2000

Urtarrilak 14.

ANTONIO Tovar, Koldo Mitxelena eta Manuel Agudek 50eko hamartean, Congreso Pirineísta batetik bueltan, erabaki zuten behar zutela Diccionario crítico etimológico de la lengua vasca bat idazten hasi. Urteak joan eta urteak etorri, azkenean Manuel Agud bakarrik gelditu zen ASJU aldizkarian bere ikerketen emaitzak argitaratzen. Tovar 1985ean eta Mitxelena 1987an hil baitziren, KM Kulturunea ireki zelarik, hantxe zegoen egunero Agud Julio Urquijo fondo gordeen gelako izkina batean euskal hitzen nondik norakoak aztertzen, eta iritsi zen une bat non Manuelek ezin zuen jarraitu eta Diputazioko Kulturak Eusko Ikaskuntzaren esku utzi zuen Hiztegiaren geroa. Eusko Ikaskuntzak beka baten deia egin zuen jarraitzailea bilatzearren. Eta lehenik Marijose Kerejetari eman zitzaion lana, hark bai baitzuen tratua hiztegiekin eta hizkuntzalaritzarekin. Orotariko Hiztegian parte hartua zen eta baita Bernhard Hurch-ekin Hugo Schuchardt eta Julio de Urquijoren epistolarioan ere. Bazekien alemanez, eta Agudek erabiltzen zuen oinarrizko liburua Martin Löpelmann-en Etymologisches Wörter-buch der Baskischen Sprache, 1968an bi tomotan argitaratua zenez... Baina lanaren lehorrak edo beste zerbaitek atzera botarazi zuen, eta hiztegiak ez zuen O-P letretatik aurrera segitu. Urtarrilaren 14an Xabier Altzibarrekin elkarrizketa bat egin ondoren, haren esku utzi nuen egitekoa, baina azkenean ahalegin honek ere potto egin zuen.

Gaur ama hil zaigu. Umezurtz nago, beraz. Eskerrak Marikrutx nire arreba ere hor dagoela, nire bataioan amandre zenaren eta gero urtetan amaren egitekoak ere bete izan dituena. Hamabostean, larunbata, arratsaldeko bostetan izango da hileta-elizkizuna.

Urtarrilak 25.

Jose Manuel Lopez Gasenik Euskarara itzulitako haur eta gazte li-teratura: funtzioak, eraginak eta itzulpen-estrategiak tesia aurkezten du Gasteizen Irakasle Eskolan. Benetan oso interesgarria, zehatza, eta iradokizunez betea. Ohi bezala, ohar eta aholku batzuen ondoren, cum laude eman diogu. Manuk gerora ere lanean jarraitu du liburu onak idazten eta sariak irabazten.

Urtarrilak 29.

Donostia Sariak. Ohi bezala Kutxaren Andia kaleko aretoetan eta saloi nagusian. Aurten Pantzo Hirigaray atera da irabazle Lamindegiko lamiak antzerkiarekin. Badira urte batzuk antzerki-sarietan testuak epaitzen nabilela. Hona saritutako egile eta lan batzuk: Koldo Daniel Izpizua (Lore zimelduen sua, 1992), Hegats aldizkarian plazaratu nuen eta, antza, ageri ziren gordinkeriak ez zitzaizkion batere gustatu Bitoriano Gandiagari, protesta egin baitzuen telefonoz Euskal Idazleen Elkarteari deituta. Arantzazuko fraidekumeak gogorki astintzeko gupidarik ez zuen fraidearen hertsikeriak! Xabier Mendiguren (Garaia da Euskadi, 1993) ETAk okupatu Garai herriko abenturaz, Ramon Agirre (Errenta, 1994), Aizpea Goenaga (Zu(t)gabe, 1994), Antton Luku (Tu, quoque fili, 1996; Antxo Azkarra, edo Miramamolinen esmeralda, 1997), Pantzo Hirigaray (Behe-rearta, 1998), Frantzisko Xavier Zillero (Uztailaren laua Renon, 1999)... Hamar urtetan iparraldeko bi autore gailendu dira lau sarirekin, eta antza denez, hasi dira ahots batzuk epaimahaikoen iparralderanzko jaiduraz kexu, baina zer egingo dugu gure ustez drama balioez gailentzen badira eta euskara askoz ere hobean idatziak badaude euren antzerki lanak.

Martxoak 4.

Larunbata. Odeon teatroan Georges Lavaudant-en Les Fanfares antzerkia ikusten dugu. Munduan alderrai dabiltzanen gaua. Bide lohi eta bonbez beteak. Zoro, saindu, abenturero, kloxardak, baina baita ezkongabe anonimoak geranioak ureztatzen ere. Kabalkada Irrigarria. Aski surrealista, eta testu gutxi. Afaria Saint Germain-go Atlas jatetxean eta benetako kuskusa dastatzen dugu.

Martxoak 5.

Igandea. Georges Brassens parkea. Liburu zahar eta berrien feria. Besteen artean, Mircea Eliade antropologo eta filosofo errumaniarraren Traité d’histoire des religions, Georges Dumézil-en hitzaurrearekin erosten dut. Afaldu ondoren, Eric Zoncaren Le petit Voleur, Lapur txikiaren abenturak agertzen dituen egun-egungo filma ikusten dugu.

Martxoak 6.

Astelehena. Bibliothèque Sainte Geneviève.

Maiatzak 4.

Bilboko Foru Aldundiko Artxiboan izan gara beste zenbait idazlerekin 60ko hamarteaz hitz egiten. Gabriel Arestirekin izandako harremana oroitzen.

Maiatzak 17.

Zurbano 47an dagoen Sargadelos dendan, Dia das letras galegas ospatu dugu, solasen ondoren albariño on bat dastatuz. Hemendik pasatu izan dira intelektual galegoak: Ramon Piñeiro, Rafael Dieste... , eta beste. Dendak zeramika-lanak saltzen ditu, baina baita Galiziako beste hamaika gauza ere, galegozko liburuak besteren artean. Azkarrak ohi dira, bai, galego batzuk negozioetarako.

Bi milagarren urtean, Gorka Arrese Susako editorearekin eztabaida zenbait eduki ondoren, Andima Ibiñagabeitia. Erbestetik barne-minez. Gutunak (1935-1967) argitaratu nuen, edo editoreek dioten bezala zidaten. Gorkak funtzionalago egin nahi zuen testua eta dena euskara batuan ezarri, eta nik, egileari zor genion errespetuagatik, grafiak eguneratuz eta ukitu guti batzuekin, frantsesek diotenez, la toilette du texte, testuaren orrazkera hutsarekin, zegoen-zegoenean eman nahi nuen eta oraingoan borroka irabazi nuen. Atzerritik igorritako 253 gutun biltzen nituen. Toki ezberdinetan jasoak, Estibalizko komentuan, Euskaltzaindian, KMko Julio de Urkijoren ondarean, hala nola Juan San Martinen, Maite Zugadi adiskidearen eta Jose Mari Satrustegiren bitartez lorturiko batzuk. Prentsan nahiko harrera ona izan zuen, hala El Diario Vascon agertzen ziren eta gerora tamalez kendu edo murriztuko zituzten Zabalik euskal orrialdetxoetan (2000-V-13). Bertan egin zidaten elkarrizketatxo batean nioen zenbat maite zuen Euskal Herria Andima elantxobear sutsuak eta zein min sakona sortzen zion erbestean egon behar horrek, zein amorru handia eragiten zion atzerriko euskaldunek aberriaren alde zein maitasun gutxi adierazten zuten ikusteak. 50 eta 60 hamarkadetako idazlerik finenetakoa zela, eta euskal literatura aztertzean ezin ahantzi zen izena zela. Garai hartan Koldo Mitxelenak Egan aldizkarian egiten zuen lanaren antzekoa egin zuela desterruan Euzko Gogoan.

Maiatzak 19.

Egunkarian, Kultura sailean ere eman dute Andima Ibiñagabeitiaren gutundegiaren berri, Euskaltzaindiaren Bilboko aretoan. Plaza Barrian egin zen aurkezpena eta Andimaren familiarekin egindako fotografia, bertan ageri garelarik Pako Sudupe eta biok ere. Pakok azpimarratu zuenez, belaunaldi berriekin harreman ona zuen, abertzale zaharrekin ez zen konpontzen, ordea. Eta Gorka Arresek ere egin solasean zioen Francoren agintaldian gure kulturak nozitu zuen jazarpenaren testigantza direla gutunok. Dokumentu historikoa.

Maiatzak 26.

Aitzol Zubizarretak El Paísen jasotzen du gaur albistea honela titulatuz: Erbesteratuen oroimena osatu du Urkizuk bere azken liburuan... , eta bukatzen du artikulua azpimarratuz nola 95ean Jon Miranderen gutunak eman nituen eta, etorkizunari begira, berriz, berehala argitaratuko ditudala Koldo Mitxelenarenak, baina honek bere denbora eskatu zuen, beste lau urte, plazaratu arte.

Abertzale sutsu eta idazle finaz aparte, musikazale amorratua eta mutilzahar erretxina ere ba omen zen. Gutunak benetan altxor bat direnik ezin uka, euskal idazleon euskara eskas eta ahula sendotzeko eta aberasteko gomendagarri delarik haiek irakurtzea.

Uda hartan, Euskal Herriko gaztelaniazko errebista literarioetan, Jorge Oteizaren obran eta beste askotan ere aditua zen Felix Maraña kazetariak 60ko hamarteaz jardunaldi batzuk antolatu zituen, eta niri eskatu zidan teatroari zegokiona aztertzeko eta hitzalditxoa emateko. Murgildu nintzen, beraz, Zeruko Argiako ale zaharretan eta Eusko Ikaskuntzak plazaratzen zuen Euskonews nº 76an ageri da nire txostentxoa, titulu honekin: “El teatro vasco entre la tradición y la modernidad: la década del 60”. Gaztelaniaz da eta bertatik gauzatxo batzuk euskaratuko ditut hemen.

Maiz ageri da Iñaki Beobide garaiko teatro taldeen kronika eginez, Antzerki Txokoa deitu sailean. Adibidez, Berastegin bildu ziren 1964an honako taldeak: Txinpartak Bilbokoa, Euzko Iztundea eta Jarrai Donostiakoak, Gure Txeru Getariakoa, Ereintza Errenteriakoa, Oargi Hondarribikoa, eta Itsasondo, Ondarroa, Mungia, Elorrio, eta abarreko ordezkariak, helburu zutelarik euskal teatroaren egoera ikertzea eta elkarrekiko loturak estutzea. Bai Salvador Garmendia, Istoria trixte bat antzerkiaren egilea, bai eta Xabier Lete, kantari eta antzezlaria erabat erradikalak zeuden. Lehenak, Zeruko Argian (1965-I-10) egin zioten elkarrizketa batean zioen ez soilik antzertia, eleberria eta euskal literatura bostehun urteko atzerapenarekin zegoela. Eta bigarrenak, egoeraz galdetzen diotenean (1965-I-24), honela erantzuten du:

– Xabier, zer diozu gaurko euskal-teatrotaz?

– Azken denbora auetan Lartzabal jauna izan da euskal teatroari kolore pixka bat eman diona. Bizkai aldetik, Zubikarai jauna ere jarri genezake lan prestu batzuen jabe bezela. Baño nere iritziz Ga-briel Aresti izan da euskal teatroa kalidadezko bide berrietara zuzen-du zuena. Joan dan dagonillaren 13an ikusi gendun Donostin Beste Mundukoak eta zoro bat Arestiren obra jatorra eta esan genezake egun artan eta obra arekin asi zela euskal teatro berria.

Eztabaida piztu zen noski, eta handik pixka batera Lete berak atzera joko du barkazioa eskatuz erantzunen doinuengatik. Eta giroa nolakoa zen ikusteko interesgarria iruditzen zait Jarrai taldeak Garmendiaren antzerkia taularatutakoan Zugastik eginiko deklarazioak gogoratzea (Zeruko Argia, 1965-VIII-8):

Antzerki onek, bere mensaje ta guzti ez du batere onik egingo gure errietan eta mensajea biltzeko asmatu zikinkeria kalte ederra bai. Orregatik ipini zuten antzerkia lenengo aldiz bota zenean, Donos-tiako eliz ateetan zensura au: Historia trixte bat: 3R.

Ekainak 2.

Mikel Atxaga, Bidegileak bildumako zuzendariak bidalita geratu naiz Joseba Olalde fotografoarekin Iparraldera txango bat egiteko eta argazkiak ateratzeko Wentworth Webster-en biografia laburrerako [Went-worth Webster: (1828-1907)]. Beraz, Sarara joaten gara lehenik, Bechie-niara, zehazki esateko, han bizi izan baitzen, eta kanpoaldean dagoen inskripzioaren fotografia (Wentworth Webster / Eskualdunen adiskide / Kartsu eta Jakintsuari / 1828-1907 / Etche huntan / bizi izan zen / Ha-mabi urthe / Krespotegian hil zen, eta barrukoa hartzen ditu, bizi direnei zertan gabiltzan esandakoan, etxea zabaltzen baitigute. Saran bazkaldu ondoren, bagoaz Baionako Herri-liburutegira eta han mahai batean uzten dizkiguten eskuizkribuenak eta edizioenak ateratzen ditu: Ipuinak, Basque Legends (London, 1877), Spain (London, 1882), Gram-maire Cantabrique Basque écrit par Pierre D'Urte 1712... , (Bagnères de Bigorre, 1990), Les loisirs d'un étranger au Pays Basque (Chalon sur Saône, 1901)... Benetan egun ederra eta emankorra. Olalde ere gazte argi eta azkarra da, eta liburuxka ongi aterako da aurten bertan. Xipri Arbelbidek 1993an Baionako liburutegian zetzan ipuinen euskal bertsio originala argitaratu zuen, ingelesezko itzulpena baino ehun eta hogei urte geroago; horrek frogatzen du euskal literatur kritikaren ahulezia nabarmena, kontuan hartuta Webster, Cerquand eta Etcheberri ditugula XIX. mendeko ipuin-biltzaile nagusiak, bertako eta atzerriko folkloristak, gurean XX. mendean nagusi izan diren Barandiaran eta Azkueren aitzinetik.

Behin, bazkalondo batean Patxi Altunari komentatu nion Euskal Li-teraturaren Historia bat zuzendu beharko zukeela, baina beste egiteko goitiarragoak zituenez, antza, eta kontuan hartuta gaztelaniaz ordura arte egindakoak zein eskasak ziren, neroni, aspaldidanik azterketak egiten ari nintzenez, animatu nintzen lana burutzera, eta XX. menderako Xabier Altzibar (Saiakera), Iñaki Aldekoa (Poesia), Marijose Olaziregi (Narrazioa) eta Joserra Gartzia (Bertsolaritza) adiskide eta Unibertsitateko irakasleei eskatu nien laguntza, eta baita Josu Txueka historialariari ere, mendearen aurkezpena egin ziezadan. Eta denek erantzun zidaten benetan lan sakon eta argigarriekin. Halaber, irudien apaingarriekin 685 orrialdeko edizio ederra atera zela esan behar, Historia de la litera-tura vasca tituluarekin. Bestelako irudi berri bat, anitza, osotuagoa eta poliedrikoa ematen zuena. Aula Abierta sailean agertu zen eta modu elektronikoan, Interneten, erabilgarri zedin laster ezarri zuen UNEDek.

Jenaro Costas Rodríguez adiskideak, lehenik dekano bezala eta gero errektore gisa (1995-1999), izendatua zuen Julia Butinyà bulegokidea Vice-rectora de metodología, medios y tecnología; hark liburu-edizioen zuzendari izatea proposatu zidan (garai hartan urtean 1.400 liburu plazaratzen zituen UNEDek), baina Margarekin kontsultatu ondoren, lan horrek Madrilen bi gau baino gehiago egotea eskatuko zidanez, ezezkoa eman nion, baina errektoretzan beti oso harrera adeitsua izan nuenez, nire egitasmoak eta egindako lanak begi onez epaitzen zituzten eta aurrera ateratzen ziren. Une honetan, Antonio Moreno Hernández poeta eta latinista arduratzen zen gai hauetaz eta bere ekipoarekin lan ona egin zutela ez dago dudarik.

Ekainak 20.

Aurkezpena Euskaltzaindiaren egoitzan, Plaza Barrian egitea erabaki zen, ekainaren 20an. Autoreak bertan jendaurrean bildu ginelarik, inori deus ere galdetu gabe, Javier San Martín errektoreordea hasi zen hitz egiten. Hau nafarra zen, Añorbekoa hain zuzen, eta Filosofiako katedratikoa izan arren, protokoloari ez zion batere kasurik egin, zeren aldamenean zegoen Patxi Goenagari, bertako ordezkari zenari, baitzegozkion lehen harrera hitzak eta agurra egitea. Patxik eta biok irribarre xume bana trukatu genuen elkarrekin.

Plaza Barriko jatetxe batetik ekarri zituzten aurkezpen ondorako edariak eta pintxoak, eta prentsarekin (El País, El Correo, Egunkaria... ), telebistarekin eta jendearekin solas interesgarriak izan genituen, baita eztabaidaren bat ere gure artean, gaztelania eta euskararen erabileraz. Ondoren, egunari zegokionez, afaltzera joan ginen egileen biltzar tipia, gehi Marga eta Joseba Gabilondo, zeina ez zen isildu afari guztian bere Ameriketako pasadizoak kontatzen. Liburu gisa hobe zitekeen arren, emaitza duina zela ondorioztatu zuten denek, eta lan handi baten ondorioa zela. Durangora, Euskal Telebistara ere joanarazi ninduten abuztuaren 28an, eta ETB2n, goizeko 09:40an, David Barberok Forum programan egin zidan elkarrizketa, eta esan behar dut aski kontentu atera nintzela handik.

José Monleón, Primer Acto antzerti-errebistako eta Instituto Interna-cional del Teatro del Mediterráneo Fundazioko zuzendariak gutun bat bidali zidan (Gutunak 25) liburua igorri izana eskertuz, eta una de las muchas cosas que la historia nos ha hurtado... zela esanez.

Uda Ikastaroak antolatzen jarraitu nuen eta horrela ekainaren 28tik aitzina Pontevedrako egoitza elkartuan Castelao y su tiempo izeneko ikastaroa antolatu genuen, La Voz de Galician (2000-VI-28) el plato fuerte bezala iragarria, bertan parte hartu genuelarik, besteak beste, Xosé Estévezek, Castelao o País Vasco, Koldo Izagirrek, El humor de Castelao visto por un escritor vasco, María Pilar García Negrok, As mulleres em Castelao, eta neronek, La correspondencia inédita de Castelao. Hitzaldiak Revista de Lenguas y Literaturas Catalana, Gallega y Vasca 2000-2001, vol. 7 aipatuan jasota daude.

Interesgarrienetarikoa, enetzat bederen, Xosérekin eta Koldorekin eginiko itzulerako bidaia izan zen, azken honen beribilez. Xosé, amaren ahoz Pepiño, cicerone aparta genuen, eta haren amaren Quirogako etxean gelditu ginen lotarako. Galiziako herri ttipiak, kaperatxoak, Santiagorako bidexkak, bidegurutzeak, toponimia, orotarik bazekien eta ongi ilustratu gintuen Xosék. Ilunabarrean, Donostiara iritsitakoan, Urdinolan afaldu genuen kontu kontari jarraituz.

Oporretan, uztailaren 22tik abuztuaren 3ra, Margarekin eta Patxirekin Berlinera egin genuen txango. Nire lehen aldia zen Alemaniako hiriburua bisitatzen nuela, eta oraingoz azkena, eta gordetako koaderno apunteak hona pasatzera noakizu.

BERLINGO BIDAIA

Uztailak 22.

Gaur larunbata da. Bidaiarako azken gauzak poltsan sartu ditugu eta ixterakoan, Marga eta biok, seguru izan arren ohi bezala zerbait ahanzten dugula, beste luzamendurik gabe bagoaz. Eskerrak maletak daramatzan gurpiltxoei arin-arin eta askorik nekatu gabe goazela. Anoetako geltokian igotzen gara Topora; Madalenetako Festek egindako giza-hondamenak oraindik ikusgai daude, hots, edari gehiegikeriak, kontrolik gabe edateak nola uzten duen gizona (edo andrea). Hendaiako geltokian, bikote atzerritar bat beren bizikletekin Euskal Herrian barrena ibili ondoren; ordu batzuk geroago, Pariseko kaleetan ikusi ditugu berriro Gare du Nord, Iparraldeko geltoki inguruan. Kontsignan maletak utzi ondoren, bagoaz hiri barnera eta Place de Vosges ezagunaren inguruan jaisten gara busetik. Jendez mukuru. Arkupetako dendak beti bezain fin, dotore, eta garesti. Azkenean, presaka itzulerako autobusera igotzen gara, eta han ogitarteko eta zerbeza batekin sabela engainatu ondoren, trenera. Treneko jantokia bisitatu dugu, eta afari-otordua egina dugunez, beste garagardo bana, eta ohera.

Uztailak 23.

Igandea. Goizeko zortzietan zoo-geltokian gaude, trenean bertan goizeko zazpietan gosaldu ondoren. Zortzi eta erdietan iritsi gara Hôtel Eltonera, eta maletak bertan utzita, kalera berriro. Oso gizon atsegina iruditu zaigu holandar alderraia bezala bataiatu dugun Berlinen kokatu alokatzailea. Gosaria pentsioan bertan emango digu, gela pollit batean, eta gure geletako giltzak eman dizkigu. Gauden auzo honetan etxeak hiruzpalau solairukoak dira, kaleak erosoak, benetan espaloi zabalekin eta ia ez dabil beribilik. Benetan hiri baketsua dirudi.

Uztailak 24.

Astelehena. Museoak itxita daude eta, beraz, Zoon 100-a hartu eta ekialderantz goaz. Auzo honetan jira-bira batzuk eman ondoren, behiak hormetan zintzilik eta tximiniak ikusiz gazteek kudeatzen duten jatetxe bateko terrazan bazkaltzen dugu patxada ederrean.

Walter de Gruyter Berlin-New York argitaletxea azkenean aurkitu dut, Genthiner Strase, 13an, eta G. Glink-ekin hitz egin ondoren Martin Löpelmann-en Etymologisches Wörterbuch der Baskischen Sprache delakoaz mintzatu natzaio. Otsailaren 18an jadanik nola gutun bat bidali nion eta bertan nola aipatu liburuaren azken zatia itzultzeko eta argitaratzeko baimena eskatu nion. Zehaztapen gehiago nahi zituela erantzun zidan, eta adio.

Egun osoan batera eta bestera ibili ondoren, afaltzera goaz eta gu Donostian ohiturik baikaude Recaldeko xukrutak eta entsaladak jaten, hemengoa aski eskasa iruditu zaigu. Konpentsazioz, Literatur Hausera sartu gara eta han ardo txuri lehor bana edan dugu.

Uztailak 25.

Santiyo eguna. Asteartea. Santiago matamoros, mataindios, matarojos, Espainiako patroia. Pergamoko aldarea, Babiloniako ateak... Museoen uhartean. Hau da hau banan bana adreilu guztiak zenbatu eta hona erakarriz egin zuten lan ikaragarria. Baina, benetan herri baten ondarea desegiteko edo husteko eskubiderik ba al dago? Ondare unibertsala bilakatzen dela ere honela, egia da, baina batik bat alemanena. Han, bere sorterrian gelditu izan balira, orain dastatu ahal izango ote genituzke? Dudak eta zalantzak baditut. Erlijioen gerren ondorioz ez ote lirateke jadanik suntsituak.

Uztailak 26.

Museo Etnologikoa. Munduko Kultura ezberdinen altxorra. Ameriketakoak, Afrikakoak, Asiakoak... Zenbat maisulan eta arte-obra eder! Gizonaren irudimena benetan neurrigabea, ezberdina eta koloretsua da. Afaria Ekialdean, Bakanalia ostatuan; Txileko ardo bat, Errazuri izena duena eta Aconcaguako haranean ondua, dastatu dugu. Ekialdean kokatu da gaur egun Berlin alternatiboa. Tabernak eta ostatuak. Gazteak mukuru kaleetan, fabrika obsoletoak berreraikiz eta kultur-bizitza odol berriz piztuz. Hirurehun bat antzoki ere bada Berlin hirian. Benetan aukera handia, baina hizkuntza jakitea derrigorrezkoa ia... Uztailak 27.

Osteguna. Egiptoko Museoan bitrina batean Nefertitiren buru miresgarria. Txunditurik uzten dute bere modernotasunak eta koloreek, nola mantendu ahal izan den mendeetan zehar hain era perfektuan. Papiroak. Estelak eta beste. Arte Modernoa gordetzen duen museoan ere izan gara. Picasso, Chiriko, Henri Matisse, espresionismo alemana deitu izan den aleman artisten obrak dastatzen. Afaria turkiar auzoan, baina austriar batzuen esku dena. Lehen eta bigarren plateraren artean ordu bat gutxienez igaro da. Hemen beste erritmo batez egiten dira gauzak, noski! Balirudike ekialde urrunean gabiltzala... Ez dago presarik deusetarako. Patxi eta Marga oso sukaldari onak direnez, komentatu dute ez legokeela batere gaizki hemen euskal jatetxe bat eraikitzea eta kudeatzea. Negozioa litzatekeela. Baina txantxetan besterik ez dira ari... Uztailak 28.

Gaur, gosaldu ondoren, Berlingo Estatu Liburutegira joan naiz eta ia egun osoa igaro dut bertan katalogoak eta liburuak begiratuz, arakatuz eta ikertuz. Lehenik Wilhelm von Humboldtena ikustera joan naiz, baina hemen zenbait datu ikusi ondoren, aldamenean dagoen zentralean sartu naiz, nabarmena delarik hau dela nagusia. Bi libururen aztarnak ikusi nahi ditut bereziki hemen. Refranes y Sentencias... 1596koa eta Eguiateguyk Frankfurten argitaratu omen zuena. Dena den Txomin Peillenek plazaratutakoa eskuizkribu batetik kopiatua da. Ez baten, ez besteren arrastorik ere ez da ageri. Darmstadt-eko liburutegiaren zuzenbidea jaso dut. XVI. mendeko liburutan txit aberatsa omen. Orain, Duway liburu-dendaren aurrean garagardoa edanez, idazten ari naiz, eta laster Antiquariat edo liburu zaharrak omen dituen harengana joango naiz. Betiko amets lelo zoroarekin, ea gauza bitxiren bat topatzen dudan... Uztailak 29.

Larunbata. Kaleetan merkatuak. Egunez museoak bisitatzen, berriz. Troia, Picasso, Matisse, Klee... Afari garaia iritsitakoan, txinatar jatetxe batetik ihes egin ondoren, etxe inguruan afaltzen dugu ongixko. Zerbitzarisak, iparraldekoek esango luketenez, gaztelaniaz aski ongi daki. Erabakia dugu eguerditan plater batekin aski dela eta eguneko otordu ona afaria izatea. Euri zaparrada galanta bota du eta etxera txoil bustita iristen gara, errotatxori bustiek teilatupea bilatzen duten antzera.

Uztailak 30.

Igandea. Hilabetea bukatzear. Oporretako bi aste pasata eta itsaso bazterrean bainurik hartu gabe gorputzaldi onean sentitzen naiz. Ezker belarriko burrunda tikia da eta ez dit molestia handirik eragiten, jasangarriak dira ditudan ajeak. Arte Modernoari eskaini museoan ere egon gara, eta gaur egungo artista zenbaiten koadroak adar-jotze ariketak iruditzen zaizkit. Zernahi gauza, objektu, tresnari besterik gabe baliagarri deritzote. Paper zahar batzuk ohol zakar bati pegatsiak, edozein kalendario zaharreko edo koadernotako zirriborro eta orritxoak, harri-kozkor batzuk,... Arte-hizkera berriak ez ditudala konprenitzen ala agortuak daudela, dagoeneko dena asmatuta dagoela esan nahi ote du? Eta egia esan behar badut, sentitzen dudana da interes handiagoa duela niretzat Museoko leihotik gabarratzar bat ikatzez beterik aldameneko kanalean zehar nola igarotzen den ikusteak.

Zerbeza bat edaten dugu gaztetxe bilakatu garagardo fabrika zahar batean. Errenteriako Niessenen bailitzan. Ekialdeko beste auzo batean sartu gara. Hau tabernaz beteta dago. Dena makina-erramintez ornaturiko batean eseri gara mahai inguruan, eta zerbait eskatu eta ekarri bitartean, honako hau idazten ari naiz. Oso tranbia eta beribil gutxi pasatzen da hemendik eta inguru aski baketsua da. Tabernariak besoak guztiz tatuajez beteak ditu, eta neskamea dena da eraztun. Sudurrean, ezpainean, belarrietan, zilborrean... El País erosi dut eta konturatu naiz orain ere mutikoek egin dutela berea. Beste hilketa eta astakeria. Tolosako Beotibar tabernan Jaime Otamendi kazetariarekin hitz egiten zegoen Legorretako semea, Juan Mari Jauregi, gobernadore zibil ohia hil dute atzo. Ostiral goizeko hamaika eta erdietan, jendaurrean. Beste krimen eta hanka-sartze ikaragarria. Kalte besterik ez dakarkeena bai familiei, bai eragileei, bai eta Euskal Herri osoari. Eta nor izango da gauza hauek gero konpontzeko gai?Uztailak 31.

Astelehena. Potsdamerako trena hartu dugu, S7, eta ordu erdi batean bertan gaude. Gaztelu eta jauregi ezberdinak bisitatu ditugu. XVIII. mendean eraikitako jauregiok eta batez ere oihan eder hau benetan ikusgarriak dira. Hemendik ibiliko zen, agian, Belako zuberotar zalduna, Le Chevalier de Bela deitua, bere Batailoi Kantabroarekin. Hemen bilduko zituen hiztegi ezberdinetako hitz zerrendak ere, oraindik osorik argitaratu gabeak eta Pariseko Nazionalean dautzanak. Ostaturatutakoan, holandar alderraiaren jatetxean bazkaldu dugu harenka keztatua, baina hoberena, noski, zerbeza da hemen.

Potsdametik Spandaura autobusez ordu bat. Spandauko Zitadelan egon gara arratsaldean, bertan ikusi dugularik soldadu multzo ederra afari-merienda antzekoa eginez giro baketsuan. Ez da entzuten armen oihartzunik inondik, eraikin honetan museoak eta pintura-areto dotoreak besterik ez baitago.

Ignazio Loiolakoaren eguna da gaur. Afarian ospatu beharko dugu, ezta? Ikusiko dugu. Hemengo etxeak txukunak eta ederrak dira. Geltoki batean exekutibo planta daukan gizon bat jaitsi da eta han aldamenean aparkaturik daukan bizikletara igo eta badoa, abiatu da etxerantz. Badira, antza, lanera joateko bizikleta, autobusa eta metroa hartu beharrean direnak.

Pasternak jatetxe errusiarrean afaltzen dugu kandela baten inguruan hirurok. Marga, Patxi eta neroni. Vodka kopatxoa ere ez da faltatu. Boris Pasternaken Doctor Zhivago filma (1965) Omar Sharif, Julie Christie, Geraldine Chaplin, Rod Steiger, Alec Guiness... aktore miresgarriekin ikusi genuelarik, ez genuen irakurria nobela, eta hau etxeko afari prestaketa-garaietan irakurri diodalarik Margari, Donostiako Nazioarteko Zinema Festibalak okasiorako espresuki argitaratu edizioan, oraindik areago gustatu zait amodio ixtorioa, estalinismoari egindako kritika, fina, zorrotza eta sakona baita.

Abuztuak 1.

Berlingo azken eguna. Agurtu dugu Elton ostatuko nagusi eta zerbitzari adeitsua. Egiptoko erakusketa ikusi dugu. Berlin, New York, Louvre, British eta kolekzio partikularretako joia eder, hautatuekin osaturikoa. Einstein kafetegian atsedenalditxoa. Jardinean hiruzpalau sagarrondo eta zenbait mahai denbora lasai igarotzeko. Sinagoga desegina ere egon gara bisitatzen. Gudari sobietarrei eskaini monumentu jiganteak ere ikusi ditugu. Espainol hirukote bat argazkiak eten gabe botatzen. Gorriak ote?Adio, Berlin. Gaueko bederatzi eta erdiak. Pariseko bidean goaz eta daukadan inpresioa da hiri higitu, iraultza handia pairatzen ari dena dela. Gustatu zait ez delako erabat bukatua, oraindik egiteke inpresioa ematen duelako, eta jendea ez delako haserretzen inoiz. Hiri irekia, gaztea, lasaia, patxadatsua, baketsua. Isiltasuna nagusitzen den hiria.

Abuztuak 3.

Etxerako bidean. Paris-Hendaia. Jendez mukuru trena. El País, Libé-ration eta Le Monderi errepasoa emanez berehala iritsi gara, konturatzerako etxean baikara, oroitzapenean betirako txertaturik gelditu direlarik Berlingo ibilbideak, joan-etorriak, murru ezkutatua, museoak, plazak, jendearen adeitasuna.

Urriak 15.

Margaren Venezuelako senitarte urrunekin. Leon mediku beltxaranarekin eta bere emazte Itziarrekin Txillida Museoa bisitatzera Zabalagara. Larunbata da eta ez dabil jenderik ia. Belardiko burdinazko monumentu aurretik igaro eta bagoaz Txillidaren obra nagusia ikustera: Baserria. Semeak argitzen dizkigu zein lanak egin zituen bertan arotz eta harginekin espazio zabal eta eder hura lortzeko. Pariseko lehen obrak ere dastatzen ditugu, abstrakzio lanen aurretikakoak eta benetan gogoko ditut. Leon eta Itziar, euskal jatorrizkoa, oso bikote aditu eta atsegina da, eta goiz ederra elkarrekin pasatzen dugu, bazkaria Escolta Realeko Oliyos ostatuan apal eta goxo eginez.

Lekeition Galeuzcako idazleak bildurik daude. Eta Joserrari eta Ramoni ea animatzen garen eta han zerbait egiten dugun, ETAk eginiko astakerien kontra agiriren bat-edo, hilketak salatuz, ekintza eta heriotza bortitz guztiak gaitzesten ditugula esanez, asmo hutsean gelditzen dira, ez baitidate erantzunik eman eta pauso hori emateko bakarrik ez bainaiz gai.

Urriak 18.

Madrid. Lan-orduak bulegoan eman ondoren, lankide batek zentrora inguratzen nau eta Quevedo plazan uzten nau. Bueltaxka bat eman eta La Cruz de Malta zerbezeriako terrazan eseri naiz, bakailao keztatuz ondu kanapea zerbezarekin konbinaturik. Luis Landeroren El Mágico Aprendiz eleberria irakurtzen ari naiz. Gogoki dastatzen dut bere gaztelania aberats, garbi eta ixtorioak modu kritiko ironikoan kontatzeko grazia eta ahalmena. Gero Euskal Txokora noa afaltzera. Garai batean beterik egoten zen, Jesús Calderónek sukaldari-lanak egiten zituenean, baina gaur bakar-bakarrik nago. Musika ere ez da batere erakargarria eta afariak hotz eta ezkor uzten nau.

Urriak 21.

Iritsi da berriro Irun Poesia sariak emateko eguna. Ohi bezala larunbatez, eta deliberamenduak Hondarribiko Karlos V Paradorean Bidasoari begira egin ondoren, oraingoan hamar poema-liburuen artean poeta gazteago baten hautaketa egin dugu. Urtzi Urrutikoetxearen Utzidazu karmina kentzen atera da garaile. Jon Kortazarrek El Paísen eginiko erreseinan honelaxe bukatuko zuen bere komentarioa: Joera su-rrealistarekin batera Urrutikoetxeak egunerokotasuna eta egunerokotasun-hizkera, fonetismo eta guzti, erabiltzeko joera du, hurbiltasunaren kariaz.

Niri erritmoa atsegin zait, agian, testuan zehar horrenbeste aipatzen duen musikaren fruitu.

Azaroak 3.

Manresan Jornada de reflexiò i debat sobre la festa jardunaldia ospatzen dugu eta nire emanaldiak titulu hau du: La Festa a la cultura éus-kara: ahir - avui. Oso ezkor agertzen naiz eta festen historia labur bat egin ondoren, gaur egun esango ez nituzkeen hitzekin bukatzen nuen:

La Fiesta hoy en el País Vasco –quitando algunas excepciones en las que sirve de vínculo de unión comunitario y de defensa de la identidad cultural propia– sólo ilusiona a los jóvenes y a los más pe-queños, o desata las pasiones menos fraternales y más discriminatorias e injustas como es el caso de los alardes iruneses y hondarribitarras.

Koadernotxoan honako oharrak. Sant Domènec, Santo Domingoren plazan Arango haraneko zenbait kantari entseatzen entzuten ditut infernuko hauspoaren laguntzaz. Orain bertan oholtzan ke-hodei bat ari dira sortzen garbiketa erritual baten antzera. Mallorcako buruhandiak. Zamalzain beltz eta zuriak. Aragoiko artzainen dantzak. Neska airean eduki ondoren artzaina nekatu eta ipurdiko galanta neskarena. Esbart Marboleny, Retaule de la Passió, Glossa de la Moixiganga de Lleida, dira behatzen ditugun ikuskizun batzuk. Kristoren Pasioa, Erdi Aroko jantziz beztiturik diren hogeita hamarren bat emakume eta gizonek antzezten dute. Ez dago elkarrizketarik, irudia eta musika soilik. Pobre xamarra deritzot. Oso interesgarria, aldiz, Les llegades del cavaller d'Espinzella. Gizon bakarra bizikleta baten gainean zaldi bat irudikatuz. Armaduraz jantzia eta Espinzellako zaldunaren abenturak kontatzen. Herensugearena eta beste. Haurrak begiak zabal-zabalik daude lurrean eserita eta noizbehinka parte hartzen dute beren oihu eta algarekin. Francesc eta Pauren konpainia benetan interesgarrian pasatzen dut eguna. Eta gauaren parte bat ere bai, zeren aspaldiko partez goizeko hirurak arte eman dugu dantzan. Ariketa honetarako kilo eta urte batzuk soberan, ordea.

Azaroak 5.

Hegazkina Hondarribiko aireportuan gaueko hamarrak laurden gutxitan lurra hartzekoa zen, baina haize bortitz zakarra dabilela dela-eta, ezin izan du, eta Noaingo aireportura eraman gaituzte. Beldurrak eragindako isiltasuna nabarmentzen da barrenean. Iruñea ondoko aireportuan jaitsi eta itxaroten ari den autobusera igo gara, gaueko hamabi eta erdietan Amara-Plaza hotelaren ondoan utzi gaituelarik pasaiari batzuk.

Azaroak 7.

Fakultateko jan-lekuan bazkaltzen dut. Nire bandejarekin banoa non eseri bilatuz eta hantxe ikusten ditut Antonio Dominguez Rey, Ana Jimena eta Conde delako ahobero harroputz bat. Honek esaten du, el euskera no lo saben ni los propios salvajes. Ana Jimenak, nunca he oído hablar el gallego. Hitzok entzuteaz nazkatuta, duintasunez bandeja hartu eta altxa egin naiz beste mahai baten bila. Barkamen eske etorri zaizkit berehala eta beren mahaira itzultzeko eskatu didate. Hauek entzun beharrak!Azaroak 10.

Juan Luis Zabala kazetari eta eleberrigileak Egunkariako gaurko kronikan dioenez: UNEDeko Bergarako Ikastetxe Elkartuak antolaturik –Eusko Ikaskuntzaren eta Espainiako Hezkuntza eta Kultura Ministerioko Kultura Idazkaritzaren babesarekin, eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen eta Euskal Idazleen Elkartearen lankidetzaz–, Euskara, Galego, Katalan eta Gaztelaniazko Narraziogintzaz Jardunaldiak egingo dira datorren astean, hilaren 15ean eta 16an, Donostiako Miramar jauregian. Lau hizkuntza horietako literaturaren ordezkari gisa, egile eta kritikari bana izango da jardunaldietan.

Eta parte hartzaileak honakoak izango dira: Xosé Dobarro (Literatura galegoaren egungo egoeraz), Carlos Casares (nobelistaren ikuspuntua), Francisco Gutiérrez Carbajo (Literatura espainolaren egungo egoeraz), Luis Landero (nobelista), Joaquim Molas (Literatura katalanaren egungo egoeraz), Baltasar Porcel (nobelista), Mari Jose Olaziregi (Euskal Literaturaren egungo egoeraz), Anjel Lertxundi (nobelista).

Mahai-inguruak ere izan ditugu kritikari eta narratzaileen artean, niri suertatu zaidalarik aurkezle- eta moderatzaile-lanak egitea. Azpimarra dezadan eskertzekoa izan dela Landeroren parte hartzea, zeren eta aipatuko ez dudan nobelista espainol bat baino gehiagok ezezkoa eman baitzuen. Dena den, hantxe zegoen Baltasar bizkartzain eta guzti.

Azaroak 21-24.

AURIGA. Los retos actuales del mundo latinoamericano. Antoniori programa antolatzen eta subentzioak eskatzen lagundu baitiot, hementxe nago Coruñan. Hizlarien artean, La Habanako bikario jenerala, Carlos Manuel de Céspedes, alegia, apezpikua eta La Voz de Galiciak jaso zuenez (2000-XI-21), eliza katolikoak Castrorekin dituen harremanak onak dira. Begoña de Luis Fernández astrofisikaria Unibertsoaren Historiaz mintzatu zaigu eta Ortzia idazleek nola ikusten duten: José Martík, Severo Sarduyk, Emilio Cardenalek, Reinaldo Arenasek... Humberto López Moralesek Miamin dituen negozioez eta espainolak daukan indarraz mintzatu zaigu. Antonio Regalado, New Yorkeko Unibertsitateko irakaslea, Santiagoko bideaz mintzatu zaigu metafora bat bailitzan... 

Filologia Fakultateko Paraninfoan hitz egitea suertatzen zait itsasoari begira. Balirudike itsasoan barrena goazela. Ohi bezala, agur kanta batekin hasten naiz eta pasatzen ikusten dudan transatlantiko bati oparitu poemaz. Liburuxka batean moldaturik daukadan une horretako balada dakart hona:

Riazor ostatuko

Leihotik nagozu so,
Bistaurrean urruneraino dager itsaso.
Herkulesen dorrea
Tente ekialdean,
Paseiari bakartiak dabiltz euripean.
Emakume zaharra,
Atzetik doa zakurra,
Eta ni aterkipean jantzita zamarra.
Mendebaleko haizeak
Astintzen tu parajeak,
Eta kresalaz jantzi dira saudadeak.
Tabernan olagarroz
Ribeiro eta orujoz,
Bakartiari saudadea uxatuko.
Merkanteak badoaz
Hamaika mota kargaz,
Galipota baino zama pozointsuagoaz.
Harkaitz erraldoietan,
Haizek zizelduetan,
Heriok edirengo ditu kostaldean.

Azaroak 25.

Nire altzatar adiskide Joan Mari Irigoienek Urepel jatetxera gonbidatu nau Lur bat haratago (Elkar) eleberria argitaratu duela-eta. Hantxe gaude taldetxoa. Joxe Azurmendi, bera eta Imanol bere anaia zaharragoa, hau ere poeta handia, beste zenbaiten artean. Kritiko guztiak ez datoz bat kontrazalak dioen arnas luzeko nobela mardul hau baloratzean. Ixtorioa XVII. mendean kokatzea eta Axularren hizkera imitatzen saiatzeak, horretarako urtetan hamalau orduz egunero lan egin beharrak, badauka bere arriskua, eta ahalegina ez zen agian iritsi maisulana izatera, baten batek zioen bezala, pastitxe bat gertatzeko arriskua zeukan. Axularren hiztegia errepika daiteke gaur egungo nobela modernoan, baina aditza? Ez al dago arriskua egungo irakurleak perpausak luzetsi ditzan, gaia interesgarria izan arren?Gaur eztabaida izan dut Josean Ormazabal Eusko Ikaskuntzako idazkariarekin ASJUri buruz, eta esan dit Velez de Mendizabal gerenteak erabaki duela tesirik ez dela bertan argitaratuko. Eta esan diodanean plazaratu izan direla, eta Blanca Urgellen tesia argitaratzen ari garela, adibidez, ez dit deus ere erantzun. Madrilen argitaratu behar ote dira Euskal Literaturaz egiten diren tesirik hoberenak?SERTA 4 aldizkarirako Xabier Lete, Bitoriano Gandiaga eta Patxi Ezkiagaren zenbait poema hautatzen ditut, eta beraien itzulpenekin ematen. Ez dut uste batere mostra eskasa denik eta irakurleak gustuz dasta ditzakeenak direlakoan nago. Hala espero dut, bederen.

Azaroak 28.

Gaur Moncloa aldean Merleau Pontyrengan eta Estetikan aditua den Carmen López Sáenz lankidearekin hitz egiten aritu naiz. Nahiko meritu badu, oposizio libre batean etxeko faboritoaren gainetik garaile ateratzeko gai izan delako. Unibertsitateaz mintzatzen gara, San Martín katedratikoaz, turbo-profesor gisa definitu du. Hona eta hara dabilela, errektoreorde-karguak ematen dizkion aukera guztiez baliatuz. Kontatu dit nola bera Logroñokoa den eta bere hamar urteko semetxoa pilotan ikasten ari den, eta nola igandeko mezatan epistola irakurtzen duen. Oso emakume atsegina, zuzena eta azkarra iruditu zait. Eguna Unn-en tabernan bukatzen dut berarekin, Bakus omenduz.

Abenduak 14.

Bartzelona. Literatura Topaketak. Jesus Prieto errektoreordeak ireki ditu jardunaldiok, eta Konstituzioaren hirugarren artikulua aipatzen du, sinesten du dioen horretan, el todo debe sentirse integrado en las par-tes, baina orain arte ez da behar bezala bete Konstituzioaren artikulu horrek dioena, alegia katalan, galego eta euskal kulturak landu eta lagundu behar dituela... Basilio Losada itzultzaile eta irakaslea burgesiaz eta oraingo literaturaz mintzo da. Manolo Rivasek aurkezten du eta honek bere grazia bereziaz heltzen dio bere nobelagintzaren aurkezpenari. Joan Riberak ohiko moduan, hitzak bi aldiz errepikatuz, Carme Rieraren presentazioa egiten du, eta honi oso denbora gutxi gelditzen zaio, eta hiru ideia xinple, baina zuzen eta ongi esanak adierazten ditu. Halaber, Maria Jose Olaziregik eta Anjel Lertxundik aski modu finean, estilo bikain batean azaltzen dituzte beren kezkak. Ignacio Aldecoaren alarguna den Maria Josefa Aldekoa (Hernández Sánchez) da gaztelaniazko idazle gonbidatua. Portu aldean dagoen 7 portesen afaltzen dugu denok elkarrekin, nork bere esperientzia literarioak aldamenekoari kontatuz.

Abenduak 27.

Lezon nago eta basoerdi bat edatera jaitsi naiz Aizpea tabernara. Bertan Xabier Oiartzabal topatu dut. Maiz jokatu izan dugu elkarrekin palaz eta aspaldiko ezagunak gara. Euskarak sufritzen duen erasoaz mintzo zait. PP eta PSOEren jokaera justifikaezinaz. Ni isilik. Esaten zuenari beren iritzia eransten zioten ildo beretik Mikel Arrizabalagak eta Makusok... ; azkenean hau atera zait barren-barrendik: Nik daki-dala ez PPk ez eta PSOEk ez dute Ernest Lluch hil. Erabat isildu dira. Bakoitza bere etxerantz abiatu da bazkaltzera. Oraindik oroitzen naiz Donostian Musika Hamabostaldian, Ramon Etxezarretak presentatuta, Lluchekin izandako elkarrizketaz. Bere bizitzako zertzeladak kontatu zizkigun. Jose Antonio Agirre eta bere aita adiskideak zirela. Donostiarekiko zuen atxikimendua. EAJk eta PSOEk elkar hartzeko duten beharra. Zer esango ote du orain Arnaldok? Lau ordu luze pasatu omen zuten elkarrekin hizketan... Abenduak 31.

Urte Zahar gaua Marikrutxenean. Margak eta biok nork bere familiarekin iraganen dugu urtearen azken afaria. Hamabiak direnean ateratzen gara plazara ematen duen balkoira eta hantxe entzuten ditugu Pasaiako Portuko ontzi guztien tutuak, buuuu, Urte Berria ospatzen. Auzoko Pontxio Amianok eskopeta hartu eta tiro batzuk egiten ditu airera, tradizioari jarraiki. Mukizu batzuk ere hasten dira petardoka, supanpa zarataz gaua asaldatzen.

Jean Espil (Mendi 1701-1786), errejentak moldatu Jean Racine-ren Esther (1689). Baionako Euskal Museoko Biblioteka. Campan-Latsague MS. 3.