1992

HALABER urte berean, hots, 1992an, Erein argitaletxeak plazaratu zituen aurkitzen hain zailak ziren Chahoren euskal lanak, titulu honekin, Azti-Begia eta beste izkribu zenbait. Han kontatzen nuen nola gazterik hasi zen bere irudimen sutsua eta luma zorrozten, Azti Begia 1834koa baita, eta nola era berean errepublikaren askatasunaren, jende xehearen eta Euskal Herriaren aldeko borroka etengabean jardun zuen bazterrak astinduz 1844. urtean sortutako Ariel aldizkariaren eta beste argitalpenen bitartez. Gazetak zortzi urte iraun zizkion, tartean (1848) Ariel Uscal-Herrico Gazeta lehenbiziko euskal gazeta baten saioa ere eginez, Charles Louis Napoleon Bonaparteren estatu-kolpearen ondoren itxi eta desterrura igorri zuten arte. Itzulitakoan politikagintzaren saltsa-maltsa eta arnasa falta zitzaizkiolarik, bertatik erretiratzea sinatu behar izan baitzuen Baionara itzultzeko, hainbat amets eta egitasmo burutu gabe zendu zen, bere hilarrian hitzok idatzi gogoz: Ci-gît Chaho, qui n’a rien été / Pas même simple deputé.Frantziako II. Errepublika (1848) eta ondoko iraultza frakaso bat izan ziren neurri handi batean, literatur arloan sortu ziren lanak liratekeelarik agian salbagarrienak, prosa poetikoagoa bilakatu baitzen eta literatura eguneroko arazo politikoetan murgildu, iraultzaren oihua edertasunaren ametsarekin nahasiz eta artea erreboluzioaz kutsatuz. Garai hartako artistetarik bat dugu Agosti Chaho, eta ez ttipiena, tamalez bere euskal esparrua gutxiegi ezagutzen delarik. Espero dezagun aurrerantzean liburu honetako testu bilduma dela medio, ezagunagoa izango dela atharraztarra eta aldatuko dela zenbait idazleren iritzi ezkorra. Liburu honetan jasotzen nuen orobat Jean Baptiste Chaho anaiak Revue de Voyans (Paris, 1938) delakoan Pierre Topet Etchauni buruz idatzia, beste anaia batek, Jean Pierrek burutu artikuluaren itzulpena, Barde baten izaitia, zein kontsidera dezakegun euskal literatur kritikagintzan lehenetariko lana.

Otsailaren 10etik 15era Cádizen azterketak behatzea suertatu zitzaidan, eta han igaro nituen egunak ederrak izan ziren benetan. Azterketako gelak txikiak eta aldrebesak izan arren, egoitza pollita zen, eta lanak bukatzean benetan ibili ederrak egiten nituen, zilarrezko kikeran itsasontziak Gibraltarreko itsasarterantz nola zihoazen kontenplatuz. Ilunabarrean fino bat edo beste dastatzen nuen, edota ajoblanco. Urrutitik inauterietako saioetako umorez eta ziriz betetako koplak eta kantak ere entzuten nituen.

Agosti Chahoren biografia. Mikel Zarate saria.

 

Apirilaren 13an Amsterdam ikustera joan ginen Marga eta biok. Eguratsa hotza eta euria ari zuen, alabaina oso ongi igaro genuen kanalez beteriko hiri ireki hartan. Egun batez, Leidenera joan ginen eta han Bibliotheek der Rijksuniversiteit delakoa bisitatu nuen. Eseri nintzen mahai eder batera Joseph Justus Scaligerren erretratu ederraren babesean, eta euskal liburu bat eskatu nuenean, hantxe ekarri zizkidaten XVII. eta XVIII. mendeetako zituzten edizio zahar guztiak. Ez dut sekula halako harrera onik izan inongo liburutegitan.

Nire ikerketetan jarraitzen nuen Madrileko Liburutegi Nazionalean, eskuizkribuen Sala Cervantes bisitatzen, Archivo Histórico Nacional delakoan, Madrileko Museo Navaleko Vargas Ponce Bilduma arakatzen, Biblioteca Francisco Zabalburu, Ateneoko eta CSICeko liburutegietan entretenitzen eta denbora pasatzen... Arnaud Oihenart (1592-1667) historiagile, politikari eta poeta mauletarraren omenez laugarren mendeurrenean, Euskaltzaindiak egun batzuek ospatu zituen Maulen irailaren 20 eta 23an, eta Donapaleun 24 eta 25ean; haien agiriak Euskaltzaindiak prestatu Iker 8an (Bilbo, 1994) jaso ziren. Baina Euskal Idazleen Elkarteak, hainbeste atzeratu gabe, urte bereko abenduan ale berezi bat plazaratu zuen: Hegats 7, non hamar egileren lanak bildu nituen, Rafael Ruiz Balerdiren marrazki argitaragabeko anitz eta dotoreez apaindua, Gabriel Arestik Ruiz Balerdiri eskaini poemarekin, urte horretan bertan hila baitzen, istripu baten ondorioz, eskola xumeetan irakasten zuen donostiar pintore apal, on eta eskuzabala. Biltzar horretan lan hau aurkeztu nuen: Oihenarteren atsotitzak eta poetika berrirakurriz, zenbait atsotitzen irakurketa zuzendu ondoren, eta bertan ematen nuen, euskaratuta, 1665ean idatzi zuen L'Art Poétique Basque. Patxi Altunak, Jean Baptiste Orpustanek, Xarles Videgainek, eta neronek bi argitalpenotan parte hartu genuen.

Galizian, 1992ko urriaren 29tik azaroaren 1era ospatu zen Galeuz-ca IX.aren karietara, Galeuzcako literaturetan europar eragina aztertu genuen elkarren artean. Iñaki Aldekoak ireki zituen hitzaldiak bere txostenean Nietzscheren eragina Mirande eta Arestirengan gaiaz mintzatuz eta paristarraren eta bilbotarraren artean zein alde handia zegoen azpimarratuz. Inazio Mujika Iraolak Europa euskal literaturan aztertu zuen xehekiro, garbi utziz Frantziako eta Espainiako literaturek gure letretan izan duten eragina neurriz gainekoak izan direla. Etxepare, Oihenart, Lauaxeta eta Lizardirengan, batzuk bakarrik aipatzearren, eta nola gure mendeetako atzerapenak berak alderdi onik ere baduen, ale-gia, lurra landu gabea izatea, eta horrek dakarren hutsetik hasi beharra, bizio ekarririk gabe... Joan Fuster katalana Ensaio e conciencia nacional atalean omentzen zen, Xosé Manuel Beiras politikoa, Espainiako Parlamentuan bere zapataren irudiagatik ospetsua, mintzatu zen eta zehazki zioenez, Ensaio e conciencia nacional son, xa que logo, termos indisociábeis na dialética da cultura e da prática colectiva du pobo. Ou cando menos, o “caso” galego a experiencia de traxectoria histórica da nación galega nos dous últimos séculos decorridos da sua andaina no planeta, asi o fan pensar, asi o poñen de manifesto. Hots, azken bi mendeetan erabat loturik ibili zirela, galegoaren kasuan bederen, entsegua eta nazio arazoa. Bere aldetik, Ramon Etxezarretak estilo berezian bere burua aurkeztean honakoa zioen, Al rechazar la invitación los verdaderos ensayistas, los de altura, a este gacetillero no le ha quedado más remedio que aceptar el reto. Alegia, organizazio arazoak izan zirela eta azkenean, kazetaritxoari ez zitzaiola zezena adarretik hartzea baizik geratu, eta zergatik ez, kongresuaren gaiari buelta eman eta zergatik ez galdetu Europan izan dugun eraginaz? Noski, ezinezkoa zitzaion ahanztea Loiolako Inazio, herrikide, espainol soldadua eta jesuiten ordenaren sortzailea.

Santiagon egin genuen ezohiko bilera batean, Koldo Izagirrek, Elkartearen martxa eta pauso motela ikusirik, idazkariz aldatzea proposatu zuen, baina nik harremanak idazkariarekin astero nituelarik, eta jakin arren Maite ez zela Bego Andonegi bezain langile amorratua, honekin denak oso pozik baitzeuden, esan nuen ni zuzendari nintzen bitartean eta nire esku bazen bederen, inor ez zela lanik gabe geldituko paroan. Hurrengo urtean lekukoa, ontziaren lema, berarekin hitz egin ondoren, Joserra Gartziari pasatu nion, zegokion Biltzarrean hautatua izan zelarik.

Julia Butinyà, UNEDeko bulegoko lankide katalanak bultzaturik, oso irakasle eraginkor eta geldirik ezin egona baitzen, berak katalanaren antologia bat moldatzen zuen legez, nik euskararena egin nuen, 146 orrialdeko liburuxka batean euskaraz eta gaztelaniaz hainbat testu sartuz, beren euskarazko grabazioarekin. Antología de la literatura vasca: guía didáctica. Grabación sonora. Audio 3 casetes. Lan honetan Nekane Maritxalar eta Fernando Odriozola institutuko irakasleek eta Xabier Lizarraldek lagundu zidaten, besteren artean. Fernandok oso ahots pollita du, sakona, ohiko domingotar bati dagokiona, agian garai bateko inkisidoreek eduki zezaketenaren antzekoa, eta gogoan dut nola madrildar neska grabatzaileek Miranderen poemak irakurtzerakoan pasio gehiago ezar zezala eskatzen zioten, baina berak betile bat mugitu ere gabe, batere pasiorik gabeko tonuan jarraitu zuen irakurketa.

Azaroaren 7an bildu ginen Irun Hiria literatur sarietako epaimahaikoak, eta Karlos Linazasororen Apunte eta ahanzturak poema bildumari egokitu zitzaion poesia saria. Felipe Juaristik El Diario Vascon egin zion erreseinan, sarietara aurkeztu ohi zirenen ajea aurkitzen zion: luzeegia gertatzen da, heterogeneoegia. Bai eta Luis Alberto de Cuencaren poesiaren eragina omen zuen.

Ikasturteak bazihoazen, urak itsasorantz bezala arin-arin. Hiru urtetan gai hautazkoak ziren euskara eta euskal literatura, eta ez soilik Filologiakoentzat, eta niri zegokidan materialak prestatzea. Orotarik egin behar izan nuen, baina dena dela oso ikasle gutxi nituen. Batzuk presoak, besteak Cádiz edo Erromakoak. Bergara, Portugalete, Iruña, Tuterako egoitzetan ikasten zutenak ere bai. Korreoz edo Internetez dudak aurkezten zizkidaten eta ni galderak argitzen saiatzen nintzaien. Dena dela, Errektoregai galego batek zioenez, asignatura hauek, galegoa, katalana eta euskara optativas, hautazkoak baino areago decorativas ziren, apaingarriak. Horrek arlo zabalagoetan lanean egiteko astia eta aukera ematen zigun, noski, ikerketak egiteko eta kongresuak antolatzeko, adibidez.