Urtarrilak 8.
GAUR goizean El País irakurri dudalarik, ohartu naiz gauean Ruper Ordorikak bere azken diskoa, Kantuok jartzen ditut aurkeztuko duela Galileo Galilei musika aretoan. Teresa Sanchez eta Fernando Sanz adiskideei deitu diet –irakaslea bata eta editorea bestea–, eta oso pozik animatu dira euskaldunaren kontzertua entzutera. Egunkariak dioenez, El de Ruper es un rock pausado y reflexivo, que ana-liza la cotidianidad con lenguaje coloquial y profundidad en la mirada: suele decir que le gusta que su música tenga “un componente balsámico, algo terapéutico”. Beraz, daukan rokero-kutsua ez da besteena bezain gogorra, gozoa, eztia eta iradokizunez betea baizik. Zerbeza bana edan dugu plazer handiz entzuten dugun bitartean, euskal kantak gozatuz, eta gero, bukatutakoan, Fernando eta Teresarekin agurtzera joan naiz. Fernandok eta Ruperrek elkar ezagutzen zuten eta Cádizeko musika-festibal batean elkarrekin egonak ziren... Una noche mágica.Urtarrilak 19/23.
Valentzia. Azterketak. Lo katedraletik ez oso urrun dagoen Hotel Inglésen. UNEDen egoitza aski urrun dago eta ikasle kopurua izugarri handia da. Beraz, sistema berriarekin, ordu pare bat egon gara begiak ordenagailutik altxatu gabe. El Peseten bazkaldu. El asilo del libro liburu-denda bisitatu eta lankideekin huntaz eta hartaz berriketan aritu ondoren amaitzen dugu batzuetan benetan lan gogorra bilakatzen den hau, dena ongi bilaka dadin, irakasle eta ikasleen artean inolako arazorik gerta ez dadin, ez eta txinpartarik piztu.
Urtarrilak 31.
Donostia Hiria Antzerki Saria. Hamar antzerki-lan aurkeztu dira eta erabakitzen dugu Clitemnestra-ren itzulera hoberenestea. Alaitz Olaizolak moldaturiko lan interesgarria gertatzen da irabazle. Bazkarian Joan Perez de Lazarragaren euskal eskuizkribua Gipuzkoako Diputazioak erosi duela informatzen didate, Borja Aginagalde artxibozaina bitarteko, eta sarean ipiniko dutela eskegita, otsailaren 18an.
Otsailak 7.
Errezilen Maria Dolores Agirre omendu dugu. Nire arreba Marikrutxekin joan naiz ekitaldira. Eta bazkalondoan, Miren Azkaratek hitz batzuk egin ondoren, Guillermo Etxeberriak, Egan aldizkariko zuzendariak, hitza ematen dit eta nik antzerkigilearen bizitzako zertzelada batzuk kontatu ondoren, euskal teatroan daukan lekua eta garrantzia azpimarratzen dut. Gero neronek idatzitako ehun orrialdeko lana, hau da, María Dolores Agirre eta Euskal Antzertia banatzen da. Hitzaurre baten ondoren, bertan jaso dut Michael V. Gazzoren A Hatful of Rain, Txapela bete euri ere, Maria Doloresek itzulia eta neronek egungo grafiara egokitua.
Eta Michael V. Gazzoren, Txapela bete euri antzerkia.
Maiatzak 10.
Vidal Lamiquiz lankide gasteiztarrarekin geratu naiz afaltzeko Plaza San Nicolásen duten Txoko zar izeneko soziedadean. Trena Chamartina
iritsi bezain azkar taxia hartu eta banoa Madrileko hiribarnera gauean Castellanako banku eta dorretxe argituak kontenplatuz. Sartzeko txokoan, Lamikizek komentatu didan bezala, atarian lurreko harlauzan pegatsirik dagoen Francoren aurpegidun moneta zapaldu behar da. Eta antza, afaltiar denak, apaiz bat ere tartean badelarik, aski tripazale finak dira eta politikoki ez galegoaren zaleak.
Maiatzak 18.
Euskal Etxean egiten dugu Galeuzkaren orain arteko hizkuntza eta literatura libururik mardulenaren presentazioa. Introducción a las len-guas y literaturas catalana, gallega y vasca. Aldamenean ditut Josep-Antoni Ysern katalana eta Manuel Rodríguez galegoa, eta gure hizkuntzen ezagutarazteko eginiko lanak aipatzen ditut. Azken finean, ez dugula UNEDen izpiritua eta Konstituzioaren hirugarren artikuluko hirugarren atalak dioena betetzen baizik. La riqueza de las diferentes variantes lingüísticas de España es una herencia cultural que será objeto de respeto y protección especial dioena. Nola Espainia, Europa eta Humanitatearen ondare eta, horrenbestez, kultura unibertsalarena den euskara, eta bere galerak Espainiako Prehistoria eta historiaren ezagutzan giltzarri funtsezkoenetarikoa den elementua galtzea ekarriko lukeela. Denok aberastu gaitezkeela eta behar dugula Bestearen ezagutza sakonago batekin, elkarren arteko komunikazio adeitsuago, kultuago, toleranteago eta libreago bat osatu. Diskurtso ezberdinen, ondoren Patxi Aranbururen eta Euskal Etxearen eskuzabaltasunez ardo nafarra dastatzen dugu pintxo batzuekin harmonia onean.
Maiatzak 23-29.
Bazako UNEDeko egoitzan azterketak zaintzen. Igandean hegazkinez Granadako aireportura eta handik taxiz iristen naiz hotelera eta itxita dago. Euri-zaparrada handia ari du eta lanak ditut taberna batean aterpea aurkitzeko. Iglesia Mayor de la Encarnación, katedrala, mezkita baten gainean eraikia. Bertakoa omen zen, abizenak adierazten duenez, Ibn al-Quaysi al-Basti poeta, besteren artean. UNEDeko zuzendaria zientzietako irakasle gazte bat da, Madriletik astero beribilez etortzen dena. Inguruak ikustera eramaten gaitu. Urtegi bukatu gabeak... Kobazuloak. Lan gutxi daukagu ikasle guztiak gela berean sar baitaitezke.
Egun bat libre suertatu zait eta Motrilera noa autobusez, bertan baitago lan berdintsua egiten Anjelita lankidea ere, nire adiskide ona den Bizente Granadosen emaztea. Polita da benetan Motril eta UNEDeko egoitza. Kostan daukan etxea erakusten dit. Landare ederrez apainduriko jardina dauka, itsasoari begira, peñoian, haizpean, eskailera batzuez uretara jaitsi daitekeelarik. Gero Anjelitaren anaiak daukan jatetxera goaz, non arrain fresko ongi prestatuaz eta ardo zuri benetan gustagarriaz gozatzen dugun. Berriketa ere atsegina, andaluziar hauena. Egun on bat eta paraje berriak ikusita, itzultzen naiz Bazara, eta han lanak bukatutakoan Donostiara berriro.
Maiatzak 31.
Interneten Lazarragaren eskuizkribua eskegi zenez gero, buru-belarri murgildu naiz haren ikerketan. Lehenik paperera pasatzen, eta gero transkripzioa egiten, une bat galdu gabe. Lan honek egunean hamar ordutik gora eraman dit zenbait hilabetez.
Xabier Kintanak, Henrike Knörrek, Martin Ansok, Xabier G. Argüellok, Jon Kortazarrek, Dabid Tabernak, Alberto Barandiaranek eta Pruden Gartziak, besteen artean, diotena arreta handiz irakurri dut. Bibliografiek eta historialariek, Allende Salazarrek eta Landazurik zer zioten Lazarragaz. Konturatzen naiz Juan Monterok egin Jorge de Montemayor-en La Diana obraz idatzitako tesiaren edizioa irakurriz, zeinak Juan Bautista de Avalle-Arceren hitzaurrea daraman, Lazarraga gazteak modan zegoen artzain-eleberriaren moldaketa idatzi zuela, tamalez hutsunez betea iritsi zaigun zati hori. Latinera, frantsesera, italierara, ingelesera, alemanera, katalanera bezala, Montemayor euskarara itzultzen eta moldatzen saiatu zela. Gai nagusia garai hartan oso ezaguna zen bilantziko baten errepika hura zen, Amor loco, ¡ay, amor loco! / Yo por vos y vos por otro.Kantutegiari zegokionez, konturatu nintzen bazirela erlijiozko, amodiozko poemak, irrigarriak, baladak eta beste. Pasio Santuari buruzko poema berrirakurriz, batek galde dezake ea ez ote zen Larreako errepresentazio batean erabili, jakina baita Araban 1511n, Gesaltza-Salinas de Añanan, hain zehazki, Remembranzas de la Pasión delakoa ere antzeztu zela. Halaber, euskarazko idatzi zen lehen bilantzikoa idatzi zuela, Francisco de Ocañaren Cancionerotik hartuta, zeina Francisco de Salinas musikoak jasotako Al tono de... No me lo digays madre a Fray Anton / Buenas nuevas Buenas / Perucho y Antón, doinuaren arabera kantatuko zen. Eta 1564an gertatu Salbatierrako Suteari buruzko balada Cancionero de La Colombinako Antes era el día / ya salia el lucero airearen moldean pentsatua eta idatzia zegoela. Amodiozko kantei zegokienez, besteak beste, Aitak ezkondu ezpanagi / neurau ni ezkonduko nax sa-rri, bertsoekin hasi zuen kanta Karlos V.aren gortean Cornelius Canis (Gante, 1506-1562) kantari zenaren Mariez moy, mon père poemaren bertsioa. Bazirela La Bella malmaridada, hots, Eder Malezkonduaren, eta La Bella Malmonjada, Eder Malmonjaraziaren aldaerak... Bazirela hiru poema letra ezberdinez idatziak, María Estibaliz de Sasiola debar emakume familia aberatsekoak sortuak. Eta abar. Sarrera luzexka bat, hau da, 70 orrialdekoa, eta eranskin zenbait ezartzen nizkion edizioari, hala nola ohar argigarri batzuk: 700dik gora. Beraz, egoki iruditu zitzaion Iñaki Aldekoari burutu nuen edizioa, eta Erein argitaletxeak argitaratzea erabaki zuen, hamabi urte itxaron gabe Joseba Lakarrak egin elkarrizketa batean eskatzen zuen eta iragartzen zuen bezala.
Ekainak 1/2.
Portugaleten berriro prestatu Selektibitateko azterketak egin genituen, Iparraldekoentzat euskarazko itzulpenarekin. Bertan, ohi bezala, ikasleei laguntzen eta zituzten dudak eta zalantzak, hala nola konprenitzen ez zituzten hitzak argitzen saiatu ginen.
Uztailak 1.
Lazarragaren eskuizkribuaren aurkezpena Konstituzioko Liburutegiko sotoan. Joan Perez de Lazarraga, Dianea & Koplak. Madrid 1567, titulatu dut liburua zalantza batzuen ondoren, funtsean liburuaren mamia jasotzen eta kokatzen duelako. Borja Aginagalde historialari eta artxibozainari aurkikuntzagatik, Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Ahaldun Nagusiari Errenazimentuko euskal altxor hura erosteagatik, eta lana burutzen lagundu didatenei ohiko eskerrak. Sarrera, transkripzioa eta faksimilearen balioa ederretsi eta galdera batzuei erantzun ondoren, Parte Zaharreko jatetxe batera joan gara bazkaltzera, tartean gaudelarik Iñaki Aldekoa editorea, Ramon Saizarbitoria adiskidea, Txuma Lasagabaster irakaslea, argitaletxeko batzuk eta neroni.
Uztailak 2.
Felix Ibargutxik bere xumetasun eta era berean zehaztasunean El Diario Vascoko Kultura saileko euskal orrialdean Lazarragaren lehen edizio kritikoaren berri ematen du paperean eta ezagutzen dugun euskara-gaztelaniazko lehen bilantzikoa transkribatzen du.
Uztailak 19.
Lleidan Pirinio katalanean atseden hartzen. Aigües Tortes aldean ibilaldi batzuk gora eta behera Land-Rover batean kilometro batzuk egin eta gero. San Maurizioren lakua eta bertako ur aratzak eta mendi gailur zorrotz ikusgarriak. Eta, nola ez, gizonen obra diren Boi-Taülleko eliza eta dorre erromanikoak.
Uztailak 20.
Deiak uztailaren 20an Euskal Kulturari eskaini Ortzadar eranskinean Lazarragaren argitalpenaren berri ematen du Patxi Sarriegiren testuaz eta Alberto Guerreroren argazkiz horniturik. Eranskin gisara Iñaki Aldekoaren hitzak dakartza, alegia, lehen bertsioa dela Lazarragaren testuan barrena, etorriko direla gehiago... baina literaturzaleok badugula lehenago ez genuen materialik aurrera egiteko. Etorkizunean egingo direnen abiapuntu ere badela, eta transkripzioaz gain, garai eta literatur korronteen barruan kokatu duela Urkizuk Lazarraga.
Irailak 16.
Josep Maria Flotats eta Carmelo Gómezek antzezten duten Jean Claude Brisville antzerkigilearen La cena ikusten izan naiz Madrileko Bellas Artesen eta izugarri gustatu zait. Parisen arrakasta handiz estreinatua, Tayllerand eta Fouchéren arteko elkarrizketa politiko, ziniko eta beldurgarriak barrenean izua sartzeko modukoak dira, eta benetan dotore jokatu dute, ikusleak Frantziako Iraultzaren ondorengo garai nahasietan murgilduz.
Urriak 16.
Irun Hiria Poesia sariak. Ohi bezala udazkeneko literatura-jaia. Igor Estankonaren Ehiza eta Nekea poema liburua hoberenesten eta saritzen dugu. Nabari da joan den urteko sariduna eta hau belaunaldi ezberdinekoak direla, adinez eta mailez. Xabier Mendiguren beasaindarrak egin aurkezpen ondoko liburuaren komentarioan presentazioa erdi klandestinoa egin zela salatzen zuen Berrian eta Jon Kortazar poesia-kritikoak El Paísen dioskunez, Askoz hobeto ikusten dut poema laburretan eta iza-diaren irakurketa garbia egiten duenean.
Azaroak 19.
Ostirala. Baionan Jardunaldi batzuk antolatzen dira XVIII. mendea. Euskal Herria Letretan eta Historia gaiaren inguruan eta ni Racineren Esther antzerkiaz Jean Espil Mendiko maisuak XVII. mendean euskara ederrean eginiko moldaketaz mintzo naiz. Konparazioan ohartu naiz nola moldatzen dituzten pastoralgileek beren lanak. Batzuetan testua irentsiz, baina bestetan beren gogoko zerbait erantsiz, hala nola Racinek Je ne sais si ce tigre a reconnu sa proie (942. b.) dioenean, Espilek honela itzultzen baitu: Khanpoti uduri dizu axuri emia / Bena bihotza krudelago eziez eta tigria (494. b.). Eta orobat Esther, Bibliako emakume eder eta bortitzak izan dituen bertsioez eta moldaketa modernoez, hala nola Armand Lunel eta Darius Milhaudek eraberritu Esther de Carpentras obraz, edota Salvador Espriu idazle katalanak bere aldetik 1948an Pri-mera Historia d'Esther idatzi zuenean frankismopean zegoen herri katalanaren eta juduaren artean egin zuen analogiaz. Antzerki hau 1968an Donostian ikusi ahal izan genuen, Rikardo Salvat zuzendari zuela.
Azaroak 28.
Toribio Alzaga sarira sei antzerki aurkeztu dira eta etxe ondoko Espa-rru taberna-jatetxean erabakitzen dugu Eugeniok, Danielek eta neronek nori eman, dituen balioak kontuan hartuta, berriro Pantzo Hirigarayren 40 urteak hobesten dugularik. Ohiko umore eta kritika sozialaren ildotik doan antzerkia, euskara arin eta aberatsean.
Abenduak 16.
Lehenik, Plaza Olabiden Madrileko adiskideekin, Txema eta Elena arkitektoekin, Fernando editorearekin, Laura psikologuarekin eta Teresa historiairakaslearekin zerbeza batzuk edaten, zertxobait jaten eta egoera politikoa komentatzen egon naiz. Oso kritikoak dira gobernatzen gaituztenekin eta arrazoirik ez zaie falta. Arazoa, ohi bezala, nola kontra egin hauteskundeetarik at. Gero, Gaztambide kaleko Restauran-te Sazadonen departamentukoen afaria. Beraz, euskaldun jatorrizko gizonek utzi zuten bere txertoa Madrileko kale eta plazen izenetan. Jenaro ohitura onak berreskuratzen hasi da eta bi brindis egin ditu. Bat Marijose López de Ayalaren, lankide hilaren oroimenez, eta bestea berriro departamentuko zuzendaritza hartu duelako. Aldamenean nengoen eta galdetu diot zein izan daitekeen UNED instituzioaren etorkizuna. Antza denez, dagoen-dagoenean utzita bere egungo funtzionamenduan hobe aldaketa egiten hastea baino.
Abenduak 22.
Lander Garrok Oarsoaldeko hitzan adieraziko duenez, Errenteria-Orereta delakoan, Juan Karlos Jiménez de Aberasturik aldamenean Juan Karlos Merino zinegotzia duela egin da Udaletxeak argitaratzen duen errebistaren aurkezpena: Bilduma 18. 2004, non plazaratu ditudan Koldo Mitxelenaren euskal gutunak (1951-1984). Lan honetan, Koldo Mitxelenaren Opera Minora liratekeenetarik 236 euskal gutun biltzen, aztertzen eta plazaratzen ditut. Gehienak argitaragabeak (Jose Maria Satrustegik moldiztegiratu gutxi batzuez at) eta Donostiako KM kulturuneko liburutegian eta Euskaltzaindikoan aurkituak. Bere tipitasunean, ordea, badute gutun hauek interes berezirik, alde ezkutu bat ezagutzeko, alegia, bai zenbait kultura gertakizunen, bai zenbait libururen eta artikulu-poema-itzulpenen argitaratze aurreko gorabeherak argi berriz ikus daitezkeela. Egan literatur aldizkariko zuzendari gisa zein nolako lanak burutu zituen, frankismoaren urte zail eta gogortsuenetan animatzaile eta bultzatzaile moduan, eta irakasle bezala zein era zehatz eta zorrotzean zeramatzan ikasgai, biltzar eta jardunaldiak. Halaber, eta besteak beste, zein irizpide taxuzkoz antolatu zuen euskararen batasunerako hain garrantzizkoa izan zen 1968ko Arantzatzuko Biltzarra ere ikus dezakegu gutun hauen bitartez. Hizkuntzalari ez ezik, literatur kritikari, kultur eragile nekaezin eta idazle aparta agertzeaz gain, bidenabar gutunotan jakintsuaren irudia samurberago egiten zaigu.
Errebistak bigarren partean Gerardo Elorzaren lan zehatz eta luzea xehetasunez ematen digu: Oñatiko Unibertsitateko liburu katalogoa, La biblioteca de la Universidad de Oñati. Bi liburuxka zitezkeenak errebista batean biltzeko arrazoiak agertzea ez legoke gaizki. Nire partetik, esan behar dut, bazirela urte batzuk edizioa prestatua nuela, baina Susa-koekin eta Eusko Ikaskuntzakoekin eztabaidak, oztopo eta eragozpenak eduki nituen arren, lortu dudala nire adiskide Juan Karlosi esker, eta honen medioz, Koldoren gutundegi hau plazaratzea, berak lortu baitu Matilde, Koldoren emaztearen baimena.
Nire partetik edizioaren bitartez sor litezkeen sos apurrak eta lanari legozkiokeenak alargunari emateko esan diot errebistaren zuzendariari. Plazaratzea lortzen dudan hirugarren gutundegia da, eta ez dira gizon makalak hirurak, XX. mendeko euskal letretan: Jon Mirande (Susa, 1995), Andima Ibiñagabeitia (Susa, 2000) eta Koldo Mitxelena (Errenteria, 2004).
Abenduak 26.
TGVn bagoaz Marga eta biok Parisera bidean. Igandetik igandera. Beraz, Urte Zaharra aspaldiko partez etxean igaro ordez, lehen aldiz Frantziako hiri nagusian emango dugu biok bakarrik. Kazkabarra bota du goizean eta Errenteriako parean dena zuri-zuri zegoen, elurrez estalita. Landetarik pasatzen ari gara orain, Akize jadanik iragana dugu eta zelai-soroak, zabaldi handiak busti-busti eginda daude; halere eguzkia diz-diz dago eta zerua urdin. Neguko igande bat bidaiatzeko ez da egun txarra. Bagoian bero dago, eguzkiak jotzen duelarik. Marga Hendaiako geltokian erositako L'Officiel des spectacles arakatzen ari da, eta nik denda bateko teatro-katalogoa errepasatzen dut. Noizbait argitaratuko nituzkeen teatrogile ospetsuen libururako materialak prestatu nahiz edo... Itxaron du egunkari honek egun batzuk lanik gabe, baina bururatu zait egunero bisitatu beharko nukeela, gora-beheren, gomuten eta asmoen berri ematearren, gutxienez. Orain kafesne bat hartzera goaz treneko kafetegira, ea zangoak luzatzen ditugun. Gustua hartzen ari natzaio Moleskine koadernoari, emankor nahiko nukeen harreman honi.
Arratsaldeko hirurak. Iritsi gara Montparnasseko geltokira berriro. Bidaia labur egin zait, César Olivak idatzitako Historia básica del arte es-cénico irakurriz. Autobusa hartu eta St. Michel-eraino eta handik oinez Rue des Carmeseko Hôtel des Carmes ostatu xume bi izarretakora iritsi gara. Gela hautatu, hiru ikusi ondoren, balisak utzi eta bagoaz Nôtre Dame berrikustera. Jatetxe asiatikoak itxita daudenez, Brasserie de l'île Saint-Louisen sartu gara zopa bero bat hartzera, eta hiri handitan gertatu ohi den bezala, ez dago ordurik bazkaltzeko. Xukruta eta zerrikia eskatu dugu. Benetan oso ona dago aza eta zer esanik ez odolki, txistorra eta urdaikiak. Zerbeza alkoholik gabea eta kafea. Hogeita bosna euro ordaindu eta paseatzera La Seineko ibaiertzetik. Institut du monde arabera iritsi gara eta faraoiei buruzko erakusketa ikusteko ilara gaur oso luzea denez, alfonbrak, kilimak, tapizak ikustera sartu gara, irakasle karnetaz erredukzio pittin bat egin digutelarik. Hau bai dela artilearen eta koloreen sinfonia ikusgarria! Landareez eta abereez lortutako margo berde, gorri, urdin, zuriz eginda daude eta begientzat plazer hutsa dira. Benetan dastagarri eta denborarik gabe eternitate osoan begira egon zaitezke obra hauen aurrean. Liburu-denda, aldiz, jendez estalita dago eta ezin da, ia beti bezala, lasai begiratu libururik. Qantara errebistaren fotografiak benetan kalitatezkoak dira, artikuluak aski arinak dirudite... Saint Efren elizan 19:30ean Carmina Burana entzutera sartu gara bakoitzak 23 euro ordaindu ondoren. Eliza honetakoek erritu siriarra darabilte beren zeremonietan. Horman irakurri dut iragarkien artean arameera- eta arabiera-klaseak ere ematen dituztela. Lehen lerroetan gaude eta latinoamerikar batzuk espainolez mintzo dira. Hasi da En-semble Alegria taldearen kontzertua. Bi xirulari eta danborraria. Bertsio xumea da hau, kantuak antzinako goliardoen erara moldatzen saiatzen dena. Latinez Exultemus et cantemus, kantarekin hasten dira. Hau da, kanta diezaiogun Jainkoari. Ondoren Vinum bonum et suave, alegia, ardo txarraren kontrako abestia dugu. Kantari bakarra da eta hiru musika-jotzaile, Erdi Aroko soinu-erraminta anitzekin: arrabita, kitarra, xilibitua, zanpoina. Fornicate... Amen! Kanta izpiritualak eta barregarriak txandakatzen dira. Doinu batzuk faltsete ahotsez moldatzen dituzte, garaian kantatu ohi zen moduan. Erdi Aroko irudietan juglarrak daukan itxura dauka kantari nagusiak. Ubi amor, ibi miseria. Non amodioa, han miseria. O langueo,... Sorterria utzi eta urrun doan estudiantea, Sorbonako ikaslea poliki-poliki nola argaltzen, ahultzen, histen doan... Dum cignus ego fueram... nunc miser, niger... Garai batean zisne zuria nintzen, orain platerean natzalarik hortz batzuk ikusten ditut ni jan nahirik. Errepresentazioa balitz bezala abeslari nagusiak zisnearen keinuak irudikatzen eta imitatzen ditu. Ikuskizuna aurrera doa eta orain aleman zaharrean neskatila negarrez mintzo da zaldunarekin. Bien ahotsak imitatzen ditu. Azkenetako kantak kontatzen digu nola neskatxa batek bazuen amorante on bat, baina gerria loditzen zaionean familiak abandonatu egin duen... O Fortuna velut luna, statu variabilis... O ilargia bezain aldakor den Zoria!Kontzertua amaitutakoan Chez Marienne, jatetxe judutarrera goaz afaltzera. Karriketan kapelu eta ilaje luze ugari ikusten dugu. Gaueko bederatzi eta erdiak dira eta zenbait katilutan zerbitzatzen diguten menu arrunt bat eskatu dugu. Errepublikaren irudia den emazte txanodunari noizbehinka begiratuz eta solas atseginez dastatzen dugu afari xume eta apal hau.
Abenduak 27.
Goizean batere presarik gabe jaiki, gosaldu eta Veronese profano, italiar pintorearen erakusketa bisitatzen dugu. Luxemburgoko Jauregian Veroneseren 42 maisulan aurkezten dira. Ezezagunak, mitologia, alegoria eta erretratuena. Veneziako militar eta jaun burgesen erretratuak zehatzak eta miresgarriak. Eta batik bat emakume-ilaje eder orraztuek haien edertasuna azpimarratzen duten koadro handiak. Lukreziaren belus berdeen artea, Nani malenkoniaz betea; andere modernoak dirudite. Baina, ohi bezala, jende gehiegi koadroak lasai ikusteko eta patxadan dastatu ahal izateko. Eguerdian Place de Vosgeseko jatetxe batean bazkaldu ondoren eta zenbait liburu-denda bisitatuta, Saint Paul elizan Petrogradoko operako koroa entzutera goaz. Benetan ahots miresgarriak, batez ere baxua hunkigarria da. Tenorrak ere klar, argi eta ozenak. Emakumeenak guztiz miresgarriak. Errusiarren Eguberrietako kantak mendebaldekoen antzekoak dira, baina herri-abestiak direnean alaiagoak dirudite. Batek euskarazko Aldapeko sagarraren adarraren puntan... doinuarekin antz handia zeukan.
Abenduak 28.
Mouffetard kalean barrena ibili eta beste batzuk ere zanpatu ondoren, iritsi gara Pompidou Zentrora. Itsasoari buruzko erakusketa dago. Zenbat nekatzen duten batzuetan esposizioek, batez ere sarrerako ilarak luzeak direnean, erakusten diren margoak anitz direnean eta gure jasotze-ahalmena tipia denean. Lurrean ikusten ditut erdi etzanda, erdi eserita kolore guztietako neska-mutil koxkor taldeak. Leher eginda gaude, halere 100 ans de Musique Française mostra ere ikusten dugu. Jende asko, batez ere emakume adindunak belarritako aparailuekin. Joséphine Baker-en film labur bat ikusi dut, 1926koa, non titiak erakusten dituen eta oinak bezain arin mugitzen dituen batera eta bestera, gorputz osoa ahots belusazkoa lagun. Hoteleranzko itzulera Seine ibaiaren ertzetik gabarroien bizimoduan soa geldituz. Odeonera iritsitakoan, taberna batean sartu naiz, Brasserie-Tabac batean eta kamamila eskatu dut. 1791n fundatu Au petit suissen nago, eta hara non hemengo kamamila Jaizkibelgoa bezain mikatza den. Ea bada, konpontzen, berotzen eta pizten didan barnea, kamamilaren mila bertuteak goraipatzen baitzituen Betiri Urtekoak. Atseden pixka bat hartu ohean etzanda eta ondoan dagoen jatetxe tibetar batera goaz afaltzera. Euren aita santuaren erretratua aurrez aurre dudalarik, zopa bero bat afaltzen dugu eta azkenean jogurta eztiz nahasia, eta ondoren tea. Estomaka bere onera badatorrelakoan nago. Azkenean animatzen gara eta Mondovino filma ikusten dugu. Jonathan Nossiter-en dokumental honek bi ordu pasatxo ditu, eta ardoaren globalizazioa eta estandarizazioa aurkezten ditu. Kalifornia eta Bordele artean nola ari diren ardo edari mota ezberdinak uniformatzen, Errioxan bezala, baina gehien gustatu zaidana da Borgoñako Montille familiaren joera eta beren arbasoengandik jasotako lur zati txikiari ematen dioten jokabidea, handiekin borrokatu gabe, naturaren jaidurari jarraikiz, ez dutelako maite Roland eta Parkerren diktadura. Ardoa dastatzerakoan ez du balio lehen inpresioak bakarrik, bigarren edota hirugarrenak gehiago balio dute, egiatiagoak dira, afaria aurrera doalarik, gero eta gogo hobez dastatzea ardoa. Ez frantsesek dioten eran, ez largeur-a, longueur-a baizik, ez zabalera, baizik eta luzera.
Abenduak 30.
Eskuko kalendarioa hartu behar izan dut zein egunetan gauden jakiteko. Osteguna da, beraz astea aurrera doakigu... Atzo Japoniako pinturak ikusi genituen Grand Palais deitu eraikineko esposizioan. Badirudi berritze lanak Estatuak ordaindu dituela, hau da, frantses guztiek eta Petit Palaiseko lanak Udaletxeak, beraz, paristarrek soilik. Ongi eta zilegi ote zergen horrelako banaketa? Erakusketa handi eta tipiez mundu osoa baliatzen ahal da, baina biak daude Parisen kokatuak... Hainbeste ikusle dabil batetik bestera, non ia ezin baitira ikusi, esan nahi dut, patxadaz eta lasai ikusi, zeren eta prozesioan bezala ipini behar da eta itxaron ea aurrekoak noiz ematen duen bere pausoa, atzekoak, zuk zeure urratsa ere aitzinatzeko. Baina benetan XVII. eta XVIII. mendeetako irudi hauek, etxe barruetako bizimodua eta kale eta plazetakoa, mundu konplexu osoa kontatzen dutenak, ikusgarriak dira. Goitik behera begi batek, Jainko batek ikusiak baileuden daude pintatuak. Emakume arrantzaleak beren gona eta titiak airean benetan zoragarri, halaber kortesauak eta pintura erotikoak. Nabarmen da garai haietan eta ekialde urrun hartan bazirela beste moral eta ohitura batzuk, Mendebaldekoekin ikustekorik ia deusere ez zutenak.
Arratsaldean Pigalle ondotik ibilaldi bat egin ondoren Robert Capa fotografoaren esposizioa ikusi dugu Richelieu kaleko Liburutegi Nazionalean. Justu iritsi gara, zeren eta Urte Zaharrarekin batera amaitzen baita erakusketa. Baita hari dagokion liburua erosi ere, Capa connu et inconnu. Aitzinsolasa Jean-Noël Jeanneneyrena, eta edizioa Laure Beaumon-Mailletena. Fotografiak guztiz miresgarriak. Capa hungariarra zen, baina munduan zehar ibilia. Leon Trotskiren fotografia bat lortu zuen Kopenhaguen, eta Vu, Regards eta beste hainbat errebistatako erreportari grafiko gisa ibili zen. Badu fotografia bat oso eztabaidatua izan dena, alegia, anarkista bat tiroz erortzen dena Espejo herriko frentean, Mort d'un milicien. Cerro Muriano (Front de Cordoue) 5 septembre 1936, benetakotzat ez baizik eta bereziki prestatutzat hartu izan dena. Eta horrek fotografoaren lanari ken diezaiokeen egiatasunari buruz, edota zilegitasunaz aski polemika izan da. Dena den, ausarta behar zen izan 1936tik 1954ra, Espainako gerra zibiletik Indotxinarainokoan bost gerra ezberdin fotografiatzen aritzeko, eta lehenik frentean hil zen Gerda Taro adiskide kuttunarekin. Benetan, espozizioko fotografien artean, Regardseko batzuek hunkitu naute, eta bertan Eusko Jaurlaritzaz egiten diren komentarioek, eta Sollube mendiko argazkiek. J.E. Pontermanek eta CHIMek ere (David Seymur) A travers la République Basque eginiko kronika.
Patrice Caillat-ek eginiko Bibliographie de la presse française politique et d'information générale des origines à 1944, Pyrénées Atlantiques (ancienne-ment Basses-Pyrénées) delakoa, Euskal Herriko Iparraldean sortu aldizkarien zerrenda eta zehaztasunak ematen dituen liburuttoa erosi dut.
Gauean Il Barbiere di Siviglia opera ikusten dugu Bastillako antzokian, arratsaldeko zazpi eta erdietan. Ez naiz mintzatuko Gioacchino Rossinik 1816an konposatu musikaz ez Cesare Sterbiniren libretoaz ere, baina bai dekoratuaz apur bat. Lau ziren soilik. Hasierakoa, gaztelu bat desertuan, ez testuak dioenaren eran Sevillako plaza bat eta han gautxori, kondea, bere musika taldearekin errondan. Gero, sono il factotum della cità, hitzak eta irudiak ez datoz bat, zeren eta hiriburu andaluziarra kokatu ordez, orientalismoz betea dagoen eta gaur egun frantses batzuek hainbeste maite duten edo aspalditik gogoko duten ekialdeko leku ezezagun batean kokatu da ekintza. Adibidez, salgai dagoen liburutxoan Wazira, hamazazpi urteko errefuxiatu afgano-pakistandar baten 2001eko fotografia ageri da. Honela bilakatu bide dute ixtorioa aitak ezarri nahi dion senarraren aurkako emakumearen errebeldi-oihua gisara. Egia da komediak, René-Augustin Caron du Beaumarchais antzerkigileak edo haren moldaketa operarako Cesare Sterbinik egindakoak, noski, irakurkera bat baino gehiago eduki dezaketela, eta Coline Serreau eszenografoak burutu mise-en-scène delakoa gaur egun modan diren joera nagusien ildotik doala. Vladimir Ognovenko errusiar baxu miresgarria benetan Basilioren pertsonaian, eta Maria Bayo nafarra Rosinarenean ere bai, baina jantziak egin dituen Elsa Pavanelek ez zuen gehiegixko maite gure Maria, zeren ezarri dizkion Arlecchino jantziekin eta oinutsik neskatxa ñimiño bat baitirudi, ahotsa ederra, izugarri ederra izan arren, eta askoz ere ederrago soineko zuriz ageri denean peluka irrigarririk gabe. Daniel Oren musika-zuzendari israeldarra benetan ongi.
Abenduak 31.
Urte Zahar eguna. Margarekin eguna osoa Seine inguruan paseatzen ibili ondoren, eta eguzkiaren printz epelak dastatutakoan, ilunabarrean bagoazelarik, gure adineko taldetxo bat ikusten dugu Sorbona aldean, bikote intelektual itxuraduna. 1949an plazaratu George Cukorren Adam’s Rib, Adanen Saihetsa, hasieran Man and Wife deitua, Katharine Hepburn eta Spencer Tracyrekin faxismoaren eta diktaduraren kontrako oihua Ameriketan. Protagonista hil egingo da azkenean, anderea baita eta ez gizona benetan bi juristen artean egia bilatzen ari dena. Gazte garaietan hainbat aldiz bisitaturiko zinema tipitik atera, eta Balzar-en lekurik ez dagoenez, bagoaz Saint Germainen dagoen Atlasera, mairuek Urte Zaharra ospatzen ez dutenez, eta bertako kuskusa benetan on-ona estimatzen dugu. Etxekoei deitzen diet urte berri ona opalduz. Marikrutx, Urtzi, Miren eta besteak, eta ariyo, datorren urte arte. Hotelean sartzerakoan Bonne Année entzun dugu eta gauza bera erantzun.