1998

1998KO urtea, aurrekoan Abbadiaren omenezko lanak igarota, esan genezake lasaiagoa izan zela. Baina hala ere ez nintzen gelditzen. Urtarrilean Bidebarrietako Liburutegian Anton Abbadiaren Lore-Jokoei buruzko hitzaldi bat egin nuen, Lola Valverdek aurkezturik, eta Abbadiak eta Unamunok 1902an zituzten iritziak eta jokabideak konparatu nituen.

Otsailaren 27an Ana Etxaidek euskarazko ikasleei hitzaldi bat ematera inbitatu ninduen Iruñera, Nafarroako Unibertsitatea deitzen den Opusekora. Eta bazkalondoan, Eusko Ikaskuntzaren Baionako bilerara joan nintzen abiadura bizian; bueltan Donostiara iritsi nintzenerako beribila nahiko egoera kaxkarrean zegoen, ia-ia erre egin zitzaidalarik.

Mikel Atxagak zuzentzen zuen Bidegileak bildumarentzat bi biografia labur prestatu nituen. Anton Abbadia (1810-1897) eta Pierre Lhande (1877-1957). Benetan bi pertsonaia guztiz interesgarri eta eredugarriak, utzi zizkiguten lanengatik. Bat XIX. mendekoa eta bestea XX.ekoa, biak euskaltzale argi eta sutsuak.

Jean Baptiste Orpustanek eta Pierre Bidartek zuzentzen zuten Izpe-gi bilduman, Orpustanen frantsesezko hitzaurre jakintsu eta mamitsu batez lagundurik, nire astolasterren bildumak plazaratzeko grazia aurkitzen zuen azkenean, titulu honekin: Zuberoako Irri-teatroa. Recueil des farces charivariques basques. 420 orrialdeko lana, irudi bitxiz hornitua. Imprimerie Maubecen moldatua, bertara probak ikustera joan nintzelarik. Bazuen Orpustanen hitzaurreaz at, nire hurbiltze-saioa, hamazazpi antzerki, hamahiru kanta, beraz orotara hogeita hamar idazki, Zuberoako altxor berezienetakoa; bukaeran, zenbait hitz eta esamoldeen argibidea ematen nuen. Charles Videgainek Lapurdum III errebistan erreseina interesgarria egin zuen, beste zenbait oharren artean esanez... [il] est bien connu aussi pour son habilité à dénicher dans les bibliothèques ou les fonds particuliers peu accessibles des documents qu'il publie avec une louable régularité. Alegia, laudagarria zela liburutegietan eta ondare partikularretan zeuden euskal testu eskuragaitzak erregularki argitaratzen burutzen nuen lana. Hamar urte lehenago Juan San Martinen eskutan utzitako eta Euskaltzaindian merezi zuen oihartzunik aurkitu ez zuen lan hark argia ikusten zuen azkenean.

Irudia 56: Xaribarien bilduma Jean Baptiste Orpustanen hitzaurrea frantsesez.

 

Nire arreba Marikrutxen etxean, esan bezala, urte askotan bizi izan zen Doroteo Esnaola apaiza, eta hark bazituenez bi anaia Afrikan misiolari, Leonardo eta Demetrio, haiekin batera pasatuak ziren handik misiolari anitz, moja ugari eta apezpiku beltzen bat ere bai. Isidro koinatuak, Esnaolaren familiako batzuekin eta beste adiskide batzuekin, Rwandarako bidaia bat antolatu zuen, laguntza pixka bat emateko asmoz. Motxila batean ongi prestaturik Marikrutxek ondutako txipiroi-kazuela ederra ere bai, hegazkinean ordu batzuk igaro ondoren puntu-puntuan iritsi zitzaiena. Ez ziren batere garai onak, ia eguneroko triskantzak eta sarraskiak ikusten baikenituen telebistan eta irakurtzen kazetan. Garai honetakoa da Leonardoren partetik jaso nuen gutuna.

Sihara, 1998-II-24

Agur Patri, aspaldiko.

Irea artu detala ta eskerrak emateko idazten diat au. Lazkao'ko lagunok zijoaztek laxter ta badiat aukera. Gure berriak ez dituk oso onak, badakik baño obetuko dirala esperon beti. Ondo bizi aizela pentsatzen diat.

Besarkada.

Leonardo.

John Le Carréren La canción del misionero eleberria irakurritakoan galdetu izan diot nire buruari tristeziaz noraino irits daitekeen gizonaren bortizkeriarako jaidura, urre-goseak eta gorrotoek gerra genozidioraino bultzatzen dutena.

Jarraitzen nuen noizbehinka, deitzen zidatenean, tesiren batean edo bestean epaimahaiko lanetan parte hartzen, eta 1998ko apirilaren 9an Baionan Ur Apalategiren L’Evolution de la problématique littéraire de Bernardo Atxaga, du champ littéraire basque au champ universel. Socioa-nalyse du pathos atxaguien tesian egon nintzen. Noski, cum laude eman genion, bikain defenditu baitzuen bere lana, batik bat Pierre Bordieuren ideiak eta teoriak euskal literaturaren sorora erakarriz; handik bi urtera L'Harmattan argitaletxean argitaratuko zuen La naissance de l'éc-rivain basque. Bere unean kritikatu nion eran esan dezaket orain ere garrantzi gehiegixko ematen diola sari nazionalari, hau da, Espainiako Kultur Ministerioak ematen duenari –hamarkadetan bertan partaide izan naizelarik–. Eta Atxaga baino lehen garrantzi soziala apartekoa izan zuela Gabriel Arestik, ez bakarrik Euskal Herrian. Eta duela gutxi Ramon Saizarbitoria L'autre écrivain basque. L'élaboration d'une répon-se néo-moderne à la périphéricité littéraire (1995-2000) (L´Harmattan, 2013) plazaratu liburuan erabiltzen dituen tituluak oso adiera anitzeko eta ikuspegi desbideratzaileak edukitzera eraman dezaketela irakurle arrunta. Fusterrekin bainago periferia izan daitekeela hirigintzako kontzeptua, geografikoa baina ez kulturala eta, Lasagabasterrek zioen bezala, euskal kulturaren suspertzearen meritua ez dela mugatzen bi idazletara, ekipora baizik, non argi eta klarki bi hauek baduten beren lider-rola. Eta Koldok?Baionan halaber Eusko Ikaskuntzak antolaturik izan ginen maiatzaren hasieran Europar herri-antzertia, Teatro Popular europeo, Théâtre populaire europeén jardunaldietan. Hiru hizkuntza horietan eman ziren hitzaldien sarreretan laburpenak, eta bukaeran ingelesez ere bai. Entzuleen artean ikasle askorik ez izan arren, prentsan oihartzuna izan zuen eta Egunkaria, Egin, Sud-Ouest eta Le Miroirek eman zuten gertakizunaren berri hiru hizkuntza aipatuetan. Antolamendu lanetan aritu nintzen eta nire adiskide teatro-adituok hartu zuten parte: Francesc Massip katalanaz, Manuel Rodríguez Alonsok galegoaz, eta Miguel Ángel Pérez Priegok gaztelaniazkoaz. Azken biok nire lankideak UNEDen. Euskal mundutik, Hélène Etchecopar Etchart, Eric Dicharry, Kepa Fernández de Larrinoa, Iñaki Mozos, Txomin Peillen eta neu. Emaitza hurrengo urteko alean, Oihenart 16an agertu zen. Michelena moldiztegian arazoa izan genuen irudiekin, baina konpondu zen nola edo hala. Esan beharra dago orobat, gure Velez de Mendizabal gerente ahalguztiduna ez zela ibili oso adi hitzaldiak ordaintzen, iritsi zitzaizkidan kexuak kontuan hartuta.

Eta apirilaren 12-13an Baionan Jean Baptiste Orpustanek Les lettres basques au temps d’Axular (1600-1650) izenburupean prestatutako Kongresuan “Axularren garaiko sermoi argitaragabe bat: erunt signa in sole, et luna, et stellis. l. 21., goure ginco omnipotantac... ” aurkeztu nuen. Hau da, XVI. mende bukaerakoa edo XVII. hasierakoa izan daitekeen eta Julio de Urquijoren liburutegian aurkitu nuen sermoiaz, eta garai hartako sermoilariez eta haien estiloez. Nahikoa lanarekin transkribatu nuen sermoia; bere aipamenak kontuan hartuta (Genesia, Psalmoak, Dante... ) kontsidera zitekeen jesuitek hainbeste maite zuten korronte asianistakoa zela, non varietas ingeniorum, baliabideen ugaritasunean nabarmentzen eta oinarritzen zen. Berehala (1999-IV-18) Baionatik Xarles Videgain, Lapurdum agerkariaren idazkariaren gutun bat jaso nuen; honela hasten zen: Adixkidea, Badakikezun bezala, Axularrez eta haren garaiaz ospatu berri den kolokioan egin ziren txostenez bilduma egin gogo dugu ahal bezain laster... Cuencan ekainaren 25etik 28ra UNEDeko José Romera eta Francisco Gutiérrez Carbajo irakasleek antolatutako Teatro Histórico 1975-1998. Textos y Representaciones. VIII Seminario Internacional del Insti-tuto de Semiótica Literaria, Teatral y Nuevas Tecnologías jardunaldietan ere parte hartu nuen titulu hau daraman lantxoarekin: “Anacronismo, panfleto y poesía en el teatro histórico vasco del postfranquismo”. Gogoan dut Ramon Barea teatro- eta zinema-aktore ospetsuak ere parte hartu zuela bertan “Gernika” y “El Guernica” en el Teatro” gaiaren inguruan eta Loreta de Stasiok, “El Teatro durante la Transición en el País Vasco: el tar-dofranquismo grotesco en Bilbao, Bilbao” gaiaz. Oso bikote interesgarria iruditu zitzaizkidan Loreta eta Ramon.

1998ko udan, uztailaren azken egunetan eta abuztu hasieran Tolosa (Okzitania) eta Avignonera eginiko bidaiaz beste baterako uzten dut, noizbait memoria hartutako oharrak argitzera animatzen bazait.

Herrietatik hitzaldiren bat ematera deitu izan didatenean ia inoiz ez diet ezezkorik eman, ez bada une horretan erabat lanpetuta nintzelako edo beste egitekorik neukalako, eta hala, adibidez, irailaren 17an, ostegunez, Zestoako Euskal Jaiez mintzatu ginen. Halaber, Euskonews 13rako ere moldatu nuen artikulu bat Euskal idazleak eta best-sellers-ak gaiaren inguruan.

Azaroaren 6an, Madrileko Kultur Ministerioko Sala Cervantesen Saiakerako Sari Nazionalak erabakitzen ziren eta hantxe egotea suertatu zitzaidan. Eztabaida luzea izan genuen, Juan Luis Cebrián El Paíseko zuzendaria bertan zegoela. Esan nionean ea zer irudituko litzaiokeen beragatik, inoiz ETAkoa izan gabe, liburu batean gezur hori zabaltzea eta bere izena laidoztatzea, isildu egin zen. Baina nabarmena zen giroa eta aldez aurretik bazirudien bat etorriak zirela Jon Juaristik idatzitako El Bucle melancólico saiakerari saria emateko. Nire ustez, zehaztasun gutxiko lana zen, eta saiakera bati eskatu behar zaiona, ene uste apalez, arina ez izatea da (ez estiloz –liburuak badu hori–, mamiz baizik), eta esaten direnak ongi ikertuak eta dokumentatuak izatea; liburuak ez du hori. Garbi zegoen Ministerioak, lau Hizkuntza Akademien ordezkariez gain, ezartzen zituen epaimahaikoekin nahi zuen aldera eraman zezakeela balantza, eta euskaldunen literatur prestigioa egiten ari zela, eta irizpide gaiztoz beteak zeudela epaile asko. Eta daudela, orain dela gutxi berriro konprobatu ahal izan dudan bezala... Elxeko udaletxeak antolaturik, V. Festival de Teatre i Música Medie-val d’Elxen karietara, urriaren 28tik 31ra jardunaldi batzuk antolatu ziren, Josep Sirerak zuzendurik; bertan berriro elkartu ginen Maricarmen Gómez Muntané musikologoa, Ferran Huerta, Francesc Massip, Maria Idalina Resina Rodrigues lusista eta neu. Nire hitzalditxoaren titulua hauxe izan zen: “Pervivencia y evolución de las farsas y los misterios vascos”, alegia, xaribari eta pastoralen bilakaeraz eta gaur egungo biziaz. Teatro Medieval, Teatro Vivo titulupean argitaratu ziren aktak.

Euskaltzaindiaren V. Herri-Literatura jardunaldiak Antonio Maria Labaienen omenez antolatu ziren azaroaren 13an eta 14ean. Haien berri, egunotako Egunkarian jarrai daiteke. Juan Mari Lekuona batzorde-buru zenak eskatu zidan deitzeko adituren bati edo besteri eta horrela kontaktatu nituen Josep Lluís Sirera, Valentziako Unibertsitatekoa, eta Francesc Massip, Tarragonako Rovira i Virgilikoa. Biak erdi aroko eta egungo teatroan adituak. Juan Frankok Joxe Ramon Zubimendiren gidoian oinarrituz burututako dokumentala ere aurkeztu zuen. Antonio Maria Labayen (1898-1994) hitz bitan... Juan Mari Lekuonak, Peñaflorida, De la Gandara eta Barrutiaren antzerkigintzaz, Marzel Etxehandik Corpus Christi edo Bestaberri inguruan sortu jaialdiez, Jean Haritschelharrek gidaturik mahai ingurua Matin Irigoien, Antton Luku eta Jean Louis Davantekin, eta abar. Ni Antonio Maria Labaienen obra oparoaz mintzatu nintzen. Antzerki-sortzaile, itzultzaile eta saiogile bezala, hala nola gaztelaniaz 1965ean argitaratu zuen Teatro euskaro. En-trevistas, Reseñas, Crónica. Catálogo de obras dramáticas lanaz. Ikerketak hurrengo urtean argitaratu ziren Euskera aldizkarian.

Esan bezala, SERTA aldizkarian parte hartzen nuen ale bakoitzerako hiruzpalau poetaren dozenerdi bat poema euskaraz hautatu eta horien itzulpena eskatzen nien egileei, edota itzulpenik ez bazuten, neronek moldatzen nuen, eta baita poetaren biografia laburra ere. Hala bada, abenduaren 31n, beraz, 98ko azken egunean, Urte Zaharrean nire gaztetako pilota-kide eta adiskide Joan Mari Irigoien altzatar nobelagile trebeak gutun ederra, ingeniaritzako giltza-hitzak erabiliz, bidali zidan [www.patriurkizu.eus (argitaragabeak/gutunak, 18)].