1995EKO urtarrilaren 23an Donostiako Udaletxeko PPko alkateorde eta Eusko Legebiltzarreko parlamentari zen Gregorio Ordoñez hil zuen ETAko komando batek. Geroago jakingo zenez, Balentin Lasartek, Frantzisko Xabier Gartzia Gaztelu “Txapote”k eta Juan Ramon Karazatorre “Zapata”k osatuak, Donostiako Parte Zaharreko La Cepa jatetxean zegoela, beste bazkaltiarren artean María San Gilekin. Ezagutzen nuen gizon hura tabernetan maiz ikusten baitzen, eta udalean adierazten zituen ideietatik oso urrun izan arren, artikulu bat idatzi nuen Egunkarian: Inor ez duzu hilko. Aski eztabaidatua izan zela uste dut, nire sorterrian bederen, batzuentzat ongi baitzegoen eta funtsean bat baitzetozen han nioenarekin, baina beste batzuentzat ez hain ongi, arinegi omen, sakontasun filosofikorik gabe...
Gregorio Monreal irakasleak eta Eusko Ikaskuntzako presidenteak, Jean Haritschelharren aholkuz eskatu zidan ea parte hartu nahi ote nuen erakundean eta Hizkuntza eta Literatura saileko koadernoez arduratu, eta baietz erantzun nion. Miramar jauregian zeukan bulegoan Jose Mari Velez de Mendizabal gerentearekin elkarrizketa bat izan nuen; gerora, eta tratuarekin, konturatu nintzen Napoleon txiki bat zela, alegia, arrunt gustukoa zuela agintzea; elkarrizketa hartan esan zidan ideia berriak behar zituztela, bera arduratuko zela baliabide ekonomikoez. Oso ondo iruditu zitzaidan eta horrela errebista modernizatu asmoz Oihenart birbataiatu genuen, eta XIV Uda Ikastaroak antolatu nituen. Gaia: Gerra irudiak Euskal Herriko idazleengan. Hona idatzi nion sarreratxoa: Hautatu dugun tituluagatik argi eta nabarmen denez, Euskal Herriko idazleen, bai euskaraz bai frantsesez eta bai gaztelaniaz idatzi dutenen obra, eta bereziki, gerraren aurrean daukaten jarrera aztertzea da helburua. Alegia, XX. mendeko gertakizunik odoltsuenez eta guregandik hurbilen direnez pentsatzen zutena ikertzea; honela, izpirituaren zainda-ria oroimena baita, gertakizun horiek gogoratuz, irakaspenak atera ditza-gun, berriro gerta ez daitezen.
Lehen egunean, hots, uztailaren 17an parte hartu zuten: José Luis Abellánek (La primera guerra mundial vista por los escritores vascos del 98), Jean-Claude Larrondek (La prensa de Iparralde y la primera guerra mundial), Xabier Altzibarrek (Lehen gerrate mundiala Kirikiño baitan) eta neuk (Elissalde eta Etchepare. Apaiza eta medikua gerra-kronikagile). Bigarren egunean, uztailaren 18an: José Ángel Ascunce (La guerra civil vista desde el exilio); Jean-Claude Larronde (La prensa de Iparralde y la guerra civil), Xabier Altzibar (Eguna eta gerra zibileko prentsa). Eta hirugarren eta azken egunean: Juan Carlos Jiménez de Aberasturi (La participación vasca en la II Guerra Mundial: de la derrota a la esperanza), Txomin Peillen (Alemanak Parisen), Ana Toledo (Euskal eleberria 1914-1945. Dar-dararen epizentrotik urrun), Bernardo Atxaga (Mikel Salegiren nobelak: Morir en Irún, Operación Carlomagno; eta Gerra eta Literatura). Ondoren mahai-ingurua, zeinetan parte hartu genuen Gregorio Monreal, Bernardo Atxaga, neronek eta ikasleek, oso bizi eta interesgarria gertatu zelarik. Ikastaroan Tolstoiren Guerra y Paz nobela erraldoiaz hitz egin zela ere gogoan dut. Irekia eta arrakastatsua izan zela, oro har, kontsidera dezakegu.
Udazkenean beste jardunaldi batzuk ospatu ziren Baionan, batez ere Iparraldeko historiagile eta idazleekin, eta biltzarron emaitza Oihenart 14 aldizkarian jaso genuen; 1997an argitaratuko zen, txosten batzuk ez baitziren nahi bezain laster iritsi: hamalau egile eta hemezortzi idazlan, orotara. Aski interesgarriak eta osagarriak ia denak.
Abuztuaren 27an, igandez geldituak ginen Marta Cárdenasekin eta Luis de Pablorekin Bidegoianen uda oro alokatzen zuten etxebizitzan. Nik Martarekin banuen harremanik PNN garaietatik eta Euskal Etxeak Madrilen antolatzen zituen euskarazko klaseetara joaten zenez, haiek bukatutakoan nirekin egiten zuen mintzapraktika. Ahalegintzen zen, bederen. Eta Magdalena kaleko arte-estudioan maiz izaten nintzen haren obrak eta koadernoak miresten. Hala bada, Marga eta biok Bidegoianera joan ginen eta hango giro lanbrotsuan pintaturiko maindireen seriea erakutsi zigun. Luisekin afaria beti bezain atsegina gertatu zitzaigun, hamaika pasadizo interesgarri kontatu baitzizkigun.
Wilhem von Humboldt hizkuntzalariaren, edo espainolek modu arinean Don Guillermito deitzen zutenaren omenez, Joseba Agirreazkuenagak jardunaldi batzuk antolatu zituen Oñatiko Unibertsitatean, irailaren bostean eta seian, eta hark gonbidaturik, haraxe ere agertu nintzen nire txostentxoarekin. Gai orokorra: W. von Humboldt: zubi bat bi herrialderen artean. Bertan agertu ziren herriko alkatea, Gipuzkoako Diputazioko Kultura arduraduna, Eusko Jaurlaritzakoa eta beste zenbait kultura-arduradun. Irakasleen artean Joxe Azurmendi, Joseba Agirreazkuenaga, Gregorio Monreal, Jon Bagües –honek Humboldten paperen artean aurkitu euskal musikaz hitz egin zuen–, Jon Juaristik –zeinak harri eta zur utzi ninduen hainbeste alkohol edan eta hala ere hitzaldia zuzen nola eman zezakeen ikusita– “W. von Humboldt e “ideo-logías”. “Lingüista y político” izendatu zuen bere gaia, eta neuk nirea: “W. von Humboldt eta garaiko Euskal Literaturaz”. Hitzaldiak bukatutakoan, gogoan dut, Gregoriorekin herritik ibilalditxo bat ematen ari ginela, nola goraipatu zuen hark Oñati, Oxford txiki bat bezala kontsideratuz. Baita ere nola afalondoan Joseba, Goio eta neroni kantatzen aritu ginen errepertorioko kanta zahar, berriak eta nafar jotaren bat edo beste.
1995eko urriaren 27an eta 28an Cuencako UNEDeko Ikastetxe Elkartuko zuzendari zen Manuel Gutiérrez Tuñónek gonbidaturik, La Situación Lingüística en España gaiaren inguruan mintzatzera bildu ginen irakasle batzuk eta bertan ezagutu nituen Emilio Alarcos Llorach, Salamancan hainbeste aipatzen zigutena eta Koldo Mitxelenaren lagun ona, eta Xavier Vila, katalan soziolinguista gaztea. Bertan egon ziren orobat Vidal Lamiquiz, bizkaitar etorkiko lankide ona, Francisco Ayala, ia ehun urte zituena eta ordurako nahiko lelotua, eta Josefina Martinez Alvarez, Alarcosen emaztea, ez zitzaidana oso atsegina egin, hizkuntza minorizatuez zeukan mespretxuzko ikuspegiagatik. Nik Humboldt eta Mitxelena aipatu nituen eta azken urteetako bilakaera kontuan harturik, aski baikor agertu nintzen euskararen etorkizunaz, baina Vila katalanaren geroaz oso baikorra ez baitzen, asko pentsarazi zidaten gureaz hizkuntzen heriotzez esan zituenek, eta Studia Academica 2 liburuan (Cuenca, 1996) irakur daitezkeenek.
Aspalditxo ohartu nintzen zenbait poeta eta poemaren giltza, izateko arrazoia autoreen gutunetan aurki zitekeela, eta horrela hasi nintzen biltzen Jon Miranderen gutundegia. Banituen batzuk jada argitaratuak zirenak, eta Jon Etxaide, Jose Mari Satrustegi, Luis Villasante eta Bittor Mujikarengana jo nuen, zeintzuek eskuzabalki erantzun zidaten [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 11-14)].
Oso poztu ninduten, esan bezala, Etxaideren erantzunak eta eskuzabaltasunak, eta liburua argitaratu zenean bisita bat egitera ere joan nintzaion Gros auzoan zuen etxebizitzara. Antzera gertatu zitzaidan Jose Maria Satrustegiren ihardespenarekin. Urte dexente geroago Urdiaingo etxe ederrera bisita egin niolarik, bere liburutegia erakutsi zidan eta benetan gauza interesgarri, bitxi eta argitaratzeko asko zituen. Oraingoan Koldo Mitxelena eta Txillardegiren arteko gutunez mintzatu zitzaidan, bat bereziki ez omen zen komeni argitaratzea oso konprometitua baitzen.
Villasanteren erantzun amultsuak benetan poztu ninduen, berarekin izan nuen harremana beti izan baitzen ona. Hark kontatu zidan Julio de Urquijo Mintegira etortzen zenean, zenbat lagundu zion Koldok karguan, hemezortzi urtez izan baitzen euskaltzainburu, eta hala, Euskaltzaindiak omenaldia antolatu zuenean (Iker 6, 1992), berak Sara-Donibane Lohizuneko eskolaz idatzia gogoratuz idatzi nuen Bar-koxeko koblakari-eskola XVIII-XIX. mendeetan, eta Eusko Ikaskuntzak Euskadiko Kutxaren Giza eta Gizarte Zientzien Saria 1997an eman zionean, pozik idatzi nuen haren Laudatioa, hots, laudoriozko solasa. Beste fraide batekin ere izan nuen harremana, Estibalizko monasterioan izan bainintzen Mirande eta Ibiñagabeitiaren harremanen urratsak bilatzen eta Bittor Mujikak asko lagundu zidan.
Horrela bada, Susa argitaletxeak 1995eko abenduan argitaratu zuen prestatu nuen edizioa: Jon Miranderen Gutunak (1948-1972). Gizalegezkoa iruditu zitzaidan Txomin Peilleni hitzaurretxo bat eskatzea eta hala egin zuen Eskutitz aurrea izendatuz. Gorka Arrese, Txomin eta hirurok izan ginen Susaren mahaian Durangoko ferian, eta hantxe Gorkak halako irri eta keinu adierazkorra bota zidan, zeren eta paristar idazlea, berriki hila, protagonismoa batere gustatzen ez zaiona, hantxe zegoen saltzen ziren aleak dedikatzen eta sinatzen, gutun guztiak bereak bailiran... Kontrazalean honako laburtzea eman nuen: Nireganatu ahal izan ditudan hirurehun eta berrogeita hamar eskutitzetatik, Mirandek askoz ere gehiago idatzi zituen arren, 275 hautatu ditut entresaka egin ondoren. Politika, Filosofia, Erlijioa, Euskal Kultura, Euskal Literatura eta Euskara ditu eskutitzgai, beste zenbait gairekin batera (bidaiak, lan-arazoak, fami-lia-gorabeherak, sexu-harremanak... ), eta ohartu gaitezke benetan gutun hunkigarri hauen bitartez zenbaitek eman diguten irudia ez zela hain zuzena, eta ez daitekeela inolaz ere idazle handi honen sakona eta aberatsa klitxe hertsi eta errazegietara muga: faszista, paganoa, igarle desterratua, kristautasunaren lehenengo kritikoa euskaraz, indargintza predikatu duen lehena... Adibide gisa hona berrogeita hamarreko hamarkadako gutun bat garaiko kezken eta bere barne-taupaden adierazgarri:
Ibiñagabeitia’tar Andima’ri
1952-XII-12
Adiskide!
Zure gutuna goizean artu dut eta, zuk nai bezela, Krutwig-i idazten diot biar etor dakigun, «Pen»-i buruz mintzatzera, Penik izan bear ba da... Zeure aitzineko eskutitzak naigabeturik utzi ninduen; ez nion erantzun, uste bai-nuen, biok soilki elkar ikusi bear genuela biar, eta zure problemetaz mintzatu âl izateko gisan.
Nik ere zuk dituzun beltzaldiok ezagutzen ditut. Orain duela denbora zenbait euskal-ekintza utzi nai nuela gogoratzen zera, neu ere euskaldunetaz nardaturik bainengoen (eta nago). Zure kausaz, ez nuen utzi... eta orain zuk duzu utzi nai. Mingarska edireiten dut ori!Euskaldun adiskide guti ditut, beintzat asmokide guti. Peillen anaiak, Krutwig, eta zu batez ere, naiz izkuntzari buruz ez ditugun beti asmo berak. Lauzpabost lankide ukanki, zerbait lan egin dezaket, bainan guztiek bata bestearen ondotik arloa uzten badute, ez du balio jarrai nakien... Nire famili eta ezagunen aldetik izan ditudan isekek, Euskara eta Euskadiren gatik, asetzen naute neu ere eta Euskalerri maitea bere kakan uztea gogoan derabilat gero-ta usuago. Denbora-galtze bat dut, eta gainera, eragozgarri bat nire bizipiderako.
Orra zure erabakiaren eraginak nire baitan... Alaz ere, zuk nai ukanki zerbait egin genezakela ziur nago. Txaloka ibilteaz aserik zaudela zure kritika-lanetan? Zergatik txaloka zabiltza Ars Amato-ria-ren antzeko bertze lanik egiteko ordez; euskaldun hypokritei gaitziturik ere! Euskal idazkuntza uzten ba duzu, zedukan alde erotiko bakarra galduko du, eta bertutearen nirvânan ondatuko da osoki. T'is better to have fought and lost than never to have fought at all. Hau da, irlandez sinnfeiner-en parolak. Obe da borrokatu-eta galtzea, ezen-ez batere borrokatu ez izaitea. Ola uste dut nik ere.
Biar arte, nire agurrik laztanenak.
Jon. P.S. Borrokatu bear dela-ta, Abandotarrari erantzun gogor bat egin diot eta Eusko deyan argitaraz dezazun nai nuke, ene lenengoarenaren partea. Or doakizu, denbora dukezunean, idazkinez jo zaidazun, eta aldaki bat eni eman, otoi.
Esker onezko hainbat gutun jaso nituen eta ez nintzen batere haserre Susari esker lortu edizioarekin. Prentsan ere ez zen erreseina eta komentariorik faltatu; Josean Agirre nobelagileak Eginen (1996-III-31) idatzitakotik zatitxo hau ematen dut: Orain argitara eman diren gutuno-tan, aldiz, erabat biluzten da eta bere sekretuak eta zauriak erakusten ditu, bereziki Ibiñagabeitia-tar Andimari idazten dizkionetan. Bere kuriositate intelektuala, bere gordinkeriak, bere umore alditan fina eta alditan zaka-rra, bere juduen kontrako fobiak, eta depresioak, politikari buruzko ida-tziak, etsipen aldiak eta beste mila zertzelada agertzen dira gutunotan, irakurlea lotsarazteraino batzuetan. Eta nik, inoiz famatu izango naizen motiborik ikusten ez dudan arren, gehiago karta bakar bat ere ez idaztea erabaki dut, bada-ezpada. Beraz, batzuek, gazteek batik bat, gustura irakurri baldin bazuten, beste batzuk nahiko eskandalizatu zirela aitortu beharko nuke XX. mende bukaeran ia izanik ere.
Irun Hiria sarietan, esan bezala, garaile izan bainintzen poesian (1984) eta saioan (1988), ea poesia epaimahaian parte hartu nahi nuen galdetu zidaten eta, baiezkoa emanik, hantxe izan naiz urtetan, poemak irakurtzen eta epaitzen. Gogoan dut 1995eko udazkenean Jose Austin Arrietaren Graffitien Ganbara kontsideratu genuela poema bildumarik hoberena Xabier Lete, Santiago Aizarna, Lourdes Otaegi, Henrike Knörr eta neronek. Kontrazalerako zerbait idazteko eta ondoko lerrook bururatu zitzaizkidan:
“XX. mende bukaera honetako euskal literatura aberatsaren ekipoa osatzen dutenen arteko fotografian badu, bere jokoagatik, leku berezia Joxeagus Arrietak. Hogei urte pasatxo prosa malgu, trinko eta iradokitsuz bere irudimenaren oparoa plazaratzen hasi zitzaigula. Bidaia-Termitosti (1978) Ustela Sailean bide-aitzindari izan zen, Koldo Izagirre eta Ibon Sarasolarekin batera. Ondoren, Abuz-tuaren 15eko bazkalondoa (1979), eta Manu Militari (1987) eleberri mardulak aurkeztu zizkigun, bizi latz, garratz, eta tragikoaren adierazgarri suertatu zaigun. Hor dugu, Marguerite Yourcenarren Hadrianoren Oroitzapenak ere, hain zaila den itzulpena laudorio gorenez burutzea lortu duelarik euskal irakurleon gozamenerako.
Zure irrian dut, maitea / neure tristuren galbaea, Arrotzarena Neurtitz neurgabeak (1983) poema liburuan zioskunetik, zalantzez eta gogoeta sakonez beterik, hor ditugu, besteak beste, lekuko Bertso paper printzatuak (1986) eta Mintzoen Mintzak (1989). Eta bide luzea burutu du Arrietak hemen maisuki ematen dizkigun «Peru Abarkaren Apokrifo markinarraz» ondu elkarrizketetaraino. Poetika propioaz egiten duen hausnarketa berezi, zehatz eta zorrotzeraino. Estetika lightetarik urrun, ur gaineko bitsetan galdu barik, sakon-sakoneraino pulunpaturik, beste idazleek diotena eta haiei dien zorra ezkutatu gabe, bere eta geure eginez baizik hizkera ederrean, barne ahots eta deiei tinko eutsiz, oreka, edertasuna bilatzen saiatu zaigu honakoan eta lortu ere egin du egungo poesiaren ostertza islatzen saiatuz Graffitien Ganbaran».