1990
BI TESITAKO epaimahaietan egotea suertatu zitzaidan 89/90 ikasturtean. Bata, Aurelia Arkotxak Bordeleko Unibertsitatean Gabriel Arestiren “Maldan behera” poemaz egindakoan; ASJUn argitaratuko zuen 1993an [Imaginaire et poésie dans Maldan behera de Gabriel Aresti (1933-1975)]; sarreran eskertzen zizkidan, utzi nizkion nire Gabriel Arestirekiko harremanetan gordetako poemak du plus haut intérêt, alegia, interes handiko gertatu zitzaizkiolako. Bestea, Juan Kruz Igerabidek Euskal Herriko Unibertsitatean defenditu zuen Herri poesia eta gerraurreko lirika: Lizardi, Lauaxeta, Orixe. Biak, inolako nobedade handirik ez ekarri arren, nahiko ongi taxutuak zeudenez, notarik hoberenarekin pasatu ziren aurrera.
Madrilen Fakultateko lanak bukatutakoan, maiz joaten nintzen Café Centralera zerbeza bat edanez jazz entzutera; behin baino gehiagotan entzun izan dut han Rupper Ordorika kantari. Zerbitzaria ezagutzen nuen, eta halako elkarrizketa batean, jende askorik ez zegoen arratsalde batean kontatu nion nola suertatu zitzaidan UNEDekin Argentinara joatea azterketak zaintzera. Berak erantzun zidan egona zela bertan eta nik galdetu nionean ea ezagutzen zuen hotel merkerik Buenos Airesen, Asturiaseko batzuek zeramaten bat gomendatu zidan.
Hartu nuen bada hegazkina Madrilen Buenos Aireserat, Victor, UNEDeko bidaia-bulegoaren arduradunak emandako txartelekin. Madrid-Buenos Aires-Rosario-Río Janeiro-Madrid. Horixe zen arruta. Tenerifen lur hartu genuen gauez, eta ordu batzuk itxaron ondoren, berriro abiatu ginen Argentinarantz. Aldamenean ni baino urte batzuk zaharragoa zen mutiltzar bat eseri zitzaidan; Kanariar Uharteetan emakumeekin izandako abenturak kontatu zizkidan. Amorante herrena dei nezakeen. Ez zuen Buenos Airesen hotelik aurrez alokatu eta lapak bezala itsatsi zitzaidan. Eta ez soilik lo-lekua aurkitzeko, asturiar atsegin batzuek zuzentzen zuten Florida kalean, 334 zenbakian eta Eibar izena zueneraino. Afaltzera eta ondoren lunfardoz tangoak kantatzen zituzten lekura, Café Tortonira, noski, entzutera nirekin ere bazetorren, eta edariak ia beti nire kontura ohi ziren. Ernesto Sabatoren liburutxoa irakurria nuen. Kantatzen eta dantzatzen den tristeziaz beteriko gogoeta da tangoa. Gizonaren barneraino sartzen den aire malenkoniatsua. Nire aitaginarreba Manolok bazkalondoetan hain ongi kantatzen zuen hura ere entzun genuen XX. mendeko patuaz:
¡Hoy resulta que es lo mismo
ser derecho que traidor!...
¡Ignorante, sabio o chorro,
generoso o estafador! ¡Todo es igual!
¡Nada es mejor!
¡Lo mismo un burro
que un gran profesor!
Hiribide erraldoi haiek txunditu ninduten eta bankuen ondoetan jende ilarak ikusten nituen. Esan zidatenez, jendeak ilaren hasieran despentsa eta freskerak betetzen zituen eta gelditzen zitzaizkion pesoak dolarretara aldatzen. Liburu-dendak oso xumeak iruditu zitzaizkidan, eta gauza berezirik erosi gabe joan nintzen hegazkinez Buenos Airesetik Rosariora, amorante herrena abandonaturik.
Rosarion, UNEDen eta ICADEn lan egiten zuen Blanca Lozano irakaslea topatu nuen. Gaztea eta atsegina zen. Derecho Administrati-voko irakaslea zen. Bere aitak Panaman enbaxadan lan egiten zuenean monsignore Laboa ezagutua, zeinak sanjuandar umoretsu gisara txiste berdeak ere kontatzen baitzizkien neska gaztetxoei. Baneraman gutun bat etorkiz Idiazabalgoa zen Nora Mujikarentzat. Nire adiskide Ixabel Mujikaren ahaidea zen. Unibertsitatean latina irakasten zuen eta handik urte batzuetara argitaratu berria zuen Gramática nodal deitua bidali zidan. Bere etxean oso ongi errezibitu ninduten eta bere senarra zen Eduardo Fignoni jaunarekin –medikua bera– adiskide ona egin nintzen. Ezagutu dudan gizonik alaiena eta interesgarrienetakoa. Zazpirak Bateko frontoian jokatzen nuen berarekin eta gero afaldu eta kantatu egiten genuen jende askorekin. Behin, hirian Centro Navarro bat eduki arren, semea Euskal Etxera bidaltzen zuen tafallar baten yatean Parana ibai handi hartan ibili bat egitera joan ginen elkarrekin eta txango liluragarri bat egin genuen, erdia baso zen uhartetxo batean gosaldurik.
Blancarekin Asuncióneraino joan nintzen eta han, hiriaren bisita labur bat egin ondoren, eta taxi bat hartuta, ia autobusa galdu genuen; Iguaçuko ur-jauziak ikustera joan ginen. Hango ibaien handia kontenplatuz harri eta zur geunden, eta indioei zenbait oroigarri erosita, Río Janeirora joan nintzen bakarrik; Blanca, berriz, Madrilera itzuli zen.
Praia de Copacabana inguruko hotel batean hartu nuen gela hiru gauerako. Lehenengo goizean euri zaparrada beropean hiriaren itzulinguru luze bat egin nuen itsasertzetik eta taberna txiki eta xume batean berriketan eta musika entzuten oso modu atseginean egon ondoren, gauean hondartza ondoko jatetxe batean afaltzeko asmotan atera nintzen, baina halako batean, pauso-hots batzuk sentitu nituen gibelean eta, handik une batera esnatu nintzenean, lurrean nengoen, konorterik gabe utzi baininduten buruan kolpe bat emanda. Poltsikoan neramatzan diruak, hogei bat mila pezeta eta erlojua kendu zizkidaten, neraman karnabaletako errebista aldamenean utzita. Bidaiako unerik tristeena izan zen. Gelditzen zitzaidan astian ez nintzen hoteletik atera, beldurtuta, kolpe haren eraginez. Igerilekuan bainatzen eta eramandako nobelak irakurtzen egon nintzen. Brasilgo gertakari honek bertara berriz itzultzeko gogoa kentzeaz gain, Madrilen ere, gauez bakarrik nenbilenean, ordu arte sekula sentitu ez nuen bezalako izu-zimikoak kosk egiten zidan.
Presaka, Juaristik idatzitako Literatura Vasca eskas eta gaiztoaren, hantustez eta aurreritziz betetako ehun eta berrogeita hamar orrialdeko Ibon Sarasolaren Euskal Literaturaren Historia, Joxe Azurmendiren hitzetan azterketa pobrea zenaren aurrean, haien hutsuneak betetzearren, Piarres Lafitteren artikulu bilduma prestatu nuen, Euskal Literaturaz (Euskal Klasikoak, Erein 1990), non lehenik Herri Literaturaz bost ikerketa-lan serio biltzen ziren, eta gero XX. mendekoari hogeita bi eskaintzen. Hiztegitxo bat eta aipatutako idazle eta idazlanen zerrenda gehitu nion. Orotara 377 orrialde trinko osatzen zuten.
Baionan egiten nituen ikerketa-saioetan, liburu gisa plazaratu gabeko nobelatxo bat aurkitu nuen, Herria astekariaren 1946. urteko urtarrilean hasi eta abuztura arte epeka argitaratua. Antton zuen titulua eta Jean Pierre Iratchet egilea. Hain modu arin eta erakargarrian idazten zuen bidarraitar hura nor zen jakin nahirik, Etor argitaletxearen eskutik eskubide gisa sos batzuk hartuta, Bucloseko misiotegiraino joan nintzen nire seme Urtzirekin, eta hiruok elkarrekin bazkari goxo bat egin genuela oroitzen naiz. Esan zidanez, lehen aldia zuen euskaraz idatzitako zerbaitegatik ordaintzen ziotena, eta hamaika kontu kontatu zizkigun, grazia handiz, alemanen okupazioko garai tristeaz. Gaia Marixan eta Anttonen harremanez zen eta nabari zitzaion, aitzin-solasean nioen bezala, prediku aireñoa, euskara, herria eta ohitura onak abandonatuz hiri hantuste eta fantesia hutsez beterikakora doan andere buru-arinaren kriti-kan. Hala ere, erritmo azkarra, euskararen aberastasuna eta bidarraitarraren umore aparta azpimarratzen nituen.
Jardunaldiak prestatzen ere jarraikitzen genuen Euskal Idazleen Elkartean eta, horrela, Mallorcan urriaren 11tik 14ra La creació literà-ria davant l'homogeneïtzació cultural topaketa antolatu genuen, hau da, kultur berdineratzearen aurrean literatur sorketaren betebeharraz, gai nagusitzat.
Honako testuak irakurri zituzten bertara inguratu ziren euskal idazleek. Lehen sailean: Joserra Garzia (Homogeneización de la cultura); Koldo Izagirre ez zena jardunaldietara joan, baina txosten bat bidali zuen beste norbaitek (Iñigo Aranbarrik) irakur zezan; honela hasten zen: “Ante celtas latinizados, ante fenicios romanizados, es comprensible que un vasco se presente con cierta arrogancia” (El puente de Roma). Henriette Aire, Xalbador poeta-bertsolariaren alabak Kultur homogeneiza-zioaren aurrean Euskal Herri Iparraldeko literatur kreazioa gaiaz jardun zuen. Miguel-Anxo Fernán Vello, poeta, editore eta politiko galegistak, bere soin argal, jantzi beltz eta bizar luzearekin bardo erromantiko tipikoa zirudienak, Homoxeneizacion cultural? No, thanks zioen artikulua, eta Vicenç Villatoro, telebista katalanean programa bat zeukanak, beste honako hau: Una qüestió de tint.
Bigarren gaia Historia eta Narratiba: egungo dialektika. Bertan parte hartu genuen Xosé Manuel Martínez Oca galegoak, Maria Antònia Oliver katalanak, Joan Mari Irigoienek, Josemari Iturraldek eta neuk. Nire testuak honako titulua zeukan: Ohar labur batzuk euskal nobela histo-rikoaz. Borgesen Otras Inquisiciones liburuko aipamen batekin hasten nintzen; hartan zioen Saxo Gramáticok arrazoiz idatzi zuela bere Gesta Danorumetan Thuleko (Islandia) gizonek atseginez ikasten eta erregistratzen zutela herri guztien historia, eta besteen bikaintasunak beraienak bezainbateko ospez kontsideratzen zituztela, eta ez saxoiak bere hitzak esan zituen egunak, baizik eta etsaiak betikotu zituenak seinalatzen duela data historiko bat. Oraindik etorkizunean dagoen zerbaiten data profetikoa: odol eta nazioen ahaztea, giza generoaren elkartasuna. Halaber, aipatzen nuen Amado Alonso irakasle nafarraren Ensayo sobre la novela histórica, eta azpimarratzen idazleen arrakasta iraunkorraren arrazoia ez datzala egilearen arte arkeologikoan, ez eta ezaguera erudituan, bigarren mailako edo aldez aurretiko baldintza baita hori, bizitza batzuen tentsioa garbi eta argi, edertasunez azaltzeko gaitasunean baizik. Eta beste autore atzerritar eta euskaldunen artean, Marguerite Yourcenar eta haren Mémoires d'Hadrien, Joxe Austin Arrietak euskarara itzulia eta goraipatua ere aipatzen nuen, eta nola Yourcenarrek barrutik, mendeko arkeologoek kanpotik egin zutena berregin nahi duen, eta Jean d’Ornessonek Frantziako Akademian lehen emakumea sartzean erantzun-diskurtsoan esan zituen hitz haiek ere gogora genitzakeen :
Il faut faire ici un aveu que je n’ai fait à personne: je n’ai jamais eu le sentiment d’appartenir complètement à aucun lieu, pas même à mon Athènes bien-aimée, pas à Rome. Étranger partout, je ne me sentais particulièrement isolé nulle part.
Eta eransten nuen: Nork hitz egiten du? Nor da testuaren egilea? Adria-no, Marguerite, Borges ala gutariko edonor... ?
Poesiaren krisia gizarte teknologikoan izan zen hirugarren gaia. Gai horretan Iñigo Aranbarri, Jose Luis Otamendi, Edorta Jimenez eta Jon Kortazarrek hartu zuten parte euskaldunen artean.
Hitzaldiak eta elkarte-afariak bukatutakoan, gauez batzuk ohera joaten ziren edo ligatzen pasatzen zuten beren astia; beste euskaldun talde bat –Iñigo Aranbarri, Xabier Azurmendi, Joxerra Gartzia, ni neu eta beste batzuk– zerbezak, kubalibreak eta gin-tonicak edaten eta literaturaz eztabaidatzen geratzen ginen berandu arte, batzuek bertsotan egiteko ahalmena, gogoa eta artea ere bazutelarik. Animatuta geunden euskal talde kantaria ginen, tradizioari jarraikiz. Kolore politiko ezberdinetakoak baginen tartean, baina bazen lotura sakonago bat gure artean...
Oso gustura itzuli ginen etxera, eta Donostian azaroaren 12tik 16rako XX. mendeko euskal literatura jardunaldiak prestatzen hasi ginen elkarteko lankide ziren Maite Gonzalez eta Begoña Andonegirekin. Aste osoa hartu genuen euskal literaturaren mendeko zutabe nagusiak aztertzeko; EUTGn eman nituen klaseen egiturari erantzuten zioten. Planteamendu irekia zuen, bost epe nagusitan banatua, bertan irakasle, poeta, saiogile eta nobelista garrantzitsuenak bilduta; sail bakoitzaren bukaeran mahai inguru bat antolatzen zen. Hauek izan ziren sailak eta partaideak:
- Mende hasiera (Jean Haritschelhar, Ana Toledo eta Piarres Xarriton).
- Errepublika garaia (Juan Kruz Igarabide, Paulo Iztueta, Jon Kortazar eta Patri Urkizu).
- Erbestea (Joan Mari Torrealdai, Martin Ugalde, Josemari Velez de Mendizabal, Eduardo Gil Bera).
- Bide berriak (Aurelia Arkotxa, Elixabete Perez Gaztelu, Santi Onaindia, Joxe Azurmendi).
- Gaurko Literatura (Bitoriano Gandiaga, Bernardo Atxaga, Itxaro Borda, Joan Mari Irigoien, zeinari Babilonia eleberria zela-eta, Euskadi saria eman berri genion epaimahaikoek). Mahai ingurua.
Literaturzale ororentzat, bai ikasle, bai maisu, bai idazle, bai interesatu, edonorentzat antolatuak ziren, iritzi trukerako leku. Azken sailean, bakoitzak bere obraz hitz egin behar zuen, eta hala egin zuen, Atxagaren kasuan izan ezik. Hark, bere mundu presati eta bidaiez betean, ez baitzuen gaia ongi jaso, antza denez, eta Gogoetak euskal literaturaz bezalako testu bat bidali zuen. Iparraldeak, Bizkaiak eta Gipuzkoak bazituzten ordezkariak, noski. Eta, oro har, esan dezaket pozik geratu ginela orobat entzuleen parte hartze handiagatik. Gogoan dut nola Bernardoren hitzaldian, zeinetara Donostian barrena galduta beranduxeago iritsi baitzen Lisboatik hona gauez egindako bidaiaren ondoren, eserleku guztiak beteta eta jendea lurrean eserita zegoen. Elkarrizketa sutsua izan zen, eta erasoak baretzeko asmoz, galdetu nion ea zein egitasmotan sartuta zebilen, zein izango zen bere hurrengo nobela.
Hitzaldietako eta mahai inguruetako eztabaidek, non besteen artean Juan Mari Lekuona, Mikel Hernandez Abaitua edota Joseba Barriolak parte hartu baitzuten, 266 orrialde mamitsu betetzen zituzten, eta azken hitza apaizek bere ohi dutenez Bitoriano Gandiagari eman zitzaion, zeinak hau esan zuen: Bukatzeko baldin bada, gustora esango dut. Nik neuk ez dut irakurtzen neuk idatzitakorik berriro, nahiago dut denbora besteek idazten dutena irakurtzen pasatu. Amen.1991ko ekainean argitaratu genuen Hegats 4a, ordu arteko lodiena baina baita XX. mendeko euskal literaturaz ikuspegi zabalena eta sakonena ematen zuena ere, eta ausartuko nintzateke esatera oraindik liburu batean bilduta, geroztik sortu obren hutsuneekin, noski, saio antologiarik osatuena dela.
Urtea bukatzeko, eta Manuel Larramendiren Heriotzaren Hirugarren mendeurrena zela-eta (1690-1766), Euskaltzaindiak antolaturik, Andoainen abenduaren 21-22-23an hitzaldi zenbait eman ziren (hogei), Euskal Herriko agintarien eta herri xumearen aurrean, hiru sailetan banaturik: Biografia, Patxi Altunaren eta Ignazio Telletxearen eskutik; Historia, Gregorio Monreal, Antonio Elorza eta beste zenbaiten eskutik; eta sailik oparoena, hizkuntzarena: Joseba Lakarra –hark plazaratu zituen 1992an akten bilduma eta hitzaldietara joandakoen erreportaje grafikoa–, Larramendi aurreko hiztegigintzaz mintzatu zen; ni Hiztegi Hirukoitzak iparraldeko zenbait idazlerengan izan zuen eraginaz; eta Elixabete Perez Gaztelu, Larramendi Mitxelenaren begietan gaiaz. Irakasle argi honekin lan egin nuen bulegoan EUTGn, eta hizkuntzalaritzako gaia –ezezko perpausak euskaraz– buruan aurrera ezin aterata zebilenez, eta bera errenteriarra zenez, Mitxelenaren hiztegiaz egin zezala konbentzitu nuen eta halaxe egin zuen, egin ere, eta Errenteriako Udalak plazaratu zion tesia bi tomo ederretan banatuta 1995ean. Patxi Altunak eta Joseba Lakarrak 1990ean Manuel Larramendi. Euskal testuak, bilduma plazaratu zuten, non besteren artean aurkitzen den Larramendik Andoainen Agustin de Leizaren omenez egindako sermoia, Madrileko Academia de la Historiaren artxiboan aurkitu nuena eta Patxi Altunari pasatu niona.
Nire artikuluan Michel Ange Marin (1697-1767) idazle aszetiko frantsesa eta haren euskal itzultzailea zen Jean Robinen (1738-1821) lana, Birjinia edo Donceil Christaba aipatzen nituen. Honen hitzaurrea ematen nuen aitzin solasaz Marchese-Forradellasek (1986) ziotena, hau da, asturuak alde direnean ez dela brindisaren modu edo azpiera bat, baizik eta kritika saihets-mota. Nire liburutegian dauzkat, hain arrakastatsua izan zen liburuarenak, Virginia ó La doncella Cristiana, Cayetana de Aguirre y Rosalesek frantsesetik gaztelaniara itzulitakoaren bi edizio ezberdin. Eta 2010ean Jose Antonio Mujika idazleak Euskararen Leku-koak 24an lan handi bat eginez artoski plazaratu zuen.