Urtarrilak 27.
DONOSTIA Hiria 2007 Kutxa Literatur sarietako euskarazko antzerkiaren alorreko epaimahaiak –Aurelia Arkotxa, Ana Toledo, Daniel Landart, Imanol Elías eta nik neuk osatuak– aho batez erabaki dugu Luis Haranbururen Josafat antzerkia beste bederatzien artean hoberentzat jotzea. Obra honetan ageri diren pertsonaiak historikoak dira gehienak, baina badira irudimenezkoak ere: San Migel, Aitor, Hiriko, Mari, Narziso. Historikoen artean hortxe ditugu: Dante, Garibai, Loiola, Axular, Larramendi, Santakrutz, Munibe, Chaho, Sabino, Unamuno, Barandiaran, Aresti, Mirande, eta Etakidea... Pirandello eta Unamuno lagun dituelarik Josafateko haranean pertsonaiek beren ekintzen alde on eta gaiztoen berri eman beharko dute Dante eta San Migelen aitzinean. Honela, Judizio Jeneralak lau taldetan banatuko ditu epaituak, merituen arabera batzuk infernura, besteak linbora, hauek zerura eta haiek Parnasora bidaliz. Testu erdi dramatiko, ideologiko-filosofiko-politiko honek gure historiari errepasoa ematen dio eta bertako eragile nagusietarikoak aurkezten. Baina esan daiteke aurreiritzi batzuen arabera funtzionatzen dutela pertsonaiek, eskematikoegi. Arin, baina arintasunaren aldeko on eta gaitzekin. Arina da irakurtzeko eta, egileak dioskunez, irakurtzeko teatroa idazten du batik bat, baina interesgarria litzateke taularatzea ere, Goaz debar antzeztaldeak Gernika antzezlanarekin (1983) egin ohi zuen bezala. Zuzendari eta antzezle on batzuek beren ikuspegi, aldaera eta lizentzia propioekin interesgarri bilaka dezakete antzerki hau, ez polemika politiko antzua sortzeko, baizik eta gaztetxoek eta horren gazte ez direnek jakin eta ezagutu ditzaten, ohar eta jabe daitezen pertsonaia horiek nola bizi zituzten Euskal Herriak, eta lehenaren, akatsak akats, etorkizunerako bideak argiago izan ditzagun.
Apirilak 17.
Banoa nire amodio prosaikoen hildotik Donostiatik Madrilera. Nire eserlekuaren gibelean hiru marokoar suertatzen zaizkit, eta errebisoreak txartela eskatuz datorkienean ez dute ez tiketik, ez dirurik. Beraz, treneko poliziari deitzen dio eta berehala etortzen dira bi gizon puska eta neska bat. Pasaporteak eskatzen dizkiete. Bat deusik gabe dago, batere paperik gabe eta Zumarragako geltokian jaitsiarazten dituzte. Bihar epaitegira joan behar duela, eta han gelditu dira hirurak nasan Zumarragan. Noiz arte? Dena den, poliziarekiko harremanean neskak gezurra esan die, alegia, trena Altsasura iristean itzuli egingo dela. Beharrezkoa ote gezur hau? Madrid oso urrun ote dagoen galdetu dute. Nire ikerketatxoekin jarraitzen dut eta, egiteko dauden lanen artean, euskal literatura eskuizkribuen katalagorik ez daukagula idazten dut nire agendan –eta oraindik ere halaxe gaude–.
Ekainak 1-10.
Bartzelona hautatu ahal izan dut azterketa-leku bezala. Donostiatik goizeko zazpietan atera naiz trenean eta Bartzelonara iristeko ordubata eta hamar, sei ordu pasatxo, beraz. Paisaiak ikusteko eta liburuekin aspertzeko nahikoa denbora. Erabakitzen dut zer erakusketara eta zer kontzertutara joan: Museu d’Art Contemporani de Barcelona deritzanean William Hogarth (Londres, 1697-1764) pintore ikusgarriaren obra dastatzen dut Caixa Forumean. Artista hau Saint Martin's Lane Academyko eskolan hasi zen grabatugintza ikasten, eta gero Sir James Thomhillekin betegintzarrera iritsi zen. Gizarte kritikan eta satira politikoan maisu, bere erretratu errealistek indarra, kolorea eta bizitasuna badute gizarte britainiarra XVIII. mendean nolakoa zen jakiteko, barnetik ezagutzeko ilustrazio ezin hobeak dira: The Shrimp girl, Izkira saltzailearen xarma fina; Gin Lane, Karrikaren mundua; The Distreed Poet, Poetaren gela; Scene in a tavern, Taberna batean; Southwark Fair, Kalearen festa eta buila, autoerretratua... Hainbat eta hainbat. Benetan ikusgarria.
MACBAk maiatza eta iraila artean antolatu esposizioa ere ez da txantxetakoa. Un teatro sin teatro. Munduan zehar teatroaren bilakaera eta batik bat XX. mendean artearen inguruan ageri diren jaidura nagusien mostra ikusgarria. Ongi eraikia eta informazio jakintsuz osatua. Surrealistak, dadaistak, konstruktibistak, ... Grotowski, Artaud, Jarry, Stanislavski. Txartelak, afixak, fotografiak, eskuizkribuak, liburuak, maketak, filmak... Noizbait eginen al dugu euskaraz munduko teatroari buruzko horrelako lan eder bat, gurea barne delarik?Rambletako kale-teatroa eguzki epel honekin dastatuz banoa beste erakusketa bat ikustera portu inguruan dagoen Atarazanasera. Leonardo da Vincirena. Itsas museo honetan gaur hogei bat makina erraldoi daude Leonardoren marrazkietan inspiratuta eraikiak. Hau bai izan zela aurreratu bat, aitzindaria zientzia alor guztietan, benetako humanista. Pompeo Leonik jasotako lanen emaitza, mila ikerketa, egitasmo eta marrazki, Códice Atlántico delakoan kontserbatzen direnen faksimileak ikusten ditut miresmenez.
Fronteres izeneko erakusketa antolatu dute Michel Foucher eta Henri Dorion geografo frantsesek, eta lurraldeen mugak aztertzen dituzte honakoan. Mugari buruzko gogoeta da. Europak dituenak, Estatu Batuen eta Mexikoren artekoak, Israel eta Palestinarenak, Ipar eta Hego Korea, Miami eta La Habana, Melilla... Historia eta geopolitika lotuz, mapak, fotografiak, lekukoak eta gogoetak. Guztiz interesgarria.
Gauean Marga, Urtzi, Mari Carmen Navarro eta Unai Perez, Karmenen semearekin afaltzera joan ginen japoniar jatetxe batera, eta orotaz mintzatu ginen. Oso beila atsegina izan zela oroitzen naiz.
Ekainak 21.
Duela gutxi Borja Aginagaldek aurkitu berri du hamar folioko euskal eskuizkribu bat, Sukaldeko disparatiak deitu dudana, zeinetan hiru emakumeren arteko elkarrizketa ageri den. Maria Antonia Atxaran, Antoni jostuna eta Iñazi Oleaga, Neutoniren emaztea. Joakin Altzibarren etxean antzeztu omen zena 1772ko Eguberrietan. Honako kontestu sarreratxoa ezarri diot.
XVIII. mendea Argien mendea deitua, argiz eta itzalez beterikoa dugu Euskal Herrian. Hiri batzuetan, hala nola Baiona, Bilbo, Donostia, Donibane Lohizune, Deba, eta bestetan Ameriketako komertzioari eta hark berekin zekartzan aberastasunei esker egoitzak eta eraikinak dotoretuz zihoazen bitartean, hiri hauetatik urrun bizitzak bere antzinako egunerokotasun xumeari jarraikitzen zion. Baina izan ziren Gipuzkoako bi herri Espainia eta Europa guztian ospetsu bilakatu zirenak. Azkoitia eta Bergara. Azkoitiko zalduntxoek, Frantzisko Xabier Munibe eta Idiakez, Peñafloridako kondea (1729-1785) buru zutela, Entziklopedia frantsesaren irakaspenei jarraiki, jakin izan zuten beren inguruan mugimendu ilustratu bat sortzen; haren adierazgarri nagusiak izan ziren, besteak beste, La Real Sociedad Vascongada de los Ami-gos del País deitu zuten mintegia. Elkarte sortu berriaren araudietan zioten, biltzen zirenerako ezin zitekeela libertsio onestago, atseginago eta onuragarriagorik aurkitu teatroa baino. Eta horrela 1762an hasi ziren Azkoitian El Borracho Burlado opera elebidunarekin eta honi jarraiki zioten hainbat obra, frantsesetik eta italieratik gaztelaniara itzuli zituztenak. Tamalez garai hartako antzerki asko eskuizkribu gisa gorde ziren moldiztegiratu gabe.
Maria Antonia Atxaran, pertsonaia erreala eta militar ospetsua izan zen Frantzisko Altzibar Jauregiren alarguna da, eta beraz dagokion tornuaren arabera emakume ilustratua. Beste biak herritar xumeak, eta ikus dezakegu elkarrizketa hauetan, ez soilik teatro honen helburuetarik nagusienetakoa mendeko argiak hedatzea zela, baizik eta une alaiak igarotzea ere bai Paris eta Donostiaren arteko konparazioak tarteko, eta zalduntxoen adiskideak zirela berriketagai, gogoko zutelarik beren buruak islatuak ikustea Teatroan.
Horrela bada, astolaster eta pastoralez aparte, Pedro Ignazio Barrutiaren (ala bere anaia Pedro Antonio Barrutia 1769an Mondragoeko apaiza zenarena ote?) Gabonetako ikuskizuna eta De la Gandaren obraren gai beretsuan, eta Peñafloridako Kondearen El Borracho burlado operarenean badugu beste antzerkitxo bat, Hego Euskal Herrian Ilustrazioaren adierazle dena, eta gure teatro tipia aberastera datorkiguna. Nik Sukaldeko disparatiak deitu nuen hitzaurretxo bat prestatu nionean, baina Borja aurkitzaileak Gran Tourra bezala bataiatu zuen eta Egan aldizkarian plazaratu zuen 2007an.
Uztailak 3.
SITM. Société Internationale pour l'étude du Théâtre Médiéval elkartean bere XII. jardunaldiak antolatu ditu Lille hirian uztailaren 2tik 7ra eta, nire partaidetza onartu dutenez, hitzaldia bostean daukat Manusc-rits et Archives sailean, frantsesez dudalarik txostena honako tituluarekin, “Les recréations de mystères et romans chevaleresques dans le théâtre basque”; egun PDF gisa aurki daiteke Interneten http://sitm 2007.vjf.
cnrs.fr... atarian, eta baita beste partaideen hitzaldiak ere.
Margarekin beribilez joan gara Tourseraino eta gero han beribila aparkalekuan utzi ondoren, trenez goaz Toursetik Lilleraino. Hara iritsitakoan, Hôtel Mercuryn alokatu dugu gure kasa lo-lekua. Ilunabarra da maletak hustu ditugunerako. Leihoak ireki eta enarek, gelditu gabe, ziztu bizian zeharkatzen dute zerua hamaika bidez. Ibili pixka bat hiri ezezagun honen irudiak barneratzen kaleetan zehar eta, Au Lyon bossun afaltzen dugu. Entsalada, dorada eta txerrikia, dena Pouilly-fumé on batez bustirik.
Uztailak 4.
Biltzarkideekin autobusez goaz goizeko zortzi eta erdietan ia mende batez gudaroste espainolen menpe egon zen Arrasera. Lehenik Théâtre du Norden egoitzan zenbait aditu (Silvère Monegaldo, Michèle Gally, Frédérique Cazères-Emmanuel, Matilda Bruckner, Tiziano Pacchiarotti eta Sonia Maura Barillari), frantsesez denak, juglarrez eta Erdi Aroko teatro profanoaz mintzatu zaizkigu, azpimarratuz Adam de la Halleren Le Jeu de la Feuilléez, eta Jeu de Saint Nicolasen emakumezko parte hartzerik ez zela izan. Estilo gotiko dirdiratsuaz eraiki XV. eta XVI. mendeetako Hiriko Etxea eta dorrea ikusgarriak dira. Benetan fresko ederrak mirets daitezke Festa Aretoan: Gustave Louis Jaulmesen eta Hoffbaueren pintura modernistak. Cocktail bat eskaintzen digute bertan. Ondoren, Robespierre Aretoan bazkaltzen dugu. Mediateka eta eskuizkribu zaharrak begiztatzen ditugu, aho zabalik, eta Lillera itzultzen gara. Han Margarekin murrailetarik ibilaldi luze bat egin ondoren, Le Bistrot Lilloisen amaitzen dugu.
Uztailak 5.
Gosaldu eta Musée de Beaux Artsera goaz. Benetan ederra da eta modu argian daude kokatuak eder-lanak oro. Hasi Egiptoko garai eta lurraldeetatik, haur baten sarkofagoa, difuntuen hilarriak... , gero Erdi Arora igaro eta zenbait eliza zaharretako atariak, triptikoak, santuak eta hala italiar nola flandriar pintoreen maisulanez dastatu. El Bosco, Brueghel eta haien eskolakoak, hala nola Champaigneren, Zurbarán frantsesa deituaren pintura erlijiosoa. Honen bi erretratu benetan miresgarriak: Richelieu kardinala, Jean Ambroise, Duvergier de Hauranne, Saint Cyrango abadearena, sudur luze eta bizar ongi moztuarekin eta esku eskuina alba zuri batetik Biblia Sacra eta St. Augustini Opera liburuen gainean irteten ageri dena, eta haren iloba zen Martin de Barcosena, hau da Barkoxekoarena, zein komentatzen dituen François Legrandek Absolutoaren erretratuak kapituluan. Connaissance des Arts bildumako Philippe de Champaigne entre politique et dévotion alea erosi dut.
Jarraian banoa Campus alderat, Maison de la Recherche deitura. Ia ordu bat luze metroz eta autobusez. Denak bazkaltzen ari direnean iritsi naiz. Francesc Massip agurtu dut eta berarekin eta besteekin bazkaldu. Nire txanda suertatu zaidanerako Oscar Armando García mexikarrak egin du bere performancea sagar bat erakutsiz Ebak legez, eta bertso batzuk errezitatuz eta Mexikon ohi den teatroaz mintzatuz. Hamabost minutu soilik nituen nire lana aurkezteko. Gutxitxo hamar pastoralez hitz egiteko (Ester, Judit eta Holopherma, Abraham eta Maria, Jundane Eustaxa, Ursula eta hameka mila neskatila, Klobis, Jean de Paris, Jeana Arkekua, Pierra Probantzako eta Magalona eta Rolan), UNEDen argitaratuko dudan 945 orrialdeko liburuaz. Powerpointean erakutsi ditut ilustrazio batzuk, eta irakurri dudanean X. mendeko Hroswitha monja famatuarengandik testu batek latinetik frantsesera eta hemendik euskarara iragan bidea, pozik utzi nauelarik entzulegoaren irribarrea sumatu baitut, hona elkarrizketa.
Latinez:
ABRAHAM: –Ubi est verecundia tua virginalis? Ubi conti-nentia admirabilis?
MARIA: –Evacuata.
ABRAHAM: –Ubi est angelica illa, quam in terris egisti, co-versatio.
MARIA: –Prorsus perdita.
Frantsesez:
ABRAHAM: –Où est votre pudeur virginale? Où est votre chasteté admirable?
MARIE: –Perdue.
Eta euskaraz:
MARIA: –Oh, aitetako trendena
Jinko salbazalia,
Galdu dut ene floria
Ainu galdu bizia!
Non ikusten den Hroswitha X. mendeko monja jakintsuak latinezko teatro profanoa kristau bidean ezartzeko ahalegin hura, hemezortzigarren mendean iritsi zen Zuberoako herrira, eta euskal poesiaren doinuaz jantzi zen.
Arratsaldeko zortzi eta erdietan oso hitzaldi-proiekzio interesgarria izan genuen, Corneliu Dragomirescu errumaniarraren eskutik. Zinema eta Erdi Aroko teatroa, alegia, nola islatu den azken hau, gauza jakina izan arren Hollywoodek ez dakiela gauza handirik gaiaz, eta gaia tratatuz filmen bat sortzen duenean, erabat faltsu gertatzen dela. Noski, Bergmannen edota Dreyerren filmak egiatik askoz ere gertuago daude.
Uztailak 6.
Lille-Roubaix metroan. Metroa lurrazaletik doa, ez da topoa bezalakoa, beraz, hiriko kaleak eta etxeak gertutik eta ongi miretsi daitezke. Aspaldiko partez, gaur eguzkia atera zaigu agurtzera eta pozik jasotzen dira haren goxoaldiak. Benetan ederra art deco moldean eratu deitu piszina hau, bere inguru guztia estatua zuriz eta txarro jigante urdinez apaindua. Zureria garbi-garbi dago, eta halaber beirateak. Albert Baert arkitektoak burutu lanari benetan interesgarria deritzot. Liburu-denda zaharretan zehar ibili naiz eta Henri Liebrecht-en Quelques traditions et coutumes du Folklore Belge (Côte d´Or, 1947) erosi dut 35 eurotan; benetan estanpa koloreztatu ederrak ditu; horietan ikusten delarik nola gai eta ohitura berdintsuak dauden barreiaturik Europako bazter gehienetan. Gaur bigarren aldiz Bistrot Lilloisen afaltzen dugu, ia inoiz gertatzen ez zaiguna, baina benetan hain ona iruditu zitzaigun betiko janari frantses hau, zerbeza, tripakiak eta andere zerbitzari guztiz atsegina, non prest geunden errepikatzeko.
Uztailak 7.
Azken eguna Lillen. Eguzkia atera zaigu berriro agurtzera. Bagoaz kanaletarik zehar oinez. Pont de Dunkerken gaude eta zubi azpitik igarotzen dira gabarrak. Agur, hainbeste gustatu zaidan eta ezagutzen ez nuen hiri sinpatiko honi. Agur, Martine Aubry argiari, Jacques Delors 1985etik 1995era Europako Komunitatearen zuzendari izan zenaren eta euskal etorkiko amaren alabari, auzapez lanetan hain ongi moldatzen denari.
Uztailak 8.
Angersen gaude orain Hôtel St. Julienen, hiria ikusteko asmoz. Anjou kondeen gaztelu zaharra bisitatzen dugu. Dorre horietatik Maine ibaia ikus dezakegu eta bertako sotoan dauden Erdi Aroko tapizak miretsi. Aretoa ilun-iluna dago eta bere denbora eskatzen du iluntasun honetara ohitzeko, baina horrela tapizak hobeto ikusten ahal dira. XIV. mendeko Apokalipsiaren Tapizak ikusteak txunditurik uzten gaitu. San Juanen liburuaren testuetan inspiratua, 1373. urtean merkatari ehule zen Nicolas Bataille-ri Luis I de Anjou Dukearentzat egindako enkargua da. Jacques Cailleteau-ren zuzendaritzapean egin Tenture de l'Apocalypse d'Angers. L'envers & L'endroit (1996) liburuak erakusten dizkigu irudi ederretan haien ifrentzua eta aldea. Hennequin (Ganix) Brugesekoa izan zen pintorea eta Leizarragaren translazionearen arabera, adibidez honela agertzen da satana igela bat ahoan duelarik, hala nola zazpiburudun herensuge bi, bata bestearen bizkarrean:
13 Eta ikus nitzan ilkiten dragoinaren ahotic, eta bestiaren aho-tic, eta propheta falsuén ahotic, hirur spiritu satsu iguelén iru-dicoric.
14 Ecen badirade deabruén spiritu, signoac eguiten dituztenac, eta lurreco eta munduco reguetara ioaiten diradenac hec ditza-tençát Iainco bothere gucitacoaren egun hartaco bataillara.
Beribilez bagoaz iparraldetik hegoalderantz eta Ré Uhartean gelditzen gara. Hôtel Le Porten hartzen dugu ostatu, eta leihotik ia uki daitezke kaiko belarien mastak. Atzo gauean bidaia honetako afaririk garestiena gertatu zitzaigun Le Perroquet Noir-en, egia da arraina primerakoa zela, baina... gehiegixko iruditu zait. Uharteko Faroari, itsasargiari ere bisita egin diogu, eta eskailera guztiak igo ondoren, bertako bistak zoragarriak dira. Itsasoaren ostertz zabal borobila!Uztailak 9.
Etxera, bada ordua eta. Ez dakit sortzen didan malekoniagatik edo Chaho ere bertan bizi izan zelako, edota kale zahar estu, oraindik turismoak gehiegi hondatu ez duelako, hainbeste maite dudan Baionara iritsi, hemen bazkaldu eta Donostiara. Txillardegiren Leturiari buruzko lana prestatzera.
Uztailak 17.
Euskaltzaindiko Literatura Ikerketa Batzordeko taldeak, Jean Haritschelhar buru, Udako Euskal Unibertsitatearekin bat, Donostian antolatu dugu geure Txillardegiren omenaldia, hamaika hitzaldirekin gaia hau dela: Leturiaren egunkari ezkutua eleberriaren ekarpena XX. mendeko euskal narratibaren testuinguruan. (Ikus Euskera 2007). Nire txostena “Liburuaren harrera garaikideen artean”. Lehenik, gazte-garaietan Eup Pelissier sortu zuten elkarte soziokulturalaz mintzo naiz, geroxeago idatzi liburuen zerrenda ematen eta, azkenik, Leturiaren sorreraz eta harreraz. Egunkariak nobela mota gisara eta nola aipatzen duen Henri Frédéric-ek Amiel, hamasei mila orrialdetik gorako Journal intime bat idatzi zuen, zeinaren helburua bere nortasun propioa ezagutzea baitzen besterik gabe. Eta harreraz Koldo Mitxelenak, Jon Mirandek, Andima Ibiñagabeitiak gutunetan diotena aipatzen dut, hala nola sortu zen eztabaida Jakin aldizkarian Iñaki Bastarrikak idatzi gutunaren eta honi Txillardegik egin erantzunaren artean... Nola eskola zaharrekoek ezin konpreni zezaketen existentzialismoaren jaidura berria, ezkontza tradizionalaren eta erlijioaren kritika, indibidualismoaren, antidogmatismoaren eta egiaren erlatibismoaren aldarrikatzea, gaur bertan Joxe Azurmendik ere dioskunez, konpromiso erradikalarekiko deiadar bat esan nahi duelarik Leturiak. Entzun ziren Txillardegiren eleberrigintzaren kontrako oihartzunak ere jardunaldietan, hala nola Iñaki Aldekoarenak:
... Egiatik asko du Leturiaren azken aurkikuntzak, alegia, mai-tasunerako ezintasuna dela dohakabearen patua, inor ulertzeko, ino-ri emateko, inor laguntzeko ezintasunak egiten gaituela dohakabe. Baina egia hori ez du literarioki lortu, filosofikoki baizik. Azken finean Leturiaren egunkari ezkutua jeneroaren abusua da eta, ko-bentzioaz harago, ezer gutxi du nobelatik.
Kongresutxoa bukatutakoan Donostiako Alderdi Ederran LIBekook elkarrekin atera genuen fotografian gaude ezkerretik eskuinera: Jon Casenave, Iratxe Retolaza, Gorka Aulestia, Lourdes Otaegi, ni, Txillardegi, Iñaki Aldekoa, Ana Toledo, Jean Haritschelhar, Sebastian Gartzia eta Karlos Otegi.
Irailak 5.
Mikel Arregi adiskide onarekin banoa Palentziara, han azterketa batzuk ditudanez. San Juan de Bañoseko eliza bisigotikoa bisitatzen dugu, Espainian zutik geratzen den zaharrenetarikoa. Halaber Santa María la Mayor, hala nola bidean aurkitzen ditugun beste ermitatxo txikiak. Bisitatzen dugu Urueñako Joaquín Díaz Museoa eta haren liburutegia kantutegi, erromantzero, ipuin, legenda, errefrau eta herri-literaturan espezializatua. Gráfico de los Evangelios y Fiestas del Año Litúrgico delako afixa handia, komiki jigante bat bailitzan, Itsua eta itsu-mutila, coplas de ciego bertsopaper saltzailea... 2006an argitaratu La Voz y la memoria sinposiumeko emaitza diren bi tomoak, Palabras y mensajes en la tradición hispánica, azpititulutzat daramana erosi dut. Lehen liburukia, Homero y el arte verbal, Luis Alberto de Cuenca poetak idatzi artikuluarekin hasten da. Urueña herri ederra da, Valladolideko liburu-dendarien asteburuetako kokaleku bilakatu bide dena. Liburuari omenaldi egin nahiz, Diputazioak Villa del Libro izendatu du, eta etxe ederrenak liburu-denda itxuraldatu dira zaharberritze-lanen medioz. Paseatzen ari ginelarik bertatik topo egin dugu Maite Gonzalez, Euskal idazleen Elkarteko idazkariarekin eta bere Herbeheretako lagun idazlearekin.
Irailak 8.
Palentziatik Donostiara trenez ohiko Santiagoko erromesekin batera itzultzen naizen bitartean, Mosen Finley-ren El Mundo de Odiseo irakurriz noa. Mexikon Fondo de cultura económica (ecuménicaren ordez, bildumari izena aldatu zitzaion oker batez) argitaletxeak plazaratu New Yorken jaiotako gizarte historialari honek, sorginen ehiza sufritu ondoren bere egunak Cambridgen amaitu zituen sir titulua lortuz eta obra eder askoak utziz, esku artean daukadan hauxe, besteren artean. Greziako gizarte arkaikoaren erretratua egiten digu bikain eta sakon. Iliada eta Odisearen azterketaren bitartez, garai haietako ohiturak, bizimoduak eta mentalitateak ikertzen dizkigu, gertaera ospetsuen badaezpadako historiaren benekotasunari kasu gehiegirik egin gabe.
Irailak 13?Lezoko Udalak erabaki du Gerra Zibilean hildakoen aldeko ekitaldia egitea eta bertan plaka bat ezartzea. Jende ugari bildu da eta niri eskatu didate hitz pare bat esateko. Erantzun diet oroitzapenak dituztenek eta egoera tragiko haiek zuzenean sufritu zituztenek dutela benetan hitza, eta besterik gabe garai hartaz aitak idatzitako bi bertso zahar kantatu nituen. Oroitarriari estaloihala kendu zaionean honakoa irakurtzen ahal da:
LEZOKO HERRIAK 1936KO GERRAN ETA GERRAONDOAN
FRANKISMOAK HIL ETA ZIGORTUTAKO HERRITARREN
OHORETAN ETA OROIMENEZ
2007KO IRAILA
Irailak 15.
Berriro Patxirekin eta Margarekin bagoaz Parisera. Goizean Easo plazako Gozoki kafetegian bildu gara eta bertan kafesne eta kruasan goxo bana hartutakoan Hendaiako tiketak geltokian erosi eta bederatzi eta erdietan Hendaia-Paris bidaia aski azkar egiten duen TGVn sartu gara. Libération, El País, El Diario Vasco eta Berria baditugu irakurgai eta bagoaz polliki-polliki gibel utzirik Donibane Lohizune, Miarritze eta Baiona. Gero jada abiada biziagotzen du eta Margak Officiel des Spectaclesen agertzen diren museo, erakusketa, zinema eta jatetxeak komentatzen dizkigu. Benetan ederra oraingoan Margak alokatu duen apartamentua. Bi solairu ditu eta aski bereziak. Liburuak non-nahi irakurlearen zain, eta batez ere teatrokoak.
Irailak 16.
Banoa berriro Richelieu kalean dagoen Liburutegi Nazionalera, hemen baitautza eskuizkribuak, ez Tolbiacera. Eta Fonds Celts et Basque-seko zenbait eskatzen ditut errepasatzeko, batik bat Anton Abbadiak bilduak (167, 169, 171... ), hala nola XVI. mendekoak diren Bernard Etxauzekoaren gutunak, Collection Clairambaulten daudenak, non besteren artean bat euskaraz aurki daitekeen bere anaia Françoisi, Saint Pierre d´Olérongo bikario zenari, 1584an zuzendua. Ohar batzuk hartzen ditut urkaberako baladen bildumarako, hala nola Justo izeneko irundar bertsolari batek Juan Bautista Troppman hiltzaileari jarritako 26 bertsoak.
Marga, Patxi eta hirurok elkarrekin bazkaltzeko gelditzen gara eta Willi's wine bar ostatuan bazkaltzen dugu eguneko platera, eta erosten bertako posterra, non sirena bat irudikatzen den mahaiko plateran, ardo zuri edontzi baten ondoan, sardina bailitzan.
Irailak 18.
Musée Guimetera goaz, Iéna metro ondoan dago. Afrika, Asia, Amerika eta Ozeaniako antzinako eta egungo artelanak dastatzen ditugu poliki hasieran eta arinago gero. Munduan zehar musika sortzeko asmatu tresneria... Amaiezina da erakusketa eta unean, beren edertasunak lipar batez gozatzen dituzularik ia jada burutik joaten zaizkizu irudiak, hainbat eta hainbat baitira... , eta hain baita mugatua gure oroimena.
Irailak 19.
Gaur ere ibilaldi luzeak egin ditugu. Horretarako oso aproposa da Paris, eta ongi gosaldu ondoren Musée de la Vie Romantique bisitatu dugu. Txikia da baina xarmanta. Aurore Lauth-Sanden legatu artistikoa: Chopinen maitale izandako George Sanden irudiak, erretratuak eta margoak. Jacques Garcia dekoratzaileak Ary Schefferen lanak, hala nola bere garaikide zenbaitenak lehen solairuan ipini ditu eta saloian lau belaunaldik, Scheffer, Renan, Psichari eta Siohanek osaturiko liburutegi aberatsa.
Irailak 20.
Le Marais plazatik eta arkupetarik igaro eta bagoaz Pompidou zentrora. Biblioteka itxita dago. Itzultzen gara Sorbona aldera, Rue des éco-lesen dagoen L'Armathan argitaletxe-liburu-dendara, Historia sailera. Boterea eta honen XIX. mendeko errepresentazioei buruzko liburua erosten dut. Nathalie Scholz eta Christine Schröer-ek 2007an plazaratu Représentation et pouvoir. La politique symbolique en France (1789-1830). Guztiz interesgarria iruditu zait, zeren eta egun ere nabarmena da botereak daukan irudi eta ekitaldi sinbolikoen beharra.
Bazkaria txinatar jatetxe batean egiten dugu, eta sekulan berdinik jan gabeko ahate lakatua probatzen dugu zeremoniaz beteriko zerbitzari batzuek buru-erreberentzia anitzez mahairatua. Kalera ateratzen garenean, iruditzen zait mundua irakiten dagoela Les Halles inguruan. Denda bateko ordutegiak grazia egin digu: Selon l'humeur. Alegia, nagusiak gogoa duenean irekitzen duela bakarrik.
Arratsaldeko zazpi eta erdietan Gaetano Donizettiren L'Elisir d'Amo-re dugu La Bastilleko operan. Aretoa, handia da eta jendez mukuru, esalkiak oro beteak. Margak irakurri-itzuli digu gaztelaniara argumentua. Moldaketa bitxia da bere modernotasun-nahian. Libretoan XVIII. mende bukaeran Ipar Euskal Herrian kokaturik zegoena, gerraondoko Italiako herrixka batean ipini dute Laurent Pelly et Agathe Mélinand zuzendari eta eszenografoek. Protagonista vespa batean badabil agerlekuan traktore eta benetako kamioi artean batetik bestera, zakurrak... ikuskizunari zinema neoerrealistaren ukitua emanez. Giro honetan, dena den, Désirée Rancatore (Adina) soprano italiarraren eta Dmitry Korchak tenore errusiarraren (Nemorino) arteko elkarrizketak benetan ederrak dira eta, Una furtiva lacrima entzutea (hobeak ere badirelarik, Pavarotirena, adibidez) aski da sentimenduekin hegan leku ezezagunetara hegaldatzeko, jatorrizko izaera baikor eta koloretsua biziarazteko.
Irailak 21.
Ostirala. Gosaldu eta bagoaz Liburutegi Nazionalera Trésors pho-tographiques de la Société Géographique delako erakusketa ikustera. Prospektuan Georges Révoil-ek Moguedouchoun 1882-1883an ema-esklabo bati egin argazkia. Eta hauekin batera eskuizkribuak, mapak, gutunak, marrazkiak, bidaia-karnetak... Munduari bira benetakoa, Japoniatik Yucatanera eta Panamako kanaletik Mongoliako paisaietara... munduan zehar fotografo zenbaitek hartutako argazkien bilduma ikusgarria da benetan, lekuko hauen bitartez lurraren ezagutza sakontzen dugularik. Pena, Anton Abbadiarenak ez daudela... Irailak 22.
Itzultzeko eguna. Atzo gauean film japoniar bat ikusi genuen Tolbiaceko Liburutegi erraldoiaren aurrez aurre, Sena ibaiaren bestaldean eraikia dagoen eta ezagutzen ez genuen Cinémathèque française berrian. Jasuzo Masumurak 1967an sortua. Chijin no Ai, hau da, Katu japoniarra, non neskatxa gazte bat bere senar ingeniariaren jabe egiten den, asto bat bailitzan lau zangoz ibilarazten duen ahoan uhala ezarriz, lezoarrek arre-konkon diogun bezala, eta berarekin nahi duena eginez. Honek, noski, garaiko gizarte tradizionalean eskandalu handia sortuko zuen dudarik gabe, baina gizon-emaztearen arteko harreman psikologiko eta sexualei buruzko azterketa garratz eta krudela iruditu zaigu.
Urriak 27.
Irun Poesia Sariak direla-eta berriro bildu gara Santiago Aizarna, Iñaki Aldekoa, Jon Kortazar (Henrike Knörr hilberriaren ordez), Lourdes Otaegi eta neroni epaimahai gisa eta, bozeramaile-lanak egitea suertatu baitzait, hona nire ohartxoa, Kutxak poema bilduma argitaratzean bukaera aldean modu dotorean dakarrena:
Hondarrabiko Karlos V.aren gazteluaren goiko aretoan, harri zaharrez eta flamandar tapiz mitologikoz inguratuta, 2007 Irun Poesia Sariko epaimahaia bildurik zortzi poema libururen artean Ahapetik titulua daramana hobetsi da, zeina Mikel Ibarguren zestoarrak idatzia gertatu den.
Agian zugan... bi hitzokin hasten diren bertsoek poeta maitemindu, zalantzaz eta kezkaz betearen barnemundua adierazten digute. Bizitzaren tristurak eta pozak, gozamenak eta sufrimenduak... hitz batez, intimitatea, zeina filosofiaz jositako gogoetez harilkatzen den, ikuspegi aski ezkorrez. Zuaren eta Niaren arteko dialektika bizi horretan ausentzia da nagusi eta horren adierazle dira betetasun eza nabarmentzen duen des- aurrizkiaz osaturiko hitzak: desleku, desmaitatu, desordu... Galera horren adibideak egilearen beste poema-liburuetan ere ageri dira, hala kartzelan idatzitako Hemen gauak lau ertz ditu (1996), nola Deserriko ka-rrikak (2002) izenekoetan: desabitatu, desagertu, deserri, deserritu, desgaraiz, desizen, desjabetu, desmaitatu, desneke, desterru...
Beraz, konstantea da idazlearen poetikan mundu zoriontsutik deserrotze horren agerpena. Poesia sentimendu hutsez soilik nekez elika daitekeen arren, bizitzaren tragikotasuna haiek gabe egiantzaz moldatzea ezinagoa da oraindik. Gure poeta gazte honen ibilbide poetikoa benetan ongi abiatua da, hizkuntza dotore eta errazez, ahots erakargarriz hornitua baitauka eta irudimenaren ganbara metafora ederrez jantzia.
Azaroak 2.
Koadrilak (Patxi, Marga, Kontxa, Marta, Arantza eta neronek) Arantzara uso jatera joatea erabaki dugu. Enkarguaz Marta arduratu da, bera lesakarra baita. Lehenik bisitaldia egiten diogu Lesakako elizari. Badu Lezokoaren antzik, baina bazter bateko harri zizelkatuen irudiak benetan gustatu zaizkit: Goi partean ezkerrean Adan, Eba, zuhaitza eta sugea. Beraz, paradisua. Eta bestean, San Martin zaldi gainean kapa mozten, behartsuarekin partekatzeko. Karitatearen irudi ezagun eta zabaldua... Arantzan ikusi dugu frontoi ondoan lurrera iristen ez den harrizko zutabea airean, koadro surrealista batetik irtengo balitz bezala, eta beste bitxikeria, nola betetzen duten herri honetan legea. Hau da, Udaletxeko balkoi nagusian ikurrin eder bat ageri da aireak kulunka, eta leiho batean, ondoan, espainola txiki-txikia, paretan itsasita bailegoen. Barre dexente egin dugu, aginduak nola konpli daitezkeen ikusiz...
Azaroak 20.
Idoia Gereñu tolosarrak prestaturik, Antzerti 75 Urte Ondoren liburua aurkezten du Udaletxean, eta bi hitz esateko eskatzen dit niri, lan honen prestakuntzan eta editore bila lagundu diodanez. Aretoan, Euskal Herria irudikatzen duen armarri handi bat. Eta inon argitaratu ez dudanez, hona hemen testua:
Jokin Bildarratz, Tolosako Alkate eta Donostiako Alkate eta Kultura Kontseilari Ramon Labaien jaun agurgarriak, gaur hona bildu zareten guztiok, gabon.
Bene-benetan pozgarria zait Idoia Gereñuren eskutik datorkigun Antzerti 75 Urte Ondoren liburu ederrarren aurkezpenean parte hartzea, horrelako okasioak euskal kulturaren esparruan eta bereziki teatroarenean ez baitira maiz gertatzen.
Aurtengoa, dena den, urte gogoangarria dugu uzta ez baita nolanahikoa izan. Alde batetik, Borja Aginagalde Irargiko artxibo-zaindariak XVIII. mendeko antzerki ezezagun bat argitaratu baitigu, Joakin Altzibar Jauregi eta Atxaran azkoitiarrak idatzia, Azkoitiko zalduntxoen giroa oroitarazten diguna eta 1772an Azkoitian antzeztua.
Neuk Teatro Popular Vasco. Manuscritos inéditos del siglo XVIII. Estudio y edición, UNEDen argitaratu dut hamar pastoral ikertuz eta transkribatuz (Ester, Judith eta Holopherma, Abraham eta Maria, Jundane Eustaxa, Ursula eta hameka mila neskatila, Klobis, Jean de Paris, Jeana Arkekua, Pierra Probantzako eta Magalona, eta Rolan), eta baita Serafin Barojaren Elcano opera-libreto argitaragabea Revista de Lenguas y Literaturas catalana, gallega y vasca delako errebistaren 12. alean. Eta azkenik Idoia Gereñu langile gazte eta teatrozale handiaren eskutik II. Errepublika garaian Antonio Labaienek bideratu eta ia bakar-bakarrik moldatu zuen Antzerti teatro-errebistaren ikerketa eta faksimilea, bertako 56 aleetan 46 antzerki ematen zaizkigularik.
Euskal teatroarekiko oroitzapenen ganbaratik bi aipatuko ditut benetan gozoak baitzaizkit. Bata duela hamar urte, 1998ko azaroaren 13an, hemen egin nuen hitzaldia, Antonio Labaienen omenez Euskaltzaindiak prestatu zituen Herri Literatura Jardunaldietan, zeinetan bere hitzokin hasten nintzen:Gure txikian aiek bezin aundi izan gaitezke ondo ikusten gure inguruko gizadiaren sakona: eta itzez eta egitez neurriz tajutzen badakigu: Irria luze, nigarra labur.
(A.M. Labaien, “Gure teatroa ta beste”. Egan, 1959, XII, 159-161)
Bestea, 1984an Euskal Antzertia liburua aurkeztu eta Euskal Teatroaren Erakusketa San Telmo Museoan ireki genueneko fotografia. Mahaian, Manuel Lekuona, Ramon Labaien, Eugenio Arozena eta neu. Erakusketa hartan tolosar batek lagundu zidan, Tuduri argazkilari eta zinegileak, eta esan behar dut Euskal Herri osoan barrena erakutsi zela gure teatroaren historiaren erakusketa hura. Donostiatik Baionara eta Bilbotik Mauleraino. Antzerti-eskolak eta antzezle taldeak funtzionatzen zuten garaiak ziren. Eta oroitarazi nahi ditut ixtorio hauek ahantzi ez daitezen, hain baita askotan memoria hauskor eta ahul. Eta bidenabar, antzerki bildumak aipatzen hasiz gero, has gaitezen hasieratik.
Lehen-lehenik Julien Vinson aipatu behar dut, hark argitaratu baitzuen 1891n XVIII. mendeko pastoral argitaragabe bat, San Julien eta Santa Maximixa-ren bizitzak kontatzen zituena. 1891. urtea zen, eta tamalez, hasi zuen Collection des Pastorales Basques delakoa lehen alean gelditu zen jarraipenik gabe.
Geroago, Julio de Urquijo ez baitzen izan, garbizalekeria aitzaki, bere Revista Internacional de Estudios Vascos (1907-1936) ospetsuan pastoralen oso zale, soilik Peñafloridako Kondearen 1762ko El Borracho Burlado, Ordi engainatua opera, eta Etienne Decrepten Maitena eta Amatxi argitaratu baitzituen.
Gregorio Mujika ormaiztegiarraren eskutik, bestalde, 1918an Izarra bilduma sortu zen, Euskal Esnalea aldizkarian 27 antzerkitxo ezberdin agertu zirelarik, 1918tik 1931ra. Bertan plazaratu zituzten Mujika berak, Alfonso Mª Zavala, Ander Amunarriz “A. Larraitz”, Toribio Larrea, Jon Iruretagoiena, Manuel Recondo, J.P. Etxeberria-Tolosa, Andoni Arozena, Toribio Alzaga, Arratibel, Mendizabal eta Telleriak. Batzuk emakumeentzat idatziak. Gehientsuenak komediak, saineteak, eta jostailu komikoak bezala aurkezten ziren. Haien artean bazen tolosar bat, alegia, Ander Amonarriz (Tolosa, 1881-Berrobi, 1953) Mendibetarren larriyak (1919), Izarran eta Antzertin urte batzuk geroago Ustegabeko poza (1933), Iturrian (1934), eta Biotz oneko neskatila (1935) antzerkiak plazaratu zituena. Baina tolosar antzerkigileei errepasotxo bat emanez gero, garbi dago ez zela lehena izan, tradizio aberats baten segida baizik. Oroitarazi ditzagun, besteak beste, honako izenak:
- Ramos Azkarate (1847-1904): Beotibarko jazarraren oroipena (1886), Ijitoen kontratuba...
- Eduardo Mokoroa (1868-1954): Zara (1913), eta Leider (1936).
- Baleriano Mokoroa (1871-1941): Damuba... garaiz (1897), Aitortu egin bear edo guraso baten estuasunak (Ibaizabal, 1902).
- Emeterio Arrese (1869-1954): Zara (1913), Leider (1936).
- Jose Eizagirre (1881-Donibane Lohizune 1949): Basotarrak (Euzkadi 1911) antzerkiaren eta Ekaitzpean eleberriaren sortzailea (1948).
- Jon Andoni Irazusta (1882-Lima 1952), eleberrigilea (Joanixio 1946, Bizia garratza da 1950); eta Loxintxa anzerkiaren egilea.
- Ixaka Lopez Mendizabal (1897-1977): Seaska abestia (1932). Martinez Sierraren obra ospetsuaren moldaketa.
- Xabier Peña (1914-1980): Ene Potxolo deitua.
- Ander Amonarriz (1881-1953). Gorago aipatu duguna. Eta
- Estanislao Urruzola (1909-1986): Askatasun garratza...
Hauei arima eta izpiritua izan zena erantsi beharko genieke, alegia, Jose Ariztimuño “Aitzol”, faxistek gerran Hernaniko kanposantu ondoan erahila. Horrexegatik deitu izan diote II. Errepublikako belaunaldi honi, batzuek Aitzolen belaunaldia, eta beste batzuek belaunaldi lurperatua edo generación enterrada. Beraz, talde euskaltzale mardula osatzen zuten Antonio Maria Labaienen aitzindari eta garaikide bezala kontsidera ditzakegun tolosarrek, hura euskal teatroaren mugimenduan gailurretarik bat dela esan baitaiteke.
Egile hauei antzezleak erantsi beharko genizkieke, hau da, bai Seaska-kantan bai Losintxak antzeztu zutenak, hala nola lizarditarrak Lizardiren Artatxuriketak eta Ana Joxepa ta Lizarbe (1935) obretan parte hartu zutenak, hala nola: Elosegi, Perez Izagirre, Galdona, Insausti, Esnaola, Leunda, Muñoa, Urkiola ahizpak, Munita, Artolazabal, Sansinenea, Agirre, Brau eta Ayerza, besteak beste. Labaienek Antzerti 1932an plazaratu zuenean, honakoa zioen lehen zenbakian:
Gaur lenengoz, irakurle maitea, Antzerti azaltzen zaizu. Antzerti bai, au da, Euskel Antzertiaren aldizkingia. Txiki ta apal datorkizula egia da; baita ere ordea, asmo aundi ta uste onez ornitua. Guziak, euskera ta gure Erria, antzertiaren bidez, suspertzearren.
Asmo oriek bete al izango ditugun ala ez gure adiskiden eskuetan dago. Ez ba'diguzute laguntzarik ukatzen ez degu utsegingo ta gero ta geiago gaur sortu dan aldizkintxo auxe sendotzen ta edertzen aleginduko gera.
Eta garbi dago ez zuela pottorik egin bere helburuan, Idoia Gereñuk frogatu digunez. Bertan era guztietako antzertiari buruzko albiste eta berriak agertzen zaizkigu. Bai bertako, bai eta kanpoko antzeztaldeen gorabeherak xeheki. Ostrowski eta Gorki errusiarrez, nola Pariseko L'Atelier, Les Quinze eta Arlequin antzeztaldeez, Zumalakarregiz antzerki bat idatzi zuen Friedrich Senbold alemaniarraz, Flandriako kristau antzeztalde eta antzerkigileez, Bretainiakoaz eta beste. Nolabait esan, antzerki ezberdin multzoarekin batera Teatroak euskal poetika bat aldarrikatzen zuen, gerraondoren ere finkatuz joango zena.
Eta gerra zibilaren ondoren erbestean zelarik, Euskal Herriko Sara herrixkan ez zion utzi idazteari eta argitaratzeari, zeren Baionan argitaratzen zen Gure Herrian plazaratu baitzuen Gachucha, “Becassine” Leone Galvez eta Henri Caouissinek (1938) idatzia. Eta geroxeago Guatemalako Euzko Gogoan ere jarraitu zuen bere lanak plazaratzen.
Noizbait Etor argitaletxeak Antzertirekin egin duen bezala egingo balu Gure Herria edo Izarra bildumekin, ez legoke batere gaizki, eta horrela nioena Antzerti berezi 5 hiruhilabeteroko aldizkarian 1983ko azaroan Antzertiteka artikuluan, honen beharraz mintzo, aurrerapen dexentea egingo genuke. Orduko Antzertin ziren bildumak osatzen saiatu ginen zertxobait. Hauek, batik bat Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegian daude, noski, denen eskura. Baina egundaino ez dago Euskal Teatroaren liburutegi oso bat inon, ez eta literaturari dagokionez, euskal eskuizkribuen katalogorik ere.
Ez dezagun, halere, esperantzarik gal eta Donostian ez bada Bilbon edo Tolosan edo beste nonbait noizbait lortuko baitira euskal kultura eta antzertiak bere garapenerako behar-beharrezko dituen tresnak. Badaukagu bada gure artean XX. mendea aztertzeko, eta asko dago ikertzeke oraindik kultura arloan, hala nola, Euzkadi, Eskualduna, Herria, El Día, Eguna, La Voz de España, Argia eta beste zenbait egunkari eta errebista hustu eta sailkatu eta herrietako artxiboetarik sor dakizkigukeen albiste interesgarriak jaso eta ikuspegi orokor bat osatu. Oraindik egin ez dena. Bada lanik, beraz. Eta besterik gabe bide honetan milesker eta zorionak berriro Idoia Gereñuri burutu duen lan benetan eredugarriagatik.
Azaroak 25.
Kontxitari, hau da, María Concepción Esnaola nire amaginarrebari tronbo bat jo dio eta jergofasia dauka. Ezin hitzik esan berriketan eten gabe jarraitu arren. Esan ditzakeen hitzak: ola, agur, horrible, eso... dira, eta ospitalean medikuak aztertu duenean, ikasle taldea eraman du berarekin, oso kasu berezia baita. Beti bezain panpoxa eta irribarretsu egon da medikuarekin eta beste denekin eszenako protagonista bailitzan.
Abenduak 11.
Antonio Dominguez Rey UNEDeko lankideak, bere harreman berezien medioz, SERTA poesía y pensamiento poético errebistaren 9. alea, 2006-2007 Madrileko Casa de Asia deituan, arratsaldeko zazpietan aurkeztea lortu du. Richard Burnsen ingelesez eta gaztelaniaz ematen den hamabi puntuko deklarazio batekin hasten da; nik hemen lehena soilik ezarriko dut euskaraz:
Ez dago alde eta aldi gunerik. Lekuak oro, garai guztiak dira era berean zentro eta periferia. Yeatsen doluari Octavio Pazek honela ihardetsi zion, el centro no se tiene (1919), ezin daiteke zutik egon erdigunea, azpimarratuz gure historian lehen aldiz garela gizarte osoaren garaikide (1950).
Eta hala, gaur egun irakur ditzakegu munduan beste aldean dauden poetak, eta Fernando Pérez-Barreiroren La larga marcha de la poesia china moderna antologiari esker, hamaika poetaren artean Gu Cheng (1979) bezalako poeta, zeinak poema batean esaten baitu: Belaunaldi Batez. Gau beltzak begi beltzak eman zizkidan / baina neuk argia bilatze-ko darabiltzat. Aurkezpena eta Antonioren hitzak bukatutakoan, modu xumeagoan jarraitzen dugu literaturaz, hontaz eta hartaz mintzatzen Bernardo Atxagari hainbeste gustatzen zitzaion Hotel Suecia errestaurantean afaltzen dugun bitartean.
Abenduak 13.
Iparraldean Euskal Kultura-L'Institut Culturel Basqueko zuzendaria den Daniel Landart adiskidearen bitartez lortu dut Elkar Baionako liburutegian goizeko 11tan Conference de presse... delakoa, hau da zenbait kazetariren aurrean, Jean Haritschelhar Euskaltzainburu ohia lagun, XVIII. mendeko hamar pastoralen edizioa paperean eta CDan aurkeztea. Nire Iparraldeko gauzekiko atxikimenduaz mintzatu naiz lauzpabosten aurrean. Ez du, noski, animo handirik ematen ia mila orrialdeko lana burutu ondoren hain jende gutxiren aurrean egoteak, baina, ohiturik nagoenez, ongi pasatu da goiza, Daniel eta Jean Rôtis-serie du Roi Léonera bazkaltzera gonbidatu ditudalarik; hango harlauza zaharrak harrigarriak dira, eta kanpoko hoztasuna laster joaten da giro epelean.
Abenduak 18.
Lander Zurutuzak, Udal Liburutegia “Andreone” Kultur etxeko zuzendariak gutun bat idazten dit Jaizkibelen erdi salbaia gisa edo ermitau moduan bizi zen eta idaztea gustatzen zitzaion Tarragona deitzen genuen gazteaz [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 29)]. Bitxia Tarragona gazte erdi-basati honen poesiarako joera!
Abenduak 20.
Senperen, Gratien Adéma “Zaldubi”-ren mendeurrena (1828-1907) ospatzen dela-eta, areto xume batean Euskaltzaindia eta herritar batzuk bildurik, Mikel Zalbide mintzatu da lehenik Iparraldeko XIX. mendearen bigarren erdiko euskalgintzaz: Zaldubi eta bere garaiaz; Xabier Altzibarrek Ademaren prosa idazlanak ikertu ditu, Henri Duhauk prestatu edizioaz, hau da, Gratien Adema Zaldubiren Saindu batzuen bi-ziaz, eta neronek lan xumeago bat aurkeztu dut, Ademak idatzi Jeus poemaz iruzkinak. Herriko auzapezak, Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohiak eta Andres Urrutia euskaltzainburu berriak hitz batzuk esan dituzte; Euskera 2007-3n bildurik daude denak.
Anton Abbadiaren Lore Jokoetara aurkeztu bertso batzuk hartu ditut mintzagai, beraz, eta zehazki honela bukatzen direnak:
Zoroa, zer diot!... Bertsu hauk jeus balio!
Gauza segura da jeusez egin tudala,
Bada nik ez nuen jeus nahi gehiago,
Urus nahietan jeus eskas ez duena!
Ez jeus bat.
Eta azpimarratu dut batzuentzat Kantiketan ageri dela gailen, eta poeta gutxik diruditela hain indartsu, hain grazios, hain natural. Halere, Bengoetxea kritikoak dio gai profanoetan daukala bai edukiz eta bai formaz askatasun gehiago, eta esan litekeela estilo-baliabideak nabarmenago ageri zaizkiola honelakoetan. Bat gatozela gu ere, diot, baina ez duela euskal poesian jarraitzaile askorik bere poesia mota honek, baina, hor daukagula, adibidez Jon Mirande paristarrak 1950 urte inguruan moldatu zuen Nihil igitur mors est, honela bukatzen dena:
Gizendak eri zirelarik
Bizi-min deithu minbiziaz,
Mintzo zan, ixil, ez-jainkoa;
“Deus ez da” zion “herioa:
EZ dena Ezin daiteke hil”.
Ex nihilo nihil fuit, Deus ez da deusetik sortzen ahal gogoetaren bidea luzea izan baita filosofian eta poesian. Hasi Lukrezio eta haren De Natura Rerumekin eta gero Errenazimentuko Jean Passerat humanistak idatzi Nihil, nemo... liburuaren bidetik. Nork esan eta joko ezdeus materialista horien zale izango zenik Adema.
Abenduak 27.
Jean-Baptiste Orpustanek beti bezain adeitsu gutuntxo hau bidaltzen dit: Patri Urkizuri, Egina duzun liburu hori bezain ederrik ez uka-nik ere (zinez, miragarria da “trajerien” bilduma!), liburu berri zenbait eskupean banu, gogotik igor nezauzuke... Berantxago izan daiteke. Urte berri on zuri zorionakin.Abenduak 28.
Gaur inozenteen eguna. Tomas Garbizu lezoar musikoaren adiskide handia izan zen Joanes Diharze, aita Iratzederrekin Patxi Intxaurrandieta eta biok Tomasen biografia eta musika katalogoa egitean harremanetan jarriak ginen eta harrera ezin hobea izan genuen beneditar lohizundarraren partetik, eta horrela Lezoko musikazale talde batek, Juan Padrosa pianistarekin eta Koro Saenz organistarekin eta beste batzuekin, erabaki genuen bisita eginen geniola Beloken. Beraz, egun pasa joango ginela Iparraldera. Horrela bada, hiruzpalau beribilez joan gara santutegira eta bertako kaperan jo dute zenbait doinu organoan Patxi Intxaurrandietak eta Koro Saenzek. Fotografietan ageri dira Gotzone, Patxiren emaztea, Estanis Karrera, Ander Etxebeste... ere. Komentuko bisita eta kanposantuarena egin ondoren, bazkaltzera joan gara denok elkarrekin eta ekipo on bat bildu. Arratsalderako Marga eta biok beren etxean utzi ditugu Donostian Padrosa eta emaztea, modu txit finean aitortu digutelarik Iparraldera txangoak egiteko eta han ematen diren kontzertuak entzuteko duten zaletasun handia, eta gaurkoa beren bizitzako txangorik ederrenetarikoa izan dela.