1991

MADRILERA astero joaten jarraitzen nuen eta 1991n zenbait lan plazaratu nituen gaztelaniaz, irakurle espainol kultuak bederen ezagutu zitzan. Bat Introducción a la Filología Vasca, Jenaro Costas dekanoak eginiko hitzaurre batekin, non esaten zuen, constituirá una herramienta imprescindible para nuestros alumnos, pero también para cuantos estudiosos deseen adentrarse en el conocimiento de esta lengua milenaria. Eta Mitxelenaren oroitzapenarekin bukatzen zuen, maisuaren adiskidantza eta su aguda crítica y su innata “libertas” eskertuz, alegia, haren iritzi zorrotza eta etorkizko liberaltasuna. Halaber, Epos errebistan pastoralei buruzko artikulu bat aurkeztu nuen, eta gerora nire azterketagai nagusietarikoa izango zen “Antoine d’Abbadie y el resurgir literario vasco en la segunda mitad del siglo XIX”, Julia Butinyàk eta neuk plazaratzen genuen Revista de Lenguas y Literatura cata-lana, gallega y vascan.

Josu Pikabearen tesian egotea suertatu zitzaidan. Titulua: Literatur lapurteraren bilakaera XVII, XVIII, eta XIX. mendeetako lapurterazko testuen bilakabide historikorako lehen urratsak. Ibon Sarasolarekin eztabaidatxoren bat izan nuela ere gogoan dut, Agosti Chaho bezalakoak “marzianoak” zirela esan baitzuen aski modu zakarrean... Patxi Intxaurrandieta lezoarrarekin lan ederra burutu genuela oroitzen naiz. Hizkuntza musikalean dudan eskasia berak bete baitu elkarrekin paratu ditugun hainbat liburutan, bere transkripzioak pentagrametara benetan oso onak izan baitira. Hala bada, Lapurdi, Baxanabarre eta Zuberoako Bertso eta Kantak bi liburukitan prestatu genuen eta Etor argitaletxeak plazaratu. Lehenak, 910 orrialde zituen, eta bigarrenak, 936. Gogoan dut aurkezpena Donostiako Sociedad Gastronómican egin zela eta Jean Haritschelharrek lagundu zidala bertan. Patxirekin batera burutu nuen beste lan bat Lezoko Udalak argitaratuko zuen: Garbizu anaiak: Zubigar, Iruzubi, Tege (1921-1936), non gerraurreko literaturan murgiltzen ginen erabat. Maiz erabili izan dudan irudiarekin nioen, Euskal Herrian Everest bezalako mendi garairik ez izan arren, badirela beste mendi apalagoak, gailur ederrekin, non ikusmiratu eta dastatu lore xorta pollitak.

Entsegu Sari Nazionalean egotea suertatu zitzaidan, eta hainbat saiakera irakurri ondoren, Martí de Riquer irakaslearen Aproximació al «Ti-rant lo Blanc» liburua, zaldun-eleberriez eginiko ikerketa miresgarria, saritu genuen; Joaquín Forradellasek zioen bezala ‘el manco de Lepanto’, eskumuturra gerran hondatua baitzeukan Martík. Gure bulegoan ere egona zen, Juliaren irakasle izan baitzen, eta harrituta geratu zen gela barnean fotokopiagailua geneukala ikusita.

Eta Galeuzca 8. 1991. Iruñea. Urriaren 31tik azaroaren 3ra Nafarroa-ko Museoan, jardunaldiak izan genituen, Zumetaren kartel koloretsu, gorri eta beltz bizietan zioen bezala. Biltzarreko gaiak: 1. Saioa Filosofia eta Literatura artean (Eduardo Gil-Bera, Antoni Mari, Josep Ballester, Jaume Pérez Montaner, Maria Xosé Queizan, Joxe Azurmendi, Patziku Perurena... ); 2. Poesia tradizioaren eta hausturaren artean (Margalida Ponsa, Juan Mari Lekuona, Xosé Maria Alvarez Cáccamo, Aurelia Arkotxa, Iñigo Aranbarri... ); 3. Irakurle arruntarentzat ala kultoarentzat idatzi? (Vicenç Llorca, Manuel Riveiro, Mikel Hernandez, Inazio Mujika, Ramon Saizarbitoria, Bernardo Atxaga... ).

Jardunaldi hauek antolatzeko hitz egitera udaletxera joan ginen eta oso ongi errezibitu gintuen bertako Kulturako zinegotziak, EAko Petrizan zela uste dut, eta leku aproposa aurkitu zigun: Nafarroako Museoa. Hango hitzaldi eta eztabaidetan adierazi ziren iritzi interesgarriak hemen laburtu ezin ditudanez, osoki irakurri nahi dituenak Interneten dauzka testuak (www.aelg.gal-en).

Ramon Saizarbitoria euskal letretarik pixka bat urrunduta soziologia lanetan ari zelarik (dena den, Ur Apalategik ematen dituen hemeretzi urteak baino gutxiago), iruditu zitzaidan egoki izango zela bertan hitzaldi bat edo aurkezpenen bat egin zezan gonbidapena egitea. Kasu Bernardo Atxagarena. Ramon hiru orrialde trinkotan bere belaunaldiaz eta hurrengoaz mintzatu zen, Bernardori egin aurkezpenean. Beharrik ez zuen, noski, baina neronek ezarri nion idazleon barrutira erakartzeko puntua. Sarreran nitaz zioen, exzentriko samarra baita, bere izate akrata modukoaren aginduz, arauak hausteko joera nabarmenarekin batera, hain zuzen ere, ohitura zaharkitu eta solemne modukoei eustea gustoko duen hoietakoa. Baina, zuri dezadan ene burua, ez hain arraroa, oso arrunta baita, unibertsitate-ohitura, autore bat aurkezteko bere obran aditua den norbaiten esku uztea aurkezpena. Geroago zenbait hitzalditan erabili izan dituen bi ixtorio aipatzen zituen. Bata, Balentin Berriotxoaren esaldi hura, quiero ser santo para que un santo tenga Bizkaia, eta euskal nobelagintza europartzeko egiten zuen bere ahalegina Berriotxoaren haren oihartzuna bezala kontsidera zitekeela.

Bestea, Jarrai taldearekin behin Azpeitian antzeztu zutela Ertzaina etxean –honelaxe itzuli zuen Julian Lekuonak John Priestley ingelesaren An inspector calls (1940) ‘Llama un inspector’ 1951ko maiatzaren 25ean Teatro Españolean estreinatua–. Jarrai taldeak 1962an Antzoki Zaharrean antzeztu zuen lehen aldiz, eta Nemesio Etxanizek bere gutun batean dioen bezala, oso ederki. Bidenabar azpimarra dezadan, 60ko hamarkadan Jarraikoek euskal teatroa eguneratzen eginiko ahalegina, eta John Priestley (Ertzaina etxean, 1962), Tennessee Williams (Krista-lezko iruditxoak, 1962), Eugenio O´Neill (Bestelakoa, 1964), Henri Ibsen (Andere etxea, 1965), Albert Camus (Gizon zuzenak, 1966), Arthur Miller (Denok nere semeak, 1967) bezalako autoreak eta obrak geureganatzeko ahalegina guztiz laudagarria zela, baina izan zituela kontrako ahotsak ere, hasieran txalotu zituen Nemesio bera. Ramonek Azpeitian antzeztu zuenean hemezortzi urte zituen, eta, irkaitzez dioen bezala, emakume batek uste zuen gaztelaniaz entzun zuela. Hau da adierazi nahi duena, alegia, prosaren sinesgarritasuna, egiantza oso garrantzitsua dela, eta badela itzulpen jarduera faltso eta penosoaren arriskua ere, zeinetatik belaunaldi berriak (Bernardo Atxaga, Koldo Izagirrek,... ) ihes egitea lortu duen. Eta bidenabar aipatzen du Ustela aldizkari literarioa ere (1975-76), non parte hartu zuten Koldok, Bernardok eta Ramonek berak, baina, antza denez, Bernardok ez zuen bere burua haien artean oso ongi sentitzen eta Bilbora joan zen, eta han Pott sortu (1978-80). Literatura konprometituaren eta literaturaren autonomiaren aldekoen arteko lubakia ez zen gainditu ahal izan, antza, nahiz eta muga zehatzak ezartzea ez izan inoiz oso erraza, eta are gutxiago Potten parte hartu zuen Sarrionandiaren kasuan, adibidez.

Ramonek kontatu izan du nola Iruñean harriturik ohartu zen gau ibilaldi haietan euskal idazleen kapillitak, taldetxoak eraturik zeuden dagoeneko, zein bere abiaduraz eta joeraz. Lotarako ez zuela aurkitu lekurik eta Donostiara itzuli izan behar zuela gauez, bakarrik. Noski, hori nire errua edo bederen Elkarteko intendentziaz arduratzen ziren Maite eta Begoñarena izango zen, agian.

Saran Euskaltzaindiak antolaturik 1991ko abenduaren 20an eta 21ean Jean Baptiste Elizanbururen heriotzaren mendeurrena zela-eta, jardunaldi batzuk ospatu ziren haren obran sakontzeko asmoz. Nik gai bat hautatu nuen: Lau andren besta. Lan horrek bere zortzi edizioetan ukan zituen aldaerak aztertzen nituen, eta Robert Marichal paleografo eta artxibista frantsesak Testu Kritikaz eginiko lanean esandakoak gogoratzen nituen, hartan baitio une édition est une copie... , edizio bat kopia bat da, eta kopia dioenak aldaki dio, oharkabean eta ia beti egiten baita, baita testu inprimatua denean ere, eta zer esanik ez originala eskuizkribua bada. Gogoan dut nire hitz egiteko unea iritsi zenean, batzuk altxatu (apaizak) eta mezetara joan zirela. Errespetu eskaseko portaera hark ez ninduen hala ere nire onetik atera irakurketa unean, harrotasunez pentsatzen bainuen beraiek zirela galtzaile.

1991n, aipatu liburuez aparte, beste bi argitaratu nituen, autore zaharrak eta ia ezezagunak ezagutarazteko entseguan. Bata, Xabier Azurmendi zegamarrarekin: Klaudio Otaegi olerkaria (1883-1890), haren mendeurrenean eta Euskaltzaindiak antolaturik Hondarribiko Udalean eman nuen hitzaldiaz baliatuz. Eta bestea, aldika Donostian Leon Olalkiagak argitaratzen zuen Baserritarra (1904-08) aldizkarian agertu zen Santiago Ezenarro “Gatz-Errota” idazle ia ezezagunaren nobela-foiletoi irrigarria, non Lapikozarko islan euskal soldaduek izandako gorabeheren berri ematen baitzuen umore handiz. Kintoak, alegia, tamalez lehen kapituluak falta zituena.

Euskaltzaindiak antolatzen zuen Mikel Zarate saiakera-saria irabazi nuen 1991n, Agosti Chahoren bizitza eta idazlanak 1811-1858 entseguarekin. Bertan Atharratzeko Udalean, Baionako Herri Liburutegian eta Pariseko Liburutegi Nazionalean egindako ikerketak biltzen nituen. Epaimahaikideak Alfontso Irigoien eta Andolin Eguzkitza izan zirela uste dut, besteren artean. Eta benetan poztu nintzen ohartuz nire ahalegina hoberenetsi zutelako. Dena den, asko haserretu nintzen, nire amorrua isilik pairatu behar izan arren, hurrengo urtean BBK-k, Leopoldo Zugazaren eskutik, egindako edizioa ikusi nuenean. Irakurleak begiak hondatzeko eta galtzeko arriskuan jarri behar zituen, hain letra ttipiz egina baitzen edizioa, merke-zurrean. Halaber, aurkibiderik gabe aurkeztu zen; honelakoa beharko zukeen: Aitzin-solas (9.or.); 1. Atharraz-tarra niz sortzez baita bihotzez ere (11-20. or.); 2. Gazterik juan nintzen Pariserat... (21-55. or.); 3. Biba Independentzia! (56-77. or.), 4. Hemen datza Agosti Chaho (78-93. or.); Bibliografia (95-98. or.).

Zenbait denbora geroago, Dupré-Morettik zioenez, obra hau zen sans doute l'étude le plus complète actuellement, alegia lanik osatuena ordu arte; horrek poztu egin ninduen, noski; hizkuntzalaritzatik eta literatur kritikagintzatik eginiko hurbiltze-saioa horrela estimatua izateak. Aitzindari eta iraultzaile haren abertzaletasuna nola zegoen sustengatua lau zutabe nagusitan: geografia aldetik lurraldeak duen batasuna, hizkuntza, historia eta eskubideak. Eta hauei erantsi beharko geniekeen populuaren borondate politikoa. Eta orobat artikulu interesgarriz eratu Herri Iberikoen Federazioaren Konstituzioa, hau da, Organización de la República Federal Ibérica delakoa, Arielen argitaratu zuena (1851-IX30) aurkitu izanak anitz pozten ninduen.