1997

MADRILEN, esan bezala, harreman ona nuen Pello Aranbururekin, eta noizbehinka Euskal Etxeako Txoko tabernan biltzen ginen basoerdi bat edatera eta euskal munduaz hitz egitera. Hala 1997ko urtarrilaren 22an bertako Ekitaldi-aretoan aurkeztu nuen Grámática de la Lengua Vasca. Pello, Julia Butinyà, Pepe Romera, UNEDeko Filologiako dekanoa eta ni. Gelditu zaidan fotografian lehen lerroan Jose Joan Gonzalez de Txabarri, garai hartan Kongresuko diputatu eta gero Gipuzkoako ahaldun nagusia izango zen EAJko politikaria ikus daiteke. Oroitzen naiz gramatika moldatzeko zein euskalki erabili nuen galdetu zidatela eta denak erantzun nuela. Patxi Altunari oparitu nionean, galdetu zidan ea nik bakarrik burutu nuen hura eta baietz esan nion, akats ugari izanen zituela baina beharrezkoa iruditzen zitzaidala nire ikasleentzat. Bigarren edizioan akats haiek zuzentzen saiatu nintzen; UNEDen argitaratu zen hura ere 2007an.

Otsailaren 19an, Natxo de Felipe kantariaren gutun bat jaso nuen denborarekin faxaren paper eskasaz ia ezabaturik gelditu dena eta erabat irakurtezin bilakatu baino lehen webguneko [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 15)] sailean ipini dudana. Gai bakoitzari zegokion eran zehaztasunak emanez erantzun niolakoan nago, eta denborarekin galdera haiek erantzun aproposa izan dutela ene ustez.

Aspalditxo, 1993an jadanik hasia bainintzen bilketa-lanean eta nire sosez Frantziako Liburutegi Nazionalari Anton Abbadiaren zenbait eskuizkriburen mikrofilmak erosten, eta 1996an haren aztarnak aurkitzen Bibliothèque de L'Institut delakoan ibilia. Logikoa zena, bestalde, erakunde horretako presidente izatera iritsi baitzen. 1997ko urtean, beraz, Anton Abbadiaren mendeurrena duintasunez ospatzea izan zen nire helburu nagusia. Bilera bat egin genuen Euskaltzaindiko eta Eusko Ikaskuntzako ordezkari batzuek, eta Enrike Knörrek Anton Abbadiaren Bibliografia argitaratzea proposatu zuenean, hori egina geneukala erantzun nion eta beste zerbait gehiago merezi zuela. Horrela bideratu nuen lana Institut de Francen zegoen Abbadiaren eskuizkribu bat, karnet argitaragabe bat argitaratzeko: Pensées, études et voyages de 1835 (1), zeinaren hitzaurre bikoitzerako Aurelia Arkotxaren lankidetza izan nuen. Recueil de textes ethnographiques, géodésiques, linguistiques, littéraires (2), bi zatitan banatua, alde batetik idatzi zituen etnografia eta geodesiari buruzko testuak jasotzen zituena, Idoia Estornesen aurkezpen batekin, eta bestetik hizkuntzalaritzari eta literaturari zegozkionak, nire aitzinsolasarekin. Testu-zuzenketako lanean Fermin Arkotxak lagundu zidan. Eta hirugarren tomoa, Anton Abbadiaren koplarien guduak. Bertso eta aire zenbaiten bilduma 1851-1897. Doinuetan Patxi Intxaurrandietaren laguntza izan nuen eta bertsogileen biografia laburretarako Piarres Xarritonena. Hiru lanok Hendaian, Urruñan eta Saran irailaren 24tik 28ra ospatu ziren gertaldietarako prest zeuden eta hitzaldien berri, hau da Nazioarteko Biltzarreko Aktak, hurrengo urtean plazaratu ziren irudiz ongi hornituriko 705 orrialdeko liburu eder batean. Txostengile eta komunikaziogileen artean 47 ikerlariren lanak jaso ziren eta hurrengo ikerketarako oinarrizko liburuak izan ziren laurak. Oso giro onean joan ziren hitzaldiak. Moderatzaile lanetan ere aritu nintzen, eta aurretiko zenbait gutun baditut hemen aurkeztekoak. Bat Chicagoko The New-berry Libraryn bilduma bereziez arduratzen zen Christine Colburn andereak bidalia. Hona lehena:

Anton Abbadiaren Lore Jokoen Bilduma.

January 30, 1997

Dear Dr. Urquizu,

This letter is in response to your request for copies of Zuber-noatikako gutun bat. Rather than incur the time and expense of billing you for these copies, I am sending them to you enclosed with this letter. Please consider making a $15.00 donation to the Library to cover photocopying and mailing costs. Please mark the correspondence to my attention.

Sincerely,

Christine Colburn

Alegia, Anton Abbadiaren lanaren fotokopien ordainez hamabost dolar, borondatezko emaitza gisara ordaindu behar nituela. Dena den, garaiz iritsi ziren eta bigarren tomoaren bigarren partean sartu ahal izan nuen lortzen zaila zen testu hau. Beti miretsi izan dudan eta Tomas Garbizuren adiskide kutun zen Iratzederren eskuz idatzitakoa ere jaso nuen [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 17)].

Jean Fagoagak Eusko Ikaskuntzako Iparraldeko buru, mediku eta hizlari dotoreak jardunaldiak igarotakoan bere esker ona adieraziz bidali zidana ere bai [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 16)].

Batzorde antolatzailekoak lagun (Jean Fagoaga, Jean Haritschelhar, Maite Ithurbide, Jose Luis Lizundia, Josemari Velez de Mendizabal) eta Prentsa zerbitzuko Nerea Azurmendiri esker batik bat, ongi moldatu ziren lanak, eta Ohorezko Batzordea osatzen zuten erakunde politikoetako buruak, alkate, diputatu kontseilari ohi, senatore eta beste ere gustura gelditu ziren. Erakutsi zitzaien, Fagoagak zioen bezala, bazirela Euskal Herrian bi erakunde indartsu bazekitenak kultura ikertzen eta modu egokian zabaltzen. Dena den, bada detaile bat ahanzten ez zaidana eta azpimarratzea merezi duena: Frantziako Instituteko buruak Sarako bazkari ondoan esan zuena, alegia, Anton Abbadiak Etiopiako bidaian bildu zituen eskuizkribu etiopiarrek gizadiaren ondare zirenez, Pariseko Liburutegi Nazionalean gelditu behar zutela, Lore Jokoetako euskal bertsoen eskuizkribuak, aldiz, gorde zitezkeela Abbadia gazteluan. Eta egundaino, hamazazpi urte geroago, nazionalean mantentzen dira denak, gallica Internet atarian aurkitu daitezkeen arren. Ezenarro, Hendaiako alkateari ere interesgarria iruditu zitzaion ideia kontatu nionean, baina gaiak bere horretan dirau, eta badirudi denborarekin denak digitalizatu dituztela.

Eusko Ikaskuntzak, Jose Maria Velez de Mendizabal gerente nekaezinak zuzendurik plazaratzen zituen erakundearen berriak biltzen diren Asmoz Ta Jakitez argitalpenak; horrela, abenduan plazaratu 9. zenbakia Abbadiaren omenez egindako lanei eskainita dago, zuzendu nituen liburuen laburpenak bertan irakur daitezkeelarik.

Durangoko Euskal Liburu eta Diskoaren Ferian ere parte hartu nuen hitzaldi batekin eta oroitzen naiz entzuleen artean bi adiskide lezoar zeudela, biak irakasleak, Estanis Carrera eta Ander Etxebeste, eta nola esan nuen Frantziako gobernua zorretan zegoela Euskal Herriarekin ez baitzuen bete Anton Abbadiak bere testamentuan utzitako azken borondatea.

Baina dena ez zen lana izan urte honetan, zeren eta koadernotxoen artean ediren dut uda partean Bretainiara egindako txangoaren berririk.

BRETAINIAKO BIDAIA

Abuztuak 7. Zortziak laurden gutxitan Mitxelena inpimategikoekin geratu naiz Martuteneko industrialdean daukaten pabiloian. Beheko solairuan prentsa handi batzuek bi aldeetatik inprimatzen dutenak. Gizonak bertan. Goikoan ordenagailu batzuk, eta lau andre lanean. Probak egin ditugu musikarekin eta irudiekin. Ongi.

Beribilari errebisioa egin diote. Maxi berritsu. La Venta del Curron bidaiarako indarrak hartzearren bi mokadutxo. Landetako pinudi eta soro aspergarriak igaro, Bordele pasa eta autopista ondoko herrixka eskas batean gelditu gara. Ogitartekoa jan eta aire, aitzina. Bidean trafiko handia. Nantesera iritsi eta aparkatu. Zazpiak inguru dira. Hotela ordaindu eta dutxa hartu ondoren, afaltzera. Afaria eskasa baina lekua ezin dotoreagoa. FNAC bisitatu, zerbeza batzuk Patxirekin eta Margarekin hartu eta, Patxi gau misiora doan bitartean, gu erretiratu egiten gara, biharamunerako planak eginez.

Nantesetik Vanneserako bidaia egiten dugu. Portua, murruak, etxeak, katedrala dena da ederra, iradokigarria. Turismo-bulegora bagoaz eta kilometro batzuetara dagoen etxe partikular batean aurkitzen dugu ostatu. Ongi dago eta agurea eta atsoa oso atseginak dira. Afaldu eta lotara.

Bagoaz 9an Arzeko uhartera. Lasaia, baketsua, baina itsasontzia hartzekotan goiz hartu beharrekoa. Hamarrak laurden gutxitan enbarkatzen gara eta baratxetto goaz oso pasaiari gutxiren konpainian. Itzultzerakoan, ordu bietan bidaia txartela emakume adindun batek txekez ordaindu du ordu erdiko eztabaida izan ondoren. Ohi bezala, etxeak harrizkoak dira, granito gogorrez eraikiak. Batzuek erabat abandonatuak dirudite, eta berdin inguruko lorategiak. Urte aro honetan ez dago kostaldean lo-lekurik eta barrenaldera jotzen dugu.

Pontivyra iristen gara eta hiru izarreko hotel kaxkar bat aurkitzen dugu elizondoan. Neskameak, bai hotelekoak, bai tabernakoak xeru-xeru dira (Patxi dixit), oso atseginak. Pub irlandar batean zerbeza bat edaten dugun bitartean, nagusia kanta zahar bat hasten da kantatzen.

Pontivytik Lorientera egiten dugu. Interceltic festibalaren azken eguna da. Eta nola ez, desfilea, edo nahi baduzue herri zelten alardea ikusten dugu, denak zanpoina joaz. Eskozia, Irlanda, Lorientekoak eta ez da falta Orensetik etorritako taldea ere, hau aski txikia eta ilebeltza, ohiko zelten iruditik aski urrun. Polita da ikustea eta entzutea tabernetan musikariak bakarka, binaka, taldeka, zerbeza aldamenean dutelarik.

Lorient – Concarneau – Lorient. Bidean bainu freskagarria ordu bata inguruan. Hondartzak itsaso zabalera jotzen du eta, Donostian bezala, uhinek txanpak egiteko, jolasteko edota masaje on batzuk hartzeko balia daitezke; dena den, igeri egiteko ez da oso egokia beldur pixka bat ematen baitu, batik bat urruntzean sor daitezkeen korronteengatik. Gaztelu ondoan bazkaldu dugu muskuilu mordoxka gustagarria. Badirudi zerbitzaria, beste batzuen gisara, gazteluzaina eta haren familia direla, askazi onekoak eta leinuru zaharrekoak, baina ostatu-lanetan ez hain abilak. Hobe, beraz, errenta on bat bankuan eta gaztelurik gabe bizi –hauetarik asko baitaude salgai Frantzian–, ez gazteludun izaki eta sosik ez. Concarneau ez da duela hamar urte ikusi genuena, ontziak portuan arrainez gainezka sartzen ziren garaikoa bezala. Lorienten berriro ohartzen gara nola Bigarren Mundu Gerratean aliatuek ia osoki suntsitu zuten 1943-44an, Keromanen U-Boot urpekarien base alemana desegitearren. Karl Donitzek eraikiarazitako bunker eta pabiloi batzuk oraindik gelditzen dira mostra moduan. Itsas portua, noski, turistentzat itxita dago, eta ikus daitekeena monumentu tzar bat da. Louis Naic (1864-1920), hiriko alkate izanari eraikia. Gidak gomendatzen duen Pic Restaurantera goaz arrain on bat dastatzeko asmotan. Kari Gosse espezia probatzen dugu langostarekin, eta gero errodabailutxoaren haragi trinko eta ongi prestatua. Borgoñako ardo zuri ezin hobetua. Nagusiak komentatzen digu atuna euskaldunek kainaberaz arrantzatua bakarrik erosten duela, sareetan harrapatua eta euren artean kolpaturikoa baino askoz ere hobea gelditzen baita. Lorientetik Bresteraino. Gauean berriz portuan dagoen taberna batean fruits de mer delakoak dastatzen ditugu Port du Commercen. Ordu bat egin dugu zain, baina ardoaren eta elkarrizketaren konpainian ez dugu luzetsi, merezi baitzuten fruituek eta bisigutxoek. Brest ere bigarren gerratean bonbez kiskali eta desegina gertatu zen.

Abuztuaren 13an bagoaz iparraldeko kostarantz. St. Mathieuko puntan komentu desegin baten hormak ageri zaizkigu, kriseilu garai, dorre txuri, gailurra gorri eta argia itsasoan dabiltzan marinelen gidari. Bainu bat ur garbi, garden eta hotzetan. Le Porsmeur bar-créperiean otordua egiten dugu eta Le Folgoët (Ar Folgoad breizeraz) Finisterreko eliza bisitatu, eta bi kandela piztu ondoren, Saint-Brieucen gaude arratsaldeko zazpietan. Kafe itsusi batean, non harri zaharra eta plastikoa nahastekatzen diren, nik zerbeza bat dastatzen dudan bitartean, Patxi eta Marga gaua igarotzeko hotel bila joan dira. Aldameneko gazteek zerbezak edan eta txotxolokeriak esaten dituzten bitartean, oroimenaren ohartxo hauek jasotzen ditut. Hotelaren izena: Le Ker-Izel, etxe zahar eta ederra. Lasai-lasaia. Aldameneko L'Amadeus jatetxean lekurik ez eta afaria Le Maduren; beheko sua, egurrez elikatua. Giro dago eta Bouilly ardoaz giroa epeltzen da.

Biharamunean, Saint-Malo eta Le Mont Saint Micheletik pasa eta etxera, zeren eta azken menditxo miresgarri horretan ez baitzen arimarik gehiago kabitzen eta une batean ez aurrera ez atzera ezin higiturik egon baikinen, itolarriak jota.

Irailaren 10ean, Donostiako Miramar Jauregian Eusko Ikaskuntza--Euskadiko Kutxaren Giza eta Gizarte Zientzien Saria 1997 eman zitzaion Luis Villasante frantziskotarrari, eta Euskal Herriko Unibertsitateetako hitzaldien ondoren, niri suertatu zitzaidan hitz egitea. Zegokion eran, latinezko aipamen batekin hasi nintzen, vilescunt temporalia cum considerantur aeternae, nioen, alegia, mundu honetako gauzak oro huts, hauts eta ezdeus dirudite betierekoez gogoeta egiten denean... Bizitza-zertzeladak aipatu ondoren, eta omenduaren bi gai nagusiak aztertutakoan, hots, erlijioa eta euskara, honela bukatzen nuen. 1977an Euskal Idazleak Gaur, Torrealdaik plazaratu liburuan Luis Villasante hamar idazle hautatuenen artean ageri zela eta hogei urte geroago, tamalez ahantzixea zegoela. Eredu bezala har dezakeguna dela, ordea, inongo dudarik gabe, eta egungo idazleen artean ere argi bereziz nabarmentzen dela aitortu behar dugula, garbia, zehatza eta aberatsa baita benetan, euskararen lekuko maitagarrienetarikoaUrriaren 9an, ostegunez, Errenteriako Xenpelar etxean Koldo Mitxelenaren heriotzaren hamar urteak iraganak zirela-eta, mahai-inguru bat antolatu zuten; nire oharrek engainatzen ez banaute, Patxi Altunak, Ibon Sarasolak, Joxe Azurmendik eta neronek hartu genuen bertan parte. Salamancan berarekin nituen harremanak azpimarratu nituen, eta baita 68ko Arantzazuko Biltzarra, euskararen batasuna finkatu zenekoa, eta tesia egiterakoan eman zidan laguntza. Jenioz bizia izan arren, bihotz zabal eta animatzaile handia izan zela, eta Salamancako garaietan behin esan zuen nola agian Euskal Herriak Fidel Castro bat beharko zukeela, baina berak ez zuela izan nahi.

Frantxis Landatxek, KM Kulturuneko zuzendariak eskaturik, burutu nuen, Aurelia Arkotxarekin batera berriro, Joxan Muñozek Javier López Altunarekin batera titulu honekin apain-apain plazaratu zuten antologia: Jon Mirande orhoituz (1925-1972). Antologia. Arantxa Artzamendik prestatu zuen bibliografia, aski dotore, eta orobat aurkibideak. Irudi eta poema argitaragabeak bazituen, eta saiatu ginen itzulpenetan testu originala ere ematen (Friedrich Nietzsche, Federico García Lorca, Edgar Allan Poe, Bing Crosby, John Keats, Hugo von Hofmannsthal, Franz Kafka, Friedrich Schiller, Saul Txernikhovski). Baita bi egunetan, azaroaren 11an eta 12an, zenbait hitzalditan aurkezle lanak burutzen-eta. Ekitaldien bideoa KMn aurki daiteke. Lehen egunean Miranderen bizitza eta saiakera-lanen inguruan mintzatu ziren Joxe Azurmendi, Jose Mari Satrustegi eta Txomin Peillen. Bigarren egunean poesiaz eta narrazioaz, Eduardo Gil Bera, Txema Larrea eta Felipe Juaristi izan ziren hizlariak eta hirugarrenean gogoan dut nola ekitaldi bat antolatu zen Konstituzioko Plazan garai batean zegoen Liburutegi Munizipalaren sotoan, Miranderen poemak irakurriz, batzuek aski bortitzak, horretan Arkaitz Canok, beste batzuek eta neronek parte hartu genuelarik.

Santa Luzia egunean, hau da, abenduaren 13an, Mikel Arrizabalagaren urtebetetzea zela-eta, horren aitzakian, aspalditik ospatzen dugun gremioen bazkaria daukagu Ixkulinen. Fermin Etxandi, ohi bezala, aho bero dabil baina ez zaio arrazoirik falta. Luis Mariren semea kartzelan dago... Babarrun jatea, alegia, betiko potajea baina ongi hornitua daukagu, tipula, piperrak, odolkiak, txorizoa, urdaia, aza, eta ez zaigu falta ardo onik. Bazkalondoan lau eta erdietako esku pilotaren finala ematen du Euskal Telebistak, eta Retegi II - Titin partidua 22-21 bukatzen da Juliantxoren alde. Frontoian ohartu naiz Bernardo Atxaga dagoela partidua ikusten. Manueltxorekin beti egin izan ditut apostu txikiak. Hogei euro edo antzeko zerbait. Koadrilaren erronda pagatzeko adina. Ni klasikozalea, bera iraultzaile. Ni Retegi II, Olaizola II pilotarien alde eta bera beti kontra, Titin, Irujo... Partidua bukatutakoan, eta ohi bezala, bilantzikoak kantatzen ditugu garai hauetan. Birjina maite, Haur eder baten bila, Aintza zeruan, Mesias sarritan agindu zana... Patxi Intxaurrandietaren zuzendaritzapean ezin ukatu abestalde ona egiten dugula.