1996

GURE ohiko lanekin jarraitu genuen 1996an. Madrilera joan-etorrian. Antonio Dominguez Reyk zuzentzen zuen SERTA poesia aldizkarirako materialak prestatzen, Oihenart Hizkuntza eta Literaturako koadernoetarako gaiak biltzen, Madrilen ahal nituen hitzaldi interesgarrienetara joaten, nire ikerketatxoak egiten, batez ere Biblioteca Nacionalean eta CSICeko liburutegian.

Martxoaren 14-15ean, Jardunaldietan Koldo Izagirrek parte hartu zuen eta bere poema zenbait irakurri zituen belusazko ahotsez. Nire agendaren arabera, Hotel Gaudi, Gran Vía 9an hartu zuen ostatu. Anton Abbadiari buruzko lanak prestatzeari jarraitzen nion.

CASABLANCAKO BIDAIA

Irailaren 14ean, lan-bidaian, Casablancara joan beharra suertatu zitzaidan. Pasaportea berritzera joan nintzen baina, egunak joan eta egunak etorri, ez zidaten berritzen. Beraz, nola infernuan ere lagunak behar izaten diren okasioetarako, eta banekienez nire gaztaroko laguna nuen eta Udaletxean elkarrekin egon ginen Ramon Zapirainek bertan lan egiten zuela, hari deitu eta hari esker berehala eman zidaten. Esandako egunean, Gurutze Santuarenean, eta herriko festetako egun nagusian, eguzkia goiz-goizetik hasi zen berotzen. Ohar batzuk ditudanez jasoak, haiexek pasatuko ditut hona, besterik gabe bidaia hura oroituz.

Hondarribiko aireportura joan naiz Madrileko hegazkina hartzera. Honek ez du erremediorik. Ilara luze-luzea egin da berehala sarrera batean, eta bestean inor ez. Azkenean hegan hasteko enbarkatzeko hamar minutu falta direnean, beste bi sarrera ireki dituzte. Casablancarainoko txartelak ematen dizkidate. Bidaia Barajaseraino arina egin zait, baina orain ez dute kafetxo bat ere oparitzen lagungarri; txokolatezko bonboi bat eta kitto.

Madrilen aireportuan ABCa erosten dut Verinesko idazleen biltzarraz zer dioen jakitearren. Ongi oroitzen naiz Juan Manuel de Prada, Coños nobelaren egileak idatzitako “Puñales y flores”, Haizto eta lore, baitio artikuluaren tituluak. Bata bestearekiko ezinikusia eta antolamenduan aurkezleak erakutsitako modu onak azpimarratzen ditu. Aipatzen nau, ez ordea Ramon, goiz berean parte hartu arren. Eta hori irakurtzen dudalarik gogoratzen naiz nola joan ginen Verinesera gonbidatuta, eta beribilez eraman nituen Ramon Saizarbitoria eta Jon Juaristi. Jardunaldiak irailaren 11tik 13ra izan ziren eta mintzagaia: La intimidad (des)velada: Del diario a la autobiografia. Alegia, egunkari pertsonalak, oroitzapenak eta bestelako idazki autobiografikoak. Nire lantxoa hau izan zen: “Ni ez naiz nor ‘No soy quien’. Notas sobre memo-rias, recuerdos, diarios y autobiografías”. Eta gogoratzen naiz Alex Sussana nuela aldamenean, aurrez aurre Ramon Saizarbitoria, eta beti bezala han zeudela Carlos Casares, Antonio Martinez Sarrión, Alvaro Ruiz de la Peña, Luis Antonio de Villena... Denen aurrean Pierre Topet Etchahunen bizitzako bertso bat kantatzera ere ausartu nintzela, aitor dezaket. Etxerako itzuleran, han aritu zitzaigun, hitza eta pitza, ni eta ni, bere abentura politiko guztiak eta denetan bere protagonismoa eten gabe kontatzen Jon Juaristi.

Baina itzul nadin Casablancako bidaiara. Nazioarteko aretoetan Nieves Baranda lankidea topatu dut eta kafetxo bana hartzen dugu elkarrekin. Nik, Madrilera joaten naizenean bezalaxe, maleta txiki bat besterik ez daramat, Antonio Machadoren aholkuari jarraiki, ligero de equipaje, baina Nievesek maleta handi bat dakar hutsik itzuleran kilim edo alfonbra handiz betetzeko. Verinesko kontu eta txaskarrillo batzuk kontatzen dizkiot: Celaz eta Albertiz diotena eta benetan lotsagarria iruditzen zaidana. Nola amoranteek erabiltzen dituzten txontxongiloen erara sos batzuk lortzearren. Tribunaleko buru den Anarekin ere elkartzen gara. Hegazkinera igo eta Afrikarako bidean bere alboan eserarazten nau, andere heldu eta eder batekin lekua trukatu ondoren. Negarrez hasten zait Ana. Ez dut ia ezagutzen, baina irakasle argal, ttiki eta ezdeus honek, gero denborarekin bere boterea protokolo-buru izatera iristeraino baliatzen jakingo duenak, kontatzen dit desastre bat dela gizonekiko harremanetan, amodio historietan, dibortziatu berria dela, eta abar, eta abar. Nola hala kontsolatzen saiatzen naiz, denei noizbait, lehenago edo beranduago, horrelako zerbait gertatu izan zaigula-eta...Gibraltarreko hertsidura iragan, eta Afrikako kostan behera jaitsiz, eta itsasoko marra goitik kontenplatuz, Casablancara iristen garenean, bero egiten du. Ordularia bi orduz atzeratzen dut, beraz, Madriletik ordu bata eta erdietan atera bagara eta ordu eta erdiko bidaia egin ondoren, berriro ordu batean baikaude. Mugako jendarmeentzat turistak gara. Taxi bat hartzen dugu eta hogeita hamar kilometro eginda, hotelaren atarian gaude: Hotel Alcantara da. Modernoa eta dotorea. Gela ongi dago, baina leihotik ikusten den bista nahiko eskasa da. Etxe txuri zaharkitu multzoa, patio zikinez betea. Hoteletik irteten gara bertan zerbeza bat edan ondoren. Garestia da baina freskoa bederen: Krönenburg. Oliokiak, espezia gustagarriz onduak. Medinan sartzen gara, bisita luzeska egiten dugu Ana, Nieves eta hirurok. Balirudike neska lagun, bizkarzaintzaile bezala hautatu nautela. Hotelera itzuli, eta berriro irten baino lehen, Ana sartu zait gelara. Non afalduko dugun begira gaude, gidan. Keinu arraroak egiten dizkit ezpainekin, eta denbora guztian ari da ezpainak pintatzen. Haur ttiki bat dirudi. Gidak eskaintzen digun eta gomendatzen digun errestaurantea itxita dago. Gizonak besterik ez dabiltzan kaleetarik paseatzen ari gara. Kafe-terrazak gizonez beteta daude. Larunbat gaua da. Azkenean, bueltaka ibili ondoren, Al-Mounia jatetxea aurkitzen dugu eta benetan leku atsegin, gustagarri eta lasaia iruditzen zaigu. Entsalada baten ondoren, oiloa almendraz inguratu platera ateratzen digute eta ongixko afaltzen dugu. Fotografia batzuk ateratzen ditugu eta hotelerantz itzultzen gara. Kalean gizonak bakarrik. Mukuru. Martxa izugarria, baina era berean andreentzat beldurgarria gerta dakiekeela-eta, goiz erretiratzen gara. Telebista piztu eta berehala itzaltzen dut. Bihar goizeko zortzietarako geratu gara Rabat bisitatzeko asmoz.

Igandea. Irailak hamabost. Trena ez dabil kostatik oso urrun. Guztiz lehor eta pobre ageri da ingurunea. Noizbehinka ardi galdu batzuk belar ihartu eta landare arantzatsuak jaten. Hamarrak inguruan Rabaten gaude. Abiatu gara oinez zentrorantz, baina badirudi itxita daudela ia leku guztiak. Azkenean, Musée Archéologiquera iristen gara eta txundituta gelditzen naiz Volubiliseko erromatar aztarrenekin. Gidariak brontzeen gela erakusten digu argitasun bitxiak emanez. Caton, Venus, borrokalariak, zakurrak, sukaldeko tresneria, edontziak... Benetan Volubilisera joateko gogoa sartu zait, mosaikoak eta Karakalaren arkua ikusteko, besteak beste. Irteeran katutxo bat ikusten dut etzanda patxada ederrean eguzki-itzalak dastatuz. Medinara goaz. Hemen beldur naiz zerbait gertatuko ote zaigun, zeren Anak atso zahar bati sos batzuk ematen dizkion bitartean, Nieves fotografia ateratzen saiatu baita eta neska-mutil gazte pare bat aurrean ipini baitzaizkio argazkia galaraztearren. Kanposantuan ez dugu arazorik fotografiak ateratzeko. Ez da hilik pizten galarazi nahiz. Alcazaba ere bisitatu dugu gidari beltz baten esplikazioekin. Aski distantzia bada gure eta haren artean eta borondatea bakarrik eskatu digunean, zenbat ordaindu behar zaion galdetu diogu, eta honelaxe erantzun digu: Arraina ez da ordaintzen itsasotik atera eta nolakoa den jakin arte. Ehun dirham eman diot Baratze Andaluza ikusitakoan eta gehiago eskatu dit. Ezetzarekin eskua eman eta bagoaz erakutsi dizkigun dorreak bisitatzera. Mausoleoa, Giralda IIa, eta beste. Diktadoreen monumentuak eta sinboloak. Nievesek solas argigarria ematen digu ikurren esanahiez. Inguruko hotel dotore batean bazkaltzen dugu eta kafea hartzen. Ez naiz batere harritzen Anari gizonekin gertatzen zaizkionak gertatzen bazaizkio. Taxia hartzeko unean arazoak ditugu. Ez dira gelditzen. Saléra joan nahi dugu, Rabaten aurrez aurre dagoen eta hartatik Bouregreg ibaiak bereizten duen hiri bikira. Meskita Handia, XI. mendean ifrenidek eraiki zuten minarete eder batekin. Badirudi taxi ttikiek galerazia dutela zubia pasatzea. Autobusek ere ez gaituzte eraman nahi. Azkenean oinez goaz bero kiskalgarripean. Mezkitan gizonak otoitzean ari dira melopea etengabean Koraneko bertsoak errezitatuz. Patioa zoragarria da. Karratua, hutsa, lau horma zurik inguratua eta goian zerua urdin-urdin. Kale estuetatik igarotzean, etxe gehienek ateetan aldabak dituztela ohartzen gara. Zubia berriro oinez igarotzen dugu. Badira batelari batzuk jendea batetik bestera pasarazten. Arraunean zutik egiten dute veneziar gondoliereen moduan. Geltokian egunkari espainol bat erosten dut. Ez nuen uste oraindik frankisten erretorikak hain bizirik iraun zezakeenik. Ba, hementxe dirau. Balirudike Hassanek komunikabideak oro ondoxko kontrolatzen dituela. Anak, trenean gaudelarik, berriro jende guztiaren aurrean ezpainak pintatzen jarraitzen du. Hoteleko errestaurantean afaltzen dugu. Gaur Allahk proba mordoxka bidali dizkigu, eta uste dut bihar ere berdin bidaliko dizkigula, lur arrotzean gauden infidelak baikara gu. Hala ere, pazientziaz eta umorez gainditu daitezkeelakoan nago.

Astelehenean, goizean goiz joan ginen Racine auzoan aurkitzen den Juan Ramón Jiménez Institutura Selektibitate-azterketak zaintzera. Etsaminatzaileak Ana, Nieves, Isabel eta ni. Azterketak banatu genituen eta hantxe hasi ziren mutil gazteak lotsarik batere gabe kopiatzen elkarri. Andere irakasleek esaten zizkietenei ez zieten batere kasurik egiten eta batean baino gehiagotan ahotsa altxatu behar izan nuen errespetua eta zuzentasuna ipintzearren. Azterketak amaitutakoan, Michel Pinseau arkitekto frantsesak diseinatutako Hassan II.aren mezkita berria bisitatu genuen. Atetzar izugarri handi eta ederrak. Ehun eta hirurogeita hamar metroko altuera duen dorrea ere bai. Dena itsasoak inguratua eta ehun mila pertsonentzako plaza zabal-zabala. Medinara berriro joan ginen azken erosketak egitera. Taldean zihoan Isabelek, neska benetan eder, xarmant eta argiak erakutsi zion ehun dolarrekoa saltzaileari eta hark hasieran prezioa bikoiztu egin bazuen ere, hantxe ikusi genuen amore ematen eta horma osoa betetzen zuen alfonbra fin, pollit, koloretsu eta miresgarria behar bezala paketetzar batean biltzen. Azken gaua zela-eta, portuko jatetxe dotore batean arrain freskoa dastatu genuen marokoar ardo zuriarekin, eta hurrengo egunean hegazkinez etxera, egindako txangoaz pozik.

Aurten plazaratu dut orobat KMko Julio de Urquijoren eskuizkribuen artean 5.237 zenbakiaz katalogatua dagoen Juan Ignazio Iztuetak idatzi Vocabulario vascuence. Zaldibiarra hiru aldiz ezkondu zen (1790, 1808, 1828), eta lau gerrate sufritu zituen: Konbentzioko Frantsesarena (1794-1796), Napoleonena (1808-1813), Errealisten gerra zibila (1820-1822), eta Lehen Karlistaldia (1833-1839). Justiziarekin ere topo egin zuen eta sei urte luze igaro zituen preso Ordizia, Tolosa, Azpeitia eta Logroñoko kartzeletan. Hala ere, giltzapean zegoelarik ez zuen ahazten maitea, bertan onduak baititu gure kantutegiko bertso ezagunenetarikoak diren hauexek:

Maite bat maitatzen det, maitagarria,
Begia ederra du ta guztiz argia,
Daukat urruti... 

Gipuzkoako lehen historiagilea izan zen euskaraz, folklore-biltzaile eta poeta izateaz aparte, ongi ezagutzen zituen bizkaierazko testuak eta herriak eta taxuz moldatu zuen hiztegia, batez ere esamoldeak ongi hautatuak zituen eta, Larramendiren eran, ez zitzaion etimologia xelebrerik ere falta. Iztueta Fundazioak ordaindu du prestatu dudan eta Alberdaniak argitaratu duen edizioa, ediziogilearen izena ia ikusten ez delarik.

Orain argitaletxeak, bere aldetik prestatu zuen, Iñaki Urdanibia koordinatzaile zeukala, Euskal Gaiak deitu bilduma, eta niri gaztelaniaz antzertiari buruzko lan bat idazteko eskatu zidaten; Historia del teatro vasco du titulua. Egin Bibliotekako parte da 116 orrialdeko dibulgazioko liburutxoa. Aski modu pedagogikoan, baina era berean informazio mailan aski osatua dela esango nuke, antzerki originalen eta itzulien katalogoak ere bai baitakartza.

Halaber Eusko Ikaskuntzak irailaren 21ean, Lizarratik Arketarako bidean muino baten gainean altxatzen den San Gregorio Ostiensen Batzorde Iraunkorra antolatu zuelarik, bertan egon ginen Gregorio Monreal zuzendari (bidaia bera Marga, Fini, Ramon Saizarbitoria eta Goiorekin 2014-IX-6an errepikatu dudalarik, jakin dut bertan ezkondu zuela Amurizak apaiza zen garaian). Oraindik bala karlisten zuloak ikus daitezkeen monumentu barroko haren barnera pasatu ginen eta, ohiko kontsiderazioen ondoren, Bernardo Atxagak beste hainbestetan bezala bere hitzalditxoa egin zigun eta ondoren bizar profetikoz horniturik zen Pablo Antoñana eleberrigile barojazaleak, mikroak funtzionatzen ez zuenez, pulpitura igo eta sermoi literario bikaina eskaini zigun, denok gustura gelditu ginelarik haren indar eta grazia apartaz.

Herrietan badugu ohitura zahar bat: Kintoak biltzekoa bazkaltzera eta soldaduskako edota garai zaharretako edo berrietako ixtorioak kontu-kontari elkarrekin denbora pasatzekoa jan-edanean. Eta horrelako batean izan nintzen Lintzirin hotelean azaroaren bederatzian, hainbeste erregutu baitzidaten nire adiskide Manuel Etxandik eta Martxel Arin jatorrek. Biak orain hilak, tamalez. Mutilak eta neskak bildu ginen, eta harmonia ederrean igaro genuen eguna: Arantxa Zeberio, Juana Mari Salaberria, Arrese, Dozagarat, Ibarguren, Luis Mari Intxaurrandieta, nire txikitako lagun Dabid Gomara, Boni, Txartiku, Petain... hogeita bosteraino. Lezoko seme-alaben 46ko uzta ederra!Azaroaren 16an Irun Literatur Sariak deliberatzera bildu ginen epaimahaikoak Irungo Urdanibia aldean dagoen TRYP hotelean, beste zenbaitetan Hondarribiko Karlos V Paradorean bilduak izan ginelarik. Eta obren balioez eztabaidatu eta gure ustez hoberena zein zen erabaki ondoren, Udaletxeko Areto nagusian aldarrikatzen ziren. Halaber, areto txiki batean, aurrean agertzen ziren kazetarien galderei saritu berriak nor ziren erantzunez. Aurreko urtekoek Gaztelua eta liburu argitaratua jasotzen zuten agintarien eskutik eta ondoren lunch bat antolatzen zen, hiriko kultur jende hautatua bertaratzen zela. Urte honetan, Luis Mari Mujikak idatzitako Nire soneto beroak poema-liburua hoberenestea erabaki genuen.

Eusko Ikaskuntzak, Carlos III Unibertsitatearekin batera, honen Getafeko campusean hitzaldi batzuk antolatu zituen politikaz, ekonomiaz, zineaz, arteaz eta literaturaz abenduaren 10ean, ordu batetik hiruretara (13h.-15h.). Bertan Joseba Arregi, Miren Gallastegi, ez dakit nor gehiago eta neuk hartu behar genuen parte. Gallastegik Kupoaren formula beste komunitate autonomoetara esportatzea proposatu zuen, gurean baliagarria zenez. Hainbeste luzatu ziren politikoen solasak, hurrengo hizlariekiko inolako kontsideraziorik gabe, non hirurak hamar gutxitan, mundu guztia gosez akabatzen zegoenean, bukatu baitzituzten beren solasak, guri bi hitz xume esateko astirik ia ez zitzaigularik geratu, denok berehala bazkaltzera joan baikinen. Gero Pedro Migel Etxenike eta Joseba Arregi eztabaidan aritu ziren kontsultaz eta autodeterminazioaz. Josebak esaten zuen kontsulta egina zela eta bozkatzen zen bakoitzean egiten zela. Pedro Migel, aldiz, ezezkoan zegoen, bere izpiritu zientifikoa askoz ere zehatzagoa zen. Gauean Gregorio Peces Barbarekin eta haren ikasle hautatuekin afaldu genuen, kolegioan bezala bakoitzak bere izenak eta ridiculum vitaea laburtuz.

Fotografien artean ageri zait beste bat ere, 1996ko abendukoa, Errenteriako Udalekoa, Jundane Jakobe handiaren trajeria (1643) lanagatik Koldo Mitxelena saiakera-saria jasotzen, Migel Buen alkate sozialistari eskua emanez, haren eskuinean nire ikasle izandako Ana Isabel Oiartzabal zinegotzia eta eskuinean Juan San Martin euskaltzaina direla.