2014

Urtarrilak 4.

Aldaketa handirik gabe hasi dugu urtea. Banoa teniseko gimnasiora goizetik itsasoa begi-bistan dudala bizikletan eta arraunean aritzera, eta eguerdi aldean Mikelekin basoerdi bat hartzera. Gaur Ramonek idatzi dit, eta dioenez, Lagun liburu-dendara joango da Chirbesen azken nobela erostera. KMren aurrean topo egiten dugu elkarrekin eta nik ere En la orilla erosten dut, eta gogo biziz hasten naiz irakurtzen.

Urtarrilak 10.

Patxi Zubizarretak idatzi dit. Oso gutxitan hitz egin dut berarekin baina mutiko zintzoa eta saiatua iruditzen zait. Hona bere eskaera, zeini berehala eman diodan baiezkoa, zeren eta zalantzarik gabe ez baitira oso ugariak euskaratik gaztelaniara itzulitako antzerkiak. Egia ote ontzi komunikatzaileen teoria funtzionatzen hasi dela? 

Agur Patri, zer moduz?

Ikusten duzun bezala, Patxi naiz eta mesede eske natorkizu: oso oker ez banago, ezagutzen duzu Atenea argitaletxea eta Matilde, bertako burua. Kontua da Ohe deseginak antzerki-lana edizio elebidunean argitaratzekoak direla, eta, hitzaurre faltan, zure hitzak iruditu zaizkigula egokienak; niretzat proiektua behar bezala agertzea izango litzateke eta horretarako baimena eskatu nahi nizuke.

1001 esker –berriro ere– eta nahi duzun arte

Urtarrilak 11.

Ramonek esaten dit kezkatuta dagoela, ni batere arduratuko ez nintzatekeen arren, Chirbesen nobelaren irakurketa kostatzen ari zaiolako, eta utzi egin duelako. Nik, une zailak gaindituz bukatu dut, eta egia da lehen partea gehiago gustatu zaidala bigarrena baino. Gauza interesgarriak ditu, baina ez dit asebete, gehiegixko errepikatzen baita, ene uste apalez.

Urtarrilak 25.

Abbadia jauregian –batzuek Abadia gaztelua idazten dute, baina egileari fideltasuna zor zaionez, berak izena idazten zuen eran jarraituko dugu–, izan dugu bertako kaperan ekitaldi poetikoa, performance horietakoa, bi gazte eta bi zaharrek, Ekhiñe Egiguren, Fernando Morillo, Natxo de Felipe eta neronek, eta Mikel Asurmendik bere blogean ekitaldiaren berri ematen duenez, hona ekarri dut, oroigarri gisara, (a, historialaria naizela dioenean, erabat harriturik utzi nau tituluarekin):

Patri Urkizu historialariak, Fernando Morillo zientzialariak eta Ekhiñe Egiguren poetak Abadia zenaren historiaren eta istorioen abarora arrimatu gintuzten tokiko kaperan. Guk liburutegian nahi genuen zertu ekitaldia, toki epel goxo-agoan, literatur menturazaleoi dagokigun menturan. Alabaina, antza, bertako “mamuek” ez zuten elkar aditu eta kapera hotzera bideratu gintuzten. Mamuek ez zuten ongi hartu elkar, edo ontsa baino hobeto zuten konfabulatu gure kontra. Hots eta hotz!Edonola ere, Patri, Fernando eta Ekhiñe-ren istorioen bidez, izarigabea den Abadiaren historian beste urrasño bat eman genuen. Adibidez, Antonen anaia Arnauden jite borrokalaria ezagutu genuen. Anton baino gerlari-agoa izaki, nonbait. Ehiztaria. Harrapakin-agoa. Hots, Anton liburuen artean geratzen zeino, Arnaud Virginie (Vincent de Saint Bonnet) emaztearekin ihalozka ibilki zebilela laxo. Barkatu, alde freudiarra jalgi zait.

Abadiaren obraz amiñi bat gehi-ago jabetu ondoren, hotzak eta hotsak tarteko, tokiko barrunbeetara jaitsi ginen. Iraganeko eta gaurko supazter ondora, mamuen txokora. Hitz eta pitz, eta zizka-mizka jardun genuen giro epelean. Liburuak maitatzeaz beste –mamu ez bihurtzeko– sabela ere behar baita bete.

Abadiak “ez ikusi, ez ikasi!” leloa utzi zuen idatzia gazteluan. Guk gazteluko “mamuak” ikusi ez, baina sumatu bai, baita nork bere izenari bere izana gehitu behar diola ikasi ere.

Post-scriptum: Abadia Gazteluan bildu zen publikoaren artean Oskorriko Natxo de Felipe kantaria zegoen. Patri Urkizuk gonbidatu zuen ekitaldiaren amaieran kantatzera, baita kanta zoragarria eskaini ere. A capella, aipatu kapelaren aldarean.

Otsailak 2.

Une honetako koadernotxoa galdu dut baina saiatuko naiz egun otsaileko egunetako gorabeherak oroitzen. Larunbatetik iganderako itsaso zakar gaiztoak gure txalupatxoa, Bateliko (7ª-SS-1-51-05) popaldean kanpoko motorra eta arraun batzuk zituena desagertarazi egin du. Portura nindoalarik Kontxaren parean Mikelek deitu dit esanez gure ontzia ez dela ageri. Badira batzuk denboralak hondartzara eraman dituenak. Gurea non ote? Harri eta zur gelditu naiz kaira pasatzea debekatzen duen zinta igaro eta Deba pantalanera inguratu naizenean, zeren han beharko zukeen gureak. Baina itsaso zakarraren bortitzak eta indarrak moilako harlauza handiak askatu ditu eta pantalanen gainera bota, eta ondorioz ezker aldeko lehenbiziko hiru ilarak eta beraiekin ontziak hondora joan dira, edota auskalo nora eraman dituen.

Otsailak 8.

Aste osoan joan izan naiz goiz eta arratsaldez ea Batelikoaren aztarrenik aurkitzen nuen. Eresiren bat ere dedikatu diot ontzi galduari. Hitz egin dut hemengo Euskal Kirol Portuko buru egiten duen Luis Forkada errespontsablearekin eta erabiltzaile guztiei behar bezalako abisua eman ez dienarekin. Batzuei bai, ordea, erretira zezaten eta babesean ezarri, eta une batean esan dit ikusi zuela bokatik aurrera ontzi bat itsasoratzen, eta gurea ote zen. Bekatua du, baina hain da harro non dirudienez ttikien kontuak ez zaizkion axola batere. Erabat haserre utzi nau. Tartean buzo batzuek ondotik urazaleratu dituzte ontzi zenbait. Gaur iritsi zaigu jubilatu frantses batek bidalitako fotografia, Biscarrosseko hondartzetan aterea, eta kokalekua zein den adieraziz:https://www.google.com/maps/place/ 4°30’07.0%22N+1°15’00.1%22W.

Badirudi egoera onean dagoela, argazkiaren arabera, motorra eta arraunak galduak izan arren.

Otsailak 9.

Hain izan da handia jubilatu frantsesaren albisteak eman digun poza, non berehala prestatu dugun Kantauriko langileekin bidaia Biscarrossera, erremolke batean bueltan ekartzeko esperantzarekin. Iritsi gara Biscarrosseko hondartzara, galdetu dugu ezer badakiten bertako bulego batean. Eguerdia da eta ez dakite deus ere. Topo egiten dugu Kantaurikoekin, baina nola ez dakiten tutik ere frantsesarenik, nahiko lan hauek hemen konpontzeko. Koordenaden arabera, eta mapa on batekin, bagoaz iparraldera Arcachongo bidean, eta esan diguten sarreran saiatzen gara hondartzara hurbiltzen. Hain dago hondarra bigun, non beribilak ezin baitaitezke sartu. Abiatzen gara hondartzan Kantauriko langileak eta biok gora eta behera ziztu bizian Bateliko aurkitu nahian, baina ez dugu topatzen. Surfista batzuei galdetu diegu eta esan digute baietz, ikusi dutela eta ea laguntzarik nahi genuen. Nola operazioen buru Marga den, frantsesez bera denez hobekien moldatzen eta laguntzarik ez duela behar erantzun duenez, itzuli garenean hor ikusten dugu gendarmeekin mintzatzen. Esplikatzen diegu dugun arazoa, eta esaten digute, nous n'avons pas de moyens, ez dugu mediorik eta amolai. Dozena erdi bat erakundeetara deitu du eta denetan berdintsu, ez diote gauza zuzenik erantzuten, edota laguntzarik proposatzen, batak besteari botatzen dio pilota, eta izorrai. Kantaurikoak ekarri duten furgoneta ere ez da egokia hondartzan barrena ibiltzeko eta beraz, etsiturik, erreskate operazioa frakasotzat jo behar dugu eta esku hutsik itzuli Donostiara, nire amorraziorik handienarekin batelikoa nonbait han inguruan egonen baita.

Otsailak 10.

Jubilatu frantsesak, gizon benetan fin eta, gutunen arabera, serioak beste argazki bat bidali digu, nondik ageri den Bateliko ez dagoela lehengo lekuan, eta traktore baten urratsak azaltzen dira han hondartzan. Beraz, Kantaurikoek lortu ez zutena, partikular batek, hots, ohoin frantses batek lapurtu digula ontzia, ernegazioa handitu besterik ez zaidalarik egin.

Prentsak dakarrenez, otsailaren 2 eta 3ko denboraleak eragindako kalteak konpontzeko 10 milioi euro bideratuko ditu Espainiako Ingurumen Ministerioak, Donostiako PPk gaur egindako agerraldi batean jakinarazitakoaren arabera. Hain zuzen ere, Madrilek 15,7 milioi bideratuko ditu Gipuzkoan, eta kopuru horretatik zati handi bat Donostian bere eskumena diren kalteak konpontzeko erabiliko ditu. Ea egia den.

Otsailak 13.

Ana Uretak, gure ontziaren aldamenean Ulia-Mendi izeneko batela daukanak, gutun bat bidali digu. Dozena bat ontzi baitira hondoratuak, eta jabeak, noski, erabat kezkatuta dabiltza ez dutelako inon aurkitzen erantzunik. Portuko segurantzaren errespontsableak desagertuak baitaude, eta inoiz ezin baita beraiekin hitz egin.

ITALIAKO BIDAIA

Martxoak 8.

Gaur hasten dugu Italiako Bidaia. Larunbata da. Goizeko bostak eta hiru ordu laurdenetan etorri zaigu Mikel etxe azpira bere kotxean Hendaiako geltokira eramateko. Seiak eta laurdenetan bertan gaude, ireki dute errebista eta kazeten kioskoa, batzuk erosi, billeteak konpostatu eta trenera igo gara. Bordelen atzeratu egin da zertxobait. Jende ugari dabil. Gare de Lyonera iritsi eta beste batez egon nintzen jatetxe dotorera igo gara, eta haren sarrerakoan ezkerretara dagoen saloi merkera pasatu gara. Okela, xerra eder bat patatekin, zerbeza eta kafea. Hemen badirudi Operan bezalaxe ordaindu behar dela lekua. Gaueko zortzietan Saboia aldetik igarotzen ari gara. Mendi zuriak, mendi urdinak, mendi arrosak ilunabarrean. Italiarrez betea dago bagoia. Suerte pixka bat izan dugu eta bidaia osoan ez zaigu sartu gazte zaratatsurik. Margari luzesten ari zaio, baina liburuak irakurtzeko aukera aparta dago. Torinora iritsi garenerako jada hamahiru ordu eta erdi gabiltzala lehenik iparralderantz eta gero hegoalderantz. Oinez enparantza luze-luze batetik goaz. Tranbiak, autobusak, jende anitzik ez, halere galdetuz topatu dugu San Tomaso kalea. Bosgarren solairura igo eta bertan dago alokatzailea itxaroten. Erakutsi digu apartamentua, ordaindu diogu, eman dizkigu giltzak, eta bidaiako maletak bertan utzitakoan, kalera, zangoak pixka bat mugitzera. Cantine Barbaroux gomendatu digu, eta karrika artean ibili ondoren, eta Torinoko parte zaharra gozatutakoan, sartu gara ostatura. Pasta, ardoa eta postre bat biontzat, eta pozik ohera.

Martxoak 9.

Igandea. Bederatziak dira eta jada kalean gaude. Norman kafetegian sartu gara. Via Pietro Miccan gaude. Spremuta d'arancia, capuccino eta croissanta. Alegia, laranja-zukua, kafesnea eta kruasana. Leku dotorea benetan. Bandeja jigante batean atera digute dena. Zukuak 8 euro, kaputxinoak 5. Alajaina, hauek dira prezioak... Nola denbora guztia daukagun, poltsan daraman tableta atera du Margak eta wifiaren hitz giltza eskatu du. Zerbitzari gazteak zuzendu egin dit ahoskera. Musika entzun daiteke, baina aski traketsa. Serbiletak caffe costadoro. Aldamenean Torino bertako bi hiritar dotore eseri dira kafesnea hartzera prosciuto bokata batekin, eta gero nagusia edo hemengo arduraduna, harroputz itxuraduna, larruzko zamarra beltza, solasean ipini zaie aldamenean, ardo motez duen liburu lodikotea erakutsiz. Marga pozik bere jostailuarekin, hementxe daukat behatzarekin ezker-eskuin pantaila igaroz, nekatu gabe. Kalean gaudela hasten gara ohi bezala, Marga bere hiriko maparekin nondik joan behar dugun aztertzen, eta niri hirietan galtzea gustatzen zaidala. Eliz dorre bat ikusi eta haruntz abiatzen dira nire pausoak. Galleria Gilibert, libreria antiquariaren aurrean gelditu gara. Benetan ederra galeria. Eskaparatean ikusten ditut Baltasar Castiglioneren Il li-bro del cortegiano, Venezia, Eredi di Aldo Manuzio e Andrea Torresano, 1528an argitaratua; Torquato Tassoren cinquencentina bat, alegia, XVI. mendean argitaratu liburua, hots, 1581eko La Gerusalemme Liberata, Francesco Guicciardiniren Storia di Italia bikaina Friburgon 1775ean moldiztegiratua, eta beste batzuk modernoagoak... 

Piazza San Carlon dagoen Cafe Torinon mahaitxo baten inguruan zizka-mizkak ardo zuri idorrarekin dastatzen ditugu eta ondoren pizze-ria batean bazkaltzen. Ez dago amodio benetakoagorik jan-edanarena baino, Bernard Shawen esaldiaz oroitzen gara. Po ibaia pasatu dugu eta kaputxinoen komentura igo. Bertan meza entzuten ari dira batzuk. Bitxia, etxezar hau CAI, Club Alpino Italianoaren egoitza ere bada, eta arratsaldeko bostetan paniniak bukatzen dira, hots, behartsuek beste atera jo behar izaten dute... Ia hamar ordu kalean batera eta bestera ibili eta gero, etxeratu gara, Zinemaren museoa, Museo Nazionale del Cinema, Fondazione Maria Adriana Prolo ere bisitatu dugu, baina hainbeste informazio dauka barnean, non gehiegixkoa ere gertatzen den. Igande arratsaldea denez, gainera, jende mordoxka dabil leku guztietan. Goizetik bi merkatu ikusi ditugu. Lehena pobre samarra, emigranteen katxarreriaz osatua. Bestea txukunagoa, zurezko teilatu eder baten babesean. Due machiati edan ditugu komun bat aurkitzearren. Eguraldi ona egiten duenez, Donostian bezalatsu, antza, jendetza kaleratu da, eguzkiaren epeltasuna dastatu nahiz. Goizean ez dakit zer aurpegi ikusi dioten Margari zeren, merkatu batez galdetzean lapur ugari dabilela eta erne ibiltzeko esan baitigute, ez joateko, ingelesez mintzatu zaizkio.

Mondadori liburu-denda irekita dago eta bertan izan gara, baina Margak Stendhalen Voyage en Italie frantsesez nahi du eta aurkitzen kostatzen ari zaio. Badirudi bihar liburu-denda guztiak eta bestelakoak ere irekita egongo direla eta errazago izango zaiola topatzea.

Martxoak 10.

Arratsaldeko seiak bost gutxi dira eta Feltrinelli liburu-dendan sartu gara. Gaztelaniazko eleberrien sailean Planeta Saria irabazi duen Clara Sánchezen azken nobela pilaretan, El Paíseko komentario batekin. Historia sailean ere begiratu dut eta 1914-1918ko gerrari buruzko liburu pila. Baten titulua honakoa: Il mito della Grande Guerra. Jordi Savallen diska baten aurkezpena iragartzen dute eta katalan musikariarekiko elkarrizketa. Esalki batzuk libre daude, eta bertan gaudenez, eseri egin gara maisuaren hitzak entzutera. Buona sera. Jendea elizan bailegoen. Entzuleak, batzuk gazteak, besteak helduxeagoak edo gure adinekoak, orotarikoak. Irakasle itxura duten zenbait emakume ere bai. Bal-Kan diska aurkezten du, esanez Eztia eta Odola bezala itzuli daitekeela. Kazetaria aski ezjakina da, ez baitaki Montserrat Figueres, Savallen emaztea, hila dela jadanik. Maisuak historia pixka bat oroitzen du, gurutzadak aipatzen ditu eta 1453ko data, alegia, Konstantinopla turko otomanoen menpe erori zenekoa, eta On Kixote ere aitatzen du eta esaten zein garrantzi handia izan zuten arabiarrek ekialdeko kultura mendebaldera iraganarazten, eta abestiaren inportantzia bizitzan, la canzone per supravivere. Eta gogorarazten digu Elias Canettiren esaldi hura, La música es la verdadera historia de la humanidad, eta musikak oro intolerantziaren aurkako oihu direla.

Armeniako musika, 1917ko genozidioa... Benetan interesgarria den Jordi Savall ikerle humanista honen elkarrizketa bukatzen denean, Giambatista Bodoni plazan dagoen Giuseppe Verdiren Kontserbatorioan emango duen Spirito d’Armenia kontzertua entzuteko sarrerak erostera joaten gara. Ilaran zain ia ordu bat itxaroten egon ondoren, eta jendea elkarrekiko norlehenka borrokan ikusi eta amorratu ondoren, lortu ditugu gureak eta joan gara zerbait hartzera Kontserbatorioko pizzeriara. Pizza pusketa bana eta primeran sartzen zaigun birra bana ere edan, denagatik zortzi euro ordaindu eta sar gaitezke antzokira. Armeniako musikoak dira entzungo ditugunak. Aram Movsisyan atleta ohiak aingeruak bezala kantatzen du, laguntzen diotelarik beren instrumentuekin: Georgi Minassyan eta Haïg Sarikouyoumdjian duduka jotzen, Gaguik Mouradian kamantxea, eta Hespèrion XXI taldekoak: Viva Biancaluna Biffik viola da arco, Daniel Espasak organoa, Pedro Estevanek perkusioak, eta Jordi Savallek ribeca, viella, viola da arco, zuzendaritza bere gain daramala. Benetan gau zoragarria gaurkoa. Badirudi zerbait zerutiar dastatzeko infernu txikitik igaro behar dela lehenago.

Martxoak 11.

Asteartea. Jaiki baino lehen sentitu ditugu tranbiak pasatzen behetik, gu bosgarren solairuan baikaude. Dutxatu, txukundu eta gosaldu, eguneroko hiru lehen gauzak. Gero, arancia spremuta, laranja-zukua, kaputxinoa eta kruasana aldamenean egunkariren bat bada irakurriz, eta ondoren bankura dirua ateratzera, Firenzeko nagusiari ordaintzeko. Une honetan Torinoko etxean gaude nagusiaren zain, gauzak garbi uzten ditugula, behar bezala daudela ikus dezan eta giltzak itzultzeko. Espero dezagun puntuan etortzea, zortzietarako egongo zela esan baitzigun eta hamar gutxi dira, horrela 13 zenbakia daraman tranbia berehala hartu eta geltokira garaiz iristearren. Jada aitaren ohitura hartzen ari naiz, alegia, geltokira ordu erdi bat lehenago iritsi beharrarena.

Iritsi gara Firenzera Italo trenean Torinoko Porta Susatik aterata. Balirudike bidean jendarmeak badabiltzala emigrante beltzen atzetik edo. Geltokitik etxera aski laster iritsi gara. Hau, etxe zahar, baina eder eta ongi zaindua da. Nagusia Fiesolen bizi da. Oso atsegina iruditu zaigu. Giltzak utzi dizkigu sei gauerako, 570 euro ordaindu ondoren. Maletak utzi eta berehala goaz Firenzeko monumentuak, kaleak eta plazak berrikustera gogo biziz. Duomoren ertz batean gaude, La Cantinetta di Dante e Beatrice izeneko tabernan. Izenagatik bakarrik ere mereziko luke hemen egotea. Zopa eta tripakiak, trippe alla fiorentina, oso-oso gustagarriak, gazta xehetua gainean daukatelarik eta piper puntua ere bai.

Biblioteca Marucellianan egon naiz. Liburuzainarekin eskuizkribuen katalogoak begiratzen eta topatu ditut Annotazione batzuk Girolamo della Sommaiak eginak, Firenzeko pertsonaia famatuen bizitza-zertzeladei buruz, eta baita jakin ere Calvizanon zegoen San Rufignanori eskainitako eliza bere familiarena zela. Afaria Joseph Rothen ohoretan, via Santo Spiriton dagoen Il Santo Bevitore tabernan. Ardoa, gazta eta urdaiazpikoa benetan onak eta lekua zer esanik ez, erosoa, zerbitzari atseginak... Martxoak 12.

Goizean gosaldu ondoren, Firenzeko Biblioteka Nazionalean izan naiz, eta Girolamo da Sommaiaren sei ezkuizkribu aztertu ditut, eta aurkitu badirela errefrau batzuk euskaraz. Kopiatzailea gaztelaniazkoekin eta euskarazko horiekin bakarrik konformatu ote zen. Badirudi baietz. Dena den, falta zitzaizkidan bi faksimile horiek erreproduziarazi ditut. Non ote Girolamoren liburuak eta eskuizkribuak? Bere obren katalogo bat ikertu dut eta ez da ageri Refranes y Sentenciasen beste aztarrenik, eta ohar baten arabera, hil ondoren bere liburuak sakabanatu egin omen ziren.

Margaritarekin Fiesolera igo gara busean, eta han itzuliño bat eman ondoren, murru etruskoak, terma eta teatro erromanoak, eliza erromanikoa eta XII. mendeko Herriko Jauregia ikusitakoan, villa ederren artetik doan karreteratik jaisten gara zortzi kilometrora dagoen Firenzera.

Martxoak 13.

Jaiki, dutxatu eta kalera. Marga ohean gelditu da. Bakarrik gosaldu eta berriro liburutegi nazionalera, gelditu zaizkidan oharrak jasotzera. Bestalde, nahiko nuke lortu Girolamoren erretraturen bat, baina hemen ez dut arrastorik aurkitzen. Agian nonbait izatekotan Pisako Unibertsitatean aurkitu behar bertako errektore izan zenez, zeren eta Santo Stefanoko priore izendatua izan ondoren, bertako Studioko, hots, Unibertsitateko zuzendari izan zen, ikasle-irakasleen harremanez, irakaskuntzaz, kalendarioaz, testu-hautaketaz eta zentsuraz eta administrazioaz arduratu baitzen. Eta Galileo Galilei (1564-1642) astronoamoarekin ere harremanak izan zituen, eta Vatikanoak hura heretikotzat kontsideratu arren, berak adiskide on bezala soldata ematen jarraitu zuen, zegokion bezala, eta Pisan hil zen 1635ean, 62 urte zituenean.

Miscelanea Spagnola eskuizkribua irakurtzen dudalarik ohartzen naiz, Salamancako Unibertsitateko Historiarekin (ff. 1-33) hasten dela, gero zenbait “Grazia”, ixtorio irrigarri latinez eta gaztelaniaz dakartzala tartean, Galarça delako baten, gracias en español (f. 94), hala nola zenbait bertso italieraz, eta 95. foliotik 114ra Refranes y Sentencias... 1596en kopia daukagula. Pena 1600. urte inguruan eginiko eskuizkribuak gaztelaniazko errefrauak osorik soilik kopiatu zituen eta euskarazko hamazazpi. Lehen hamaseiak eta 1596ko bildumaren 369.a: Conocer las carnes su carne. Ezaun araguiac, vere araguia. (f.107). Bestetik, nor ote da gaztelaniaz idazten zuen Galarza delako hori?

Hieronymus Bosch-en Zazpi pekatu nagusien mahaia margoko detaileak (1485) Refranes y Sentencias... (RS 1596... ) liburuko lehen errefrauaren latinezko bertsioa bertan ematen digu: Cave, cave D[omin]us videt. RSko Lehen errefraua: Adi adi, ce jaun goycoa dagoc adi.

Arratsaldean afaria eta musika eskaintzen duen antzoki batera joaten gara. Il mensile del teatro del sale. L'Ambasciata teatrale offerta libera circo-lo creativo d'intratenimento culturale S. Ambrogio. Horrelaxe dio eskaintzen duten errebistatxo politak. Afaria, bakoitzak aukeratzen duena edo platera hartu eta bata bestearen ondoren ilaran jarrita kozineroak, antzokian bezala, modu xelebre batean, jateko zer ematen dizun errezitatu ondoren, platerean jartzen dizuna. Garbantzuz egin humusa, bestelako barazki zenbait, sardinak, arrain-zopa, ardiki-barrenkiak, lasagna eta txitxarro erdi bana. Aski. Hark zioen bezala labur-luzea. Gauza ttipi anitz. Kontzertua Torinon entzun genuenaren estilokoa, Balkanetako musika.

Martxoak 14.

Goizeko bederatziak dira eta San Marcosen Fra Angelicoren pinturak ikusten ari gara dominikoen komentuan. Finezia benetan miresgarria ageri dute bai gaietan, bai eta moduan. Adibidez, Jesus gurutzean Santo Domingorekin kalostraren sarreran, eta Magdalena bere ile olioztatuekin Jesusen gorpuaren oinak garbitzen eta lehortzen irudikatzen dituzten koadroetako doratuek goizeko argiarekin urreztatuagoak dirudite. Kosme de Mediciren gelan Errege Magoen adorazioa. Bi kalostra, eta gelatxo batean Fra Bartolomeok burutu Fra Girolamo Savonarolaren (Ferrara, 1452- Firenze, 1498) erretratua, eta anonimo batek eginiko Savonarola sutan, Inkisizioak erre baitzuen idatzi gogoeten zigor legez. Jakina den bezala, Lorenzo de Mediciren aitorle izan zen eta predikari ospetsua, banitateak, hots, luxua suposatzen zuten kosmetikoak eta liburu lizunak, hala nola Boccaccio eta Petrarcarenak errearazi zituelarik. Eliza Katolikoaren korrupzioaren kontra altxatu zuen bere ahotsa, baina Alejandro VI.ak eskumikatu egin zuen. Aita santuaren gudarostea sartu zen Firenzen. Savonarola eta haren jarraitzaileak komentu honetan gorde ziren. Babesten zuten anitzek bizia galdu zuten, eta heretikotzat joa, errebelde gisara Piazza della Sinorian torturatu ondoren hiltzen dute, egun berean Obsedit me meditaziozko obran lanean ari zelarik. Lehenik garrote vil zigorraz hil zuten eta gero sutara jaurtiki, errautsak Arno ibaiara bota zituztelarik Ponte Vechio Zubi zahar”-aren ondoan. Laster Medici familiak hiriaren gobernua errekuperatu zuen. Koadroan ageri dira detaile handiz hiriko pertsonaia nagusiak, dominikoak eta zamaketariak sua elikatzeko egur kargak bizkarrean altxaturiko oholtza luze batera eramanez. Ikusgarria, hunkigarria eta izugarria benetan.

Santa Maria Novellan hainbeste obra eder kontenpla daitezke non egun osoa beharko baikenuke bakoitza arretaz kontenplatzeko, baina une batez Capilla de los Españoles ikusgarrian gelditu gara. Jacopo Talentik Santo Tomasen ohoretan eraikia, Andrea di Bonaiutoren freskoekin; garai hartako katedrala marmolezko jantzirik gabe ageri da bertan.

San Miniato al Monte ikustera goaz, eta izenari ohore egitearren, badoa bidea mendixkan gora. Bertatik bista zoragarria. Eliza jadanik IV. mendean eraikia, Hildebrandok jaso zuen XI. mendean gaurko egituraz. Kripta interesgarria eta aldarean San Miniatoren erlikiak. Bobedan Taddeo Gaddiren freskoak Jesus, San Miniato, beste santu eta profetekin. San Kristobalek bizkarrean haurra darama. Eta sakristian beste fresko batzuk, Spinello Aretinorenak. Bi euro ordainduz ematen dizkigu esplikazio guztiok hots mekaniko batek. Eliza barnean hotz egiten du eta jertsea jantzi beharrean aurkitu gara. Ataritik oso ongi ikusten ahal dira Firenzeko murrailak. Jaitsi gara bertara jardin japoniar batetik eta Museo Bardini inguruko trattoria batean atseden hartu dugu. Batera eta bestera ibili eta etxera itzuli gara, Julio eta Karmenekin berriro atera aurretik. Joan gara geltokira eta, ostirala denez, tren-kaietan jende ugari. Minutu gutxiren atzerapenarekin iritsi da, eta oinez joan gara apartamentura. Gustatu zaie, zeren eta oso independienteak diren bi alde ditu, egoteko saloia liburutegi eder batekin leihotik eguzkia ilunabarrean sartzerakoan ikusten dela, eta sukaldean otorduak egiteko leku goxo, aproposa. Orain Trattoria Baldini, Via il Praton gaude aski gune lasaian afaltzen. Taberna klasikoa da. Txuleta eskatu dugu laurentzat eta aparta dago, azpian harri berogarriz mantentzen baita bero-bero. Fragole batzuk, marrubiak alegia, eta krema katalana ere ezin hobeak.

Martxoak 15.

Bederatzietarako jaiki, dutxatu eta hau idazten ari naiz isil-isilik sukaldeko mahaian. Gaur ere primerako eguraldia egiten du. Ikusiko dugu zenbat jende dabilen kaleetan zehar, eta lasai ibil daitekeen. Hiriko planoa batera eta bestera erabili, erditik jada puskatuxea dago. Margak atzo aitortu zidanez, Julio zaharkiturik aurkitzen duela. Hirurogei ta hamar urte beteak ditu, baina nire iritziz fisikoki oso ongi mantentzen dakiena da, baina Errege Magoen Adorazioa ikustera sartzerakoan atzo zazpi euro ordaindu ordez, lau pagatu genituen anciani ginelako.

Bi antikuariok, liburu zaharren saltzailek beren katalogoak oparitu dizkidate. Cinquecentine txit arraroaren bila, rara avis, perla prezios baten bila nabilela kontatu diet. Baina alferrik, 1596ko Refranes y Senten-cias ez da ageri inon. Kontsultatzen dute beren ordenagailuetan ea agertzen den, baina deus ez. Pentsatzen ari naiz bilaketak Pisan egin beharko nituzkeela, agian, baina Margak ez du jakin nahi deus Pisaz. Ikusiko dugu bueltakoan, Genova aldera abiatzean ordu batzuk egiten ditugun eta Unibertsitateko kalostra eta liburutegia ikusteko aukera dugun.

Hamabiak eta laurdenetan Museo Galilei bisitatu dugu, eta garaiko erreminta zientifikoekin liluraturik geratu gara. Torricelliren esperimentua. Zeruak eta lurrak irudikatzen eta neurtzen dituzten aparailuak, mapak, teleskopioak... eta maisu katalan bat ikasle eredugarri batzuekin, batzuk katalaneraz, besteak gaztelaniaz mintzatzen, baina denak irakaslearen esplikazioak entzuten zintzo. Heretiko gisara kondenatu zuten eta bere idatzien kontrako sinadura eginarazi, baina lurra mugitzen zelako frogak argi, garbi eta zehazki utzi zituen frogatuak, zeren eta inkisidore guztien iritzien kontra lurra badabil ortzian barrena, e pur se muove.

Martxoak 16.

Esan dudan bezala, alokatu apartamentua Hegoameriketan izana den arkitekto batena da, hango fotografiak eta oroigarriak ageri baitira. Arte-liburu oso eder eta interesgarriak ditu, bai eta bidaia-gidak ere. Hauetariko bat Toscana. Guida Italiana. Touring Club Italianoarena. Bertan (ed. 1974, 152. or.) irakurtzen dut, L'Università Pisana... sotto il porticato ingresso alla Aula Magna son una statua di Galileo di Paolo Emilio Deni (1839) busti vari: rettrati di professori insigni. Hauetariko bat ote da Girolamo da Sommaiarena? Ez dakit, gogotik kendu nahirik nabil honekin nire artikulua apaintzearren, baina ez bada hala? Kalostran ez badago? Libururen batean bilatu beharko. Gallican egindako saio guztiek eta Firenzeko Nazionalekoek ez didate emaitzarik sortu. Arte liburu-saltzaile fiorentino batek esan dit ez dagoela libururik gai konkretu horretaz, baina auskalo, Pisan bertan bilatu beharko. Unibertsitateko liburuzainari kontsultatu beharko etxeratzerakoan, eta Margari ezta galdetu ere, Genovarako bidean Pisan bertan tren-geltokian egon arren.

Martxoak 17.

Goizeko zortziak dira. Iritsi gara tren-geltokira. Pisarako bi billete hartu ditugu, konpultsatu eta eserita zain gaude, laster aterako baita. Ez dakigu zer ordutan iristen den, baina kontua da hementxe gaudela. Pisan ordu beteko astia gelditzen zaigu Genovako trena hartu aitzin. Balisak kontsignan utzi eta bagoaz korrika hiri barnera. Bizpahiru liburu-dendatan galdetu dut ea baduten Pisako Unibertsitateko libururik; ez, erantzuna ezezkoa izan da. Ehun bat metro gelditzen zaizkigu Unibertsitateko kalostrara iristeko, baina alferrik. Zubiondoan banda munizipalak jotzen jarraitzen du. Erabaki dut, beraz, postaz bidaliko diedala kontsulta zenbait liburuzain eta liburu-saltzaileri, eta agian UNEDeko liburutegiko liburu-maileguen trukeaz, préstamo interbibliotecario delakoaz baliatuz, hots, unibertsitate arteko mailegutzaz zerbait lortuko dudala, baina esperantza gutxi gelditzen zait, egia esan.

Genovan ordu bat eta hamar minutu gutxitan gaude eta kaleetan zehar maletatzarra paseatutakoan, eskerrak gurpilak asmatu zituenari, iristen gara hautatu hotelera. Best Western City. Gela 251. Balisak utzi eta bagoaz Via Garibalditik lehenik. Gero portu aldera ezkerreko karrikatxoetarik eta puta gazteak ikusten ditugu eliza baten inguruan, plazatxoan beraien artean solasean lasai. Konprenitu dugunaren arabera, eta itxuragatik, latinoak dira. Otordu xumea egin eta Portu Zahar berritutik gabiltza. Valettako eta beste paradisu fiskaletako belari eta yate handiak, ia jiganteak, moilan ongi amarratuak ageri dira. Polanskik piraten filma egitearren eraikarazi zuen itsasontzi faltsu ikusgarria ere bai. Nahiko garbi eta txukun dago dena. Portu inguruak hobeto ezagutzeko txartela erosi dugu itsas-motorrez joan-etorri bat egiteko. Moilak benetan martxa handirik gabe daude. Bada kai bat izugarri luzea, dena huts-hutsik. Faroa harri grisez eraikia, nahiko tristea, garai bateko ilustrazioetan ageri den graziarik gabe. Dena industriaz inguratua. Ikatz-piramide batzuk. Erasmusgracht yate-karreiatzailea. San Giorgioko terminala. Moila batean ehunka kontenedore garabiek kamioietan ezarri zain. Badaramagu ordu erdi bat eta oraindik portutik ez gara atera. Me-grez da beste ontzi baten izena. Vegliraino joan gara eta han jaitsi dira bidaiari gehienak. Genova aldameneko herri honek badu hondartza ttipitxoa, eta eliza eder galanta. Berrogei minutu pasatu ditugu honaino eta orain itzulerakoa eginen dugu ikuspegia aldatuz eta hiria bertatik ikusiz. Margak mapari atxikia jarraitzen du, oro kontsultatzen, kaleak eta gida, ni aldiz, ontzien irudiak barneratzen eta kulunkan itsaso zabalean bezala haizeak narama...

Martxoak 18.

Gosaldu eta bart egindakoaz ohar batzuk idazten hasi naiz. XIII. mendeko etxe bateko sotoan afaldu genuen. Afari begetarianoa, eta ardo zuriz betea dagoen litro erdiko txarroa hustu dugu. Gela ezberdinetan geunden afaltiarrak, hots, hiru bikote. Gu iraultza boltxebikearen koadro handi baten aurrean geunden, il exercitto rosso, gudaroste gorria. Eta Leon Trotskiz eta haren bukaera tristeaz oroitu ginen.

Teatro Carlo Felice aurretik igarotzean ohartu gara gaur arratsaldeko zortzi eta erdietan Le Nozze di Figaro, Mozarten opera jokatzen dutela, eta bi sarrera erosi ditugu. Ez da iragartzen abeslari ospetsurik, baina berdin dio, obrak berez merezi baitu. Zortziak laurden gutxitan zerbait hartzera joan gara Tavella Mauriziora. Txikia lekua, baina benetan atsegina. Nork esan eta hemen Getarian edo Donostiako parte zaharrean baino hobeki jango genituenik antxoa frijituak. Lehenik pasta, noski, eta tartean ohiko ardo zuria. Antzokia bitxia da. Korrala handi bat bailitzan eraikia. Hau da, aldamenetako balkoietatik eta leihoetatik ikusten, begira baileuden, baina trompe l'oeil bat besterik ez da, pintura hutsa, agerlekuan egiten diren engainuen antzekoa. Operako abeslarien ahotsak tamainaz eskas, baina beren xumetasunean pollitak. Figaro eta kondearena ongi. Hobeto mozkorrarena. Baina batez ere emakume finak agerlekuan, eta kondesa andereak Venus jainkosa zirudien. Hura emakume puska. Benetan galanta. Inor ez da, ez, lodi hemen, zeren eta dirudienez orain hori oso kontuan hartzen baitute eszenografoek. Harrigarria benetan etorri den mundua. Familia osoak, mutiko eta neskatila gazteak, adin orotarikoak. Kontsidera daiteke opera Italian arte herrikoia dela, egiazki.

Martxoak 19.

Genova-Torino. Ordu bete itxaroten egon gara geltokian eta badirudi hartzera goazen trena ia herri guztietan gelditzen den horietakoa izango dela. El País erosi dugu eta bitartean irakurtzen ari gara. Atzo eta herenegun Julio eta Karmenen harremanez hitz egiten egon gara... Ez naiz harritzen Juliok esatea emakumeen beldur dela, zahartzaroan gizonak lelotu egiten baitira, emakumeek boterea hartzen eta gizon gixajoak pozik gelditzen gainera. Gero eta tristeago ikusten dut Julio, lanari, politikari eta kirolei buruzko solasak direnean pizten da pixka bat, mendian dabilenean... Torinora iritsi gara bidaia honen azken gaua bertan igarotzeko asmoz. Geltokitik gertu hotel zahar batean, Dock Milanon hartzen dugu gela. Giardinetto izeneko lorategitxo batean bazkaldu dugu. Entsalada, zopa, haragi gisatua, arbendolak eta beste. Gozoki bat biontzat, eta kafetxoa. Ordaintzerakoan, zerbitzu lanak egiten ari zen emakumeak ez digu onartu nahi izan propinarik.

Museo Egizio delakora sartu gara eta benetan asko gustatu zait. Zein den ederra! Eta Napoleonen koronelak bereganatutakoak ez dira gutxi. Hieroglifodun harriak, garaiko erretratuak, freskoak, faraoien harri-irudiak, gorpuen eskeletoak, esklaboak, ontziak Nilo ibaian, lehoi antropomorfoak, idatziz eta irudiz beteriko papiroak... Benetan ikusgarria... Gehienak Egipton Bernardino Drovettik bilduak eta Carlo Felice di Savoiak erosiak.

Paseo luze bat egin dugu jadanik ezaguna dugun hiri moderno honetan. Biblioteka aurrean lau pakistandar, bederen itxuraz edo, etorri zaizkigu krabelin arrosak eskainiz, baina alferrik, ez gaude loretarako, baina bai kaleko kantari errumaniar bati zenbait euro oparitzeko.

Martxoak 20.

Goizeko zazpietan irekitzen dute bufetea eta ireki bezain laster bertan gaude, dutxatu eta maletak prestatuta. Hamahiru orduko bidea gelditzen zaigu etxeraino. Batzuek hegazkinez lehenago egiten dute baina, Marga aerofobikoa bilakatu denez, eserialdi ona izango dugu, Parisen barrena baikatoz. Dena den, hamaika ordu irakurtzeko lasai, noizbehinka treneko Café-Barera bisita eginez. Baldin bada, ez dago gaizki. Girolamo da Sommaiaz burutzen ari naizen lana aurreratzeko ere denbora emango dit. Monachatus non est pietas Erasmusek dioen lekuan, Garibaik (?) honela itzuli zuen: Jazkereak parrahua egite ez du.Mendeetan zehar euskal hitzek pairatzen duten bilakabidea ez da txikia, alajaina, hala nola parrahuarena, zeina fratrem latinezko hitzetik datorren honako alegiazko bidea eginez:

fratre(m)>*parratere > * parradere > *parrahee > parrahu.

Noski, bizitzan izaerak duela benetako garrantzia eta ez itxurak.

Martxoak 24.

Leonardo Paduraren La neblina de ayer irakurtzen ari nintzelarik, honakoa aurkitu nuen: Recordé, leyéndolo al vuelo, tu afición por la len-gua de res al jerez, el bacalao al pil pil según la receta vasca de Juanito Saizarbitoria, esos camarones a la criollla que tan bien se me daban... Eta Ramonek aipatu baitzidan eta erakutsi fotografia bat, non Fidel Castrorekin ageri zen bapo-bapo eta oso dotore jantzirik, erreferentzia bidali nion postaz eta erantzuten dit, galdetuz nola ibili garen bidaian, Juanito nire osaba zen bai. Ez dut uste sukaldari onegia zenik... Martxoak 27.

Galiarren aroan Cesar aurreko Akitania. En tiempos galos. Aquita-nia antes de César. Galiarren garaian Akitania nolakoa zen Bordeleko Museoak antolatu erakusketa San Telmon ikusten egon naiz. Mila eta seiehun objektu ekarri dituzte Bordelen den Akitaniako Museotik, Tolosako Saint Raymondekotik, Potiers hirikotik, Kataluniako arkeologikotik eta Arabako Museo arkeologikotik, eguneroko bizitza, komertzioa, armak, usteak eta sinesteak, erromanizazioa ere nolakoa zen adierazten dutenak. Ikusi dut, dastatu dut eta, ez bainaiz erabat gustura gelditu, hiru puntu hauetan biltzen dena idatzi dut iradokizunen koadernoan: a) Esposizioa ederra da, baina... b) Zergatik gidaria (arkeologo gazte bat) igarotzen da Barkoxen (Barcus) aurkitutako eta Pabe, Agen eta Bordelen dauden gudaroste erromatarren moneten aurretik inolako komentariorik egin gabe? Noski, honek garbi adierazten du ez dakiela Barcus Euskal Herrian dagoela, eta c) Zergatik ez da ematen harri-inskripzioen testua, edota Tolosan (Toulouse) dauden Andere eta Gizon ageri diren inskripzioak, besteen artean, ez dira ekarri? Ez dut uste hurrengo baterako kontuan edukiko dutenik, baina tira, nire partetik hor gelditu da iradokizuna, errepikatzen badute hobetuz joan daitezen... Apirilak 2.

Marina Sanfilippo UNEDeko lankideak, italierazko irakasle eta kontu-kontatzaile aparta denak, urrian ahozko kontakizunez antolatzen duen Tomo la palabra deitu kongresuko komite zientifikoaren partaide izatea eskatu dit eta, noski, baiezkoa eman diot, eta ohoretzat jo.

Apirilak 16.

ASTURIASEKO BIDAIA

Margarekin banoa Asturiaseko mendietan bizpahiru egun igarotzera. Hiru ordu iragan eta Unquera herrixkara iritsi gara. Deva ibaiondoan dagoen merkatu txiki batean arrain batzuk salgai ikusi ditugu, haien artean potarros deitzen dituztenak, pota-motakoak, ez oso zabalak, baizik eta estu eta kolore gorrikoak. Santo Domingo de la Barqueran bazkaldu dugu bista benetan zoragarria duen jatetxe batean. Olagarroa eta muxarra laurontzat. Kafea hartu eta bagoaz alokatu ostaturantz. Buellesen Margak esan du privacitya behar duela, eta ez hain etxetxo ttikian beste bikote batekin egon, beraz, Karmen haserretu arren ez du amore eman. Juliok oso ongi konprenitu du eta oso gertu dagoen Panes-eko irteeran hoteltxo batean aurkitu dugu lo-leku xumea baina guretzat aski dena. Gu gara ostalari berriek dituzten lehen bezeroak eta ea zori ona ematen diegun esan digute. Oso garbiak eta jatorrak dirudite. Ibiltzera atera gara eta kostan, Punta San Emeterio ondoan dagoen faroa ikusten egon gara, eta handik oinez arboladi batean gordea dirudien Ermita de Santa Maria de Tinaraino joan gara. Haren hondakinak bisitatu ditugu. Ingurunea erromantikoa da erabat. Harritzarrak belarrek, sasiek eta huntzek jantzi dituzte mendeen poderioz. Santiagoko bidean XIII. mendean eraiki kaperaren berri ematen digu inguruko zelaiaren sarreran dagoen Ribadeva Udaletxeko kartelak. La Sauceda jatetxean afaltzen dugu. Nagusia oso berritsua da eta ofizioa ongi ezagutzen duena. Alzola du deitura, beraz euskaldun emigrantea, bere aitona Avilésera etorria baitzen ferrokarrilarekin, eta oso ongi esplikatu digu herriaren gainbehera. Altzola, altza ‘aliso’tik datorrela ere esplikatu digu, eta nola egiten duen ikatza ere kontatu. Talotxoa txorizoz egina, menbrilloa eta egiazki on-onak dauden intxaurrak atera dizkigu.

Apirilak 17.

Bederatzietan jaiki eta dutxatu ondoren, Marga prestatzen den bitartean, hementxe nago nire oroitzapentxoak idazten. Etorri zaizkigu bila Julio eta Karmen eta bagoaz Europako Pikoetarantz. Biderako bi makila arrunt erosi ditugu. Sotresera iritsi garelarik bertako parkingean aparkatu dugu beribila. Herria nahiko goian dagoenez lehenik jaitsi egin behar izan dugu beste mendi-estratatik bideratzearren. Ordubiak hamar gutxietan Juliok ezin du jada emakumeen pauso motelarekin eta aurrera arin jotzea erabakitzen du. Abiatzen da eta ni atzetik. Oreinak bezain arina denez, aurrea hartzen dit, baina nahikoa bide gora egin dugularik, ikusten dut dolmen, harritzar handi bat eta hura erreferentzia hartuz bertaraino iristen gara. Pixka bat ezkerraldera ikusten dugu mendiko aterpe bat, txabola bat, mendi gailurretan. Azkenean, hirurak direnez, jaistea erabaki dugu eta halaxe egin dugu, azkar-azkar, baina herrira iristeko azken aldapa benetan pikoa da eta lau ordu eta erdi ibili ondoren, eta bi bederen arin-arin, gogorra egiten zait, arratsaldeko lauretan iristen garelarik andreak zain dauden tabernara. Beribila hartu eta bagoaz orain Sotresetik gora. Bide ertzetako paba txuri-gorriak prest daude neguan elurraren altuera neurtzeko. Borda inguruetan behiak bazkan. Guk, urdaiazpikoa eta gazta zerbeza eta urarekin jan-edandakoan eta Bordeleko erreserba ardo-botila elurretan freskatua dastatu ondoren, lo kuluxkatxoa egiten dugu belardi gainean eguzkiaren epelak beroturik. Hau paraje ederra! Asturiar atsegin batzuekin solasean aritu ondoren, bagoaz Picu Urriellu (Naranjo de Bulnes) delakoa ikustera arratsaldean. Momentu honetan bista majikoa dauka. Irudi ahaztezina. Ehiztari eta ibai-arrantzaleek erabiltzen duten bidertzeko ostatu batean bapo afaldu solas alaian eta erretiratzeko garaia iritsi zaigu.

Apirilak 21.

Bazko biharamuna da eta Sarako liburu eta diskoaren feria. Ohi bezala, bagoaz erromerian euskaltzaletasuna oraindik galdu ez dugunok. Euskaltzaindiak Xabier Altzibar irakasleak prestatu Amodioaren Marti-rra. Dolores emazte bat berthutez bethea liburua argitaratu eta aurkezten du, hala nola Jean-Baptiste “Battittu” Coyosek burutu Zubererazko is-torio, alegia eta ipuin irri-egingarri bilduma eta azkenik Piarres Xarritonek Le fondement moral des droits culturels de l’homme (Kultura eskubideen oinarri etikoak). Bertan, noski, liburuxka batzuk erosi ditugu, eta Maiatz eta Utriusque Vasconiaeko arduradunekin hala nola Izpegi eta Atlanticakoekin hitz batzuk egin. Euskaltzaindiko batzuk, Ixabel Ajuriagerra, Txomin Peillen, Lucien Etxezarreta, Jokin Apalategi, Maite Idirin, Paulo Iztueta, Daniel Landart... Gertatzen zait adin batetik aurrera, egia da, oso adiskide ez ditudanekin gero eta nagiagoa naizela hitz egiteko orduan. Beraz, bagoaz gure aldetik otordu bat egitera eta ezagunak nola topatu ditugun komentatzera.

Apirilak 26.

Iñaki Aldekoa txofer lanetan daukagularik, Felix Ibargutxik gonbidaturik eta gure aldetik ardo-botila pare bat daramagula, Ramon, ni eta hirurak Legazpi alderantz abiatu gara. Feria eguna da eta plaza benetan animatua dago. Felixek kontatzen dizkigu bertako eta inguruetako baserritarren ohiturak. Gero, asteburuetan lantzen duen eta inguruan daukan borda eta sagardia erakusten dizkigu. Oso aldapatsua da belardia eta bertan zaildurik ez du gimnasiora joan beharrik forman egoteko. Bazkarian bere aitak Patrizio Etxeberriarekin zituen harremanak kontatzen dizkigu eta Ramonek El Diario Vasco egunkariko zuzendariekin nolako harremana daukan galdetzen dio eta berak kazetari-ibilbidea kontatzen digu. Iruñeko Opusekoekin egindako ikasketak, Argiakoekin izan zituen gorabeherak, loturak eta hausturak. Jan-edanean eta solas bizian igarotzen ditugu orduak, borda berotzeko piztu duen beheko suaren txinpartei esker giro epelean.

Apirilak 28.

Aspaldiko adiskidea dudan Eduardo Matauko aholku eske datorkit jakin nahian euskal antzerkietako antzezte-oharrak zein tradizio duten (Gutunak, 52). Horrelako kontsultarik aspaldian ere izan ez nuenez, erantzun egokia bilatzen saiatu naiz, teatrotekan dauzkadan hainbat antzerki berriro errepasatuz eta ahalik eta agudoen, ez ahanztearren, idatzi diot (Gutunak, 53).

Maiatzak 9.

Donostia kulturak Literaktum 14 ekintza literarioen barruan Parte Zaharrean Pepe Artolari omenaldi bat eskaini dio eta ibilaldi bat Jose Ignazio Ansorena txistulari eta musikari ezagunak zuzendua. Gonbidatu egin naute Artolaren bertsoren bat kantatzera ere eta nola ezezkoa eman, bada? Gros auzoko Usandizaga plazatik hasi gara, Ansorenak bere argibide umoretsuak ematen dizkigularik. Bere solas-oharrak kartoi txuri batzuetan prestatuak ditu, Serafin Barojaren egunean bezalaxe. Nik eskutan Antonio Zavalak egin bilduma oparoa: Ustez laguna detan titulua daramana. Familiakoak ere bertan daude, eta San Vicente elizaren atarian zenbait kanta abesten ditugu denon artean, eta nik solo bat ere bai Pepe poetak donostiar dama bati eskainitako zortzikoa, laukotan ezartzen dudana:

Gorputz liraina dauka, arpegi txit fina,
Gerriyak badiruri moldian egina,
Biziro oin politak, pausua arina,
Ezin fama liteke ark merezi dina.

Maiatzak 12.

Donostia Kulturak antolaturik, gaur astelehena Clara Sánchez adiskideak Okendo liburutegian arratsaldeko zazpi eta erdietan bere obraz hitz egin behar du, Teresa Calo izango delarik aurkezle. Bertara iritsi naizenean ia ez dut ezagutu ere. Zeramatzan takoien altueragatik edo makillajeagatik edo orrazkeragatik edota aspaldi honetan irabazi dituen hainbeste sarirengatik, hala nola El cielo ha vuelto Planeta 2013agatik. Egin dut esfortzu bat pasa den astean hau ere irakurtzeko eta azafataren gorabeherak txotxolakeriak iruditu zaizkit neurri batean. Lehen aldiz gonbidatu nuenean Beatriz Monrealekin batera honek zuzentzen duen Irakurketa Klubera bestelako sinpatiaz eta naturaltasunaz egon zen, eta gustura afaldu genuen elkarrekin. Orain, antza, uhin-aparraren puntan dabil, eta horregatik oso nekatua zegoela esan digu betiko leloak kontatuz. Gero limosina bat etorri zaio bila Maria Cristina hotelera eramateko. Jakin nahi nuke zenbat kostatzen ari zaizkigun horrelako ikuskizunak.

Maiatzak 15.

Petros Márkaris, aita Armeniakoa eta ama greziarra duen ekonomista eta nobelista greziarraren hitzaldia San Telmoko aretoan. Titulua: Már-karis, disección de Europa desde la novela negra, Teresa Flaño aurkezle. Entzuleen artean geunden Marta eta Arantxa, Rakel eta Marilo, Txaro eta Javier, beste asko eta neroni. Greziako korrupzioa, egoera ekonomiko gogorra, manifestazioak eta herri xumearen jan-edanak ageri dira protagonista polizia erretiratu eta detektibe lanetan ari den Jaritos duten Suicidio Perfecto, Muerte en Estambul, Liquidación final eta beste hainbat eleberritan. Nobela beltza, jakina denez, egungo errealitatearen ispilu gordina, hemen ere gertatzen denaren edo daitezkeenen isla, zehatza eta grazia handiz burutua. Agian kritika soziala bideratzeko egungo tresnarik baliotsuena litekeena. Gehienetan ohi bezala, galderak baldarrak, traketsak eta halamoduzkoak, ez zirenak ez galdera, ez deus. Horrelako kategoriako gizon batek, honaino etorri eta gero beste zerbait/norbait hoberik merezi zukeen. Hitzaldia amaitutakoan, komentarioekin etekina ateratzearren, Txepetxa tabernan basoerdi batekin konpentsatzen saiatu gara.

Maiatzak 16.

Ramonek Candeledako etxean egun batzuk igarotzera gonbidatu gaitu eta baiezkoa emanda Salamancarantz jo dugu lehenik. Tordesillasen gelditu gara eta bertako plazan bazkaldu dugu ogitarteko eta kaña bana. Biena sei euro. Aspaldian eginiko bazkaririk merkeena. Joana Lehena, Gaztelako Joana Zoroa bezala ezagutua, 1509an preso hartu eta halaxe eduki zuten hiri honetan 1555ean hil arte. Monumentua eskaini zaio, Hipólito Pérez Calvok brontzez egina ezkerreko eskuan koroa daukala eta eskuineko oinean mundua irudikatzen duen esfera. Hiri honetan eta aurrez aurre dagoen jauregiko jardinean sinatu Tratado de Tordesillas ospetsuaren oroigarri, Pisuerga ibaia mirets daiteke. Pareta batean bandera errepublikanoa margotua.

Arratsaldeko lauretan iritsi gara Salamancara. Beribila hoteleko garajean sartu, eta maletak gelan utzita, bagoaz nire estudiante-garaietako hiria bisitatzera. Oraindik jendea siestan dago eta ez dabil ia inor kalean, baina zortziak inguruan seguru dena beteko dela. La calle de la Rúa ez da gaztaroan ezagutu nuen kalea, errestaurantez josia baitago eta mahaiek betetzen baitute. Lehen unibertsitarioek nola, hala orain turistek, eta hauek zalapartatsuagoak dira. Ordu honetan zoko guztiak estaltzen dituzte. Katedral zaharra eta berria bisitatu ditugu. Anaya Jauregia ere bai eta asanbleak egiten genituen eskaileretan dagoen Unamunoren harrizko buruaren ondoan fotografia atera dit Margak. Klaseak ematen genituen gelak irakasle-bulegoak bilakatu dira eta ateetan ikusi ditut irakasle eta ikaskide zenbaiten izenak: Emilio Prieto de los Mozos, José Antonio Pérez Bowie, Carmen Ruiz Barrionuevo... Halaber, hormetan idatziak Victor doktorearen ikurra, izen ezagunak ageri zaizkidalarik: Joaquín Forradellas, Enrique Clemente, eta beste batzuk. Gero, Plaza Mayorren liburu-feria denez, Fernando R. de la Flor-ek idatzi La vida dañada de Aníbal Núñez, Una poética vital al margen de la Transición española saioa, nire ikaskide eta poeta gazterik hilaren obra poetikoari buruzkoa, gazte batzuek daramaten Editorial Delirion plazaratua, eta Salamancako Unibertsitateak moldiztegiratu eta George Haleyk burutu Diario de un estudiante de Salamanca. La crónica inédita de Girolamo de Sommaiaren edizioa erosten ditut. Alegia, aipatu dugun mezenas eta humanista italianoaren dietarioa, egunorozkoa Oihenartek erabili hitzetan, non ageri diren zenbait zerbitzari eta kopista euskaldun, besteak beste Refranes y Sentencias... 1598koa kopiatzen lagundu ziotenak. Saltzaileak ez zeukan standean Haleyren liburua, baina eskatu diodanean, baietz esan dit, bazuela almazenean eta berehala ekarriko zidala, eta hala izan da. Ordaindu ditudan berrogei eta hamar euroak balio ditu, dudarik gabe, garai hartan Salamancan izan ziren Pedro Arisbe, Arralde, Irazabal, Juan de Uriart, Juan de las Heras, Marco Sánchez de Aranzaradi, Martin de Berrueta, Ormaza eta beste zenbait euskaldunez mintzo den liburuak.

Maiatzak 17.

Larunbata. Dominikoen komentua, eliza eta kalostra, San Esteban ere bisitatu ditugu, non, besteren artean, hainbat urte igaro zituen Fernando Odriozolak eta inkisidoreen kutsu apurra gelditu zitzaion. Ezagutzen ez nuen moja domingotarren kalostra ere bai, orain bisitatu daitekeena, beraz, goikoa eta behekoa. Honek beste tamaina apalagoa du, baina Errenazimentuko egoitza benetan ederra da, ikusgarria. Katedral zaharreko eta berriko dorreetako eskaileretan goiti eta beheiti, jendetzaz inguraturik ibili gara, bai eta unibertsitatean Fray Luis de Leonek, Inkisizioko kartzelatik pasa ondoren, esan zituen como decíamos ayer hitz haiek entzun zituen Aula Salinas aretoa, oraindik garai hartako zurezko aulki luzeak mantentzen dituena. Hemen entzungo zituen Axularrek ere Zumelen solasak. Biblioteka zaharrari ere soalditxo bat eman diot, eta beti sentitu dut halako sosegu eza bertako idazkiei denbora gehiago eman ez izanagatik, zenbait katalogo aztertu izan arren, eta hainbeste euskaldun bertatik igarota (Lope de Isasti, Pedro de Axular, Manuel de Larramendi... aktetan ageri diren eran) hain gutxi gelditu izanagatik. Egia da mereziko lukeela egun batzuk Salamancan bakarrik pasatzea eta unibertsitateko artxiboa eta liburutegia sakon arakatzea, edo bederen pixka bat, baina zer egingo dugu, ikerle gazteentzat badago lanik, eta utzi egin beharko zaie, noski... Oroitzen naiz nola Telletxea Idigorasek artxiboei eta ikerketei buruz hitzaldi bat eman zigunean, euskararekikoak ez zitzaizkiola ia batere arduratzen eta hainbeste eskuizkribu plazaratu dituenak euskarazkoa Lagandara jesuitaren Gabon Kantak argitaratu duela soilik.

Bazkaria: bi kaña, salmorejo pixka bat, olagarroa birentzat, izozki-bola bana eta kafea, dena 43,50 euro. Barrenean, mahai arrunt batean. Garestia iruditzen zait. Salamancan nire gazte-garaian hamabost pezeta, hamar euro zentimo balio zuen bazkariak. Estudianteak eta abelzainak ziren ekonomiaren sustatzaileak; gaur egun, ordea, turismoa; eta lehen itxita zeuden komentuak orain irekita daude, beren egoitzak, joia preziatu haiek, eta sarreratxo baten truke erakusten dizkigute. Baina Donostian ere gauza bera ari da gertatzen turismoarekin, zeren eta lehen abuztua bakarrik zena, orain ia urte osoa bilakatu bide da bisitarien hiria, komertzianteen pozerako eta hiritar arrunten poltsikoen kalterako.

Maiatzak 18.

Hotela ordaindu eta gosari ttiki bat egindakoan hegoalderantz zuzendu dugu arruta. Lehenik Béjar mendikateko magalean dagoen Candelario herrian gelditzen gara, Río Cuerpo de Hombre, eta Río del Barquillo izen politak daramatzaten erreken gaineko zubietatik igaro ondoren. Natura bere onenean dago eta bidexka batzuetatik itzulitxo bat egiten dugu inguruan, gazte-garaiko mendi-ibilerak oroituz eta erosten ditugu olioa, eztia eta txorizoa.

Plasencian gelditzen gara hiria ezagutzera eta bertako katedral zaharreko kalostra zistertarren erakoa dena begiztatu dugu. Honen zutabeen harri-irudiak miresgarriak, deabrua arimak infernuan sartzen, XIII. mendeko Santa María La Blancaren irudi gotikoarekin, eta beste. Eta bertatik sartzen ahal da estilo erromaniko-gotikoan eragin bizantziar eta ekialdekoak dituen San Pabloren kaperara. Gero monumentu ederrez horniturik den hiri honetako plazara joan gara eta aldamenean dagoen Café Toreron otordu apal eta era berean gozoa egin dugu mostradore ondoko mahaitxo batean, bertaratzen den jende fina eta ongi hezi eta dotore jantziaz erreparatuz. Gero La Vera deitu paraje berdeetarik joan gara Yusteko monasterioa ikustera. Errenazimentu garaian eraiki erretiro honetan pasatu zituen azken egunak Karlos Bosgarrenak, abdikazioaren ondoren, gota hezueriak jota, 1558an Heriok berekin eraman arte. Leku benetan baketsu, apartatu eta isila. Ondoren, Cuacos de Yusteren sarreran ikusi dugu agure bat gereziak saltzen. Erosi diogu multzo parea eta pixka bat berarekin hitz egin ondoren, eta bere familiaren gorabehera ia guztiak laburtuta entzundakoan, Candeledara iritsi gara, non zain ditugun Fini eta Ramon. Afalaurretik solas ederrean iragan dugu ibilalditxoa, hala nola lotara joan aurreko uneak.

Maiatzak 19.

Astelehena. Naturaren erdian, txorien kantek esnatzen zaituztelarik, eguzkiak zuzen-zuzen atarian jotzen duela, 30 graduak ostertzetik gora eta lautada zabala bistaurrean nago egun berriari agurra ematen, Marga prestatzen ari den bitartean, Ramon ordenagailuan jo eta ke goizero ohi bezala eta Fini gosariaz arduratuz. Ni dagoeneko dutxatu, bizarra moztu eta etxe atariko mahaian, kanpoan nago ohar hauek idazten. Tito zakurra erne dabil batera eta bestera, belardiaren freskuraz gozatzen, mementu honetan etzanda, baina belarriak tente. Txori mota ezberdinen sinfoniak goiza alegeratzen dute kantu ezberdinen kontzertu ederrez. Atariko zutabeetan zehar huntz berdeiluna, arrosa xuri batzuk, belar ebakiak eta inguruko lastoek usain lurtar, gozo eta sarkorrez janzten eta apaintzen dute ingurua. Almanzor mendi tontorra atzo garbi-garbi ostertzean ageri zena, gaur laino gris-urdinxkaraz inguratua dago, txapel argiz jantzia bailitzan. Hemengo patxada eta isiltasuna ez dira nolanahikoak. Margak prestatzen jarraitzen du, Ramonek ordenagailuan eta Finik gosariarekin. Laranja, fruta eta atzoko gereziak, ogi xerra berotu olioztatuak eta tea. Eta bagoazke inguruak ezagutzera. Eguraldia gero eta ilunagoa ari zaigu jartzen, eta aroa freskatzen hasi da.

Marga eta biok Gredosko mendikatearen oinetan dagoen Arenas de San Pedroko Plaza de las Víctimas deitu kafetegian hartzen dugu goizerdiko kafea. Oreinari, orkatzari edo basauntzari eskaini harrizko monumetu modernoa ikusi eta handik Guisando herrian sartzen gara; batez ere betonen garaiko –Kristo aurretikako I. mendekoak–, harrizko zezen multzoagatik da famatua. Ordu eta erdi eman dugu mendian gora eta ateri mantendu da eguratsa. Fini eta Ramoni deitzen diegu baina badirudi inguru hauetan ez dagoela estaldurarik. Beraz, erabakitzen dugu Camping Los Galayoseko ostatuan bazkaltzea, non beheko sua piztuta baitago. Dena on-ona: otapurrak (migas) eta okela bereziki.

Maiatzak 20.

Tito etzanda eguzkitan. Txiki Finiren besoetan, hau garrapata aluitak eta soroetako belar puntaduntxoak kentzen saiatuz. Txoriak bazter guztietan kantari. Eguraldia ezin hobea. Almanzor lainopean halere. Ramonek dio garai batean galtzontzilo zetazkoak eta kolorezkoak erabiltzen zituela eta hori nire biografia honetan idatz dezadan nahi duela. Hau bai dela adar-jotzea!

Maiatzak 21.

Gaur Marga eta biok Oropesara joan gara eta herritik itzuliño bat egin ondoren, Parador-era igo gara. Hamaiketan irekitzen dute, baina hamar gutxitan sala eder batean kafesnea eta kruasana atera digute. Emakume heldu bat, berrogeita hamar urte ingurukoa, bere ordenagailuarekin eseri da inguruan eta Margak ere atera du bere tableta. Jubilatu antza daukaten beste lau andre sartu dira, oraindik aski gordinak eta umorerik falta ez zaienak. El País irakurtzen dugu musika goxo eta apal bat entzuten den bitartean. Oropesako paradore hau izan da astialdi honetan gehien gustatu izan zaidana. Lasai eta patxadan egon zaitezke bertan, inork molestatu gabe, bake santuan, eta epel-epel kanpoan hotz galanta egiten duen bitartean. Wifi zone delakoan gaude eta Marga inguruneko herriei buruzko kontsultak egiten ari da. Oropesatik irteterakoan, gasolindegian, mapa bat erosi dugu eta Lagarterarantz abiatu. Joan gara El Tajo ibaiaren ondoan dagoen Villafranca de El Puente del Arzobispo zeramika-lantegia duen herrixkaraino. Pedro Tenorio artzapezpikuaren eskultura agurtu eta handik berriro paradorera itzuli gara bazkaltzera. Leiho ondoko mahai batean eseri eta ikusi dugu benetan modu ikusgarrian, nola zetorren menditik hodeia bere euri kargarekin eta lautada osoa nola bereganatzen zuen ongi asko ondu ehiza jaten genuen bitartean. Naturaren ikuskizunaren kontenplazioa, laino multzoa zaldi-tropa grisaren antzera inguruaz nola jabetzen den ikustea miresgarria da.

Maiatzak 22.

Nuestra Señora de Chilla bisitatzera goaz. Hertsidura batetik gora goaz gaztainondo, lizar, haltz eta haritz artean doan bidetik. Iritsi eta beribiletik irteterakoan panoramika benetan ederra ikusten dugu. Ama Birjin hau Tiétar haranean debozio handia dioten imajina da, XVIII. mendean egina eta zeramika irudikatuen bitartez kontatzen da egin omen zuen miraria, hots, nola artzain gaztetxo batek lortu zuen hil zitzaion ahuntxoa berpiztea Ama Birjinari otoitz eginez, inguruetako laborarien miresgarri zedin. Aldameneko etxean zeuden gazteekin berriketan hasi gara, eta jaten ari ziren tortilla puxka bat eskaini digute. Eskerrak eman, eta bagoaz Ávilako herrixka hauetarik beste ibilaldi bat egitera. Haritzak, pikuak, olibondoak, gereziak, gaztainak, orotarik bada lur aberats eta egurats garbi honetan. Herrian erosi ditugun ardo beltz botila parea, Protos eta Yllera bana eramaten ditugu Finik amultsuki prestatu digun bazkarirako.

Maiatzak 23.

Gaur ostirala da. Txukun-txukun utzi erabili dugun gela eta bainua, eta igandeaz geroztik egun batzuk konpainia ezin hobean igarota, gosaldu ondoren etxaldera abiatzen gara, Finik eta Ramonek igandera arte bertan gelditzeko asmoa baitute, eta zakurren morrontza. Silosen gau bat igarotzeko asmoa dugu, eta bidean, Segovian atseden hartuko dugu. Goizerdian igaro gara El Parador de Gredosetik eta bertan kafesne beroa irentsi dugu. Kanpoan lau gradu. 1935ean erregimen errepublikanoaren kontra bertan bildu ziren falangistak, eta gaur ia ez dabil inor paraje hotz eta memoria tristeko hauetatik.

Segoviako kaleetatik paseatutakoan, Bernardino etxean txerritxo errea probatzea erabakitzen dugu, cochinillo. Aldamenean, japoniar batzuk fotografiak ateratzen eten gabe eta jesuita itxurako gizon adindun bat emazte dotore eta haren alabarekin, eskubide kontuez mintzatzen. Bapo gelditu gara, eta gauden mahaitik mendi elurtuak ikus daitezke oraindik. Urtzik deitu dit, eta korreoa tabletean begiratu dut. Ez dago deus urgentziazkorik.

Silosera iritsi eta ia inor ez dabil kalean. Badirudi, ostatu bateko iragarkiak dioenez, autobusez PPk antolaturiko mitin batera joanak direla herritar gehientsuenak. Lauzpabost pertsona eta gu, aldiz, fraideek kantatzen dituzten bezperak entzutera sartu gara. Kalostra, Santo Domingoren hilobia, kapitel miresgarriak, kipres ospetsua, Enhiesto surtidor de sombra y sueño / que acongojas al cielo con tu lanza... , Gerardo Diegoren hitzetan. Ostatura erretiratu gara. Biharamun goizean Yeclako mendi-haitzartetik gabiltza airean harkaitz goren artean dabiltzalarik putre hegalari handiak. Joan-etorria oinez egin eta etxera, kanpoan jada denbora aski daramagu eta... 

Maiatzak 31.

Promoción 1964 dio gonbidapenak, eta urtarrilean Sansinenea ikaskide zaharrak bere gutunean zioen bezala, Lagun eta ikaskide ohi maiteak. Dakizutenez aurten 50 urte beteko dirala Jesuiten kolegioa utzi genuenetik. Hori dela ta merezi duen bezela ospatu beharko genukeela ba-tzuei iruditu zaigu... Geroago Araluzek Kontxako pasealekuan topatu eta gogorarazi zidan eta zalantza batzuen ondoren, joan ez joan, aspaldiko zenbait adiskide agurtzeko eta zenbait gertakizun oroitarazteko aukera aparta zenez, baiezkoa eman nuen. Bazkaria Urgullpean eta Santa Mariaren gibelean dagoen Gastronomikan. Beraz, hantxe agertu nintzen jesuiten patioko atzeko aldean: Juan José Solozabal, garai batean kolegioko printzea izan zena eta egun Cuadernos de Alzate, revista vasca de la cultura y las ideaseko zuzendaria, Andrés de Blas UNEDeko lankidea, Ramon Urkizu mediku kirurgilaria, Pedro Irure, José Ramón Cámara –Josean Gurrutxagaren adiskide onaren heriotzaren berri tamalgarria eman didana–, Andoni Sagarna euskaltzaina, Abad pintorea, Berridi ardo-errepresentantea, Matheu, bazkari garaian bere betiko txiste erriberako kutsu usaindunekin aski astuna... Bazkalondoan oroigarriak jaso ondoren eta gin-tonica Atarin berriketa animatuan, etxeratu egin naiz, gaur egun liderrak falta direla dioenaren afari-gonbidapenari ezezkoa emanez. Egia esan, urte bat bakarrik igaro bainuen beraiekin Preu eginez, eta ez nuen urteen poderioz gaztaroan egiten den halako adiskidetasun sakonik inorekin.

Ekainak 4.

Aspaldian abandonatuxea daukadan koadernoa berrartu dut, eta ohartzen naiz bertan jaso ditudan oharrez. Refranes y Sentencias... 1596koa ez bazuen Garibaik idatzi, edota errefrau guztiak berak bilduak ez baziren, Memorias... delakoetan aipatzen duen bere osaba Jorge Martinez de Urrupain (Arrasate, 109-1567) ote zitekeen biltzailea? Agian, zeren eta bere sorterriko alkate izan zen Garibairen osaba honek bidaia anitz egin baitzituen Bretainia eta Flandriatik eta hizkuntzak ongi menderatzen baitzituen, hala nola, euskara, gaztelania, latina, eta frantsesa bederen, eta ezagunak zituzkeen Erasmoren Adagia ospetsuak.

Badut beste ohar bat Mondragoeko historiaren batean konprobatu beharko nukeena, eta da Cuencako kanonigoa zen Pedro Markinak, Garibaik 1575eko gutun batean dioenez, sei mila marabedi utzi zituela maisu batek igande eta festetan bazkalondoan elizan la doctrina cristia-na en romance y bascuence eman zezan... Zein dotrinaz baliatuko ziren? Oroitzen naizelarik nire haur garaian gauza bera egiten genuela Lezon, tradizio oso zaharra behar zuen izan... Ekainak 20.

Duela bi egun jakin dut zeintzuk izango diren Eusko Ikaskuntzak eta Euskadiko Kutxa Laboralak Humanitate, Kultura, Arte eta Zientzia Sozialen alorrean curriculum seinalatuenen sariak jasoko dituztenak, alegia, Maria Asun Landa eta Jean Baptiste Orpustan. Honi zorionak emanez gutuntxo bat bidali diot esanez aspaldidanik zeukala merezia, berehala erantzun didalarik [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 54)] esanez, berak ez duela gudukatu, ez jokatu dema horretan. Halaber aipatzen dit nola laster Prousten II-a agertuko den.

Ekainak 23.

Cervera del Pisuergan gaude Mikel, Mila, Marga eta laurok, Hotel Peñalabran. Goizeko seiak eta berrogeita hiru minutu. Mikelen zain nago beribilez Europako Pikoetara joateko eta bertako mendiez gozatu ahal izateko. Teilatu gainean ilargi behera, zilarrezko gondola fin-fina bailitzan. Errotatxoriak txio-txioka goiz-albari kantari. Zerua oskarbi, hodei xurixtak eta morexkak ostertzaren behealdean soilik. Gosaldu eta Vidrierasera iritsitakoan, Mikel ohartu da motxila ahaztu zaiola hotelean. Dena den, ekin diogu Curavacas magaletik gora doan bideari, Cabriles erreka urkiz eta pagoz inguratua eskuinean daramagula. Otadiz eta gisastiz inguratuak belardi goxo batean aurrera harralde piko, zatar, harri-kozkor arriskutsura iritsi arte. Halere, beti gorantz. Une batean, bi ordu pasatuxeak eginak ditugunean, eta zaila egiten zaidanean harri tartean ibiltzea, eta malda pikoa egiten denean, alto egiten dut. Uzten diot Mikeli nire motxila, ura eta barritekin eta itzalune batean gelditzen naiz zain. Ekaitza baletor, jaisteko nire kasa, eta hiruretarako ez bada bueltan, berdin, dena den ez duela uste bi ordu eta erdi baino gehiago iraungo duenik gailurra zanpatu eta itzuleran. Ordu eta erdi gorakoan eta ordu bete beherakoan. Etzan naiz une batez zerura begira. Hau da hau lasaitasuna eta bakea! Erreaziozko hegazkinek lerro xuriak margotzen dituzte zeruan. Mugikorrak ez duela behera jaitsi arte funtzionatuko uste dut.

Atxagaren Nevadako Egunak irakurtzen jarraitzen dut, baina laster aspertzen naiz; hobe dudala mendien ikuskizunaz ase, gogoetatzen dut. Mendiak hori du arriskua, gailurra bertan dagoela pentsatzen duzula eta muino baten puntara iristen zarenean, beste bat agertzen zaizula gorago... Eguratsak bere onean jarraituko duela dirudi. Hamabi eta erdiak dira eta Mikeli itxoiten nago, atxoiten berak aresoarrez esaten duen eran. Laster jaisten ikusiko dudalakoan nago. Ea bada, lainoak eta ekaitza iritsi baino lehenago den. Atxoiteko esan dit, baina dagoeneko aspertzen hasi naiz atxoitez eta polliki-polliki mendian behera banoa. Laster ikusten dut urrun, oso urrun, badatorrela beherantz. Miru eta txori harrapariak badabiltza hegan haizearen konpasean. Vidrierosera iristen garenean, Mila eta Marga zain dauzkagu elkarrekin bazkaltzeko prest. Mikeli aurpegian nabaritzen zaio egin duen esfortzua, baina baita poza ere, behin berriro bere buruari frogatu diolako gai dela mendi zailak gainditzeko. San Juan bezpera denez, afalaurretik paseatzera atera gara herritik eta sutarako prestatu dutena ikusi. Meta bat makal-azal pilaz osatua eta puntan emakume baten irudia ezkontza eguneko jantzi zuriz beztitua. Pareta batean itsasita kartela ikusi dugunez, suak hamabietan hasiko direla irargartzen, bertako Asamblea de Mujeresek sinaturikoa, pentsatzen dugu erreko dutena sorgina bailitzan, andere ezkonduaren morrontza eta esklabotasuna dela, eta ez garai batean gure herrietan egin ohi zen bezala, gaitz guztien uxatzeko zeremonia, eta San Juanen doinua kantatzen ere ikasi genuela dotrinan. Entzun gizona, en-tzun herriak, San Juanen dohai harrigarriak, amagan zinala... Ekainak 24.

Zortzi eta erdietan gosaldu dugu Peñalabra ostatuan, eta izen bereko mendirantz irten gara. Hodeiek inguratu dute mendi gailurra eta ez gara ausartzen, laurak baikoaz, Mikelen haserrearekin abiatzera gorantz, eta zezen, xahal, behi, behor eta zaldien artean soroetan zehar baikabiltza. Hiru orduko ibilaldia buruturik, gutxitxo Mieltxorentzat, Santa Gudara iritsi gara, bertako ermita erromanikoa kontenplatzera eta ondoren bertako tabernan bazkaltzera. Entsalada, Frai Bartolomeren hitzetan gatzozpindua, eta arkumea. Ez bata, ez bestea ez daude oso arruntak baizik. Mikelek belar-txupitoa irentsi du, baina Margak eta biok ezpainak busti egin ditugu bakarrik, gasolina gustu aski nardagarria baitu arruntki eskaintzen dizutenean un chupito de hierbas... Siesta, Bernardoren liburua eskuetatik erortzen zait, ez baitzaizkit haurren kontuak interesatzen gehiegi... Gauean berriz oreinak ikustera atera gara eta Paradorearen inguruetako parajeetan talde ederrak ikusten ditugu jauzika errekalderantz.

Ekainak 25.

Gaur Espigüeterantz jotzea erabaki dugu Mikel eta biok. Zortziak eta hogei minutuetan Cardena de Abajoko parkingean utzi dugu beribila. Botak jantzi, motxila hartu bizkarrean eta bagoaz gorantz. Bederatziak eta laurdenetan errefujioan gaude. Bertako mahai zaharra inskripzioz beteta dago. Tximinia itzalita. Arasa batean gatza gelditzen da eta beste zerbait. Mikelek dioenez, lehen muinora, colladora, hots, lepora iristen ordu bat igaroko du, eta hamabietako goian egoteko esperantza, asmoa dauka. Beno, nik ez dut gailurrik egin behar, eta saiatuko naiz inguruetara iristen eta fotografia batzuk ateratzen. Harkaitz tartean egin dut gora, baina lehen elurtegiak zanpaturik, behera jotzen dut, eta ur jauzia dagoen lekura noakizu, bertan bainatzen naizelarik larru-hutsik lipar batez soilik, zeren eta ura jelatuta jaisten baita... Goardia zibilaren Land Rover-arekin gurutzatu naiz behera bidean, eta ur-jauzirantz zihoan bikote gazte batekin. Neskak bizkar eta lepondoan gero eta maizago ikusten diren tatuaje horietakoa zeukan, herensuge antzeko baten irudia. Parkingeko ohol berriemailean honako oharrak ageri dira: Espigüete 2.450 m. Parque Natural. Senda de Magobre... Ordu bi eta erdietan iritsi da Mikel, aldapa pikotik behera.

–Ze, Espigüete zanpatu al duk?

–Ez. Ordu erdi bat faltako zitzaidaan baina iritsi nauk leku batera non airezko pausua zegoan, eta salto egin behar nian elurtegira, baina hau urtzen zihoanez eta azpitik erreka baitzerion, ez nauk ausartu jauzi egitera. Begiratu diat hemendik eta handik pasatzerik ba ote zegoan, baina atzera egin diat.

–Ongi egin duk, Mikel, eman zak egina duala eta kito, ez dik merezi arriskurik hartzea. Zer moduz iritsi haiz haraino?

–Erraz. Lepora liburuak esaten dian bezala iritsi nauk. Berrogeita hamar minutuan.

Mikelek bere garbiketak, lehenago neronek bezala egin ditu, eta ikusi diot eskuin oineko behatz lodia more-more daukala, eta galdetu diodanean erantzun dit aldapa behera zetorrela erori egin dela Curavacasen, zainduko duela eta sendatuko zaiola Pirinioetara joan aurretik.

Arratsaldean, Burgosen Monasterio de las Huelgasen egin dugu parada. Ikusi eta entzun dugu gidariak zioena, bai gaztelaniaz, bai eta italieraz, autobus bat etorri baita italiarrez betea. Bazen hauetariko atso bat haserre bizian zegoena ezin zuelako fotografiarik atera, kanpoan kantari zebiltzan uccelliniei bakarrik. Autopistatik irten eta Briviescan gelditu gara bazkaltzera. Aparkatzen dudan bitartean, ez baitago erraz, Marga eta Mila zerbait erostera jaitsi dira. Laurok nahiko ongi prestatua zegoen lapina jan dugu. Etxeratutakoan gauzak utzi, dutxatu, arropaz aldatu eta Donostian barrena berriro paseatzera. La Espigan egiten dugu gure afaritxoa. Bi platerxka salmorejo eta xapo erdi bana biontzat. Ezin hobea basoerdi pare batekin.

Ekainak 26.

Gosaldu ondoren, Marga Kapitania Jeneralera joan da denboraleak batelikoa hondatu zigunez geroztik, paperak egin eta egin baitabil oraindik. Gaur etorriko zaigu Bermeotik Natxo Kuku bezala bataiatu dugun batel berriarekin, aitak zeukanaren oroigarri. Iritsi dira eta uretaratu dugu, gero arraunean estrobu kaxkar batzuekin eraman dut dagokion lekura, hau da, Deba pantalanera.

Ekainak 29.

Marikrutxek deitu dit eta esan dit Manueltxo Etxandi hil dela. Nire monagillokidea, pelotan aurreko kidea, gremioen eta kintoen bazkarietako kidea, adiskide ona, gazterik joan zaigu. Benetan zirrara handia egin dit, eta oroitarazi batzuk lehenago, beste batzuk beranduago, baina bizitzak hori duela, heriotza zor.

Uztailak 10.

Pirinioetan egun batzuk igarotzeko asmoz, Marga eta biok goizeko hamarretan irten gara Donostiatik. Hendaian hamaiketan Jon koinatuarekin berriketa labur bat izan dugu eta mendiko bota batzuk oparitu dizkit. Beti bezala dago, fundamentu gutxirekin eta hezurretan, argala baino argalago. Telefonoz, orain ohartu bainaiz ezina izango zaidala larunbatean lagunen afarian egotea, Patxi eta Fermini barkazioa eskatzen diet. Dena den, hurrengoan ez dudala kale egingo, sin falta izango naizela, esaten diet. La Seu d´Urgellera iritsi eta handik bost kilometrora hartu dugu gaua igarotzeko gela Anserallen basetxe horietako batean. Balkoia eta terrazatxo bat soroetara begira du gure gelak. Etxekoandrea guztiz ederra benetan. Ikusten zaio mendizale itxura duela eta goi mendietako eguzkiak beltxaranduta dagoela, fina, gihartsua eta atsegina oso. Eliza bisitatzeko ere utzi dizkigu giltzak. Afaltzera La Seura joan gara, eta etxekoekin mobilez hitz egin ondoren, Hotel Andriak daukan terrazan afaldu dugu, benetan jan-edan onak eta zerbitzua primerakoa.

Uztailak 11.

Goizean Sant Serni de Tavèrnoles beneditarren monasterio abandonatua barrenetik ikusi ahal izan dugu, eta bagoaz Odeilloko bidean Ipar Kataluniarantz, Llívian gelditzen garelarik bazkaltzera. Esan dezakegu Gironakoa izanik Iparraldean dagoen herria dela, herri hauetariko batek Ur izena duelarik. Bitxia, benetan. Honaino iristen ote da euskal toponimia? Entsalada eder bat patio pollitean, bi postre eta ardo zuri on bana, kafea eta aire. Parte zaharrak interesa du, baina eskiarentzat eginikoak batere ez. Gure Odeilloko baserrira iritsi gara, Via igaro eta Font-Romeuko arrutan. Les Cariolettes du izena Francis nagusiak zuzentzen duen masia berritu honek. Alaia da eta apartamentuko giltzak pasatu dizkigu. Telebista, frigorifikoa, mahai zabal bat begien aurrean mendietako ikuspegi miresgarria ageri delarik... Beribiletik pisura beharrezko gauzak eraman, eta paseotxo baten ondoren, ostatu zahar batean, La Chouette izenekoan, afaltzen dugu, trinxat delakoa, hau da, aza, patatak eta xerra urdai-hirugiharraz, eta gero inoiz faltatzen ez den krema katalana. Altuera honetan hotz egiten du, ez dena harritzekoa, mila eta zazpi ehun metrotara baikaude.

Uztailak 13.

Balkoian nago mendiei beha. Zortziak eta laurden dira, eta pixka bat itxoiten, zortzi eta erdietan hasten baitira gosaria ematen. Bi emakume mendigoizale pasatzen dira etxe aurretik, bi makilak, mendi-arropa eta motxila bizkarrean, gailurren bat egiteko asmoz. Gu gara alferrenak, dio Margak, eta ez zaio batere arrazoirik falta. Ikusiko dugu zein ordutan jartzen garen martxan... Hori bai, egun osoa dugu aurretik eta ogitartekoak prestatu beharko ditugu flakiak har ez gaitzan mendian.

Hamabiak eta berrogeita bi minutu. Einako parke naturalean gabiltza erreka zaratatsuaren eskuinaldetik. Koadernotxoa hartu eta ohar batzuk zirriborratzen ditut, Marga atzean gelditu baita lore batzuei fotografiak ateratzen: orkideak, ostaiskak eta beste. Bi neska gazte igaro dira isil-isilik beherantz gailurra zanpatu eta gero. Itzalean nago, pinu handi baten abaroan, eta ez du batere berorik egiten hemen. Borda zahar batera iritsi garenean, inguruan eseri gara eta jan-edanak motxilatik atera ditugu. Ordu erditxo bat egin dugu bertan eta orain beherantz bide beretik, gal ez gaitezen. Herriko eliza erromanikoari bisita labur bat egin eta Odeillora berriro atseden hartzera. Masian gelditu gara afaltzen eta badira beste zenbait mendizale gurekin. Bikote bat Verdungoa. Gizona laborari sendo eta garaia, futbolzalea denez, mundialeko finala ikustera gure apartamentura gonbidatu dut, bihar jokatzen baita: Alemania vs Argentina. Andrea emakume txiki eta atsegina guztiz, Aljerian jaioa, eta pied-noirs deitu haietakoa. Eta, jakina den bezala, hegoaldea nahiko jendeztatua zegoenez, De Gaullek iparraldera bidali zituen, kexa handirik sortu gabe.

Uztailak 14.

Festa Nazionala Frantzian. Aldameneko herrietan jaia nola ospatzen duten, ikustekoa. Hamar eta erdiak inguruan iristen gara Evolera. Eliza, gaztelua, eta orkestina ttiki bat doinuak jotzen. Alkatea bere banda txuri-urdin-gorriarekin eta udala bere inguruan, bai halaber suhiltzaileak eta musika banda: klarinetea, danborra, bonboa, eta beste, gazteenak laurogei urte bederen, La garde d'amour, Allons, enfants, de la patrie... Auzapezak bere solasa labur-labur egin du, Liberté, Égalité, Fraternité (zein ederrak egiak balira!) hirukotea goraipatuz eta badoaz denak korrika beste auzo batera betebeharra konplitzera. Etxe zahar-zahar bateko horman zintzilik eta ongi pintatua, krabelinez inguratua, eta bertako laboraria irudikatuaren ondoan: Aqui viu un català. Evoletik Pradesera. Sarreran izen frantsesa ezabatu dute eta katalana ezarri: Prada. Hemen ere elizaren inguruan 14ko zeremonia ospatzen ari dira baina askoz ere arraitsuago. Armada bere soldaduak eta guzti. Soprano kaxkar batek Marseillesa bakarrik kantatu du, marionettes delako neskatila gona-motzak beren uniformeekin, gona urdin eta kapelu beltz, eta makiltxoa eskuan dantzan. Nikaraguan las palilleras deitzen diete. Jendetza ez hainbesterainokoa. Jotzen ari zirela kortau bat edan dugu, eta bukatutakoan mundu guztia bere etxera bazkaltzera. Gu Canigòpean dagoen Sant Miquel de Cuixàko beneditarren monasteriora igo gara. Itxita dagoenez, eta bisita-ordua beranduago denez, Taurinyara joan gara oinez. Han bazkaldu eta itzultzean ikusten dugu kalostra, benetan ederra; baina hango harrizko zenbait zutabe irudikatu Nueva Yorkeko The Clois-ter museoan daude. Eta zenbat ondare artistiko ez ote dute bereganatu amerikarrek fraide pobre batzuengandik sos batzuen truke, mendeetako herrien artelanak lekuz aldatuz eta etorkikoak hustuz? Lehenik Tourra ikusi dugu, Contador erretiratu egin dela, eta gero futboleko finala, zeina alemanek irabazi baitute bat eta huts. Gauean Font-Romeuko su artifizialen soinuak entzuten ditugu punpa eta panpa.

Uztailak 15.

Puitgcerdara joan gara Lorazepan lo eginarazteko pastillen bila. Farmazian ospitalera bidali naute. Azkenean historial berria ireki eta hementxe nago zain. Bada jendea kexu, berant eta atzeraturik dabilelako medikua. Kritikariak gaztelaniaz mintzo dira. Badirudi errezeta batengatik goiz osoa galdu behar dugula, La Seun une egokian ez sartzeagatik farmazia batean... Azkenean ematen didate errezeta oso modu adeitsuan, eta kitto. Plazan musika taldea kantu eta musikari katalanak ari da interpretatzen. Herrian zehar eta laku ingurutik itzuli eder bat egiten dugu, zerbait bazkaldu eta buelta Odeillora.

Ilunabarrean Font-Romeuko Nôtre Dame de L'Ermitage kaperan ematen duten kontzertura joan gara. Bederatzietan da. Rémi Geniet gaztea pianoan eta beste bi musikari gazte, Mozart, Devienne, Cimarosa, Gyrowetz... interpretatzen zuzendari zahar batekin. Kaperatxo honetako erretaula barrokoa da, Joseph Sunyer-en maisulana, 1704 eta 1707 artean moldatua, eta Félix Escribak urreztatu eta polikromatua, aingeru bilutsez betea eta Ama Birjinaren irudia erdian daukana. Bertako hormak koadroz eta ex-votoz beterik daude. Jendea banku gogorretan eserita, isil-isilik dago. Adin guztietako entzuleak. Familia osoak. Bikote zahar eta gazteak. Musika oso alaia da eta agian ozenegi jotzen dute. Memento batez nire aldameneko neska atera egin da mutilarekin Cimarosaren pieza bukatutakoan, eta atean bertan minzuriak jota zerraldo lurrera erori da, inguruetako jende guztia urduri geratu delarik. Mediku bat agertu da, begiratu du ongi eta pasatu zaionean eta konortea berriro errekuperatu duenean, elizatxotik bere lagunarekin alde egin du eta kontzertuak jarraitu du.

Uztailak 16.

Ama Birjina Karmengoaren eguna. Dorres herrian utzi dugu beribila eta bertatik ikusten den ermitatxo bateraino igo gara. Hau 1.685 metrotan dago kokatua eta Santa Maria del Bell-Loc deitzen da. Sartzen gara barrena eta itzalean oso atsegin gaude, gero atzera giltza bere lekuan utzi eta bista ezin ederragoaz gozatu dugu, urrunera iristen baita. Jaitsi gara herrira eta erromatarren bainutegirako gogorik ez daukagunez, bertako hotel-restaurante batean bazkaltzen dugu, platanondo batzuen itzalean, zerbeza batera gonbidatzen gaituelarik irakaskuntzan izandako Bartzelonako mutiltzar katalan batek. Gero Col de Jussiel, hots, izen hori daukan lepotik barrena itzultzen gara. Batera eta bestera bila ibili eta lehengo eguneko leku berean afaldu dugu: La Chouetten, nonbait hontz ugari ibiliko ziren eliza dorrearen inguruan. Cazes aldeko ardoarekin, Canon du Marechal xumearekin ez baitu zarata handirik ateratzen, eskalibada, eta artzainen mixtura, cerdaniflette delako postrearekin. Antzinako kozina katalana.

Uztailak 17.

Azken eguna masia honetako apartamentuan. Francis nagusiak bere bizitza kontatu digu laburki gosarian. Zenbait hiri handitan bizi eta gero, Paris, Londres, bere lekua naturaren erdian zegoela erabaki zuela, eta bere lagunarekin erabaki zutela Odeillon gelditzea eta etxe zahar hura antolatzea eta txukun-txukun uztea, zenbait denbora eta diru xahuarazi dizkiona, noski. Baina gustura dago joaten zaizkion bezeroei mendietako kontuak kontatuz, zeren eta askoz ere gogokoago du hau, eta ez hirian bizi, je n'aime pas les villes, dio. Oso gizon zintzoa, eta atleta dirudi. Lakuak bisitatzera goaz, gaur busa hartuz. Les Bouillouses lakuan, bi mila metroko altueran dauden paraje ezin ederrago hauetan zehar ibili ondoren, Auberge du Carliten ebaki bat txokolate zatitxo batekin hartuz errekuperatzen gara.

Uztailak 18.

Etxeratzeko tenorea. Benetan harri eta zur, txundituta nago paraje hauen ederrarekin. Mendi gorak, loreak, errekak, txoriak, ermitak. Egurats eta aroaren araztasunarekin, eta gogoratzen hasi eta ohartu naiz neuronak hobekixeago funtzionatzen hasi zaizkidala, memoria hobetzen detailez betez eta gaztetako pasadizoak hona ekartzeko gero eta azkartasun handiagoz burutzen ditudala. Erabaki dugu Donostiara itzultzeko hobe dugula Frantzian barrena egitea: Foix, Tarbes, Pabe, Baiona... Irailak 6.

Lizarrako lurraldeetan barrena, tierraestellatik beraz, Goio Monreal gidari eta cicerone bikain, Fini, Marga, Ramon eta neroni. Goizeko zortzietan Astoria hotelaren aurrean elkartzekotan gelditu gara, eta bagoaz laurok Fini txofer-lanetan, mendira joango baikinen. Zizurreko gasolindegian gelditu gara bederatzietarako, eta bertan gaude Goio ager dadin zain. Herrirantz oinez goazelarik ikusten dugu karreteraren beste aldetik tutua jotzen digula. Gure beribila parkingean utzi ondoren, bagoaz bostak Goioren kotxe berrian, lehenik Gazolazeko Eliza erromanikoa ikustera. Herria festetan dago eta banderatxoak zintzilik ikusten dira bazterretan. Elizaren ataria, benetan ikusgarria, XIII. mendean eraikia, San Juango Ordenakoen arkitektoek moldatua, litekeelarik Pedro Ximénez de Gazólaz izatea eragilea. Euskarrietan harri koloreztatuz zizelkaturik irudi zenbait, tartean zezen bat, lehoia gizona iresten ahoan daukala, Judasen musu traidorea eta Doneztebe martiriaren harrikatzea. Korua eta sakristia Mikel Azkaratek XVI. mendean jaso zituen, eta erretaula nagusia 1641ean Martin Etxeberriak egina da eta Migel Armendarizek urreztatua. Ederrak guztiz.

Handik Monjardingo gaztelura. Herritik igaro eta kaskoraino ziztu bizian igotzen gara bideko zuloak eta errekatxoek utzitako ildoak batere kontuan hartu gabe. Goiok kontatzen digu xit ongi Nafarroako Erresumaren historia, paisaian mendilerroek markatzen dituztela non zeuden mugak, eta noraino iritsi ziren erromatarrak eta mairuak. Halaber, aipatzen digu zenbait erregeren hilobi ere gertatu zela gaztelua. Historia-solasa une batez eten eta kotxetik botila bat ardo, ogia, txorizoa eta urdaiazpikoa ateratzen ditu eta primerako hamaiketakoa egiten dugu, Nafarroaren historiaz polliki jabetzen garelarik, hainbeste datu historiko eta hainbeste xehetasun laster ahantziko zaizkigula jakin arren.

Monjardindik jaitsi eta Iratxeko komentua bisitatzera abiatzen gara, non sortu baitzen, antza, Santiago Bideko lehen ospitalea, Iruñea-Naiarako errege zen Garzia-Santxez III.aren aginduz. Unibertsitatea izatera iritsi zen komentua, XVI. mendetik XIX. mendera arte. Bertan izan zuten karlistek beren odol-ospitalea; gero komentu izan zen eta, hura ixtean, paradore bilakatu. Bisitatzen dugun bitartean, errege izan nahi duen azken karlista frantsesarekin izan dituen harremanak kontatzen dizkigu.

Azkenik San Andres apostoluari eskainitako Leartzako ermita ikustera eramaten gaitu. Balirudike Toscanako jauregi eta lurraldeetan barrena gabiltzala. Noble ospetsu baten egoitzan. Goiok bertako zaindari herrenari elizaren giltza eskatzen dio, eta badaukagu geuk bakarrik ikusteko ohorea eta plazera. Eskailerak eta ataria XVIII. mendekoak. Eta barnean, San Andresez aparte, San Sebastian bat geziz zulatua, eta landare-apaindura zistertarrak. Argazki batzuk ateratzen ditut. Pribatua denez, oso gutxitan irekitzen omen da. Horregatik kontserbatzen da ere hain aratz. Belar gaiztoz inguraturiko kaperatxoa da, eta ia inoiz irekitzen ez denari itzulia eman eta giltzak bueltatu ondoren, bagoaz denok elkarrekin ilunabar zoragarri honetan gure beribilaren bila. Goiok komentatzen du nola toponimo honetatik Txillardegik hartu zuen bere bigarren nobelarako izena, hots, Peru Leartzako. Bidean Gipuzkoako Fuerista liberalek Euskal Herriko historian izan zuten garrantziaz mintzo zaigu, bereziki Fermín Lasala y Collado jaunaz, eta zeukan aurreiritzia aldatzen ari zaiola.

Irailak 20.

Nazioarteko Zinema Festibaleko hiru film ikusi ditut gaur. Lehena, goizeko bederatzi eta erdietan Une nouvelle amie, François Ozonena. Bi emakume lagunen ixtorioa, biak ezkontzen dira eta batek haurra edukitzen du. Ama hiltzen denean, promesa egin bezala, besteak zainduko ditu haurra eta senarra, baina badago tartean sorpresarik. Desioa eta sexualitatea. Trabestismoa... Agian zuzendari honen obrarik kaxkarrena. Bazkalondoan, arratsaldeko lauretan, nik aspaldi ikusitako filmik hoberena, Leonardo Paduraren gidoi batean oinarritutako Laurent Cantet zuzendariaren Regreso a Itaka. Laburbilduz, hauxe da ixtorioa: Idazle bat ezin bizirik kastrismoaren hertsiduren artean, Espainiara etortzen da, baina hemen denetik egin ondoren, eta hamasei urte igarotakoan, La Habanara bueltatzea erabakitzen du. Etxe bateko terrazan, uda gau batean aspaldiko adiskideak biltzen dira, eta bakoitzak bere biziaren gorabeherak kontatzen ditu, deus ahantzi gabe, pozoina ere irauliz eta bertako zenbaiten kontrako kritikak ere boteaz. Boterearen aurkako ariketa txit interesgarria, une zirraragarri zenbaitekin. Adiskidetasunak salbatzen ditu, oroz gain, musika eta rona lagun. Eta azkena, gaueko bederatzietan Difret, etiopiarra. Zeresenay Mihariren gidoia eta zuzendaritzarekin. Gaia, hau: Addis Abeban bada emakume abokatu bat, Meaza Ashenafi izenekoa, zeinak bulego bat sortu duen defentsarik gabe diren neskatila eta andre bortxatuei edota bortizkeria sufritzen dutenei tribunaletan laguntza emateko. Poliziak eta Gobernuak trabak ezarriko dizkiote, baina hala eta guztiz ere, bere egitekoak eta tratu txarren aurkako borroka aurrera aterako du, hala nola Hirut, hamalau urteko neskatxak, eskolatik etxerako bidean bahitzaileek bortxatu zutenak, bahitzaileetako bat hiltzea lortu zuena. Gazte garaiko martxa da gaurkoa, baina egunero film bakarra ikusiz askietsi egin beharko nuke.

Irailak 22.

Francesc Massip irakasle lagunak gonbidaturik, irailaren 24tik 26ra izango den Els Balls Parlats II. Nazioarteko Kongresura noa Tarragonarantz nire testua, powerpointa prestatu ondoren, Los diálogos de satanes en el Teatro Vasco, txostenarekin. Laburtuz, honen mamia hauxe litzateke: euskal teatro-tradizioan (Acto para la Nochebuena, xaribariak, pastoralak... ) Satanak izen hauekin ageri dira: Satan, Asmodeo, Aztaroth, Bel-zebuth, Jupiter... Pastoraletan deabruek osatzen duten sataneriak ez du kantatzen, dantzatzen eta elkarrizketatzen baizik, oso modu gordinean, logikoa dena, bestalde, zeren eta kanta, harmoniaren sinboloa denez, ezin izan baitaiteke gizonari kentzen saiatzen denaren adierazgarrietarik bat. Pastoral modernoetan izenak jada aldatuxeak dira eta izanak ere bai. Su, Sutan, eta abar infernuko suarekin lotuta, eta batzuetan solasa eleanitza da... 

Satanen solasak Euskal Teatroan, powerpointean.

 

Donostiatik hamarretan irten gara. Iruñea igaro eta gasolindegi batean kafesnea eta ogi kixkurtua jan ondoren, Aingeru Epalzak Noticias de Navarran azken orrialdean euskaraz idazten duena irakurtzen dut. Tutera baino hogeita hamar kilometro lehenago, beribilaren argitxo bat pizten eta abisua ematen hasten zaigu. Hau alukeria! Pentsatzea joan den astean preseski eraman nuela Wolswagen garajera bidaia egiteko ongi ezar zezaten, eta bai, bai, lasai joan zaitezke esan zidatela, eta orain hau. Aurkitzen dugu Wolswagen garaje bat Tutera ondoan eta bertan konpontzen utzita hiribarnera goaz. Bertatik paseotxo on bat egin eta katedraleko atari miresgarria behin berriro kontenplatu ondoren, eta otordu xumea baina gozoa egindakoan, bagoaz oinez itzaletik garajeraino. Sei ordu pasatu ditu bertan beribilak eta azkenean asper-asper eginak gaudelarik, itzultzen digute beribila matxura seiehun euro kostatu zaigularik. Arratsaldea da, eta Margak ez du batere gogorik Tarragonarainoko bidea egiteko eta Lleidan gelditzen gara afaltzera eta lo egitera, hotel aski merke batean, Zeniten. Afari ona disgustuaz konpentsatzeko La Huertan. Eskalibada, barraskiloak, onddoak, bakailaoa. Dena errazio erditan ardo on baten konpainian.

Irailak 23.

Asteazkena. Atzo, bidean, El Paíseko Solanaren nazioarteko politikari buruzko artikulua irakurri genuen lehenik; zapore gazi-gozoa utzi zigun; eta gero Paduraren El hombre que amaba a los perros nobelaren lehen zatia bukatu nuen. Ramon Mercader, Leon Trotskiren hiltzailearen bizitza benetan tristea da, zeren eta Errusian ukan zuen entrenamendu fisiko eta psikologikoa ekintza burutzeko ez zen izan nolanahikoa, benetan gogorra, krudela eta pietaterik gabea baizik. Joseph Stalinek egindako krimenak, genozidioak, eta 37ko epaiketetan iraultzaileen kontrako garbiketak deskribaezinak.

Irailak 24.

Goizean goiz jaiki, ohiko txukuntze-lanak egin, gosaldu eta hotela ordaindu ondoren, bagoaz Tarragonako kostaldera. Bidean, Montblanc-en gelditzen gara. Hamaikak dira eta eliza eta kaletxoak hutsik ikusten ditugu. Eguraldiak primerakoa zirudien baina halako batean euri-zaparrada hotz batek astintzen gaitu. Ordubeteren buruan iristen gara Altafullako Yola Hotelera. Gauzak utzi, bainurako motxila hartu eta bagoaz inguruan dagoen hondartzara. Urak bero, noski, Donostiakoekin konparatuta. Margari ospitaletik deitu diote eta noduloa berriro aztertu behar diotela, hartutako mostrarekin ez baitute aski behar bezala analizatzeko. Oso jenio txarrean dago, baina atzeratu diote egun batetik besterako deia eta bainuaren ondoren lasaitu da. Hondartzako izkinan dauden txiringitoetarik batean entsalada jaten dugu eta egarria bi garagardoz kalmatzen. Ostean ibilaldi luze bat egitera ateratzen gara. Platja de la Moraraino. Bi ordu eta laurden. Fotografia zenbait ateratzen dizkiegu itsasondoan eraikitako gazteluei. Itzuli, prestatu eta herriko kaskora igotzen gara afaltzera. Karrikak, kriseiluak, eskailerak, elizak benetan Italia aldekoen antza dutenak. Les Bruxes, Sorginak deitu jatetxeko jardinean geratzen gara afaltzera. Dauzkagun jan-edanen zerrenda-hartzailea eta kozineroa alemanak, eta gauzak garraiatzen dituena mairua. Nadorreko marokoarra, handik bertan zegoen nahaste-borrasteagatik alde egina, eta hemen pozik dagoela dio, alemanen eta katalanen artean. Afaria bukatzen ari garela, udako ekaitz, uholde izugarri batek jotzen du. Ohikoa. Trumoiak, ostotsak Mikelen hiztegian, tximistak eta derrepentean zeruko ateak ireki eta hodeiek beren sabel barruak husten dituzte. Ikuskizunak ordu bat irauten du. Terrazan geunden afaltiarrak oro sartu gara taberna barrenera. Margak ez du amore ematen eta alemanek beren zerbeza edontzi galantak edaten dituzten bitartean, gaur bi zuri idorrez konformatu beharko. Ezin gau osoa bertan igaro, eta atera gara oraindik euria bortizki ari duela. Beribila aurkitu dugunerako busti-bustiak gaude, goiti-beheiti, eta kaleetatik beherantz benetako errekak jaisten ari dira rambletarik hondartzarantz, itsasorantz. Arreta handiz beribilean sartu, eta maldan behera karreteratik hotel aldera goaz edozein putzutan pulunpatzeko, hondoratzeko eta bertan geratzeko beldurrez.

Irailak 25.

Goizeko bederatziak dira, eta La Vanguardia erosi dudanez, bertako bi fotografia erreparatzen ditut. Obama eta erregea batean, eta La Mercèko parada militarra bestean, hau eta Artur Mas ageri direlarik. Tarragona hiriburura ailegatu gara, eta ematen digute gela. Harrera egileak oso azafata atseginak dira. Arantzazurekin harremanetan jartzen gara eta trenez noiz datorren esaten digu, bila joateko. Francesc Massipekin ere hitz egiten dut telefonoz eta beti bezain adeitsu erantzuten dit. Gauean autobusez eskurtsioa daukagu kongresista guztiek Reuseraino, bertako zeremonia bat ikusteko. Alde batetik eliz-atarian gelditzen diren deabruak, beren maskara eta danborrekin, dragoien suak eta zalapartak aho jigante batetik irteten direnak, eta beste aldetik, Arranoaren sartzea eliza barruan eta egiten duen dantza kontzertu baten doinuaren arabera aldare nagusiraino, Ama Birjinari agur egitearren. Buruan, hegaztien errege bezala koroa dauka jantzia. Eta tramankulu handi bat daraman garraiatzailea ere gizon puska sendoa da.

Irailak 30.

Bart gauez, Ampuria Bravako labirintoan galduta ibili ondoren, telefonoz deitu behar izan genion Karmeni gure bila etor zitezen, bestela etxaldea ez genuela topatuko eta. Gaur, eguraldia aski petrala delarik, eta mendira joateko euritsu, Margak erabakitzen du gosaldu ondoren hotela ordaindu eta etxerantz abiatzea. Gironara goaz. Han Museo de la Historia de los Judíos, juduen historiaren museoa bisitatzen dugu. Ez da lehen aldia, eta beti bezain miresgarria iruditu zait. Leku xume honetan nola kontatzen dituzten beren etorkiak, erbesteak, sufrimenduak eta nola dabiltzan munduan zehar sakabanatuak. Harri inskripziodunak, jantziak, pergaminoak, Pariseko Liburutegi Nazionalean dagoen 1373an eginiko Cresqueseko Mapamundiaren erreprodukzioa, non ageri diren Fontarrabia, Donostia, Getaria, Bermeo, Bilbao... seinalatuak. Liburuak, autodefeak, bizitza eta heriotzaren unerik garrantzitsuenak oso modu pedagokikoan aurkeztuak. Benetan miresgarria da juduek mendeetan zehar kulturarako eta jakintzarekiko eduki izan duten jaidura.

Gironan bazkaldu eta bagoaz beribilez goiko autobidetik, aitzinpiriniotik, hau da Aragoiko haran goietarik Huesca aldera. Han Santxo Abarka Hotelean hartzen dugu ostatu. Ez da hiri handia Huesca, baina gauez hainbeste palazio zahar eta komenturekin eta haiek hain bakarti kriseilu xume batzuez argiturik daudela, benetan une atsegina igaro dugu. Hilario Vallier merkatari frantsesak 1871n eraiki Ultramarinos La Confianza gomendatzen digute bisitatzeko biharamunean eta hori egingo dugunean, denda hau benetan antzinako garaietatik aldatu gabe gelditu den zerbait da. Ahaztuak nituen bakailaoa mozteko labana handiak, azuleju politak, kaxak, armarioak, kajoiak... Saltzailea familiakoa da. Atso atsegin eta alaia, ohiko deuskeriak erosten dizkiogunean, dendari buruzko zenbait kontaketa kontatzen dizkigularik.

Urriak 1.

Huescatik Iruñera Jacatik barrena. Hemen gelditu gara, Museo Romá-nicoa, oraingo izenez Museo Diocesano de Jaca, bisitatzeko. Pirinioetako herri txikietan ziren ermitatxoetako joia preziosoak ikusmiratu ditugu, hala nola Bagueseko elizaren horma irudikatu eta koloreztatuak. Fresko miresgarriak. Iruñean, eguerdi aldean, Gaztelu Plazan dagoen Iruñea kafetegitik itzuliño bat egin, bapo bazkaldu eta Donostiara, benetan gogo handia daukagularik alderrai-bizimodu hauxe denboraldi batez uzteko eta lasai-lasai etxean gelditzeko. Urgullera igo, parte zaharreko Ormazabalen txakolina edan, bazkalondoan siesta egin liburutxo bat magalean daukazula, zinemara joan eta besterik ez.

Urriak 19.

Igandea da eta Madrilera joatea erabaki dugu bizpahiru egunez. Bertan paseotxo batzuk egin, erakusketa batzuk ikusi, teatrora joan eta UNEDeko aretoetan Marina San Filippok antolatu dituen I Jornadas Internacionales: Tomo la palabra. Mujeres, voz y narración oral, hitzaldietakoren batera joan, adibidez, Arantxak emango duenera.

Instituto Cervantesek Utrechten debekatu zuen Albert Sánchez Piñolen Victus (1714) nobelaren aurkezpena, eta horrek leitzeko gogo gehiago sortu dit eta trenean banoa irakurtzen. Bartzelonaren setioa eta erorketa du gaitzat. Martí Zuviria ingeniari militarraren bizitzaren zertzeladak eta abenturak. Gezurra dirudi oraindik, 2014an, Espainiako Kultur Ministerioaren Inkisizioak funtzionatzen duela ikustea. Bestalde, nobelaren zabalkunderako debeku hau ongarria izan daitekeela uste dut, erraz eta arin irakurtzen dena baita, hemeretzigarren mendeko foiletoien erara.

Bazkalondoren Stathis Livathinosek burutu duen Homeroren Iliadaren bertsio teatrala, Dimitris Maronitisek greziera modernoan moldatua ikustera goaz, Lavapiésen dagoen Valle Inclán antzokian. Hamabost antzezle ezin hobeak, benetan antzinateko gerra famatua eguneratzen lan ikusgarria egin dute. Ahotsak miresgarriak. Dena den, eskerrak goitituluei, pixka bat hobetoxe jarraitzen lagundu digulako, Akilesen furia, Ialki ezazu, Urtzemel Akile Pelesemearen erresumiña, Akayar'en-tzako beñolako atsekabe samiñen iturburu izan zana... Salbador Barandiaranen 1954ko itzulpenean superezaguna izan arren. Hartu dituzten irtenbideak ere oso onak iruditzen zaizkit. Narratzaileak eta ekintzaileak aktore berak izatea, musika, jantziak, dekorazioa, dena. Irteeran Raulekin eta haren teatroko zenbait adiskiderekin topo egin dugu, eta orotariko iruzkinak eginez, aldamenean dagoen jatetxe galegoan izan gara afaltzen.

Urriak 20.

Astelehena. Jaiki, dutxatu eta apaindu. Telebista espainolean korrupzioaz ari dira mintzatzen, politikarien diru-xahuketa soberez... Bekatu egin duenak paga dezala, dio gizalegeak, baina susmoa daukat beste askotan bezala, ohoin handiak aske geratuko direla. UNEDeko liburu-dendara noa Rutas Literarias erosteko asmoz, baina ez dakite ezertxo ere obrari buruz. Badirudi Mercè Boixareu errektoreordeak edizio xume bat egin zuela lagunen artean soilik banatzeko. Pilar Ruiz-Va adiskideak esan dit Rocíori eskatu beharko diodala, ba omen ditu-eta aleren batzuk gordeta bere bulegoan urrea bailiran.

SERTA, Antonio Domingok zuzentzen zuen poesia-errebista begiratzen izan naiz, nire bibliografian dauzkadan hutsune batzuk betetzearren. Eta 2008-2009ko alean, non besteak beste, Tolaretxipik eta Juan Ramon Makusok beren poemak aurkezten dituzten, Antoniok egindako elkarrizketan honako galdera egiten dit, ¿el mejor recuerdo de tu actividad profesoral e investigadora? Eta ongi pentsatu ondoren erantzuten diot, egunorozkotasuna dela. Lankide eta ikasleekiko harremanak, hala nola erabat ahaztutako edo galdutako euskal testuak topatzea eta haiek jendeari ezagutaraztea. Eta bi gizon niretzat benetan onak eta euskal munduan langileak izan direnei, eginiko bi laudatioak, laudoriozko txostentxoak. Luis Villasanteren eta Jean Haritschelharren omenezkoak.

Arratsaldean jardunaldietan gelditzen naiz eta Arantzazu Fernandezen Las Historias de Virginia Imaz, entzuten dut eta hitzaldien bukaeran Virginia Imazek Clownclusiones de la primera jornada performancea antzezten du. Barregarria, oso gordina eta hauslea da, bere burua cuente-ratzat daukan euskal-erdal antzerkigile-aktoresa-clownesa honek, agian nire belarrientzat gordinegia, me da por culo, me pica la punta de la polla eta horietakoak ikuskizun batean maiz entzutea ez baitut oso gogoko. Zaharreriak txotxolotzen hasi ote naiz?Urriak 21.

Asteartea da, eta gaur nire Departamentuko lankideek beren txostenak irakurtzen dituztenez, entzutera noakie. Helena Adrados Safoz eta Greziako antzinako andere poetez mintzo da. Rosa Pedrero antzinateko ahozkotasunaz eta emakume kultuez, Maria Teresa Navarro emakumearen pertsonaia zenbait musikagileren (Wagner, Rossini, Donizetti, Verdi) operatan: Holandar alderraia, Otello, Aida, Il trovatore... Eta hautatu dituen baladak, doinuak eta interpretazioak benetan eredugarriak dira. Hunkitu nau bereziki Desdemonaren Saratsaren abestiak. Gauean Vicente Granadosekin afaltzen dugu Santa Ana Plazan. Gizagaixoa oso torpe dabil, tripa-zorro izugarria dauka eta Anjelitak utziz geroztik, edariari emanago dago. Bi bilobak astean behin ikusten dituela, diosku, eta erakusten dizkiela matematika eta hizkuntza pixka bat. Hau atarramentua. Tristea da ikustea horrelako gizon azkarra, jakintsua eta adeitsua hondatzen.

Urriak 22.

Asteazkena. San Lorenzo del Escorialera joateko erabakia hartu dugu, aspalditxo ez baikara bertan egon. Mende erdi edo... Tiketa Moncloako autobusean bertan hartu dugu. Herritik paseotxo bat eman eta Felipe II.ak eraikiarazi liburutegi miresgarria eta erregeen hilobi munstro beldurgarria ikusi, eta alde egiten dugu herrerianismoaren jigantismoak eraiki itzaletik.

Urriak 26.

Kongresuan azken eguna da eta Tarragonako Universitat Rovira i Vir-giliko Areto Nagusian biltzen gara Teatralitat Popular i Tradició, hots, Herri-teatralitateaz eta tradizioez mintzatzeko: 09:30etik 10:15era Eugenia Jurado (Instituto Politécnico Nacional, Mexiko) irakaslea La danza dramática de los huehes en la Huastecaz mintzo da. 10:15etik 10:30era, Pere Navarro (URV) irakaslea Interrupció, represa i evolució del Ball de Da-mes i Vells de Tarragona. 10:30etik 10:45era Francina Fernández El Ball de Vells de Valls. 10:45etik 11:00etara Antoni Veciana El Ball de Dames i Vells de Reus, una experiència de recuperació. 12:45etik 13:00etara Oriol Mas, Anna Castell, Pau Torres, Jordi Serret, Eric Pujol i Manel Cívico El Ball d’en Serrallonga de Tarragona, eta 13:00etatik 13:15era Arantza Fernández (UNED) eta Patrizio Urkizu (UNED - Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca) Los diálogos de Satanes en el teatro vasco.

Txanda iristen zaigunean, aurkezpenen ondoren aspalditxo honetan ohi dudan bezala, Pastoraletako ohiko lehen ahapaldiarekin hasten naiz kantatzen, agurra populu maitagarria luzatuz eta pakea eta osagarria desiatuz. Baina ez dakit zergatik halako indar ezezagun batek bultzaturik, desiatzen diedana bakea eta independentzia da, eta bertsoa itzultzean txalo-zaparrada handia jasotzen dut. Solas ezberdinen zentzuak, gizartearen kritika, sexua... Adibidez, 1759a baino lehenago Mondragoen antzeztu Gaboneta-ko Ikuskizunean, satanek duten funtzioa Ongiaren botere ahalguztidunaren aurrean Gaizkiak duen ezintasuna azpimarratzea da. Astolasterretan, aldiz, Arüen 1807an antzeztu Malku eta Malkulinan adibidez, honako hau dio Satanak Bründemorri: Holaxe, jaun anderiak, emazie azkarki, / eta popüla mündia ahal bezain abondanki, eta Bründemorek erantzuten: Ützi itzazü, sira. Traballa bite azkarki, / agian ezarriren dizie Arhuen hirüna liberaz peti. Solasen gordintasuna azken garaietan aski bigundu eta eztitu dela azpimarratu behar... Arratsaldeko bostak laurden gutxitan, mahai-inguruaren eta beste solasen artean tradizio zaharren biziraupena eta berrien asmaketak eztabaidatzen dira. Noiz arte edo zergatik erabili behar da diru publikoa, hiritarren zergak Festa mantentzeko? Askotan dokumentazio zaharra plazaratuz, fideltasuna mantentzen esfortzu handiak eginez, askotan, Castelletsen kasuan bezala, Festa nazionala bilakatuz, Festa eta Erlijioa nahastuz, Neofesten arriskuak, Festen instrumentalizazioa eta beste. Nire sorterrian, Zabarre pirata eta Trapujale pertsonaien, eta neurri batean Olentzero eta Mari Domingi (Marijaia eta beste) nola sortu diren ikusterakoan, badago zer esanik.

Hamaika eta erdietan, adostuta genuen bezala, iristen gara Pereladara, non Karmen, Kontxa eta Indio zain ditugun. Zurito bat hartu eta bagoaz mendian dagoen Monastir del Cyr ondoko ostatura bazkaltzera. Arroz beltza, haragia, lukainka eta umore ona. Gero, lau eta erdietan, monasterioaren sarreran irakasle lodi bat hasi zaigu historia-klasearekin, karolinjioen garaietatik Erdi Aro osoaren berri emanez, bertan izan diren eliza ezberdinen berezitasunak kontatuz eta gelditzen omen den klaustrorik zaharrena dela azpimarratuz. Lezio osoa bukatu baino lehen, nola hainbeste jende ginen, eta ez ginen iristen bere ingurura, Kontxa alditxartu denez, alde egitea erabaki dugu ikusi eta entzundakoa askietsiz. Castelló d´Ampuriasen gelditu gara, hotelean ditugun maletak utzi, eta gero Karmen eta Indiok Kontxarekin, interkanbioaren bitartez, lortu duten Ampuria Bravako villa batera afaltzera. Aldea noizbait izango zen gustagarria, baina orain arrunta deritzot lekuari, aberats berrien gune harroputza. Aberats berrien yate gora eta belari luze neurririk gabekoen amarralekua. Itzultzen gara Castellóra eta herri horren xumetasuna, gaztelua, katedrala, historia ugari duen herrian paseotxoa emateak pixka bat konpentsatzen digu. Bi lekuak konparatzean benetan txiki eta zaharrarekin gelditu naiz itsu-itsu.

Azaroak 12.

Aspaldi da Eusko Ikaskuntzak antolatutako ekitaldi batera ez naizela joan. Zehatza izateko, nire saileko zuzendaritzan dimisioa aurkeztu nuenetik, baina jarraitzen dut halere nire kuota xuxenki ordaintzen, eta gaur Eusko Ikaskuntza - Laboral Kutxaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzia Saria 2014 Mariasun Landa eta Jean Baptiste Orpustan adiskideek jasoko dutenez, joan egin naiz, aspalditxoan agurtu gabe daukadan Jan Battit besarkatzeko asmotan, zoriondu nuen arren gutun bidez. Jakineko taldea ere agurtzen dut, Joxe Azurmendi, Juan Mari Torrealdai eta beste. Jose Manuel Castells nire ondoan esertzen da eta hasten da ekitaldia. Euskal Herriko zazpi Unibertsitateetako errektoreen ordezkariek beren txostenak irakurtzen dituzte, ia denak berdintsuak. Aspergarri bilakatzen ari da dena. Mariasunen ipuingintzaren balioak azpimarratzen dituzte, nola xumetasunetik aldaketa so-zialaren alde egin duen idazlea den eta nola sari nazionala lortu duen, hala nola hainbat hizkuntzatara itzulia izan den. Orpustan ez da ageri, zeren eta bere ordez saria jasotzen dagoen Xarles Videgainek esan duenez, ospitalean dago bihotzeko ebakuntza egin diotenez. Beste zazpi diskurtso berdin entzuten ditugu oraingoan ere, axaletik baizik ez dutela ezagutzen frogatuz, Videgainek izan ezik. Lotsagarria nola ahoskatzen dituen frantses izenak elkarteko lehendakariak, Proust adibidez. Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren, Urkulluren solasa, memento politikoari atxikia, areago da solas politikoa, kulturala eta unibertsitateari dagokiona baino. Koktel bitartean musika entzuten dugu eta Castellsekin berriketan egiten dut, memento batez Videgain eta Aurelia Arkotxa ere agurtzen ditudalarik, eta Orpustanen presentziaren eza komentatzen. Osasuntsu izan balitz etorriko ote zen?Azaroak 20.

Eugenio Arozenak deitu dit eta esan dit ea Mintzolak antolatu eta KMn egingo den bilerara joateko asmorik badudan. Ahaztuta neukan, baina baiezkoa eman diot eta bertan elkartu gara Teatro Ondareei buruz hitz egiteko. Baionako Mediatekako arduraduna den Marie-Andrée Ouret; Marie Hélène Déliart Euskal Museoko liburutegikoa; Pruden Gartzia Euskaltzaindiko liburuzaina; Euskal Kultur Erakundeko Pantxoa Etchegoin; KMko Sorne Matxinena, Sabino Aranako Iñaki Goiogana, eta Sü Aziako Maddi Oihenart mahaian, jendaurrean. Entzuleen artean oso gutxi. KMtik Frantxis Landatxe, Etxepare Institutuko zuzendaria den baina era pertsonalean etorri omen den Aizpea Goenaga, Eugenio Arozena, beste bizpahiru eta neroni. Denek agertu dituzte zeintzuk diren beren liburutegietako antzerki funtsak. Ezer gutxi Eugeniok bilduak dituen bi mila antzerkiekin konparatuta. Hauek, ordea, Oiartzungo Udalaren almazen batean daude kaxatan sartuak, eta inork gutxik erabil ditzake. Besteak, aldiz, gutxienez mundu ororen zerbitzuan daude. Ez dakit garbi zer negozio egin duen Eugeniok Oiartzungo Udalarekin, halako bilduma, non besteren artean 300 bideo dauden, burutu eta gero. Denek azpimarratu dute Euskal antzerkiaren dokumentazioa bildu eta ezagutaraziko lukeen zentro baten beharra, duela hogeita hamar urte neronek esaten eta idazten nuena Antzerti Berezia aldizkarian Antzerti-teka baten beharraz idaztean. Biltegi hutsa baino, egungo teatroarentzat lanerako tresna izango litzatekeen zentro bat irudikatu da, bildutako dokumentazioa antzerki munduko eragile ezberdinen artean ezagutarazi, sorkuntza sustatzen lagundu eta ikerketa bultzatuko lukeena. Itxi zuen Eusko Gobernuak Antzerti eta orain horrelaxe gaude. Mintzolak ere hiru aldiz egitasmo bat aurkeztu omen du hori burutu dadin, baina diru-aurrekontuetan ikusirik ez dagoela, atzera. Biblioteka ezberdinen funtsen koordinazioa, Frantxis Landatxek adierazi duenez, KM kulturuneak egin dezakeela eta prest dagoela horretarako. Baina nire susmoa da bakoitzak bere altxor ttipia nahi duela mantendu eta elkarrekin parte hartzeko hutsaren trukeko baldintzetan ez dagoela prest. Ezer zehatzik erabaki gabe irten gara. Eugeniorekin bazkaldu dut Aloña-Mendi tabernan eta artxibo lanetan dabiltzanak eta parte hartu duten neskak izan ditugu aldamenean. Bizkaitarrak ez dira ageri, eta haien partetik sumatu dut ekintza honetan interes gutxiena.

Abenduak 2.

Mikelek deitu dit esanez ea nahi dudan Aresora joan eta onddo batzuk biltzen saiatu. Baietz esan diot, noski, eta bagoaz Gipuzkoa eta Nafarroako mendietan barrena ibilalditxo bat egitera. Gorriti aldean autopistatik atera eta bagoaz gorantz. Utzi dugu beribila pagadi baten gerizean eta berehala inguratu zaizkigu behor mordoxka. Egia da Mikelengatik ez balitz berehala galduko nintzatekeela paraje ezezagun hauetan, beti eduki arren behera jotzea eta errekari jarraitzea, baina auskalo nora iritsiko nintzatekeen. Arranoak baino bista zorrotzagoa du Mikelek, eta ni monagilloa bezala nabil, atzetik beti, berak urrutira ikusten dituen onddo, gibelurdin eta zizen saskia eramanez. Langarra dugu eta zirimiri ziztrinak blai bustitzen gaitu. Eskerrak bota onak eta janzki egokiak ditugula, bestela ez legoke giro, eta egia esateko ez dago, alabaina plazera da bideko orbelak eta goroldioak zanpatuz ibili ahal izatea. Aldapa pikotan goiti eta beheiti hiru ordu eta erdi inguru ibili ostean, hurbiltzen gara beribilera berriro. Ez da ageri lehengo behorrik. Aresoko etxera hurbiltzen gara eta han Mikelek sukaldean bildutakoak prestatzen dituen bitartean, berriketan jarraitzen dugu zeruak eta lurrak astinduz. Imanolen omenaldiez. Itxurakeriez, eta bere unean hain gaizki eta gogor tratatu zutenez. Otordu gozoaz dastatu eta whiski titaretxoa edandakoan Nafarroako telebistaren aurrean manta beroa magalean loak hartzen nau.

Abenduak 7.

Montse Fornells, Errenteriako garaietako lankidea eta orain San Tel-moko Lagunak taldeko lehendakaria denak, iaz Mikel Hernandez Abaituak hitzaldia San Telmoko aretoan eman zuenean esan zidan ea aurten neronek emateko prest izanen ote nintzen. Baiezkoa eman nion eta gaur beharko dut bete agindutakoa. Powerpoint bat nahi dut aurkeztu zenbait abestirekin. Hitzaldiaren titulua Itsasoko tragediak euskal kanta zaharretan. Doinuak ongi entzun zitezen gaur Patxi Intxaurrandietari, behin berriro, laguntza eskatu diot eta goiz agertu da, teknikoarekin batera. Duela bi egun aretoan musikatzeko tresneria nola zegoen aztertu nuen eta proba ongi atera denez, hitzaldira lasai joateko prest nago. Hitzaldiaren aurkezpena Azkoitiko neska gazte batek egin du; beste askok bezala Larrañaga du izena. Horrelako okasioetarako deitzen diote, hau da, euskaraz zerbait egin nahi dutenean.

Gregorio González Galarza (1869-1948) fotografoaren argazkia, Día de Galerna en la Bahia de la Concha, aitzakitzat harturik, euskal kanta zaharrei errepaso bat eman diet: Hasiera Itsasoa laino dago... kantarekin eman diogu eta gero Ternuako kantak, Aldaztorreako balada Ruper Ordorikak abestua, Pulunpa abesteko Elaudi taldeko Marie Hirigoienen ahots hunkigarria hautatu dut, Maika Etxekopar, aldiz, Etxahunen bertsoak Domecq anaien tragedia kantatzeko, Lusitania itsasontziaren hondoratzea eta 1914-18ko gerraz zertxobait hitz egin dut eta bertso-paperetako zenbait doinu neuk kantatu. Aretoa aski beterik, ia gehienak emakumeak, hori bai, eta tartean Marikrutx arreba eta Miren Lourdes iloba. Denek txalotu dute bukaeran eta esan didate oso gustukoak izan dituztela hala hitzaldi-kantaldia, nola irudiak.

Imanol Larzabal kantaria hil zela hamar urte igaro direla-eta, bera gogoratzeko Joxan Arbelaiz oiartzuarrak bildu ditu hainbat abeslari: hogei. Zaharrak eta gazteak, Victoria Eugenia aretoan. Tartean Pako Ibañez ere bai, bere laurogei urterekin ia ahotsik gelditzen ez zaion arren. Antton Valverde, Felipe Juaristi, Arantxa Irazusta, Pier Paul Berzaitz, Jabier Muguruza, Beñat Achiary, Amaia Zubiria, Erramun Martikorena, Mikel Markez, Caroline Philips, Xabier Euzkitze, Nahia Zubeldia, Txema Garcés, Mitxel Longarón, Mixel Ducau, Joxan Goikoetxea. Hain gogoko dudan Antton Valverde nahiko ahul aurkitu dut. Bazuen ikuskizunak bat-batekotasunaren kutsua, oro har aski erdipurdikoa eta ekitaldi-maisu Joxan Goikoetxea, pianoa eta akordeoia joz. Etxetik eta lagunengandik urrun Orihuelan bakar-bakarrik hil zen kantariari bizitzan eskaini ez zioten adiskidetasuna eta laguntza orain ari zaizkio ematen. Ikuskizuna luzea izan da, luzeegitxoa nire irudiko. Kantari gehiegixko eta prestaketa gutxitxo. Hobe zitekeen. Hiru orduren ondoren, une batzuk kenduta, Mikel (ez baita inor agurtzeko batere zalea) eta Mila bere emaztearekin La Espigara joan gara pausoa arinduz zertxobait afaltzera.

Abenduak 15.

Astelehena. Tomas Mannen Los Budenbrook bukatu dudalarik sukaldeko irakurketa bezala, galdetu diot Margari non gordetzen duen irakurri ditudan liburuen zerrenda, baina aspalditxo ez dituela apuntatzen eta bi orritxo eman dizkit zenbait titulurekin; osatzeko ganbarako errotari eskatu beharko diogu martxan jar dadin.

Abenduak 22.

Aspaldiko partez, goizetik Baionara joan gara, bai baneukan Mattin liburu-dendatik bueltaxka bat emateko gogoa. Murrizketak eta kenketak hona ere iritsi direla ohartu naiz, zeren dendaren erdia supermerkatu batek jan du. Noski, liburu zaharrentzat jada ez da gelditzen tokirik. Orpustanek itzulitako Prousten bi liburu erosi ditut. Aro galduaren bila I. Zuanen etxe aldean, eta II. Guermantes-ko aldea. Baigorriko Haritzeta argitaletxeak plazaratuak Euskararen erakunde publikoaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Astiro eta zatika irakurri beharko, kontuan hartuta itzultzaileak darabilen nafar-lapurteraren zailtasunak erantsi behar zaizkiola nobelak berezkoak dituenei.

Gauean, etxean afaria antolatu dugu Koro Navarro, Jesus Garmendia, Lola eta Juan Kruzekin. Jesusek bi basoerdi on edan dituenean, Po-demos-Ahal dugu talde politiko berriaren programa ekonomikoari, bera ekonomista aditua denez eta EHUn irakasle izana, kritika latza egin dio. Boterean baleude berehala erreka joko genukeela, hondatze hutsa litzatekeela, honengatik eta hargatik. Noski, beti ematen ditu bere arrazoiak, baina niri ekonomiaren mugimendu horiek hain egiten zaizkit arrotz non berehala ahazten ditudan.

Abenduak 23.

Goizean ARCO inguruan Goio Monrealekin topo egin dut, bere bilobak bisitatzera etorria baita Nafarroako bere erretirotik. Oso argal aurkitu dut, eta udaberrirako geratu gara, eguna luzatzen hasten denerako utzi dugu, beraz, beste txango bat egitea berak hain ondo ezagutzen duen Nafarroako lurralde zabaletik, Ramon, Marga eta Finirekin.

Abenduak 24.

Beste zenbait urtetan ohi bezala, lagun artean erabaki dugu Hendaiako portuan ostra-dastaketa eginen dugula ardo zuriarekin aperitiba gisara. Marinelen kooperatibara andreak sartu dira arropak begiratzera, eta nik bitartean Txingudiko badiaren ederra kontenplatu dut, eguzkia aurrez aurre dudalarik, eta itsasontziak oro branka hegoaldera daukatela begira. Ontzien izenak bitxi. Bat, Saint Jean priez pour nous, arrantzakoa da. Eta bestea, bi mastadun hamazazpi metroko belaria, Avel Mor II. Tabernako kanpoaldean libre dagoen mahai batera inguratu gara eta, hiru dozena eskaturik, plazerez eta harmonia onean dastatu ahal izan ditugu itsasoko emaitza freskagarri hauek. Indiok, higuin dituelako edo, hobeto esateko, behin kalte egin omen ziotelako komeni ez bazaizkio ere, izokina hautatu du. Karmen beti bezain agintari, bere iritziak denoi ezarri nahiz, Kontxa beti bezain atsegin, eta familiaren osasunarekin kezkatuta, une gozo hauek probextuz, Eugeniok dioen bezala.

Gauean Lezora joaten gara, arreba Marikrutxen etxean afaltzera. Zortziak inguruan iritsi naiz eta hantxe zegoen koroa plaza erdian Ator, ator mutil, etxera kantatuz... Inguruetako gizataldea, batzuk kantari eta besteak entzuten. Patri, esan didate bi adiskidek, ikusten duzun bezala hemen gauzak, tradizioak ez dira aldatzen... Jai hauen inguruan antolatutako festak mantentzen dira, eta bi basoerdi edan ditugun bitartean, kaleetan zehar –ia ezin zen ibili ere, hainbeste jende baitzegoen bertan–, tradizioez mintzatu gara, eta nola, Kanariar uharteetarako hegazkinak beteta zebiltzan egun hauetan. Beraz, badela nahiago dituena familiako giro beroaren ordez beste gorputzeko berotasunak. Marikrutxenean ni naiz gizon bakarra, bertan daudelarik Mari Krutx betiko sukaldaria, Miren, honen bi alaba, Maider baserritar jantziz dotore eta Maddi, oso fin eta erdipunk, lana baduelako pozik, Marga eta neroni. Afaria ongi hastearren xanpain frantsesa ireki dut, eta horrela segitu dugu, ez aldatzearren. Bi eguberri-kantu kantatu eta goiz erretiratu gara, urte berri arte adio esanda.

Abenduak 27.

Gaur bukatu dugu sukaldeko irakurketetan Singer Isaac Bashevis, nobel saridun jiddish idazlearen Enemigos (Una historia de amor) nobela. Herman ateo izatera iristen ez zen juduaren hiru emazte, Tamara, Masha eta Yadwigarekiko saltsa-maltsak. Woody Allenen zenbait filmekin badu tankera. Elkarrizketak umore eta grazia handikoak dira, gazi-gezak.

Gezurretan bizi da Herman, beti beldurrez, rabinoari diskurtsoak eta liburuak idazten dizkio, eta literatura munduan esan ohi den bezala, beltza. Azkenean, espero zitekeena da bukaera, baina badu bere suspentsea ere, eta gizatasunaz eta nazismoaz gogoeta aski sakonak. 1989an Paul Mazursky zinema-zuzendariak Ron Silver protagonistaren, Anjelica Huston eta beste zenbait aktore miresgarrirekin burutu eta plazaratu zuen Enemies a love story filmak Oscarrerako hiru izendatze eduki zuen eta New Yorkeko Kritikarien Zirkuluak zuzendari hoberena bezala kontsideratu zuen urte horretan. Mereziko du ikustea filmak, dudarik gabe.

Abenduak 28.

KM kulturuneko errebista-gelatik bueltaxka bat eman ondoren, eta ohartu2takoan Egan aldizkarian Gillermo Etxeberriak argitaratu duela bidali nion Jose Martin Mikelajauregi “Ezkerra” (Bera, 1763 - Irun, 1861) Bidasoako bertsolaria zenbait bertso-paper zaharrei buruzko idazlana, Urgullera paseotxo bat ematera igo naiz. Itsaso zabalera jotzen duen iparraldeko bidetik uhinen hotsak, olatuen orro etengabeak, etorri eta joaten diren bagen soinu errepikakorrak entzuten eta lurraren borobiltasuna frogatzen duen ostertzaren lerroari begira noalarik Ramon eta Fini topatu ditut. Ramon beti bezain dotore bere txapela urdinarekin. Zapatak ez ditut aipatuko. Tito eta Txiki zakurrak inguruan bueltaka jolasean, eta geratu gara beste irteera artistiko edo gastronomikoren bat egin behar dugula Margarekin, ahalik eta azkarren, dio Ramonek, Heriok bere atzaparretan eraman baino lehen, ze... nork daki biharko berri?

Baionako Euskal Museoko eskuizkribua nº 97:Recueil de quelques pièces de vers anciens et nouveaux. 1798.