1994

OTSAILEAN Ginebrara azterketak behatzera joatea suertatu zitzaidan, eta hantxe egin genuen aste bat etsaminak ematen eta jasotzen bai emigrante gisa zeuden ikasleei bai diplomatikoen seme-alaba unibertsitarioei. Margarekin izan nintzela oroitzen naiz, eta garai batean errepublika teokratikoa izandako Calvinoren hirian goiti eta beheiti ibili ginela. Laku ondoan ere bai, eta egun batez Ermenonvillera ere joan ginela Azkoitiko zalduntxoa zen Altuna bertutetsuaren lagun izandako Jean Jacques Rousseauren gaztelua bisitatzera.

Apirilaren 16an, Aitxus Iñarrak Hilketa Azkue eta Barandiaranen ahozko ipuin eta ele zaharretan tesina aurkeztu zuen UNEDen, epaimahaikide Jose Caparrós, Maria Victoria Fernández Savater eta neroni izan ginelarik. Bikain ezarri genion, lan ederra eta desmitifikatzailea baitzen, eta Jose Luis Alvarez Enparanza “Txillardegi”k egin sarrera batekin Editorial Iralkak plazaratu zuen haren moldaketa.

Urtero ohi bezala, El Padre Víctor irakasleak –halaxe deitzen baikenion Víctor García de la Conchari– berriro bildu gintuen Verinesen 1994ko irailaren 14 eta 15ean; Kulturako Ministro zen Carmen Alborchek aurkeztu zituen. Gaia Literatura en el Laberinto zen, eta hantxe ikusi nituen berriro lehendik ezagunak eta lagunak nituen hainbat idazle, hala nola, Xavier Seoane, Carlos Casares, Antonio Martínez Sarrión, Bernardo Atxaga, Jon Kortazar... Nire saiotxoak, Reflexiones sobre el Minotauro Vasco zuen titulua; hasieran labirintoaren zentzuez bi hitz idatzi ondoren (Mircea Eliade, George Neveux... ), euskal mundura iraganik, Jon Miranderen poetikaz mintzatu nintzen, bukatzeko esanez Minotauroaren kontrako borrokan ez direla zilegi ez bide guztiak, ez bitartekoak oro, zeren eta Ernesto Sábatok zuzen azpimarratzen zuen bezala, Ya no se puede dudar, después de terribles experiencias: el fin no justifica los medios, y es trágicamente ilusorio perseguir fines nobilísimos con medios innobles. Jardunaldien bukaerako txostenean, geroago RAEko presidentea izanen zen García de la Conchak, jasotzen zuen laburzki hizlari bakoitzaren txostena, grazia eta umore handiz eta, nirea aipatzerakoan zerion etikotasuna azpimarratu zuen. El Paísek jasotzen zuen bezala, lau hizkuntza espainolen ispilu zehatza ematen zuten hitzaldiek, bertan inolako apriorismorik ez aurreiritzirik gabe mintzo zitekeelarik.

Baionan, irailaren 27-28an, Jean-Baptiste Orpustanek zuzendurik, Nazioarteko beste Biltzar bat antolatu zen, ez guti batzuk geundelako interes apalagokoa. Gaia: La langue basque parmi les autres: influences, comparaisons. Alegia, euskara eta beste hizkuntzak, konparaketak eta eraginak. Bertan parte hartu zuen Jacques Allières Okzitaniako Tolosako Unibertsitate irakasle zenak. Ospetsua zen bere liburuttoa, Les Basques izenekoa, Presse Universitaires de France-k Que sais-je? bilduman argitaratua (nº 1.668), bere xumetasunean ematen zituen argitasunengatik, eta oraingoan De L'aquitain au basque, deitu artikuluan. Hartan protoeuskarak, alegia, akitanoak gaskoian, hau da, mendebaldeko lurralde hauetan mintzatu latinean utzi zituen arrastoak aztertzen zituen. Nire partetik Jundane Jakobe pastoralean aurkitu maileguak aurkeztu nituen, tragediaren egileak latinetik, frantsesetik, bearnesetik eta gaztelaniatik moldatu hitzak, hala nola: arima, azote, bonerra, bugre, gandola, kozina, moro, prebosta, xefaut ... Deustuko Unibertsitatean Juan Otaegik Adjetiboa Euskal Literatu-ran tesia aurkeztu zuen, epaimahaikoak izan ginelarik: buru, Jean Haritschelhar; idazkari, Juan Mari Lekuona; eta batzordekide: Patxi Altuna, Jon Kortazar eta neroni. Lan zehatza zen eta bertan Bernat Etxepare, Jean Etxeberri Ziburukoa, Piarres Topet Etchahun, Indalezio Bizkarrondo «Bilintx» eta Bitoriano Gandiaga idazleen obretan batik bat ezartzen zuen begia, eta ondorio bitxietara, hobeto esatearren arruntetara iristen zen: alegia, handi, on eta saindu zirela XVI. eta XVII. mendeetan gehien erabiltzen ziren hiru adjektiboak, eta Etxahunek 71 adjektibo bazerabiltzan –tartean gaiso eta triste–, Bilintxek 62 eta Gandiagak 285 zerabiltzala, beraz, azken hau agertzen dela aberatsen eta oparoena, eta honek gehien erabiltzen dituenak, hautatuenak, zahar, zuri, berri, argi eta eder direla.

1994an Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak eginiko dei irekiaren ondorioz, Charles-Louis de Secondat, De la Brède eta Montesquieuko jaun baruaren (1689-1775) Lettres persanes-Per-siar Gutunak delako liburua, Entziklopediaren izpiritua modu benetan atseginean jasotzen zuena, itzultzea egokitu zitzaidan. Lan honetan nire emazte Margarita Rica, Donostiako Hizkuntza Eskolan frantseseko katedraduna izan zenak lagundu zidan, eta ohartu nintzen itzultzailearen lana zein den zaila. Ibaizabal argitaletxeak plazaratu zuen eta Literatura Unibertsaleko 38. alea osatzen zuen. Roger Cailloisek obra hau iraultza soziologikotzat jo zuen, zeren eta bertan nor bere gizartean arrotz bilakatzen baita, gizarte hori kanpotik eta lehen aldiz balitz bezala ikusten saiatzen denez, eta gogo-ibilbide zail baina emankor eta iraultzailea gertatzen baita. Haren honako hitzokin irekitzen nuen liburua: Une injus-tice faite à un seul est une menace faite à tous, hau da, gizaki bati egiten zaion bidegabekeria gizarte osoari egiten zaion mehatxua dela, bizi ginen une tragikoetan gogoetagarria zitekeelakoan.

Halaber, lantxo bat aurkeztu nuen Arabako Foru Diputazioak antolatzen zuen Becerro de Bengoa entsegu sarira; Enrike Knörr eta Jon Kortazar epaileen oniritzia jaso zuen 1994ko azaroaren 16an, eta, hala, Ramón Jiménezek bere Stanley, corresponsal en España del New York He-rald gaztelaniazko lanarekin irabazi bazuen, nik Exiliatuok ez gara inon-goak titulua zuenarekin dirutxo bat eta edizioa irabazi nuen. Ikerketa honek bazituen aitzinsolas eta azkensolas bat eta tartean, honako hiru kapitulu nagusiok:

  1. Atzerrian lurra garratz, oina ibini egik baratz. (XIX. mendera arteko euskaldunen ibilerak munduan zehar).
  2. Ameriketara joan nintzen xentimorik gabe. (Emigrazioaren zergatikako ezberdinak, eta Ameriketako irudiak nobelagintzan) eta
  3. Euskal Idazleak gerra zibilean eta erbestean. (Egunkari eta errebistak, bertsolari eta olerkariak, eleberrigileak eta antzerkigileak).

Titulua Polixene Trabudua de Mandalunizi mailegatua nion, haren bilobak honela jasotzen baitzituen gerraurrean mitinlari nazionalista ospetsua izan zenak erbesteratzeaz esandako hitzak: Exilioak inongoa ez zarela uzten zaitu. Maracaibon nagoenean Euskal Herrira etorri nahian, eta hemen nagoela haruntza joan nahian, beti nostaljiaren menpe. Pape-retan agertzen da gure nazionalidadea zein den, baina ez dute ezertarako balio, zure bihotzak bakarrik esan dezake nongoa zaren, eta gu, exilia-tuok, ez gara inongoak. Eta galdera batzuk egiten nituen aitzinsolasean. Zer-nolakoa da benetan erbestea? Zer da exilioa? Leku bat? Garai bat? Pena-sentimendu bat? Malenkonia mota bat?Eta nire Bordeleko eta Madrileko joan-etorriak zer ziren? Zer exilio mota? Emigrazioko bidea hartu zutenen artean baziren pobreak, errogabeak, desertoreak, abenturazaleak eta baita engainatuak ere, baina exilioak arrazoi politikoak zituen, hala ere; zein zen nire egoera? Gogoan dut exilioari buruzko jardunaldietan hitzalditxo bat eman genuelarik, El Hombre de ninguna parte, Bingen Amezagak idatzitako ipuina irakurri nuela, eta bukatutakoan bi gazte irakiar etorri zitzaizkidala esanez benetan identifikatuak sentitu zirela Amezagak idatzitakoarekin. Mikel Aldalurrek Euskaldunon Egunkarian eginiko erreseinarekin pozik geratu nintzen, honelaxe baitzioen: Ez naiz haatik batere damutu lagunaren aholkua jarraitu izanaz. Lehen ere nolabaiteko interesik banuen exilioan idatzi zen gure literaturaz, baina lan hau irakurtzeak eremu horretan sa-kontzeko irrika zabaldu didala esan behar dut. Horrek harritu egin nau. Ez baitira asko, irakurri ondoren, lehenik zirrara gehiegirik sortzen ez zuen gaia ezagutzeko gogoa sortzen duten saioak, azken batez hori baldin bada ere saiakeraren asmoa gehienetan. Bidenabar poztu izan naiz saiotxo honi esker zenbait historiagile ohartu direnean beren ikerketako iturri bat izan daitezkeela euskaraz idatzi eta bestelako ikuspuntuz mintzo diren eta ordu arte erreparatu gabe zeuzkaten hainbat bertso eta poema.

Exilioaren gaiarekin jarraituz, gogoan dut Susa ekipoko Gorka Arreserekin zenbait solas egin ondoren, lehen pertsonan nola kontatu nuen nire aitaren erbestea, 36ko gerrak eragina, eta berak nola titulatu zuen Zoazte hemendik, nik hasieran 1936ko Santakrutzak izendatu nuena. Eta Lezon iraileko Santakrutz festetan Koldo Izagirreren eskutik egin zen liburuaren presentazioa arrakastatsua gertatu zen, entzuleak, batzar-aretoa betetzeaz aparte, eskaileretan egon baitziren adi-adi. Ondoren, Ixkulin elkartean egindako afarian, gogoan dut elkarrizketa interesgarria izan zutela poesiaz Koldok eta Mikel Arregi adiskideak. Mikel Elorza kritikariak honako hau zioen, besteak beste, obrari buruz eginiko komentario batean:

Aitaren gerra garaiko pasadizoen kontaketa oroimenari, Patri be-rarenari, eta hein berean herri batenari, hautsa kentzeko ariketa da. Historia handia osatzen duten milaka istorio txiki horietako batzuen kronika. Kronika, beraz, eleberria baino areago; gerra eta ihesaren pasadizoen gainetik giro bat islatu eta irudikatzen egin du Urkizuk asmaketarik handiena. Giroa, gainera, barnekoa bezainbeste kan-pokoa. Ipar Euskal Herrira erbesteratutakoen lehenengo bizipenek, liburuan toki handixea hartzen dutenek, gordin eta gogor erakusten dute orduko –eta ziurrenik oraingo– deserriratuen bizimodua. (Ar-gia, 1995-XI-12).

Zoazte hemendik.

 

Pozgarria izan zen niretzat entzutea bazela herrian baten bat euskaraz lehenbiziko aldiz irakurtzen zuena eta ez zuena inolako arazorik izan hasi eta bukatzeraino irakurtzeko. Eta baita herritarrek zertxobait gehiago jakitea ere gerra zibilean, bai Lezon, bai aldameneko herrietan, bai eta Euskal Herri osoan gertatu ziren injustiziez.

Behin edizio-kontuetarako oso begi zorrotza eta fina duen nire adiskide Mikel Arregik esan zidan, “atera duzun obrarik txukunena, Jean Elissalderen LVII.a gerlan”. Alberdania argitaletxeak plazaratua da. Eta noski, Inazio Mujika Iraolaren eskua nabarmena da, agian gehiegixko 1914ko gudarosteen zenbakiak, nik eman bezala, ez baitziren zifra erromatarrez ematen arabiarrez baizik. Ezagutzen dut idazle bat baino gehiago azkaindarraren kronika zehatz eta krudelekin txunditurik gelditu zena, eta orobat bere idazkera arin, erraz, garbi eta dotorearekin ere.

Eva Forest, Alfonso Sastreren emaztea, Sitgesen 1983ko Teatro Biltzarrean ezagutu nuen eta harreman ona izan genuen. Hondarribian bizi ziren eta nire anaia ere ezagutzen zuten. Emakume nekaezina zenez, bazuen etxean antolatua editorial bat, non bere senarraren lan guztiak argitaratzen saiatzen zen, eta 1989an euskal liburuen itzulpenak plazaratzen ere hasi zen, Hiru deitu bilduman. Horietako bat Joseba Sarrionandiaren Ni ez naiz hemengoa, Bego Montoriok itzulia, eskatu zidan hitzaurre batekin. Irakurketa sakon baten ondoren, Sarriren obra osoaren azterketa egin nuen eta Evari bidali nion. Hark, ordea, 1994ko abenduaren bateko gutunean bidali zidan erantzuna; beste zenbait gauzaren artean, jasotako sariaz zoriondu eta hauxe esaten zidan: Tú prólogo es muy bueno, muy documentado, un trabajo notorio, que no iba a pasar inadvertido. De conservarlo, nos exigía pedir sendos prólogos para los otros dos –cosa que hubiera sido la mejor solución– pero para ello era ya muy tarde. Decidimos no incluir tu trabajo... Beraz, zentsura nabarmena zen, eta Edorta Jiménezen hitzaurre labur batekin argitaratu zen itzulpena. Dena den, nire lana gaztelaniaz Epos aldizkarian 1996an eta euskarazko moldaketa RIEV 1997an argitaratu nuen.

Oiartzunen, 1994ko abenduaren 29 eta 30ean, beraz, urtea bukatzear zelarik, On Manuel Lekuonaren omenez III. Herri Literatura Jar-dunaldiak ospatu ziren, eta bertan hitz egin zuten, besteak beste, Jon Iñarra, Yves Beaupérin aditu frantsesak Marcel Jousseren obraz eta Les Traditions de style oral delakoaz, alegia, ahozkotasun-estiloko tradizioez, Juan Marik bere osaba Manuelen idatziez, Antonio Zavala jesuitak Rafael Andolfiri buruz, eta honek Literatura oral en Aragón hartu zuen mintzagaitzat, grazia handiz. Eta nik Artazuriketak eta Kontagintzaz hitz egin nuen: Zerbitzari eta Orixez, eta hauek aipatzen zituzten artazuriketa eta errandoez, Larraungo eta Uitziko lectio epistolae famatuez, Ataungo Zelemin eta Zelemon jokoez, eta noski, neguko saraoetan narrazioak, kontaketak zuen garrantziaz. Nola bestela, nola igaro, hain zuzen, hainbeste ordu kontu-kontari ez bazen. Gogoan dut Joseba Lakarra ere bertan zegoela eta une batean nire Lezoko etxera etorri zela eta nire liburutegiko altxorrak erakutsi nizkiola.