Urtarrilak 16.
MADRILEKO Euskal Etxeako Jon Zaballa Uraga zuzendariarekin hitz egin dut, beti bezain adeitsu, eta bat etorri gara bertako aretoan egingo dugula UNEDeko zenbait ikerketa-lanen aurkezpena. Baldintza bakar batekin, alegia gonbidapena gutuntxoan gure unibertsitatearen aldamenean bertako armarriaren irudia ezarriko dugula, horrela elkar-lan bat dela adieraztearren. Fakultateko dekanoa, latinista eta poeta ona den Antonio Moreno Hernándezek hartu du hitza, etxeko lehendakariaren agurraren atzetik, katalan-galego-euskararen zabalkundeaz burutzen ari garen lana goraipatuz. Gero liburuak aurkeztu ditugu. Julia Butinyàk, Nova antologia de la Litera-tura catalana; Manuel Rodríguez Alonsok, Dicionario Fraseolóxico cas-telán-galego; eta neuk, powerpointerako ikus-entzunezko gaietan aditua den Miguel Minaya laguna kanoiarekin ezarriz, Teatro popular vasco. Manuscritos inéditos del siglo XVIII. Estudio y edición. Dena oso ongi atera da eta, txaloen ondoren, Txoko tabernan ardo bana edo bina dastatu dugu denok. Baina ez da horretan bukatu hainbeste lan eman didan liburuarena, zeren eta lankideen batzar tipia bildu baitut nire inguruan, Irizar goiko jatetxe dotorean. Pako Gutiérrez Carbajo eta Clara Sánchez, Pepe Romera, Miguel Ángel Pérez Priego eta bere adiskide Biki, Vicente Granados eta Anjelita, Brigitte Leguen, Alicia Yllera eta ni. Ez dakit norbait ahazten dudan, ez dut uste, baina azpimarratu behar dut bisiguari ohoreak egin dizkiotela denek, eta lagunarteko solasa benetan alaia eta interesgarria izan dela. Biki arduratu da argazkiez.
Otsailak 4/9.
Bergaran azterketak zuzentzea suertatu zait oraingoan eta etxetik gertu dagoenarren, egoitza ondoko Hotel Ormazabalen hartu dut gela noizbehinka atseden hartzeko. Prestatzen dut José Romera lankidearen zuzendaritzapean Interculturalidad teatral europea postgraduko masterrerako bost kreditu balio duen nire gaiaren gida: El teatro en vasco y sus puestas en escena. Honek ohiko arazoa izango du, alegia, ikasleak ongi jakin beharko duela euskaraz, zeren eta oso obra gutti baitago euskaratik gaztelaniara itzulita.
Lanak uzten didan tarte batean Udaletxeko artxibora joan naiz eta Pleitos Criminales C/334-03 bezala katalogaturik dagoen orri mordotik, Miguel Antonio de Otalorak 1770ean idatzi zituen bertso iraingarriak kopiatu ditut, Juan Mari Lekuonaren omenez –2005eko abenduaren 5ean hil baitzaigu oiartzuar poeta handia eta adiskide ona–, moldatu Iker 23an ikertuko ditudanak “Ziri-bertso eta eske-kopla argitaragabeak (1770, 1827)” lanean. Lanaren lehen partea ziri-bertsoek euskal bertsogintzaren alorrean konstante bat osatzen dutela esanez amaitu dut, XIX. mendean Piarres Topet Etchahunek ofizio zenbaiten aurka eta Serafin Barojak karlisten kontra idatzitakoak izan daitezkeelarik, besteren artean, adierazgarrienetarikoak. Dena den, ikerle batentzat horrelako perla argitaragabeak aurkitzea eta plazaratzea pozgarria izan ohi da. Hona lehen lau bertso-lerroak eta ikus dezagun estiloa:
Atentzioz, jentia, aditu ezazu,
Corpus Christi gabian gazeta dute paratu,
Ura paraturikan gabian amaiketan
Bota diote kulpa kojuari bizkarrian...
Otsailak 23.
Urtero ohi bezala Gipuzkoako Kutxak 2008ko Donostia Hiria antzerki-saria emateko bildu gara eta, bozeramaile hautatu nautenez, hona esan eta idatzi dudana, argitaratu liburukian agertu bezala:
Mende erdia betetzen duten Literatur Sari hauetan, eta hamaseigarrenez antolatu den antzerki-norlehenkan, hamaika antzerki lanen artean Aurelia Arkotxa, Ana Toledo, Imanol Elias, Daniel Landart eta Patri Urkizuk osaturiko epaimahaiak, Andia kaleko Ekitaldi-Aretoan otsailaren 23an bildurik, Ohe Deseginak titulua daraman antzerkia hoberenestea erabaki zuen.
Plikak irekitakoan Patxi Zubizarreta (Ordizia 1964) agertu zen irabazle. Ez da idazle hau ezezaguna Euskal Letretan, zeren nabarmendu izan baita Haur eta Gazte Literaturan hogeita hamar liburutik gora idazteagatik. Izen batzuk ematearren, hor daude Ametsetako mutila (1991) edota Zazpigarrena eta azkena (2005), irudiak Asun Balzola, Elena Odriozola, Jokin Mitxelena edo Anton Olariagak marraztu dituztelarik. Idazlan hauez aparte baditu itzulpenak, adibidez Montxo Iturbide iruindarrak idatzi Antzer-kilandia (1992) eta helduentzako plazaratu hainbat narrazio, hala nola Gabrielle (1991), Jeans-ak hozkailuan (2003), edota Troiako zaldia (2003). Eta Poxpolo kaxa bat bezala (2005) lanaren bukaeran ikus daiteke zenbat artista eta musikarirekin (Jabier Muguruza, Txema Garcés, Joseba Loinaz... ) batera parte hartu izan duen performance deitu ikuskizunetan.
Teatro mundua ez zaio arrotz, beraz, eta antzerkia aurkezten eta ixten duten irudiak Edward Hopper-enak dira, zeinak halako dotorezia ukitu batez enkoadratzen dituen pertsonaiak eta haien artean gertatzen diren elkarrizketa, istilu eta kezkak. Margolari amerikarraren obrari buruz honakoa zioen Charles Burchfield-ek: Gure eguneroko bizitzaz etorkizunak askoz ere gehiago ikasiko du Hopper-en obrak kontenplatuz gizarte- eta politika-eskoletara joan-da edo azken abangoardietako koadroak ikusita baino.Jeans-ak hozkailuan nobelaren ardatza bere bizitzari zentzua bilatu nahian dabilen emakumea bazen, eta senarrak beste andere batekin engainatzen bazuen, Ohe deseginak antzerkian berriro helduko dio gaiari. Oraingoan, berrogei urtetako krisialdia deitu izan dena pairatzen dute lau pertsonaiek, eta halako bi hirurko sortu bide dira. Teresak Migelekin eta Karlosekin izanen ditu harremanak, eta Migelek aldiz, Teresa eta Ursularekin.
Pertsonaien alde psikologikoak sakon landuak daude eta ohea leku sinboliko bilakatzen bide da, lau ertz baititu. Batez ere emakumeen barne munduak, nahiak, eta espresa-moduak oso ongi aurkeztuak daude, eta harremanak ausart eta gordinki adieraziak.
XX mendeko iparramerikar errealismo psikologikoaren ildotik, eta gurean 60ko hamartean Jarrai taldeak hain gogoko zuen irekitako bidetik, gaiak, diodan bezala, ausart eta gordinki aurkezten ditu Zubizarretak, garai batean moral hertsikoentzat eskandalu-harri zirenak baina gaur egun inolakorik sortu beharko ez lituzketenak. Halaber benetako teatro egitura ongi eraiki batean oinarriturik –akotazioak eta ohar eszenikoak adibide gisara–, eta euskara jori, landu, aberats eta ederrean ematen dizkigu amodioaren eta ezaren, bakardadearen, komunikaziorik ezaren inguruan
sortu tristeziak eta bozkarioak.
Obra hau leitzean irakurleak plazer izanen duela uste du hitzok idazten dituenak, baina gozamen handiagoa oraindik euskal antzezle on batzuek –eta gero eta bikainagoak ditugu– taularaturik eta jokaturik denean ikusleak.
Otsailak 25.
Euskal Herriko Unibertsitateko Komunikazio Fakultatean Artes y Ciencias del Espectáculo alorrean irakasle den Pedro Bareak gonbita egin dit Leioan euskal antzertiaz hitz egiteko eta moldiztegian daukadan obra berriaren albistea ematen diet ikasleei eta powerpointez euskal teatroaren historia laburra eskaintzen. Kreditu batzuk balioko diete ikasleei, baina nabarmena da ez dakitela piperrik ere euskaraz, eta interesa euskal teatroarekiko, beraz, oso bigarren mailakoa dutela iruditzen zait.
Otsailak 28.
Gasteizen, Iñaki Aldekoaren zuzendaritzapean, Mikel Hernandez Abaituak Ramon Saizarbitoriaren lehen eleberrigintza tesia aurkezten du, epaitzeko tribunala Jon Kortazar, Jesus Maria Lasagabaster, Aurelia Arkotxa, Maria Jose Olaziregi eta neronek osatzen dugula. Nire txostentxoan diodanez, tesi honek euskal eleberri modernoen azterketan mugarri sendo bat markatzen du eta, noski, literatur kritikaren joera estetikoen ezagutza sakona erakusten. Metodologiaren erabilera zehatza, obren arlo pragmatiko, sintaktiko eta semantikoa xeheki aztertua, eta Nouveau Ro-man bikotearen erabilera arinegia kritikatzean erabat ados nagoela, diot. Saizarbitoriaren Egunero hasten delako, 100 metro, eta Ene Jesus eleberriak euskal letretan bide berrien adierazle eder eta nabarmenak gertatzen direla. Olaziregiren eta Hernandezen arteko eztabaida bukatutakoan, bazkaltzera joan gara leku on batera, zeren eta sortzez gasteiztarra den Mikelek ongi ezagutzen baititu horrelako okasioetarako janlekuak.
Maiatzak 18/24.
Aluminiozko valija-tan, kutxa handi batzuetan doazen azterketak irekitzeko giltzak jaso ditut eta banoa Málagara trenez. Hotel Don Cu-rro, Sacha de Lara kalean. Atzo Fakultateko igogailuan Isabel Escudero, Agustín García Calvoren musarekin topo egin nuen eta bere azken poesia-liburua oparitu zidan: Fiat Umbra. Valentziako Editorial Pre-textosek argitaratu berria. Ezagutzen nuen Coser y cantar (1984) poema-liburua, bere kopla herrikoi eta filosofikoekin, non Antonio Machado eta haiku japoniarren tradizioa nabarmen zitezkeen. Eta trenean irakurtzen nindoala, itzultzeko egokiak zirela bururatu zitzaidan eta Itzala Begi titulupean hasi nintzen: Ilun adi egon daitezen / argi eta klar ura bezala / inork konpreni ez dezan. Eta Abel Martinen sonetoarekin:
HUTS HANDIARI
Ezereza egin zuenean den Izakiak
Eta atseden ongi merezitakoa hartu,
Eguna jada gaudun zen bilakatu,
Maitearen ezean kidea lortu gizakiak.Fiat umbra! Giza-gogoeta sorturik zen,
Eta arraultze orokorra hutsik,
Ez hotzik, ez kolorerik, ez eta muinik,
Laino arinez betea eskuan jaso zuen.Huts osoa, esfera hutsa har ezazu,
Ikusi nahiz gero zutik so behar baituzu.
Gaur zure piztiaren bizkarra sorbaldaEta eza betearen baitira mirari,
Mugaldeko kantaz topa egiezu, poeta,
Heriori, isiltasunari eta ahanzturari.
María José Álvarez Arza, Economía Aplicada e Historia Económica asignaturako irakasle titularra da Málagako zuzendari argia, Fomentoko ministroaren ahizpa, eta lehen mementotik ongi moldatu gara elkarrekin. Bazkalondoan bere bulegoan telebista eta tenis pixka bat, lo-kuluxka egitera iristen naizelarik. Berak eginiko tesia uzten dit irakurtzeko eta interesgarria da benetan: La economía andaluza vista por los viajeros del siglo XIX. Materiales para una historia económica, Madrid, 1986.
Arratsaldean ibilaldi luzeak egiten ditut Paseo Marítimo Pablo Ruiz de Picasso deritzanetik Puerto del Condado deituraino; bidean, El tinte-ron, pescaíto frito, alegia, arraintxo frijitua, txipiroi txikiak, fanekatxoak eta sardina erreak, besteren artean, ardo zuriarekin. Bakar-bakarrik nagoenez, nola ez bete nire malenkonia nolazpait, emakume ederrei begiratuz? Nola ez, Antigua Casa de Guardia deitu tabernan upeletarik isuritako finoa eta urdaiazpikoa dastatu ditut. Halere, astea luze egiten ari zait, ikasle asko baititugu eta UNEDen egoitza etxe arteko patio batera ematen duten areto behe batzuetan dago, aldirietako auzo langile batean. Libre ditudan orduetan katedrala, Alcazaba, Picasso Museoak, eta gero bainu turkoak bisitatzen ditut, hauek garbi eta zertxobait arinago uzten bainaute.
Migel Anjel Basurko, Errenteriako Institutuan lankide izan ginenez geroztik, adiskide on eta apaiz ezin hobea maiatzaren 18an hil da. Hainbeste gosari eta bazkaritan ondoan izan dudana baita, eta bere eskuzabaltasuna amaierarik gabea, bere omenez bi hitz egiteko eskatu didate eta hona hemen burutu ditudanak.
ESKERRIK ASKO, MIGEL ANJEL BASURKO
Bai. Norbaitek Errenteriako Institutuan egindako lanagatik estimurik eta esker onik merezi badu –eta askok merezi dute–, hori Migel Anjel Basurko da. Langile isil, apal, nekaezina. Denentzat irekia eta eskuzabala. Hogeita hamalau ikasturte luzez iraun du bertan, bere bizitzaren urterik hoberenak utziz eta leialki jokatuz. Amodioz. Bere bulegoko atea beti egon da zabalik denentzat, eta batez ere beharra zuten ikasleentzat. Isil-isilik zenbat ikasleri ez ote die lagundu, eta zenbat irakasleri ez ote die entzun adi-adi, inoiz pazientziarik galdu gabe?Oroitzen naiz nola 1972-73 ikasturtean hasi nintzen Errenteriako institutuan lanean penene bezala –Francoren diktaduraren azken garaiak ziren– eta nola biltzen ginen klandestinoki bere gelan, Onbide zinemaren egoitzan apaizek zuten etxe-bizitzan, Migel Sagues, Txelo Abadia, Jose Anjel Meoki, Jose Anjel Tamayo, Isabel Mujika... Nola ez zen konturik, ez eta umorerik falta Errenteriako Alavés Tabernako bazkalondo berritsu haietan –oroitzen Mikel Arregiren Bidasoako amuarrainari buruzko ipuinaz?– Zer egin galderari erantzun egokia bilatzen, eta panfletoak erredaktatzen ere ikasten... Bazkari lekuak geroxeago Lezo aldera aldatu ziren, eta zenbat otordu goxo ez ote genuen elkarrekin eman Uztarrin, hala nola Oriotarran, Fernantxok prestatu eguneroko janari goxoak dastatuz eta eguneko gertakizunei errepasoa emanez.
Garai hartan kontatzen zizkigun bere anaia –el padresito Basur-ko– misiolariaren abenturak Ekuador aldean eta haren balentriak bertako futbol ekipo nazionalean. Bere ahotik ikasi genituen zenbait esamolde latinoamerikar, hala nola no me friegue la pasiensia, bat gogaikarri bilakatzen ari zela adierazteko.
Migel Anjeli zor diot neurri batean bederen, 79-83ko epean alkate izana nire sorterrian, egun batean etorri baitzitzaigun Institutura esanez herri-kandidatura bat prestatzen ari zirela Mutrikun, eta neri, zergatik ez, Lezon ideia probatzea bururatu baitzitzaidan, eta izan genuen egitasmo horretan adiskide, eta askok pentsatu baino arrakasta gehiago.
Garai horretan hasi ginen Ixkulinen ospatzen gremio-bazkariak eta gaur arte ez dugu hutsik egin inork, Heriok bere lur-magalera bidean eraman nahi izan dituenak salbu. Hala, Olatzeko ermita ondoan irailean ospatu izan dugu urtero lagunarteko bazkaria eta Migel Anjelek hain txukun eta polit eraberritu elizatxoan Salve Regina eta Agur Jesusen Ama kantatu ohi dugu debozioz eta hots goraz. Eta bazkaldutakoan Kalbarixora igo eta handik itsaso zabal sakona bista aurrean, Itsasoa laino dago ere abestu aurtengo estropadak nork irabaziko dituen edo Errealaren gora-beherak komentatuz.
Beti izan da niretzat Migel Anjel, adinkide, lankide, gogaide eta solaskide on eta aparta, eta urte askotan ere berdin jarraitzea espero dut. Niri irakaskuntzan oraindik ikasturte batzuk geratzen zaizkidan arren, ene uste apalez, Migel Anjelek irakaskuntzatik oso ongi merezitako atsedena hartzea primeran iruditu zait, gizalegean beti jarraituko baitu irakasle izaten, adiskide eredu. Ez diot bada, esker ona baizik zor. Bihotz-bihotzez, eskerrik asko, Migel Anjel Basurko.
***
Ekainak 4/6.
Gillermo Etxeberria buru, Egan aldizkariak Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen babespean Euskal Zinemagintzaz eta antzerkiaz hitzaldi batzuk antolatu ditu KM kulturunean, ekainaren 4tik 6ra arratsaldeko 7tan, eta niri Tradizioko heroiak euskal teatroan eta zineman gaiaz hitz egitea bururatu zait, eta ostiralean, ekainak 6, mahai-inguru bat daukagu Iñaki Aldekoak, Daniel Landartek eta neronek, Joseba Gabilondorekin batera. Honen hitzaldiaren titulua honakoa izan da:
Euskal eleberriaren ezintasun zinematikoaz eta beste literatur genero “Txi-ki” eta hibridoen potentzial mediatikoaz (edota zergatik eleberria genero ofizialista irakurtezina bihurtu den). Danielek ahopez esaten dit ez diola deusik ere konprenitzen, eta ni erantzun beharrean nago, niri ere asko kostatzen zaidala, ahalegintzen naizela, baina nik ere ez diodala dena ulertzen. Nire txostenaren laburpena honakoa izan da:Herrialde eta kultura bakoitzak, beraz, gizarte bakoitzak edota gizarte konplexu baten giza maila bakoitzak badu bere irudimenak sortu mundu berezia. Irudimen ahalmen honek, mitoak eta leiendak sortuz errealitate bilakatzeko bide den izpirituak pasioz beteriko irudi multzoa, gizartearen irudi egitura bat eratzen du, iruditegi propioa. Heroiez jantzia. Antzinatean pertsonaia ez arruntek egindako ekintza eta garaipen kuraiatsuak zirela-eta herri oroimenak erdi-jainko bihurtzen zituen. Mendebaldean eta Erdi Arotik hona, heroiak, errege, erregina, printze, printzesa, saindu, gudari, eta bidaiari ospetsuek osatu bide dute iruditegi hau, batzuk benetakoak, historikoak eta besteak asmatuak, apokrifoak. Gizonezkoak eta andrazkoak. Bibliatik, alegia, Testamentu Zaharretik eta Berritik datozkigu zenbait (Dabid, Judith, Esther, Jundane Jako-be... ), hainbat Greziatik (Edipo, Alexandro... ), hauek Frantzia eta Espainiatik (Roland, Joana Arkekoa, Ximena... ), eta besteok gure herrian sortuak (Lekobide, Elkano, Santakruz, Ramuntxo... ). Horiek guztiak nola tratatu dituen Teatroak eta Zinemak bai gurean bai mendebaldeko beste erresumetan, eta nola itxuraldatzen diren eta zein mezu ideologikorekin lotzen diren aztertuko ditut hitzaldian, ilustrazioz eta bideoz lagundurik. Adibidez, Lotiren le vrai faux basque, euskaldun faltsu benetazkoaren irudiaren, Ramuntxo nobelaren, antzerkiaren eta filmaren ideologizazioa...
Uztailak 1/2.
Zenbait lankidek badaramagu hamaika asteazken Fakultateko tabernan, erreserbatu behar den partean elkarrekin bazkaltzen: Miguel Ángel Pérez Priego, José Romera, Francisco Gutiérrez Carbajo, Vicente Granados, honen emazte Angelita, Clementa Millán eta neroni, eta bai politikaz, bai eta literaturaz mintzatzen garenez, UNEDekin batera erabaki dugu denok parte hartzea Udako Ikastaroetan Ekainaren 30etik Uztailaren 4ra Claves para la interpretación de algunas obras principales de la literatura española titulupeko kurtsoan, bertan euskal literaturak ere lekua izango duelarik. Uztailaren batean bagoaz Vicente eta neu beribilez, Madriletik Deniara, neu gidari, haren BMW azkar eta dotorean. Alzira eta Gandiatik pasatzerakoan, eta hirira iristear gaudelarik, ohartzen naiz nola muino guztiak etxez beteta dauden. Hotela hondartza aurrean dugunez, iritsi bezain laster bainu bat Mediterraneoan eta prest gaude afaltzera joateko. Bertan topo egiten dugu Clara Sánchez, eleberrigile, sari sonatu batzuen irabazle eta Pakoren emaztearekin, zeinak kontatzen dizkigun Denia inguruko misterioak, bere nobela batzuen kokaleku izanen direnak. Niri hitz egitea suertatzen zaidanean, irudi batzuen laguntzaz, euskal eta erdal literaturen arteko harreman nagusiez argitzen saiatzen naiz. Arratsalde batean bagoaz Cap de San Antoni aldera bertako bista aparta dastatzera, eta Clarak bidean kontatzen digu nola bizi izan zen urte batzuetan inguru haietan, Pako Deniako Institutuko irakasle zen bitartean.
Irailak 18/27.
Nazioarteko 56 Donostia Zinemaldia ospatzen da egunotan eta, jaidurari jarraiki, bagoaz takiletara zenbait filmetarako sarrerak erostera. Aurten Mario Monicelliren ziklo berezia dagokigu, hala nola Japoniako serie beltza. Sail ofizialetarako ez dugu ateratzen sarrerarik, gure ustez laster zinema komertzialean ikusi ahal izango baititugu. Neoerrealista italianoak nire kuttunenetarikoak direnez, Italiako munduan murgiltzen gara italiera pixka bat gogoratuz eta gozatuz. La Gran Guerra (1959), Vittorio Gassman eta Alberto Sordirekin, I Compagni (1963) Marcello Mastroianni eta Renato Salvatorirekin, eta beste. Dena den, memorian gelditu zaiguna Il Marchese del Grillo (1981) da, Alberto Sordirekin (Markesa) eta Paolo Stopparekin (Pio VII aitasantua). Iraultza Frantsesaren garaian frantses tropak Erroma hartu zuteneko ixtorio ezin barregarriagoa kontatzen digu, zeren irri egiten baitu garai hartako armadaz, aristokraziaz, Vatikanoaz, kardinalez eta haien ingurukoez. Marga eta Patxiren barreak eta neureak oraindik entzuten ditut zinema-aretoan. Eskerrak Youtuberri edota KMren mailegu sistemari ikusi ahal daitekeela, hau da, orain Interneten, eta ez duela ezer galdu bere graziaz.
Mari Jose Olaziregik bidalia jaso dut Joseba Zulaikak zuzentzen duen Center for Basque Studies, University of Nevada, Renotik gutuna, History of Basque Literature liburuaren partaide naizenez, sinatu behar dudan kontratua. Lau urte igaroko dira ingelesez argitaratu aurretik, beste titulu batekin: Basque Literary History; hitzaurrea Mari Jose berak egina eta sarrera Jesús María Lasagabasterrek. Itzulpena Amaia Gabantxok burutuko du, nire lana honela itzulita ageriko delarik: Basque Theater from Costumbrismo to Political Symbolism.Urriak 10.
Pierre d'Urteren eskuizkribu batzuk, hau da, gramatika eta hiztegia, Sotheby´s enkantetxean ateratzear zirela konturatu nintzen nire Interneteko nabigazioetan eta Frantxis Landatxeri deitu nion jakitearren ea KMko liburutegian interesatuak zeuden erosketan. Erantzun zidan bazirela beste euskal erakunde batzuk eta beraz Foru Aldundia erretiratu egiten zela norgehigokatik. Gaur Alberto Fernández-Dárlasek ematen du albistea El Diario Vascon eta nire tesia aipatzen du, esanez ezin izan nuela eskuizkribua zuzenean aztertu, mikrofilmean baizik –egia esatearren ez nuen aztertu eta transkribatu mikrofilma, Urkixo mintegian zeuden eskuizkribuaren tamaina txikiko fotografiak baizik–. Orobat aipatzen du Jose Maria Arriola bibliofilo bilbotarraren liburutegian dagoela duela urte batzuk erosi ahal izan zuen Bibliaren lehen bi liburuen itzulpena, hau da, Ethorquia eta Ilkhitçea eta badaitekeela Euskal Herriko Erakunderen batean geratzea donibandarraren euskal lana.
Mercedes Boixerau UNEDeko errektoreordeak bere literatur zaletasunak bultzaturik zenbait ekitaldi antolatzen ditu; Aula de lectura, Ru-tas literarias eta Encuentros Culturales bataiatu ditu. Ciden arruta, Jorge Manriquerena, Mercè Rodoredarena eta beste batzuena egin ondoren, Juanjo Alvarez, Bergarako zuzendariarekin Euskadin zehar antola ditzagun idazle zenbaitekin topaketak eta testu irakurketak antolatzeko eskatu digu. Hasi gara bada goizetik Donostiako Udaletxean, Ramon Etxezarretaren bitartez, Odon Elorza alkateak une bat hartu baitu Espainian barrena dabiltzan literatur erromes hauekin hitz egiteko, eta gero benetan txosten eder eta kritikoa irakurri du Ramon Saizarbitoriak Donostiako hiriaz, arteaz eta historiaz, Rutas Literarias liburuan agertuko dena. Juan Gimeno errektoreak eta Juanjo Álvarezek ere hitz batzuk esan dituzte, beren ohiko solasekin. Bazkaldu ondoren Victor Hugoren etxea bisitatu dugu Pasai Donibanen. Ondoren, guretzat bereziki, Hendaian irekitzen dute Anton Abbadiaren jauregia, programan ez zegoena, baina bisitari guztiei arrunt gustatzen zaiena. Ni atseden hartzera itzultzen naiz etxera beraiek Donibane Lohizunen prestatu dizkiedan poema batzuk irakurtzen dituzten bitartean. Arratsaldean, Ramon eta Lourdes Otaegirekin bagoaz Loiolako jatetxera bertan erromesekin eta bereziki Pilar Ruiz-Va-rekin afaltzera eta hau benetan oso pozik gelditzen da Ramonek edukitako detailearekin.
Urriak 11.
Biharamunean, lehenik Loiolako Basilika eta San Ignazioren jaiotetxea bisitatuta, bagoaz Arantzazura. Oteizaren apostoluak eta Lucio Muñoz, Julio López eta Joaquín Ramos zizelkari eta pintoreen artean diseinaturiko erretaulan dagoen Ama Birjina gotikoari agurra egindakoan, hitzaldi-aretora pasatzen gara. Han Jean Diharce “Iratzeder”, Juan Mari Lekuona eta Bitoriano Gandiagaren poesia erlijiosoaren poema hautatu batzuk neronek irakurtzen ditut eta Pilarrek itzulpenak. Saio hau bukatutakoan, Zalduondoko Lazarraga Jauregia ikustera zuzentzen ditugu gure urratsak eta bertan Iñaki Aldekoarekin batera mintzatzen gara Euskal Literaturaz eta Errenazimentuko legegizon eta euskal poeta aurkitu berria izan den Joan Pérez de Lazarragaren garaiaz, poemez eta kantez.
Literatur arruta honen oroitzapen gisa hainbat fotografia geratuko zaizkit, hala nola Igeldopeko Txillidaren Haizeen Orrazia eskulturen aurrean Pilar Ruiz-Va-rekin daukadana eta Donibaneko plazan Santa Anaren ermitatxoa, goipartean dakusagula Errektorea, Juan Gimeno, errektoreordea Merzedes Boixerau eta beste batzuen artean, neroni makurturik nagoela. Esperientzia ederra izan zen, eta Merzedesek eskaini zidan arren, Rutas Literarias delakoen ardura har nezan, oso interesgarria zelarik ere, ezezkoa eman nion, nire arruta ohikotik, hau da, Donostia-Madriletik gehiegixko urrunaraziko ninduelakoan, eta Margak ez zuelako nahi denbora gehiago Madrilen eman nezan.
Azaroak 5.
Deustuko Unibertsitateak Donostiako egoitzan Nazioarteko X. Jardunaldiak. Gaia, Exilio, Texto y Teatralidad izenburupean zenbait hitzaldi antolatu ditu azaroaren 5, 6 eta 7an. Lehen hitzaldia José Monleón, Primer Acto, teatro-errebistako zuzendariak eman du bere hitz jario errazaz: “Memoria histórica y exilio interiror durante la Dictadura” gaiaren inguruan. Eta euskal teatroari dagokionez ilunabarrean honakook parte hartu dugu: Gorka Aulestia (UPV-EHU): “José Antonio Arkotxa eta antzerki-lanak”; Xabier Mendiguren (Elkar Argitaletxea): “Telesforo Monzonen antzerkia: kanpoan baina etxean”; Iñaki Azkarate (Hamaika Bide Elkartea): “Antzerki folklorikoa eta ideologia Ruiz Añibarron”; Iñaki Adurizek (Hamaika Bide Elkartea): “Kantutik eta interpretaziotik saia-kera kritikora (Bokazioa eta konpromisoa Isidoro Fagoaga Larracheren-gan)” eta neronek “Euskal antzertia erbestean (1937-1959)”.
Gogoan dut orobat nola powerpointen ilustrazioak komentatzen ari nintzelarik, kritikatu nuen nire adiskide Askunze irakaslearekin, gaia tratatzerakoan, berak, euskal teatroaz hitz bat bera ere jakin gabe, exilioko euskal antzerkirik ez zela argitaratu ez eta Interneten zabaldu. Nire txostenean aipatzen nituen: a) Gerra Zibilaren garaian (1936-1939) eman ziren ikuskizunak; b) Ipar Euskal Herriko teatro-kronika II. Mundu gerlan (1939-1944); c) Antzerkigileak, antzerkiak eta antzezkizunak (Andoni Arotzena, Ander Arzelus “Luzear”, Jon Etxaide, Antonio Labaien, Telesforo Monzon, Antonio Ruiz de Azua “Ogoñope”, Martin Ugalde, eta Augustin Zubikarai); eta d) Antzerki-itzultzaileak: Bingen Ametzaga, Abelino Barriola, Andima Ibiñagabeitia, Bedita Larrakoetxea, Jokin Zaitegi... Beraz, ez bat eta ez bi, egileak hortxe zeuden, erbesteari buruzko bilduma-zuzendariak nahi bazuen jakin. Gezurra zirudien baztertze hori donostiar borondate oneko baten eskutik gertatzea, gainera. Bukatutakoan, Iñaki Beti galdezka etorri zitzaidan ea zergatik egin nuen salaketa hura, eta erantzun nion ea Unibertsitatetik kritikak ihes egin zuen, edo debekatua zegoen bertan zentzu kritiko apur bat edukitzea. Halaber, Mari Karmen Gil Fombellidari komentatu nion –Xabier Mendigurenen aholkuz, Monzonen obra baten zati bat taularatu baitzuten adierazgarritzat jorik– nola antzerki honek ez zituen inolaz ere Gerra Zibila edo erbesteko arazoak aipatzen, eta hurrengoan hobeto hauta zezatela... Abenduak 8.
Madrilen Francesc Massipekin batera Abadia Teatroan, Ana Zamorano zuzendariaren Auto de los Reyes Magos ikuskizuna dastatzen dut. Nao d'amoresekin bat egin koprodukzioa da. Benetan latinetik moldatu eta gaztelaniaz idatzi (idazle gaskoinen batek?) testu laburra, garaiko beste batzuekin aberastua dago, obrak ohikoa iraun dezan, eta garai beretsuko musikekin moldatutako obra arrunt gustatu zait. Irudimenez betea dago, eta herri-sinboloez jantzia, erroetara eginiko bidaia modernoa kontsidera dezakegu. Bukatutakoan, aldamenean dagoen taberna madrildar klasiko batean ohiko erraziotxoak eta zerbezak dastatzen ditugu, Francescek bere komentario jakintsu, neurtu eta zehatzak adierazten dituen bitartean. Beti ikasten dut zerbait berarekin nagoenean.
Abenduak 10.
Nire amaginarreba Kontxita Esnaola zaintzen duen Igni, nikaraguar neska jatorraren paperak konpontzera joan naiz Nikaraguako enbaxadara eta zertxobait itxaron ondoren, inolako eragozpenik gabe, paperak eta pasaportea berritu dizkiote.
Abenduak 12.
Bildu ginen berriro Toribio Alzaga antzerki-saria epaitzeko Eugenio, Daniel eta neroni, eta Pako Aristik idatzitako Josu Dukatiren Proposame-na hautatu genuen. Bozeramaile gisa honakoa idatzi nuen:
Obra honen gaia hauxe da: Itun politiko bat ETAko buruaren eta Ertzaintzaren buruaren artean. Antzerki honek hiru pertsonaia nagusi ditu: Josu Dukati minbizia daukan ETAko buruzagia, Antton ertzainburua, eta Sara, Anttonen emaztea, lehenago Dukatirekin bizi izan dena. Ez da, ordea, ohiko amodiozko triangelua, ageri denez. Ekintza nagusia ertzainaren kuartel batean gertatzen da eta honen barneko galdeketa-gelan. Azken finean herri berean sortutako eta hezitako bi gazteak beren bizitzei errepaso luzea ematen diete, elkarrizketa etengabe eta dinamiko baten bitartez. Ekintzen eta hilketen justifikazio eta kritikak –ez behar adina zorrotz, bozeramailearen ustez–, elkarrekin aztertzen dituzte. Aspaldidanik jarraikitzen zion ertzainak Dukatiri, eta hau ohartzen da galdeketan askoz lehenago ere gartzelera zezaketela, baina arrazoi bereziengatik presondegiratzeari utzi ziotela. Azkenean bere burua eta besteak entregatzea erabakitzen du, ez baitu ikusten Erakundean inolako etorkizunik eta bai Euskal Herriarentzat kalte- eta sufrimendu-iturburua. Bi antzezle nagusien arrazoiak eta hitzak estilo zuzen eta elkarrizketa interesgarrien bitartez ematen dira, hala nola atzera begira ixtorio zaharrez osatzen den Euskal Herriko gizartearen isla. Epaimahaiko bozeramaileak honakoa nahiko luke, alegia, Gizarteak Antzertia kopiatzea, hots, hainbat eta hainbat aldiz aldarrikatu izan dena, ETA desagertzea denon onerako.
Dena den, geroago entzun nuenez ez zen antzeztalderik ausartzen obra eszeneratzen eta irakurketa dramatikoren bat soilik jokatu zen. Beldurra eta erakundearen eragina hain handia ote oraindik?
Abenduak 25.
Ostirala. Eguberri gauean Lezon Marikrutxekin eta etxekoekin afaldu ondoren, eta biharamunean Kontxita amaginarrebarenean, bagoaz aurten urtea bukatzera Lisboa aldera trenez. Gaua bidean igaro dugu eta aski animatua zegoen Marga. Taxia hartu eta Hotel Metropolera goaz. Oso gela ederra eman digute, Plaza Dom Pedro eta Castelo de Sâo Jorgeren aurrez aurre. Hotelean gosaldu dugu. Ingelesak, alemanak, frantsesak, euskaldunak... Marga bere gidarekin dabil infomazio guztia prozesatzen, eta ondorioz Sintrako trena hartu dugu. Geltokian oso jende gutxi, gaur Eguberri baita, jakina. Balirudike denak ohean geratu direla lotan. Trena martxan jarri da eta ohiko soinuaz, azeleradorearen hotsak, tuneletan sartzen denean sortzen duen oihartzuna, abiada handitzen doakigun heinean zarata ezberdina... Bideko hormetan gazteek pintaturikakoak, Erdi Aroko estilo itsusian burutu grafismo higuingarria. Behin Euskadi Irratian entzun nion hauetariko artista sortzaile bati, eta bere arteaz ematen zituen arrazoiak badaezpadakoak iruditu zitzaizkidan. Komikietako izugarrikeria zakarrak, gotizismo abangoardista izan nahi duen letra borobil multzo potoloak, izurrite mundiala dirudite, gustu txarra nagusitzen ari den seinalea. Itsusiaren estetika. Kontraste gisa, trenean doazen haur eta neskato beltxaranak.
Sintratik Lisboara itzultzean Fundaçao Caluste Gulbenkiango museoari egiten diogu bisita, eta Marga eta biok bat gatoz adierazterakoan lehen aldiz gauzak inpresio handiagoa egiten dutela, sakonagoa, eta gaztetan ikuskizunek gehiago txunditzen dutela edonor, urteen poderioz axola ttipiagotzen bailitzaigukeen...
Abenduak 26.
Goizeko bederatziak eta hogei dira eta Gazteluko bidea hartu dugu Praça da Figueira deritzanean, alegia, Piku Plazan. Tranbiara igo gara eta hemen zurezko eta burdinazko esalkietan lau pertsona goaz. Bi andre portuges, beltz gazte bat, Marga eta biok. Bidean ohartzen gara hemen ere txinatarren dendarik ez dela eskas. Tranbiaren bidean taxistak eta beste edozein beribil sartzen dira. Gidariaren pazientzia mugagabea da. Gazteluan barrena ibili eta bertatik hiria miretsi ondoren O Arêgos, portuko taberna herrikoian bazkaltzen dugu eguneko platera. Azeituna eta gazta aperitibo gisa, pasta eta arrain egosia. Dena oso garbia. Nabari da auzoko jendea dabilela. Gero bagoaz paseatzera portuko kaietan barrena, eta Cais das Oficinasen hartzen dugu tea. Aurrez aurre moilak. Arribatu berria da bapore ttiki bat, Zezito izenekoa. Erremolkadoreak bertan daude. Belari dotore eta fineziaz bete bat miresten dugu. Wha-teuer du izena. Ez litzateke txarra hartan, bela guztiak zabalik, itsasoan barrena nabigatzea.
Abenduak 28.
Atzo hirian zehar genbintzala, honako eslogana aurkitu genuen horma zuri eta garbi batean pintaturik: Anarquia E Liberdade Pedras E Fogo Contra Toda Autoridade. Anarkia eta askatasuna, aginte ororen kontra harria eta sua. Gaur Belem-era goaz eta hemen kokaturik dagoen Museu da Marinha, Itsasoko Museoa bisitatu dugu: XV. mendetik XX. mende arteko maketa ikusgarriak. Mapamundiak, nabigatzaileen erretratuak, Magalhaes eta beste. Gero, atseden hartu ondoren, Arte Modernoaren Museoan izan gara. Sarreran botila berde hutsez eraikitako zuhaitz bi. Pop Arteko koadro benetan interesgarriak eta pintore portuges moderno ezezagunen eder-lanak. Eguraldi kaxkar xamarra baitugu, Alentejoko talde batekin Casa di Vinho, hau da Ardo Etxean sartu gara eta bertan (Kapelu beltza, alkandora urdina, lepoko gorria eta larruzko galtza bexak) jantzitako abesbatzak kantu-kantari, beren mahastietako fruituaren zabalkundea egin nahiz...
Abenduak 29.
Astelehena. Museu do Oriente. Ekialdeko museoaren bosgarren solairuan bazkaltzen gaude leihotik portua ikusten delarik marabiloski. Belariak eta yateak, tamaina orotakoak. Garabiak. Urrunean alde batetik bestera doan itsasontzia. Gaur ere behelaino dugu. Museoko dendan Máscaras da Ásia liburu ederra erosi dut. Bertan aurkitu ditut sarrerak. Lau euro bakoitza. Teatro kolam-en agertzen diren deabruen maskarak, birjinenak, gerrarienak, jainkoenak, Nô teatrokoak... Kalean goazelarik titulu hau daraman 1912ko kartela ikusten dugu: Manifestacâo Anti-clerical. Gutxi gurean horrelakorik. Bidaia honetan erosi dudan beste liburu bitxia eta benetan ederra Julio Dantasen A Ceia dos Cardeais da, Livraria clásicak argitaratua, Alberto Souza ilustratzaileak 1950ean moldiztegiratua. Ea noizbait animatzen den editoreren bat Andima Ibiñagabeitiaren euskal itzulpena plazaratzera, dituen irudiak ikusgarriak baitira benetan, eta testua noski, goi-goi mailakoa, elizako kardinalen kritika zorrotza. Liburu-denda azuleju bikainez pintatu etxe zahar bateko bigarren solairuan dago, liburu zaharrak saltzen dituen Castro e Silva izenekoan. Eta bestea Ediçao facsimilada de Ar-quimedes livrosek berrargitaratu Pedro Fernandes Tomásek Coimbran 1934an plazaratu Cançoes portuguesas (do século XVIII à actualidade). Baladen azterketa konparatiborako baliagarria, duda gabe.
Abenduak 30.
Maletak geltokiko kontsignan utzi eta bagoaz afaltzera. Afaria Alfaman egiten dugu, San Antonio jatetxean. Hiru solairu ditu eta horma guztiak zinema-aktoreen fotografiez apainduak. Bakailaoa patatekin oso ongi prestatua dago, nola ez. Ardo beltza, botila erdia, eta postretako udarea ardotan ere, oso ona. Loak trenean hartzen gaitu Madrileko bidean.
Abenduak 31.
Atzo gauean El Sur-en afaldu genuen, Juan nagusiari datorren urte hasiera ona oparitu eta Hotel Pradora erretiratu ginen. Gaur hemen gosaldu eta Caxa-Forumean Príncipes etruscos. Entre Oriente y Occidente erakusketa bikaina ikusten ari gara. Betidanik erakarri izan nau etruskoen hizkuntza misteriotsuak, eta haien hilobiak gaztetan bisitatu nituenean are gehiago. Kristo aitzineko X. eta IX. mendeetan Toscanaz, Umbriaz eta Lazioz jabetu ziren, eta Tarkinioen dinastiak Erroman agindu zuen K.a. VII. mendetik VI.era. Sarkofagoak, ontzi margoztatuak, freskoak, joia preziosoak, zenbat ikusgarri eder... Bisita Unn-i Vinícola Mentridanan, Lavapiésetik itzuliñoa egin, eta olagarro jigante baten fotografia daukan Plus Ultra / Finisterre jatetxe galegoan gaude bazkaltzen arroza, olagarroa eta Padróngo piperrak zerbezarekin bustiz.
Il divo, Paolo Sorrentinoren filma bertsio originalean ikusten dugu. Erroman mundu guztia lo dagoenean, goizean goiz, bada gizon bat loak hartzen ez duena, Giulio Andreotti. Boterearen bakardadean bizi da. Ongia egiteko Gaizkia egin beharra ote? Ongia Estatuari dagokionez egitea, honi bitartekoak oro (Mafia, Eliza... ) zilegi ote zaizkio? Gauzak aldatzen joan ote dira Andreottik boterean iraun duen lau hamartetan? Toni Servillo Andreottiren pertsonaian barne muinetaraino sartu da, baina nola gainera, ezinezkoa litzateke hobeto errepresentatzea, zerbaitengatik filmak irabazi du Canneseko Juratuaren saria, eta European Awardena aktore onenari.