Urtarrilak 20.
BUKATU dugu Patxik eta biok 101 Balada Zahar liburua. Nik prestatu dut hitzaurrea: Euskal baladak eta europar tradizioa du azpititulua. Hamaika kapitulutan banatua dago antologia, eta honela sailkatuta daude baladak: a) Erlijiosoak; b) Nobelesko paneuroparrak; c) Nobelesko bereziki Euskal Herrikoak; d) Urkamendikoak; e) Itsasokoak; f) Irrigarriak; eta g) Apokrifoak, contrafactak eta erudituak. Testu hauen doinuak, aireen pentagramak Patxik prestatu ditu, nahiko izerdiren ondoren, kontuan hartuta zenbat aldaera dauden kantutegi ezberdinetan eta bat hautatzekotan gelditu ginela, edo bi gehienez. Hona, beraz, guztiz animatuta idatzi didana gaur [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 45)].
Patxi langile nekaezina da, birritan esan dudan bezala, baina ez dakit argitaletxeren bat prest egonen den hau txukun argitaratzeko. Hasteko, editorialaren kontura ateratzeko prest ez dagoenez Iñaki Aldekoa, Ereingo editoreari aurrekontua eskatu diot. Ikusiko.
Urtarrilak 26.
Ramon Saizarbitoriarekin banoa Hendaiara taxista moduan, Mediatekan baitu saioaldia bertako euskal irakurle klubarekin Martutene inguruan hitz egiteko. Soineko beltzez jantzi emakume taldea, atsola-rreak, edo andere fin, dotore eta irakurzaleek Mikel Asurmendi literatur kritikariaren gidaritzapean prest zeuzkaten galderak Ramonek erantzun zain. Martutenen ageri den gizarte eleanitza –beti izan da hizkuntzaren kezka Saizarbitoriaren eleberrietan, eta hain da horrela non 100 metro eleberri elebidun gisa kontsideraturik izan baita–, eta solasean gaietarik bat izan da.
Medikuen mundua eta osasungintzaren antolamenduaz ageri dira kezkak, Abaitua, protagonistetarik bat, ginekologoa baita, eta bere emazte Pilar neurozirujaua. Bion arteko harremanak une baxuan aurkitzen dira, Lynne neska bekadun amerikanoaz maitemintzen da Abaitua, hura izango delarik jainkosa baten erara erotismoaren gailurrera eramango duena. Hari, ordea, Prometeori bezala, maitasunaren sua pizteagatik jainkoek zigorra ezarriko diote, Pilar dela medio. Medikuntza mundua ongi ezagutzen duela barrenetik, eta haien hizkuntza, jerga espezializatua, menderatzeaz aparte, badu puntu irkaitz bat, ironia fin bat berarekiko. Gaztelaniaz argitaratu zituen azterketa soziologikoek, Nacer en Guipúzcoa (Estudios Aspace, 1981) eta Perinatalidad y prevención (Hordago, 1981) adierazten dute sakonki ezagutzen duela mundu hori. Horrela emakume atzerritarra baserri batean erdituko denean izango dira mementorik argitsuenak ere; eta tragikoena, Lynnen operaziokoa, zeinak nik ezagutu dut maitasuna baitzioen, gure arteko tabu zenbait hautsiz.
Otzeta, maitasun eta gorrotaleku den herria. Iparraldera eta Bordelera Kepak, Abaituak eta Lynnek egiten duten bidaia. Euskal literaturari, eta batik bat Max Frischi eta haren Montauk nobelari egiten zaien omenaldia. Emakumeen sentimenduen deskripzio sakonak, literaturaz eta itzulpenaz egiten diren gogoetak.
Moral politikoaz mintzo den tratatua. Juliari zilegi ote zaio senar ohi ETArraren testamentua semeari erakustea, edota ahantzi behar du hura? Memoriaren morrontzak. Ramonek aitortzen duenez, bizi dudan inguruko errealitatea kontatzen saiatzen naiz, hausnarketa egiten dut gure historiaz, hizkuntzaz eta egunorokotasunaz, baina oharkabean sortzen zaizkidan egiturak konplexuak dira.
Bere hitzaldia bukatutakoan eta irakurleek egiten dizkioten galdeei erantzundakoan, bagoaz denak elkarrekin afaltzera Portuan dagoen Serge Blancoren jatetxera eta han jarraikitzen dugu solasa, etengabe, ikusten delarik Ramon benetan pozik dagoela, eta irakurle taldea ere bai. Bukaeran, detaile gisara, Montaigneren biografia, enkoadernazio zahar, bikain eta dotore batean oparitzen dio egunero itsasoan bainatzen den Pantxikek (Madame Noblia). Eta gau izartsuan, arratsalde atsedentsua pasatuta konpainia ezin hobean pozik, itzultzen gara Donostiara mugan inor topatu gabe.
Otsailak 4.
Ramonek galdetu dit ea Martuteneko Villa Gentza institutuan Su-biranotasuna, demokrazia eta giza eskubideak gaitzat harturik gaur Jose Maria Setien, gotzain emerituak, Patxi Bastarrika Hizkuntza Politikako sailburuorde ohiak eta Javier Arellanok emango duten solasera joango ote garen. Baiezkoa eman diot, eta hementxe gaude apaiz multzo handi baten artean. Hogeita lau apaiz edo antzeko eta bi monja kontatu ditut. Soberania konpartituaz, Munduko Banka delakoaz eta munduan pairatzen den goseaz, Estatu modeloaren krisiaz, Demokrazia errepresentatiboaz, korrupzioaz mintzatu zaizkigu. Huntaz eta hartaz. Nabaria da Setienen hitzetan gizon jakintsu eta kultu bat ageri dela, baina nire inpresioa da harrotasun puntu bat ere agertzen zaiola solasean eta elizari, bere buruari kritika, autokritika egiteko joera gutxitxo. Gizarte mugimenduez ere solastatu dira eta ebidentea litzatekeen zerbait ere esan dute, alegia, ikus eta ikas dezagun beste herrialdeetan ongi funtzionatzen duena, gurean aplikatzeko.
Otsailak 5.
Aurrekoan Mungiatik laguntza eske etorri zitzaizkidan bezala, oraingoan Iruritako Udaletxetik Maitane Maritorenak Lore Jokoez erakusketa bat egin nahi dutela-eta, galdetzen dit ea bideratuko niokeen edo erraztu Abbadia Jauregian diren afixak Nafarroara eramaten. [www.
patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 46)]. Ohi bezala, noski, nire erantzuna baiezkoa da.
Okasio honekin bada, joaten gara Mikel eta biok Iruritara eta hango Jauregiko nagusiaren sendiko batek bertan dauzkan pinturak, koadroak eta eskuizkribuak, gelak eta tresneriak erakusten dizkigu oso modu adeitsuan. Bazkari xume batez elikatu ondoren, itzultzen gara etxe aldera, Baztango paraje ederrei agur eginez, herri-sarreran ohartzen garelarik txinatarrek hemen ere lortu dutela pabiloi handi bat beren produktu zatar, itsusi eta eskasak, baina batzuetan beharrezkoak, saltzeko.
Otsailak 13.
Euskaltzaindiko Literatura Ikerketa Batzordean eztabaidak izan ditugu egiten ari garen antologiaren testu moldaketen inguruan. Ezin onar dezaket Karlos Otegik ezarri nahi duen formula. Botazioz hatxeak kendu eta ezartzea, testua gaurkotuz eta Bernat Etxepare eta Joanes Leizarraga erabat desitxuratuz, eta <h>-ak ezarriz ez duten kasutan, hots, testuak hegoaldekoak direnean. Adibidez, Kontrapaseko Heuska-ra, thornuia, phorogatu... , Euskara, tornuia, porogatu... bezala ematea. Gure lehen klasikoei errespetu gutxi edukitzea dela uste dut, eta gainera ez dela jasotzen euskalkien berezitasunik. Baina badirudi argumentu hauek ez dutela balio. Mitxelena berpiztuko balitz! Beraz, nik egin dut nire antologia alternatiboa eta dimisioa aurkeztu diot gutunez Iratxe idazkariari, baina Jean Haritschelharrek deitu dit esanez behar zaitugu LIBen, eta bertan hartzen diren zenbait erabakirekin konforme ez egon arren, filologia-arazo bat denean –eta hau originalen testu-irakurketa zuzenean baitatza–, ezin baita botazioz erabaki, nire uste apalean. Dena den, bileretara joaten jarraituko dut Jeanen erreguari amore emanez.
Gaur, halaber, Ander Iturriotz Euskal Idazleen Elkarteko Lehendakariak idatzi dit Jon Miranderen inguruan zerbait idazteko Hegats aldizkarirako [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 47)]. Aspalditik gordeak neuzkan Miranderen zenbait eskuizkribu, eta haren poemetan eta egin diren poesia ediziotan, batik bat Txomin Peillenean, sakontzeko eta plazaratu diren zortziak konparatzeko gogoa neukanez, iruzkin zenbait egitera animatu naiz; beraz, egindako eskaerari baiezkoa eman diot, eta lanean hasi naiz.
Otsailak 14.
Ospitalean nago Marikrutxekin. Buruan kolpe bat hartu du eta neurokirurgia sailean dago orain. Galdetu diot anaia Joxebaz, zer moduz dabilen belaunetako operazioekin eta erantzun dit nahiko pattal eta oinaze handiekin dabilela, eta horrek pastilla ugari hartzera behartzen duela.
Otsailak 22.
Donibane Lohizuneko hondartzan banabil. Eguzki zuria daukagu, hots, negu gorrikoa, eta bost gradu, baina gaurko berokiekin ez dago arazorik patxadan edo arin-arin bueltaxka bat emateko itsasoari begira. Hiru andre adindun bainatzen ari dira, ur hotzaren batere beldurrik gabe, beste batzuk oinak uretan uhinen azken apar artean bustitzen, eta bi gizon txabusina zuria jantzita berriketan neguko eguzki epela dastatzen. Ni pozik hemengo bake eta lasaitasunarekin.
Martxoak 8.
Maitane Maritorenak berriz idazten dit Iruritatik esanez nola, nire erranei jarraikiz, Hendaiako alkateari eta Célineri gutuna igorri dien, eta hark frantsesez erantzun diola eta bere frantses kaxkarra kontuan hartuta, ea lagunduko diodan itzulpenean. Erakusketa apirilaren 8tik 22ra paratzeko asmoa dutela, eta ustez garaiz dabiltzala. Furgonetarekin afixak jasotzera agertuko diren egunean hantxe egonen nintzela erantzun diot eta Célinerekikoak, presentazioak eta beste eginen genituela.
Martxoak 25.
Joxebaren urtebetetzea. Atzo Hondarribiko Urki-enea baserrian bazkaldu genuen Ima, Itsaso, Manex, Kontxi, Marikrutx, Marga, Miren eta sendiko beste guztiek. Bi opari egin nizkion nire emaitzatxo gisara. Hau da, bi liburuxka. Batek Irudi zahar eta berriak komentatuz dauka titulu gisara, eta besteak Itsasoko zinak eta minak, familiaren eta itsasoaren inguruan egin ditudan idazkitxoak. Marga, praktikoagoa denez, hiru olio botila, mota ezberdinetakoak, eskaini dizkio.
Apirilak 10.
Rosa María Tercero Zaragozak, UNEDeko argitalpenen produkzio-saileko buruak esaten dit ea nahi dudan nire Gramática de la lengua vasca liburua formato elektronikoan ere zabal dadin, zeren sistema honek aski ongi funtzionatu baitu teatroari buruzko liburuarekin Latinoamerikan, eta noski ni pozik eta baiezkoa eman diot. Eman da zabal zazu Iparragirreren leloari jarraikiz, bagoaz polliki-polliki... euskara hedatzen munduan zehar... Apirilak 15.
Lourdes Oñederra adiskideak bigarren nobela aurkeztu du Intempe-ries (Babes bila) titulupean, Konstituzioko Plazan den Liburutegi Zaharreko sotoan. Afasiaren gaia hautatu du oraingoan, eta esaten digu Vienan hasi zela irakurtzen honen inguruan eta benetan gai interesgarria iruditzen zaiola. Nire fantesia da, horrela definitu du, eta gogoratzen naiz nire amaginarreba Kontxita afasiaz iktusak jo zuenean esan zidala ezagutu nahi zuela kasua; beraz aspaldidanik datorkion burutapena eta hausnarketa da. Eta «Intemperies» izena jartzeko, dio, gogo handia nuen, egoskorkeria ere izan da, oso ondo zetorkidan. Baina ez da gazteleraz plu-ralean, latinean pentsatu nuen, epeltasun bilatze horretan, babes faltan... hortik azpititulua ere.
Ane Urrutik, bere aldetik, Garan honela jasotzen du aurkezpena:
Eguneroko gauza txikiekin josi du Oñederrak «Intemperies». [... ] 50 urte inguruko emakume baten egunerokotasunean, «besterik gabeko horretan», murgildu du istorioa. [... ] oraingoan hizkuntzalari donostiar bat da, Luzia, «Intemperies (babes bila)»... «Eguneroko bizitzak du pisua, besterik gabeko horrek», azaldu zuen Oñederrak. «Ezer berezirik gertatzen ez den horretan ere, horrek duen erronka. Zaila iruditzen zait bizitzea». Bere esanetan, «oso gutxi dakigu bai geure buruaz, bai besteenez, eta hor hitzak daude, hitzetara jotzen dugu ulertu nahian, ezagutzeko. Eta idaztean ere hori izan dut nik esku artean eta hori dute nobela honetan pertsonaiek ere. Hala ere, hitzak batzuetan lagungarri dira eta besteetan korapilatu egiten zaizkigu». Nobela intimoa da, eguneroko gauza txikien ñabarduretan sakontzen duena... «Aurreko nobelan Teresa ixten eta bakartzen bazihoan, oraingoan esango nuke Luzia irekitzen doala. Eguneroko ibileran, inoiz finkatu gabe baina irekita». Beste zenbait pertsonaia ere gurutzatuko dira, Eva, esaterako, haur afasikoa, «harrapatu nauen gaia da afasiarena eta euskarri garrantzitsua bihurtu da nobelan aurrera egiteko». Denborak obsesionatzen duela aitortu zuen atzo Oñederrak, baina gustatu egiten zaiola, «uste dut ez dudala ongi neurtzen». Kronologikoki idatzi du nobela, abiadura aldakorretan, jauzi ezberdinekin, eta kapitulu bakoitza denbora zehaztuz abiatu du. «Beharbada, euskarri bat bilatzen dut denbora zehazte horretan. Oso irristakorra da eta izendatzeak ematen du eutsi egiten diola». Azken hamalau urtetan beste hiru liburu argitaratu baditu ere, bere aurreko nobelatik denbora asko igaro da, «oso egoste motela izan du». Denbora falta izan zaio idazteko, «nire bizitzan gertatu den aldaketa traumatikoena euskaltzain bihurtzea da», esan zuen, eta unibertsitateko lanek ere, «lan intelektualek», literaturatik ateratzen dutela azaldu zuen.
Beraz, laburbilduz, ez diola nobelari agian behar zuen adina denbora eskaini, eta atsedenaldietako jolas literarioa izan dela. Noizbehinkakoa. Bai, benetan bigarren nobelak oso arriskugarriak izan daitezke, edota beste zerbait espero genuen Lourdesengandik.
Apirilak 16.
Gaur erabat txunditurik gelditu naiz, jota, harri eta zur jaso dudan gutunarekin. Hona zer idatzi didaten.
Kaixo Patri,
Josu Martinez nauzu, Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari, zinema-atalean. Jean Elizalde “Zerbitzari” zenaren paperen atzetik nabilela, haren senitartekoek zure izena aipatuta heldu natzaizu. Kontua da, ene doktore-tesia kari, euskal film zahar baten arrastoaren bila nabilela. Film horrek, “Gure Sor Lekua” izena du eta André Madré jeneral hazpandarrak burutu zuen 1956. urtean. Filma galdua da, baina haren gidoia eta komentarioa Jean Elizaldek idatzi zuela deskubritu dut. Hala, Elizalderen eskuizkribu eta koadernoetan, honen inguruko informazio zerbait atzamateko esperantza badut. Menturaz, André Madré-rekiko gutunen bat... Edo menturaz (nonbait egon behar du, segur!) gidoia bera. Erran bezala, Elizalde-ren ilobek esan didate, zugana jotzeko; zu haren etxean izan baitzinen, paperak begiratzen eta jasotzen, haren inguruko lan bat apailatzeko. Ez dakit laguntzen ahalko ninduzunez; paper horiek zuk dauzkazun ala non egon litezkeen jakin dezakezun, ala bestelako informaziorik eman zeniezadakeen. Edozein pista, bihotzez eskertuko nizuke. Azkue bibliotekan eta Baionako euskal museoan izan naiz deja, eta ezer gutxi daukate Elizalderen gutun eta idatzietan; Koadernoren bat eta Lafittekiko gutunen bat ez bada, deus.
Milesker handi bat aitzinetik, Patri, eta araiz, laster arte
Nondik nora eta Elizalderen familiaren etxean egon naizela ni? Egia esan behar badut, ez naiz inoiz izan elizaldetarrenean, eta ez dakit non den ere. Nork zabaldu ote du ixtorio hori? Nik prestatu nuenean Jean Elissalde, LVII.a gerlan (Alberdania, 1995) Baionako Euskal Museoko Eskualduna kazeta erabili banuen soil-soilik? Misterioa, susmoak...
Apirilak 22.
Maitane Iruritakoak idatzi dit berriro, dena ongi joan dela antolamenduan eta pozik daudela azpimarratuz. Hona bere esker gutuna:
Eguerdi on Patri, zer gisa?
Atzo izan genuen Lore Jokoen egun handia Baztanen, eta aski ongi atera zen. Goizean laxoa partidan eta dantzetan ikusle poliki bildu zen, arratsaldean errezitaldian ere bai, eta bertso-saioan hainbertze jende, beraz balorazioa aski positiboa. Erakusketa-eguna atzo bukatu zen, hortaz dena bildu eta Hendaiarat itzultzeko prest izanen dugu ondoko egunetan. Pentsatzen dut zuk ez duzula berriz joan beharrik, baina Celinerekin komunikatzeko arazoak izanen ditudanez, eskertuko nizuke berarekin solastatu eta noiz joaten ahal garen erranen bazenit.
Esker mila anitz egindako guztiagatik
Maitane
Benetan pozgarria da ikustea batek egin lanak euskararen zabalkundean baliagarri izan daitezkeela.
Apirilak 26.
Madriletik, eta preseski CEDROko bazkide naizenez aspalditxotik, Magdalena Vinentek igortzen dit nire erreprodukzio-eskubideen diru kopurua zenbaterainokoa den, alegia joan den urteko likidazioa garbian, 31 euro eta 13 zentimo. Honekin bakarrik bizi beharko banu... Maiatzak 6.
Marga eta biok erabaki dugu aprobetxatu egingo dugula bihar Martutene Círculo de Bellas Artesen Iñaki Gabilondok, Iñaki Aldekoak eta Ramon Saizarbitoriak aurkeztuko dutela, egun batzuk Madrilen igarotzeko. Hartu dugu goizean, beraz, trena Donostian eta bagoaz hegoaldera. Prentsari begirada bat emanez, eta astelehena delarik Berriarik ez denez, El País eta Noticias de Gipuzkoa erosi ditut. Hemen, beste albisteen artean, adibidez, kezkagarria beharko lukeen hau –Unos 10.600 jóvenes abandonaron Euskadi en 2012, 4.500 más que en 2010– beraiengan eginiko inbertsioa galtzen delako nabarmenki, eta horrelako ondorioak dituzten politikek herrialdea pobretzen bide dutelako.
Gasteizen Iñaki Mendizabalek Lourdes Oñederrarekin egindako elkarrizketa dakar, titular honekin hasten dena: “Nobela ‘maskulinoak’ daudela onartzen baldin bada, hau ‘femeninoa’ da, orduan bai”. Denboraz eta inertziaz, bakardadeaz eta askatasunaz, oroimenaz eta gizon-emakumeen arteko harremanez eta tentsioez hitz egiten du donostiarraren nobela berriak. Hamalau urte zain eduki ostean, Oñederraren “egia inti-moek” ondo aseta utziko dute zalea. Fotografia batean leiho aurrean katua besoetan daukala ageri da, ezpainak estu. Triste antxean ikusten dut, urteen pasadak beren ximurrak utzi dizkiote lepoan eta aurpegian, sudurra luzatu, findu egin zaio, argalago baitago. Belarrietan uztai borobilak. Katuaren ilajea ilun xamarra da. Haur bat bailuen besoetan dauka. Zientziari eta artegintzari bere burua eta bizitza osoa eskaini dioten zenbait anderek ohi bezala, halako begirada tristea edukitzea ez da arraroa. Kontraesanez beterik Euskaltzaindiko aulkian esertzeak sortzen dizkion gatazkak, zeren eta, dioen bezala, hizkuntzalari izanik hizkera-fenomeno guztiak interesatzen zaizkion, baina euskaltzain oso izanik arautzeak, normalizatzeak, gurea bezalako hain egoera larrian dagoen hizkuntzari mugak ezartzeak kezkatzen du, maila batean edo bestean denok garelako euskaldun berri. Hauxe dio, bai, baina, honekin ez nator bat, gauza bat delako hizkuntzaren bizibeharrak egoera berriei moldatzeko ahalegina eta bestea betiko barne-mundua hizkuntza berean, gurasoengandik jasotako hizkuntzan lantzea.
Valladolideko arrabaletara iristearekin jada aspertuxeak gaude. Eskuinaldean kanposantu luzea, pixka bat aurreraxeago ezkerraldean kale merkadilloa, kale luze batean trenbideari paralelo doana. Trenaren zarata jaitsi da eta une batez argia joaten zaigu. Burdinbidearen neurriak aldatzen dira eta abiada handikora egokitzen. Ordubete barru Madrilen izango gara, dena ongi badoakigu. Etxe garaiak, adreilu gorriz osatuak. Pabiloi zaharrak uralitazko teilatuz estaliak. Itsusia da hau gero... Atzo gauean, Margak afaria prestatzen zuen bitartean, El Acantilado argitaletxeak plazaratutako Nadiezhda Mandelstamen Contra toda espe-ranza. Memorias irakurtzen ari nintzaion, eta benetan amodiozko ixtorio hunkigarria izan zen hura. Ósip Mandelstam poetak, Stalinen aurkako poema bat egiteagatik 1934an Stalinek atxilotu ondoren, deportatu eta Siberiako bidean zelai-kartzela batean hil zen 1938an. Sortzen zituen poemak beste mediorik ez eta buruz ikasi beharrean aurkitu zelarik Nadiezhda. Une batean komentatu nuen, hau da poesiaz nire bizitzan irakurri dudan kritika libururik hoberena, Genopoetika gisa bataiatuko lukete kritikari moderno batzuek, baina argi dago hurbiltze berezia daukala poesia honek, maitalearena, hau da, dena utzirik poetaren, bere bizitzako amodioaren ondoan egotearren, desterrua, erbesteratzea Errusian barrena sufritzeko prest dagoenarena, horrela gertutik ikusten duelarik egilearen sortze prozesua eta noiz idatzi eta noiz sortzen zaizkion hitzak eta nola errezitatzen dituen hurbil-hurbiletik bizi duenarena, eta bestetik jasotzen dakienarena, ahalegin guztiak eginez buruan gordetzeko, zeren eta bestela bertso horiek galduko ziratekeen, biltzen dituenaren eta gero bere memorietan esplikatzen dituenaren oroitzapenetik.
Ramon Saizarbitoria eta Ereindarrak, Iñaki Aldekoa eta konpainia hegazkinez, atzeramendu dexentearekin iritsi direnean, deitu didate, eta gertu gaudenez, La Carmencitan afaltzea, beheko erreserbatua hautatzen dugu. Aski nekatua ikusten dut Ramon, baina Iñaki erabat animatua. Biharko programa luzeaz eta azken berriez mintzo gara.
Maiatzak 7.
Margak ekarri duen Mac-ean mezu elektronikoren bat ote daukadan begiratzen dut, eta ikusten dut Lander Zurutuza, Lezoko liburuzain langileak apirilaren 18an eta 22an izandako solasaldia zintzilikatu duela Lezoko liburutegiko blogean. Lehenengo aldia dela bideo bat editatzen duela, eta agian horregatik ez zaiola nahiko lukeen bezain txukun atera.
Joaten naiz, bapo gosaldu ondoren, UNEDera eta hango liburutegian literatura-errebista zenbaiti errepasoa eman eta Vicente Granados, Paco Gutiérrez Carbajo eta Miguel Ángel Pérez Priego adiskideekin elkartu naiz. Ohi bezala, etxeko hautsak astintzen dituzte, baina baita kanpokoak eta gobernuaren burugabekeriak ere. Komentatzen diet nola gaur arratsaldean Círculoan Iñaki Gabilondok Ramon Saizarbitoria adiskidea, elkarrizketatuko duen honen azken nobelaz, hots, Mar-tutenez. Ohi bezala konplementoa edaten dugu kafearekin eta berriketa pizten da berriro.
Círculora iristen gara eta hantxe daude pixka bat nekatuak, Ramon, Iñaki eta besteak gaua gaizki eta goiza komunikabideekin igaro ondoren. Baina esfortzua egin behar, aurkezpenak eta prentsakoak ongi atera daitezen. Telebistak eta irratiak prest daude eta aretoa jendez betetzen da. Marta Cárdenas, Pilar Ruiz-Va, Brigitte Leguen, Teresa Sánchez eta Ramonen beste hainbat miresle. Aldekoak ongi prestatu du gaurkoa, eta bere sarrera-hitzak esandakoan, Iñaki Gabilondo donostiarra ohiko maisutasunaz beste donostiar bati, Ramon Saizarbitoriari galdezka hasten zaio. Nabari da eleberria ongi eta detaile guztiak hausnartuz irakurri duela. Euskal burgesiaren bi bikoteen gorabeherak, Martin eta Julia, Iñaki eta Pilar, zeinen bizitzan neska atzerritar bat izango den leherkaria. Mintzo da nola honekin noski elkarrizketak gaztelaniaz diren, baina nobelan soluzionatua dagoen narratzaileak hitz egindakoa laburtzen duelarik. Euskal gizartearen kulpa kolektiboaz, ez dugula jakin gertakizun odoltsuek eskatzen zuten mailan egoten. Nola adiskide bati gehiago kostatu zitzaion erabakitzea eta bere buruari aitortzea jada ez zela areago nazionalista, jesuita izateari uztea baino, edota dibortziatutzat kontsideratzea baino. Nolako zalantzak dituzten gurasoek bizitako historia hori seme-alabei kontatzerakoan, eta batik bat Juliak senar hilaren testamentua semeak hamabost urte betetzen dituenean aitaren gutuna, eman ala ez eman, zalantza erabaki behar duenean. Eta nolako zama handia daramagun euskalduntasuna eraman behar hori dela-eta. Aitaren aholku hari jarraikitzea, hots, no te olvides que eres vasco esaldiari behar bezala erantzun nahiz. Montauken nobela pertsonaia nagusiek irakurri dutelarik eta hauetaz mintzatzen direlarik, zer nolako ispilu joko artistiko eta iradokitzailea sortzen den. Jendearen pentsamenduen gorabeherak sakonki eta zehaztasun osoaz espresatzerakoan zein zailtasunekin aurkitzen den, hizkuntzarekiko kezka... Txalo-zaparrada baten ondoren, Martak bi gauzatxo esaten ditu Ramonen bortizkeriaren kontrako engaiamenduaz eta pozik bagoaz polliki-polliki taldetxoa afaltzera. Etxegaray kaleko La Venencia tabernan fino bat eta azeituna batzuk dastatzen ditugu eta dozenatxo bat biltzen gara Come prima jatetxean. Iñaki telefonoz deika ari delarik, Mario Vargas Llosa ikusten du bertatik ateratzen eta pozik dago benetan. Brigitte, Pilar, Marga, Raúl, Ramón, Iñaki eta beste batzuek esandakoez eta beste gaiez ere mintzo gara jan-edariak benetan onak direlarik. Gaur Madrilen, benetan gau eta egun gogoangarriak izan baitira euskal literaturarentzat, Ramon Saizarbitoriaren Martutene nobela medio.
Maiatzak 8.
Ongi igaro dugu gaua, eta inolako presarik gabe Marga eta biok, gosaldu ondoren, bagoaz Telefonikan Virxilio Vieitez fotografoak daukan erakusketa ikustera. Denboran atzera egindako bidaia. Familia, haurrak, neskatoak eta mutilak, gazteak eta zaharrak, komunioak, apaizak, hileta-elizkizunak eta kanposantuak, erromeriak, komediak, ezkontzak, nobioen kotxea, apaiz gaztea Lambrettan, nortasun agiriko karnetak, txapeldun eta faxista bibotedunak. Hortzik gabeko atso zaharren irudi hunkigarriak, eta ez hain zaharren aurpegi tristeak eta txima orraztugabeak. Frankismoaren garaiko Galizia, benetako ikerketa antropologikoa dugu Vieitezen fotografia multzo hau, Más allá del oficio, titulatua, non egileak berak dioskunez, gehiago gustatzen zitzaizkion estudiokoak baino kale gorrikoak, eta mirari guztia irudia ahalik eta garbien, argien ematean datzan, laburzki esanda, que sea nítida.
Maiatzak 13.
Joseba Gabilondok, Michigan State Universitytik eta Hizkuntza Erromaniko eta Klasikoen Departamentutik gutun bat bidali dit, bere eskuz idatzitako lehena, Chahoren bizitzaz argibideak eskatuz [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 48)]. Baietz noski, erantzun nion, oso gustura irakurriko nuela eta ni ere bazkari hartan benetan ongi aurkitu nintzela halako konpainia ederrean, Errenteriako asanbladari buruzko oroitzapenez eta bestelakoez mintzatuz, eta Ameriketan zegoenez, gogorarazten niola Agosti Chahok izan zituela bi anaia idazle. Bat, Jean Baptiste, Un existence de Barde (Topet Etchahunez idatzi eta Jean Pierrek itzuli zuena, eta guk Hegatsen emana). Jean Baptistek beste zenbait liburu ere idatzi zituela: Job (Bibliako itzulpena euskaraz, 1836), La conversation criminelle eta Les Tournangeaux nobelak frantsesez. Azken hauek Artine Artinian Collection, Harry Ranson Center, The University of Texas eta Austin-en zeudenak, antza denez.
Maiatzak 14.
Joseba ez zen harritu batere Ameriketako unibertsitate batean (Austinen) bukatu bazituen lan horiek, beste hainbat liburu eta artederreko obrak bezalaxe.
Harri eta zur ni geratu naiz, ordea, egia esan badaukat adina deusez ez harritzeko, baina Iñaki adiskideak Patxi Intxaurrandieta eta biok burutu dugun 101 Balada zahar liburuaren eta bi CDen aurrekontua aurkeztu didanean. Zehazki, 336 orrialde zuri-beltzean inprimatuak couché mate paperean. Azala lau koloretan eta plastifikaturik. 700 ale, 4.390,00 € + % 4 BEZ, hau da, lau mila bostehun eta hirurogeita bost euro eta 60 zentimo. Bakoitza sei euro eta berrogeita hamabi. Abbadiaren itzulpena kostatu zitzaidana baino gehixeago, baina oraingoan ez nago prest dena nire poltsikotik atera dadin. Noizbait aurkituko dugu beste aukeraren bat.
Maiatzak 17.
Gaur Euskal Idazleen Elkartean hainbeste urtetan idazkari-lanetan eten gabe eta laguntzaile on bezala lan egin duen Bego Andonegiren omenezko bazkaria ospatu dugu Euskal Herria kalean dagoen Morgan Kompany jatetxean. Erretiroa hartzeko garaia iritsi zaio. Leku atsegina da, hormetan Picasso, Braque, Malévich eta beste anitzen posterrak kontenplatu daitezke eta idazle gazte asko, gizonezko eta andrazko ezagutzeko aukera izan dut.
Maiatzak 24.
UNEDetik Gramática de la Lengua Vascaren kasuan bezalaxe, oraingoan Poesía vasca. Antología Bilingüe, liburuarekin gauza bera proposatu didate, alegia, Latinoameriketako zabalkunderako formato elektronikoan ezartzea, e-book gisara eta noski, edizio kontratuaren arauak errespetatuz dagokion prezioan. Baiezkoarekin batera, nire esker ona eta agurra bidali diet Rosa eta Pilarri.
Maiatzak 27-28.
Aipatu LIBeko lanetan, hau da Erdi Arotik Errenazimenturako bideko euskal testuen azterketa egiten ari garelarik, aurrekoan Bernat Etxepare Zaro eta Eiheralarreko apaiz izendatzen zuen 1511ko agiria Orreagako artxiboan aurkitu nuen bezala, oraingoan Iruñean 1596an argitaratu bide zen Refranes y Sentencias liburu elebidunaren atzetik nabilelarik, eta honen Darmstadteko ale galduaren bila, beste edireite interesgarri bat izan dut, hau da Girolamo da Sommaia florentziar humanistak Salamancan 1600. urte inguruan egindako kopia, zeina Firenzeko liburutegian aurkitzen baita. María Teresa Cachoren Manuscritos Hispánicos en las bibliotecas de Florencia (2001) liburuak jarri nau bidean. Idatzi diot, beraz bertako liburuzainari kopiaren fotokopiak eskatuz eta Francesca Gallori doktoreak ingelesez erantzun dit, esanez ohiko eskaera bete eta ordainduz gero, emailez bidaliko dizkidatela irudiak. Italieraz erantzun diet Settore Manoscritti e rari - Servizio riproduzioni Biblioteca Nazionale Centrale di Firenze delakoari eta egin didaten aurrekontua Euskadiko Kutxara joan eta ordaindu dut.
Maiatzak 29.
Gaur Andoainen 111 Akademiaren Saria 2012 emango zaio Ramon Saizarbitoriari, idatzi Martutene nobelagatik. Zeremonia arratsaldeko zazpi eta erdietan hasi da Bastero kulturunean, Lorratzak musika taldeak abesti bat jo ondoren. Beterriko Liburua ohorezko literatur aipamenaren ibilbidea laburbiltzen duen argazki eta bideo proiekzioa, 1996an lehen aldiz eman zenetik gaur egun artekoa, jarri dute pantailan. Aurkezleak Mikel Hernandez Abaituari eman dio hitza lehenik eta gero Jon Unanue, Larramendi Bazkuneko lehendakariari. Patxi Baztarrika ere mintzatu da eta Ana Carrerek, Errenteria aldekoa berez, baina Andoaingo alkate denak eman dio Ramon Saizarbitoriari 111 Akademiaren Saria. Ramonek fintasun handiz kritikatu ditu bai sariak, bai Eusko Jaurlaritzak daramatzan euskal kulturarekiko politikak, eta beraz honelaxe bukatzen da beste ekitaldi hau, amaieran zizka-mizka batzuk dastatzeko aukerarekin eta alkatearekin hitz batzuk egiteko aukera izan dudalarik, bere anaia Joxemari Karrere, ikasle eta gero bere bizimodua antzertian eta ipuinlari gisa aurkitu duena, adiskide bilakatu bide baitzait.
Ekainak 18.
Gaur hil da Margaren ama, Kontxita Esnaola Beldarrain, nire amaginarreba, 96 urterekin. Emakume fina, dotorea eta abertzalea. Azkeneko urteetan afasia iktusa izan zuenetik asko beheititu bazen ere, mantentzen zituen une argi batzuk eta ateratzen zitzaizkion hitz potolo batzuk, zentzuz beteak.
Ekainak 19.
Gaur arratsaldeko 17:00etatik aurrera Zorroagako tanatorioan datza Kontxitaren gorpua. Etxeko hurbilenak agertu dira. Azkeneko urteetan izan dituen zaintzaileak apainki jantzirik etorri dira beren agurra ematera: Ruth ekuatoriarra, Igni nikaraguarra, honen ama Clemencia, eta Mikaela errumaniarra. Hala nola Margaren Institutuko eta Hizkuntza Eskolako lagunak eta adiskideak. Bihar goizean Polloen hamabiak hamar gutxitan izango dugu despedidako ekitaldia.
Uztailak 3.
Euskadi Irratiko Miramongo estudioan Bihotzeko Fonoteka programa zuzentzen duen Arantxa Iturbek gonbidatu nau nire kanta bildumatxoez mintzatzera eta hautatu batzuk entzutera. Honakoak izan dira aukeratuak eta beraiez mintzatzeko aitzakia eman didatenak: Kontra-pasa (Xabier Lete); Bereterretxen khantorea (Mikel Laboa), Urtsua (Mikel Laboa), Peru Gurea Londresen (Ruper Ordorika), Berdabio (Anton Valverde); Pulunpa (Marie Hirigoien) eta Markesaren alaba (Urretxindorrak)... Patziku Perurenaren lana goraipatzeko eta Iban Zalduarena kritikatzeko bidea eta aukera ere eman didate, eta 101 Balada Zahar argitaratzeko desioa adierazteko ere bai. Ea bada, noizbait gauzatzen den edizioa.
Irailak 4.
Margak beste bi bikoterekin (Karmen eta Indio, Marijose eta Joseba) egun batzuetako egonaldia prestatu du Parisen, bikote bakoitza bere apartamentuan eta hauek bata bestetik aski bananduak, zentroen daudenak Marijose eta Joseba direla, hau ez baita gauza asko ibiltzeko. Guk Gilles Bazin irakaslearen apartamentua alokatu dugu. Trenez, ohi bezala, Montparnassera iritsi eta 91 autobusera igo ondoren, balisekin hementxe gaude. Irakaslea erretretan da, beraz, Marga eta biok bezala. Maletak hustu, arropak, bainuko tresneria eta bestelakoak beren lekuetan laga, kalera ateratzeko prest. Pisua erakutsi digunean Gillesek esan digu Eva Forest ezagutzen duela, eta beraz, ondorioztatu dugu, irakasle gorri horietakoa dela ingeniari agronomo hau.
Irailak 5.
Goizetik Karmen eta Indiorekin Le Père Lachaise kanposantuan ibili gara hilobien artean, gerra anitzetako heroiak –hildako soldadu gizagaixoak hantxe dautza–, batzuek hilobi-monumentu aberatsagoa beste batzuek pobreagoa, Frantziaren kolonietan bizia galdu dutenak ere barne, hala nola Gerra Handian (1914-1918) eta Bigarren Mundu Gerran (1939-1945) hilen oroigarri, alderdi komunistan buru izan zen Louis Aragoren hitzak lagun. Eta beti gogoan dut Le paysan de Paris, nire Pariseko lehen ibileretako laguna. Kontzentrazio-zelaietan bizia galdutako juduak, Dabiden izarra eta gurutzea daramatenak. Tropa bat, hau da, gudaroste erori bat bailitzan denak xomorro eta zizareen konpainian, ilaretan bananduak. Eta Columbariumean, usoak bailiran, hantxe zein bere katabutean, hilkutxa arruntetan beren izen idatziekin. Hainbeste hilobiz nekaturik, bagoaz Bellevilletik behera, eta Parc de Buttesetik barrena lakuaren ondotik, jendea gustura dagoelarik eguzkia dastatzen taparrabotan. Zubi pollit bat pasa eta Metroan sartu gara, bagoazelarik Port-Royalera, Joseba eta Marijoserekin geratu baikara seiak bistrot batean bazkaltzeko. Zerbeza, ardo txuria, eguneko plata, postrea eta kafea hartu ondoren, bagoaz apur bat atseden hartzera. Geroago, Helenaren memoria-koadernotxoa irakurri dut une batez, ohe gainean etzanda. 1993koa da eta nabari da Juan, Helenaren amodio zoramenetik ihesi, Mexikora joan zenez geroztik itsasoaren urruntasunak gero eta zoramena handiago eta sakonago bilakarazten bide diola. Institutuko klaseak utzi, lana utzi, Donostiatik urrundu. Gaizki zegoen, benetan gaixo... Ez dakit noraino ere komeni zaidan hau irakurtzen jarraitzea. Gauean dutxatu ondoren, eta arropaz aldatutakoan, berritua bezala sentitzen naiz eta badirudi egunean zehar egin duen beroa pixka bat apaldu dela. Hasten naiz pausoa arintzen eta mendian bainengoen banabil eten gabe karriketan gaindi. Ordu pare bat ibilitakoan Marga, Karmen eta Indio topatzen ditut. Karmenek beti bezain berritsu darrai, eta adiskide batek dioenaren arabera, isilezina pairatzen duelakoan nago, hain baita handia emakume honen hizketan aritzeko beharra... Azkenean, erdi haserre, hiru andreak joan dira eskaparateak ikustera eta hiru gizonok patxadan zerbeza bat edaten gelditu gara, lasai, bake santuan. Gaueko bederatzi eta erdietarako La Coupole aurrean gaude. Sartu gara, goiti begiratu, ikusi dugu giroa eta Margak erabaki du ez duela batere gustuko, eta beste leku apalago eta lasaiago batera goaz afaltzera. Han plater batekin eta Bourgogneko bi botila ardo gorri edanez alegera gaude. Afaldu eta gero, Metroz doaz beste bi bikoteak eta gu baratxe oinez.
Irailak 6.
Ostirala da. Gosaldutakoan, nire kasa banoa Pariseko Instituto Cer-vantes, garai batean Eusko Jaurlaritzaren erbesteko egoitza izan zenera. Silvye, Cervanteseko enkargatuak, Paco de la Rosa eta Mikel Peziñaren ikasle izandakoak, han nenbilelarik, begira deitu eta esan dit UNEDeko egoitza lekuz aldatu dutela, alegia, Instituto Buñuelera pasatu direla, Neully-sur-Seinen dagoela orain, aski urrun. Beraz, beste baterako utzi beharko dut adiskideen agurra. 24 rue de Rivolyn dagoen La Tartine jatetxean bazkaldu dugu, itzuli dexente eman ondoren Place des Vosges inguruan. Judu kapeludun, ile kixkur, erretzaile eta mozkor bakarrizketatzaile batzuk kalean zehar. Prezio on batean bazkaldu dugu ohiko jan-edan frantsesekin. Ondoren, autobusa hartuta, bagoaz siestara. Aldamenean eseri zaigu gizon heldu jakaduna eta Margari gaztelaniaz entzundakoan andaluzez mintzatu zaigu. Berriketako gogoa zeukan, eta esan digu Avignonen bizi dela, eta Kordoba, Sevilla eta Andaluzia aski ongi ezagutzen dituela. Gizon benetan atsegina.
Arratsaldean, Rue de Pyrénées ondoan gabiltzala, auzo-teatro txiki bat aurkitzen dugu eta, animatzen garelarik, bertan sartzen gara. Antzezle nagusia argentinarra da, Pandoraren bertsio modernoa jokatzen du eta une batean arropa kendu eta bainu jantziz ageri da, eta hirurogei urte inguru izateko nahiko ongi kontserbatzen da, igeri egiteko aleta batzuk oinetan ezarri eta urez beteriko upelan sartzen zaigu. Indioa haur bat bezalaxe ari zaigu gozatzen eta jendea agerlekura igotzeko animatzen duenean, bera eta hamar urte inguruko mutikotxo bat ausartzen dira. Aktorea hil eta berpizten da, eta denak pozik. Musika ere oso alaia da eta egokia. Azkenean gutun estalki batean borondatezko sarrera ezartzeko eskatu, agindu digu, dioen bezala, sakeleko astuna arintzearren, hamar euroz.
Bellevilletik behera bagoaz seiak, kontent ikuskizuna komentatuz, Joseba eta Marijoseren etxe inguruan afaltzera biltzen garelarik, solasa etengabe darigula, ardo onaren laguntzaz.
Irailak 7.
Larunbata. Ohi bezala, lehen otordua egindakoan Montmartreko gailurrera goaz, polliki-polliki, artista ospetsuen muinora. Lehen aldiz ikusi nuenetik, gazte garaietan, guztiz itsustua dagoela esango nuke, masifikatua, turistentzat moldatua, oinezkoentzat ia lekurik gelditzen ez delarik, goizeko orduak diren arren. Hementxe dabilkigu Indio bere makina sofistikatu eta garestiarekin leku artistikoei argazkiak botatzen. Emakume amerikar ile-urdin pintorea, eskuinean pintzela eta ezkerrean paleta urdina pinturarekin, galtzak panazkoak, jertsea lepo gora, bizarra eta kaskoan gorra kastellano bat daraman agurea, gure adineko karikaturagilea, eta beste. Eguzkitan goxo gabiltza eta badirudi jendea patxadatsu dabilela orain. Arteleku galdu honen muinotik beherantz urruntzen gara, txoko batean oraindik mahasti batzuk etxe artean bizi nahirik ageri zaizkigula. Au Lapin Agile. Cabaret. Poèmes et chansons... Indiok ateratako fotografia bati begiratuz bertan gaude Karmen, Marga eta hirurok Hope Cafe-Restaurant delakoan, hirurak irribarretsu, ni Libération eskuan eta mahai aurrean hiru noisette, literalki itzulita hurtxo, odolik gabeko kortao delakoa edota ebakia baino egokiago litzatekeena, baina aski dugu asmakizunez eta kalkoez. Kanaletatik ia La Valetteraino igo, eta gero, Metroa harturik, La Magdaleinera jaisten gara, han inguruan bazkaltzekotan geratu baikara Marijose eta Josebarekin.
Irailak 8.
Igandea. Gaur kalean gosaldu dugu eta gero Georges Brassens parkera iritsi gara, liburu zaharren eta bigarren eskukoen gunera. Hamarrak eta hogeita bost dira. XVI. mendeko edizio zahar batzuk eskuetan erabili ditut eta Clement Marot-en edizio eder batek begira jo dit. Prezioa galdetu dut eta, mila eurotik gora denez, alde egin dut bertan utziz. Igande goizetan ohikoa den rue Mouffetardeko plazatxoan, alegia, 68ko zaharreriaren dantzalekuan izan gara. Aulki batean bozgorailua, txapela buruan, oihalto gorria lepoan, alkandora eta praka mahuka-motxak, partitura begien aurrean eta beso artean infernuko hauspoarekin kapelu beltza lurrean sosen zain, antzinako doinu ezagunak jotzen ari da soinularia. Hirurogei urte pasatxo duen bikotea, erretretan dauden maisuak diruditenak, hasten dira dantza helduan, kanten letrekin orrialde batzuk banatzen dituzte. Indio fotografiak ateratzen ari da etengabe, tartean bizardun eta xakaren poltsikoan L'Equipe egunkaria daraman beste agure fotografo bati. Paseatzen ari zen agure xahar bati ere eskatu dio, permetevu galdetu dio, baina honek ezezkoa eman dio. Ez dut uste bere tipitasunaren ahuldadea inon grabatzeko gogorik zeukanik, adierazi duen keinuaren arabera. Larru beltzeko zamarradun batek mikroa eskuan hartu eta hasten da kantari. Joseba eta biok zerbeza bana daukagu mahaitxo gainean, Marijosek zuri idor bat. Animatzen gara eta Marijoserekin dantzatzen dut pare bat pieza, eta nola hala moldatzen gara. Ordubete inguru han libertitu ondoren, aldamenean den jatetxe marokoar batera goaz, han tadjin bazkaltzen dugularik batzuek, eta couscousa besteek.
Indiok fotografiak botatzen jarraitzen du. Marga, Karmen eta Indio Musée Asiatiquera joan dira, eta ikusia dudanez, Marijoserekin eta Josebarekin gelditzen naiz kafe eta kopatxo bat edaten (Josebak bi). Gero apartamentura. Telebista pixka bat ikusi, zerbait irakurri eta berriro kalera. Gaur estropada nagusiaren eguna da Donostian, banderarena, eta Urtziri deitu diot traineruak nola geratu diren jakiteko. Nork irabazi duen galdetu diot, eta Bermeoko urdaibaitarrak deskalifikatu egin dituztela erantzun dit, zegokien kaletik ez joateagatik, besteenean sartzeagatik, eta ondorioz Hondarribiak irabazi omen du. Bazen garaia, azken urteotan bizkaitarrak estropada guztiak irabazten ari baitziren, noiz Kaiku, noiz Urdaibai. Bihar irakurri beharko nola joan den ixtorioa El Paísen, ez baitut ikusten hemengo kioskoetan beste egunkaririk, gaztelaniazkoetarik hori eta ABC baizik.
Irailak 9.
Astelehena. Atzoko kronikatxoa idatzi ondoren hementxe nago gosaltzeko prest, eta ondoren Sainte Geneviève aldera joateko. Lehenik Marga, Karmen eta Indiorekin Mezkita bisitatu dugu. Arkitekturaz gauza askorik ez jakin arren, balirudike al-andalusi artearen imitazioaren aurrean aurkitzen garela, Granada eta Kordobako eraikuntzaren baten aitzinean. Parte bat bakarrik ikusi ahal izan dugu eta irteterakoan Jardin des Plantes eta Natur Zientzien Museoko jardinetan barrena gabiltza. Lorategiak oso ongi zainduak daude, eta loreen usainek eta koloreek aroa gozarazten dute. Iritsi gara La Seine ibaira eta hantxe, kaian, gabarren aldamenetik goaz, giroa hotz samar, baina oso aro ona baitaukagu. Igo gara Nôtre-Dameko atzeko aldeko zubia baino bi zubi lehenago espaloira, eta Saint Louis uhartera pasatzen gara, Karmenek erosketatxo batzuk egin behar baititu bilobentzat. Hurtxo bat edan dut beraiekin eta banoa bakarrik Sainte Genevièveko Bibliotekara. Euria ari du, eta eskerrak aterkitxoa hartu dudan etxetik irteterakoan. Ordu batean irekitzen dutenez liburutegia, inguruko Crêperie batean krepa eta bierpresion bat eskatu dut. Gero kafea hartu eta Almathan liburu-dendan literatura espainola eta hispanoamerikarra arakaturik, azkenean Manuel Vázquez Montalbánen Mis almuerzos con gente inquietante (1984), Alfonso Guerra, Bibi Andersen, Alba dukea, Jesús Quintero, Carmen Romero, Manuel Fraga Iribarne, Juan Maria Bandres, Luis Olarra... Orotara 21 pertsona garrantzitsu eta benetan egoera politikoaz eta etorkizunari buruzkoaz ikuspegi berezia zeukatenekin elkarrizketak. Okasio ona memoria astintzeko.
Sartu naiz bibliotekan eta ikusi nahi nuen liburua eskatu dut. Joanes Ibarrolak (Bordele, ca. 1537), vulgus dictus Basculetus, Erruango Parlamentuko Kontseilari eta Bordelekoa ere izan zenak, 1520an La coutu-me de la Soule idatzi zuenak, eta 1521ean Bordeleko Unibertsitateko errektore izendatu zutenak Bazasen 1530ean argitaratu zuen Opus quod Baptista Salvatoris... delako liburua, hiri honetan moldiztegiratu lehena. Ohiko tramiteak karnetarekin eta 2015erako orain artekoa, dataz iragana zegoena zabaldu didate.
Latinezko obra hori ongi aztertu dut eskularru txuriz jantzita eta oharrak arkatzez hartu. Ondoren katalogo batzuk kontsultatu ditut, eta oroitu nola hemen bertan topatu nituen Garibairen errefrauak, Urkixok galdutzat zeuzkanak, eta Francisque Michelek ukan zituenak. Baina horrelako aurkikuntzarik gutxitan... Irailak 10.
Itzulera eguna. Atzo elkarrekin azken afaria Le Vietnam izeneko jatetxean egin genuen. Joxebak ez dakit nola eman zuen baietza, beno bai, alokatu pisu dotoretik gertu baitzegoen eta ez baitzaio gustatzen batere ibiltzea. Hasi ginenean eltze handi batzuetatik zopa xurgatzen, bere grazia apartaz txerrijana zela esan zuen, euskaraz erabiltzen dituen dozena erdi hitzetatiko bat. Besteok gustura jan genituen rollitoak, baporez egositako zizka-mizkak. Errestaurantea xumea da, baina era berean dotorea ere bada. Ekialdeko neska bat ari zaigu gelditu gabe mahaia zerbitzen. Nagusia ere adeitsua da eta, Margak dioenez, burusoil hau mestizoa da, ama vietnamdarraren eta aita frantsesaren arteko emaitza. Karmenek bere platera bukatu bezain laster, alde egin nahi zuen eta postreak ezin zitezkeela jan, zioen.
Indiok eta neronek, aldiz, oso onak zeudela genioen. Ez dut konprenitzen ahal nola pertsona batzuk adiskideen artean afaltzera esertzen direnean, gauza desatseginak esan ditzaketen janariaz, aldamenekoengan halako giro eskasa sorraraziz. Isiltzea hobe litzaieke, beste zerbaitez hitz egin eta lehenbaitlehen alde egin, eta ez itzuli inoiz jatetxe horretara; baina komentario horiek ez ditut batere gogoko, jan-edanak ez direnean erabat txarrak. Karmen eta Indio, ohiko ordutegia errespetatu nahiz, azkar joan dira beren apartamentura ihesi antzean, eta Marga, Marijose, Joseba eta laurok Petit-Calvados bat edatera gelditu gara hauen etxeondoan. Josebak, ohi bezala, afariaren ordez bi petikalva edan ditu eta Marga ere, xurrut pixka bat batekin animaturik.
Etxeko nagusiaren zain gaude, tea edan eta platano oso bat eta kiwi erdi bana jan ondoren. Maletak prest dauzkagu. Geltokian egunkaria erosiko dugu, eta poltsak kontsignan utzi ondoren, Etrusques esposizioa ikustera joango gara. L'Officiel des spéctaclesek ez dakar ikuskizun berririk eta etxeko nagusiak ere ez du albisterik ematen. Beraz, Margak deitu egingo dio eta berehala ez bada agertzen, alde egingo dugu giltzak karta-kutxan utziz, jada kafesnea eta kruasana jateko gogoa sartu baitzaigu. Aste honetan zer porbextu dudan, Eugeniok liokeen eran? Bada, ez bi bakarrik, sei pertsona nola ibil daitezkeen elkarrekin gehiegi haserretu gabe, eta denon alde onak eta okerrak baldintzaturik... Nire susmoa da Margak eta biok beste bi bikoteen arteko zubi lanak egin ditugula...
Irailak 12.
San Telmo Museoko kafetegiko terrazan nago Ramonen zain. Haurrak jolasean ari dira futbolean, beste txikixeago batzuk kolunpioetan dabiltza neskekin, buila eta garraxi, errotatxori multzoa bailitzan. Ospitalean izan naiz Garrido doktorearekin eta lehen galdera ohikoa izan da, ea nola sentitzen nintzen, eta nik ba zer nahi zuen esatea, gerriko zainetako minaz at; baina bestela ongi. Erantzun dit TACaren arabera giltzurruna garbia dagoela eta ez daukadala deus gaiztorik bertan, eta nire oinazeek ez dutela garrantzirik. Hala beharko du, bada...
Irailak 16.
Okasiorako gordeta neukan tapa berde gogordun eta eskuz jositako koaderno honetan hasi naiz idazten gaur. Zirimiria ari du kanpoan, langarra, eta malkoek busti ez dituzten gazi-gezak diren oroitzapen hauei zerbait erantsi beharko zaie, nire burumuinetarik irten daitekeen isuri kresaltsua. Titulu gisara 2013 ezarriko niola ere pentsatu dut, baina ohartu naiz baditudala beste koaderno multzo beltzak, moleskine delakoak, zirriborroz, oroitzapenez eta oharrez beteak, eta bestelako titulu jeneralago bat egokiago iruditu zaidala. Espero dut batik bat Ramonen nobelaren inguruan gertatuko diren zertzeladekin orri multzoa betetzea eta sorrarazten doazkidan gogoetez aurrera joatea egunorozko honetan. Narrazio Sari Nazionalerako epaimahaiko hautatu ninduten, eta nire partetik Martutene eleberria hautatu dut. Okasio batzuetan Ramonek sari honi ez badio garrantzi askorik eman, oraingoan badirudi hainbeste urte, kezka eta gaixotasun sufritu ondoan, obra hau erditzeko ahalegin bat ere egingo duela Fortuna jainkosak sari dezan. Egiaz, merezia luke, baina ezaguturik barnetik sarien funtzionamendua, zaila ikusten dut.
Hasi naiz lehenik epaimahaian, sarian parte hartuko dutenen obrak irakurtzen, haien bizitza eta obrak ezagutzearren. Marcos Giralt Torrenteren Tiempo de vida (Anagrama, 2010) nobelak iazko saria irabazi baitzuen. Protagonistak, alegia, Torrenteren bilobak, bere aita pintorearekin izandako bizikizunak eta haren heriotza kontatzen ditu lehen pertsonan. Madrilen 2009ko apirilaren 16an bukatua da eta azkeneko esaldia honakoxea da: me gustaria conservar algo de lo mejor de mi padre para que le llegue a través de mi. Hau da, protagonistak aita galdu du eleberrian, eta agian bizitza errealean ere bai, eta emazteak seme baten aita egin duenez, hari aitonaren izenaz deitzeaz aparte, haren nortasunaren alde onenak pasatu nahi lizkioke. Margarekin komentatu dut nola narratzaileak ez duen inoiz aipatzen bere izenaz aitak, banandu ondoren, duen maitalea, la amiga que conoció en Brasil eufemismoaz baizik. Errepikatu egiten duela behin eta berriro formula hori, eta erantzun dit espainolez ez duela frantsesez edo beste zenbait hizkuntzatan amie hitzak daukan indarra eta esanahia. Ez duela iradokitzen amorantea, maitalea edo ohaidea, eta gaztelaniazko amiguita tipierazleak mespretxu puntu bat ere baduela, besteetan ageri ez dena.
Hau bukatutakoan –eta aitortu behar dut erraz irakurtzen dela, baina ez zaidala iruditu gauza arina baizik–, Javier Cercasen Anatomía de un instante (Mondadori, 2009) hasi naiz leitzen. Bitxia, KMn ez zegoen nobelen sailean, historiakoen artean baizik. Badakit kontrazalean dioenarengatik 23Faz ari dela eta oroitzen naiz bere garaian irakurri nuela Soldados de Salamina, bai eta titulu bereko filma ikusi ere. Nire adiskide Francesc Massipek, orduan Fakultatean lankide zuenak komentatu zidala, ez zuela batere gogoko, arribistatzat zeukala, hau da, ez autore seriotzat. Ikusiko dugu hainbeste urteren buruan zer iruditzen zaidan historia-eleberri egun-eguneko hau. Giraltek hasierako orrialdean Nietzscheren aipamena badakar –artearekin kontatzen dugu egiak suntsi ez gaitzan–, Cercasek Danteren Inferno III-60ko terzetoa ezartzen du:
–Poscia ch’io v’ebbi alcun riconosciuto,
vidi e conobbi l’ombra di colui
che fece per viltade il gran rifiuto–.
Irailak 20.
Ostirala. Donostiatik bederatzi eta erdietan atera gara laurok. Fini, Marga, Ramon eta neroni. Finik gidatzen du beribil eder bat eta bagoaz Nafarroa ezagutzera, zeren eta Ramonek Zinema Festibala zela-eta, deialdi gehiegixkoren beldurrez ospa egin nahi izan du.
Iruñea arte eguraldi kaxkarra, behelainoa dago eta aro aski ziztrina egiten du. Disko frantses batzuk entzuten gaude. Barbara... Eta Pitillasen gelditu gara lehenik. Herria gustatu zaigu. Oso txukun eta lasai dago dena. Eliza, ohi bezala, itxita. Apezpikuaren egoitza zena, Goñiren jauregia, obretan. Kasinoan sartu gara. Hantxe kafetxo bat hartu dugu saloi handiko barran. Gero lakurantz abiatu gara. Paraje lintzuratsu honetako hegaztiak ikusteko asmoz etorri gara. Oroitzen naiz Goiorekin izan ginenean hegazti gehiago zebilela eta lakua askoz ere ur gehiagorekin zegoela, normala baita udaberrian ur gehiago edukitzea uda bukaeran baino.
Iragarkiak irakurri ondoren, Olivako monasteriora joan gara. Elizarako eta kalostrakorako sarrerak erosterakoan bi hitz euskaraz egin ditut eta kalostra ikustatzen ari garelarik, fraide bat agertu zaigu, Azpeitikoa, zehatzago esateko Urrestillakoa, organista, meza zazpi hizkuntzatan ematen dakiena eta beneditarren historiaren berri euskaraz eman diguna. Xumetasunaren laudorioa egin digu. Eta komentuko historia zehatz eta labur adierazi ondoren, esan digu, baratzeko lanez at, organoa jotzen duela eta bezperak zirenez, arropaz aldatzeko garaia. Sartu gara elizaren itzalpean. Ordubata laurden gutxi da eta hasi zaigu errezotan gaztelaniaz fraide taldea, bai eta kantari ere, baina nahiko era pobrean. Bukatutakoan, Zarrakaztelun bazkaldu dugu eguneko menu xumea. Gero Arguedasetik La Virgen del Yugoko kapera eta Bardeak ikustera inguratu gara. Saiatu ere saiatu gara hemen barneratzen, baina bide lohitsu eta hautsez bete batetik abiatu ondoren, ordu erdira itxita aurkitu dugu eta itzuli beharrean aurkitu gara. Putzu batean kantari ari ziren igeltxoak gu entzun bezain laster jauzika hasi dira eta ur arrepera pulunpatu dira. Inguruan geneukan beribilera igo, gure Bardeetako asmoz paseo luzeak porrot egin du-eta. Tuterara iritsi gara. Hotelean utzi ditugu poltsak, eta leihotik begiratutakoan, hantxe ikusi dugu Ebro ibaia gure oinetan mantso-mantso doalarik ekialderantz. Prestatu, zapatak aldatu eta kristauak, juduak eta mairuak bizi zuten hiri honen karriketan zehar abiatu gara. Katedrala, juderia, Plaza nagusia. Patxada ederrean gabiltza eta hala Ramon nola besteak oso umore onez gaude. Jendetza dabil plaza inguruetan paseoan, eta tabernetan zerbeza eta ardoa edanez. Afari hasieran Ramon haserretu egin da gure aurrean eseri den bikotearekin. Bat bertakoa, txinatarra edo ekialdekoa bestea, eta ingeles kaxkar batean hasi direnean, ahots goraz atentzioa deitzeko gogoa eman digu. Ez ote dakite baxuxeago hitz egiten? Nork nori saldu ote zion ezer? Ardoa, barazkiak, oinetakoak, pabiloiak? Ardoa García Burgos da eta 14,5% gradu dauzka. Halere, ez dut batere bortitza sentitzen eta hautatu janariekin ongi sartzen da. Bukatutakoan, berriketan hotelera, haren terrazan gin-tonica edan, munduari errepasoa eman, eta lotara.
Irailak 21.
Nabarmena da atzo gauean edandakoa ona zela, gaur goizean ez baitut sentitzen batere biharamonik, kazkarra denean gertatzen zaidan bezala. Lauren artean botila bat ardo eta beste bat ur edatearen ondorioa, hots, neurria izatearena. Seiak aldera esnatu naiz, eta errezelak zabaltzerakoan edo, zehazkiago esanda, biltzerakoan, ostertz gorrixta ikusten dugu urrunean muino luze eta ez oso gora baten ia luzera osoan. Ebro ibaiak hor darrai, ura bere bidean, zilarrezko argiaz eta aldameneko makal-ilarak, poplare xuriak zuberotarrek esango luketenez, uretan islatzen direlarik.
Ramon eritasunarekin erabat kezkaturik dagoen bezala, eta alabekin ere bai –ateratzen dituen argazkiak haiei bidaltzen baitizkie berehala–, Fini lasaiago delakoan nago. Trena entzun dut pasatzen baina leihoratu naizenerako joana zen, eta mendietako lerro arroxa urdintzen joan da erabat. Halaber, Ebroko uraren kolorea aldameneko zuhaiztien antzekoa, gero eta berdeagoa... Hotelean bapo gosari txikia egin eta bagoaz Cascante, Tulebras eta Veruelako monasterioak bisitatzera. Cascante festetan dago. Kaleak zurezko langaz zainduak daude, enboladuak baitituzte, zezenen adar zorrotzek egin dezaketen zauria arintzearren larruzko bola batzuez estaliak, alegia. Gazteak zezenen aurrean korrika. Jende gehientsua galtza zuriz eta lepoko gorriz barreren atzean. Malón de Echaidek daukan estatuaraino igo gara, Nuestra Señora del Romero eliza barrokoan sartu gara, zabalik baitago. Inguruko parketik Moncayo ikus dezakegu, urrunean lautada hartatik galant, gora, ikusgarri altxatzen delarik. Jaitsi gara herrira, eta batzuek vaquillak toriatzen ikusten zituzten bezala, beste batzuk jada karrikan zehar antolatu diren mahaien aldamenean gosariko jan-edanak dastatzen ari dira.
Beribilera berriro igo, eta komentuak bisitatzeko gaur prest gaudenez, hiruzpalau kilometrora dagoen Tulebrasekoan sartu gara. Andereentzako Zisterrak Espainian eraiki lehen komentua, Santa María de la Caridadi eskainia, hasieran Tuteran sortua 1149an Santa María de las Dueñas izenez, baina 1157an Tulebrasera pasatu ziren... Gidaria oso berritsua da eta, halako batean, jakin izan dut bi anaia izan zituela karmeldarretan Alesbesen, Aizkorbetarra da beraz. Oso Barcinaren kontrakoa ageri zaigu, bai eta erreginaren kontrako. Ez zaigu isildu. Ikusi ditugu pantokratorra, hiru aurpegidun hirutasun deuna eta Ama Birjina, La Virgen de la Cama deitua. Panpin baten antza du eta neskatila askok izen horixe bera hartzen dutela lurralde honetan dio ama Aizkorbek, María de la Cama. Propina on bat eta salgai dituzten ezti tarro batzuk erosita bagoaz, bertan gelditzeko esan baino lehenago.
Tarazonan, Gaztela, Nafarroa eta Aragoiko erresumen mugerri zen honetan, goiti eta beheiti ibili, eta katedraleko fresko gotikoak ikusitakoan, menu bat hartzera igo gara jatetxe on bat zirudienera. Ondoren, Veruelako monasterioko bidea hartu dugu. Bidean olibondo-ilara ederra ikusi dugu eta ohartu nola Moncayoko saihets hau benetan ikusgarria dela urte aro honetan, bederen. Arratsaldeko bostak hamar gutxi dira. 1146an eraikia, Aragoiko erresuman zisterrak sortu zuen monasterio zaharrena da Santa Maria Veruelakoa. Kalostra miresgarria da benetan, hilobiak beiraz tapatuak dauden arren. Mendizabalen amortizazioarekin ostatu bilakatu bide zen, eta XIX. mendeko bigarren partean, Zaragozako aberatsek bertan igarotzen zituzten denboraldiak, hala nola Bécquer anaiek, Gustavok eta Valerianok, zeinen obren espozizioa ikus daitekeen areto batean. Hemen idatzi zuen Gustavok Desde mi celda idazlan famatua, eta egiaz ospea ere eman zion lekuari.
Ramon beti bezain kritiko zorrotza izaten jarraitu arren, umoretsu dago une honetan eta Moncayoko magaletik ibilaldi luzexka egiten dugu Trasmozeko Gaztelutzarreraino, solasean. Itzuli, beribila hartu eta Tuterara berriro.
Irailak 22.
Tuterako egonaldia amaituta, erabaki genuen Fitero eta Naiara hiriak ikustera joan behar genuela, eta ondoren Ramonen aitak soldaduska egin zuen Mendigorriara, eta inguruan kokatua zegoen Andelos hiri erromatarra bisitatzera. Autobide berrietatik abiatu ginen, ezker-eskuin Errioxako mahastiak, muinoak ikusten genituela mahats-biltze garaiko koloreez jantziak, eta iritsi ginen Fiterora. Herria oraindik erdilotan zegoela inguratu ginen monasteriora. Zisterrak 1175. urtean eraikitzen hasi eliza 1247an bukatu zuen Rodrigo Ximénez de Rada nafarrak, Toledoko artzapezpiku eta bai Huertako, bai Fiteroko monasterioetako mezenas handia zelarik.
Giuliano Bonfantek eta beste hizkuntzalariek Radakoak egin zuen Erdi Aroko europar hizkuntzen mapa horrelakoetan lehenetarikoa kontsideratzen dute. Beste hizkuntzen artean ezartzen dituela, de la misma manera los Vascones y Navarros... euskaldun eta nafarren hizkuntzak. Frantziako Clairvaux, Pontigny eta Kataluniako Pobletekoekin badu antzik monasterioak. Gurutze latinoa eta zutabeek banandu hiru alde handirekin, bost kaperarekin eta gurutzeari alde banatatik lotuta daude zirkulu erdiaren forma duten bi absiderekin.
Kafe bana hartu dugu irekita aurkitu dugun tabernatxo batean eta bagoaz 923an Santxo Garzesek konkistatu zuen hirira, Naiarara, zeinarekin Iruñea batuz eratuta mende eta erdi iraun zuen Reino de Ná-jera-Pamplona deituak. Santxo III.a Handia deitua izan zen hiriaren bultzatzaileetarikoa eta, Santiagoko bidean zegoenez, bertan ospitaleak eta elizak eraikiarazi zituen. Honen primua zen García Sánchez III.a (1035-1054) erregek Calahorra bereganatu eta Santa María la Real monasterioa artzapezpikuaren egoitzarako hautatu zuen. Ondoren, Sancho IV el de Peñalén (1054-1076) deitua etorriko da, Santa Mariako obrak bukatu zituena. Bertan, 1067an ospatu kontzilioan erabakitzen da erritu mozarabiarraren ordez erromatarra ezartzea. Peñalénen hil zuen anaiak, bertatik behera jaurtikiz. Naiaran izan zuen bere gortea Lope Díaz de Harok, Bilboko fundatzaileak XIII. mendean. Honen arreba Nafarroako erregearekin zegoen ezkonduta, eta Peire Vidal, Raimon Vidal, Aimeric Pégulhan eta beste trobadore okzitaniar eta artista askoren mezenasa izan zen.
Monasterioan Erregeen Panteoia iruditu zitzaidan ikusgarriena; hamabi errege nafar-errioxar dautza bertan; gehienbat Errenazimentu garaian moldatutako hilobiak dira, detaile plateresko batzuekin. Dotoreena ez bada, ederrenetarikoa Bizkaiako jaunarena, Diego L´pez de Harorena, irudi zizelkatu hunkigarriekin. Ongi portatu zela koplariekin Peire Vidalen bertso honek adierazten digu argi eta garbi:
Qui d'En Diego s'arranca,
Non a mestier mas que-s pona
O qu'om tot viu lo rebona
En privada pozaranza,
A lei de checa vilana
Recrezen, cor de putana,
Si tot'al taulat se lansa,
Ni·s ponha d'emplir sa pansa.
Hau da, libreki itzulita: Don Diegorengandik bereizten denak egiten duen hobena hain da handia, ezen buruz putzu beltzera botatzea besterik gelditzen ez zaion, hala nola neskatila bilaua, puta bihoztuna, janariz betetako mahaira jaurtikitzen dena.
Enrike IV.ak 1465ean hiria eta gaztelua Treviñoko kondea zen Pedro Manrique de Larari oparitu zion. Naiarak 1520an mugimendu komuneroan parte hartu zuen Karlos I.a enperadorearen kontra, baina errebeldeak Antonio Manrique de Lara, Naiarako Dukearen tropek zapaldu eta suntsitu zituzten tropa horietako buruetako bat Iñigo de Oñez y Loyola (geroago San Ignazio bilakatuko zena) izan zen.
Ramonen aitak soldaduska Mendigorrian igaro zuela eta hainbeste mintzatu omen zitzaion herri honetaz, non bertara joatea eta aldamenean dagoen Andelos erromatar garaiko hiria bisitatzea erabaki baitugu. Jakina da Ebro ibaiaren inguruetan ibili izan zirela erromatar kolonoak eta sortu zituztela hiri mixtoak, elebidunak, hala nola Calahorra (Kala hiri, hiri ederra), eta Alfaro (Gracurris, Grakoren hiria) eta Sertorio eta Pompeioren arteko guduetan, azken hau Iruñeraino iritsi zela bertan Pompaelo (Pamplona) eraikiz. Garai honetan Andelos hiria bazela ere aski argi utzi dute geratu diren hondakinek. Ptolomeok, gainera, hiri hau baskoien artekoa bezala ematen du, grezierazko izena emanez: Andelos. Iada XVII. mendean Moret historiagileak aipatzen zuen bere Analesetan. Kristo aurreko lehen mendeko etxe margotuak eta mosaikoak ageri dira. Horietan ikus daitezke fauno adardun bat tigre baten aurrean txilibitua jotzen, bai eta alfabeto iberikoz idatzitako inskripzio bat ere. Tamalez itxita dago, igande arratsaldea baita, eta Iturranduzeko urtegiak ikusi ahal izan ditugu eginiko paseotxoan. Beraz, pena handiz museoa itxita dagoelako, baina etxera itzultzeko garaia dela-eta, udazkeneko paraje eder hauek ikusiz eta gozatuz pozik, bagoaz solasean Donostia aldera, Fini gidari.
Irailak 24.
Donostiako egunorokotasunean murgildurik eguerdi aldean Marga, Kontxa eta hirurok batelean joan gara uharteraino. Ni arraunean. Ormazabal tabernan tomatea, hegaluzea eta potxak bazkaldu ditugu. Siestaren ondoren, Principe zinema-aretoan Perlak saileko Poziția Copi-lului (Semearen postura) film errumaniar berria ikusten izan gara, hau da, egungo burgesiaren korrupzioa salatzen duena. Bere semeak gidatzean norbait hiltzen duelarik, gartzelatik libratu ahal izateko, ama burges aberats batek egin dezakeena. Zigarroa eskuan, begirada sakon eta ederra duen aktore honek semearen neskari esaten diona ere gogorra da benetan: Ez zara oso ederra eta gainera paketearekin zatoz. Europan zehar matriarkatua benetan zabaldua dela, eta amen semeekiko atxikimendu itsua norainokoa izan daitekeen adierazten du argi eta garbi. Zuzendaria, Calim Peter Netzer eta ama protagonista, Luminita Gheorghiu benetan oso onak, Berlingo zinema-festibalean Urrezko hartza irabaztera iritsi direlarik.
Irailak 25.
Madrileko Kultura Ministeriotik Sari Nazionalaren Narratiba modalitatean iritsi zaizkien proposamenak bidaltzen dizkidate, eta oraingoz honakoak dira: Almudena Grandes, El lector de Julio Verne; José María Merino, El río del Edén; Luis Mateo Díez, La cabeza en llamas; Clara Usón, La hija del Este; Ramón Saizarbitoria, Martutene; Ricardo Menéndez Salmón, Medusa; Alfons Cervera, Tantas lágrimas han caído desde entonces. Lehenbaitlehen lortu eta irakurri behar ditut ene irakurketa-oharrak jasoz.
Urriak 5.
Ramon eta Finirekin gure antzinakoak zein nolako bizitza zeramaten ikusteko egun pasa egitea eta Ekainberriko pinturak eta Lili jauregia bisitatzea erabaki dugu gaur. Joan gara Zestoara, beraz, eta bertan, aparkatzeko leku bat aurkitu ondoren, Udaletxera joan gara informazio eske; han prospektoak eta sarrerak eman dizkigute. Ebaki bana hartu, eta bagoaz polliki-polliki kobazulorantz.
Urriak 20.
Mariasun Landa, ez idazlea baizik eta mediku psikiatra eta Ramonen adiskide onarekin gelditu naiz, interesatua baitago Saizarbitoriak sari nazionala irabaz dezan, merezi omen duelako. Nik kontatzen diot nolakoa izaten den prozedura eta berak erantzuten dit irakurri berri duela eta gero eta sakonagoa, trinkoagoa eta indar handiagokoa iruditzen zaiola, es una novela de novelas, esaten dit gaztelaniaz. Idazleez eta idazteaz eskribitzen duen nobelistak burutua, afekto eta pasioen tratatu bat, garrantzi gutxi duten bizitza arruntak errealitate serioetan murgilduak, non ez zaien gelditzen bide bat edo beste hautatzea beste aukerarik, erabaki etikoak, Juliak gutunarekin hartzen duena bezalakoak. (Ramonentzat ere giltzarria da hau, garrantzi handikoa). Euskal errealitatea mundu moderno batean kokatuta dagoena, eta, bere ustez (euskal literaturan aditua ez izan arren), orain arte inoiz horrela agertu bakoa. Detaile bakoitzak, “dibinoak” dio, ezaguera eta transmisioa dakartzatela berekin, egun-eguneko gaiekin batera. Martutene kulparen, hobenaren izena ere badela, bertan orotarik dagoenez: ardura eta kezka, bidea zuzentzen duena, zoratzen dena, etsitzen duena, bururik altxatzen ez duena, bai eta irtenbide zinikoa aurkitzen duena ere. Martutenek barneak irauli eta gogoetarazi egin digu, munduan zer gertatzen adi-adi baitago egilea eta estiloaren koherentzia mantenduz, jadanik Gorde nazazu lurpean ipuin-luze bildumako ildoari jarraiki, irtenbidea bilatu behar die idealak zapaldu dituenei, zeren eta soilik sarreran aurki ditzakegu Flaubert eta Unamuno, baten Maitasunaren ikasten Jean-Baptiste Orpustanen itzulpenean, eta Laino Mikel Garmendiarenean. Hizkuntzen ezberdintasunez, idaztearen eta itzulpenaren funtzioaz, jokabide etikoaz...
Egia da, benetan, Ramon Saizarbitoria, zenbait literatur kritikarik azpimarratu duten bezala, oso gutxi ezagutzen dela Euskal Herritik kanpo, Bernardo Atxagarekin konparatuta. Senabrek, nire Salamancako irakasleak dioskunez, oasi bat deuskerien merkatuan, eta bere jokaera morala, bere beste nobeletako literatur helburuekin (Hamaika Pauso... ) loturik dagoena, oso ausarta da eleberri honetan. Askok kontsideratu izan dute Martutene euskal literaturaren gailurra.
Urriak 21.
Arratsaldean ospitalera igo gara eta arratsaldeko bostetan neurologoarekin hitz egiten egon gara Marga eta biok. Lehenik, neronek kontatu diot nola gogoratzen nuen medikuek izendatu duten amnesia gene-ral transitiva, hau da, amnesia orokor iragankorra edo antzeko zerbait. Marga eta bion kontakizuna entzun ondoren, esan digu ez dela batere grabea, hamaika kasu ikusi dituela azken denboretan honelakoak eta jeneralean ez dela fenomenoa errepikatzen. Hala biz. Luis Mateo Díazen La cabeza en llamas eleberria irakurtzen ari naiz Easo Plazako terraza batean, eguraldi berezia baitago. Sargori baina orain arratsaldeko zortziak laurden gutxitan oso giro atsegina dago. Juankruzi urtebetetzea ongi igarotzeko desiatzera joan natzaio Parsifal musika-dendara, eta geroxeagorako geratu gara elkarrekin afaltzekotan... Urriak 22.
Aspaldiko ezagun eta adiskide dudan Joexagus Arrietak, Parisen Marcel Prousten inguruan izango diren Itzulpengintzako Jardunaldiak direla-eta, honako gutuna bidali dit.
Kaixo, Patri:
Azaroaren bukaera aldera Parisen “Les traductions de Proust” gaiaren inguruan egitekoa den simposium edo kongresu baten berri iritsi zaidak. Gustura joango nindukek, baina oztopo nagusi bat zaukaat: neure frantses mintzatua zeharo herdoilduta zaukaat... Berehalaxe otu zaidak, ordea: Orpustan jauna, hi heu eta hirurok joango bagina, zer deritzok?... Prousten “Du côté de chez Swann”en lehen mendeurrenaren kariaz omen duk ospatzekoa kongresua, eta oraintxe bidaliko diadan programan ikus dezakeanez, Europako ez ezik Asiako zenbait hizkuntzatara ere (japoniera eta mongoliera, besteak beste) egin diren itzulpenak aztertuko omen ditiztek... Zer iruditzen zaik proposamena?
Sarri artio, eta hire erantzunaren zain.
Ez da ideia txarra Joxeagusek proposatu didana, baina ez dut uste Jan Battit bere Ortzaizeko Tipirena kabitik ateratzeko prest izango denik, beraz, egin dezakedana da, Prousten bi itzultzaileak, Euskal Herria hain txiki izanik ere elkar ezagutzen ez dutenak, elkarri aurkeztu eta elkarrekin bazkari on bat egin beren irizpide eta ikuspegiak truka ditzaten.
Urriak 23.
Iñaki Aldekoak bere aldetik bidaltzen dit korreoz bere testu laburra Sari nazionalerako, bertan lehenbiziko aldiz izan banintz bezala. Errepikatzen dit Ramonekin egin ohi den injustizia, ez delako edo gutxi ezagutua delako guretik kanpo. Eta beste... Editorearen kezkak eta desio ezin aitortuak... Madrilen nagoelarik Caxaforumen bi esposizio ikusten ditut, bata Arte Japoniarraz eta haren eraginaz, eta bestea, Méliès eta zinemaren sorreraz. Ondoren, Círculo de Bellas Arteseko kafetegira joaten naiz lasai irakurtzearren. Arratsaldeko sei eta erdiak dira. Blanquerna liburu-denda katalanean ez dute Toni Salaren Provisionalitat, ez eta Antonio Machadon Martutene. Iñakiri deitu diot eta esan dit ministeriotik zortzi Martutene eskatu zituztela eta bidali zitzaizkiela. Ikusiko... Urriak 24.
Madrilen nago Plaza del Rey, Kultur Ministeriotik gertu dagoen Ho-tel Lusson. Sarri bildu bide da irakaskuntzako langiledia La Cibeles plaza inguruan. Gelatik entzuten ditut helikopteroak hegan manifestarien gainetik. Oraintxe hasi dira oihuak eta sirenak. Tutuak eta adarrak, Zumarraga aldean esaten dituzten hitzak erabiliz. Bihar Narratibako Sari Nazionala emango dugu, eta ikusiko dugu nor ateratzen den garaile. Arnas literarioari eta egitura nobelistikoari, pertsonaien egituraketari begiratzen badiot, nabarmena da Ramonen eleberriak merezi duela irabaztea, baina auskalo. Hamar urtez eta hamar orduz egunero egindako lanaren fruitua baita, eta ez txantxetakoa. Irakurritako nobelei buruz atera ditudan oharrak errepasatzen hasi naiz.
Francisco Xosé Fernández Naval, idazle galegoaren A noite bran-ca; Errusiako gau zuriaren irudia eskaintzen digu eta División Azulean zeuden galegoen ibilerak Bigarren Mundu Gerran. Mila gudaritik gora ziren ekialdera joan zirenak, gehienak falangistak, baina baita presoak ere, promesa egin baitzitzaien joaten baziren zigorra laburtuko zietela. Pertsona errealez osaturiko nobela dugu hau, aski interesgarria.
Xosé Ramón Penaren Como en Alxeria, 60ko hamarkadan liberazioko mugimenduen arabera galegista baketsu eta sutsuen arteko harremanak aurkezten dizkigu. Cuba eta Aljeria. Fidel Castro eta Ben Bella, eta nola ikusten zituzten herrialde haietako erreboluzioak Madrilen eta Galizian bizi ziren gazte erromantiko batzuek. Haien artean Xosé Ánxel Vianak... Ricardo Menéndez Salmónek idatzitako Medusan Prohaska deitu fotografo, pintore eta zinemagile alemanaren bizitza-zertzeladak kontatzen dira. Sanz Villanueva irakasle eta kritikoak dioenez, narrazio hau gogoeta filosofikoaren mugetan aurkitzen da, eta kontraportadagileak esaten duenez, esperientzia estetikoaren izaera anbiguo, arazotsu eta zenbaitetan perbertsoaz ere mintzo da. Eta, Anatomia de un instanten bezala, areago dirudi saio bat, biografia bat, Prohaskaren obrari eta bizitzari buruzko ikerketa bat nobela baino.
Almudena Grandesen El lector de Julio Verne (Episodios de una Gue-rra Interminable) Gerra Zibilari buruzko bigarren tomoa aurkeztu dute lehiaketarako. Nino (Antonino) guardia zibil baten semea da Jaengo herrixka batean 1947an, eta oraindik noizbehinka herrian agertzen da gerrillero bat, Cencerro deitua. Beraz, gertakizunak 47-48-49 urteetan PCEk erabili eta gero okertzat joko duen estrategia gerrilleroaren inguruan harilkatzen dira. Hamar urteko mutikoa den Ninoren eta Pepe portugesaren arteko adiskidantza kontatzen da, eta Sierra Sur mendietan gertaturiko gorabeherak eta hilketak, non ohikoak ziren el tiro por la espalda por aplicación de la ley de fugas, hots, ihes legearen aplikazioz atzetik tirokatzeak. Esango nuke garaiaren ilun-garratz-bortizkeria, halere, ez dela behar bezala agertzen, ez eta elizaren ohiturekiko errepresioa.
Andrés Trapiello idazle oparoak Ayer no es más azken emaitzan memoria historikoa hartu du gaitzat, Leónen kokatuta. Nola errekuperatu behar ote dugu gure memoria historikoa? Zaila da benetan erantzuna. Historialariak inpartzialak? Mendeku bila ote? Ez da batere erraza ihardestea prentsa tartean dagoenean, eta interes partikularrak nahasten direnean. Walter Benjamin eta Hanna Arendten gogoetak ere aipatzen dira eta, azkenean, historiagile benetakoak, egiaren bila dabilelako eta “bereak”, bere ingurunekoak salatu beharrean, herritik alde egin beharko du. Alegia, Leóndik ihesi joan beharko du, exiliatu, ez baitute onartzen ezta unibertsitatean ere, non bere fama eta izen ona hedatua den arren, behekoek bere lanpostua gutiziatzen baitute, eta une honetan bere inpartzialtasunak ez dio balioko. PP eta PSOEko zenbaiten kontrako alegato garbia dela esango nuke, baina gehiago sakontzeko eska geniezaiokeen halako idazle iaioari.
Clara Usónen La hija del este ere aurkezten dute. Ratko Mladićen alaba Ana adiskide batzuekin oporretara joan da Moskura eta han fotografo batekin harremanetan hasten da. Honek eta honen adiskideek konturaraziko diote zein diktadura basa eta kriminala den bere aitaren gobernua; horren ondorioz bere buruaz beste eginen du, baina artean ixtoriorik ere bada. Adibidez, nazionalismoari buruzko gogoetak, ingeles irakasle judutar batek adierazita. Aberriarekiko maitasuna ez dela arrazoinatzen, sentimendu bat omen da. Pertsonaietarik batek dio, bost hizkuntza dakizkiela, hebraiera, ladinoa, serbiera, kroaziera eta bosniera, baina gauza jakina da eslabistek ez dutela bosniera hizkuntza ezberdintzat kontsideratzen, zeren eta gipuzkera eta bizkaiera bi hizkuntza ezberdin gisara kontsideratzea bezalakoa bailitzatekeen. Patchwork baten antza dauka eleberri honek, eta interesgarria izanik ere, esango nuke ez duela behar adina sakontzen tragedian.
Clara Sánchez adiskidea emankor dabil aspaldi honetan eta hautatu duen bidean emakume irakurle ugari ditu, hala nola Entra en mi vida deitu duen eta sarira aurkeztu hau. Haur bahituen gaia, aspaldi honetan prentsan hainbestetan agertu eta tratatu dena hartu du leit-motiv gisa oraingoan. Ama urrin saltzailea da, etxez etxe dabilena ahaleginetan ea noizbait alaba nonbait ezagutuko edo aurkituko duen. Alabak bide bera hartzen du, gezurretan dio unibertsitatera doala, saltzaile baitabil bera ere. Azken eleberrian bezalaxe bilaketa batean dago oinarrituta egitura.
Alfons Cerveraren Tantas lágrimas han corrido desde entonces... eleberriaz dio Ricardo Senabrek, hemen ez dagoela deus ere arruntik ez eta errazkeriarik, lege oneko literatura patxadan dastatu eta irakurtzeko. Egileak desterruko bidea tristea eta luzea dela agertzen digu, emigrazioarena, hobeto esatearren. Los Yenaresetik Orangeraino, eta handik, jada hogei urte paseak direnean, bere kide frantsesarekin amaren hiletetara itzultzen denean, haurtzaro- eta nerabe-garaiko oroitzapenak. Herriko taberna, zinema, behin eta berriro Orange inguruak. Teatroa eta beste guztia erritmo geldi batean, ilun eta triste agertzen digu, gaiari dagokion eran, batere esperantza apurrik gabe, Azorinen estilo minimalistan...José Merinoren El río del Edén nobelak chicodown baten bizitza kontatzen digu. Aita-semeak badoaz motxilak bizkarrean hartuta emazte eta ama izan dutenaren, Teresaren errautsak laku batean uztera. Labetik igaro ondoren geratzen den kutxa lagun. Semea estralurtarrekin obsesionaturik bizi da, eta aitak pazientzia handiz jarraikitzen dizkio esaten dituenak, Teresarekin lakuraino joan zen lehen aldia oroitzen duen bitartean. Eta elkarrekin izan zuten bizitza, banantzeko arrazoiak, jeloskortasunak, eta nola une zail baten ondoren berradiskidetu ziren, tentazio guztiak gaindituz. Ongi idatzia izan arren, mantso, monotono eta errepikakor gertatu zait irakurketa. Inolako interes berezirik gabea...
Urriak 25.
Hementxe nago Kultura Ministerioaren ondoko Revoltosa izeneko tabernan laranja-zukua edaten, eta aurkezten diren nobelei buruz hartu ditudan oharrei errepasoa ematen. Hiru ordu laurden gelditzen dira bilera hasteko, eta atzera begiratuz, irabazi duten euskal idazleak gogoratzen ditut: Bernardo Atxaga, Mariasun Landa, Anjel Lertxundi, Unai Elorriaga, Kirmen Uribe, ... Aurten Ramoni suertatuko ote zaio? Arantxa eta Marga oso animatuta daude eta merezia dauka, diotenez...
Biltzen gara María Teresa Lizaranzu Directora general de Política e In-dustrias Culturales y del Libro denaren zuzendaritzapean lau akademietako ordezkariak, unibertsitateko errektoreenak, literatur kritikoenak, kazetarienak, eta UNEDeko Estudios de Génerokoak, besteak beste. Hitza ematen zaigu eta nik prestaturik daukadan txostena irakurtzen dut:
Por su gran aliento, dimensión ética y calidad de reflexión literaria mi novela preferida es Martutene. El valor moral de esta novela va a la par con su ambición literaria. Es una ventana abierta a la historia del último medio siglo y principios del actual en el País Vasco. Un tratado de afectos y pasiones (amores, desengaños, sentimientos de culpa en el ámbito personal y político)... y una novela atenta a los más minuciosos detalles del mundo que describe. Contiene una reflexión sobre el proceso de creación y la escritura. Un homenaje a Max Frisch y su novela Montauk, que los personajes leen y comentan adquiriendo ésta la entidad de personaje de pleno derecho. El tema del terrorismo, presentado como telón de fondo está tratado con valentía y profundidad. Se refleja con un gran conocimiento y sin concesiones la compleja sociedad vasca, el nacionalismo y su soporte mítico, histórico y antropológico. Martutene es una novela políticamente oportuna. Jon Juaristi, traductor de Los pasos incontables de Ramón Saizarbitoria, lanzó el reto de llevar al papel historias de nacionalistas. Saizarbitoria ha recogido el guante y aquí están con todo lo que puedan tener de noble y deleznable. En fin, se puede afirmar que Martutene contiene el hilo central del relato común al que aspira la gente de buena voluntad.
Darío Xohan Cabana Real Academia Galegako ordezkariak ere Ramonen obraren alde egiten du, bere balioak azpimarratuz, baina nabarmena da bertaratu kritikoek eta epaimahaikoek egina dutela hautua. Batzuek badute ausardia obra ez dutela irakurri esateko. Baldintza horiekin nola liteke epaile izatea onartzea? Pasatzen gara bozketetara eta jada nabarmen ikusten da nork irabaziko duen: bederatzi botorekin José María Merino, Ramonen nobelak zortzi jasotzen dituelarik. Hurrengo botazioetan banan bana eroriz joango dira, kritiko batek kalitatea dudan jarri gabe, es una obra un tanto prolija... azpimarratzen duelarik. Aukeratik erortzen denean, nire protestarik irmoena egiten dut, literatur injustizia handi bat egin dela azpimarratuz, baina alferrik da jadanik.
Urriak 26.
El surrealismo y el sueño, Dalí, Delvaux, Max Ernst eta besteen koadroak (espainolak, belgikarrak, frantsesak... ) ikustera joan gara Tyssen-Bornemisza Museora. Ametsaren mundua. Beldurrak, izuak, gorputzen grabitate eza... Behin eta berriro datorkit burura atzoko saioa, Sari Nazionalekoa, alegia. Inoiz ez gehiago itzultzeko esaten dit Margak eta honetan nago neroni ere, behin berriro bentzutu gaituzte, galtzailearen estetikarekin eta etikarekin gelditu beharko dugu, Ramonek esaten duen bezala.
Urriak 28.
Astelehena. Lander Zurutuzak idatzi didanez, gaur arratsaldeko sei eta erdietan nik idatzi nuen Zoazte hemendik liburua komentatuko omen dute Lezoko irakurketa klubekoek eta bertan nire arreba Marikrutx egongo omen da, eta bilera informal honen ateak irekita omen dauzkat. Bertan agertzea erabaki dut.
Uste nuen baino irakurle gehiago daude bilduta. Marikrutx, Lander, Xabier Oiartzabal, Iñaki Zipitria lehengusua, eta beste dozena bat. Galderak egin dizkidate eta ahalik eta modurik arinenean erantzun diet. Denak oso gustura gelditu direla irakurketarekin, esan didate, eta Landerrek dio hirugarren irakurraldia izan duela oraingoa. Nik ere berriro irakurri dut egiten dizkidaten erantzunei behar bezala, taxuz eta moduz erantzuteko. Beraz, ordubete pasatxoko solasaren ondoren, basoerdi bat edan dugu elkarrekin, Marikrutxi musu estu bat eman diot eta Lezotik Donostiara itzuli naiz.
Victor Gómez Pin filosofo adiskideak gonbidapena pasatu digu azaroaren 15erako, hiru hizkuntzatan, frantsesez, gaztelaniaz eta euskaraz, azken honen bertsioa [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 49)]. Baietz, noski, hantxe egongo garela Marga eta biok erantzun diogu gustu handiz, zeren proposamena eta lekua oso maiteak baititugu.
Halaber, gaur bertan preseski Jan Battit Orpustanek beste gutun bat idatzi dit Joxeagus Arrieta eta Prousten inguruko gorabeheren gainean, bere aukera zein den adieraziz, zeren eta nire gutunean esaten bainion Prousten lehen liburukia itzuli duen Joxeagus Arrieta, hark egin itzulpena pasatu diodalarik, bera ezagutzeko eta elkarrekin egoteko gogo biziz dagoela, eta hala bada, zein egun eta zein ordu izanen liratekeen egokiak beretzat, ongi iruditzen bazitzaion eta gogorik baldin bazuen, noski, eta okasioaz balia gintezkeela otordu txukun bat egiteko ere, guri berdin zitzaigularik eguna, ordua eta lekua, berak aukera zitzakeela biak Tipirenatik hurbil. (Gutunak 50).
Urriak 31.
Margak oparituriko Moleskine berrian hasten naiz ohartxo batzuk idazten, eta lehenetarikoa Koldo Izagirrek Duque de Mandasena zen Liburutegian aurkeztuko duela goizeko hamaiketan parisen bizi naiz, minuskulaz noski, poesia-liburu berriaz da. Zortzigarrena alajaina, Gorka Arrese editorearekin batera. Nontzeberri kultura sareak honela aurkeztu du bere Interneteko sarreran:
... hiria eta poeta dira liburuko ardatz nagusiak. Territorio asko dituen lekua da hiria, eta liburuan hiria eta biztanleak, hiria eta kultura, hiria eta memoria, hiria eta hirigintza, hiria eta diskordia, hiria eta hizkuntza, eta abar, uztartzen dira, hibridatzen dira. Lan berriari buruzko zertzelada batzuk emateko orduan hauxe komenta-tu digute Susako kideek: “Nor ez da bizi Parisen? Montmartre eta Quartier Latin, matxinadak eta errege dekapitatuak, kantariak eta pintoreak, hango argia eta zubipeko biztanleak... Frantzia baino zerbait gehiago da Paris, estatua bera gailentzen duen urbe ideal eta batzuetan ametsezko bat. Parisen bizi dela dioen berberak, Berlinen bizi dela ere esango du geroxeago. Liburuak egitura argi bat dauka: lehendabiziko poema, Parisen bizi naiz; azken poema, Berlinen bizi naiz; eta liburuaren erdian, zubi handi bat bezalakoxea, Hautakritika baterako zirriborroa, irudi paradoxikoz betea”. Parisen bizi naiz honetan elkartzen dira: hiriburuen porrota, krisi politikoa eta poetaren heldutasuna...
Baina egun horretako bideoa ikusiz, lehen poemaren hitzok gogoratzen ditut
... parisen bizi naiz
marrutxipi izeneko auzoan
parisen bizi naizelako
promenatzen naiz sena doan bezain argi...
Dena minuskulaz, noski, eta garai bateko belusazko ahotsa zena aski elektrikoa bilakatu bide dena, mailua bailitzan hotsak kolpeka jaurtikiz, gogor kolpatuz, errabiaz errepikatuz...
Azaroak 6.
Refranes y Sentencias... 1596 aztertzen ari naizelarik, ohartu naiz Joseba Lakarrak eginiko edizioan eta Euskaltzaindiak argitaraturikoan baino askoz ere faksimile hobea plazaratu zuela Alfontso Irigoienek Gran Enciclopedia Vascako 1975eko moldaketan, Jesus Oregi bergararraren liburutegik hartua. Koaderniloak aztertuz, bestalde, nondik ateratzen zaizkio Koldo Mitxelenari 791 errefrau inguru izanen zituela, ez bada hiruko erregela aplikatuz, hots, 64 orrialderi 539 badagozkio, 94 orrialderi hainbeste, baina nola jakin gehiago zituela, Darmstadteko alearen kopurua eta Firenzekoarena berdinak badira? Eta nor da egilea? Liburuxkak ez dakar izenik, baina hipotesi gisa ez luke balioko honako honek? Alegia, Esteban Garibai Madrilen gaixorik dago 1594an apoplexia-erasoa sufritu duenez geroztik, eta Iruñean dagoen Juan Idiakezen semeari bidaltzen dio –baina hau ez dago euskararekin oso ohituta– eskuizkribua Iruñeko Pedro de Porralisen moldiztegian argitara dezan?Azaroak 7.
Joxeagus Arrieta eta biok bagoaz kontu-kontari nire beribilez Baxenafarroako Ortzaizerantz Orpustani bisita egitera. Hamabietarako geratu gara eta, garaiz iristeko, hamarretarako bidean gaude jadanik. Hamaiketarako Ortzaizen gaude eta herrian gelditu gara kafetxo bat hartzera. Ikusten ditugu mutiko eta neskato batzuk bere andereñoarekin euskaraz mintzo direla, Mendi ostatuko tabernaria, aldiz, frantsesez mintzatzen zaigu, gu euskaraz saiatu arren. Gero Irisarriko bidea hartu dugu eta Lakako erreka igaro ondoren, ia galdu gara. Azkenean, iritsi gara mahasti artean dagoen Tipirena etxaldera, Orpustanen egoitzara. Egiten ditut presentazioak. Beti bezain adeitsu eta abegikor ageri zait Orpustan, erakusten digu bere lan-aretoa, burutu dituen Prousten itzulpenak eta pixka bat beren xehetasunez mintzatzen uzten ditut, neu baratzera igarotzen naizen bitartean. Aspalditxo honetan, esaten dit, ko-taz erasotu izan nizanez geroztik ez dudala lan handirik egin bertan eta pixka bat abandonatua dagoela ikus dezakezu. Bazkaltzeko tenorea da eta esaten digu gonbidatzen gaituela Ortzaizen bertan dagoen txoko on batera: La ferme Gourmande. Muinotxo baten gainean dago mendiz inguratuta eta bertako bistak izugarri ederrak dira. Otordua benetan ona eta ardoa ere bai. Solasa ere halako idazleen konpainian ezin iradokitzailego izaki. Beraz, laster arte eta elkarren berri izanen dugulakoan agurtzen dugu. Pozik, eta egun pollit bat, paraje ezin ederragoen artean igaro dugun sentsazioarekin itzultzen gara Donostiara, susmoa daukadalarik jelosiaz punttu batez joa dagoela, aitortu baitit, Jan Battitek nirekin zuela solastatzen ia beti, logikoa dena, bestalde, ni bainintzen ezaguna. Dena den, lan ona opa diodalarik agurtu dut Joxeagus, Firenzeko liburuzainak dioen bezala, buon lavoro... Azaroak 8.
Biharamunean Orpustanek honako gutuntxoa [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 51)] igorri dit Hugues de Picon teatrogileaz zehaztasun zenbaiten eske eta Bernat Lehetez argitasun batzuk emanez.
Azaroak 16.
Gaur Pasai San Pedron Victor Gómez Pinen inguruan adiskide talde eder batek haren Jakiunde Akademian sartzea ospatu dugu. Muguruzarenean. Beti bezain umoretsu eta jeniala, ezerezaren eta denaren gainean solasik libertigarrienak asma ditzake derrepentean lagun honek. Eta bertan agurtu ditugu hainbat adiskide: Pako Ibañez, Jabier Etxeberria, Gotzon Arrizabalaga, Juan Ramon Makuso, katalanak, andaluziarrak, frantsesak eta euskaldunak. Errepublika ederra benetan. Bazkalondoan, sabela eta eztarria arrain frijituz eta ardoz ongi hornituak genituenean eta San Juan bistaurrean geneukalarik, hainbat kanta abestu ditugu, hizkuntza ezberdinetan. Euskaraz, gaztelaniaz, katalaneraz, frantsesez... Musika eta Filosofia gaur adiskide on bezala elkarrekin zebiltzan itsasoaren magalean, Pasaiako partetik... Azaroak 17.
Goizeko seiak eta hogeitabi minutu dira. Margak beribilez ekarri nau Hendaiako geltokiraino, Annecyko bidaia hastera bainoa. Berari egingo dudan bidaia-tximista hau ere gustatzen ez zaionez, ni bidaltzen nau Annecyko liburu-enkantera, Mikelek egindako eskaintzari ezin zaiola ezezkoa eman eta... Irakurgai bezala, dudatan egon ondoren, ez dut hautatu Proust, Marcel Bataillonen Érasme et L'Espagne baizik, Drozek 1998an Genevan eginiko berredizioan. Jakina denez, liburu hau 1937an plazaratu zuen lehen aldiz eta Espainian Errenazimentu garaian gertatu ziren erlijio gatazkez eta mugimenduez argi handia ematen du, zeren nabarmen den bezala, urte askotako lanaren ondorioa izan baitzen. Lan sakon guztiek bezala, gutiziatzen naute, ikertzera bultzatzen, antzeko egoera gure Euskal Herriko XV. eta XVI. mendeez material batzuk jadanik bilduak ditudanez. Ez legoke gaizki Delibesek buruturiko El hereje bezalako zerbait idazteko gai izatea ere. Baina ikerketak galdera asko ditu erantzun jakinik gabe, nire aldetik bederen. Zeintzuk izan ziren Donostiako portuan 1525ean sartu zituzten liburu erasmistak? Zein jauntxok irakurtzen zituen? Eta Bilbon? Eta euskal testuei dagokienez, argitaraturikoak alde batera utzita (Etxepare, Lazarraga, Leizarraga, Betolaza, Garibai?), non ote daude Santxo de Elsoren dotrina eta Juan de Undiano, Joanes de Larrumbide, Arnaud de Logras, Jean de Etchegaray eta Bertrand de Zalgizeren eskuizkribuak, poemak eta antzerkiak?Parisen hamabi eta erdietan nago. Hartzen dut 91 autobusa eta banoa arin Lyon-go geltokira ordu erdi eskasean. Garaiz bainabil, Restau-rant Le Train Bleura igotzen naiz eskailera dotore batzuetatik eta prezioei so gelditzen naiz une batez. Menuak garestiak izan arren, baina areto nagusian mahairik libre ez dagoenez, aldameneko sala ttiki eta pollit batera pasatu naiz, eta espazioak biderkatzen dituen ispilu handi baten aurrean eseri. Eskatu dut arbelean ageri den gigota, azpikia eta ardoa eta beste salako menuaren prezioaren erdian ongi elikatu naiz. Patatak Ambesteko eran benetan gustagarriak, Sancerre gorria ere bai. Godeletak hamabi euro balio du, eta jakina da batzuentzat Errioxako ardo aski on bat eros daitekeela gurean horrekin, baina halere lekuak, espazioak eta lasai itxoiten egoteko gune honek merezi du. Leihotik beirazko dorre karratu bat ikus daiteke, goian Mattei marka dakarrena. Hona sartzen denak badaki jatetxe garestia dela. Espainol batzuk sartu dira eta botila ur bat edan ondoren, alde egin dute karioa dela esanez. Bi emakume, urtetan sartuak, elkarri eta aretoari fotografiak ateratzen ari dira. Alemanak, espainolak, frantsesak... Izkina batean maistra-itxurako bat betaurreko handiak eta ezpainak estu, ilajea ez oso garbia, ordenagailuarekin jolasean ari da. Behar nuen honelako lasaitasuna eta bakarrik egoteko patxada. Lasai itxoiten, inoren deirik espero gabe, sofa gorri ezin hobean eroso.
Le Monde egunkaria erosi diot igaro den pakistandar antzeko kazeta-saltzaileari, baina ez dakar gauza berezirik. Frantses futbol-selekzioaren porrota Kieven eta, horrela, denbora pasa, cafe gourmant bat eskatu dut egunkariko orrialdeei errepasoa ematen diedan bitartean. Une batean intelektual tankerako hiru frantses sartu dira eta, bakoitza bere ordenagailuarekin, nire aldamenean eseri dira. Gunearen, espaziotxoaren inbasioa bezala sentitu dut, baina oso heziketa onekoak izaki eta ea molestatzen ninduten galdetu didatenean, paditu erantzun diet. Noski, ezetz. Sigmund Freudi buruzko artikulu bat irakurtzen ari naiz, ametsak, artea eta gizonaren gorabeherak tratatzen dituen liburuaz mintzo dena. Irten naiz jatetxetik kanpora eta geltokiko zoko bateko Cafe-tabacean kafea eta petikalva eskatu dut, oraindik denbora itxaron behar baitut, eta zenbat den, berehala ordaintzearren, baina geroago ordainduko dudala edo antzeko keinua egin dit. Aurrez aurre neskatila bat negarrez. Pollita da, argala, fina, eta anaiak etxeratzeko eskatzen dio, berak, aldiz, ez duela nahi. Errusiarrak, portugesak, orotarik igarotzen dira taberna multikultural honetatik. Albert Camusen jaiotzaren mendeurrena denez, bada idazle handi hari buruzko ikerketa eta artikulurik bazterretan. Le pointek atera duen ale berezia erosi dut. Gaztetan irakurria, garrantzi handia izan zuen nigan ere, eta oroitzen naiz nola EUTGko liburutegian bere teatroa irakurri nuen (Caligula, Les justes... ) eta Diputaziokoan La peste. Bostak laurden gutxi arte ez dago trenik. Iritsiko ote da Mikel? Autobusa hartu ordez, Metroa-edo hartzeko asmotan zebilen. Trenean topo egin dugu elkarrekin.
Annecyn Hôtel Alexandra tren geltokitik gertu dago. Gela ttikia eta garbia. Gauzak bertan utzi eta afaltzera joan gara. Chez Mamin, alegia, Amatxi baithan. Mikelek idi-txuleta bat eskatu du eta nik tabernariaren iradokizuna, hau da, gasna beroa inguruan entsalada eta bertako txerrikiekin, urdaiazpikoa, saltxitxoia eta izokin xerra batzuk. Jende gaztea dabil. Igande gaua da eta, paseotxoa herria ikusiz emandakoan, hotelera abiatzen gara lotara.
Azaroak 18.
Telebista piztuta daukat ordua jakitearren, erlojua gelditu egin baitzait. Zortziak. Pixka bat lehentxeago entzun dut aldameneko gelan, Mikelenean irratia espainolez mintzo. Mikelen kezkarik nagusietakoa euskararen egoera da, eta gero eta traketsago hitz egiten dela, ez garela naturaltasunez adierazteko gai, adibidez, berak eta bere anaiak elkarren artean daramaten konbertsazioa bezalakorik. Ez duela batere gozatzen jendearekin hitz egiterakoan, eta eskas mintzo direnekin nahiago duela espainolez hitz egin, beste dena faltsukeria dela, nazionalismoa... Baina laguntzen ahalegina egiten ari direnei guk ere geure ahalegintxoa eginez laguntzen ez badiegu, nola arraio ikasiko dute?Azaroak 19.
Ez da lehen aldia Mikel Annecyn dagoena. Aurrekoan hegazkinez etorri zen Genevan barrena, edo berak dioen bezala Ginebratikan, ikusi zuenean Interneten liburu zaharren enkantea zegoela eta XVI. mendeko gaztelaniazko zenbait liburu tartean (Garcilaso, La Celestina... ) eta baita Oihenarten edizio bat ere. Inoiz ez dio Milak trabarik ezarri bere afizioan eta esaten omen dio, ongi pasatuko duzula pentsatzen baduzu, joan zaitez. Atzo arratsaldean jasotako katalogoa eskuan, gaur ordubi eta erdietan hasi da enkantea. Hogeita bost esalki ezkerraldean eta beste hainbeste eskuinean. Mahai gora batean 60 urte inguruko bi andere laguntzaile, kontu makina bati joaz, eta gizon heldu bat prezioak aldarrikatzen. Enkantean diren partaide guztiek baitituzte beren zenbakiak, eta balioa aldarrikatutakoan, batek bere zenbakia altxatzen badu eta beste inork ez, epaileak mahaian kolpea jotzen du eta liburua edo liburu multzoa bere kaxarekin alde batera uzten dira. Liburutegi aberatsena Paraguayko enbaxadore batena da. Batzuk beste batzuen izenean daude telefonoz enkantearen martxaz norbaiti kontatzen eta haren aginduak betetzen. Gaurkoan Mikelek ez du aurkitu beste aurrekoan izan zituen joia preziosorik eta hamaseigarren mendeko bi liburuxka bereganatu ditu aski prezio altuan zeudenean, eskua altxatuta.
Azaroak 20.
Atzo lakuko inguruetatik ibilaldi luze bat egin nuen eta gaur goizeko bostetan esnatu naiz. Beste ordu eta erdi gelditzen zait alferkerian izarenpean egoteko. Seiak eta hogeita bost direnean berriro begiak zabaldu eta jaikitzeko ordua da. Bainuan nagoela telefonoak jo du, egunonak emanez, bon jour, merci erantzun diot eta jantzitakoan motxilan gauzak sartu, behakoa eman ea bazterren batean zerbait ahanzten dudan eta banoa eskaileratan behera. Hoteleko zaindariari ere egunon esan eta banoa geltokira. Eskatu dut kafesnea eta kruasana. Aski arrunta da dena, geltoki gehienetan ohi bezala. Bagoian nire eserlekuan jarri naizenean hasi naiz deuskeria hauek idazten. Mikelekin geratu naiz, berak hurrengo trenaren tiketa hartu baitu, Montparnasseko geltokian Hendaiako bagoian egongo naizela zain. Beraz, ordu batzuk patxadan atzo zortzi euroz erosi nuen eta berriro irakurtzeko gogoa neukan Marguerite Yourcenaren L'Oeuvre au Noir, gaztelaniazko itzultzailearen hitzetan Opus Nigrum dena, dastatzeko aukera.
Pico della Mirandolaren Oratio de hominis dignitate otoitz batekin hasten da, zeinetan Jainkoak dioen gizonak duen guztia kontenpla dezan eta bere buruaz gogoko duena egin dezan ezarri duela gizona munduaren erdian, horrela bere izaeraren zizelkari izan dadin. Trena abiada hartzen ari da eta, eguna aski grisa izan arren, argitzen. Soroak, zuhaitzak eta etxeetako teilatuak zuriz jantzita daude. Elurra ari du. Elur malutak oso finak dira, baina berotasunak urtu arte soinean itsasten diren horietakoak. Une honetantxe trena astirotxo doa. Elurra gogotik, eta abisua pasatu dute Parisera ordu laurden beranduago iritsiko garela. Paisaia, mendiak zuri-zuri, ikusgarri.
Hamabiak eta berrogeita hamahiru minutu eta jada Montparnasseko geltoki inguruko errestaurante batean nago eserita. Une salade niçoise et un verre de vin blanc pouilli fumée eskatu dut, zeren eta atzo gauean Annecyn egindako afarian potofea beroegitxo baitzegoen. Mikelek telefonatu dit. Bera garaiz iristen ez bada, nahiko atzerapenez baitabil, hartzeko lasai nire trena. Margak ere deitu dit esanez Bordelen ikusiko dugula elkar, bagoian. Eskatutako ardoaren ordez beste txuri zatar bat atera didate, baina zer egingo diogu, bada. Turismoa horrela mantentzea espero dute paristarrek?Atzoko afarian eztabaida sakon eta luzea izan genuen irakaskuntzaz. Beatriz Otaegiren kausaz hasi zen eztabaida. Ez zen izan gauza Mikel, Lasagabasterren hileta-elizkizuna amaitutakoan, gelditzeko basoerdi bat edaten bertaratutako irakasle batzuekin. Inorekin ez hitz egitearren, alde egiten du basurde baten gisara, bere bakardadea, anonimotasuna zaintzearren. Eta gertatu zaizkion faltsukeriez mintzatzen hasi zitzaidan. Behin Baleriano Yartzak, Institutuan zuzendari zelarik, esan ziola no me eches a los padres encima. Alegia, bera esijentea zenez, zuzena, behar zena eskatzen ziola taldeari, hau da, ustea zeukalako mailaz gora igo behar zituela, eta ez ziotela hori egiten utzi. Galdetu nion, ea nor zen mintegi-buru eta erantzun zidan Beatriz zela, eta erantzun nion hark zuela errespontsabilitatea, baina agian antzinatasunez kargua edukitzeko eskubidea berak zeukanez, hala izan balitz, orduan gai izan zitekeela esijitzeko, baina berak bezala neronek eta beste zenbaitek karguak eta hauen zamak besteen eskuetan utziz gero, halako ondorioetara iritsiko ginela pentsa genezakeela. Ez zegoen batere ados, legea betearazi egin behar zela zorrozki, eta arrazoi osoa zeukala, zioen. Azken unean korrika eta presaka ia trena martxan zegoela igo dela trenera. Eta kontatu dit maestra batekilako abentura. Bordeletik Hendaiarako bidean Marga igo denean, berriro barre aski eginez kontatu digu berriro. Balisa garraiolari nola ibili den eta nola musu batez eskertu dion andereñoak laguntza... Azaroak 24.
Joserra Gartziak Lugaritzen hitzaldia duela eta Bertsolariak eta Bar-doak hizpide, hantxe egon gara Mikel eta biok. Metaforari hain denez atxikia Joxerra, bat-batekotasun fenomenoaz argi eta garbi mintzatu zaigu, Interneten eskuz hitz egiten den legez, bertsolaritzan ahoz idazten dela, dio. Errefrauak badio Zerri goseak ezkurra amets, berdin sor daitekeela gure egoerari egokituz Herri aseak gezurra amets. Entonazioaren arazoez, gazteen jergez, gaien lerratze ideologikoez... Eta garbi dago, bertsolari-eskolen ondorioz, ez dutela ikasi kantatzen, silabeatzen baizik, eta gaiekiko lerratzea tamalgarria dela, noski, eta salagarria. Bi iradokizun besterik ez ditut egin eta, handik Oliyosen basoerdi bat edatera atera garenean, Mikelek adarra dexente jotzen dit hitz egiteko erabili dudan doinuagatik.
Abenduak 1.
Igande goiza. Hamabietan Mikel Hernandez Abaituak hitzaldia ematen du Larramendiri buruz. San Telmo Museoko lagunek egin diote gonbidapena, eta hitzaldi bat euskaraz urtean egin behar izaten baitute, berari suertatu zaio aurtengoa. Ongi azpimarratu du andoaindarraren garrantzia, aitortuz Blanca Urgell dela gai horri buruz gehien dakiena, tesia Larramendiren hiztegiaz egin zuenez. Baina Mitxelenaren kritika ez du, nik uste, behar adina azpimarratu, hots, hiztegiaren bi akats nagusiak. Bat bertan egiten dituen etimologia barregarriak, eta bi asmatzen dituen hitzak, hainbeste, gainera, non zaila egiten den bereiztea hiztegian zein den hitz lege onekoa, hau da liburu zaharretarik eta herritik jasoa, eta zein hitz bere irudimenak asmatua, horrekin garbizaletasunaren jaidura eta ondoriozko testu askoren ulergaiztasuna sortuz.
Museoko tabernan zuri bat edan dugu eta Montse Fornellsek, garai batean Errenteriako Institutuan nire lankidea zenak eta orain antolatzaileen buru denak, galdetu dit ea hurrengo urtean emango ote dudan nik nirea, te animas, Patri, a darnos una conferencia el año que viene, eta halakoetan ezezkoa ematen ez bainago ohitua, baiezkoa eman diot eta horretan gelditu gara. Badaukat datorren urterako hitzaldi bat konprometitua, beraz.
Abenduak 12.
Idoia Estornesek Isaak Israeliren irudi batekin, emakume bat etzanda irakurtzen, honako felizitazioa bidali dit: Eguberri ta Urteberri on opa dizuet, gomendatuz zerrenda hautatu bateko autoreen liburu bat oparitze-ko. Eskertzekoa detailea.
Abenduak 28.
Juan Marqués poeta madrildarra eta Ramonen liburuaren zuzentzaileetarikoak aipatzen dio honi, nola El Paíseko kritikoek urtean 800 edo 900 liburu jaso ohi dituzten, eta oroitu direla Martutenez, hain zuzen Javier Rodríguez Marcos, oraingo Babeliako zuzendaria eta Fernando Valls. Eta eransten du gaztelaniaz, noski:
Pensarás que no es mucho, pero teniendo en cuenta las presiones que recibe esta gente, o dados sus propios intereses en adular determi-nados nombres y empresas, y al margen de las tiranías de las modas, de verdad tiene mérito que tu magnífica novela haya ido dando co-dazos y abriéndose paso entre la vulgaridad para constar en esta lista. Es, créeme, mucho más testimonial de lo que pueda parecer. Tal y como son las cosas, esos dos votos son reparadores.
Lekukotasunetik areago doala, alegia, nobelaren titulua agertu izana, baina jakin ere badakigu Valls delako hori izan zela Martutene prolija izateaz mintzatu zena, besteak isildu zirelarik. Baina ez al du eleberrigileak bere sormenak aginduta ixtorioak nahi duen eran eta tamainan kontatzeko eskubidea, eta ez merkatuaren kantitateari, hots, nobela ongi saltzeko editoreen iritziak eduki behar duen orrialde kopuruari makurtzekoa? Edota zertarako daude sariak ez bada kalitatea sariztatzeko eta merkatuari aurre egiteko? Damutu ote da Valls esandakoaz? Ez dut uste.