafin Baroja dela-eta, Euskal Idazleen Elkartetik honako gutuna bidali didate, hitzaldi bat proposatuz:
Kaixo, Patri.
Euskal Idazleen Elkartetik idazten dizut proposamen bat egiteko, Serafin Barojaren inguruan, hain zuzen ere. Zer eta nolaz azaltzen saiatuko naiz labur-labur. EIEk eta Donostiako Udalak hitzarmena sinatu dute aurten besteak beste Literaktum jaialdian parte hartzeko, egile ikastaroak emateko eta literatura ibilbideak antolatzeko. Azken horretan kokatzen dugu zuri egin beharreko proposamena: literatura ibilbideetan. Lehena, Kattalin Elizegiri buruz egin genuen eta hurrengoa Serafin Baroja izatea gustatuko litzaiguke.
Alde batetik hori eta bestetik, Konstituzio Plazako liburutegiko aretoaren inguruko kezka (sotoa edo kripta esaten zaion hori). Areto horrek izenik ez duela eta agian Serafinen izena jartzea pentsatu du Liburutegi Nagusiko buru den Arantxa Artzamendik (harekin ari gara elkarlanean).
Beno, bi egitasmo horiek elkartu eta azaroa edo abendurako honakoa nahiko genuke antolatu: hitzaldi edo nolabaiteko aurkezpen bat eta literatura-ibilbide bat, biak Serafin Baroja izpide. Bataren eta bestearen edukia lantzeko zeu zara egokiena eta horrexegatik mezua.
Proposamen zehatza honakoa litzateke: hitzaldia zeuk egitea. Hitzaldi edo nolabaiteko aurkezpena.
Eta ibilbidearen edukia lantzea (puntuak, pasadizoak, datuak... ), eta horren gainean beste norbaitek gidatzea taldea. Konstituzio plazan kokatu nahiko genuke jarduera hori. Horrela, Sotoan egin hitzaldia edo dena delakoa eta bertan hasi edo amaitu ibilbidea.
Ikusten duzunez ez dago erabakia egitaraua, baina argi duguna da zure partaidetza behar eta nahi dugula. Tira, zeuk esan zer deritzozun, gure aldetik esan gogoz eta ilusioz nahi dugula prestatu guztia. Zuk esan lasai asko beraz, baiezkoa ala ezezkoa eta lehena balitz joango gara guztia zehazten.
Bata edo bestea izan erantzuna, ondo izan eta laster arte.
Noski, ohi bezala, ezin uko egin honelako eskaera bati, eta proposamenari baiezkoa eman diot, hau da, erantzun diet prest nagoela Serafinez hitzaldi bat emateko.
Irailak 17.
Mungiatik jasotzen dut oraingoan gutuna [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 43)]. Zehazki udaletxeko kultur zuzendariarengandik, eta Abbadia Jauregian dagoen afixen erakusketa dela eta, herriko Lore Jokoen karietara baliatu ahal izateko irudiak, nonbait aski laketu baitzitzaion Idoiari. Deitu ere egin dit eta nire izena eman baitio Celine Davadanek, afixen erantzule-edo gisara. Bat gatoz, beraz, inolako arazorik gabe, Anton Abbadiaren ospea eta izena zabaltzearren egin litezkeen erakusketak ontzat jotzen baititugu Célinek eta biok, eta urriaren 24rako geratzen gara, erakusketaren aurkezpena egun horretan egiteko.
Urriak 10.
Ramon, Mikel, Iñaki eta neronek elkarrekin egin ohi izan ditugun afari edo otorduetan maiz gertatu izan zaigu Jon Juaristiz, bere obraz eta deklarazio epatanteez hitz egitea. Hala bada, La caza salvaje (Planeta, 2007) Azorin saria irabazi izan duenaz suertatu zaigu oraingoan eta duela aste bat idazten nion Ramoni, ea irakurria zuen Interneten Martín de Arrizubieta Larrinagaz (Mundaka, 1909 - Kordoba, 1988) cordobapediak zioena. Benetan interesgarria pertsonaia eta Mikelek esan zuenez, eta Ramonek pertsonalki ezagutu izan zuenez, berari zegokiola pertsonaia horretan sakontzea, zeren eta Juaristiren nobelan, eleberria eskasa izateaz aparte, egiantzetik urruntzen baita eta aipatu pertsonaia errealez mintzatzerakoan (Piarres Lafitteren kasuan, adibidez) hauen iraingarri gertatzen baitzaizkio burutzen ohi zituzten solasak eta ekintzak... Arrizubietak Gerra Zibila gudari gisa hasi, erreketeek preso eginik, haien kapillau izatera iritsi zen. 1938an Frantziara erbesteratuta, Partidu Komunistan eta Legio Frantsesean apuntatu eta II. Mundu Gerran alemanen kontzentrazio-zelaietan egon izan zen. Handik libratu eta Berlinen plazaratzen zen Enlace errebista nazizalearen zuzendari izan zen 1944-45. urteetan.
Bertan idatzi zuen aleman gudarosteak Espainian sartu behar zuela eta Franco jeneralaren gobernua deuseztatu, eta benetako erregimen nazionalsozialista bat aldarrikatu, hala nola Euskadiren askatasuna eta hemen beste erregimen paretsua eraiki. Gerra-kontseilu batean heriotzara kondenatu zuen Francok, baina indultua lortutakoan Kordobara desterratu zuten betiko. 70 urte inguruan Gabriel Aresti eta Lur taldekoekin, hala nola Alfonso Sastre eta Eva Forestekin harremanetan aritu zen. 1983an jubilatutakoan Euskadira itzuli zen, baina bertan leku egokirik aurkitu ez zuenez Kordobara bueltatu zen eta han hil zen 1988an, hogeita hamar urtez Santa Marina Elizako bikario izan eta gero.
Urriak 23.
Ekhiñe Egiguren donostiar idazle gazteak idatzi dit esanez nola ari den Nekatoenea etxean hilabetea igarotzen, Euskal Kultur Erakundea, EIE eta Hendaiako udalarekin batera antolatzen dituzten egonaldietan eta nahi badut bere blogean bidenabar sortu gogoetak irakur ditzadan.
Kaixo Patri,
Ekhiñe Egiguren naiz, donostiarra. EIE, EKE eta IAZEk hautatuta, Hendaiako Abbadia eremuan hilabeteko egonaldia egiten ari naiz (2012ko urrian), nire egitasmoa Anton Abbadiaren lore-jokoetatik eta egonaldiaren egunerokotik abiatuta poesia bilduma bat idaztea da. Anton Abbadia eta lekuaren historia ezagutzeko zure liburua irakurri berri dut “Anton Abbadia 1810-1897” biografia eta esan nahi nizun, benetan izugarri gozatu dudala liburua irakurtzen. Asko gustatu zait eta oso lagungarria izan da niretzat. Gainera, liburuaren irakurketak, gaztelua eta inguruak hobeto ulertzeko aukera eman didate. Besterik gabe, eskerrak ematea da mezu honen helburua.
Eta bide batez, interesa baduzu edo nahi izanez gero irakur ditzazun, nire egunerokoaren zatiak blog batean erakusten ari naiz, hemen helbidea. Milesker berriz ere.
Ekhiñe Egiguren
Benetan pozten da bat pentsatuz zerbaitetarako balio duela idazten duenak, eta hautatu nuen ikerketa-gaia ez zela izan batere desegokia, aproposa baizik.
Urriak 24.
Lore Jokoen Erakusketa Mungiako Udaletxeko Erakustaretoan dela-eta erabaki genuenaren arabera, banoa beribilez ia ezezaguna egiten zaidan herri horretara hitzalditxo bat ematera. Iritsitakoan jada ilun dago. Ikusten dut programa eta irakurtzen babesleak Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Jakiunde eta Lauaxeta 2012, Euskal Pizkunde erakundeak direla. Aurkezpena Izaskun Uriagereka alkateak egiten du eta hitzaldia neronek arratsaldeko zazpietan. Polliki antolatua dago erakusketa; ezagutzen ditut Idoia Ortiz de Zarate liburuzaina eta kultur zuzendaria dena, eta ekitaldia bukatutakoan, baita Agus Pérez Berriako teatro-kritikaria ere; Urtzi nire semea ezagutzen omen du; eta buelta Gipuzkoara. Liburu batzuk oparitu dizkidate bitartekari lanen eta hitzaldiaren ordainez, baina gasolina eta autopistako peajea ordaintzeko sos bat ere ez.
Urriak 25.
Literatura Dramática saileko Sari Nazionalean epaimahaiko izatea suertatu baitzait berriro, eta tituluak aurkezteko eskatu didatenez, besterik ezean, honakoak proposatu dizkiot Kultur Ministerioko idazkari lanetan dabilen Aliziari: Angélica Liddell: El matrimonio Palavrakis. Once upon a time in West Asphixia. O hijos mirando al infierno. Histe-rica Passio. Lesiones incompatibles con la vida. Artezblai. Bilbo, 2011. Eta Itziar Pascual: Hijas del viento y otras piezas breves. Artezblai. Bilbo, 2011. Halaber eskatu diot nire partetik beste titulu hautatuak lehenbailehen igor diezazkidan, ez baita asti askorik gelditzen irakurketarako.
Urriak 31.
Aspaldiko lagun zaharrari, Xabier Olarrari eta Arantzazu Royori meritu osoz itzulpenaren Euskadi saria eman dietenez, Alaa Al Aswani egiptoar idazlearen Jakobian eraikina nobelaren itzulpenagatik (Igela, 2011) zorionak opa dizkiet adiskidetasunez. Eta epaimahaikideen iritziz hauexek izan dira sariaren arrazoiak:
«hizkuntza kalitate ona» erakusten du Royo eta Olarraren lanak. «Hizkera aberats eta joria nabari daiteke testuan. Ederki josi dute itzultzaileek euskaraz pertsonaia ezberdinei buruzko zatitxoz osaturiko puzzlea». Horrez gain, Egiptoko kultura «gurera gerturatzeko ahalegina» egin dute itzultzaileek. «Azpimarratzekoa da jatorrizko testua arabieratik euskarara zuzenean ekartzearen meritua. Itzultzaileek duintasunez gainditu dituzte arabieratik euskarara itzultzeko zailtasunak. Orobat, jatorrizkoan agertzen diren pertsona eta toki izenak euskarara egokitzeko egindako ahalegina ere nabarmendu nahi du epaimahaiak».
Nabarmen denez, ez da batere lan erraza izaten edozein hizkuntzatatik euskarara duintasunez eta txukun itzultzea, baina areago eta zer esanik ez jatorrizkoa arabiera denean, noski. Biba zuek, beraz, hain behartsua den gure kultur esparrura beste nobela interesgarri bat ekartzeagatik.
Azaroak 5.
Hamar antzerki irakurri behar izan ditugu literatura dramática saileko sari nazionalerako. Ansónek, agure nazkagarriak, hitza eta pitza besterik ez du egin. Apo lirdingatsu baten eran, aldameneko neska kritikari ederrari begira baba zeriola, botazioak aurrera zihoazelarik, azkenean Angélica Liddellen apologia egin du eta honen La casa de la fuerza lanari eman zaio saria. El Paísek honelaxe jaso ditu saridunaren hitzak:
Tal vez La casa de la fuerza es la obra en la que con más frenesí he intentado buscarle un sentido a la vida, había que salir del jodido túnel. La vida, ese lugar donde no vamos a dejar más rastro que el de una oruga aplastada en un camino, y aún así el amor fracasa, la in-teligencia fracasa, y nos destrozamos los unos a los otros, por cobardía, y humillamos y somos humillados, hasta el final.
Angélica González, ezizenez Angélica Liddel, ahots indartsuenetakoa bilakatu bide da ikuskizunen egungo panoraman, noski. Ansón, bestalde, ez da isildu une batez ere, eta denetik bai baitaki, esan du beste gauzen artean euskal literaturako idazle guztiak hogeita hamabost urtetik beherakoak direla, Antonio Machadoren bertsoez oroitu naizelarik: Castilla miserable, ayer dominadora, envuelta en sus andrajos desprecia cuanto ignora.Azaroak 11.
Lourdes Auzmendik Agustín García Calvo, azaroaren batean Zamoran hilberriaren musa eta adiskide kuttuna izan denaren zuzenbidea, helbide elektronikoa edota telefonoa eskatzen dit, alegia, Isabel Escuderorena, hari doluminak bidaltzeko. Agustinekin eta Isabelekin genituen harremanak Fiat umbra itzulpena egin nionez geroztik sakondu egin ziren. Lehenik asteazkenetan joan ohi nintzen noizean behin Maisua, Jupiter tonante, entzutera Ateneora, han bere ikasleez, batik bat neskatxa gazteez inguratua zegoelarik, baina nire Gramática de la lengua vasca oparitu nioenetik ere maiztu egin ziren elkarrekiko topaketak. Princesa aldeko jatetxe batean otorduren bat egiten genuen eta bere solas jakintsuaz gozatzen nuen. Futbola ere ikusten genuen telebistan elkarrekin, eta, esaten zuenez, futbolaren denbora tragediaren iraupenarena dela. Denbora perfektua, arreta jasotzeko adinakoa, ordu eta erdi. Oparitu zidan bere lanik mardulena ere: Tratado de Rítmica y Prosodia y de Métrica y Versificación (Zamora, Lucina 2006). Hizkuntzen erritmoaz gogoetak. Zamorar filologo, itzultzaile, hizkuntzalari, dramagile, poeta eta filosofo honek naturaren indar eta kemen berezia zeukan, eta gizon on bat zen.
Parnasoan bego Iliadan ageri diren jainko eta jainkosen artean.
Azaroak 12.
Jan Battit Orpustan adiskideak badu liburu bat Bidasoatik honuntz oso guti ezagutzen dena tamalez, Précis d'Histoire Littéraire Basque 1545-1950. Cinq siècles de littérature en euskara, Izpegi argitaletxean plazaratua 1996an. Bertan 113. orrialdean esaten da nola Jean Munduteguy uztariztarrak hamaika bertso idaztzi zituen Pierre de Salaberry Parlamentuko abokatuaren kontra 1725ean, eta mostratzat bertso bakarra ematen du. Honekin, jakina den bezala, handituz doa ziri-bertsoen zerrenda, gure literaturan hamalaugarren mendean Aragueko Patrikaren kontrako bertso ezagunekin hasten dena. Eskatzen nion bada ahal bazuen poema satiriko osoa, eta ematen didan ihardespena [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 44)] jaso dut –bai eta urte batzuk geroago poema osoa ere, Baionako Unibertsitateko Bibliotekan kopiatua.
Magdeleine Duvigneau-Légasse ikerlariaren tesiaren izen osoa, Le Bailliage du Labourd et ses jugements tant civils que criminels de 1680-84 à 1789-90 da, eta 1993an argitaratua, beraz, nire errua da edo euskal literatura-ikerlariena, oraindik ez badut testu hori osorik esku artean, jakinik hainbat idatzi euskaraz horrelako auzi eta tribunaletako paperen artean aurkitzen ahal direla.
Azaroak 27.
Arantxa Artzamendi liburuzain finak eta askotan nire Urumea ertzeko ibilaldietan elkar gurutzatzean irribarre xume eta atsegin batez agurtzen nauenak, honako gutuna bidali dit Serafinen omenez egiteko diren hitzaldi eta ibilaldiaz:
Adiskide,
Serafin Barojaren (Donostia, 1840 - Bera, 1912) heriotzaren mendeurrenean Donostia Kulturak, Euskal Idazleen Elkartearen lankidetzarekin, abenduaren 3an, iluntzeko 19:30ean, Patri Urkizuren hitzaldia eta abenduaren 4an, arratsaldeko 17:00etan, Jose Inazio Ansorenak gidatutako literatur ibilbidea antolatu ditu.
Euskararen Nazioarteko Egunean eta Serafin Barojaren (Donostia, 1840ko irailak 22 - Bera, 1912ko uztailak 16) heriotzaren mendeurrenean, Patri Urkizu idazleak hitzaldi bat emango du donostiar ospetsu honen irudia ezagutarazteko helburuarekin. Hitzaldia Udal Liburutegi Zaharreko Ekitaldi Aretoan (sarrera San Jeronimo kaletik) izango da abenduaren 3an, astelehenean, iluntzeko 19:30ean.
Abenduaren 4an, 17:00etan, Serafin Baroja, “Kaskazuri”, he-rriko seme alaia literatur ibilbidea euskaraz, Jose Inazio Ansorena Minerrek gidatua. Irteera Konstituzio plazatik egingo da eta izen ematea aldez aurretik Alderdi Ederreko Liburutegi Nagusian.
Bietan izan naiz, noski. Lehengoan prestatua neukan powerpointak ez zuen funtzionatu eta beraz neukan testuari atxikita hitz egin behar izan nuen, bai eta kantatu. Bertan zeuden Ramon eta Mikel bederen eta gustura gelditu zirelakoan nago, beste entzuleak bezala. Gero lauan ere ibili ginen aterkipean Ansorenak erakutsi zizkigun Serafinen Donostiako lekuak bisitatzen, biak osagarri izan zirelarik, ene ustez, baina doinu eta moldeetan ezberdinak.
Abenduak 31.
Beste zenbaiten Urte Zahar-Urte Berri on desioen adierazpen atseginen artean, Patxi Intxaurrandieta, orain balada zaharren partiturak prestatzen eta moldatzen berriro lanean ezarri dudan adiskide ezin hobeak, honako gutun hau bidali dit:
Urte Berri, Urte Zahar
Martzelino galtza zahar.
Urte Zahar, Urte Berri
Martzelino galtza berri.Patri, ea aste honetan elkarrekin egoten garen. Dezente aurreratu dut lana orain arteko oporraldian. Bizpahiru kontutxo, oraingoz: Zalantzarik gabe, partiturak testuaren barruan txertatu beharko genituzke. Atzean, denak pilatuta, eranskin itxura hartzen du material horrek. Kantutegi-eta gehienetan, bestalde, txertaturik ageri da: Azkue, Donostia, Ansorena, Riezu, Antonio Zavala... Testuak transkribatzerakoan ezin dira antzeko irizpideak baliatu? Antzeko edo berak. Badakit ez dela gauza bera Bizkaiko balada bat eta Zuberoakoa, baina gaur egun bada horretan sakondu duen lanik. Jose Ignazio Ansorenak osatutako kantutegian irizpide jakin bat dago. Ondo legoke haren “Bereterretxen kantorea” eta gurea alderatzea. Joanito Dorronsororen doinu bilduman ageri da Txirritaren Canovasi buruzkoa. Gurearekin alderatuz: Hil-Il; eziya-haziia (hezia); garbiak-garbiyak; nasiya-nasia... Dena dela, testua bera ere ez dator bat gurearekin. Harenean zortzikoa da eta gurean hamarrekoa. Gaia landu zuten Ibon Olaziregi, Jose Ignazio Ansorena, Jon Bagües, Joxe Mari Berasategi, Joxe Antonio Mujika eta Mikel Zalbideren lanean oinarriturik, Andres Alberdik “Estandarizatu gabeko solasak nola eman ikasliburuetan” lana prestatu zuen, eta bertan ageri diren irizpideak gure lana osatzerakoan baliatzeko modukoak direla iruditzen zait. Izango duzula pentsatzen badut ere, honekin batera bidaltzen dizut PDF formatuan. Asko dago hitz egiteko, Patri. Ea noiz elkartzen garen. Goraintziak etxekoei eta zuretzat besarkada estu bat.
Patxi zentzuduna da erabat ohar horiek egiten dizkidalarik, baina bi gauza ezberdin dira testu bat moldatzea ikasleentzat, eta beste bat sortzailearekin ahalik eta fidelena izaten saiatzea, hots, honen euskalkiarekin eta honek idatzitakoarekin, kontserbatzea berezitasunak legezkoa baita, grafia eguneraturik eman arren, eta baziren hautaketa batzuk nire oso gogoko ez zirenak Alberdiren erabakietan.
Beste zenbaitetan bezala, gaur bertan agertu naiz Lezotik basoerdi bat edatera adiskide eta lagun zaharrekin. Patxi, Mikel, Fermin, Manueltxo, Esteban, Pello eta besteekin eta kopla hauek kantatu ditugu Aizpea Tabernan tradizioari jarraiki:
Hau haizearen epela,
Airean dabil orbela,
Etxe hontako jende leialak
Gabon Jainkoak diela.Lezo ta Errenteriya
Hirugarrena Oiartzun,
Nere lagunak Dios te salve
Garbuarekin erantzun.Dios te salve, ongi etorri,
Gabon Jainkuak diela,
Legiarekin konpli dezagun
Urte berriaren bezpera.